(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Enplegua :
    • 187/2005 Foru Agindua, irailaren 29koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

187/2005 Foru Agindua, irailaren 29koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen dituena

 

(2005eko 127. NAOn argitaratutako testua, urriaren 24an)

Atarikoa

2000ko martxoaren 14an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu zion Familiari Laguntzeko Departamentuen arteko Plan bat presta zezala. Parlamentuko agindu hori gauzatzeko Nafarroako Gobernuak, 2001eko maiatzaren 7an, Familiari Laguntzeko Plan Integrala onetsi zuen; plan horretan, lehentasunezko jarduketa eremuetako bat zen familiako eta laneko eginkizunak bateratzea, emakumea lan merkatuan gizonaren baldintza berdinekin sartu ahal izateko bidea sustatzearren.

Plan Integral horretako eskakizunak betetzeko xedez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak uztailaren 5eko 82/2001 Foru Agindua eman zuen, eta arau horrek emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen ditu. Aipatu foru agindua aplikatu ondoko esperientziak erakutsi zuen aldaketa batzuk egitea komeni zela, eta hortik etorri zen Industria eta Teknologia, Turismo eta Lan kontseilariaren urriaren 3ko 105/2002 Foru Agindua.

Gero, Nafarroako Enplegu Plana onetsi zen 2005-2007 urteetarako; plan horrek bilatzen du, Europako Enplegu Estrategiarekin, Enplegurako Plan Nazionalarekin eta Enpleguari buruzko Legearekin bat, enplegu betea lortzea, laneko kalitatea eta produktibitatea hobetzea eta gizarte kohesioa eta gizarteratzea indartzea, hori guztia emakumea lan merkatuan sartzeko, gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko eta laneko zein familiako bizitza bateratzeko politikak mantenduz. Horretatik ateratzen dira, beste jarduketa batzuen artean, helburu horiek lortu ahal izateko laguntzak eta laneko eta familiako bizitza bateratzen laguntzeko neurriak. Aurreko guztia bultzatu beharrak eta, bereziki, kalitatezko enplegua sortzeko xedeak berarekin ekarri zuen urriaren 3ko 105/2002 Foru Agindua indargabetzea eta, horren ordez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak otsailaren 17ko 17/2005 Foru Agindua ematea. Horrek laneko eta familiako bizitza bateratzeko laguntzen inguruan hutsunea sortu baitzuen, beharrezkoa da hutsune hori betetzea.

Hala, honako hauei dirulaguntzak emateko proposamena igorri zitzaion Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorrari: seme- alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintzagatik lanaldia murrizten duten langileak, baita haien ordez aritzeko emakumeak kontratatzen dituzten enpresak ere. Proposamena 2005eko irailaren 8ko bilkuran onetsi zen, ondoren azaltzen den moduan.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

I. KAPITULUA. Emakumeak lan merkatuan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko programak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da laguntzen araubide bat ezartzea seme-alaba bat jaio edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta lanaldia murrizten duten langileentzat, baita haien ordez aritzeko emakumeak kontratatzen dituzten enpresentzat ere.

2. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren ekintzak.

1. Programa hauek sortu dira laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko eta emakumeei laneratzen laguntzeko:

I. programa.-Seme-alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta lanaldia murrizten duten langileentzako dirulaguntzak.

II. programa.-Seme-alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta lanaldia murrizten duten langileak ordezteko emakume langabeak, kontratua izenpeturik, kontratatzen dituzten enpresa arruntendako dirulaguntzak.

2. Halako jarduketek, dirulaguntza lortu ahal izateko, helbide fiskala Nafarroan duten pertsonei (I. programa) eta Nafarroako lantokiei (II. programa) zuzenduta egon behar dute.

3. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko "Emakumeak lan munduan sartzeko programak" izeneko 881001/84100/4709/241107 kontusailaren kargura ordainduko dira, ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontu mugara arte.

4. Programa horietako laguntzak bateraezinak izanen dira Foru Komunitateko Administrazioak, Estatuko Administrazio Orokorrak, Autonomia Erkidego bateko Administrazioak edo beste edozein administrazio publikok kontzeptu horietarako ematen duen beste edozeinekin.

1. saila. I. programa

Seme-alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta lanaldia murrizten duten eta besteren kontura ari diren langileentzako dirulaguntzak.

3. artikulua. Pertsona onuradunak.

Programa honetako laguntzak jaso ditzakete Langileen Estatutuko 37.5 artikuluaren lehenengo lerroaldeak ematen duen eskubideaz baliaturik baldintza hauek betetzen dituzten langileek:

-Ohiko lanaldi osoarekin lanaldia murriztu baino hilabete lehenago gutxienez aritzea edo, hala denean, seme-alaba bat jaio edo adoptatzearen edo hura zaintzeko eszedentziaren ondorioz kontratua eten aurreko hilabetean. Baldintza horretatik kanpo daude hilabeteko epe horretan lanaldi murriztua dutenek beste haur bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako beste haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintzagatik.

-Lanaldia erdira murriztea haur bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintzagatik.

-Helbide fiskala Nafarroan izatea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako, dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen duen egoeraren aurreko ekitaldian.

4. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta iraupena.

Onuradunek 1.500 euro arteko dirulaguntza jaso dezakete, itzuli beharrik gabekoa, familia unitate eta gertaera eragile bakoitzeko. Lanaldia murrizteko eskubideaz gizon bat baliatzen bada, 1.800 euro artekoa izanen da eskura daitekeen dirua.

Enpresan hitzarmen kolektiboa edo ituna baldin badago eta horretan bateratze neurriak agertzen badira antolakuntza hobeari begira, 2.000 euro bitartekoa izanen da dirulaguntza.

9.1. artikuluko bigarren lerroaldean ezarritakoari jarraikiz zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

5. artikulua. Eskaera eta betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren eskaera Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, epe hauetan:

-Uztailaren 1etik 31ra, lanaldi murrizketen ondorioz ordezpen kontratuak egin badira urteko lehenengo seihilekoan.

-Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 31ra, lanaldi murrizketen ondorioz ordezpen kontratuak egin badira urteko bigarren seihilekoan.

2. Eskaera egiten duten langileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskabide ofiziala.

-NANaren fotokopia.

-Dirulaguntzaren xede den egoeraren aurreko ekitaldiari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren fotokopia, edo zerga hori ordaintzetik salbuetsia dagoela egiaztatzen duen agiria.

-Familia Liburuaren fotokopia.

-Enpresaren ziurtagiria, legezko zaintzagatik lanaldia murriztu dutela frogatzen duena. Ziurtagiri horretan azaldu beharrekoak: langilearen lanbide kategoria, murriztaldia eta murrizketaren portzentajea, bai eta lanaldia murriztu baino lehenagoko hilabetean egiten ari zen lanaldi mota ere.

-Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen eredu ofiziala, behar bezala betea.

-Lan bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzak egina.

-TA 2/R-ren fotokopia (datuen aldaketa).

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein agiri.

3. Laguntza jasotzeko nahitaezko betebeharrak:

-Eskatzaileak helbide fiskala Nafarroan izatea, 3. artikuluan ezarritako moduan.

-Eskatzailea lanaldia murrizteko eskubideaz urte oso batean baliatzea.

-Langilea ari den enpresan emakume langabe bat kontratatzea, eskatzailea urte oso batean ordezteko. Horretarako, enpresaren egiaztagiri bat aurkeztuko da, egoera hori frogatzeko.

-Laguntza zein urtetan eskatzen den, aurreko ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarria, eskatzailearen familia unitatearena, ez dadila 42.000 eurotik gorakoa izan urtean.

-Eskaera egiten denean haur batek baino gehiagok sortzen badu lanaldia murrizteko eskubidea, txikienagatik lortzen den murrizketarako soilik izanen da dirulaguntza.

2. saila. II. programa

Seme-alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta lanaldia murrizten duten langileak ordezteko emakume langabeak, kontratua izenpeturik, kontratatzen dituzten enpresa arruntendako dirulaguntzak.

6. artikulua. Enpresa onuradunak.

Programa honetako laguntzak jaso ditzakete Enplegu Zerbitzu Publikoan inskribatutako emakume langabeak kontratatzen dituzten enpresa arruntek; enpresek, horrela, seme-alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta lanaldia murrizten duten langileak ordezten dituzte.

Ez da dirulaguntzarik emanen enpresaburuaren edo edozein sozietate edo elkartetako gobernu organoetako kide edo bazkideen ezkontideak edo bigarren gradura bitarteko aurreko edo ondorengo ahaideak kontratatzeko, ez odolkideak, ez ezkontza-ahaideak.

Programa honen aplikazio eremutik kanpo gelditzen dira administrazio publikoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 2. artikuluan ezarritako kontzeptuarekin bat.

7. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta iraupena.

Enpresa onuradunek 1.800 euro arteko dirulaguntza jaso dezakete, itzuli beharrik gabekoa, gertaera eragile bakoitzeko. Ondorio horietarako, gertaera eragiletzat joko da seme-alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta lanaldia murrizten duten langileen ordezpen bakoitza.

Diru horri 900 euro gehituko zaizkio, ordezpen bat egiteko kontratatzen den emakumea legezko langabezia egoeran egon bada ordezpen kontratua sinatu aurreko hamabi hilabeteetan gutxienez. Azken hamabi hilabeteetan gehienez ere hiru hilabeterako lan kontratuak egiteak ez du etengo langabeziako antzinatasuna.

Enpresan hitzarmen kolektiboa edo ituna baldin badago eta horretan bateratze neurriak agertzen badira antolakuntza hobeari begira, 2.000 euro bitartekoa izanen da dirulaguntza.

9.1. artikuluko bigarren lerroaldean ezarritakoari jarraikiz zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

8. artikulua. Eskaera eta betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren eskaera Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, epe hauetan:

-Uztailaren 1etik 31ra, ordezpen kontratuak urteko lehenengo seihilekoan egin badira.

-Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 31ra, ordezpen kontratuak urteko bigarren seihilekoan egin badira.

2. Enpresa onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskabide ofiziala.

-Enpresaren IFZren fotokopia.

-Ordezturiko langilearen NANaren fotokopia.

-Ordezko langileari eginiko lan kontratuaren fotokopia. Horretan ordezturiko langilea, ordezpenaren arrazoia eta iraupena eta haren lanaldia agertuko dira. Lanaldiak gutxienez ere ordezturiko langileak murrizturiko adina ordu iraun beharko du, eta haren lanbide kategoriakoa izan.

-Enplegu Bulegoaren ziurtagiria, inskripzio eguna azalduko duena.

-Ordezko langilearen lan bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzak egina.

-Ahaidetasunik ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena, foru agindu honen 6. artikuluarekin bat.

-Enpresaren ziurtagiria, haur bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintzagatik lanaldia murriztu dutela frogatzen duena. Ziurtagiri horretan murriztaldia eta murrizketaren portzentajea agertuko da, bai eta ordeztutako langilean egiten ari zen lanaldia ere.

-Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen eredu ofiziala, behar bezala betea.

-7. artikuluaren azken lerroaldean azaldutako kasuan, dagokion enpresako hitzarmen kolektiboaren edo itunaren kopia.

-8. artikuluaren 3. ataleko bigarren lerroaldean ageri den salbuespen kasuan, ordezpen kontratuaren fotokopia.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein agiri.

3. Laguntza jasotzeko nahitaezko betebeharrak:

-Kontratatzen den emakumea Nafarroan dagoen lantoki batean aritzea lanean.

-Kontratatzen den emakumea lantoki berean aritu ez izana ordezpen kontratua hasi aurreko hogeita hamar egun naturaleko tartean; horretan salbuespen dira seme-alaba bat jaiotzearen edo sei urtetik beherako haur bat adoptatzearen ondoriozko legezko zaintza dela-eta ordezpen kontratu bat izan eta kontratuaren bukaera hilabete horretan duten emakumeak edo amatasun baja bateko ordezpena egin dutenak.

-Kontratazioaren arrazoia izatea lanaldia murrizten duen pertsonak egiten zuen lana betetzea.

-Egiten den kontratuak ordeztutako pertsonaren lanaldi murrizketa urte oso batean gutxienez betetzea, 12. artikuluan aurreikusitakoa galarazi gabe.

II. KAPITULUA. Tramitazioa eta jarraipena

9. artikulua. Dirulaguntzen gaineko ebazpena.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, programa bakoitzaren barruan, sartu eta hurrenkera horretantxe aztertuko ditu espedienteak. Ebazpena emateko bidezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei. Agiri horiek gehienez ere hamabost egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrela egin ezik, besterik gabe, espedientea artxibatu eginen da.

Hautapen Batzorde batek eskaerak aztertu eta eskatzaileei emanen zaizkien laguntzak proposatuko ditu, aurrekontuaren diruaren eta familia unitateko errentaren arabera. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Batzordeburua:

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enpleguaren Behatokiko eta Aukeren Berdintasunerako Ataleko burua.

-Batzordekideak:

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko Zerbitzuko Enplegurako Laguntzen Ataleko burua.

Enpleguaren Behatokiko eta Aukeren Berdintasunerako Ataleko Aukeren Berdintasunerako Bulegoko burua.

Enplegurako Laguntzen Ataleko gizarte graduatu bat.

-Idazkaria:

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Administrazio Publikoko teknikari bat (arlo juridikoa).

Bi balorazio eginen dira: lehenengoan urteko lehen seihilekoari dagozkion eskaerak sartuko dira, eta bigarrenean, berriz, bigarren seihilekoari dagozkionak.

Eskabideen gaineko ebazpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzaileak emanen du. Horretan baldintzak eta betebeharrak ezartzen ahalko ditu, dirulaguntzak egoki erabiltzen direla bermatzeko. Halaxe jakinaraziko dio pertsona edo entitate interesatuari, sei hilabeteko epean. Epe hori espresuki ebazpenik gabe iraganez gero, ulertuko da eskabidea ezetsi egin dela.

2. Eskabide espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldatuz gero dirulaguntza lortzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, jasotako dirua itzuli beharko da.

10. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza emateko ebazpenean xedatuko da emaniko zenbateko osoa batera pagatu dadila, betiere laguntzaren onuradunak Nafarroako Ogasunarekiko eginbeharrak eginak baditu. Zenbatekoa erabiltzen ahalko da pagatzeke dauden zorrak kitatzeko, hauek antzinatasunaren arabera pagatuz. Antzinatasuna haiek pagatu behar zireneko dataren arabera zehaztuko da.

11. artikulua. Frogagiriak.

Dirulaguntzaren xede den aldiaren hurrengo hilabetean frogatu beharko da dirulaguntzaren xede den egoerak bere horretan dirauela, agiri hauek aurkeztuz:

1. I. programako pertsona onuradunek enpresaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta horretan adieraziko da dirulaguntza izateko eskubidea sortzen duen lanaldi murrizketarekin gutxieneko aldia bete duela langileak.

2. II. programako enpresa onuradunek ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta horretan adieraziko da dirulaguntzaren xede den aldian ordezturiko langileak lanaldiaren erdia izan duela eta ordezkoa aldi horretan alta emanda egon dela.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bestelako agiriak eskatzen ahalko ditu, dirulaguntzarekin lotuak badaude.

3. Pertsona edo enpresa onuradunak artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez badu, itzuli egin beharko dira jasotako laguntzak.

12. artikulua. Jarraipena.

1. Langile batek I. programaren babesean dirulaguntza jaso badu lanaldi murrizketagatik eta 5.3 artikuluan ezarritako gutxieneko aldia betetzen ez badu, emandako dirua itzultzeko eskatuko zaio.

2. II. programaren babesean dirulaguntza hartu duen enpresak ordezkoaren kontratuari eutsi beharko dio ordezturiko langilea dirulaguntzaren xede den egoeran dagoeino.

Baja kontrataturiko emakumeak eskatuta gertatuz gero, enpresak aukeran izanen du hilabeteko epean beste kontratazio bat egitea edo ez. Egin ezean, emandako dirulaguntza itzultzeko eskatuko da.

3. Foru agindu honetan ezarritakoaren ondorioz pertsona onuradunek dituzten gainerako betebeharrak betetzen ez badira eta, berdin, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ikuskapen lana eragozten bada, emaniko laguntzak Nafarroako Ogasunari itzuli beharko zaizkio, itzuli beharraren ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean.

13. artikulua. Arau ordeztailea.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Aginduan xedaturikoari jarraituz ezarriko dira dirulaguntzak.

14. artikulua. Minimis klausula.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzak "minimis" izaerakoak dira. Hortaz, Europar Batzordeak "minimis" dirulaguntzei buruzko urtarrilaren 12ko EE 69/2001 Erregelamenduan ezarritako baldintzak bete beharko dira (EEAO, 2001-1-13).

Erregelamendu hori betez, onuradunak gehienez ere 100.000 euro hartzen ahalko ditu, hiru urtean.

15. artikulua. Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea agortzen, eta bere aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera; deialdia aplikatzeko egintzek ere ez dute administrazio bidea agortzen, eta horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua; hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi (argitaratu) eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru agindu honek indarra hartu aurretik izan diren lanaldi murrizketek eta emakumeen kontratazioek, aginduan ezarritako moduan, foru agindu honetan ezarritako laguntzak jaso ditzakete, baldin eta aurtengo martxoaren 3tik aurrera egin badira. Halakoetan, laguntza eskaerak epe hauetan aurkeztu behark dira:

-Laguntza har dezaketen egoerak 2005eko martxoaren 3tik ekainaren 30era bitarte hasi badira, foru agindu honen indarra hartu ondoko hilabetean.

-Laguntza har dezaketen egoerak 2005eko bigarren seihilekoan hasi badira, 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa