Castellano | Euskara | Français | English
(2003ko 88. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 9an)
Atarikoa
Nafarroako biodibertsitatea zaintzeko asmoz, ahalegin publiko handia egiten ari da Foru Komunitateko Administrazioa, abeltzaintzan dihardutenei bertako arrazen ondare genetikoa babesten eta kontserbatzen laguntzeko, arraza horiek gal ez daitezen eta kultur ondare hori etorkizuneko belaunaldietara irits dadin, ustiapenaren onura ekonomiko hutsa baino zerbait gehiago kontuan hartuz.
Nafarroako azienda-sail bertako eta estentsiboei babesa emateko beste urrats bat eginez, komenigarri ez ezik beharrezkotzat ere jotzen da Katalogo bat finkatzea eta bertan inskribatzea gure Erkidegoan bertakotzat dauzkagun azienda-arrazak, bereziki gaur egun "galzorian" kontsideraturik daudenak edo, halakotzat edukitzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren proposamenek aurrera egiten badute, egoera horretara irits daitezkeenak. Eta hori guztia Espainiako Abere Arrazen Katalogo Ofizialaren arabera, azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretuak onetsi baitzuen.
Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 50.1. artikuluak onartzen duenez.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1982 Foru Legearen 36. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
Nafarroako Bertako Abere Arrazen Katalogoa onesten da, eta honako hauek osatzen dute:
a) Behi arrazak:
Piriniarra.
Betizua.
Zezenketako "Kasta Nafarra".
B) Ardi arrazak:
Arraza nafarra.
Latxa.
Sasi-ardia
C) Zaldi espeziea:
Auritz.
Nafarroako Jaka.
2. artikulua
Gaur egun "galzorian" diren arrazatzat, eta, beraz, bereziki babestekotzat, hartzen dira bertako arraza hauek: Betizua, zezenketako Kasta Nafarra, Auritz eta Nafarroako Jaka.
3. artikulua
Bertako arrazen Katalogoan sartzea edo "galzorian" direla deklaratzea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren foru aginduz eginen da, egiten bada, eta Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak beharrezko azterketa eta proposamenak egin ondoren, betiere.
4. artikulua
Abeltzaintza Zerbitzuari dagokio Nafarroako Bertako Abere Arrazen Katalogoaren kudeaketa, erroldaren urteroko eguneratzea eta sartzen diren arrazei buruzko txostenak egitea edo eginaraztea.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.