Castellano | Euskara | Français | English
(1997ko 36. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 24an)
Atarikoa
Nekazaritzako makineria erabiltzeko kooperatibak (NMEK) arautzen dituen azaroaren 22ko 351/1993 Foru Dekretuak kooperatiba hauek sortzeko bide eman du, haien ezarpena eta garapena eraginkorrak gerta daitezkeelarik Nafarroan nekazaritzako makineriaren erabilera razionalizatzeko. Horrez gain, babes berezia jaso dute legeen aldetik Nafarroako kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legean nekazaritzako kooperatiben artean azpiklase bat bezala sartu baitira.
Une honetan, berriz, komenigarria da 351/1993 Foru Dekretuaren zenbait alderdi garatzea, bertan ezartzen diren laguntzei dagozkienak, eta beraz, azken xedapenetatik bigarrenean xedatutakoaren ondorioz, xedatu dut:
1. artikulua
Azaroaren 22ko 351/1993 Foru Dekretuan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko NMEKek nekazaritzako ustiapenen titularrek, pertsona fisiko zein juridikoak, osatuak egon beharko dute, Nafarroako kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 20. artikuluak eta 351/1993 Foru Dekretuaren ) artikuluak ezartzen dituzten mugekin.
Horretarako, ustiapenaren titulartasuna kooperatiba, SAT, ondasun komunitate edo sozietate zibil batena den kasuetan, entitate, elkarte edo sozietate horien bazkide diren nekazariak biltzen dituzten NMEK-ek ezingo dute laguntzarik jaso, elkarte horiek sartu ezean, Foru Agindu honen 3. artikuluak aipatzen duen Batzordeak aldeko txostena ematen duenean salbu.
2. artikulua
Laguntzetarako eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak luzatuko dituen inprimakietan eginen dira. Osorik bete beharko dira eta 351/1993 Foru Dekretuaren 8. artikuluan adierazten den dokumentazioa erantsi beharko zaie. Ez da osatu gabeko eskabiderik onartuko.
3. artikulua
1. Batzorde bat eratuko da, batzordeburu Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen atalburua izanen delarik, eta batzordekideak Nafarroako Mahastilan eta Enologi Zentroko (EVENA) ordezkari bat, beste bat Nekazaritza Kudeatzeko Institutu Teknikokoa eta beste bat Abeltzaintza Kudeatzeko Institutu Teknikokoa. Idazkari lanetan Landare Ekoizpenaren bulegoburua arituko da. Nafarroako Nekazaritzako Kooperatiben Batasuneko (UCAN) ordezkari batek ere parte hartu ahalko du batzordekide gisa.
2. Honakoak izanen dira batzordearen eginkizunak:
a) Zein inbertsiotarako eskatzen den laguntza, horien bideragarritasun eta egokitasun teknikoak eta ekonomikoak aztertzea. Horretarako, honakoa izanen du kontutan:
-Laguntzetarako eskabidea, NMEK eskatzaileak aurkeztu behar duen dokumentazioarekin batera;
-EVENAk edo dagokion ITGk ezinbestez luzatu behar dituzten txostenak.
-Aldez aurretik dauzkan informazioak eta espreski bildutakoak.
Batzordeak eskatzaileari eskatu ahalko dizkio dagokion inbertsioa aztertzeko komenigarri ikusten dituen informazio osagarri edo argibide guztiak. NMEK-k hirurogei egun naturaleko epea izanen du eskatutako informazioa edo dokumentazioa aurkezteko; epea iraganik hori aurkeztu gabe, espedientea artxibatu eginen da.
b) Foru Agindu honen 1. artikuluak ezartzen dituen baldintzak, bai eta 12/1996 Legeak eta 351/1993 Foru Dekretuak ezartzen dituztenak ere betetzen direla egiaztatu, eta horren berri ematea.
c) NMEKen jarduerak, bilakaera eta funtzionamendua aztertu eta ebaluatzea.
d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari proposatzea haren iritziz NMEK horiek bete behar duten papera hobetzen lagundu dezaketen neurriak.
4. artikulua
Erabilitako makineria edo ekipoak direnean, Batzordeak baloratuko ditu eta horretarako kontutan hartuko da bereziki zein neurritan dauden higatuta edo zahartuta.
5. artikulua
NMEKen jarduketa ebaluatu ahal izateko eta bereziki 351/1993 Foru Dekretuaren 4.2 b) artikuluak ezarri bezala, hirugarrenendako zerbitzuaren mugak errespetatzen diren ala ez jakiteko, diruz lagundutako makineriaren eta ekipoen erabilgarritasun aldiaren barruan laguntzak jasotzen dituen NMEK-k Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuari igorri beharko dio, ekitaldi bakoitza itxi eta ondorengo zortzi hilabeteetan, honako informazio hau:
-Makina edo ekipo bakoitzaren urteko jarduera (txosten tekniko eta ekonomikoa).
-NMEK-k Nafarroako Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituen agiri hauen kopia: ekitaldi ekonomikoaren kontuak, Batzar Orokorrak onetsiak, balantzea, galera eta irabazien kontua eta jardueren memoria.
6. artikulua
Laguntzak emateko ezarritako baldintzak ez betetzeak edo aurreko artikuluak aipatzen duen dokumentazioa ez ekartzeak zehapena ekarri ahalko du, jasotako laguntza guztiak edo haien zati bat galtzea, itzuli beharko direlarik geroratzeagatiko korrituekin, bidezkoa bada.
Ondorio horietarako, Batzordeak kasu bakoitza aztertu eta ezaugarriei buruzko txostena prestatuko du.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.