Castellano | Euskara | Français | English
(1993ko 70. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 7an)
Atarikoa
Basa fauna eta bere biziguneak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 15. artikuluak Nafarroako Basa Fauna Ornodunaren Erregistroa sortu zuen, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren menpean dagoena. Erregistro horretan, Nafarroan diren basa fauna ornodunaren espezie eta azpiespezie eta populazioak sartu behar dira, baita desagertutako espezie autoktono eta baimenez sartutako especie aloktonoak ere.
Erregistro horren arautzeaz aipatu Foru Legean mitzatzen da, erranez, legea onetsi eta gehienez ere urtebeteko epean erregelamenduzko garapena eman behar zaiola.
Parlamentuaren agindu hori betez, bidezkoa da administrazio mailako Erregistro publiko horren eredua, inskribaketa mota, eta aldiroko kontrolei buruzko alderdi arautzaileak garatzea.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariaren proposamenez eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamahirugarreneko maiatzaren hogeita lauko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat eginaz, dekretatu dut:
1. artikulua
Nafarroako Basa Fauna Ornodunaren Erregistroa administrazio mailako Erregistro publikoa da, eta bertan honakoak sartuko dira:
a) Nafarroan diren basa fauna ornodunaren espezie eta azpiespezie eta populazioak.
b) Desagertutako espezie autoktonoak.
c) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baimenaz Nafarroan sartutako espezie aloktonoak
2. artikulua
Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari dagozkio Basa Fauna Ornodunaren Erregistroaren zaintza, mantenimendua eta eguneratzea. Erregistro hori Ingurugiro Zerbitzuari atxikiko zaio.
3. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari dagokio Foru Dekretu honek aipatzen dituen basa fauna ornodunaren espezie, azpiespezie eta populazioak Erregistroan inskribatzea.
2. Orobat, inskribaketa honako hauek ere eskatzen ahal dute: Toki Entitateak, Kirol Federazioak, natura elkarteak, eta Basa fauna eta bere biziguneak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 2.4 eta 4.3 artikuluetan errandako helburu eta xedeak bete nahian, estatutuen bidez, ari diren pertsona fisiko eta juridikoak, behar bezala kreditatuak.
Eskabideari, proposatutako neurriaren gaineko argudio zientifikoa erantsi behar zaio. Eskaera aztertutakoan, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak inskribaketaren bidezkotasuna ebatziko du.
4. artikulua
1. Basa Fauna Ornodunaren Erregistroak, espezie, azpiespezie eta populazio bakoitzerako, ondoko datu hauek bilduko ditu:
a) Izen zientifikoa eta Nafarroan ematen zaion ohizko izena.
b) Foru Dekretu honen 1. artikuluan ezarritako multzoetarik zeinetan sartzen den.
c) Ustezko populazioaren gaineko informazio egokia.
d) Kokagune geografikoa.
e) Ezaugarri biologiko nabarmenen oinarrizko datuak.
f) Bizigunearen bereizgarritasunen deskribaketa.
2. Aldirokotasunez, eta bost urtetan behin bederen, populazioaren zenbatekoa eta kokagune geografikoa eguneratuko dira, berrazterketa horiek Erregistroan sartuz.
Hondar Xedapenetako Lehenbizikoa
Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar adina xedapen eman ditzan.
Hondar Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretua honek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.