(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 1991.eko martxoaren 4ekoa, Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Kontseilariak emana, "Erronkari" Jatorrizko Izendapenari eta bere Kontseilu Arauemaileari buruzko Arautegia argitara dadin agindu eta indarra har dezan xedatzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1991ko 46. NAOn argitaratua, apirilaren 12an. Aldaketak: Foru Agindua, 2001eko apirilaren 30ekoa)

Atarikoa

1989.eko ekainaren 3ko Foru Aginduaren bidez "Erronkari" Jatorrizko Izendapenari eta bere Kontseilu Arauemaileari buruzko Arautegi berria onetsi zen eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministraritzari igorri, honek ezagut zezan eta bere oneritzia eman ziezaion, estatu zein nazioarteko esparruan Jatorrizko Izendapena babestu ahal izateko.

Arautegiaren testua orain argitara eman dadin eta indarra har dezan bidezkoa da.

Beraz, Nekazaritza eta Abelazkuntza Zerbitzuaren proposamenaz, agindu dut:

Lehena

"Erronkari" Jatorrizko Izendapenari eta bere Kontseilu Arauemaileari buruzko Arautegia, Foru Agindu honi eratxekita egon eta 1989.eko ekainaren 3ko Foru Aginduaren bidez onetsi zena, argitara ematea.

Bigarrena

Aipatu Arautegiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

"ERRONKARI" JATORRIZKO IZENDAPENARI ETA BERE BATZORDE ARAUEMAILEARI BURUZKO ARAUTEGIA

I KAPITULUA. Orotarikoak

1. artikulua

Abenduaren 2ko 25/1970 Legean eta martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuak onetsitako Arautegian, abenduaren 20ko 3711/1974 Dekretuan, uztailaren 8ko 728/1988 Errege Dekretuan eta nekazaritza, abelazkuntza eta mendien alorrean Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskuz aldatutako eginkizun eta zerbitzuei buruzko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedatutakoei jarraikiz, usadioz izendapen geografiko horren menpe egon diren gaztak "Erronkari" jatorrizko izendapenarekin babesturik gelditzen dira, Arautegi honetan zehaztu ezaugarriak izanik, bertan eta indarra duen legerian galdatutako betebehar guziak, gazta ekoiztu, egin eta ontzerakoan, betetzen badituzte.

2. artikulua

1. Emandako babesak jatorrizko izendapenaren izena, Belagua izen geografikoa eta 8. artikuluak aipatzen duen zonaldea, gazta egin eta ontzen denekoa, osatzen duten udalerri eta herrien izen geografikoak bere baitan hartzen ditu.

2. Debekaturik gelditzen da bestelako gazta eta gatzatuetan, Arautegi honen xede diren izen babestuekin, antzekotasun fonetiko edo grafikoa dela eta, nahasmendurik sor dezaketen izen, marka, azalpen, adierazpen eta zeinuak erabiltzea, aurretik "mota", "zaporea", "estiloa", "non egina" edo antzeko azalpenak badituzte ere.

3. artikulua

Jatorrizko izendapenaren babesa, bere Arautegiaren aplikazioa, betetzen dela zaintzea eta babestutako gazten kalitatearen sustapen zein kontrola Kontseilu Arauemailearen, Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministraritzaren Elikadurarako Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren esku geldituko dira, bakoitzak dituen ahalmenen esparruan.

II KAPITULUA. Esne ekoizpena

4. artikulua

Nafarroan "Erronkari" gazta egiteko esne egokia ekoizten den zonaldean "Rasa" eta "Latxa" ardi arrazak hedatuta dauden naturguneak sartzen dira.

Era berean, ekoizpen zonaldearen barnean sartuko dira behin-behineko larre aldakorren eskualdeak, "Erronkari" jatorrizko izendapenari eratxekitako artaldeak alatzen diren lekuak, hain zuzen ere.

5. artikulua

1. "Erronkari" gazta egiteko erabiliko den esnea "Rasa" eta "Latxa" arrazetako eta F1 Latxa-Milchschaf arraza gurutzatuko ardiek emandakoa izanen da.

2. Kontseilu Arauemaileak "Rasa" eta "Latxa" arrazetako artaldeak osa daitezen bultzatuko du, ustiraketa egokia erdietsi ahal izateko neurri onenak ezarriz eta artaldeen ekoizpena eta esnearen kalitatea hobetuko dituen teknikak hartuz.

3. "Erronkari" gazta egiteko erabiliko den esnea emanen duen ardi-azienda ustiratzeko instalazioak Kontseilu Arauemaileak gainbegiratuko ditu, 17. eta 18. artikuluetan aipatzen diren Erregistroetan inskriba daitezen.

4. Azienda usadioari jarraikiz bazkatuko da, ekoizpen zonaldean dauden larrerik hoberenak zuzenean probetxatuz. Kontseilu Arauemaileak arau osagarriak eman ditzake, "Erronkari" gazta egiteko erabiliko den esneak ezaugarri bereziak izan ditzan.

5. Kontseilu Arauemaileak "Rasa" eta "Latxa" arrazak beste batzurekin gurutzatu ondoren sortuko diren arraza berriei baimena eman diezaieke, babestutako gaztak egin eta ontzeko kalitate oneko esnea ematen dutela frogatzen denean, aurretik beharrezkoak diren saio eta esperientziak eginik.

6. artikulua

Esnea, ondotik heldu diren baldintzak betetzen dituzten ardi osasuntsuak deitzi eta gero ateratako produktu natural eta osoa izanen da:

a) Esneak gazta egin, ondu eta kontserbatzerakoan eta beraren baldintza higieniko eta sanitarioetan eragin ezezkorrik izan dezaketen oritzik eta produktu medikamentosorik ez du izanen.

b) Esnea osoa eta garbia izanen da, ez du kontserbatzailerik izanen eta urin eta proteinak modu orekatuan edukiko ditu, aipatu arrazen ezaugarrien eta jezteko garaiaren arabera, aterako den produktuak izanen duen urin kopurua aterakin idorraren 100eko 45a baino txikiagoa izan dadin.

c) Kontseilu Arauemaileak arestiko galdakizunak gainbegira ditzake, bidezkoak diren aldaketak sartu ahal izateko.

7. artikulua

1. Ardiak garbitasun eta higienerik haundiena erabiliz deitziko dira, esnea garbia izan dadin eta kutsadura eta mikrobio-karga baxua.

2. Esnea 10.º baino hozbero ttikiagoan kontserbatuko da mikrobioen garapenik eman ez dadin. Horretarako, Kontseilu Arauemaileak esnea bildu baino lehenago hoztu eta kontserbatzeko egokiak izanen diren teknikak izan edo paratuko dituzten azienda ustiraketek aurrera egin dezaten lagunduko du.

3. Esnea baldintza higieniko onetan bildu eta garraiatuko da, ontzi isotermiko edo hozkailuetan edo bestelako sistemaren batean, hots, esnearen kalitatea hondatuko ez dela bermatuko duenean. Kontseilu Arauemaileak eragiketa hauek zaindu eta kontrolatuko ditu.

III KAPITULUA. Gazta egin eta ontzea

8. artikulua

Nafarroan "Erronkari" gazta egin eta ontzeko zonaldea Erronkari Ibarra osatzen duten Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgiko udalek osatuko dute soilik.

9. artikulua

Esnea eta gazta eskuztatzeko erabiliko diren teknikek eta gazta egin, ondu eta kontserbatzeko prozesuaren kontrolak ondorengo artikuluan zehazki aipatu moduei jarraituko zaizkie. Guzi horrekin, kalitaterik altueneko produktuak erdietsi nahi dira, jatorrizko izendapenak babestutako gazten ohizko ezaugarriak mantenduz.

10. artikulua

1.Gaztanbera. Esnea gatzagi naturala edo baimendutako beste entzima gatzagarri batzuekin mamituko da; beharrezkoa den gatzagi dosia erabiliko da, gutxienez ordu erdi eta gehienez ordubetez egiteko. Denbora horretatik kanpo lortutako gaztanberak ez dira "Erronkari" gazta egiteko egokiak izanen.

Gaztanbera 30 eta 37 gradu zentigraduren artean mantenduko da eta orekia mamitu, ebaki eta gazura kentzeko prozesuak dirauen bizkitartean hozbero hori mantendu beharko da.

2. Tinkatzea. Eskuz, moldean berean, edo tinkagailuaren bidez eginen da.

3. Gatza ematea. Idorrean edo eskuz, edo gatzaskan sartuz egin daiteke. Gatzaskan sartzen bada, sartu eta gehienez ere berrogeitazortzi orduz edukiko da, ontzeko ganbaretan sartu aintzin xukatuz.

11. artikulua

Gaztak indarra duen legeriak arlo horretan xedatutakoari jarraikiz eginen dira.

12. artikulua

"Erronkari" gazta egiterakoan debekatuta dago:

a) Gaztaren esne edo orekiari azido sorbiko edo propionikoa eta bereak diren gatzak, edozein koloregai, lurrin-gai edo ongailu gehitzea.

b) Azalaren ezaugarri naturalak aldatuko dituen eskuztaketak ematea, batez ere, argizari, parafina, produktu-plastiko edo koloregaiekin azala estali, gazta erre eta keztatzea. Era berean, olioak erabiltzea debekaturik dago, olibazko olioarekin egindako tratamendu profilaktikoak ez beste.

13. artikulua

"Erronkari" jatorrizko izendapenarekin babestutako gaztak egiteko garaia abenduan hasiko da eta uztailan bukatuko, bi hilabeteak barne direla. Kontseilu Arauemaileak aipatu garai hori alda dezake aziendaren ustiraketaren erregimenaren garapena zein den kontutan hartu eta gero.

14. artikulua

"Erronkari" jatorrizko izendapenarekin babestutako gaztak gatzatu ondoren gutienez lau hilabete egonen dira ontzen. Epe horretan gaztak bere-bereak dituen ezaugarriak har ditzan beharrezkoa dena eginen da, hau da, gazta irauli eta garbitzea.

15. artikulua

Gazta esportatu nahi denean eta horretarako Kontseilu Arauemailearen baimena izanik, gazta hori jasoko duten estatuen legeriak betetzeko edo beraien merkatuen galdakizunak satisfatzeko, bertan onartutako mailen barnean, beharrezkoak diren usantzak segi daitezke. Produktu horiek atera baino lehenago, Kontseilu Arauemaileak gazta horiek "Erronkari" jatorrizko izendapenarekin babes daitezkeenentz zehaztuko du. Hala bada, jatorrizko izendapena egiaztatzen duen ziurtagiria luzatuko du. Usantza berezirik eman bada, aipatu gaztak ezin izanen dira barneko merkatuan saldu.

IV KAPITULUA. Gazten ezaugarriak

16. artikulua

1. "Erronkari" gazta azal naturaleko gazta koipetsua da, 5. artikuluan aipatzen diren arrazetako ardi-esnearekin soilik egindakoa. Ondu eta gero honako ezaugarri hauek izanen ditu:

Forma: Zilindrikoa eta aldeak nahiko lauak.

Altuera: 8 eta 12 zentimetroren artekoa.

Pisu eta diametroa: Aldakorrak.

Azala: Gogorra, lodia, hazta aldetik latza, koipetsua, urdindua edo ez eta arre edo lasto kolorekoa.

Mamia: Gogorra, poroduna baina begirik gabekoa, usain eta zapore berezikoa, pixka bat mina eta ebakitakoan kolore txuri-horikoa.

Koipea: Aterakin lehorraren 100eko 45a baino ttikiagoko kopurua.

Hezetasuna: 100eko 40a baino ttikiagokoa.

2. Kontseilu Arauemaileak jatorrizko izendapenaren barnean "Etxekoa" aipamenaren erabilera baimenduko du, indarra duen legeriari jarraikiz. "Artzaigazta" aipamena erabil daiteke ustiraketa beretik ateratako esne gordina erabiliz egin bada.

3. Gaztek beraiei dagozkien nolakotasun organoleptikoak, kolore, usai eta zaporeari dagozkionak batipat, izanen dituzte. Kontseilu Arauemailearen ustez ezaugarri hauek ez dituzten gaztek ez dute "Erronkari" jatorrizko izendapena jasoko eta 32.2 artikuluak agindu moduan kalifikazio hori galduko dute.

V KAPITULUA. Erregistroak

17. artikulua

1. Kontseilu Arauemaileak honako erregistro hauen ardura izanen du:

a) Artaldeetarako Erregistroa.

b) Saisgu edo Gaztategietarako Erregistroa.

c) Gaztak ontzeko Lokaletarako Erregistroa.

2. Erregistroetan inskribatzeko eskariak Kontseilu Arauemaileari zuzenduko zaizkio -zentsu edo estatistikarako, eta Kontseilu Arauemailearen kontrolerako, esportazioa egiten duten industriak bereiziz-. Kontseilu Arauemaileak eskatu inprimakiei indarra duten xedapen eta arauek kasuan kasurako eskatzen dituzten datu, agiri eta frogagiriak erantsiko zaizkie.

3. Kontseilu Arauemailearen Erregistroetan inskribatzea borondatezkoa izanen da eta baita baja ematea ere. Baja eman ondoren, abeltzain edo gaztagileak ezin izanen du berriro izenik eman bi urte naturaleko epea iragan arte, jabe-abeltzain edo gaztagilearen titularitatea aldatzen ez bada behinik behin.

4. Kontseilu Arauemaileak Arautegi honen aginduekin edo gaztak ondu eta umatzeko gaztategi eta instalakuntzek bete behar dituzten baldintza osagarri teknikoei buruz Kontseiluak hartutako erabakiekin bat heldu ez diren izen-emateak ez ditu onartuko.

5. Erregistro hauetan sartzeak ez die interesatuei, orokorki, ezarrita dauden Erregistroetan inskribatzeko beharra kentzen.

18. artikulua

1. Artaldeetarako Erregistroan sartuko diren artaldeak ekoizpenerako zonaldean kokatuak egon eta Arautegi honetan ezarritako baldintzak betetzeaz gain "Erronkari" gazta egiteko esnea emateko izanen dira.

2. Izen-emate horretan ondokoa agertuko da: jabearen izen-deiturak; udalerria; esneko ardi urrizen kopurua eta inskribatutako azienda sailkatu, kokatu eta egokiro identifikatzeko beharrezkoak diren datu oro.

19. artikulua

1. Saisgu edo Gaztategietarako Erregistroan gaztak egiten diren zonaldean kokatutako instalakuntzak inskribatuko dira, Kontseilu Arauemaileak jatorrizko izendapenaren babesa izanen duten gaztak egiteko egokiak direla dioenean.

2. Izen-emate horretan ondokoa agertuko da: jabearen edo maizterraren izen-deiturak, kasuan kasu, helbide soziala; herria eta zonaldea; ezaugarriak;, gaztak egiteko gaitasun eta sistema eta gaztategia behar bezala identifikatu eta sailkatzeko beharrezkoak diren datu oro. Gaztategiak gaztak ontzeko ganbarak baldin baditu, horren berri ere emanen da; hala bada, haren ezaugarri eta edukiera aipatuko dira.

Horretarako, eskala egokian egindako plano edo krokisa erantsiko zaio. Horrek eraikuntza eta instalakuntza aldetiko xehetasun guziak azalduko ditu.

3. Gaztategiak errentan eman badira, Kontseilu Arauemailearen esku gelditzen da behar den Erregistroan izen-ematerik ez uztea, kontratuak Arautegia jarraitu eta zehatz-mehatz beteko denaren bermerik eskaintzen ez duenean.

4. Inskribatuta dauden saisgu edo gaztategietan "Erronkari" jatorrizko izendapena izateko eskubiderik gabeko gaztak egin daitezke, produktu horiek kontrolatu eta beti ere jatorrizko izendapenarekin babestutako gaztak zuzen egin daitezen, Kontseilu Arauemaileak horretarako ezarritako arauen menpe jartzen badira.

20. artikulua

1. Gaztak ontzeko Lokaletarako Erregistroan inskribatutako lokaletan "Erronkari" jatorrizko izendapena duten edo hori izateko eskubiderik ez duten gaztak onduko dira eta baita gazta horiek kontserbatzeko erabiltzen diren instalakuntza osagarrietan ere. Izen-emate horretan 19. artikuluan aipatu datuak agertuko dira.

2. Gaztak ondu eta heltzeko erabiltzen diren lokalek ontze-prozesuak dirauen bizkitartean hozbero iraunkor eta freskoa izanen dute eta egoera higrometriko eta aireztapena egokiak. Horiezaz gain, Erronkarik soilik gaztari ematen dizkion ezaugarriak izan ditzan beharrezkoak diren baldintzak beteko dituzte.

3. Jatorrizko izendapenak babestu gabeko gaztarik egon daiteke inskribatutako gaztak ontzeko lokaletan, beti ere produktuak behar bezala kontrolatu eta babestutako gazten izaera eta gardentasuna bermatu ahal izateko, Kontseilu Arauemaileak horretarako ezarri arauak betetzen badira.

4. Prozesuko aldi bat baino gehiago burutzen dituzten enpresek behar diren Erregistroetan azienda nahiz instalakuntzak inskribatuta edukiko dituzte.

21. artikulua

1. Behar diren Erregistroetan izen-emateek indarra izan dezaten, kapitulu honek ezartzen dituen baldintzak une oro betetzea beharrezkoa izanen da eta Kontseilu Arauemaileari izen-ematean azaldutako datuetan aldaketarik eman bada orduantxe emanen zaio aditzera. Beraz, Kontseilu Arauemaileak izen-emateak eten edo baliorik gabe utz ditzake, horien titular direnek aipatu arauak betetzen ez dituztenean.

2. Kontseilu Arauemaileak aldian aldiko ikuskapenak eginen ditu arestiko lerroaldeak xedatzen duena berariz betetzen dela egiazta dadin.

3. Erregistroetako izen-emate guziak Kontseilu Arauemaileak zehaztu epe eta moduan berrituko dira. Artaldeetarako Erregistroaren kasuan, berriz, datuak urtero berrituko dira horretarako finkatuko den egunean.

VI KAPITULUA. Eskubide eta betebeharrak

22. artikulua

1. Pertsona natural edo juridikoek, behar den Erregistroan inskribatutako aziendaren jabe direnek soilik, jatorrizko izendapenarekin babestuko den gazta egiteko behar den esnea ekoiz dezakete.

2. Pertsona natural edo juridikoek, jatorrizko izendapenaren Erregistroan inskribatutako gazta egiteko lokalen jabe direnek soilik, jatorrizko izendapenarekin babesteko eskubidea duten gaztak egin ditzakete, geroago ondu eta merkaturatzeko.

3. "Erronkari" jatorrizko izendapena eman dakieke soilik inskribatuta dauden lokaletatik, gazta ontzekoetatik, edo Saisgu edo Gaztategietarako Erregistroan inskribatutako instalakuntzetatik ateratako gaztei. Gazta horiek Arautegi honetan galdatutako arauei jarraikiz ekoiztu eta eginen dira eta berezko ezaugarriak izan ditzaten baldintza organoleptikoak edukiko.

4. Propaganda, publizitate, dokumentazio edo etiketetan jatorrizko izendapena erabiltzeko eskubidea Kontseilu Arauemailearen Erregistroetan inskribatutako enpresena izanen da soilik.

5. Behar diren Erregistroetan inskribatuta izanagatik soilik, inskribatutako pertsona natural edo juridikoak Arautegi honen xedapenak eta Nafarroako Foru Komunitateko Erakunde eskudunek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministraritzaren Elikadura Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eta Kontseilu Arauemaileak, bakoitza bere eskumenen esparruan, luzatzen dituzten erabakiak betetzera beharturik daude eta baita dagozkien ordainerazpenak pagatzera ere.

6. Arautegi honek emandako edozein eskubide erabili edo Kontseilu Arauemaileak eman ditzakeen zerbitzuez onuradun izateko, azienda eta instalakuntzak inskribatuta dituzten pertsona natural edo juridikoek dituzten betebeharren ordainketa eguneratua izanen dute.

23. artikulua

1. Inskribatutako gaztategiek inskribatu gabeko aziendak emandako esnea onar dezakete, beti ere Kontseilu Arauemaileak horretarako ezar ditzakeen arauen menpe jartzen badira, esne hori eta bere esnekiak kontrolatu eta jatorrizko izendapenak babesteko aukera izan dezaketen gaztak behar bezala egin daitezen.

2. Gaztategi eta instalakuntzak inskribatuta dituzten enpresek izen-ematean aitortutako lokaletan soilik bilduko dituzte produktuak.

24. artikulua

Arautegi honek arautzen duen izendapenak babestutako gaztekin erabiltzen diren publizitate marka, zeinu, ezaugarri eta izenburuak edo edozein propaganda mota ezin izanen dira "Erronkari" jatorrizko izendapenak babestu gabeko gaztak merkaturatzeko erabili; bere titularrek ere ezinezkoa izanen dute hori erabiltzea.

25. artikulua

Inskribaturik egoteagatik soilik, inskribatutako enpresek Kontseilu Arauemaileak burutuko dituen denboraldi-arauak onartzeko konpromezua hartuko dute, gaztagileek inskribatutako aziendek ekoiztutako esnea jaso dezaten.

26. artikulua

1. Kontsumorako jatorrizko izendapena duten gazten etiketan "Erronkari" hitza agertuko da eta baita gazta eta berau egin den eguna identifikatzeko beharrezkoa den klabe-zenbakia ere. Era berean, zenbatutako etiketa edo kontraetiketa beharko dute izan. Aipatu hori Kontseilu Arauemaileak kontrolatu, eman eta luzatuko du, horretarako ezarri arautegiari jarraikiz eta aipatu bereizgarri horiek bigarren erabilpen bat izaterik ez onartuz.

2. Babestutako gaztetan erabiliko diren etiketetan, gaztagile bakoitzak berezko dituenetan, nahitaez jatorrizko izendapena ageri-agerian azalduko da eta baita indarra duen legeriak zehaztutako datu orokorrak ere.

3. Inskribatutako enpresa-gaztaegileen etiketek, bai babestutako gaztenek, bai jatorrizko izendapenak babesteko eskubiderik ez dutenek, merkatura atera baino lehenago Kontseilu Arauemailearen baimena beharko dute, Arautegi honetan finkatzen diren ondorioak izan ditzaten.

Atzera botako dira, edozer dela eta, kontsumitzailearengan nahasmendurik sor dezaketen etiketak; lehenago emandako baimena indarrik gabe uzterik badago, haren jabe den enpresaren inguramenak aldatu direnean, aurretik interesa duen enpresari entzutea eman eta gero.

4. Kontseilu Arauemaileak jatorrizko izendapenaren zeinu gisa ezaugarri bat hartu eta erregistratuko du. Era berean, Kontseilu Arauemaileak inskribatutako gazta egin eta ontzeko lokalen kanpokaldean eta toki nabarmenik bada, han, aipatu ezaugarria azalduko duen plaka bat azal dadila behar dezake.

27. artikulua

Inskribatutako enpresek ateratako gaztek Kontseilu Arauemaileak luzatutako baimen-agiria, gaztategi batetik bestera ibiltzekoa, beharko dute izan. Baimen-agiri hori emateko modua berak zehaztuko du, hura burutu baino lehenago.

28. artikulua

1. "Erronkari" jatorrizko izendapenak babestutako gazten etiketatzea, Kontseilu Arauemaileak baimendu eta inskribatutako gaztategi eta lokaletan, gaztak ontzekoetan, eginen da soilik; bestela bada, gaztak jatorrizko izendapena erabiltzeko eskubidea galduko du.

2. Jatorrizko izendapenak babestutako gaztak batetik bestera ibil daitezke eta inskribatutako gaztategi eta instalakuntzek atera ditzakete bakarrik, haren kalitate eta izen ona kalteturik gertatuko ez den ontzi motetan. Ontzi mota Kontseilu Arauemaileak onetsiko du.

3. Kontseilu Arauemaileak Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuari proposamena egin diezaioke inskribatutako lokalei, hau da, gaztak ontzekoei, "Erronkari" gazta, zatitxoka, merkatura ateratzeko baimena emateko. Horretarako, gaztaren etorki, jatorri eta kalitatea eta kontsumitzailearen aintzinean arras ongi kontserbatu eta aurkeztuko dela bermatuko duen kontrol-sistema egokia ezarri beharko da.

Gazta-zatitxo hauek sartuko diren ontziei itsatsiko zaie Kontseiluari dagokion etiketa edo ezaugarria, 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

29. artikulua

Kontseilu Arauemaileak denboraldi bakoitzean Saisgu eta Gaztategietarako Erregistro eta Gaztak ontzeko lokaletarako Erregistroan inskribatuta dauden enpresek ateratzen duten gazta kopurua, jatorrizko izendapenak babestutakoa, zenbatekoa den zainduko du, erositako esne kopuru eta inskribatuta dauden bestelako enpresei izan edo erosi dietenarekin bat ote datorren jakin ahal izateko.

30. artikulua

Estranjeria aldera aterako den gazta babestuak, gaztaren alorrean kanpokaldeko merkataritzarako ezarrita dauden arauez gain, behar den jatorrizko izendapenari buruzko ziurtagiria beharko du izan. Ziurtagiri hori Kontseilu Arauemaileak luzatuko du eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministraritzako Elikadura Politikarako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako ereduari lotuko zaio. Aipatu ziurtagiri hori ez duten gaztek ezin izanen dute Aduanatik iragan.

31. artikulua

1. Gaztak ekoiztu, egin eta merkatura ateratzeko prozesua, bai eta izakin kopuruak eta jatorrizko deiturak babestutako gazten jatorri eta kalitatea egiaztatzeko behar den guztia ere kontrolatu ahal izateko, artalde, gaztategi eta gazta ontzeko lokalen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek honako formaltasun hauek bete beharko dituzte:

a) Artaldeen Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek Kontseilu Arau-emaileari aurkeztuko dizkiote, inskribatutako artalde bakoitzak eman duen esne kopurua, adieraziz nora joan den esne hori eta, saldu bada, eroslearen izena zein den.

b) Gaztategien Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek:

b.1) Erregistro bat izanen dute, non egunero azalduko baitira hartutako esne kopuruari zein jatorriari buruzko datuak, egindako gazta unitateak eta gazta horiek ontzeko lokalak.

b.2) Kontseilu Arau-emaileari aitorpen bat aurkeztuko diote, non liburuan azaltzen diren hileko datuak agertuko baitira, Kontseiluak hautatu ereduaren arabera.

c) Gaztak ontzeko lokalen Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek:

c.1) Erregistro bat izanen dute, non egunero azalduko baita ontzeko prozesua hasten duten gazten kopurua eta horien jatorria, prozesu hori bukatzen dutenen kopurua eta merkatura ateratzen direnena.

c.2) Kontseilu Arau-emaileari aitorpen bat aurkeztuko diote, non erregistroan azaldutako datuak eta izandako salmenta kopurua aitortu beharko baita.

2. 25/1970 Legearen 46. eta 73. artikuluetan aurrikusitakoari jarraikiz, artikulu honetako 1. atalak aipatzen dituen aitorpenek estatistika aldetiko ondorioak izanen dituzte soilik eta ezin izanen dira ez eman ez argitara. Osotako zenbakirik eman ahal izanen da baina ez erran nori dagozkion. Kontseilu honi atxekirik dagoen langilegoak arau hau hautsiko balu, arau-hauste oso larritzat hartuko litzateke.

32. artikulua

1. Edozer izanik ere, akatsik izan edo aldaketa nabarmenik jaso edo egiterakoan Arautegi honen edo indarra duen legeriaren araurik hautsi duten esne eta gaztak, Kontseilu Arauemaileak izendapenik gabe utziko ditu. Horrek berarekin ekarriko du dagokion lotearen jatorrizko izendapena edo bukatu gabeko produktuak badira hori izateko eskubidea galtzea.

Era berean, produktu batek izendapena galduko du aurretik izendapena galdu duen produktu batekin nahasi eta gero.

2. Kontseilu Arauemaileak, gaztak egin edo merkaturatzeko edozein alditan daudenean, deskalifika ditzake eta deskalifikaziorako espedienteari hasiera emanda gero, Kontseilu Arauemailearen esku geldituko dira, behar bezala isolatu eta markatuta. Horiekin zer eginen den zehaztuko du eta inolaz ere ez da inskribatuta dagoen gaztategi edo instalakuntza bati emanen.

VII KAPITULUA. Kontseilu Arauemailea

33. artikulua

1. Kontseilu Arauemailea Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuan sartutako Erakundea da eta Arautegi honetan ematen zaizkion eginkizun ororen alorrean erabakiak hartzeko eskurantza izanen du, indarra duten xedapenetan zehazten denari jarraikiz.

2. Bere eskumen esparrua, 35. artikuluan ezarritakoa galerazi gabe, honako hau izanen da:

a) Herrialdeari dagokionez, gazta ekoiztu, egin eta ontzen den zonaldea.

b) Gazten alorrari dagokionez, jatorrizko izendapenak babestutakoetan, hau da, gazta ekoiztu, egin, ondu, leku batetik bestera eraman eta merkatura ateratzeko edozein alditan.

c) Pertsonei dagokienean, Erregistroetan inskribatuta daudenengan.

34. artikulua

Kontseilu Arauemailearen helbururik garrantzitsuena Arautegi honetako aginduak aplikatu eta bete daitezen zaintzea da. Horretarako, 25/1970 Legearen 87. artikuluan eta haren xedapen gehigarrietan agindutako eginkizunak beteko ditu eta baita Arautegi honen artikuluetan bereziki azaltzen direnak ere.

35. artikulua

Kontseilu Arauemaileak jatorrizko izendapenak babestu gabeko ardi esne eta gaztak eta beste jatorri bat dutenak zaintzeko baimena dauka, aipatu horiek ekoizpen-zonaldearen barnean ekoiztu, egin, merkatura atera eta batetik bestera eramaten direnean, sortzen diren gorabeheren berri Departamentu eskudunari emanez. Horretarako, idatziko diren akten kopia igorriko zaio.

36. artikulua

1. Kontseilu Arauemailea honako kide hauek osatuko dute:

a) Kontseiluburua.

b) Kontseiluburuordea.

c) Hiru Kontseilukide, abeltzain sektorearen izenean. "Erronkari" gazta egiteko esnea hornitzen duten abeltzainen artean hautatuak.

d) Lau Kontseilukide, gaztagileen izenean. Horietako bat, Arauemailearen erregistroetan inskribatutako gaztagileen, berezko esne-ekoizpena dutenen, artean hautatua. Beste biak, Kontseilu Arauemailearen erregistroetan inskribatutakoen artean gaztagile industrialek aukeratuko dituzte.

e) Administrazioaren Delegatu bi; bat, Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak, eta bestea, Indus- tria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak, aukeratuak. Delegatu horiek Kontseiluko bilkuretara azalduko dira, hitzegiterik izanen dute baina botorik ez.

Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak, Kontseilu Arauemailearen proposamenez, Kontseiluburu eta Kontseiluburuordea aukeratuko ditu. Sektore bateko pertsonek aukeratuko dute Kontseiluburua eta beste sektorekoek, berriz, Kontseiluburuordea.

2. Kontseilu Arauemailearen Kontseilukide bakoitzak ordezkoa izanen du eta titularra aukeratu den modu berean hautatuko da.

3. Kontseilukide karguak lau urtetan behin berrituko dira. Berraukeratuak izan daitezke.

4. Edozer dela eta Kontseilukideren batek kargua uzten badu, ezarritakoari jarraikiz ordezko bat aukeratuko da. Kontseilukide berria karguan egonen da Kontseilua lehen aldiz berritu arte.

5. Kontseilukideak behin aukeratuak izan eta gero gehienez ere hilabeteko epea izanen dute karguaren jabetza hartzeko.

6. Kontseilukide izateari utziko dio kargualdian dagoen bizkitartean Arautegi honek arautzen dituen produktuetan oso larria den arau-hausteren bat egiteagatik zigortua denak, bai pertsona gisa, bai ordezkatzen duen enpresaren izenean. Era berean, baja hartuko du inolako arrazoirik eman gabe bat bestearen segidan hiru bilkuretara edo, bat bai bestea ez, bostetara agertzen ez den Kontseilukideak edo jatorrizko izendapenari dagozkion Erregistroetan baja emateateagatik.

37. artikulua

1. Aurreko artikuluko c) eta d) ataletan aipatu Kontseilukideak ordezkatzen dituzten sektoreei lotuta egonen dira, zuzenean edo ordezkatu behar dituzten iharduketetan aritzen diren Sozietateen artezkariak direlako. Hala eta guztiz ere, pertsona natural edo juridiko berak ezin izanen du Kontseiluan ordezkaritza bikoitzik izan, ez zuzenean, ez ordezko enpresen bidez edo horren bazkide gisa.

2. Inskribatutako enpresa bateko artezkari diren Kontseilukide hautatuek aipatu enpresako artezkari izateari uzten diotenean Kontseiluan duten kargua utziko dute, nahiz eta beste Enpresa batera iragan direlako sektoreari lotuta jarraitu. Hori ematen bada, ezarritako moduan aukeratuko litzateke bere ordezkoa.

38. artikulua

1. Kontseiluburuari dagokio:

            1. Kontseilu Arauemailea ordezkatzea. Ordezkaritza hau Kontseiluko edozein kideri eman diezaioke, berariaz eta beharrezkoa denean.

            2. Lege eta arauzko xedapenak bete araztea.

            3. Kontseilu Arauemailearen dirusarrera eta fondoak administratu eta pagamenduak agintzea.

            4. Kontseiluko bilkurak deitu eta zuzentzea, eguneko gai-zerrenda ezarri eta bere ahalmen diren aferak haren erabakiaren menpe utziz, eta hartutako erabakiak burutzea.

            5. Kontseilu Arauemailearen langilegoa kontratatu, lanetik kendu edo berritzea, hark erabakia hartu eta gero.

            6. Zerbitzuak antolatu eta zuzentzea.

            7. Goragoko Erakundeei ekoizpen eta merkatuan ematen diren gorabeheren berri ematea.

            8. Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuari Kontseiluak, orok bete ditzaten hartutako erabakiak igortzea, Arautegi honek esleitzen dizkion eskurantzei jarraikiz, eta baita bere ustez eta duten garrantzia ikusirik Departamentuak jakin behar duen erabaki oro ere.

            9. Kontseiluak erabaki edo Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak esleitzen dizkion bestelako eginkizunak.

2. Kontseiluburuaren agintaldia lau urtekoa izanen da eta berraukeratua izan daiteke.

3. Kontseiluburuak kargua utziko du agintaldia bukatu ondoren edo bere eskariz, behin bere dimisioa onarturik, edo Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuaren erabakiaz.

4. Kargua utzi edo hiltzen bada, Kontseilu Arauemaileak hilabeteko epean beste Kontseiluburu bat aukeratzeko hautagai bat proposatuko du.

39. artikulua

1. Kontseilu Arauemailearen bilkuretara joateko deia gutienez hiru egun lehenago eginen da; dei horri bilkurako gai-zerrenda erantsiko zaio eta aipatu horretan eztabaidatuko diren aferak soilik horretan agertutakoak izanen dira. Beharrik izanez gero eta Kontseiluburuaren aburuz urjentziazko kasua bada, Kontseilukideei telegramaz eginen zaie deia, gutienez hogeitalau ordu lehenago. Beti ere, Kontseilua legez osaturik geldituko da bere kideen gehiengoa han bada eta aho batez hala erabakitzen dutenean.

2. Titular den batek joaterik ez badu, Kontseilu Arauemailea jakinaren gainean jarriko du eta bere ordezkoari abisua emanen bera ordezka dezan.

3. Kontseilu Arauemailearen erabakiak bertan dauden kideen gehiengoaz hartuko dira eta Kontseilua osatzen duten kideen erdia baino gehiago beharko da erabaki horiek baliorik izan dezaten.

4. Izapidatze arazoak ebatzi ahal izateko edo horrela egitea beharrezkoa dela ikusitakoan, Batzorde Iraunkor bat era daiteke. Kontseiluburuak eta bi Kontseilukide titularrek osatuko dute eta Erakundearen Osoko Bilkurak aukeratuko ditu. Batzorde Iraunkor hori eratzeko erabakia hartzen den bilkuran ere izanen dituen helburu berezi zein eginkizunak erabakiko dira. Batzorde Iraunkorrak hartutako ebazpen guzien berri emanen zaio Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurari lehen bilera egiten duen egunean berean.

40. artikulua

1. Bere helburuak bete ahal izateko, Kontseilu Arauemaileak beharrezkoa den langilegoa izanen du, Kontseilu Arauemaileak duen aurrekontuan sarturik egonen diren plantilei jarraikiz. Horiek Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak onetsiko ditu.

2. Kontseilu Arauemaileak Idazkari bat izanen du eta Kontseiluburuaren proposamena ikusirik, Kontseiluak berak aukeratuko. Idazkaria zuzenean Kontseiluburuaren menpe egonen da eta izanen dituen eginkizunak hauexek dira:

a) Kontseilu Arauemailearen lanak prestatu eta erabakien exekuzioa izapidatzea.

b) Bilkuretan parte hartzea. Hitzegiterik izanen du baina botorik ez. Era berean, deialdiak jakin erazi, aktak jaso eta Kontseilu Arauemailearen liburu zein agiriak gorde beharko ditu.

c) Erakundearen barne erregimenari dagozkion aferak, bai langilegoarenak, bai administratiboak.

d) Kontseiluburuak agindutako eginkizunak, Kontseilu Arauemailearen esku diren aferak prestatu eta langai bihurtzearekin zerikusia dutenak.

3. Aginduta dituen eginkizun teknikoetarako, Kontseilu Arauemaileak beharrezko zerbitzu teknikoak izan ditzake. Horiek zuzentzea teknikari eskudun baten kargu geldituko da.

4. Kontrol eta zainketa zerbitzuetarako bere manura egonen diren Ikuskariak izan ditzake. Kontseilu Arauemaileak aukeratu eta Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak gaituko ditu. Ikuskaritza arloan honako eginkizunak izanen dituzte:

a) Ekoizpen zonaldean kokatutako artaldeak inskribatuta dauden ala ez ikuskatzea.

b) Gazta ekoiztu, egin eta ontzen den zonaldean kokatutako gaztategi eta instalakuntzak inskribatuta dauden ala ez ikuskatzea.

c) Gazta ekoiztu, egin eta ontzen den zonaldeko esne eta gaztak ikuskatzea.

5. Kontseilu Arauemaileko langilego finko zein bitartekoari lan legeria izanen zaio aplikagarri.

41. artikulua

1. Kontseilu Arau-emaileak gazten arloko Kalifikazio Batzorde bat ezarriko du eta gutxienez hiru adituk eta Kontseiluburuaren delegatu batek osatuko dute. Batzordearen lana merkatura ateratako gazten kalitateari buruzko informazioa ematea izanen da. Horretarako, Batzorde horrek beharrezkotzat jotzen dituen laguntza teknikoak izan ditzake.

2. Kontseiluburuak, Kalifikazio Batzordeak emandako txostenak ikusi ondoren, bidezkoa dena ebatziko du eta, kasuan kasu, 32. artikuluak agindutakoari jarraikiz, gazta deskalifikatu. Batzordeburuaren ebazpena, deskalifikazioaren aldekoa bada, hurrengo hamar egunetan behin-behinekoa izanen da. Epe horretan interesatuak ebazpenaren berrikuspena eskatzen badu, Kontseilu Arauemailearen osoko bilkuran aztertuko da, bidezkoa dena erabaki dadin. Aipatu epean errandako berrikuspenik ez bada eskatzen, Kontseiluburuaren ebazpena irmotzat hartuko da.

Kontseiluburuaren edo, kasuan kasu, Kontseilu Arauemailearen ebazpenen aurka gora jotzeko helegitea jar daiteke Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuaren aintzinean.

Kontseilu Arauemaileak Kalifikazio Batzordearen eratze eta funtzionamenduari buruzko arauak emanen ditu.

42. artikulua

1. Kontseilu Arauemailearen obligazioak finantzatzeko honako baliabideak erabiliko dira:

            1. 25/1970 Legearen 90. artikuluan finkatutako ordainerazpen parafiskalek ematen dutenarekin. Horiei honako tipoak aplikatuko zaizkie:

a) "Erronkari" gazta egiteko inskribatuta dauden gaztategiei emandako esnearen balioaren ehuneko 1a. Oinarria esne kopuruari aurreko denboraldian zuen prezioaren bataz bestekoa biderkatu ondoren ateratakoa izanen da.

b) Babestutako gaien balioaren ehuneko 1a. Oinarria saldutakoari aurreko denboraldian babestutako produktu-unitatearen bataz besteko salmenta prezioa biderkatu ondoren ateratakoa izanen da.

c) Ehun pezeta ziurtagiria luzatu edo fakturei oneritzia emateagatik eta etiketa eta kontraetiketen kasuan balio dutenaren bikoitza.

Ordainerazpen bakoitzari dagozkion subjektu pasiboak hauek izanen dira: a) atalean, inskribatutako artaldeen titularrak; b) atalean, gazta merkatura atera eta inskribatuta dauden gaztategi edo gazta ontzeko lokaletako titularrak; eta c) atalean, inskribatuta dauden gaztategi edo gazta ontzeko lokaletako titularrak, ziurtagiri eta fakturen oneritzia eskatzen dutenak eta etiketa zein kontraetikak hartzen dituztenak.

            2. Hartzen dituzten dirulaguntza, legatu eta uzkuntzak.

            3. Kontseilu Arauemaileari edo honek ordezkatzen dituen interesei egindako kalte-galeren ordainketa gisa har daitezkeen zenbatekoak.

            4. Bere ondarea diren ondasunak eta haren produktu eta salmentak.

2. Artikulu honetan finkatutako zerga-tipoak Kontseilu Arauemailearen proposamenez Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak alda ditzake, aurrekontu beharrak ikusirik aldatzea bidezkoa denean.

3. Aurrekontuetan azaltzen diren dirusarrera eta gastuen gestioa Kontseilu Arauemaileari dagokio.

43. artikulua

Kontseilu Arauemailearen erabakiak, partikularrak ez direnean eta "Erronkari" gaztaren ekoizpen edo egitearekin zerikusirik duten pertsona edo Enpresa oro ukitzen dutenean, zirkularren bidez Kontseilu Arauemailearen bulegoetan eta Nekazal Ganbararen egoitzan jarriko dira jendaurrean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emanen.

Kontseilu Arauemaileak hartuko dituen erabaki eta ebazpenen helegiteak jar daitezke, beti ere, Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuaren aintzinean.

VIII KAPITULUA. Arau-hauste, zehapen eta prozedurak

44. artikulua

Arautegi hau ez betetzeagatiko zehapen-erregimena honako lege zein dekretutan ezarrita dagoena da: 25/1970 Legea, abenduaren 2koa, "Mahasti, Ardo eta Alkoholen gaineko Estatutua"ri buruzkoa; 835/1972 Dekretua, martxoaren 23koa, bere Arautegia onesten duena; eta 1945/1983 Errege Dekretua, ekainaren 22koa, kontsumitzailearen babes eta nekazal-elikagaien ekoizpenari buruzko alorreko arau-hauste eta zehapenak arautzen dituena.

45. artikulua

1. Arautegi honetan xedatutakoaren eta Kontseilu Arauemaileak hartutako erabakien gainean egindako arau-hausteek jasanen duten zehapena hau izanen da: oharterazpena, isuna, merkatalgaiak dekomisatzea, jatorrizko izendapenaren erabilpena behin-behinekoz kentzea edo aipatu horren Erregistro edo Erregistroetan baja ematea. Guzi hori hurrengo artikuluetan azaltzen da, 25/1970 Legeak legeria orokorra ez betetzeagatik ezar ditzakeen zehapenak galerazi gabe.

2. Isunak ezartzeko oinarriak 835/1972 Dekretuaren 120. artikuluak xedatutakoari jarraikiz finkatuko dira.

3. Arautegi honetan aurrikusitako zehapenak aplikatzeko 835/1972 Dekretuaren 121. artikuluan ezarritako arauak hartuko dira kontutan.

46. artikulua

835/1972 Dekretuaren 129.2 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, jatorrizko izendapenari buruzko Erregistroetan inskribatutako pertsonek egindako arau-hausteak, zehapenaren ondorioetarako, honela sailkatzen dira:

A) Arau-hauste administratiboak. Ukitutako merkatalgaien balioaren ehuneko 1 eta 10 arteko isunekin zehatuko dira eta arau-hausteak arinak direnean, oharterazpenarekin.

Arau-hauste hauek gutxi gora behera hauexek dira: produktuen kalitate eta jatorria bermatuko duten aitorpen, liburu, erregistro, zirkulaziorako baimen-agiri eta kontrolerako agiri orotan akatsak egotea, eta bereziki, hauexek:

1. Erregistroetan beharrezkoak diren datu eta frogagiriak faltseatu edo ez agertzea.

2. Erregistroetan egindako izen-ematean azaldu datuak aldatu direnean horien berri Kontseilu Arauemaileari berehalakoan ez ematea.

3. Gaien ekoizpen eta izakinen batetik bestera mugitzearen arloari buruzko aitorpenetan Arautegi honetako 31. artikuluan ezarritakoa ez betetzea, goikoa faltseatu edo ahaztuz.

4. Arautegi edo Kontseilu Arauemaileak A) atal honi dagokion produktuan hartutako erabakiei egindako arau-hausteak.

B) Babestutako gaztak ekoiztu, egin, ondu eta dituzten ezaugarrien arloan Arautegi honetan ezarritakoaren gaineko arau-hausteak. Ukitutako produktuen balioaren ehuneko 2a eta 20aren arteko zehapenekin zigortuko dira, produktu horiek dekomisatzeaz gain.

Hauexek dira arau-hauste horiek:

1. Gazta kontserbatu eta garraiatzearen arloko baldintza higienikoei buruzko arauak, indarra dutenak, ez betetzea.

2. Babestutako gaztak egiteko kontserbatzaileekin tratatutako esne neutraldua eta, orokorki, produktuaren kalitatea ukitzen duen edozer erabiltzea, Kontseilu Arauemaileak ezarritako baldintzei jarraikiz zehazten dituen kasuak ez beste.

3. Babestutako gaztak egiteko Arautegi honen 5. artikuluan baimendutako esnea ez den beste bat erabiltzea.

4. Gaztak egin eta ontzerako ezarri arauak ez betetzea.

5. Arautegi edo Kontseilu Arauemaileak B) atal honi dagokion produktuan hartutako erabakiei egindako arau-hausteak.

C) Jatorrizko izendapenaren erabilpen txarragatik edo galera edo izen txarrik eman dakiokeen ekintzengatiko arau-hausteak. 20.000 pezetako isunekin zehatuko dira, ukitutako merkatalgai edo produktuen balioaren bikoitza arte, galera aipatu zenbatekoa baino altuagoa denean; produktu horiek dekomisatu eginen dira.

Arau-hauste horiek honakook dira:

1. Jatorrizko izendapenaren edo berak babestutako izenen aipua egiten duten helbide sozial, merkatal izen, marka, zeinu edo ezaugarriak babestu gabe dauden beste gazta batzuk merkaturatzerakoan erabiltzea.

2. Indarra duen legerian eta Arautegi honetan ezarritako arauei jarraikiz, egin, ekoiztu eta ondu ez diren gaztetan jatorrizko izendapena erabiltzea edo beraien ezaugarri izanen diren ezaugarri eta baldintza organoleptikoak ez izatea.

3. Kontseilu Arauemaileak C) atalean aipatzen diren kasuetan onetsi gabeko merkatal izen, marka edo etiketak erabiltzea.

4. Jatorrizko izendapenak berezko dituen agiri, etiketa, zigilu etabarren negoziazio eta erabilera okerra eta beraien faltsifikazioa.

5. Merkaturatze-sareeetan aipatzen diren kalitate ezaugarriak ez dituzten gaztak ateratzea.

6. Babestutako gaztak atera, batetik bestera eraman eta merkaturatzea Kontseilu Arauemaileak onetsi gabeko ontzietan.

7. Kontseilu Arauemaileak ezarritako etiketa-zenbaturik edo kontrol-neurririk gabe jatorrizko izendapenak babestu gaztak atera, batetik bestera eraman eta merkaturatzea.

8. Gazta egin, heldu eta etiketatzea Kontseilu Arauemaileak baimendu gabe eta bere erregistroetan inskribatutako instalakuntzetan ez dauden lokaletan.

9. Orokorki, Arautegi honek edo Kontseilu Arauemaileak hartutako erabakiek xedatutakoari kontrajartzen zaion edozein egintza, jatorrizko izendapenari kalterik sortu, izen txarrik eman edo erabilera okerra suposatzen duena.

D) Arau-hauste larrietan, B) eta C) ataletan ezarritako zehapenez gain, araua hautsi duenari denbora batez izendapena erabiltzeko eskubidea kenduko zaio edo bere Erregistroetan baja emanen.

Jatorrizko izendapena erabiltzeko eskubidea denbora batez kentzeak berarekin dakar Kontseilu Arauemaileak emandako jatorriari buruzko ziurtagiriak, etiketak eta gainontzeko agiriak izateko eskubidea galtzea.

Bajak berarekin ekarriko du Kontseilu Arauemailearen Erregistroetatik araua hautsi duena kentzea eta, ondorioz, jatorrizko izendapenari dagozkion eskubideak galtzea.

47. artikulua

1. Merkatalgaien dekomisatzea zehapen bakartzat edo osagarritzat har daiteke edo dekomisatzea ezinezkoa denean haren balioaren ordainketa.

2. Bahitu, esku hartu edo dekomisatutako merkatalgaia desagertu, aldatu edo eskuztatua izan bada, Kode Penalaren 399. artikuluak xedatutakoari jarraituko zaio.

48. artikulua

Araua behin eta berriz hausten bada edo produktuak esportaziorako direnean, isunak Arautegi honetan ezarritakoak baino ehuneko 50a baino haundiagoak izanen dira, indarra duen legeria aplikaturik, ezar dakizkiokeen zehapenak ezertan galerazi gabe.

Araua behin eta berriro hautsi duenak berriro hausten badu, isunak aipatu gehienezko zenbateko horien hirukoitza izanen den zenbatekora irits daitezke.

Arau-hausle berretzailetzat hartuko da aurreko bost urtetan Arautegi honen edozein agindu hausteagatik zehatutakoa.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministraritzak edo Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak, kasuan kasu, ezarritako zehapenak Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela erabaki dezakete, eskarmentu gisa.

Xedapen Iragankor Bakarra

Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Kontseilariak "Erronkari" jatorrizko izendapenari buruzko Behin-behineko Kontseilu Arauemailea aukeratuko du, zeinek VII Kapituluak aipatu modura Kontseilu Arauemaileari dagozkion eginkizun guziak bere gain hartuko baititu, Arautegi honen 36. artikuluak aurrikusi modura Kontseilu Arauemailea osatu arte.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa