(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Kooperatibak :
    • 154/1990 Foru Dekretua, ekainaren 14ekoa, Nafarroako Kooperatiben Kontseiluaren Arautegia onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

154/1990 Foru Dekretua, ekainaren 14ekoa, Nafarroako Kooperatiben Kontseiluaren Arautegia onesten duena

 

(1990eko 78. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 29an)

Atarikoa

Uztailaren 3ko Nafarroako Kooperatibei buruzko 12/1989 Foru Legeak, Nafarroako Kooperatiben Kontseilua eratzen du Foru Komunitateko Administrazioaren kontsulta organo gisa, horrela, bere elkarte iharduera berezia Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko eremuan duten kooperatiben eta Administrazioaren artean komunikazio eta elkarrizketa bide iraunkorren ezarri beharrari erantzuna emanez.

Bildurik Nafarroako Kontseilua 1989.ko azaroaren 13an, Kontseiluari eraginkortasuna emateko, onetsitako terminoetan Kontseiluaren Arautegia burutzeko Batzorde baten eraketa erabaki zuen ahobatez.

Burututako proiektua kontseiluaren Osoko Bilkuran aurkezturik, onetsia izan zen 1990.eko maiatzaren 24ean egin bileran; eta, aipatu uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legearen 80.3. artikuluan ezarritakoa bete asmoz, Nafarroako Gobernuari igorria izan da honek behin betiko onets dezan.

Hori horrela, Lan eta Gizarte Ongizate Kontseilariaren proposamenari jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamarreko ekainaren hamalauean egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Nafarroako Kooperatiben Kontseiluaren Arautegia onetsi da. Horren testua ondoan dago idatzirik.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO KOOPERATIBEN KONTSEILUAREN ARAUTEGIA

I. KAPITULUA. Izaera eta egitekoak

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Kooperatiben Kontseilua Foru Komunitateko Administrazioaren kontsulta organoa da kooperatibei buruzko gaietan.

2. artikulua. Egitekoak.

Nafarroako Kooperatiben Kontseiluaren egitekoak uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legearen 80. artikuluan bildutakoak dira eta zehazki, honako hauek:

a) Nafarroako kooperatibismoa sustatu eta babestea.

b) Nafarroako kooperatibismoa garatzeko, bermatzeko eta arautzeko Erakunde eta Organismoei legezko nahiz edozertariko neurriak proposatu, aholkatu, eskuratu eta horien berri eman, kooperatiben mugimenduaren erakunde eta lege eraentza hobetzen lagunduz.

c) Kooperatiben arteko liskarretan edo haien elkarte eremuan eraginik dutenetan esku hartzea.

d) Kooperatiben artean sor daitezen arazo auzigaietan esku hartzea, edo haien eta beraien kideen artean sor daitezenetan, baldin parte biek delako esku hartzea eskatzen badute, edota dagozkien estatutuetan horrela agertzen bada, jurisdikzio bidera jotzeko duten eskubidearen kalterik gabe.

e) Koperatibismoaren sustapen eta garapenerako programak bai eta kooperatibakideen heziketa eta prestakuntza gauzatzen laguntzea eta plangintza erraztea.

f) Kooperatiben deskalifikazio gaietan izapidatutako espedienteetan entzuna izatea.

g) Lehenbiziko eta beste gradutako kooperatiben eta hauei lotutako entitateen heziketa eta sustapenerako fondoen erabilera zuzena begiratzea.

h) Arautegi honetatik erator daitezkeenak.

3. artikulua. Informazioa eta kontsultak.

Kontseiluak, bere funtzioen garapenerako, Kontseiluak Kooperatibekin zerikusirik duten arauen proiektuak eskatzen ahalko dizkie burutzen dituzten Departamentuei, Nafarroako Parlamentuaren edo Gobernuaren oneritzia jaso behar baldin badute.

Kontseiluak, orobat, aurreko lerroaldean aipatu xedapen proiektuetan parte hartu duten Foru Komunitateko Administrazioaren langileak bere aintzinean agertzea eska dezake.

4. artikulua. Egoitza Soziala.

Nafarroako Kooperatiben Kontseiluak bere egoitza Iruñean izanen du Nafarroako Gobernuak horretarako utzitako lokaletan.

5. artikulua. Kontseilukideak.

Kooperatiben Kontseilua hamar kidek osatuko dute, horietarik bost Nafarroako Gobernuak izendatuak eta beste bostak Kooperatiben Batasunek, parekide izaerako organoa eratuko dutelarik.

II. KAPITULUA. Funtzionamendua

6. artikulua. Osoko Bilkura.

Osoko Bilkura honako hauek osatuko dute: Lehendakariak, Idazkariak eta Arautegi honetako 5. artikuluak aipatzen dituen beste kideek.

7. artikulua. Osoko Bilkuraren eskumenak.

Kooperatiben Kontseiluaren Osoko Bilkurari ondoko hauek dagozkio:

a) Kontseiluaren Arautegia burutzea.

b) Kontseiluaren iharduerari buruzko urteko txostena onestea.

c) Foru Administrazioko organo ezberdinetara eta egoki eritzitako beste Entitateetara igor ahal daitezen kooperatibismo gai bereziei buruzko proposamenak onestea.

d) Uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legearen 80. artikuluan biltzen diren Kontseiluaren funtzioei buruzko erabakiak hartzea.

e) Lanerako Batzorde eta Taldeak eratzea, zeregin bereziak emanez.

f) Bere xedeak betetzeko behar diren erabakiak hartzea.

g) Bere eskumenak erabiliz Kontseiluak luzatu behar dituen txostenak bururatu, eztabaidatu eta onestea.

h) Bere helburuak betetzeko Nafarroako Gobernuari behar den informazioa eta dokumentazioa eskatzea.

i) Kooperatiben Kontseiluaren hainbat lan eta txostenen argitarapenaren egokitasuna edo ezegokitasuna erabakitzea.

8. artikulua. Eraketa eta erabakien hartzea.

Kontseiluaren Osoko Bilkura egoki eratutzat joko da kideen erdia eta bat gehiago agertzen denean.

Osoko Bilkuraren erabakiak bertan dauden kideen ongi emandako botoen erdia eta bat gehiagoz hartuko dira.

9. artikulua. Botu eskubidearen erabilera.

Kooperatiben Kontseilukideek botu bana emateko eskubidea izanen dute, era pertsonalean eta zuzenean erabiliko dena.

10. artikulua. Bilkuren aldizkakotasuna.

Kooperatiben Kontseilua ohizko bilkuran hiru hilabetetik behin behinik bilduko da.

Aparteko bilkuran ere bil daiteke horretarako deia Lehendakariak egiten badu, ofizioz nahiz kontseilarien arteko herenaren eskariz. Horrelakorik gertatzekotan, Kooperatiben Kontseiluaren Lehendakariari igorritako gai zerrenda erantsi beharko da, eta hark aparteko Osoko Bilkurarako deia zabalduko du eskaera ondorengo hamar lanegunen barrenean.

11. artikulua. Osoko Bilkurarako deia.

Ohizko eta aparteko bilkuretarako deiak Lehendakariak eginen ditu idatziz, guttienez zazpi lanegun aurretik, eta idatziz paratuko dira orobat bilkuraren lekua, ordua, eguna eta gai zerrenda, Idazkariak prestatuko dituen tratatzeko gaiei buruzko agiriak erantsiko direlarik edo hauek berauek Kontseilarien esku jarriko dira Kontseiluaren egoitzan.

12. artikulua. Premiazko izapidea.

Gai zerrendan sarturik ez den gairik ez da eztabaidatzerik izanen bilkuran.

Hala ere, Kontseilukideen gehiengo absolutoak gai zerrendan sartu gabeko arazoren bat urjentziazko jotzen badu, eztabaidagai bihur daiteke.

Horrelakoetan, proposatutako gaia dagokion bilkurako azken puntuaren ondoren eztabaidatuko da.

III. KAPITULUA. Lehendakaria eta lehendakariordea

13. artikulua. Lehendakariaren izendapena.

Kooperatiben Kontseiluko Lehendakaria Nafarroako Gobernuak izendatuko du Kontseiluaren proposamenaz eta honen kideen artetik.

Delako proposamena Kontseilukideen arteko gehiengoaren akordioaz eginen da. Lehenbiziko hiru bozketetan beharrezko gehiengoa erdiesten ez bada Nafarroako Gobernuak izendatuko du zuzenki Kooperatiben Kontseiluko Lehendakaria.

14. artikulua. Lehendakariaren egitekoak.

Lehendakariaren egitekoak honako hauek dira:

a) Kontseiluaren ordezkaria izatea.

b) Bilkuretan mahaiburu eta moderatzaile izatea eta horietarako deia zabaltzea.

c) Bilkuretarako gai ordena tajutzea, honetan guttienez Kontseilukideen herenak eskatzen dizkion puntuak sartu beharko dituelarik.

d) Kontseiluaren barne funtzionamenduko arauak bete daitezen begiratzea.

e) Bere eskumeneko gaiak eta aferak Kontseiluak azter ditzan aurkeztea.

f) Aktak ontzat ematea.

g) Lehendakari izateagatik dagozkion beste guztiak, orokorrean nahiz bereziki aplikagarri diren arauetatik eratorriak.

15. artikulua. Lehendakariordearen izendapena eta egitekoak.

Kontseiluko Lehendakariordea Kontseiluaren Osoko Bilkurak izendatuko du, horretarako kideen gehiengoa beharko delarik.

Lehendakaririk izan ez, egon ez edo gaitzak jota denean, lehendakariordeak erabiliko ditu haren eskumenak.

IV. KAPITULUA. Kontseiluaren Idazkaritza

16. artikulua. Idazkaria.

Kontseiluak izendatuko du Kooperatiben Kontseiluko Idazkaria.

Kontseilukide bat izan daiteke horretarako izendatua edo kanpoko norbait.

Bigarren kasu honetan hizpidea izanen du, ez ordea boturik.

17. artikulua. Egitekoak.

Idazkariari honako egiteko hauek dagozkio:

a) Bere egitekoak erabiliz, Osoko Bilkuretan eta Batzordeenetan egotea.

b) Osoko edo Batzordeen Bilkura bakoitzaren ondoren aktak idaztea, ondoko hauek zehaztuz:

1. Bilkuraren lekua.

2. Eguna, hilabetea, urtea eta hasierako ordua.

3. Lehendakariaren izen deiturak eta bertan dauden eta ez dauden Kontseilukideen zerrenda, kasu bada hauen ordezkapenen arrazoiak emanez.

4. Bilkura ohizkoa ala apartekoa den.

5. Gai zerrendan agertzen diren aferak.

6. Bozketen emaitzak.

7. Esandakoen sintesiak.

8. Bilkuran gerta daitezkeen gorabehera garrantzitsuak eta, beti ere, lehendakariak edo Kontseilukideek aktan sar daitezen eskatzen dituztenak.

9. Bilkura bukatzen deneko ordua.

c) Aktak onetsiak eta lehendakariak ohartemanak direnean sinatzea.

d) Aktak begiratzea eta inola ere ateratzen ez uztea.

e) Lehendakariaren onarpenaz, Osoko Bilkurak edo Batzordeek hartutako erabakiak ziurtatzea.

Aipatu ziurtagiriak Kooperatiben Kontseiluko edozein kideen eskariz luzatu beharko dira.

f) Lehendakariaren aginduz Osoko Bilkurarako edo Batzordeetarako deia zabaltzea.

g) Erabakiak eraginkorrak izan daitezen Lehendakariaren eskariz behar diren neurriak hartzea.

18. artikulua. Idazkariaren ordezkapena.

Idazkaria ez denean edo honen edo gaixotasun kasuetan Lehendakariak horretarako izendatzen duenak beteko ditu haren eginkizunak behin-behinekoz.

V. KAPITULUA. Kontseilariak

19. artikulua. Izendapena.

Kontseilukideak Arautegi honetako 5. artikuluan ezarritako eran izendatuko dira, Administrazioaren ordezkariak Nafarroako Gobernuaren erabakiz, eta Kooperatibenak dagozkien Batasunen erabakiz.

20. artikulua. Eskubideak eta ahalmenak.

Kooperatiben Kontseilukideei dagokie:

a) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

b) Botu emateko eskubidea erabiltzea, interesatuak eskatuz gero aktan idatz arazi dezakeelarik botu ematearen edo abstentzioaren justifikazioa.

c) Gai ordenean bozketagai diren puntuen gainean aldez aurretik denbora askiz eta sakontasun egokiz informatuak izatea.

d) Kontseilukide izateagatik dagozkien beste iharduerak.

21. artikulua. Ordezkapenak.

Kooperatiben Kontseiluan ordezkaritzak irauten duen bitartean Entitate izendatzaileek kideak alda ditzakete. Aldaketa horiek Kooperatiben Kontseiluko Idazkaritzari jakin arazi beharko zaizkio baliozkotasunik izan dezaten.

VI. KAPITULUA. Lan Batzordeak

22. artikulua. Batzordeak.

Osoko Bilkurak Lan Batzordeei arazo zehatzen azterketa agin diezaieke.

Eratuko diren Batzordeetako kideen izendapena Kontseiluaren Osoko Bilkurak eginen du beti, erabakiak hartzeko ezarritako betebeharrei jarraikiz.

Batzorde bakoitzean lau kide baino gehiago ez da izanen, adituen laguntza jaso dezaketelarik.

23. artikulua. Xedea eta iraupena.

Batzordeak, sortu zirenean lortzeko zuten helburua erdiestekoan, deseginen dira.

24. artikulua. Deialdia eta Batzordeburua.

Kontseiluak izendatutako pertsona izanen da Batzordeetan mahaiburu. Deia berriz Idazkariak zabalduko du Batzordeburuaren izenean.

VII. KAPITULUA. Bilkuren Publizitatea

25. artikulua

Bilkurak, Osokoak nahiz Batzordeenak ez dira jendaurreko eginen, aipatu Osoko Bilkurak eta Batzordeek espreski besterik erabakitzen dutenean ezik. Nafarroako Kooperatiben Kontseilukideek isilpean ukanen dute bilkuretan izandako eztabaiden edukia, Osoko Bilkurak aurkakoa zehazten ez duen bitartean.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Arauzko aldaketak.

Nafarroako Gobernuak Kontseiluaren eskariz arautegi hau alda dezake, horretarako, gauzatzeko erabili den bide berbera jarraituko delarik.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa