(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

31/2006 Foru Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2006tik aitzina eginen den Nekazaritzako Prestakuntza Programa onesten

 

(2006ko 56. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 10ean)

Atarikoa

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Europako Gizarte Funtsaren gainean 1999ko uztailaren 12an emandako (EEE) 1784/1999 Erregelamenduak Nekazaritzako Prestakuntza Plana 2000-2006 urteetan garatzeko esparru juridikoa ezartzen du eta aplikazio eremua eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak mugatzen. Haren helburuen artean lanbide heziketa, prestakuntza orokorra eta aholkularitza sustatu eta hobetzea da.

Batzordeak 2000ko azaroaren 9an emandako B(2000)2421 Erabakiaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Programa Operatiboa onetsi zen, Europako Batasuneko egituretan esku hartzeko Batasuneko Laguntzako Esparruan integratua, Espainiak 2000-2006 urteetarako daukan 3. helburuaren arabera.

Kontuan hartzen badira prestakuntza programa hau kudeatzeko esperientzia, programaren tarteko ebaluazioaren puntualizazioak, jarraipenaren eta auditoriaren txostenek ematen dituzten gomendioak, eta 3. helburuko programa operatiboaren azken osagarriak (Jarraipen Batzordeak 2004ko apirilaren 17an onetsiak) adierazten dituen nekazaritzaren arloko prestakuntza jarduketak sartu beharra, egokia da Nafarroako nekazariak eta abeltzainak prestatzeko jarduketen programa, 2006. urtetik aitzina gauzatuko dena, garatzeko modua onetsi eta ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honek xedea du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua 2006. urtetik aitzina gauzatu behar duen Nekazaritzako Prestakuntza Programa onestea. Nafarroako Foru Komunitateko FSE (200-2006) 3. helburuaren programa operatiboaren barrenean dago eta, onestearekin batera, jardueren xedeak eta ezaugarriak zehaztu behar dira eta gauzatzeko eta finantzatzeko prozedura ezarri.

2. artikulua. Prestakuntza jarduketak.

1. Nekazaritzako Prestakuntza Programa ondoko prestakuntza jarduketak izanen ditu:

a) "3.1.2. Nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien alorretako enpresetako langileen prestakuntza etengabea" jarduketa, Honako ekintza hauekin: nekazaritzako jardueretarako hastapenak, nekazaritzako dibertsifikazioa, nekazaritzako elikagaien industriarako oinarrizko prestakuntza eta nekazaritza/ingurumena erlazioari buruzko prestakuntza.

b) "3.1.3. Nekazarien eta abeltzainen prestatzaileen prestakuntza" jarduketa, ekintza bakarra daukana: Nekazarien eta abeltzainen prestatzaileen prestakuntza.

2. Jarduteko moduak ikastaroak, mintegiak, jardunaldiak, tutoretzak, urrutiko prestakuntza, bisitaldiak eta egonaldiak izanen dira. Prestakuntza etengabeko tutoreen ekintza landuko da bereziki eta batera arituko dira talde batzuekin. Tutoreek, funtsean, eginkizun hauek izanen dituzte: kualifikatu beharra diagnostikatu eta identifikatzea, diagnostikatutako beharren arabera prestakuntza formulak proposatzea, banaka zein taldeka, eta ikasleei laguntzea euren heziketa bideetan motibarazteko eta sortuko diren arazoei konponbidea emateko.

3. Prestakuntza ekintzek Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza garatzeko 2000-2006 programa eta eskualde anitzetako IE + FC (2000-2006) programa operatiboa osatuko dituzte.

3. artikulua. Xedea.

Prestakuntza ekintzen xedeak ondoko hauek izanen dira:

a) Nafarroako nekazaritza garatzeko 2000-2006 programak dituen neurriak modu egokian ezarri eta garatzeko bidea ematea.

b) Nekazaritzako produkzio sistemak Europar Batasuneko Nekazaritza Politikaren eskakizunetara egokitzeko bidea ematea. Produkzio kostuak gutxitzea, produkzioa soberakin gabea izatera eta merkatuari begira egotera orientatzea eta ingurumena errespetatzea. Nekazaritza lan egokien kodeak ingurumenarekin bateragarriak bultzatuko dira.

c) Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren nekazaritzaren eta ingurumenaren arloetako politikaren helburuak hedatzea.

d) Ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokienez, ustiategi bideragarriak eramateko nekazariek eta abeltzainek, gazteek batez ere, behar duten prestakuntza orokorraren eta lanbide prestakuntzaren maila hobetzea. Horretarako, besteak beste, nekazaritzako produkzio estensiboak bultzatuko dira.

e) Nekazaritzako garapen iraunkorraren esparruan, nekazariak eta abeltzainak prestatzea kalitatea handitu, ingurumena babestu, paisaia kontserbatzearekin eta hobetzearekin bateragarriak diren produkzio metodoak erabili, lurzorua kontserbatu eta abereen higiene eta ongizate baldintzak hobetu ditzaten.

f) Landa inguruneko baliabide naturalak eta ekonomikoak eta giza baliabideak ahalik hobekien erabiltzea bultzatzea. Orobat, nekazariek eta abeltzainek ingurumenaren arloko kudeaketan eta naturgune babestuen garapen iraunkorrean parte hartzea bultzatuko da.

g) Nekazariak eta abeltzainak prestatzea nekazaritzaren eta ingurunearen arloetako informaziora iritsi ahal izateko, bai ohiko informaziora bai teknologia berriek eskaintzen dutenera.

h) Landa inguruko lanetako eta bizitzako baldintzak hobetzea bultzatzea.

i) Nekazariei eta abeltzainei nekazaritzako esperimentazio eta ikerkuntzako zentroetan sartzeko eta haietan erdietsitako emaitzak ezagutzeko erraztasunak ematea.

j) Nekazaritzaren arloko emakumeak jarduera ekonomikoetan integratzea, gizonek dituzten aukera berdinak izan ditzaten.

k) Dibertsifikazio jarduerak, nekazaritzaren alorrekoak zein haien osagarriak, bultzatzea.

l) Nekazariekin eta abeltzainekin harreman zuzenetan aritzen diren teknikariak prestatzea.

m) Langileak prestatzea nekazaritzako elikagaien industrietan lanpostua izan dezaten.

n) Landa inguruan baliabide naturalen erabilera edo nekazaritzak sortzen dituen isurkien tratamendua direla-eta, ingurumenean gertatzen ahal diren arazo larrien aurrean sentsibilizaturik egotera eramaten duen beste edozein prestakuntza ekintza.

4. artikulua. Ingurumenaren gaineko sentsibilizazioa.

1. Iraupen luzeko prestakuntza jarduerek nekazaritzaren arloko ingurumenaren gaineko sentsibilizazio moduluak izanen dituzte. Haietan gai hauen garrantziaz arituko da: lurzoruaren kontserbazioa, uraren kudeaketa, biodibertsitatea, ongarrien, pestiziden eta simaurraren erabilera zuzena, eta abereen ongizatea. Halaber, nekazaritzako lan egokien ondorioa aztertuko da ingurumenaren kudeaketan eta paisaiaren kontserbazioan.

2. Modulu hauek landuko dira, batetik, nekazariendako eta abeltzainendako prestakuntza jardueretan eta, bestetik, nekazarien eta abeltzainen prestatzaileen prestakuntzan.

5. artikulua. Programaren onuradunak.

Ondoko hauek izan daitezke programa honen onuradun:

a) Nekazaritzako ustiategietako titularrak edo langileak.

b) Nekazaritzan aritu nahi duten gazteak.

c) Landa inguruneko emakumeak.

d) Antolatutako ekintzetan parte hartzen duten nekazaritzako elikagaien industriaren sektoreko langileak.

e) Kudeaketarako Institutu Teknikoetako bazkideak.

f) Nekazaritzako elikagaien sektorean eta landa ingurunean jarduera berritzaileak eta dibertsifikatzaileak egin nahi dituen beste edozein pertsona fisiko.

g) Prestakuntza ekintzen helburu diren pertsonekin harreman zuzenak dauzkaten teknikariak.

6. artikulua. Lehentasun irizpideak.

1. Prestakuntza jarduketetarako lehentasun irizpideak honako hauek izanen dira: "3.1.2. Nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien alorretako enpresetako langileen prestakuntza etengabea" jarduketan teknologia berrien, ingurumenaren eta gazteen prestakuntzaren gaineko jarduerek izanen dute lehentasuna, eta "3.1.3. Nekazarien eta abeltzainen prestatzaileen prestakuntza" jarduketan, aldiz, 40 urtetik goitikoendako jarduerek. Prestakuntza jardueretan emakumeak parte hartzeko erraztasunak emanen dira eta horretarako publizitate egokia eginen da. Orobat, prestakuntza jardueren gastuetan EGFaren kofinantzaketaren berri emanen zaie ikasleei.

2. Prestakuntza jarduerak gauzatzeko, 6 ikaslek bederen eman beharko dute izena.

7. artikulua. Nekazaritzako Prestakuntza Programaren kudeaketa.

1. Nekazaritzako Prestakuntza Programaren kudeaketa Nekazaritza Kudeatzeko Institutua, S.A.-ITGA izeneko sozietate publikoak eramanen du, bere Prestakuntza Arloaren bitartez.

2. ITGAk Urteko Prestakuntza Plana eginen du eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari aurkeztuko dizkio, eta 8. artikuluan ezartzen den Jarraipen Batzordeak onetsi beharko du.

3. Prestakuntza ekintzen publizitatea Nafarroako Foru Komunitateko hedabideetan argitaratuko dira eta Nafarroako Gobernuaren eta ITGAren internetako orrietan ere paratuko dira.

4. Prestakuntza jardueren gastuetan EGFaren kofinantzaketaren berri emanen zaie ikasleei. Prestakuntza jardueretan emakumeak parte hartzeko erraztasunak emanen dira eta horretarako publizitate egokia eginen da.

8. artikulua. Jarraipen Batzordea.

1. Nekazariendako eta abeltzainendako prestakuntza ekintzen jarraipen batzordeak buru bat eta hamar kide izanen ditu. Batzordeburua Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendaria izanen da. Kideak ondoko entitateen ordezkari bana: Nekazaritza Zerbitzua, Abeltzaintza Zerbitzua, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzua, Nafarroako Emakumearen Institutua, Batasuneko Aferetarako eta Europako Batasunaren Nekazaritza Politika Begiratzeko Atala, Nekazaritza Kudeatzeko Institutu Teknikoa, S.A., Abeltzaintza Kudeatzeko Institutu Teknikoa, S.A., Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutua, S.A., EVENA erakunde autonomoa eta Nekazaritza Kudeatzeko Institutu Teknikoa, S.A. entitatearen Prestakuntza Arloa.

2. Batzorde honen eginkizunak izanen dira: Nekazaritza Kudeatzeko Institutu Teknikoak urtero aurkeztuko duen nekazarien eta abeltzainen prestakuntza proposamena onestea, jarduketa berriak eta aldaketak proposatzea eta nekazarien eta abeltzainen prestakuntza gaietan Nekazaritza Kudeatzeko Institutu Teknikoak egindakoari oniritzia ematea.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arau indargabetuak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko martxoaren 26an emandako Foru Agindua indargabetu egiten da. Haren bidez Europako Gizarte Funtsaren 3. Xede berriaren esparruan 2000-2006 urteetarako Nafarroako nekazarien eta abeltzainen Prestakuntza Programa onetsi zen.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara eta 2006ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ditu ondorioak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa