Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 6. NAOn argitaratua, urtarrilaren 13an. Aldaketak: 280/2002 Foru Dekretua, abenduaren 30ekoa)
Atarikoa
1995ean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nafarroan olibondoaren eta elorri beltzaren laborantzak sustatu edo garatzeko plan bat egin zuen, beste neurri batzuen artean, zurezko laboreen landatze berriak egitea aurreikusten zuena.
Apirilaren 3ko 87/1995 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak labore horien landatze berrietarako laguntzak ezarri zituen. Aipatu laguntzak Europako Batasuneko Batzordeak baimendu zituen, 1995eko abenduaren 18ko Erabakiaren bitartez.
Garapen plan horiek 1995etik abian jarri arren, orain arte ez dute onespen formalik jaso. Halabaina, EBMEko koipekien sektorearen berrikuntzaren ondorioz, olibondoen egoera dela eta, onespena komenigarria da.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Nafarroan olibondoaren eta elorri beltzaren laborantzak garatzeko planak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak eginak, onestea.
2. artikulua. Olibondoen laborantza garatzeko plana.
1. Nafarroan olibondoen laborantza garatzeko planak honako helburu hauek ditu:
a) Zerealaren laborantzari bestelako aukera bideragarriak eskaini eta dibersifikatze ekimenak laguntzea.
b) Ekoiztu, eraldatu eta merkaturatzean, integrazio prozedurak sustatu eta horiei laguntza ematea.
c) Egitura ekoizlea hobetzea, kalitate handiko olioa bermatzeko.
d) Barietateen birmoldatze eta birsortzea bultzatzea, olioaren kalitatea bermatu eta tokian tokiko berezko ezaugarriak mantentzeko.
e) Alde teknikoak hobetzeko ikerketa eta garapen lanak eragin eta sustatzea.
f) Ingurunearen mantenimendu eta hobekuntza ziurtatzea, ekologia, paisaje eta kultura aldetik balio handikoa den landare mota baten bidez. Gainera, espezie horrek biodibertsitate kontserbatzen laguntzen du.
g) Lurzoruak kontserbatzeko arazoak dituzten eskualde baztertuak berreskuratu eta higadura arazoak saihestea.
h) Herrietako enplegua ugaltzea, laborantza eta eraldatzeko industria prozesuari loturiko jarduera zuzen eta zeharkakoen bidez.
2. Nafarroan olibondoen laborantza garatzeko plana III, IV, V, VI eta VII. Nekazaritza Eskualdeetako herrietan jarriko da abian.
3. Olibondoen laborantza garatzeko planari heltzen dioten alor berri hauen esparrua, Nafarroa osoan, ez da 2.000 hektareatik goitikoa izanen.
3. artikulua. Elorri beltzaren laborantza garatzeko plana.
1. Elorri beltzaren laborantza garatzeko planak honako helburu hauek ditu:
a) Nafarroako Patxarana egiten duten industriak, Kontseilu Arauemailearen babesean, produktuz hornitzea, kalitate, jarraitasun eta berdintasun bermeaz, eta, bide batez, seguruak ez diren inportazioen menpe egon beharra saihestea.
b) Teknikoki egonkorra izanen den lehengai bat erabiliz, Nafarroako Patxaranaren kalitatea bermatzea.
c) Zerealaren laborantzari bestelako aukera bideragarriak eskaini eta dibersifikatze ekimenak laguntzea.
d) Alde teknikoak hobetzeko ikerketa eta garapen lanak eragin eta sustatzea.
e) Bertako materialaren hautapena eta hobekuntza genetikoa sustatzea, hemengo produktuaren kalitatea eta berezkotasuna mantendu eta ziurtatzeko.
2. Elorri beltzaren laborantza garatzeko plana Nafarroako Nekazaritzako Eskualde guztietan jarriko da abian.
3. Elorri beltzaren laborantza garatzeko planari heltzen dioten alor berri hauen esparrua, Nafarroa osoan, ez da 2.000 hektareatik goitikoa izanen.
4. artikulua. Esparruko baldintzak.
Aurreikusten diren olibondoen eta elorri beltzaren alor berriek gutxienez hektarea bateko esparrua izan beharko dute finka bakoitzean, lurraren berrantolamendua burutu den lekuetan izan ezik.
Lehen Xedapen Gehigarria
Bigarren Xedapen Gehigarria
Garapen plan honen arabera egindako olibondoen landatzeak ez du sortuko horien onuradunen eskubidea Kontseiluak emandako 1966ko irailaren 22ko 136/66 Erregelamenduan (EEE), koipekien sektorean merkatuen antolakuntza komuna finkatu zen hartan, eta ondorengo aldaketetan, bereziki, Kontseiluak emandako 1998ko uztailaren 20ko 1638/98 Erregelamenduan (EK) ezarritako dirulaguntzak jasotzeko.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.