(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

251/1996 Foru Dekretua, ekainaren 24koa, Orgiko oihana Aisiarako Natur Eremu (ANE-1) deklaratzen duena

 

(1996ko 86. NAOn argitartutako testua, uztailaren 17an)

Atarikoa

Orgiko hariztia, Lizasoko Kontzejuaren dermioan (Ultzaman) dagoena, antzina Ultzama, Basaburua eta Barranka-Burunda ibarretako barrenaldea hartzen zuten lautadako harizti heze zabalen azken aztarnetako bat da.

Nekazaritza eta abeltzaintzako erabilera tradizionalek biziki aldatu dute oihan horien eremu potentziala, eta horren ondorioz gaur egun azalera hainbeste murriztu da, ezen kontserbaziorako neurriak eskatzen baititu.

Orgiko hariztiak Foru Komunitatean era horretako oihanen erakusgarri izateagatik garrantzia duela oharturik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Lizasoko Kontzejuak hogeita hamar urtetarako hitzarmena sinatu zuten 1987.ean, Lizasoko herrilurretako oihan hori Aisiarako Natur Eremu bihurtzeko.

Berriki onetsitako Nafarroako Naturguneei buruzko Foru Legeko 3. artikuluaren arabera Aisiarako Natur Eremuak zenbait balore natural edo paisaiako dituzten guneak dira eta halaxe deklaratzen dira aisialdi, atsedenaldi edo jostetaldietarako tokiak izateko, beti ere naturaren kontserbazioarekin eta ingurugiro hezkuntzarekin bat eginez.

Halako definizioa duen babes figura hori egokia da Orgiko oihanerako, bisitari ugari ibiltzen baita bertan, batez ere udako eta udazkeneko hilabeteetan, eta Ultzama barnean turismorako interesgarriak diren ibilbideen elkargunean baitago.

Deklarazio hori Lizasoko Kontzejuak eta Ultzamako Udalak sustatu dute.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren hogeita lauan egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua. Deklarazioa.

1. Orgiko oihana, Lizasoko Kontzejuaren dermioan (Ultzaman) dagoena, Aisiarako Natur Eremu (ANE-1) deklaratu da.

2. Orgiko oihanaren Aisiarako Natur Eremuaren ezaugarriak honakoak dira:

A) Izena: Orgiko oihana edo Orgiko hariztia.

B) Dermioa: Lizasoko Kontzejua-Ultzamako udalerria.

C) Azalera: 77,7 hektarea.

D) Mugaketa grafikoa: Orgiko oihana Lizasoko Kontzejuan (Ultzaman) dago, Iruñetik iparraldera 23 kilometrora, Ultzama ibaiaren eta Arkil errekaren elkargunean, 510 eta 544 metroen arteko altitudean. Iruña-Lizaso NA-4110 errepideak hariztia hegoaldetik iparralderantz zeharkatzen du, bi sailetan zatituz: Muñagorri edo Goitiko Orgi mendebaldean eta Tomaszelaieta edo Beheitiko Orgi ekialdean. Lizaso-Gerendiain errepidearen tarteak iparraldetik mugatzen du.

E) Mugen deskribapena:

Ekialdeko saila: Lizasoko herri mendiko Tomaszelaieta edo Beheitiko Orgi alderdian 106, 376, 377, 378, 379, 380, 381, 382 zenbakietako lurzatiak hartzen ditu. Mendebaldetik NA-4110 errepidearekin egiten du muga; iparraldetik, Lizaso-Gerendiain tokiko errepidearekin; ekialdetik, Gerendiaingo 3026 eta 3027 eta Lizasoko 3054, 3055, 3056, 3057 zenbakietako nekazaritza lurzatiekin eta Ultzama ibaiarekin zenbait tartetan; eta hegoaldetik, Lizasoko 3058 zenbakiko nekazaritza lurzatiarekin.

Mendebaldeko saila: Lizasoko herri mendiko Muñagorri edo Goitiko Orgi alderdian 66, 67 eta 375 zenbakietako lurzatiak hartzen ditu. Ekialdetik NA-4110 errepidearekin egiten du muga; hegoaldetik, Lizasoko 3059, 3060 eta Gorronzeko 3041, 3040 zenbakietako nekazaritza lurzatiekin; mendebaldetik, Gorronzeko herri mendiko 21 eta 22 lurzatiekin; eta iparraldetik, Gorronzeko 3019 eta Lizasoko 3049, 3051, 3050, 3052 zenbakiak dituzten nekazaritza lurzatiekin.

2. artikulua. Babes araubidea.

Orgiko oihaneko Aisiarako Natur Eremuko erabilpen eta ihardueren araubidea honakoa izanen da:

A) Eraikuntzak ez dituzten iharduerak:

Debekatuta dago legarra eta harea ateratzea, harrobiak ustiatzea, ubideak zuzentzea, luberritzea, oihanak erabat soiltzea, landaredia erretzea, nekazaritzakoak ez diren ibilgailu partikularrak ibiltzea, kanpatzea, kirol iharduera antolatuak egitea eta hondakinak botatzea.

Gainerako iharduerak baimendu ahalko dira Foru Dekretu honen Eraskinean agertzen den Erabilpen eta Kudeaketa Planean finkaturiko araubide berariazkoarekin duten bateragarritasunaren arabera.

B) Eraikuntzak dituzten iharduerak:

Baimendu ahalko dira Eremuari berari lotutako ekipamendu, dotazio edo zerbitzuetarako eraikuntza eta instalazioak, Eremuarekin berarekin zerikusia duten kirol edo aisia iharduerei lotutako eraikuntza eta instalazioak eta interes orokorrekoak edo onura publikokoak diren azpiegiturak.

Debekatuta daude gainontzeko guztiak.

3. artikulua. Erabilpen eta Kudeaketa Plana.

Onetsi egin da Orgiko oihaneko Aisiarako Natur Eremua Erabili eta Kudeatzeko Plana, Foru Dekretu honen Eraskinean agertzen dena, eta aurreko artikuluan xedatu ez den oro arautuko duena.

Azken Xedapenetako Lehena

Ahalmena eman zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta ezartzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERASKINA. Orgiko oihaneko aisiarako natur eremua erabili eta kudeatzeko plana

Lehena. Helburua.

Plan honek Orgiko oihaneko esparruak eta horietako bakoitzean onargarriak diren erabilpen eta iharduerak zehazten ditu, antolamendurako baliabide egokia baita Orgiko oihanaren eta natur elementu aipagarrienen babesa bateragarri egiteko ingurune hori aisiarako eta ingurugiroari buruzko hezkuntzarako toki gisa arrazionalki erabiltzearekin.

Bigarrena. Eremuaren deskribapena.

2.1. Ezaugarri ekologikoak.

Orgiko hariztiak funtsean haran barreneko posizio topografikoa hartzen du, Ultzama ibaiaren ibarreko marga buztintsuen eta bete-lur alubialen substratu baten gainean, berezitasun geologikoa izanik harri bolkanikoen azaleratzeak (ofitak) eta iturburu gaziak (Keuper), Lizarra-Akize lerrokadurako diapiro txiki bati lotuak.

Orgiko oihanean bi harizti mota bizi dira elkarren ondoan, nagusi delarik haritz kanduduna (Quercus robur). Bi mota horiek ezberdintzen dira banaketa topografikoagatik, eskakizun ekologiko eta edafikoengatik eta osaera botaniko orokorrarengatik.

Gutxien agertzen dena hegoaldeko elorri zuria lagun duen hariztia da, basoberakoa, eremu lauetan eta sakonune istilduetan banatua, fitosoziologikoki Crataego laevigatae-Quercetum roboris sailekoa. Nafarroa eta Araba aldeko harizti endemiko hau desagertzear dago. Oraindik ere naturaltasun maila ezberdineko aztarna zati txiki batzuk aurki daitezke Ultzaman, Basaburuan, Barrankako korridorean eta Gasteizko lautadaren ekialdean. Orgin Iruña-Lizaso errepidearen ekialdean dauden sakonune urtsuak hartzen ditu. Geruza anitzeko oihan hauen segidako dinamikan aurki daitezke zuhaitz txikien formazioak eta zuhaiska arantzadunenak, biodibertsitate botaniko apartekoak horiek, belar komunitateak nortasun botaniko haundia duten larre istilduez osatuak eta formazio nanofanerofitiko txikiak, Nafarroan harizti hauetan soilik aurki daitekeen flora dutenak.

Bere ekologia dela eta, oihan hau hauskorra da eta gaizki jasaten ditu lurzoruaren aldakuntzak, aldaketa freatikoak, zapalketa eta abeltzaintzaren presioa.

Orgin hobekien ordezkatua dagoen hariztia mendi- hegaleko harizti azidofiloa, oihanpean txilarra lagun duena da, fitosoziologikoki Hyperico pulchri-Quercetum roboris sailekoa. Nafarroa-Santander bitartean endemikoki banatutako harizti hau mendi-hegalean kokatzen da, giza multzoek eta landa lurrek hartutako behe eremuetatik urrundua, non desagertzeko mehatxuaren maila txikiagoa baita eta dauden sailen naturaltasunaren maila haundiagoa. Oihan hauen biodibertsitate botanikoa eta orokorra, arestian aipaturiko lurralde lauetako hariztiena baino txikiagoa da.

Orgin harizti azidofiloa nagusi da, Muñagorriko eremu guztian dago eta Iruña-Lizaso errepidearen ekialdean hegoaldeko elorri zuria lagun duen hariztiarekin tartekatua agertzen da. Bere ekologia dela eta, harizti honek hobeki jasaten du gizakiak ibiltzea, abeltzaintza eta lurzorua zapaltzea, nahiz eta puntualki higadura edafikoaren arazoak gerta daitezkeen.

Orgiko oihanean oraindik ere badaude enbor lodiko eta adaburu haundiko haritz zaharrak, hirurehun urtetik gorakoak eta hogeita bost metro baino gehiagoko altuera dutenak. Oihanaren egiturak batetik eta zuhaitz oinak zuhaitz kimatu ugarirekin osatuak egoteak bestetik erakusten dute iragan historikoak eragindako oihan bakandua, ia larre bihurtua, egungo itxura subsistentzia garaietako ustiapen integralaren ondorioz hartua duena (artzaintza, ezkurra, hostoa, adarrak, egurra eta abar biltzea, e.a.). Gerora zeregin horiek utzi izanak berezko birsorkuntza ekarri du, eta horrela gaur egun badaude hamaika zuhaitz espezie, zuhaisken hogeita bost, igokarien sei eta biotipo ezberdinetako beste ehun eta hogeita hemezortzi espezie botaniko.

Harizti hau kolonizatzen duen faunan arrain, anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztunen 155 espezie baino gehiago daude, banatuak oihanaren barneko berariazko oihan biotopoetan, hariztitik belardietarako transizio ekotonoan, zuhaiska erako hesien eta zuhaizti marjinalen ertzaren bitartez egindakoan eta, azkenik, urari lotuetan, hots, Ultzama eta Arkil ibaiak eta hariztian aldizka egiten diren putzuak.

Bereziki interesgarria da oihaneko hegaztien komunitatea, horien artean pizidoak, gabiraia eta oilagorra, baita ugaztunena ere, horietan ugari xamar ur-satitsu hankazuria eta noizean behin, baina agertzeari eutsiz, orkatza. Komunitate herpetologikoan oihan heze europarreko forma kontinental atlantikoak dira nagusi, besteak baino nabariago baso-igel gorria, zeinek bere ziklo biologiko guztia Orgiko hariztiko biotopo ezberdinetan burutzen baitu.

2.2. Erabilpenak eta iharduerak.

Tradizioz, oihan honen ustiapena Lizasoko herritarren esku egon da. 1987.ean orduko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuaren eta Lizasoko Kontzejuaren artean Hitzarmena sinatu zenetik, oihan ustiapenak egiteari utzi zitzaion, eta ordainez kanon bat ordaintzen dio urtero Lizasoko Kontzejuari Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak.

Lizasoko Kontzejuaren herri ondasuna denez, abeltzaintzako erabilpena, egur ustiapena eta oihaneko beste baliabide natural batzuena baimendu egin ahalko die Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Lizasoko bizilagunei, baldin eta naturgunearen kontserbazioarekin bateragarriak badira.

Hariztiaren eremuko ehiza ihardueren arautzea Ultzamako ehiza-barrutiko Ehiza Antolatzeko Planean azalduko da.

Bideak abeltzaintzarako iraganbide moduan erabiltzea aurrikusitako kudeaketarekin bateragarria da eta, behar izanez gero, Lizasoko Kontzejuak eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bien arteko adostasunez arautu ahalko dute.

Azken urteotan Orgin egiten ari diren turismo eta aisia motako iharduerak batez ere paseatzeko tokien eta talde txikiak, askotan famili taldeak, egon eta bazkaltzeko eremuen ingurukoak dira. Iharduera horiek eremuko esparruen zehaztapenari lotutako erabilpen antolamenduan agertzen dira.

Ingurugiroari buruzko hezkuntza iharduerak garrantzi gutxikoak dira gaur egun, nahiz eta bultza daitezkeen harizti hauen eta inguruko landa paisaiaren ezagutzea sustatzeko asmoz.

Hirugarrena. Esparruen zehaztapena.

Aisiarako Natur Eremuko lurraldea hiru esparrutan egituratua dago:

a) Erabilpen intentsiboko esparrua.

b) Erabilpen estentsiboko esparrua.

c) Kontserbazio esparrua.

A) Erabilpen intentsiboko esparrua.

Eremuko iparraldean dago, Lizaso-Gerendiain errepidetik abiatzen den barne pistaren sarreratik hasita, errepide hori Iruña-Lizasoko errepidearekin gurutzatzen den tokiraino.

Esparru horren azalera guztira bost hektareakoa da, Picnic eta Harrera eremuak barne.

Esparru hori harrera eta argibide eginkizunetarako izanen da. Ekipatua dago inguruneak kalteak izan ez ditzan eta bisitarien erabilpen eta aisiarako beharrak bete daitezen. Aisia iharduerak aire zabalean egiteko aukera emanen da. Motore ibilgailuak aparkaleku gisa egokitutako tokian bakarrik utzi ahalko dira.

B) Erabilpen estentsiboko esparrua.

Hariztiaren ekialde osoa hartzen du: Tomaszelaieta, Iruña-Lizaso errepidearen ekialdean.

Azalera hogeita hamalau hektareakoa da gutxi gorabehera.

Esparru honetan aukera emanen da hariztiaren ezaugarri naturalak ikusteko eta ingurugiroari buruzko hezkuntzarako, oihanaren kontserbazioarekin bateragarria den eran.

Bideska seinalizatuak eta hariztien ezaugarri kultural eta ekologikoak interpretatzeko sistema bat egokituko dira, bai banaka bai talde antolatuetan erabiltzeko.

C) Kontserbazio esparrua.

Mendebaldeko harizti osoa hartzen du, Muñagorri alderdian, beste bi esparruetatik Iruña-Lizaso errepideak bereizia.

38,7 hektareako azalera dauka.

Esparru honetan hezkuntza eta zientzi iharduerak egin ahalko dira. Funtsezko helburua hariztiaren kontserbazioa eta suspertzea da. Zuhaitz paisaia kontserbatuko da, bere bilakaera naturalaren mende utzia.

Erabilpen publikoan joko da hariztia oihan klimaziko gisa interpretatzera, bai eta baldintza naturaletan duen bilakaeraren dinamika interpretatzera ere. Horretarako talde antolatuen ikustaldi gidatuak eginen dira.

Bisitariak oinez beren kasa ibiltzea murriztua egonen da, eta azienda sartzea eta ibiltzea arautu eginen da.

Laugarrena. Kudeaketa.

Aisiarako Natur Eremuari buruzko erabakiak hartzeko, Jarraipen Batzorde bat sortuko da, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko, Lizasoko Kontzejuko eta Ultzamako Udaleko ordezkariek osatua.

Hartzen diren erabakien betearaztea Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiaren gain egonen da.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa