Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1998ko 142. NAOn argitaratua, azaroaren 27an. Aldaketak: 6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa; 16/2003 Foru Legea, martxoaren 17koa; 35/2003 Foru Legea, abenduaren 30ekoa; 9/2011, martxoaren 24koa)
Atarikoa
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.24. artikuluan ezarri dena betez, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa du Merkataritza eta Industria Ganberari dagokionean; hori horrela da legedia orokorraren oinarrizko abiaburuekin bat eta Estatuak kanpo merkataritzaren alorrean dituen eskumenak deusetan ukatu gabe.
Eskumen horren itzalpean egunera arte eman den foru legedia Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren finantzaketa arautzeko baino ez da izan.
Horrela, bada, arlo horretan eman zen lehenbiziko Foru Legeak, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren finantzaketari buruzko abenduaren 31ko 45/1983koak -geroago eman ziren 1987 eta 1989ko ekitaldietako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeen bidez aldarazi egin zenak, alegia-; baliabide iraunkorra deritzona ezarri zuen Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren alde; delako baliabide hori Sozietateen gaineko Zergaren eta Lizentzia Fiskalaren kuoten eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren etekinen kuoten gaineko portzentaian datza.
Alorrean eman zen bigarren testua apirilaren 4ko 6/1995 Foru Legea izan zen; lege horrek Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari dagokion ganberaren baliabidea arautu zuen eta xedea ganberaren baliabide iraunkorraren munta berriak ezartzea eta Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legeak ezarri zituenei egokitzea izan zen -Lizentzia Fiskalari zegokiona salbu-; kasu honetan helburua zergadun nafarrek araubide amankomuneko zergadunekiko zuten kontrako bereizkeria saihestea zen eta, aldi berean, aplikagarria zen araubide juridikoa araupetzea.
Hori guztia gorabehera, arestian aipatu den Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legeak osorik ezarri zuen zuzenbide publikoko korporazio horiek bete behar duten araubide juridikoa eta, halaber, Estatuan arlo hori buruz dagoen legedia orokorraren oinarrizko gidalerroak ezarri zituen.
Beraz, honako Foru Lege honen funtsezko xedea, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak bete behar duen esparru juridikoa arautegi bakarrean ezartzea da, beti ere Estatua eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko eskumenen banaketaren abiaburua erabat betez.
Helburua hori dela, Foru Legeak sei titulu ditu.
I. Tituluaren idazpurua "Xedapen Orokorrak" da eta horretan Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala eratuko duten funtsezko ardatzak ezarri dira. Horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ganbera bakarra ezarri du eredu, eskualdeko edo udal mailako ordezkaritzak sortzea gorabehera; testuan azaltzen den definizioaren arabera zuzenbide publikoko korporazioa da, berariazko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoak ditu. Halaber, administrazio publikoentzat kontsultak egiteko eta lankidetzarako organoa ere bada eta helburu horietarako eginkizun publiko eta administratibo batzuk ere esleitu dizkio. Horiek burutzeko Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioaren itzalpean egonen da eta, hala denean, Estatuko administrazioaren itzalpean eta, hori guztia, helburutzat dituen interes pribatuak bazter utzi gabe.
II. Tituluan Ganberaren osaera, antolakuntza eta funtzionamendua garatu dira, eta gobernu organoen osaera, hautespena eta horien eskurantzak ezarri ditu, hau da: Osoko Bilkura, Batzorde Betearazlea eta Ganberaburua; titulu honetan zehaztapen horiek Estatuko oinarrizko legediak ezarri duen funtzionamendu demokratikoaren oinarriak betez eginen dela adierazi da; halaber, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialeko langileei buruzko beste alderdi batzuk landu ditu.
III. Tituluak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren hauteskunde araubidea araupetu du; erroldaren osaketa ezarri du, hautespen aktiboa eta pasiboaren eskubideak burutzeko beharrezkoak diren beharkizunak eta hauteskunde prozedurari buruzko arauak zehaztu ditu.
IV. Titulua araubide ekonomikoa eta aurrekontuei buruzkoa da; testu horretan Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak bere jarduerak finantzatzeko izanen dituen bitarteko ekonomikoak adierazi dira; haren aurrekontu eta kontuen kontrol sistemak eratu dira, eta esaten da horien onespena Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioari dagokiola, zertarako-eta baliabide publikoen esleipen ekitatiboa eta era egokian programatu eta betearaziko direla bermatzeko; halaber, Kontuen Ganbarari eman dio ganberaren baliabide iraunkorraren etekin gisa jaso dituzten zenbatekoen destinoa fiskalizatzea, bere barne-araudiarekin bat.
V. Titulua osorik da ganberaren baliabide iraunkorrari buruzkoa; ia inolako aldarazpenik gabe islatu du apirilaren 4ko 6/1995 Foru Legearen edukia baina, dena dela, alde batetik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion ordainarazpenaren portzentaia gutxitu eta estatuko legedian ezarri denari egokitu dio, kasu honetan helburua hautesle nafarren egoera araubide amankomuneko hautesleen egoera baino astunagoa ez izatea dela; halaber, arestian aipatu den ganberaren baliabidearen araupeketa osatu du.
Azkenik, VI. Tituluak, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren araubide juridikoa araupetu du eta jarduera betetzea Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioaren itzalpean jarri du eta, hala denean, Estatuko administrazioarenean. Halaber, Ganberak dituen eskumen publiko eta administratiboak betearaziz eman dituen ebazpenen aurkako errekurtsoen araubidea ezarri du. Ezarri du Ganberak Nafarroako Foru Komunitateari gobernu organoek hartzen dituzten erabakien informazioa emateko betebeharra duela; bere jarduera eteteko aukera aurreikusi du eta, baldintza zehatz batzuk gertatuz gero, baita desegitea ere.
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Honako foru lege hau Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari aplikatuko zaio; ganbera hori izanen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean egonen den bakarra.
2. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak ordezkaritzak ezar ditzake Nafarroako eskualde eta udalerrietan baldin eta horietan burutzen den jarduera ekonomikoak horrela egitea aholkatzen badu.
2. artikulua. Izaera juridikoa eta eskumenak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da, nortasun juridikoa du eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa; administrazio publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organo bezala taxutu da, baina erdietsi nahi dituen interes pribatuak albora utzi gabe. Ganberaren egitura eta funtzionamendua demokratikoak izanen dira.
2. Sindikatuetako eta enpresarioen elkarteetako kide izateko askatasuna eta legez eratuta dauden gizarteko beste talde batzuek egin ditzaketen jarduketak gorabehera, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari dagokio jarraian adieraziko diren eskumenak burutzea:
a) Foru Komunitateko merkataritza eta industriaren interes orokorrak eskuordetzea, sustatzea eta babestea.
b) Ganberako hautesleei informazio, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza tekniko zerbitzuak ematea.
c) Legez eman zaizkion eginkizun publiko eta administratiboak.
d) Legeetan ezarri diren eran agindu edo eskuordetu zaizkion zerbitzu publikoak kudeatzea.
3. artikulua. Eginkizunak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak jarraian adieraziko diren eginkizunak ditu, izaera publiko eta administratiboa dutenak:
a) Indarrean dagoen arautegian ezarrita dauden kasuetan, jatorri-ziurtagiriak eta nazio edo nazioarte mailako merkataritzako trafikoari lotuta dauden gainerako ziurtagiriak luzatzea.
b) Nafarroako merkataritzako ohitura eta usadio arauemaileak biltzea -orobat, negozioen alorreko eginera eta usadioak-, argitaratzea eta hedaraztea, eta horien guztien izaerari buruzko ziurtagiriak luzatzea.
c) Foru Komunitateko Administrazioari -kasu honetan Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren bidez-, eta, hala denean, Estatukoari -kasu honetan eskumenak dituen Ministerioaren bidez-, merkataritza eta industria zuzpertzeko bidezkotzat jo ditzakeen eraldaketa edo neurriak proposatzea.
d) Administrazio publikoen aholkularitza organoa izatea; zeregin hori administrazio horiek ezarriko duten terminoetan burutuko da, eta merkataritza eta industriaren garapenaren ondoreetarako eskatuko dioten informazioa eta laguntza emanen dizkie.
e) Kanpo merkataritza laguntzeko eta sustatzeko jarduerak egitea, bereziki esportazioa eta kanpoan Nafarroako produktu eta zerbitzuen presentzia bultzatuz. Horretarako, Estatuko legedian ezarri dena betez, Esportazioak Sustatzeko Ganberaren Plana prestatu eta burutuko du.
f) Foru Komunitateko Hezkuntza administrazioarekin lankidetzan aritzea Lanbide Heziketa araupetuko irakaskuntzan sartzen den lantokietako prestakuntza praktikoaren kudeaketari dagokionean; bereziki, lantokien eta enpresen aukeraketa eta homologazioan eta, hala denean, ikasleen tutoreak izendatzerakoan, eta programazioan ezarri dena betetzen den ala ez kontrolatzerakoan.
g) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin lankidetzan, enpresei laguntzak emateko programa publikoak tramitatzea, kasu bakoitzean ezarriko diren terminoetan, alegia. Halaber, aipatu diren laguntza horiei lotuta dauden zerbitzu publikoak kudeatzea dagokio, baldin eta kudeaketa hori Estatuaren administrazioari ez badagokio.
h) Ganberaren eremuan dauden enpresen eta haien establezimendu, ordezkaritza eta agentzien errolda publikoa prestatzea; datu horiek eskatzen dituen pertsona orori bideratuko dizkio.
i) Merkataritzako arbitraje lanak egitea, hala nazio nola nazioarte mailan, beti ere indarreko legedian ezarri denarekin bat.
2. Halaber, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari dagokio jarraiko zerrendan azalduko diren eginkizun publiko eta administratiboak garatzea; lan hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zehaztuko duen eran eta hedadurarekin eginen du:
a) Nafarroako merkataritza eta industriari buruzko estatistikak prestatzea, ebaluazio inkestak egitea, merkataritza eta industriako arlo guztien azterlanak egitea, baita horiek guztiak argitaratzea eta zabaltzea ere. Lan horiek Estatistika Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legean, Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean eta aplikagarriak diren gainerako xedapenenetan ezarri dena betez eginen ditu.
b) Azoka eta erakusketen antolakuntza sustatzea eta horietan laguntza ematea.
c) Enpresaren alorrari dagokion prestakuntza ez- araupetua hedaraztea eta irakastea.
d) Enpresek, ikastetxe publiko zein pribatuek eta, hala denean, eskumenak dituzten administrazio publikoek antolatu dituzten prestakuntza iraunkorreko egitarauetan laguntzea, horretarako sinatuko diren lankidetza hitzarmenetan ezarriko diren terminoetan.
e) Aurretiaz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanen duen baimenarekin, kontratazio-lonjak eta birkontratazio burtsak sortzea eta administratzea.
f) Nafarroako Foru Komunitateak merkataritza edo industriaren interes orokorren alorrean prestatu dituen arauen proiektuei buruzko txostenak egitea; halaber, Txikizkako Merkataritzaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean ezarri dena betez, txostenak prestatuko ditu tamaina handiko industria edo merkataritzako jardueren ezarpena xede duten lurraldearen antolamendurako tresnei buruz, eta merkataritzako establezimendu handiak ezartzeko espedienteei buruz.
g) Kasu bakoitzerako ezarriko diren terminoetan, enpresei laguntzak emateko egitarauen betearazpenean laguntzea eta horiei lotuta dauden zerbitzu publikoen kudeaketa egitea, baldin eta lan hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari badagokio.
h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lankidetzan aritzea, eta lurraldearen antolamenduaz eta industria- eta merkataritza-kokapenenaz eginen diren azterlan, lan eta ekintza guztien txostenak prestatzea.
3. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, oro har, nolabait Nafarroako merkataritza eta industriaren sustapen eta defentsarako diren jarduera guztiak egin ditzake eta, bereziki, enpresei informazioa eta aholkularitza emateko zerbitzuak ezarri.
4. Eginkizun horiek guztiak era egokian betetzeko -eta, bereziki, nahitaezkoak direnak-, aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioaren baimena eskuratu ondoren, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak era guztietako elkarteak, fundazioak eta sozietate zibil edo merkataritzakoak era ditzake edo horietan parte hartu, baita bidezko lankidetza hitzarmenak taxutu ere, beste merkataritza ganberekin.
4. artikulua. Eginkizunak eskuordetzea.
1. Nafarroako Gobernuak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren eskuetan utz ditzake Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eginkizunak betetzea edo horri eratxiki zaizkion jardueren kudeaketa.
2. Eskuordetza horrek, aurretiaz inguruabar teknikoak, ekonomikoak, gizartekoak, juridikoak edo lurraldearen alorrekoak gertatzen direla egiaztatzen duen bidezko administrazioko espedientea tramitatu ondoren, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren aurretiazko berariazko onespena izan beharko du.
3. Eskuordetzak honako hauek beharko ditu mugatu: xede dituen eskumenak edo eginkizunak, eskuordetu diren ahalmen zehatzak, horiek betearazteko baldintza zehatzak eta Foru Komunitateko Administrazioak beretzat gorde dituen kontrol neurriak .
4. Ganberak eskuordetzaren bidez hartuko dituen erabakiek berariaz agertuko dute inguruabar hori eta Nafarroako Gobernuak emandako erabakitzat joko dira.
5. Nafarroako Gobernuak edozein unetan ezezta dezake eskuordetza hori.
6. Eskuordetza, baita horren ezeztapena ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5. artikulua. Kudeaketa agintzea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere eskumeneko jarduera materialak, teknikoak edo zerbitzuen alorrekoak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari agin diezazkioke, baldin eta eraginkortasun edo bitarteko tekniko egokirik ezak horrela egitea aholkatzen badute.
2. Kudeaketa agintzeak ez du esan nahi eskumenaren edo horien burutzapenaren funtsezko elementuen titulartasuna lagatzen denik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erantzukizuna da agindu horren xedea den jarduera material zehatzari eusteko edo osatzeko egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.
3. Kudeaketa agintzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren arteko hitzarmenaren bidez gauzatuko da, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da; honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: agindu den edo diren jarduerak, horren indarraldia, agindu den kudeaketa horren izaera eta hedapena eta, hala denean, bi alderdiek gaitu dituzten bitarteko ekonomikoak.
6. artikulua. Araubide juridikoa.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak honako foru lege honetan ezarri dena izango du arau; beti ere, merkataritza, industria eta nabigazio ganbera ofizialei eta kanpo merkataritzari dagokien alorretan Estatu mailan dagoen legedia eta, hala denean, honako foru lege hau garatuz emanen den foru arautegia gorabehera. Ordezko izaera bezala, aplikagarria izanen da administrazio publikoen egitura eta funtzionamenduari buruzko legedia, baldin eta bere izaera eta helburuekin bateragarria bada.
2. Kontratazio gaietan kontratu publikoei buruzko legeria beteko du, eta horren mendean ez dauden kontratuetarako, bere ondare araubiderako eta izaera publiko-administratiborik gabeko eginkizunetarako, berriz, zuzenbide pribatuari jarraituko dio.
7. artikulua. Esportazioa Sustatzeko Plana.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak parte hartuko du Esportazioak Sustatzeko Ganbera Plana prestatzen eta burutzen, beti ere Estatuan arlo horietarako ezarri den indarreko legediaren arabera.
2. Eskuhartze hori aurretik koordinatu beharko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plangintza eta proiektuekin.
II. TITULUA. OSAERA, ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIMENDUA
I. KAPITULUA. Osaera
8. artikulua. Hautesleak.
Hauexek dira Merkataritza eta Industria Ganberaren hautesleak: Ganberaren baliabide iraunkorraren subjektu pasiboaren izaera dutenen artean aldez aurretik hautesleak izateko borondatea adierazten duten pertsona fisiko edo juridikoak, foru lege honetako laugarren xedapen iragankorrarekin bat.
II. KAPITULUA. Antolakuntza
9. artikulua. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren gobernu organoak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren gobernu organoak Osoko Bilkura, Batzorde Betearazlea eta Ganberaburua dira.
1. sekzioa. Osoko Bilkura
10. artikulua. Osaera eta hautespena.
1. Osoko Bilkura Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren gobernu eta ordezkaritzarako goreneko organoa da, eta hogeita hamasei kide izanen ditu; kide horien agintearen iraupena lau urte izanen da eta hautapena honela eginen da:
a) Hogeita hamabi kide aterako dira, hautespen aske, berdin, zuzen eta ezkutukoaren bidez, hauteskunde-erroldan dauden Ganberako Osoko Bilkuraren hautesle guztien artean, taldeka eta mailaka sailkatuak, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkatuta dauden alor ezberdinen garrantzi ekonomiko erlatiboaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarri duen eran.
b) Aurreko letran adierazi diren Osoko Bilkurako kideek hautatuko dituzten beste lau kide -kasu honetan Foru Komunitateko jardun ekonomikoan ospe handia duten pertsonen artean-, sektoreartean eta lurraldean ordezkaritzarik handiena duten enpresario elkarteak proposatuta. Ondore horretarako, aipatu diren elkarte horiek bete behar den kide kopurua heren batean gaindituko duen hautagaien zerrenda proposatu beharko dute.
2. Osoko Bilkurako kide izateak izaera bakarra du eta ezin da eskuordetu.
3. Osoko Bilkurako kideek haren bilkuretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta hizpidea eta botua izanen dute.
11. artikulua. Eskurantzak.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren goreneko organoa den neurrian, Osoko Bilkurari ondoko eskurantza hauek dagozkio:
a) Ganberaburua hautatzea eta kargutik kentzea.
b) Ganberaren gainerako gobernu organoak kontrolatzea eta fiskalizatzea.
c) Barne Araubideko Erregelamendua eta horren aldarazpenak behin-behinean onestea, eta araudi hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari igortzea behin betikoz onets dezan.
d) Administrazio publikoekin eta gainerako entitateekin lankidetzan eta elkarkidetzan aritzeko hitzarmenak onestea.
e) Ganberak beste elkarte, fundazio eta sozietate zibil edo merkataritzakoak sortzea edo horietan eskuhartzeari buruzko erabakiak hartzea, baita horiek ezabatzeko edo eskuhartze hori bukatzeko erabakiak ere.
f) Ganberako plantila organikoa onestea.
g) Ganberaren Aurrekontuaren eta urteko Kontuen hasierako onespena eta horiek Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztea, horrek behin betiko onets ditzan.
h) Batzorde Betearazlean sartuko diren Osoko Bilkurako kideak izendatzea eta kargutik kentzea.
i) Idazkari Nagusiaren lanpostua betetzeko deialdiaren oinarrien hasierako onespena.
j) Idazkari Nagusia izendatzea eta kargutik kentzea.
k) Ganberaren zerbitzuko goi zuzendaritzako langileak izendatzea eta kargutik kentzea.
l) Administrazio publikoei igorri behar zaizkien txostenak onestea.
m) Edozein jurisdikziotan ekintzak burutzeko eta errekurtsoak jartzeko erabakiak hartzea.
n) Ondarea besterenganatzea, bere eskumeneko alorretan gastuak erabakitzea eta kreditu eragiketak hitzartzea.
ñ) Ganberaren urteko jarduketa eta kudeaketa planak onestea.
o) Aholkuak emateko eta txostenak egiteko batzordeak eratzea.
p) Ganberak beste erakunde batzuetan izanen dituen ordezkariak izendatzea.
q) Berariaz legeek eratxikiko dizkien gainerako eskurantza guztiak.
12. artikulua. Eskurantzak eskuordetzea.
1. Ganberaren Osoko Bilkurak Ganberaburuaren edo Batzorde Betearazlearen eskuetan utz ditzake bere eskurantzak, salbu eta 12. artikuluko a), b), c), f), g), h), i), eta j) idazatietan adierazi direnak.
2. Eskuordetza egiteko Osoko Bilkuraren erabakiak eskuordetu diren eskumenak edo eginkizunak mugatu, zein erakunderi eskuordetu zaion adieraziko du, eta hurrengoak zehaztuko ditu: eskuordetu diren ahalmenak, horiek burutzeko ezarri diren baldintza zehatzak eta, hala denean, eskuordetzaren epea eta Osoko Bilkurak beretzat gorde dituen kontrol neurriak.
3. Ganberaburuak edo Batzorde Betearazleak eskuordetzaren bidez hartuko dituzten erabakietan berariaz adieraziko da inguruabar hori eta Osoko Bilkurak hartukotzat joko dira erabakiak.
4. Eskuordetzari buruzko erabakia eta horren ezeztapenari dagokiona hartu eta biharamunean jarriko dira indarrean, nahitaez Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearen kaltetan gabe.
5. Osoko Bilkurak eskuordetza edozein unetan deusez dezake.
6. Aurreko ataletan ezarri denarekin bat, Osoko Bilkurak finantza kudeaketaren alorrean eginen dituen eskuordetzak eman egiten ahal dira, nola-eta Aurrekontuaren betearazpenerako oinarrien bidez; eskuordetza berez desagertuko da hurrengo Aurrekontua onesten den unean.
7. Adierazi dena gorabehera, Osoko Bilkurak emanen dituen eskuordetzek ezin dute agintaldia gainditu eta berez indargabetuko dira Ganberaren Osoko Bilkura berritzen den unean.
2. sekzioa. Batzorde Betearazlea
13. artikulua. Osaera.
1. Honako hauek osatuko dute Batzorde Betearazlea: Ganberaburuak, gehienez bi Ganberaburuordek, Diruzainak eta gehienez Osoko Bilkurako sei kidek. Osoko Bilkurak hautatuko ditu, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarri den eran.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ordezkari bat izendatuko du; ordezkari hori Batzorde Betearazlearen bileretara deituko dute eta hizpidea izanen du, baina ez botoa.
14. artikulua. Eskurantzak.
Batzorde Betearazlea Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren kudeaketa-, administrazio- eta proposamen-organo iraunkorra da eta ondoko eskurantza hauek dagozkio:
a) Ganberaren helburuekin zerikusia duten txostenak eta azterlanak prestatzea edo egiteko agintzea.
b) Ganberaren jarduera eta kudeaketa plan urterokoak proposatzea Osoko Bilkurari, eta onetsita daudenak egitea eta zuzentzea, Osoko Bilkura horri bete direla jakinaraziz.
c) Aurrekontuen proiektuak lantzea eta Osoko Bilkurari aurkeztea, hark onets ditzan.
d) Urteko Kontuak egitea eta Osoko Bilkurari aurkeztea, hark onets ditzan.
e) Langileen kontratazioak agintzea, goi zuzendaritzakoena izan ezik.
f) Ganberaren baliabide iraunkorraren bilketa eta likidazioari buruzko ebazpenak onestea.
g) Hautesle-errolda onestea eta horri aurkeztu zaizkion inpugnazioak ebaztea.
h) Premiazko kasuak daudenean, Osoko Bilkuraren eskumeneko diren gaiei buruzko erabakiak hartzea. Halakorik gertatuz gero, Osoko Bilkurak eginen duen hurrengo bilkuran eman beharko zaio horren berri, aipatu erabakiak berrets ditzan.
i) Ganberako zerbitzuen ohiko jarduna begiratzea.
j) Osoko Bilkurak eskuordetuko edo aginduko dizkion eskumenak burutzea.
k) Beste organo bati berariaz eratxiki ez zaizkion eskumenak burutzea.
3. sekzioa. Ganberaburua
15. artikulua. Hautatzea eta kargutik kentzea.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren Burua Osoko Bilkurak hautatuko du bere kideen artean; hautespena Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarri den eran eginen da.
Hautatua izateko, hautagaiak Osoko Bilkurako kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko du eskuratu. Baldin eta ez bada gehiengo hori eskuratu, bigarren botazioari ekingo zaio eta botoen gehiengoa eskuratuko duen kidea izanen da hautatua.
2. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren Buruak ondoko hauek gertatzen direnean utziko du kargua:
a) Osoko Bilkura berritzeko hauteskundeak egitea.
b) Osoko Bilkuraren gehiengo osoak zentsura mozioa onestea. Delako mozio hori gutxienez Osoko Bilkurako kideen bostenak proposatu beharko du, horretarako eginen den bileran, eta nahitaez Ganberaren burutzarako beste hautagai bat sartu beharko da proposamenean.
c) Dimisioa.
d) Kargurako ezgaikuntza ekarri duen epai irmoa.
e) Heriotza.
Aurreko kasuetariko bat gertatzen bada, Ganberaburuaren ordez ganberaburuordeak jarriko dira, hurrenkeraren arabera, harik eta beste Ganberaburu bat hautatu arte, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarri den eran hautatu ere.
16. artikulua. Eskurantzak.
1. Ganberaren gobernu-organo da Ganberaburua eta honako hauek ditu bere: Ganberaren ordezkaritza eta Ganberaren organo kolegiatu guztien buruzagitza. Osoko Bilkuraren eta Batzorde Betearazlearen erabakiak betetzeaz arduratuko da. Eskurantza hauek dagozkio:
a) Osoko Bilkuraren, Batzorde Betearazlearen eta Ganberaren gainerako organoen bileretarako deiak egitea, bileren buru izatea eta bilerak zuzentzea, eta gertatzen ahal diren berdinketak bere botoaren bidez ebaztea.
b) Ganberaren organo kolegiatuen erabakiak betearaztea.
c) Gastuak erabakitzea, bere eskumenen mugen barruan, eta ordainketa guztiak agintzea, horien berri Osoko Bilkurari emanez.
d) Legeek eta Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak eratxikitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta baita Ganberaren Osoko Bilkurak eskuordetuko dizkionak ere.
17. artikulua. Eskurantzak eskuordetzea.
1. Ganberaburuak ganberaburuordeen eskuetan utz ditzake bere eskurantzak, salbu eta Osoko Bilkurako eta Batzorde Betearazleko buru izateari dagokiona, eta hori Foru Lege honen 15.2 eta 18.2. artikuluetan ezarri diren ordezpen kasuen kaltetan gabe.
Formari dagokionean, eskuordetza horien araubidea 12. artikuluko 2, 3 eta 4. ataletan ezarri denari egokituko zaio, eta epeari dagokionean eskuordetza Ganberaburuaren agintealdia iraungitzen denean bukatuko da.
2. Halaber, Ganberaburuak edozein unetan eskuordetza bereziak era ditzake Osoko Bilkuraren edozein kiderentzat, gai jakinak zuzendu eta kudeatu ditzan; beti ere, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarri denarekin bat.
4. sekzioa. Ganberaburuordeak
18. artikulua. Izendatzea, kargutik kentzea eta eginkizunak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren Osoko Bilkurak hautatuko ditu ganberaburuordeak, bere kideen artetik, baita kargutik kendu ere, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarri denarekin bat.
2. Ganberaburuordeek, ordenaren arabera, Ganberaburua ordeztuko dute, baldin eta ez badago edo gaixorik badago.
3. Ganberaburuordeek, halaber, Ganberaburuak eskuordetuko dizkien eginkizunak burutuko dituzte, kasu honetan Foru Legearen 17.1. artikuluan ezarri dena betez.
5. sekzioa. Diruzaina
19. artikulua. Izendatzea eta eginkizunak.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren Osoko Bilkurak hautatuko du, bere kideen artetik, Diruzaina. Diruzaina kargutik kentzeko erabakia ere Osoko Bilkurari dagokio. Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat egingo dira izendapena eta kargutik kentzea. Diruzainari dagozkio erakundearen ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitatearen alorreko zerbitzuen goi zuzendaritza, baita erakundearen fondoak eta baloreak zaintzea ere. Halaber, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan eratxiki zaizkion gainerako eskurantzak burutuko ditu.
6. sekzioa. Langileak
21. artikulua. Araubide juridikoa.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren zerbitzuko langile guztiak Lan Zuzenbidearen menpe egonen dira.
2. Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak langileak kontratatzeko prozedura ezarriko du; lanpostuak betetzeko garaiak, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak bermatuko dira, orobat lanpostuetarako deialdi publikoarena.
21. artikulua. Idazkari Nagusia.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak Idazkari Nagusi bat izanen du, iraunkorra eta ordaindua; aholkuak eman ahal izanen ditu baina ez du botorik izanen. Zuzenbide lizentziatu tituluaren jabe izanen da eta haren izendapena, lanpostu hutsa betetzeko deialdi publikoa egin ondorengoa, Korporazioaren Osoko Bilkurari dagokio. Izendapen horretarako, kideen erdiak gehi beste batek hartutako erabakia beharko da.
Deialdiaren oinarriak Ganberaren Osoko Bilkurak onetsiko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
2. Idazkari Nagusiaren eginkizunak ondoko hauek dira: Ganberaren gobernu organoen erabakiak legezkoak direla zaintzea; organo horien egintzen eta hartu dituzten erabakien fede publikoa ematea, eta, oro har, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan berariaz eman zaizkion gainerako eskurantza guztiak.
3. Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak zehaztuko ditu Idazkari Nagusia ordezteko modua eta kasuak, aldi baterako kanpoaldia, bakantea, gaixotasuna edo aldi baterako beste edozein ezintasun gertatuz gero.
4. Ganberaren Osoko Bilkurari dagokio Idazkari Nagusia kargutik kentzea. Horretarako, kideen erdiak gehi beste batek hartutako erabaki arrazoitua beharko da.
24. artikulua. Goi Zuzendaritzako langileak eta izendapen askeko karguak.
Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak, lanari buruzko arautegian ezarri dena betez, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren zerbitzura egonen diren Goi Zuzendaritzako langileei eta izendapen askeko beste karguei dagozkien gai guztiak zehaztuko ditu.
25. artikulua. Plantila organikoa.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren Osoko Bilkurak urtero onetsiko du plantila organikoa; plantila horretan, era egokian sailkatuta, lanpostu guztiak eta horien izena, eginkizunak eta kategoria agertuko dira.
III. KAPITULUA. Funtzionamendua
24. artikulua. Bilera motak.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren organo kolegiatuek ohiko bilerak izanen dituzte, noizero egingo diren aurretik erabakita. Aparteko bilerak ere egin daitezke, eta presazkoak izaten ahal dira.
25. artikulua. Ohiko bilerak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren Osoko Bilkurak, gutxienez, urtero sei ohiko bilera eginen ditu; bilera baten eta hurrengoaren artean gehienez egutegiko laurogeita hamar eguneko tartea egoten ahal da.
2. Batzorde Betearazleak, gutxienez, urtero hamabi ohiko bilera eginen ditu; bilera baten eta hurrengoaren artean gehienez egutegiko hirurogeita hamabost eguneko tartea egoten ahal da.
3. Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ohiko bileren aldizkotasuna ezar daiteke, beti ere aurreko idazatietan ezarri diren gutxienekoak betez.
26. artikulua. Aparteko bilerak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren Buruak, bere kabuz, Osoko Bilkuraren edo Batzorde Betearazlearen aparteko bilerarako deia egin dezake, baldin eta gertatzen ari diren inguruabarrek horretarako bidea ematen badiote.
2. Gutxienez kideen legezko kopuruaren bostenak hala eskatzen badio, Ganberaburuak Osoko Bilkuraren eta Batzorde Betearazlearen aparteko bilerarako deia eginen du, hilabeteko epean, gehienez ere, Osoko Bilkuraren kasuan, eta hamabost egun naturaleko epean, gehienez ere, Batzorde Betearazlearenean.
Eskabide horretan eztabaidatuko diren gaien zerrenda adieraziko da.
3. Aparteko bilerak presazkoak izanen dira Ganberaburuaren deia eta bileraren artean berrogeita zortzi ordu baino gutxiago badago. Bilera baliogarria izan dadin nahitaezkoa izanen da kideei jakinaraztea eta botazioaren bidez horren presazkotasuna berrestea.
27. artikulua. Deialdia.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren organo kolegiatuen bileretarako deia Ganberaburuak eginen du. Deialdian, aztergaien zerrenda eta aztertuko diren gaiei buruzko beharrezko informazioa agertuko da, eta gutxienez berrogeita zortzi ordu aurretik eginen da. Epe hori ezin da aplikatu aparteko eta presazko bileren deialdietan.
28. artikulua. Bertaratze-quoruma. Erabakiak hartzeko quoruma.
1. Ganberaren Osoko Bilkuraren bilerak baliozkoak izan daitezen, lehen deialdian, gutxienez kide guztien bi heren egon beharko du eta erabakiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira.
2. Deialdia egin eta aurreko atalean seinalaturiko kideen kopurua lortu ez bada, Osoko Bilkura bigarren deialdian eratu daiteke, bilkura egiteko ordua baino ordu erdi beranduago; beti ere, kideen erdia eta bat gehiago bertaratu badira. Kasu horretan, hartutako erabakiak baliozkoak izan daitezen, bertaratutakoen bi herenek aldeko botoa eman beharko du.
3. Ganberako gainerako organo kolegiatuen eraketa baliogarria izan dadin, bilerak eta eztabaidak egitearen eta erabakiak hartzearen ondoreetarako, nahitaezkoa izanen da lehenengo deialdian organo hori osatzen duten kideen legezko kopuruaren erdia eta bat gehiago bertaratzea. Ordu erdi beranduago eginen den bigarren deialdian, organoa era baliogarrian eratuko da, bertaratu direnen kopurua gorabehera, baldin eta bertaratu direnen artean Ganberaburua edo legez eskuordetuko duena eta, gutxienez, organoko hiru kide badaude, Idazkariarekin batera. Aipatu organoen erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira, eta gehiengo soila eskuratu dela ulertuko da aldeko botoak aurkako botoak baino gehiago badira.
4. Ganberako organo kolegiatuen hainbanakoak Ganberaburuak edo legez eskuordetuko duenak ebatziko ditu.
29. artikulua. Aktak.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren organo kolegiatuek egiten dituzten bileren aktak prestatuko ditu Idazkariak; akta horietan, eztabaidatu diren gaiak eta hartu diren erabakiak erasoko dira eta Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak ezarri dituen beharkizun eta formalitateak beteko dira.
IV. KAPITULUA. Barne Araubideari buruzko Erregelamendua
30. artikulua. Onestea eta aldatzea.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak Barne Araubideari buruzko Erregelamendua prestatuko du. Ganberaren Osoko Bilkurak onetsi ondoren, Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, behin betikoz onets dezan, eta gero Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
2. Barne Araubideari buruzko Erregelamendua aldatzeko tramiteak, onesteko berberak izanen dira; dena dela, kasu horretan Nafarroako Gobernuak ahalmenak ditu Ganberaren Osoko Bilkurari bidezko deritzon aldaketak proposatzeko.
31. artikulua. Edukia.
Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak erabat beteko du Foru Lege honetan eta martxoaren 22ko 3/1993 Legean ezarri dena, eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren eskumeneko edozein alor arau dezake.
III. TITULUA. HAUTESKUNDE ARAUBIDEA
32. artikulua. Hautesle-errolda.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren hautesle-erroldan hautesle guztiak azalduko dira, nola-eta eskuordetuta dauden arlo guztien garrantzi ekonomikoaren arabera, talde eta kategorietan sailkatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finkatuko duen eran.
2. Hautesle-errolda urtero eratu eta berrikusiko da, eta lan hori Batzorde Betearazleak eginen du, erreferentziatzat urte bakoitzeko urtarrilaren lehena harturik; eragiketa horietan gertatu diren altak eta bajak azalduko dira, eta agiri horren aldaki eguneratua Foru Komunitateko Administrazioari igorriko zaio.
33. artikulua. Hautespen aktiboaren eskubidea.
Hautesle izateko, hala norberaren izenean nola pertsona juridikoen eskuordetzan, hauteskundeei buruzko legedia orokorrean ezarri diren adina eta gaitasuna behar dira.
34. artikulua. Hautespen pasiboaren eskubidea.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren gobernu organoetarako hautagai izateko, hautesle izateko behar diren beharkizunak ezezik, ondoko hauek eduki behar dira:
a) Espainiar naziotasuna edo Europako Batasuneko kidea den beste Estatu bateko naziotasuna izatea.
b) Arestian aipatu diren lurralde horietan enpresa jarduerak gutxienez bi urtez burutu izana.
c) Ganberaren baliabide iraunkorraren ordainketan zorpekoan ez egotea.
2. Osoko Bilkurarako hautagai izateko nahitaezkoa izanen da, halaber, kasuan kasuko talde eta kategoriako hautesle-erroldan azaltzea.
3. Beste naziotasun bat duten pertsonak, elkarrekikotasun abiaburuarekin bat, hautagaiak izaten ahal dira baldin eta aurreko idazatietan ezarri diren beharkizunak betetzen badituzte.
35. artikulua. Hauteskunde prozedura.
1. Nafarroako Gobernuak, legedia orokorrean ezarri denarekin bat hauteskunde prozesua irekitzat jo ondoren, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialeko hauteskundeen deialdia eginen du.
2. Hauteskunde Batzarraren osaera eta eginkizunak Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak araupetuko ditu eta beti bermatuko da erakunde horren jarduketa independentea eta eraginkorra.
IV. TITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA AURREKONTUEN ARAUBIDEA
36. artikulua. Finantzaketa.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, bere jarduerak finantzatzeko, ondoko sarrera hauek izanen ditu:
a) Foru lege honen V. tituluan araupetu den ganberaren baliabide iraunkorrean integratu diren kontzeptuengatiko etekinak.
b) Beste Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera batzuek egiten dituzten ekarpenak.
c) Ematen dituen zerbitzuengatik eskuratzen dituen ohiko eta aparteko sarrerak eta, orokorrean, jarduerak egiteagatik eskuratzen dituenak.
d) Bere ondarearen ekoizkinak, errentak eta gehikuntzak.
e) Hautesleek egiten dituzten borondatezko ekarpenak.
f) Jaso ditzakeen dirulaguntzak, legatuak edo dohaintzak.
g) Eginen dituen kreditu eragiketen emaitzak direnak.
h) Legez, hitzarmenez edo antolamendu juridikoan ezarri denarekin bat datozen gainerako prozeduren bidez eratxiki dakizkiokeen gainerakoak.
37. artikulua. Ganberaren baliabide iraunkorraren pentzutan finantzatuko den gehieneko portzentaia.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak ganberaren baliabide iraunkorraren bidez eskuratzen dituen sarrerek ezin dituzte Korporazioaren sarrera guztien 100eko 60a gainditu.
Aurreko lerroaldean ezarri denaren ondoreetarako, ez dira Ganberaren sarreren barruan zenbatuko ondoko hauek: zorpetzetik datozenak; ganberaren baliabide iraunkorrekoak izanik, manuz helburu zehatz bati lotuta dauden portzentaiak, adibidez, Esportazioak Sustatzeko Ganbera Planari edota lanbide eta enpresa prestakuntzari.
2. Ganberaren baliabide iraunkorraren sarrerek, aurreko idazatiko bigarren lerroaldean adierazi direnak salbuetsita, arestian adierazi den 100eko 60ko muga gainditzen baldin badute, gaindikin hori erreserbako fondo bat eratzeko erabiliko da.
Erreserba horiek, hurrenez hurreneko ekitaldietan, ganberaren baliabide iraunkorraren sarrerak osatzeko baino ezin dira erabili, eta hori ere, harik eta beste jatorri batzuetako sarrerak kontuan hartuta, gehienezko portzentaia iritsi arte.
Erreserba, baldin eta aurreikusteko modukoa bada, aurrekontuan sartuko da eta aurrekontua likidatzeko unean eratuko; hurrengo ekitaldietako baliabideen pentzutan konpentsatuko da, kasua bada.
Erreserba eratu den ekitaldia bukatu denetik bost urte igaro baldin badira, eta ezinezkoa izan bada erreserba edo horren etekinak arestian adierazi den eran aplikatzea, honako Foru Lege honen 56. artikuluaren 2. atalean ezarri diren eginkizunetariko bat finantzatzeko erabiliko dira edo, bestela, ganberaren baliabide iraunkorraren kuotak ingresatu dituztenei itzuliko zaizkie, egin dituzten ekarpenen portzentaien arabera.
3. Esportazioen Planari atxiki zaion ganberaren baliabide iraunkorraren zatirako benetan bildutakoa, plan hori finantzatzeko egin diren gastu eta inbertsioak baino gehiago denean, Ganberak ondare erreserba eratuko du. Erreserba hori epe motzeko eskuragarrian gauzatuko da, eta ezin izango da hurrengo ekitaldietan erabili, arestian aipatu den Planean sartu diren jarduerak finantzatzeko baino.
38. artikulua. Aurrekontuak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren finantza jarduera aurrekontu eta kontabilitatearen araubideari lotuta dago eta, beraz, horren aurrekontu eta kontabilitateko egitura Nafarroako Ogasun Publikoa araupetu duen arautegian bildu diren oinarrien itzalpean dago.
2. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, urtearekin bat etorriko den aurrekontu arrunta prestatuko du, urtero; aurrekontu horretan sartuko dira likidatzeko aurreikusi diren dirusarrera guztiak, eta aldi horretan onets daitezkeen betebeharrak, eta beti eutsiko zaio aurrekontuaren orekari.
3. Gastuen egoerako kredituak zertarako baimendu diren aurrekontuan, horretarako baino ezingo dira erabili.
4. Ezinezkoa da dagokion gastuen egoeran baimendu diren kredituen munta gainditzen duena baino gehiagoko gastu konpromisorik.
Aurreko ataletan ezarri dena gorabehera, kredituen gehikuntzak eta transferentziak egiten ahal dira, baita Aurrekontuaren beste edozein aldaketa ere, baldin eta horien arrazoiak era egokian bidezkotzen badira, eta Aurrekontua onesteko aurreikusi den prozedura betetzen bada.
5. Salbuespenetan, eta aparteko inbertsioak egiteko baino ez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aparteko aurrekontua egitea baimen dezake.
39. artikulua. Aurrekontuak prestatzea eta onestea.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak bere aurrekontuak prestatuko ditu; aurrekontu horiek kapitulu, artikulu, kontzeptu eta kontusailka taxutuko dira, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak ezarri duen egitura eta era betez. Ganberak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren onespenaren menpe utziko ditu, gero.
Aurrekontuaren proiektua prestatzea Batzorde Betearazleari dagokio; organo horrek Ganberaren Osoko Bilkurari aurkeztuko dio behin-behineko onespenerako.
2. Aurrekontua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztuko zaio, urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen, behin betiko onets dezan. Aurrekontuarekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Aurrekontua azaltzen duen oroit-idazkia.
b) Jarduteko egitaraua eta aurreikusi diren inbertsioak.
c) Indarreko aurrekontuen betetzearen egoera.
d) Finantzaketa egitaraua eta jarduketena.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskumendunak osorik onets dezake aurrekontua; edo onespena baldintzatu egin dezake, eta Ganberari aldarazpen txiki batzuk sartzeko agindu; edo, halaber, arrazoiak eman eta ez onetsi.
4. Aurrekontuak behin betiko onetsitzat joko dira baldin eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztu eta hiru hilabete igaro ondoren, erakunde horrek era formalean inolako ingirarik adierazi ez badu.
5. Baldin eta aurrekontua ez badago behin betiko onetsita ekitaldi ekonomikoa hasi den unean, aurreko ekitaldiko aurrekontu bateratua berez luzatu dela ulertuko da.
40. artikulua. Aurrekontuen likidazioa.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, Korporazioaren urteko kontuak prestatu eta onetsiko ditu. Kontu horietan ondoko dokumentuak agertuko dira:
a) Burutu diren jardueren alderdirik garrantzitsuenak azaltzeko oroit-idazkia.
b) Burutzen ari diren ohiko eta aparteko aurrekontuen urteko likidazioa.
c) Korporazioaren ondare eta finantza egoera frogatzen duen urteko balantzea.
d) Balantzeari buruzko iruzkinak.
e) Baldin eta aurrekontuko kontusail baten pentzutan egin diren gastuak hasierako kredituaren 100eko 80a baino gutxiago badira, aurrekontuko sail horren betetze ezaren zioei buruzko txosten arrazoitua aurkeztuko da, betetzearen egoerarekin batera.
2. Batzorde Betearazleak Urteko Kontuak prestatu beharko ditu, eta lan hori egiteko gehienez ekitaldia itxi eta hiru hileko epea du. Kontu horiek -auditoretza-txostena eginen zaie- Ganberaren Osoko Bilkuran aurkeztuko dira hurrengo urtearen maiatzaren 31 aurretik, organo horrek bidezko erabakia har dezan.
3. Urteko Kontuak, auditorearen irizpena eta Osoko Bilkuraren erabakiaren edukia azaltzen duen ziurtagiriarekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari igorriko zaizkio behin betiko onets ditzan.
41. artikulua. Kanpo kontrola.
1. Kontuen Ganbarari dagokio, bere arautegian ezarri denarekin bat, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak ganberaren baliabide iraunkorraren etekinen ondorioz jaso dituen munten fiskalizazioa egitea.
2. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren aurrekontuko sarrera eta gastuen likidazioak, Esportazioak Sustatzeko Ganbera Planari dagokienean, Kontuen Epaitegiak fiskalizatuko ditu.
42. artikulua. Erantzukizuna.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren ondasunak eta eskubideak kudeatzen dituzten pertsonek, Ganberari eragin diezaieketen gaitz-kalteak ordaindu beharko dituzte, baldin eta dolo, erru edo utzikeria larrien kasuak eta indarreko arautegiaren urratzeak diren ekintza edo ez-egiteengatik ondorio badira; beti ere, egotz dakizkiekeen zigor erantzukizuna edo beste edozein gorabehera.
V. TITULUA. GANBERAREN BALIABIDE IRAUNKORRA
I. KAPITULUA. Definizioa eta kudeaketa
43. artikulua. Ganberaren baliabide iraunkorra.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren baliabide iraunkorrean jarraian adieraziko diren portzentaiazko ordainarazpenak daude; horien oinarria ondoko zerga hauen kuotak edo etekinak izanen dira:
a) Sozietateen gaineko Zerga:
Zergaren kuotaren 100eko 0,75a. Kuota hori ateratzeko, zergaren kuota osoari hauexek kenduko zaizkio: zergapetze bikoitzarengatiko kenkariak eta hobariei buruzko garaian garaiko arauak aurreikusitako hobariak. Hori guztia, kuota milioi 1 eta 10 milioi pezetako tartean denean. Arestian aipatu den muga hori gainditzen duten Sozietateen gaineko Zergaren kuota atalentzat, kuotaren tarte bakoitzari aplikatuko zaion tasa jarraian adieraziko dena izanen da:
Tarteak |
Tasa |
10.000.001etik 100.000.000ra |
0,70 |
100.000.001etik 500.000.000ra |
0,65 |
500.000.001etik 1.000.000.000ra |
0,55 |
1.000.000.001etik 2.000.000.000ra |
0,45 |
2.000.000.001etik 3.000.000.000ra |
0,30 |
3.000.000.001etik 4.000.000.000ra |
0,15 |
4.000.000.000tik gora |
0,01 |
b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga:
Zergaren arauak aplikatzetik heldu diren etekin garbien 1.000eko 1,5a, baldin eta honako Foru Lege honen 8. artikuluan aipatu diren enpresa eta lanbide jardueretakoak badira eta, hala denean, zerga gardentasun araubideko entitateei dagozkien oinarriena, eta eratxikipen araubidean dauden entitateei dagozkien errentena.
c) Jarduera ekonomikoen gaineko zerga edo lizentzia fiskala.
Zerga horren tributu-kuoten ehuneko 2. Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko legeek letra honetan aurreikusi ganbera-alikuota igo ahal izanen dute, dagokion oinarriaren ehuneko 9raino, gehienez ere.
Ondoko lerrokadan ezarritakoa ahaztu gabe, kuota ordaindu behar dutenek ordainarazpen horrengatik ordaindu beharreko ganbera-kuota txikiena hirurogei eurokoa izanen da nazio, lurralde edo udal esparruan jarduera ekonomikoen gaineko zergarengatik ordaindu beharreko kuota bakoitzeko. Zenbateko hori automatikoki gaurkotuko da urtero, urtarrilaren 1ean, aurreko hamabi hiletako kontsumorako prezioen indize orokorra aplikatuz.
Zergadun batek ordainarazpen horrengatik 26 kuota edo gehiago ordaindu behar dituenean, gutxieneko kuota bakoitzarengatik likidatu beharreko kopurua ondoko eskala aplikatzetik ateratzen dena izanen da -betiere, automatikoki gaurkotuko da hori ere aurreko lerrokadan aurreikusitako termino beretan-:
1etik 25era 60
26tik 100era 30
101 baino gehiago 10
Tarte bakoitzerako ezarritako kopuruak hartan sarturiko kuoten kopuruari aplikatuko zaizkio, gainerako tarteei dagozkien kuotengatik ordaindu behar direnak kontuan hartu gabe.
44. artikulua. Baliabidearen izaera eta araubide juridikoa.
Ganberaren baliabide iraunkorra ordainarazpen parafiskala da eta zer tributu dituen xede, haien araubide juridikoari erabat atxikitzen zaio, kudeaketa, bilketa eta erantzukizunei dagozkienetan.
45. artikulua. Baliabidearen subjektu pasiboak.
1. Ganberaren baliabide iraunkorraren subjektu pasiboak izanen dira, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialeko Osoko Bilkuraren hautesleak izanik, ordainarazpenen xede diren zerga horien subjektu pasiboak diren pertsona edo entitateak; gertatzen ahal diren kasuak hauek dira:
a) 43. artikuluko a) eta b) letretan ezarri diren ordainarazpenen kasuan, baldin eta Hitzarmen Ekonomikoak agindu duenaren arabera, subjektu pasiboak egoitza fiskala Nafarroan edukitzeagatik bidezko Zergaren ordainarazpena Nafarroari badagokio.
Ez egoiliarren establezimendu iraunkorrak, baldin eta dagokion zergaren ordainarazpena Nafarroari badagokio.
b) 43. artikuluko c) letran ezarri den ordainarazpenaren kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga edo Lizentzia Fiskalaren kuotak Nafarroako toki entitateei ordaindu behar zaizkienean.
"45. bis artikulua. Salbuespenak.
1. Salbuetsirik geldituko dira 43. artikuluko c) letrak aipatzen duen jarduera ekonomikoen gaineko zergako edo lizentzia fiskalaren gainean ordainarazten den ganberaren baliabide iraunkorretik, honako subjektu pasibo hauek:
1.-Pertsona fisikoak.
2.-Honako entitate hauek, baldin eta haien negozio-zifra garbiaren zenbatekoa 1.000.000 eurotik beherakoa bada.
a) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen sozietate zibil eta entitateak.
b) Sozietateen gaineko zergako subjektu pasiboak.
c) Espainiako lurraldean egoitzarik ez duten pertsona eta entitateak, Nafarroan establezimentu iraunkor batez lan egiten badute.
2. Pertsona edo entitate egoitzagabetzat eta establezimentu iraunkortzat hartuko dira egoitzagabeen gaineko zergari buruzko abenduaren 9ko 41/1998 Legearen arabera hala direnak.
3. Artikulu honen 1. zenbakiaren ondorioetarako, negozio zifraren zenbateko garbia sozietate anonimoen legearen Testu Bategineko 191. artikuluak ezarritakoa izanen da, abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretukoa, hain zuzen. Zenbat den erabakitzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:
a) Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen sozietate zibil eta entitateen kasuan, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren baliabide iraunkorraren modalitatearen sorrarazpen dataren aurreko urtean izandako negozio zifra garbia hartuko da kontuan."
b) Gainerako kasuetan, negozio zifraren zenbateko garbia honako hau izanen da: sorrarazpenaren aurreko urtean aitorpenak aurkezteko epea bukatu zen azken zerga-aldikoa. Zerga-aldi hori urte naturala baino txikiagoa izan bada, negozio zifraren zenbateko garbia urtera proiektatuko da.
c) Subjektu pasiboek, edo, bestela, sozietate zibilak edo nortasun juridikorik gabeko entitateak burututako jarduera ekonomikoak osorik hartuko dira kontuan.
d) Subjektu pasiboa sozietate talde bateko kide bada abenduaren 20ko 1815/1991 Errege Dekretuak onetsitako taxuketa-arauetako 1.etik 3.era bitarteko artikuluetan ageri den zentzuan, negozio zifraren zenbateko garbiak talde horretako entitateek osatzen duten taldeari buruzkoa beharko du izan.
e) Pertsona eta entitate egoitzagabeen kasuan, Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrei guztira egotz dakiekeen negozio zifra hartuko da kontuan
46. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.
Ganberaren baliabide iraunkorra osatzen duten ordainarazpenen zergaldia eta sortzapena bat etorriko dira dagozkien zergenekin.
47. artikulua. Likidazioa eta sarrera.
1. Subjektu pasiboek Nafarroako Ogasun Publikoan likidatu eta ingresatuko dituzte 43. artikuluko a) eta b) letretan ezarri diren ordainarazpenak, noiz- eta, hurrenez hurren, Sozietateen gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aitortzeko eta ordaintzeko ezarrita dauden epeetan.
2. 43. artikuluko c) letran ezarri den ordainarazpenari dagokion kuota Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak likidatuko du, Jarduera Ekonomikoen Erregistroan dauden datuen arabera. Ondore horretarako, Nafarroako Gobernuak beharrezko datuak emanen dizkio Ganberari, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga likidatzeko eskumenak dituzten Udalei ematen dizkien aldi berean.
3. Aurreko zenbakian adierazi diren likidazioak, honako Foru Lege honen 50. artikuluan ezarri diren beharkizunak betez, ondoko era hauetan jakinaraziko dira:
a) 2/1995 Foru Legearen 86. artikuluan ezarri den manuaren arabera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga likidatzeko jakinarazpena talde bati egin zaionean, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak bere iragarkien oholtzan argitaratuko ditu hamabost astegunetan zehar ganberaren baliabide iraunkorraren ordainarazpenari dagozkion likidazioak; aldi berean, iragarkia sartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
b) Arestian aipatu den ordainarazpenaren banakako jakinarazpenak, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak berak eginen ditu edo, horrela hitzartu baldin bada, dagokien udalek, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarenekin batera; azken kasu horretan, halere, bi kontzeptu horiek era egokian bereiztu beharko dira. Hori guztia gorabehera, ganberaren baliabide iraunkorraren ordainarazpenaren likidazioaren aurka jar daitezkeen errekurtsoak azalduko dira jakinarazpen horietan.
4. Erroldan edo Jarduera Ekonomikoen Erregistroan alta emateak edo ofiziozko sartzeak gertatzen badira -Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari buruzko arautegian aurreikusi diren horiek, alegia-, artikulu honen 3. zenbakiko b) atalean ezarri dena aplikatuko da.
5. Nafarroako udalek, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin lankidetzan arituko dira 43. artikuluko c) letran adierazi den ordainarazpenari dagokion likidazioaren zenbatekoaren bilketan; beti ere, Ganberarekin ondore horretarako sinatuko diren lankidetza hitzarmenenetan ezarriko diren termino eta zehaztapenetan.
6. Nafarroako Ogasun Publikoak bildu dituen zenbatekoak emanen dizkio Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari, baina kobrantza kudeaketagatik bildu den kopuruaren 100eko 5a kenduta, dagozkion kuotak borondatezko ordainketa aldian kobratzeko epea bukatu eta hilabeteko epean edo, hala denean, epez kanpoko ordainketa egiten denetik.
48. artikulua. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari informazioa ematea.
1. Nafarroako Ogasun Publikoak eta toki entitateek Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren eskuetan utziko dituzte, azken honek eskabidea egin ondoren, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak 49. artikuluan ezarri den likidazioa egiteko behar dituen zergen alorreko datu eta informazio garrantzitsuak.
2. Nafarroako Ogasun Publikoak, edo, hala denean, toki entitateek, bere duten ikerketa edo egiaztatze eginkizunak betez, ganberaren baliabide iraunkorrean eragina izan dezakeen zerbait aurkitzen badute, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari jakinaraziko diote, aipatu gorabeherak eraso diren akta edo diligentziaren datarik zenbatuko den bi hilabeteko epearen barruan.
3. Subjektu pasiboak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin lankidetzan arituko dira, eta, Ganberak eskatuz gero, kasu bakoitzean ganberaren baliabide iraunkorraren likidaziorako beharrezkoak diren datuak emango dizkiote Ganberari.
4. Artikulu honetan ezarri dena aplikatuz Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari emanen zaion informazioa isilpekoa izanen da, eta informazio hori eman behar duten administrazio publikoek elkarrekin ados izendatuko dituzten langile edo agenteek baino ez dute izanen hori eskuratzeko modua. Ganberaren Osoko Bilkurak, hala ere, izango du informazio hori eskuratzeko aukera, bere Barne Erregelamenduaren arabera. Emandako datuak erabiltzeko izendatu direnek, lanbide-sekretua gorde beharko dute datuei buruz, eta Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoaren arabera begiratuko dituzte datuok.
Hala eta guztiz ere, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak Ganberen Kontseilu Nagusiari komunikatu ahal izanen dizkio foru lege honetako 55. artikuluan aurreikusitakoaren arabera aplikatuz eratzen diren funtsak banatzeko behar diren datu eta informazioak. Datu horiek ezagutzen dituzten Ganbaren Kontseilu Nagusiko funtzionario, enplegatu edo langileek aurreko idatz-zatian ezarritako sekretu-betebehar bera izanen dute, eta hala jasoko da Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak sinatzen dituen hitzarmenetan.
II. KAPITULUA. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak likidazioa egitea eta dirua biltzea
49. artikulua. Behin-behineko likidazioa.
1. Aurreko artikuluan ezarri denaren arabera, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari eman zaion informazioa kontuan hartuta, erakunde horrek baliabidearen behin-behineko likidazioak igor ditzake eta, hala denean, ordaindu ez direnak eskatu, edo ordaindu diren gaindikinak itzuli.
2. Subjektu pasiboak betetzen ez badu 47. artikuluan ezarri dena, Ganberak, halaber, behin-behineko likidazioa igorriko dio.
50. artikulua. Likidazioen beharkizunak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak egin dituen likidazioak subjektu pasiboari jakinaraziko zaizkio, eta beti agertuko dira ondoko datu hauek:
a) Likidazio horien funtsezko elementuak eta horien arrazoiak.
b) Erabiltzen ahal diren inpugnazio bideak, bide horiek erabiltzeko epeak eta zer organori aurkeztu ahal zaizkion.
c) Zorra non ordaindu behar den, epea eta era.
2. Aurreko beharkizunak betetzen ez dituzten jakinarazpenek, dena dela, eragina izanen dute, subjektu pasiboak berariaz bere burua jakinarazitzat jo duen datatik, errekurtsoa jarri duenetik edo zorraren ordainketa egin duenetik.
3. Subjektu pasiboei eskura eman zaizkien jakinarazpenek, baldin eta ekintzaren testu osoa izan arren beste beharkizunen bat ahaztu badute, sei hilabete igaro ondoren izanen dituzte ondoreak salbu eta epe horren barruan Ganberari akatsa zuzentzeko protesta formala egin zaionean.
51. artikulua. Baliabidea biltzea.
Baliabideak xede dituen tributuetarako indarrean dauden arauak aplikatuko dira Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak baliabidea biltzean, borondatezko aldian zein derrigorrezkoan; gainkarguak eta korrituak eskatzean; eta geroratzeak eta bermeak ematean, kobratzeko lehentasuna tributu-kredituei egokitzen bazaie ere.
Ganberaren Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak artikulu honen edukiari buruzko prozedurazko alderdiak araupetuko ditu.
52. artikulua. Derrigorrezko diru-bilketa.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak ahalmenak ditu ganberaren baliabide iraunkorra premiamenduzko bidea erabiliz eskatzeko. Prozedura hori hasteko eskumena duen Ganberako organoak premiamenduzko probidentzia emango du, eta zordunari jakinaraziko zaio.
Derrigorrezko diru-bilketaren kudeaketa Ganberak eginen du zuzenean edo, bidezko hitzarmenak formalizatu badira, Nafarroako Ogasun Publikoak edo Nafarroako toki entitateek eginen dute.
III. KAPITULUA. Arau-hausteak eta zehapenak
53. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Arau-haustetzat joko da hurrengo betebeharra berandu betetzea: ganberaren baliabide iraunkorra osatzen duten ordainarazpenak likidatzea edo ordaintzea, dagozkien epeen barruan.
2. Aurreko zenbakian adierazi diren arau- hausteei hurrengo isunak ezarriko zaizkie:
a) Baliabidearen zenbatekoaren 100eko 10a, baldin eta subjektu pasiboak bere kabuz burutu badu epez kanpoko betetzea.
b) Baliabidearen zenbatekoaren 100eko 20a, baldin eta betebeharra Ganberaren agindeia jaso ondoren bete badu.
Zenbaki honetan ezarri dena ulertuko da borondatezko ordainketarako epea bukatzen den egunean hasiko diren berandutza korrituak edo, hala denean, premiamenduagatiko gainkargua eskatzearen kaltetan gabe.
54. artikulua. Preskripzioa.
1. Ganberaren baliabide iraunkorra osatzen duten ordainarazpenen preskripzioak kasuan kasuko zergei dagozkienak izango ditu arau.
2. Honako hauek etengo dute preskripzioa: ganberaren baliabide iraunkorra dela-eta, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak eginen dituen edo Ganberari eginen zaizkion jarduketek, eta dagokion zergaren preskripzioa etengo duten administrazioaren ekintzek.
IV. KAPITULUA. Etekinen eratxikipena eta loturak
55. artikulua. Ganberaren baliabide iraunkorraren etekinen esleitzea.
Ganberaren baliabide iraunkorraren etekin likidoa, bilketagatiko gastuak kendu ondoren, ondoko arau hauen arabera banatuko da:
a) Arestian aipatu den etekin likido osoaren 100eko 6a Ganberen Kontseilu Nagusiari dagokio.
b) Sozietateen gaineko zergari eta pertsona fisikoen gaineko errentaren gaineko zergari dagozkien kuoten gainerako zatia ordaindu beharra duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren establezimenduak, ordezkaritzak edo agentziak beren esparruan dauzkaten ganbaren artean banatuko da, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren eta Ganberen Kontseilu Nagusiak adosten dituzten edo ganbera interesdunekin adosturiko irizpideen arabera. Subjektu pasiboaren helbidea Nafarroan dagoenean, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren zatia ezin izanen da kuotaren ehuneko 30 baino txikiagoa izan.
c) Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak Ganberen Kontseilu Nagusiarekin hitzartu ahal izanen du jarduera ekonomikoen gaineko zergako kuoten gainean ezarritako ganberaren ordainarazpenaren produktua ganberen arteko funts batean sartzea, ganberetako bakoitzari gero dagokiona esleitzeko, merkataritza, industria edo ontzigintza jarduerak egin eta ganbera bakoitzaren lurralde-esparruetan helbide fiskala duten pertsona natural eta juridikoek jarduera horiek egiten dituzten pertsonen guztizko kopuruarekiko egiten duten ehunekoaren arabera.
56. artikulua. Ganberaren baliabide iraunkorraren etekinen lotura.
1. Ganberaren baliabide iraunkorraren etekinak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren berariazko helburuak betetzeari lotuko zaizkio.
2. Sozietateen gaineko Zergaren kuoten gaineko ordainarazpenen etekinaren bi herenak, Esportazioak Sustatzeko Ganbera Planaren finantzaketari atxikita daude. Gainerako herena Foru Lege honen 3. artikuluko 1. ataleko f) letran eta 2. ataleko d) letran adierazi diren prestakuntza lanetan eskumenak dituzten administrazioekiko lankidetza funtzioak finantzatzeari lotuta egonen da.
VI. TITULUA. ARAUBIDE JURIDIKOA
57. artikulua. Babesa.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren babespean daude, kanpo merkataritzako oinarrizko legediak Estatuko administrazioarentzat gorde duen babesaren kaltetan gabe.
2. Honako administrazio-ahalmen hauek erabiltzea hartzen du babesak: Foru Lege honetan ezarri diren onespen, fiskalizazio, errekurtsoen ebazpen, etendura eta desegitea.
3. Foru lege honek bestelako eperik jartzen ez badu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hilabeteko epea izanen du, Ganberak eskabide formala egin duenetik zenbatuta, Ganberari bidezko baimena emateko; delako baimen hori eman egin dela ulertuko da baldin eta epe horren barruan horri buruzko berariazko adierazpenik egon ez bada.
58. artikulua. Errekurtsoak.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak bere dituen eskumen publiko eta administratiboak betez emanen dituen ebazpenen eta hauteskunde araubidea ukitzen dutenen aurkako errekurtsoak jar daitezke; errekurtso horiek administrazioarekiko auzibideen jurisdikzioan jarriko dira, Nafarroako Gobernuari administrazio- errekurtsoa aurkeztu ondoren.
2. Ganberak beste eremu batzuetan izanen dituen jarduketak eta, batez ere, lanaren alorrekoak, eskumenak dituzten Epaitegi eta Auzitegietan ebatziko dira.
3. Hori guztia gorabehera, hautesleek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarengana jo dezakete Ganberaren jarduketari buruzko kexak aurkezteko; bereziki, gutxieneko derrigorrezko zerbitzuen ezarpen eta garapenari buruzkoak badira.
59. artikulua. Informazioa eman beharra.
1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, beti ere Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarri den epe eta eran, Ganberaren gobernu organoek hartuko dituzten erabakien kopia edo horien laburpenak igorri beharko dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari.
2. Informazioa emateko erantzukizuna duten organoak Ganberaburua eta, hala denean, Idazkari Nagusia dira.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak artikulu honetan aipatu den informazioa zabaltzea edo argitzea eska dezake.
60. artikulua. Ganberaren jarduera etetea eta Ganbera desegitea.
1. Nafarroako Gobernuak eten dezake Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren gobernu organoen jarduera, baldin eta indarrean dagoen antolamendu juridikoaren aurkako urratze larriak gertatu badira, edo urratze horiek behin eta berriz errepikatu badira eta, ondorioz, biderik onena neurri hori bada; halaber, bide hori aukera dezake organo horien ohiko funtzionamendua ezinezkoa denean.
2. Eteteko erabakiak etenaldiaren iraupena ezarriko du; aldi hori gehienez hiru hilabetekoa izanen da; halaber, aldi horretan Ganberaren interesak kudeatuko dituen organoa zehaztuko du erabakiak.
3. Etenaldia bukatu eta eteteko arrazoiek lehengo horretan badiraute, Ganberaren gobernu organoak desegiteari eta hauteskundeetarako deia egiteari ekingo zaio, hilabeteko epean.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Ganberak, bere Barne Araubideari buruzko Erregelamendua landuko du; Ganberako Osoko Bilkurak Erregelamendua onetsi ondoren, Foru Komunitateko Administraziora igorriko du, behin betikoz onets dezan, Foru Lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabeteko epean, gehienez ere.
Lehen Xedapen Iragankorra
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak egun dituen organoek agintaritzan jarraituko dute agintaldia bukatu arte; Foru Lege honek indarra hartu ondoren, organo horien eginkizunak Foru Lege honek ezarritakoari egokitzearen kaltetan gabe, hala ere.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Foru Lege hau indarrean jarriko denean, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren zerbitzura dauden langileei, baldin eta langileok 1993ko apirilaren 13an 1936ko ekainaren 13ko Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusi den plantilan sartuta badaude, Dekretu horretan ezarri den araubide juridikoa aplikatuko zaie.
Gainerako langileei lan-legedia orokorra aplikatuko zaie.
Hirugarren Xedapen Iragankorra
Foru lege honen 43. artikuluan ezarri diren ganberaren baliabide iraunkorraren ordainarazpenak, 1998ko ekitaldian eta hurrengoetan sortuko diren zergei dagozkien kuota edo etekinen gainean aplikatuko dira.
Laugarren xedapen iragankorra. 2011. eta 2012. urteetan Ganberaren baliabide iraunkorra eskatzea.
1. 2011. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak foru lege honetan ezarritako ganberaren baliabide iraunkorra eskatuko du, hain zuzen, 2010. urtean sorrarazi ziren sozietateen gaineko zergaren eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuotei edo oinarriei dagokiena.
2. 2011. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak urte horretan berean sorrarazitako jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuotei dagokien ganberaren baliabide iraunkorra eskatu ahal izateko, baliabide horren subjektu pasibotzat hartuko dira 2011. urtean sorrarazitako jarduera ekonomikoen zergan edo lizentzia fiskalean subjektu pasibo izan direnak.
3. 2012. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak 2011. urtean sorrarazten den sozietateen gaineko zergaren oinarriei dagokien ganberaren baliabide iraunkorra eskatzearen ondorioetarako, baliabide horren subjektu pasibotzat hartuko dira zerga horri lotutako entitateak, baina bakar-bakarrik sorrarazpen horren aurre-aurreko ekitaldian haien negozio bolumena hamar milioi eurokoa edo handiagoa baldin bada.
Lehen Xedapen Derogatzailea
Foru Lege hau indarrean jartzean indargabetu eginen dira Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari dagokion ganberaren baliabide iraunkorra araupetu duen apirilaren 4ko 6/1995 Foru Legea eta lege berri honetan ezarri direnen aurka doazen lerrun bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Aurreko lerroaldean ezarri denak ez du aldaraziko Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari dagokion ganberaren baliabide iraunkorraren kuoten eskagarritasuna.
Bigarren Xedapen Derogatzailea
Martxoaren 27ko 753/1878 eta ekainaren 22ko 816/1990 Errege-Dekretuen bidez aldarazi zen maiatzaren 2ko 1.291/1974 Dekretuak ezarri zuen Ganberei buruzko Araudi Nagusia aplikatuko da, Foru Lege honi edo hura garatzeko eman daitezkeen xedapenei aurkaratzen ez zaion alderdi guztietan.
Azken Xedapenetan Lehenengoa
Nafarroako Gobernuari baimena eman zaio Foru Lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.