Castellano | Euskara | Français | English
(1997ko 73. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 18an)
Atarikoa
Azken honetan, saien eta azienda-buruen artean hainbat liskar izan ditugu Nafarroan. Horren ondorioz, ardi-azienda ukitua izan da batik bat, eta horrek ekarri du abereen jabeek gero eta kalteordain eskaera gehiago aurkeztea.
Sai arrea (Gyps fulvus) basa hegaztiak zaintzeari buruzko 1997ko apirilaren 2ko 79/409/EKE Zuzentarauaren I. eraskinean agertzen diren espezieetako bat da; gainera, azaroaren 27ko 563/1995 Foru Dekretuan finkatu zen Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan ere agertzen da, interes bereziko espezieen sailean eta martxoaren 30eko 439/1990 Errege Dekretuan ere, Espezie Mehatxatuen Katalogo Nazionala arautzen duen horretan.
Basa fauna eta bere habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluak eta ekainaren 21eko 8/1994 Foru Legearen 4. artikuluak xedatzen dute Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak mehatxatuta dauden espezieek hirugarrenei edo horien ondasunei egiten dizkieten kalteengatik ordainak emanen dituela, dagokion administrazio espedientea izapidatu eta egin beharreko balorazioak burutu ondoren.
Legezko manu hori bete beharra kontuan harturik, saien eta aziendaren artean izandako liskarrak eta horren ondorioz jasotako kalteordain eskaerak ikusirik, beharrezkoa da ukituriko jabeendako kalteordainen araubidea zehaztea.
Ukiturikoendako kalteordainak kalkulatzeko, orain arte, otsoak aziendari egindako kalteak tasatzeko baremoari jarraiki zaio, abuztuaren 19ko 878/1996 Foru Aginduaren bidez ezarri zena. Dena den, kontuan harturik inguruabar guztiak, hemendik aurrera, kalteordaina ukituriko azienda-buruak merkatuan duen prezioaren arabera zehaztuko da, eskualdeko azienda-hiltegiek unean-unean finkatzen dutena hain zuzen.
Horrenbestez, ekainaren 21eko 8/1994 Foru Legearen 4. artikuluaren bidez, basa fauna eta bere habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluari emandako idazketarekin bat etorriz, agindu dut:
1. artikulua
Saiek aziendari egiten dizkioten kalteen ordainak kalkulatzeko, merkatuko prezioa hartuko da kontuan.
2. artikulua
Kalteordainak ordaintzeko prozedura hauxe izanen da:
a) Saiek aziendari egindako erasoaren berri izan bezain pronto, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinarazi beharko zaio, Natura Zaintzeko Zerbitzuko langileek horren inguruan ahalik eta informazio gehiena bil dezaten.
b) Saiek aziendari egindako ustezko erasoaren berri Departamentuari emanik, Departamentuak langile espezializatuak bidaliko ditu eraso-lekura, egindako kalteak aztertu eta baloratzeko, kalteordainak finkatzearen ondorioetarako.
c) Erasoaren egunetik 15 eguneko epearen barruan, interesatuak kalteordaina eskatu beharko du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Eskaera horrekin batera, aziendaren titulartasun agiriak eta erasoturiko azienda-buruen identifikazio datuak aurkeztu beharko ditu.
d) Eskaera hori harturik, Departamentuak aztertuko du. Datu horiek eta artikulu honen a) eta b) idazatietan adierazitako azterketen ondorioz bildutakoak ikusirik, egiaztatzen bada saien jokabideak azienda-buruen heriotza edo kalteak ekarri dituela Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bidezko kalteordaina emanen du.
3. artikulua
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak uste badu kalteordain eskaera ez dagoela behar bezala justifikatuta, informazio aldi bat ireki ahalko da, hogeita hamar egunetik beherakoa beti ere, beharrezkoa den informazioa biltzeko. Horren ondotik, eskaerari buruzko ebazpen arrazoitua emanen da.
Ebazpenak erabakitzen badu kalteordain eskaera ezestea, azterketa eta balorazio gastuak eskatzailearen kontura izanen dira.
4. artikulua
Kalteordainaren hartzaileak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak saiak hartu, kontrolatu edo babesteko eman ditzakeen jarraibideei men egin beharko die.
5. artikulua
Foru Agindu hau igortzea Natura Zaintzeko Zerbitzura, Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzura eta Ogasun Departamentuak Departamentu honetan duen Kontuhartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.