Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 91. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 29an)
Atarikoa
Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legeak Lehen Xedapen Iragankorrean ezartzen duenez, lege hark indarra hartu baino lehen ureztalur bihurtutako lursailak legean ezarritako abantailez baliatu ahal izango dira, lurraldeko obren eta hobekuntzen finantzaketaz denaz bezanbatean.
Ekainaren 10eko 242/1996 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Gobernuak ureztalurrak hobetu eta eraldatzeko espedienteak berriro finantzatzeko prozedura zehaztu zuen, eta haren Azken Xedapenetako Lehenbizikoan baimena eman zitzaion Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuari Foru Dekretu hura garatu eta betetzeko beharrezko xedapen guztiak eman zitzan.
Horrenbestez, xedatu dut:
1. artikulua
Ekainaren 10eko 242/1996 Foru Dekretuan ezarri baldintzak betetzen dituzten interesatuek aldez aurreko instantzia bat aurkeztu beharko dute 30 egun naturaleko epean, Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina. Instantzia horretan obrei dagokien azterlana eskatuko da, entitate onuradunak ordaindu beharreko zenbateko garbiaren kalkulua ateratzeko.
2. artikulua
Azterlana egin ondoren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuak jakinaraziko dio entitate onuradunari zenbat ordaindu beharko duen, Foru Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
3. artikulua
Jakinarazpena egin ondotik eta 60 egun naturaleko epean, entitate interesatuak birfinantzaketaren eskari formalizatua aurkeztuko du, osoko bilkura eta batzarretako akten ziurtagiriekin batera, honako puntu hauek bilduko dituena:
1. Abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrean eta ekainaren 10eko 242/1996 Foru Dekretuaren bidez ezarritako onurak aplikatzeko eskabidea.
2. Entitate onuradunak ordaindu beharko lukeen zenbateko garbiari dagokionez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuak proposatutako baldintzak onartzea.
3. Aurrerago zehaztuko den zenbatekoa Foru Ogasunean sartzeko konpromezua, adierazten zaion moduan eta epean.
4. artikulua
Eskariarekin batera aurreko urteetako ordainketen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.
5. artikulua
Behin Foru Agindu honetan ezarritako tramiteak beterik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuak, hala behar denean, finantzaketa berriaren aplikazioa proposatuko dio Nafarroako Gobernuari.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.