(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Flora eta Fauna :
      • Flora :
        • 94/1997 Foru Dekretua, apirilaren 7koa, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

94/1997 Foru Dekretua, apirilaren 7koa, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituena

 

(1997ko 47. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 18an)

Atarikoa

Natura kontserbatzeko xedez, Europa, Espainia eta, gure kasuan, Nafarroako botere politikoetatik egun datozkigun ildo politiko nagusiak basa fauna eta floraren natur baliabideak eta, zehazki, natur habitatak babestu, errekuperatu eta hobetzeko irizpideetan oinarritzen dira.

Natur habitatak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruz, Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean eman zuen 92/43/EEE Zuzentarauaren helburua biodibertsitatea bermatzea da, Europako Batasuneko kide diren estatuetako lurraldeetako natur habitatak eta basa fauna eta flora kontserbatuz.

Estatuko barne zuzenbideari erreparatuta, naturguneak eta Basa Fauna eta Flora Kontserbatzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legearen bidez ezarri zen natur baliabideak egoki babestu eta erabiltzeko oinarrizko markoa. IV. Tituluan basa flora kontserbatzeari buruzko xedapenak biltzen dira, laburbilduz, irizpide hauetan oinarritzen direnak:

a) Administrazio Publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte basa floraren espezieen kontserbazioa bermatzeko, espezie autoktonoak bereziki.

b) Floraren habitatak bereziki zaintzea eta, halakorik behar bada, horiek babesteko araubide berariazkoak zehaztea.

c) Natur ondarearen aniztasun genetikoari eta, horren barruan, landare dibertsitateari eusteko jarduketa publikoaren beharra.

d) Espezie mehatxatuak katalogatzea eta mehatxu mailaren arabera sailkatzea. Komunitate autonomoek beren katalogo espezifikoak egin ahalko dituzte.

Nafarroako Foru Komunitateak ez du, gaur egun, aipatu oinarrizko irizpideak Nafarroan garatzeko arauteria berariazkorik. Gabezia hori nabarmenagoa da, kontuan hartzen badugu gure Komunitatea kontraste ekologikoz beteriko lurraldea dela, landareen bioaniztasun aberatsekoa (baskularrak baino ez harturik, 2.650 inguru taxon ebaluatuak), Bidasoa aldeko 20 metroko altuera duten lurretatik Hiru Erregeen Mahaiko 2.439 metroko lurren artean banatua, hala nola mendialdean, pirinioaldean, Erriberan, Atlantiko-Europa Zentralaren aldeko Kantauriko mendietan edo eremu mediterraneo- kontinentaletakoetan.

Basa floraren aberastasun hori ikusita, botere publikoak, Nafarroako Gobernua hain zuzen ere, behartuta daude araubide juridiko zehatzago bat finkatzera, gure lurraldean mehatxatuta dagoen basa flora bereziena babestu eta kontserbatzeko asmoz.

Horretarako, Naturguneak eta Basa Fauna eta Flora Kontserbatzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legea garatu nahirik, basa flora kontserbatzeko neurri batzuk hartu dira. Neurri horiek mailaz maila hartuko dira, lehenbizi babes handiena behar duen flora baskularrari dagozkionak eta aurreragoko utziko dira Nafarroako basa floraren beste espezie batzuek behar dituzten jarduketei dagozkien arauak.

Hortaz, hasiera bateko neurri horiek honakoak dira:

a) Gure Komunitatearentzat bakarrik izanen den Flora Mehatxatuaren Katalogoa egitea, ditugun arazoei egokitua. Bertan sartuko dira babes bereziena behar duten espezieak, martxoaren 27ko 4/1989 Legearen sailkapena harturik. Hasiera batean, berehalako babes estatutua behar duten basa flora baskularreko espezieak katalogatuko dira eta aurrerago eginen da "interes berezia" duten espezieen katalogazioa.

Orain proposatu den katalogazioa egin aitzin, 389 taxon aztertu dira, Nafarroan ageri diren entitate sistematikoetatik aukeratuak, dela horien berezitasunagatik (banaketa biogeografikoa, zabalkunde ekologikoa, populazioaren kopurua) dela kontserbaziori begira eragin negatiboa dakarren arrisku mailagatik. Landare horietatik bat ere ez dago galzorian; 16 "habitata aldatzearen ondorioz kaltetuak direnak" kategorian sailkatu dira eta 37 "ahulak" kategorian.

b) Habitatak "in situ" kontserbatzeko eta katalogatzen diren basa florako populazioak "ex situ" kontserbatzeko proposamenak egitea.

c) Flora babestuaren habitatak dituzten lursailetako jabeekin hitzarmenak sinatzeko ahalmena aitortzea Administrazioari, horien babesa bermatu eta flora kontserbatzeko jarduketak aurrera eraman ahal izateko.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko apirilaren zazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa

1. artikulua

Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu da. Bertan sartuko dira babesteko neurri bereziak behar dituzten basa floraren espezie, azpiespezie eta populazioak, Nafarroan agertzen direnak hain zuzen.

2. artikulua

Flora Mehatxatuaren Katalogo horretan, gutxienez, honako datu hauek azaldu beharko dira, katalogatzen den espezie, azpiespezie edo populazio bakoitzeko:

a) Izendapen zientifikoa.

b) Zein kategoriatan katalogatu den.

c) Populazio bakoitzaren ezaugarri nabarmenenak: banaketa naturalaren esparrua, populazioen kopuru zenbatetsia eta horien ezaugarriak eta, behar izanez gero, erantsi nahi diren intereseko gainerako datuak.

3. artikulua

1. Katalogoan sartzen diren espezie, azpiespezie eta populazioak kategoria hauen arabera sailkatu beharko dira:

a) Galzorian daudenak; hots, egoera horretan izatea eragin duten kausazko faktoreak aldatu ezean, nekez iraunen duten espezieak.

b) Habitata aldatzearen ondorioz kaltetuak direnak; hots, habitata bereziki mehatxatua, atzerabidean nabarmen, habitata banatua edo oso mugatua duten espezieak.

c) Ahulak; espeziearen aurkako faktoreak zuzendu ezean, epe laburrean aurreko kategoriaren batean sartzeko arriskua duten espezieak.

d) Interes berezikoak; aurrekoetan sailkatu gabe egonik, espeziearen balio zientifikoa, ekologikoa, kulturala edo haien berezitasuna dela-eta, arreta berezia merezi duten espezieak.

4. artikulua

Basa florako espezieak Katalogoan sartzea edo kategoria batetik bestera igarotzea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Aginduaren bidez eginen da, Nafarroako Ingurugiroko Kontseiluaren txostena ikusirik. Agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5. artikulua

1. Espezie edo populazio bat "galzorian", "habitata aldatzearen ondorioz kaltetuak" edo "ahulak" izeneko kategorietan sartzeaz batean, honako araubide juridiko hau aplikatuko zaio:

A) Espeziea nahita hondatu, atalen bat kendu, ebaki edo errotik ateratzea debekatuko da eta, halaber, haren banaketa naturalaren eremuan haziak, polena edo esporak biltzea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aldez aurreko administrazio baimena izan gabe.

B) Espezieak zein haren hedakai edo hondakinak gorde, naturalizatu, garraiatu, saldu, saltzeko asmoz erakutsi, trukatu, merkaturatu, aleak inportatu edo esportatzea debekatuko da, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aldez aurreko administrazio baimena izan gabe.

C) Artikulu honetako A) eta B) letretan aipatzen diren debekuak basa landareen ziklo biologikoaren fase guztiei aplikatuko zaizkie.

D) Goiko A) eta B) letretan aipatzen diren administrazio baimenak eskatzeko, interesatuak eskaeraren helburuak adierazten dituen idazki arrazoitua aurkeztu beharko du. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hiru hilabeteko epea izanen du eskaera ebazteko. Epe horretan ebazpen berariazkorik eman ezean, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da. Baimena ematekotan, kasuan kasurako baldintza partikular batzuk ezarri ahalko dira, ongi arrazoituak, basa flora babesteko horrelakorik egitea egoki juzkatzen bada.

E) Espezie horiei Naturguneak eta Basa Fauna eta Flora Kontserbatzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legean ezarritako arau-hauste eta administrazio zehapenen araubidea aplikatuko zaie.

Arau-hausteak zehazteko eta horiei dagozkien zehapenak ezartzeko administrazio prozedura basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 98. artikuluan ezarritako berbera izanen da. Zehapen espedienteak ireki eta ebaztea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren esku dago.

F) Arlo horretako arau-hausteren bat egiten bada, landare horiek dekomisatuko dira eta, ahal bada, ikerketa, hezkuntza edo kultur zentroei emanen zaizkie.

2. Espezie, azpiespezie edo populazioren bat "interes berezikoak" izeneko kategorian sartzearekin batera, Foru Dekretu honen 4. artikuluan aipatu Foru Aginduan zehazten diren ondorioak aplikatuko dira.

6. artikulua

1. Flora Mehatxatuaren Katalogoa Nafarroako Gobernuko Natura Zaintzeko Zerbitzuak kudeatu eta gaurkotuko du. Erregistro publikoa izanen da eta, hortaz, jende guztiak aztertu ahalko du, ingurugiro arloko informazioa erabiltzeko eskubideari buruzko abenduaren 12ko 38/1992 Legeari jarraikiz.

2. Foru Dekretu honen indarraldia mugagabekoa bada ere, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldian aldiko berrikuspenak eginen ditu, populazioen bilakaera ikusita, espezieak Katalogoaren kategorietan berregokitzeko.

II. KAPITULUA. Katalogaturiko basa flora kontserbatzeko neurriak

7. artikulua

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak beharrezko diren proposamenak egin eta neurriak hartuko ditu, katalogatzen den basa floraren habitatak "in situ" eta populazio horiek "ex situ" kontserbatu, erabili eta kudeatzearren.

8. artikulua

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ahalmena izanen du hitzarmenak sinatzeko basa flora babestuko espezieak dituzten lursailetako jabe edo horien eskubide errealen titularrekin, habitat horiek mantentzeko asmoz eta flora kontserbatzeko jarduketak sustatzeko asmoz.

Lehen Xedapen Gehigarria

"Habitata aldatzearen ondorioz kaltetuak" diren espezieen kategorian sartuko dira Foru Dekretu honen I. Eraskinean aipatzen diren basa flora baskularreko espezie eta azpiespezieak.

Bigarren Xedapen Gehigarria

"Ahulak" kategorian sartuko dira Foru Dekretu honen II. Eraskinean aipatzen diren basa fauna baskularreko espezie eta azpiespezieak.

Azken Xedapenetako Lehena

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honetan xedatutakoaren aurka egiten duten maila bereko edo baxuagoko xedapenak indarrik gabe utzi dira.

Azken Xedapenetako Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERASKINA. "Habitata aldatzearen ondorioz kaltetuak direnak" kategorian katalogaturiko basa florako espezie eta azpiespezieak

1.1. Aconitum variegatum ssp.pyrenaicun.

1.2. Arctostaphyllos alpinus.

1.3. Arenaria vitoriana.

1.4. Carex caudata.

1.5. Cochlearia aragonensis subsp.navarrana.

1.6. Drosera intermedia.

1.7. Erodium daucoides.

1.8. Hymenophyllum tunbrigense.

1.9. Lathyrus vivantii.

1.10. Microcnemum coralloides subsp.coralloides.

1.11. Orchis papilionacea.

1.12. Pinguicula lusitanica.

1.13. Scabiosa graminifolia ssp.arizagae.

1.14. Soldanella villosa.

1.15. Stegnogramma pozoi.

1.16. Vandenboschia speciosa.

II. ERASKINA. "Ahulak" kategorian katalogaturiko basa florako espezie eta azpiespezieak

2.1. Adonis pyrenaica.

2.2. Agrostis truncatula subsp.commista.

2.3. Astragalus clusii.

2.4. Avenula gonzaloi.

2.5. Baldellia ranunculoides.

2.6. Buglossoides gastonii.

2.7. Carex hordeistichos.

2.8. Centaurea lagascana.

2.9. Circaea alpina.

2.10. Cochlearia aragonensis subsp.aragonensis.

2.11. Cochlearia glastifolia.

2.12. Cystopteris diaphana.

2.13. Dactylorhiza majalis.

2.14. Draba hispanica.

2.15. Eleocharis austriaca.

2.16. Equisetum variegatum.

2.17. Frankenia laevis subsp.laevis.

2.18. Genista florida subsp.polygaliphylla.

2.19. Globularia gracilis.

2.20. Hydrocotyle vulgaris.

2.21. Hypericum caprifolium.

2.22. Illecebrum verticillatum.

2.23. Leucanthemum maximum.

2.24. Medicago secundiflora.

2.25. Minuartia cerastiifolia.

2.26. Narcissus poeticus.

2.27. Petasites paradoxus.

2.28. Prunus lusitanica.

2.29. Pulsatilla alpina subsp.font-queri.

2.30. Saxifraga clusii.

2.31. Senecio auricula.

2.32. Sideritis spinulosa.

2.33. Stipa iberica subsp.iberica.

2.34. Swertia perennis.

2.35. Thymus loscosii.

2.36. Valeriana longiflora.

2.37. Ziziphora aragonensis.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa