(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

222/1990 Foru Dekretua, abuztuaren 31koa, orientabide psikopedagogikoaren eta heziketa bereziaren arloko iharduketa organoak finkatzen eta arlo horretako lanpostuetan sartzea arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1990eko 113. NAOn argitaratua, irailaren 19an. Aldaketak: 260/1993 Foru Dekretua, irailaren 6koa)

Atarikoa

Nafarroako Gobernua, hezkuntza sisteman orientabide eta eskuhartze psikopedagogikoak nahiz heziketa bereziak duten garrantziaz jabetzen da.

Horregatik, eta ikusirik hondarreko urteetan zerbitzu horiek Nafarroan ematen dituzten lantalde eta instantzien ugaritasuna, beharrezko deritzo birmoldaketari ekitea, giza eta gauzazko baliabideak bilduz horien kudeaketa arrazoitu eta antolatu ahal izateko, halako moldez non aipatu hezkuntz zerbitzuen iharduerak eraginkortasun handiagoa izan dezan.

Horretako une egokia da oraingo hau, zeren eta Estatuko Administrazioak eskura araziriko zerbitzuak jasotzeak esku ematen dio Nafarroako Gobernuari bi Administrazioen menpe zeuden lantaldeetatik datozen baliabide guztiak osoki eta erabat antolatzeko. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa onesten duen 222/1990 Foru Dekretuaren onespenak orientabide psikopedagogikoaren eta heziketa bereziaren arloko ihardueren arauketa hau burutu ahal izateko esparru organikoa finkatzen du.

Horrenbertzez, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamarreko abuztuaren hogeitamaikan egin bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua

Foru Dekretu honen helburu da Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuaren orientabide psikopedagogikoaren eta hezkuntza bereziaren arloko iharduerak arautzea, bai eta iharduketa hori eta horietan lan egin behar duen langilegoaren osaketa eta sartzeko modua ere babestuko dituzten administrazio organuak sortzea.

II. KAPITULUA. Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikoa

Lehenbiziko atala. Unitate Teknikoaren eginkizunak

2. artikulua

1. Hezkuntza komunitatearen sustengutako balio dezan eta, ikastetxeekiko lankidetzan, hezkuntza prozesuak behar bezala garatzen lagundu, Eskola Orientazioaren Unitate Teknikoa eta Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoa sortzen dira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren barruan.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak sektorean sektoreko zerbitzuak sortzen ahalko ditu, hezkuntzaren behar bereziak sustatzeko. Horiek eskualde edo eremu jakin batean arituko dira.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuari dagokio Hezkuntza Bereziaren Baliabideen Zentroaren egitura eta eginkizunak ezartzea eta, behar balitz, bertako modulu eta unitateen arduradunak izendatzea, baita hezkuntzaren behar bereziak sustatzeko sor litezkeen sektorean sektoreko zerbitzuen kopuru, osagarri, toki eta iharduteko eremua ezartzea ere.

3. Nafarroako Psikopedagogia Ekipoetako langileak Eskolako Orientazioaren Unitate Teknikoari eta Eskualdeko Psikopedagogia Orientazioko Ekipo bati atxikia egonen dira.

Hezkuntza Bereziaren Baliabideen Zentroa, Logopedia Sare Sektorialeko zerbitzuak eta hezkuntzaren behar bereziak sustatzeko sektorean sektoreko zerbitzuak Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoari egonen dira atxikiak.

Urtero atxikipen eremuaren barruan, Unitate Tekniko bakoitzeko Zuzendaritzak bere gain dituen ekipo, zentro eta zerbitzuetako langileei lan ikastetxeak emanen dizkie, lanpostuak eskuratzeko kasuan kasuko deialdietan ezarritako baldintzei lotuz.

3. artikulua

1. Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikoaren iharduera esparrua Nafarroan diren Maila ez-unibertsitarioko ikastetxe publiko eta pribatuena da.

2. Ikastetxe pribatu hitzartuei Unitate Teknikoak eman beharreko zerbitzuen hedapena Foru Dekretu honetako Xedapen Iragankorrean aurrikusitakoaren arabera burutuko da. Kasu bakoitzean, ikastetxe horietan egiteko lanari buruzko Urteko Plana, horietako titularren eritzia entzun eta ados geratu ondoren prestatuko da.

4. artikulua

1. Eskolako Orientazioaren Unitate Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

Psikopedagogia orientazioko ekipoak kudeatzea.

Hezkuntzaren behar bereziak dituzten ikasleak zaintzeko behar diren iharduketetan Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoarekin elkarlanean aritzea.

Plan orokorrak eta Unitate Teknikoaren urteroko txostenak prestatzea eta haren iharduketa eta funtzionamendua barnetik aztertzea.

Atxikia dagoeneko Atalera teknika eta antolamendu txosten, proposamen eta proiektuak igortzea, Unitate Teknikoaren lana eraginkorragoa izan dadin.

Psikopedagogiako ikerketarako proiektuak sustatu, prestatu eta zabaltzea, Nafarroari dagokionean, batik bat.

Pedagogia berritzeko eta irakasleak prestatzeko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak antolatzen dituen ihardueretan parte hartzea.

Unitate Teknikoari atxikitako langileak birziklatzeko iharduerak sustatu eta, behar balitz, antolatzea eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak kasuan kasuko Zerbitzuaren bidez antolatzen dituen mota horretako iharduera orokorretan parte hartzea.

Atxikia dagoeneko Atalaren eginkizunen artetik ematen zaion beste edozein eginkizun.

2. Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

Nafarroako Hezkuntza Bereziaren Baliabideen Zentroa eta Hezkuntza Bereziko zerbitzuak kudeatzea.

Baliabide Zentroaren bidez, hezkuntzaren behar bereziak  dauzkaten ikasleen gurasoei argibideak eta aholkuak ematea; ikasle horiek behar dituzten hezkuntza laguntzak aztertu, neurtu eta zehaztea; agiri, liburu eta teknologia fondoa gaurkoturik edukitzea, hezkuntza bereziak ukitutako langileek erabil ahal dezaten.

Eskolako Orientazioaren Unitate Teknikoarekin batera, hezkuntzaren behar bereziak dauzkaten ikasleei kasu egiteko behar diren iharduerak programatu eta proposatzea.

Plan orokorrak eta urteroko txostenak prestatzea.

Txostenak, teknika eta antolamendu proposamen eta proiektuak prestatzea, Unitate Teknikoa eraginkorra izan dadin.

Hezkuntza bereziari buruzko ikerketa proiektuak, batik bat Nafarroari dagozkionak, sustatu eta bertan parte hartzea.

Irakasleak hobetu eta prestatzeko ihardueretan parte hartzea.

Atxikia dagoeneko Atalaren eginkizunen artetik ematen zaion beste edozein eginkizun.

3. Eskolako Orientazioaren Unitate Teknikoak eta Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoak bi Unitate Teknikoen zerbitzuak hezkuntzaren behar berezien arloan batera behar bezala dihardutela bermatzeko behar diren koordinazio neurriak hartuko dituzte.

5. artikulua

1. Unitate Teknikoko Buruak, Atalburu lerruna izanen duenak, zuzenduko du Eskolako Orientazioaren Unitate Teknikoa.

2. Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoko buruak, Atalburu lerruna izanen duenak, zuzenduko du Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoa.

3. Psikopedagogia Orientazioaren eta Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoetako Buruak Psikopedagogia Orientazioaren Kontseilu Teknikoko partaideak izanen dira. Psikopedagogia Orientazioaren eta Hezkuntza Bereziaren koordinatzaileek zuzenean kasuan kasuko Unitate Teknikoetako Buruen menpe beteko dituzte  beren eginkizunak.

6. artikulua

Unitate Tekniko-buruaren egitekoak honako hauen izanen dira:

Unitate Teknikora adskribaturiko langilegoaren buru izatea, eta Unitate Teknikoaren iharduera koordinatzea, honek esleiturik dituen eginkizunetan Unitate Teknikoaren ordezkari izatea.

Unitate Teknikoaren eta honi adskribaturiko baliabide ekonomikoen kudeaketa administratiboa antolatu eta zuzentzea.

Urteko lanaren planak prestatzeko Orientabide eta Heziketa Berezirako Batzordeak agindutako jarraibideak eta iharduketa erizpideak aurrera eramatea.

Lan planak burutzen diren ikuskatzea.

Plan orokorren eta urteko txostenen prestaketa zuzentzea.

Unitatearen iharduketa eta funtzionamenduen barne ebaluazioa zuzentzea.

Giza eta gauzazko baliabideak zonaldekatu eta banatzeko proposamena prestatzea.

Unitate Teknikoa adskribaturik dagoen Atalaren Buruak esleitzen dizkion bertze eginkizunak.

7. artikulua

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak funtzionariak edo lan kontratatu finkoak izendatzen ahalko ditu,  Psikopedagogia Orientazioaren eta Hezkuntza Bereziaren alorretan koordinazio lanetan aritzeko. Koordinatzaileek zuzenean Unitate Teknikoetako Buruen menpe beteko dituzte beren eginkizunak.

Bigarren atala. Orientabide lantaldeak, Heziketa Berezirako Zentruak eta ikastetxeetako Orientabide Departamentuak

8. artikulua

1. Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikoaren lanak eraginkortasun handiago izan dezan, haren giza eta gauzazko baliabideak Zonaldeko Orientabide Psikopedagogiko Lantaldetan antolatzen ahal dira. Lantalde horiek lana garatzen duen Unitate Teknikoko langilegoa barruti geografiko zehatz batean bilduko dute. Gisa berean, Heziketa Berezirako Baliabide zentruak ere sortzen ahal dira.

2. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak Zonaldeko Orientabide Lantaldeen kopurua finkatuko du, bakoitzaren barruti geografikoa eta kokamena, eta bai horien osaketa ere.

3. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak Unitate Teknikora adskribaturiko langileak izendatzen ahal ditu, hauek lanorduen parte bat eman dezaten koordinatze lanetarako Orientabide Psikopedagogikoaren edo Heziketa bereziaren arloan, Unitate Teknikoaren arloan, edo zonalde konkretu bateko lantaldearen koordinazio orokorrean.

9. artikulua

1. Orientabide Psikopedagogikorako Lantaldeak funtsez Psikologia edo/eta Pedagogian edo titulazio homologatu nahiz baliokidekoan lizentziatutako profesionalek osatuko dituzte.

2. Beren eginkizunen espezialitatearen arabera, izendatzen diren Orientabide Psikopedagogikorako Lantaldeei adskribatzen ahal zaizkie gizarte-laguntzaileak, bulegariak, zerbitzuetako langileak eta bertze disziplinetako profesionalak.

3. Heziketa Berezirako Ikastetxeetako eta Heziketa Berezirako Baliabide Zentruetako plantila, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak finkatuko du, bakoitzaren berarizko beharkizunak kontutan izanik.

10. artikulua

1. Orientabide Psikopedagogikorako Lantaldeek beren barruti geografikoan garatuko dituzte Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikoari esleitutako eginkizunak, Unitate Tekniko horren Buruak seinalatzen dizkien lan jarraibide eta planekin bat eginez.

2. Iharduketa horren barnean, eta berariz, ondoko zereginak burutuko dituzte:

Irakasleak eta ikastetxeak koordinatzea, ikasleekiko jarraipena heziketa prozesuan zehar segurtatzeko.

Ikasleen orientabide akademiko eta lanbidezkoan irakasleekin batera lan egitea.

Ikastetxearen Hezkuntz Proiektua prestatzen, berrikuspenean eta barne ebaluaketan parte hartzea.

Familia eta eskolaren arteko lankidetza sustatu eta laguntza ematea eta familiei bideratutako heziketa ihardueretan parte hartzea.

11. artikulua

Lantalde Psikopedagogikoek, Heziketa Berezirako Ikastetxeekin batera eta eraiki daitezkeen berarizko Baliabide Zentruen laguntzarekin, ondoko eginkizunak burutuko dituzte:

Heziketa aldetik, beharkizun bereziak dituzten ikasleei laguntza ematea, duten problematika aurkituz, aztertuz eta baloratuz, bai eta eskolatze modalitatei buruz proposamena egitea eta baliabideak antolatzea ere.

Ezintasun desberdinen integrazio partzialeko gelak sortzeko eta lehentasunezko integraziorako ikastetxeak izendatzeko proposamena egitea.

Heziketa aldetik, beharkizun bereziak dituzten haurren familiei informatzea, aholkatzea eta laguntzea.

Irakaslegoaren Laguntza Zentruekin elkar lanean aritzea beharkizunen azterketan eta heziketa programen diseinuan, eta orobat eskuhartze psikopedagogiko eta heziketa berezirako teknika, proiektu eta programei buruzko azterlanetan eta ikerketetan ere.

Irakaslegoari aholku ematea curriculumaren alderdi tekniko eta psikopedagogikoetan.

Alderdi Teknikoen eta eskuhartze erizpideen aldetik zonaldean diren laguntzarako profesionarien arteko koordinazioa.

Zonaldeko erakunde eta zerbitzuekiko iharduketak koordinatzea haren baliabideak hobetzeko eta haiekin elkar lanean aritzeko, zabalkuntza kanpainetan eta haur nahiz gazteen problematiken gizarte prebentzio kanpainetan.

12. artikulua

Zonaldeko Orientabide Psikopedagogikorako Lantalde bakoitzak Arduradun bat izanen du. Honen eginkizunak, lantaldeko kideek dituztenaz gain ondokoak izanen dira:

Lantaldearen ordezkari izatea.

Lantaldeari buruzko administrazio kudeaketaren prozesuetan lankide izatea.

Lantaldearen iharduketa eta zonaldeko Heziketa Berezirako berarizko ikastetxeen eta baliabide zentruen iharduketa koordinatzea.

13. artikulua

Ondoko hauek dira Heziketa Berezirako Ikastetxeen eta Heziketa Berezirako Baliabide Zentruen eginkizunak:

Dituzten ezintasun fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak direla medio ikastetxe arruntetan eskolatu ezin diren ikasleak eskolatzea, horiek giro arruntetara gizarteratzeko formula batzu paratu beharko direlarik.

Heziketa aldetik, beharkizun bereziak izanik ikastetxe arruntetan eskolatutako ikasleei laguntza ematea subsidiarioki, tokian-tokian edo bertara joanez, behar den espezializazioak edo ikastetxearen baliabiderik ezak hala eskatzen duenean.

Ikastetxeei dokumentazio, bibliografia, heziketa teknologia eta materialeei buruzko zerbitzua eskaintzea, heziketa beharkizun bereziaren jomugak jartzeko eta mamitzeko.

Subentzioa duten berarizko ikastetxeen iharduketak koordinatzea, eskolatze, eskuhartze eta gaurkotze teknikorako erizpideak bateratzeko.

14. artikulua

1. Unitate Teknikoaren iharduketa barrutia osatzen duten ikastetxeek Orientabide Psikopedagogikorako Departamentu bat izanen dute. Honen eginkizunak hauexek izanen dira:

Urteko lan programa prestatzea. Programa honek kontuan beharko du izan Orientabide eta Heziketa Berezirako Batzordeak finkatu eta zonaldeko lantaldeak emandako jarraibideak, erizpideak eta lehentasunak, planteamendu horiek ikastetxearen heziketa proiektuari eta hango ezaugarri eta beharkizunei egokituz.

Eskola Batzordeari Orientabide lanaren programa proposatzea honek onets dezan.

Aipatu programaren jarraipena egitea.

Lan programa ebaluatzea eta urteko txostena Eskola Batzordeari aurkeztea honek onets dezan.

2. Ikastetxeko Orientabide Psikopedagogikorako Departamentua honela osatuko da: ikastetxe horretara izendatutako Lantaldearen orientatzailea, ikasketa-burua eta ondoko irakasleak:

a) O.H.O.ko ikastetxeetan  Ziklo edo mailako koordinatzaileak Heziketa Bereziko edo laguntzarako irakasleak.

b) LHko ikastetxeetan Adar edota gradu bakoitzeko tutore koordinatzailea Enpresetako praktiken programaren koordinatzailea edo arduraduna.

c) BBBko ikastetxeetan Ikasturte eta txanda bakoitzeko tutore-koordinatzaile bat.

d) Heziketa Bereziko ikastetxeetan Irakasle bat lau unitateko Logopeda bat Fisioterapeuta bat

Irakasle bat, ikasketak nola egin irakasteko.

15. artikulua

1. Orientabide Psikopedagogikorako Lantaldeen eta ikastetxeen arteko harremanak bakoitzaren Orientabide Psikopedagogikorako Departamentuaren bidez eratzen dira.

2. Ikastetxe bakoitzari esleitu zaion Zonaldeko Lantaldearen orientatzaileak parte har dezake Irakasleen Klaustroaren bileratan, hitza bai baina botorik gabe, eta ber gisan Eskola Batzordekoetan ere, bileran tratatu beharreko gaiak eskatzen duela eta, Batzorde-buruak gonbidatzen duenean.

III. KAPITULUA. Orientabide eta Heziketa Berezirako Batzordea

16. artikulua

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikoaren iharduketa planifikatu eta koordinatuko du Orientabide eta Heziketa Berezirako Batzorde baten bitartez.

17. artikulua

Orientabide eta Heziketa Berezirako Batzordeko kideak honako hauek izanen dira:

Hezkuntz Antolamendu eta Ikuskaritza Zerbitzuaren Zuzendaria, Batzorde-buru izanen dena.

Irakaslegoaren Prestakuntza eta Berrikuntza Pedagogikorako Zerbitzuaren Zuzendaria.

Euskara Zerbitzuko Zuzendaria.

Hezkuntz Sustapen Atal-burua.

Hezkuntz Ikuskaritza Atal-burua.

Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikoaren Burua, eta, hala behar izanez geroz, Orientabide Psikopedagogikorako Koordinatzailea eta Heziketa Berezirako Koordinatzailea.

18. artikulua

Orientabide eta Heziketa Berezirako Batzordearen eginkizunak hauek dira:

Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikoaren urteko planaren iharduketa eta lehentasunen lerro nagusiak proposatzea, heziketa komunitatearekiko bertze laguntza-zerbitzuekin koordinatuz.

Unitate Teknikoaren urteko plan orokorren berri ematea, eta urteko txosten orokorrak onestea.

Zonaldekatze erizpideak eta giza zein gauzazko baliabideen banaketa finkatzea.

IV KAPITULUA. Orientabide Psikopedagogikorako Kontseilu Teknikoa

19. artikulua

1. Orientabide Psikopedagogikorako lantaldeen iharduketa teknikoa koordinatzeko, eta Unitate Teknikoaren kudeaketa tekniko eta administratiboan lantalde horien partaidetza errazteko asmoz, Orientabide Psikopedagogikorako Kontseilu Tekniko bat eratu da.

2. Zonaldeko Orientabide Psikopedagogikorako Kontseilu Teknikoa osatuko dutenak Unitate Tekniko-burua, Orientabiderako Koordinatzailea, Heziketa Berezirako Koordinatzailea eta Zonaldeko Lantalde-Arduradunak dira.

3. Orientabide psikopedagogikorako Kontseilu Teknikoak lantaldeen iharduketa koordinatuko du lanari buruzko planen eta programen jarraipena eta ebaluazioa eginez, eta lantaldeen iharduketa teknikoa gidatzeko erizpideak proposatuko ditu.

Lehen Xedapen Gehigarria

1. Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Tekniko-buru izateko kargua Hezkuntza, Kultura eta Kirol Kontseilariak izendatu eta kenduko du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langilegoaren Estatutua arautzen duen martxoaren 30eko 13/1983 Foru Legearen 34. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2. Unitate Tekniko-buruaren laneguna bi lanalditan berezita egonen da, irailaren lehenetik ekainaren 30 arte, eta ordutegia Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak paratuko du ikastetxeen beharkizunetara egokituz.

Bigarren Xedapen Gehigarria

1. Zonaldeko Koordinatzaileen eta Arduradunen eginkizuna Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak izendatutako funtzionari edo lan-kontratatu finkoei esleituko die, Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Tekniko-buruak proposatuta.

2. Zonaldeko Koordinatzaile eta Arduradunek, bataz bertze, duten irakasle lanpostuaren eginkizunen eta Foru Dekretu honetan araututako koordinatze eta arduratze lanen artean 35 orduko lanastea burutuko dute, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak ezarritako ordutegiaren arabera. Gainerakoa, izaera orokorrez ezarritako lanorduak osatu arte, urteko zenbaketari dagokio.

3. Zonaldeko Koordinatzaile edo Arduradun izateko kargua esleitzen zaion langileak, bere irakasle lanpostuari dagozkion lansariez gainera, Programen Koordinatzaileendako eta Programen Aholkulariendako ekainaren 27ko 5/1990 Foru Legeak ezarritako irakaskuntzako zuzendari lanpostuagatiko osagarria jasoko du. Osagarri horiek maila bakoitzari dagokion hasierako soldataren %20 eta %13koak izanen dira.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

1. Foru Komunitateko Administrazioan, orientatzaile kargurako hauta frogetan, indarrean dagoen legerian zehaztutako lanpostu betegabeak txanda murriztu bidez betetzeko gordeko dira, Psikologia edota Pedagogian edo titulazio homologatu nahiz baliokidekoan Lizentziatutakoen artean.

2. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, euskaraz jakitea ezinbertzekoa duten orientatzaile lanpostuak zehaztuko dira, ikasleei ikasi duten hizkuntzan kasu egiteko.

Laugarren Xedapen Gehigarria

Egungo Orientabide Psikopedagogikorako lantaldeak deuseztatzen dira: Eskola eta Bokazioari buruzko Orientabide Zerbitzua (E.B.O.Z.), Orientabide Psikopedagogikorako Programa (P.O.P.), Lanbideanitzetarako eta Sorospen Goiztarrerako Lantaldeak bai eta Psikopedagogi Laguntza eta Eskola Orientabiderako Zerbitzuak ere (P.L.E.O.Z.)

Boskarren Xedapen Gehigarria

Eskola Orientabide eta Heziketa Berezirako Unitate Teknikora adskribatzen dira funtzionari eta lan-kontratatu finkoak, Eskola eta Bokazioari buruzko Orientabide Zerbitzuan, (E.B.O.Z.)en behin betiko izaeraz izendatuak, Orientabide Psikopedagogikorako Programa (P.O.P.) eta Lanbideanitzetarako eta Sorospen Goiztarrerako Lantaldeak.

Xedapen Iragankor Bakarra

Orientabide Psikopedagogikorako Lantaldeek, hitzartutako ikastetxe pribatuei eman beharreko laguntza gero eta gehiago eskuratuz joango dira, baliabideak dauden adinean eta gehitzen diren neurrian. Nolanahi ere Zonaldeko Orientabide Psikopedagogikorako Lantaldeek bere eginen dute ikastetxe hitzartuetan integraturiko eta heziketa arloko beharkizun bereziak dituzten ikasleen azterketa, balorazioa eta jarraipena, bai eta zein heziketa mota erabiliko den erabakitzea ere.

Xedapen Derogatzaile Bakarra

Indarrik gabe geratzen dira Foru Dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten lerrun bereko edo beheragoko arau eta xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuari baimena ematen zaio Foru Dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko eta garatzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Xedapen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa