Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 99. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 16an)
Atarikoa
Nekazaritzan arazketako lohiak erabiltzen direla-eta, Kontseiluaren 1986ko ekainaren 12ko 86/278/EEE Zuzentarauak, lurzoruak babesteari buruzkoak, lohi horien erabilera arautzea du xede, horrela lurzoruentzat, landarediarentzat, animalientzat eta gizakiarentzat dituzten ondorio kaltegarriak saihets daitezen. Osasuna babestearren, labore batzuetan erabiltzea debekatzen du, eta baimenduta daudenetan erabiltzeko epeak ezartzen ditu; zuzentarauak dio nekazaritzan lohiak erabiltzean kontuan hartu behar direla landareek dituzten nutriente beharrak, eta, horretaz gainera, metal astunen kopuruak mugatzen ditu, lurzoruen eta lohien aldian aldiko analisiak eskatzen ditu, eta, halaber, ezartzen du kontrol estatistikoa egin behar dela ekoizten diren arazketa lohiei, nekazaritzarako erabiltzen diren kopuruei, lohien osaerari eta ezaugarriei, tratamendu motei, hartzaileei eta aplikazio tokiei buruz.
Nekazaritzan arazketako lohiak erabiltzeari buruzko arauak ematen dituen urriaren 29ko 1310/1990 Errege Dekretuak aipatu den zuzentaraua txertatzen du Espainiako ordenamendu juridikoan, eta araudi bat ezartzen du, Espainian arazketako lohien ekoizpena eta nekazaritzako erabilera bateragarriak izan daitezen nekazaritzako ekoizpen prozesuak ukitzen dituen faktore fisiko eta biotikoen babes eraginkorrarekin.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 1993ko urriaren 26an emandako Aginduak, nekazaritzan lohiak erabiltzeari buruzkoak, urriaren 29ko 1310/1990 Errege Dekretua garatzen du.
Aplikatzekoa da 91/676/EEE Zuzentaraua, Espainiako zuzenbidean otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez txertatua, nekazaritzatik iristen diren nitratoek sortutako kutsaduraren kontra, bai eta hondakinei buruz indarra duten arauak ere eta, bereziki, Hondakinei buruzko 10/1998 Legea.
Aldaketa Klimatikoaren Idazkaritza Nagusiak 2009ko urtarrilaren 20an emandako Ebazpenaren bidez, Ministroen Kontseiluak 2008ko abenduaren 26an hartutako Erabakia (2008-2015erako Hondakinen Plan Nazional Bateratua onesten duena) argitaratzea xedatu zen. Plan horren barnean sartzen da Hondakin Uren Araztegietako Lohien Plan Nazionala.
Ongarriei buruzko uztailaren 8ko 824/2005 Errege Dekretuaren IV. eranskinak ongarriak fabrikatzeko lohi baimenduen LER kodeak zehazten ditu.
Halako materialak ongarri gisa erabiltzeko geroz eta interes handiagoa dago baina kontuan hartzekoak dira ingurumenaren gaineko ondorioen garrantzia, elikagaien segurtasuna eta osasunaren babesa, bai eta Europar Batasuneko nekazariek zuzeneko laguntzak lortzeko duten garrantzia ere, izan ere arazketako lohiek kontrolatu beharreko baldintza batzuk baitituzte; horregatik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean arlo hori erregulatuko duen arau bat ematea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzan arazketako lohiak erabiltzeko arauak ematea da.
2. artikulua. Definizioak.
Foru agindu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Arazketako lohiak: araztegietatik ateratzen diren hondar lohiak, bai eta hobi septikoetatik eta hondakin uren tratamendurako erabiltzen diren beste arazketa instalazio batzuetatik ateratzen direnak ere, foru agindu honen I. eranskinean sartuta badaude.
b) Lohi tratatuak: jarraian azaltzen diren prozeduretakoren bat erabiliz tratatutako lohiak, horrela hartzidura ahalmena eta erabileraren osasun eragozpenak nabarmen murrizten baitira:
-Konposta egitea, pilatan.
-Konposta egitea, tunelean.
-Digestio termofilo aerobioa (ATAD).
-Digestio anaerobio termofiloa.
-Karearekin egokitzea (pH > 12,6) eta tratamendu termikoa ( 2 ordu baino gehiago)
-Lehortze termikoa.
-Digestio anaerobio mesofiloa.
c) Deshidratazio mekanikoaren bidez tratatutako lohiak: zentrifugazio bidez, prentsa iragazkiak erabiliz edo beste prozedura mekaniko batzuen bidez tratatutako lohiak, materia lehorreko amaierako edukia %10ekoa izanik gutxienez.
d) Luzaroan bilduta edukiz tratatutako lohiak: ekoizpen instalazioetan bilduta gutxienez 30 egun egin dituzten lohiak, denbora horretan izan dituzten baldintzen ondorioz hartzidura ahalmena eta erabileraren osasun eragozpenak nabarmen murriztuz.
e) Lohiak nekazaritzarako ustiatzen dituen entitatea: araztegiko lohiak nekazaritzan erabiltzeko banatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa.
f) Erabilera: lohia hedatzea edo beste edozein aplikazio, bai lurzoruaren azaleran bai barnean, nekazaritzan erabiltzeko.
g) Nekazaritzako lurzatia: lur goldagarriko azalera jarraitua, SIGPAC esparru batez edo batzuez osatua, data berean tratatutako lohia jasotzen duena.
3. artikulua. Nekazaritzan erabil daitezkeen lohiak.
1. I. eranskinean aipatzen diren arazketako lohiak soilik erabiltzen ahalko dira nekazaritzan, betiere 2. artikuluaren b) letran xedatutakoaren arabera tratatuta badaude eta, metal astunei dagokienez, urriaren 29ko 1310/1990 Errege Dekretuaren I B eranskinean ezarritako balioak gainditzen ez badituzte. Dekretu horrek arazketako lohiak nekazaritzan erabiltzeko arauak ematen ditu.
2. 2010eko abenduaren 31ra arte, 2. artikuluaren c) eta d) ataletan xedatutakoaren arabera tratatuta dauden eta foru agindu honen 8. artikuluko baldintzak betetzen dituzten lohiak erabiltzen ahalko dira.
4. artikulua. Nekazaritzan lohiak erabiltzeko baldintza orokorrak.
1. Lohia erabiltzean, material hori nekazaritza lurzatietako lurzoruaren azaleran edo barnean hedatuko da. Metal astunei dagokienez, urriaren 29ko 1310/1990 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute bai lohia jasotzen duten lurzoruek bai gehieneko lohi kopuruek.
2. Lohia jasotzen duten nekazaritzako ustiategiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.
3. Nolanahi ere, debeku hauek ezarri dira:
a) Lohi tratatuak belardietan, larreetan eta aziendak larratze zuzenean erabiliko dituen gainerako aprobetxamenduetan aplikatzea, aprobetxamendu zuzen hori hasi baino hiru aste lehenago, gehienez.
b) Lohi tratatuak barazki eta fruta laboreetan aplikatzea ziklo begetatiboan, frutarbolen laborantzan izan ezik.
c) 10 hilabetetik beherako epean aplikatzea uzta bildu aurretik eta bilketa garaian bertan, barazki edo fruten organoek edo zati begetatiboek, merkaturatu eta freskoan kontsumitzekoek, lurzorua zuzenean ukitu ohi dutenean.
5. artikulua. Aldi batez bilduta edukitzea nekazaritzako lurzatian.
1. Baldintza edafoklimatikoen ondorioz lohiak berehala zabaltzerik ez dagoenean, aldi batez bilduta edukiko dira nekazaritzako lurzatian, gehienez ere bi hilabetez, baina lurzati horretan eta mugakideetan aplikatu beharreko kopurua bakarrik (gehienez ere 25 tona hektareako eta 250 tona pila bakoitzeko). Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak soilik luza dezake epe hori, aparteko baldintzak daudela uste badu.
2. Aldi baterako bilketa horretan 7. artikuluan ezarritako distantziak errespetatuko dira, %20 gehituta eta 200 metrokoa izanik hurbilen dagoen etxebizitzatik.
3. Lohiak dagokien nekazaritza lurzatian bildu beharrean beste toki batean bildu nahi direnean, horretarako berariaz erabiltzen den instalazio bat eduki beharko da eta ingurumen baimena izan.
6. artikulua. Gehieneko nitrogeno kopurua hektareako.
Gehieneko nitrogeno kopurua 250 kilokoa izanen da hektareako eta urteko, betiere lohiak, simaurra, minda, konposta eta beste ongarri organiko batzuk batuta. Nitratoen kutsadurak kaltetzen ahal dituen eremuetan (91/676 EEE Zuzentaraua), kasuan kasuko jarduketen programan ezarritakoa izanen da muga.
7. artikulua. Ur-ibilgu eta putzuetarainoko tartea.
Lohi tratatuak erabiltzen direnean, ur-ibilgu, aintzira eta urtegietatik 50 metroko tartea utzi beharko gutxienez, Ur Konfederazioek ezartzen dituzten distantziak eta baldintzak galarazi gabe, 250 metroko tartea ur hornidura publikorako putzu, iturri eta urtegietatik, horien babes perimetroa errespetatuta noski, 15 metroko tartea ur hornidurako hodi eta biltegietatik, eta 200 metrokoa bainu eremu tradizionaletatik.
8. artikulua. Deshidratazio mekanikoaren eta/edo bilduta luzaro edukitzearen bidez soilik tratatutako lohiak erabiltzeko baldintzak.
1. Erabili beharreko lohiak 2. artikuluaren c) eta d) letretako definizioen arabera soilik tratatu direnean, 3. artikuluaren bigarren atalean ezarritako epean nekazaritzan erabiltzeko baimena emanen da, baldin eta I. eranskineko LER 02 03 05, 02 04 03, 02 06 03 eta 02 07 05 kodeetakoak badira soilik, giza edo animalia jatorriko produktuak edo hondakinak dituzten beste material batzuekin inolaz ere nahastu gabe. Halaber, 1000 metrotik gorako tartea utzi beharko da populazio guneetatik, eta 24 ordu pasatu baino lehen lurperatu labore baten bidez edo lurrean sartuta.
2. Ezin izanen da halako lohirik erabili aurreikusitako baldintza edafoklimatikoek edo agronomikoek ez dutenean bermatzen lohia lurperatzeko edo zuzenean sartzeko aukera izanen dela 24 orduko epean.
3. Lohiak ustiatzen dituen entitateak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio, 48 orduko aurrerapenarekin gutxienez, lohia lur eremu batean aplikatu behar duela, eta tokia, arduraduna eta harremanetarako telefonoa zein diren adieraziko dio.
9. artikulua. Lurzoruen analisia.
1. Lohiak nekazaritzarako ustiatzen dituzten entitateek lurzoruen analisiak eginen dituzte, horrela berma dadin ez direla lohiak aplikatuko 1310/1990 Errege Dekretuaren I A eranskinean ezarritako mailatik gorako metal astunak dituzten lurzoruetan.
2. Entitateek lurzatietako lurzorua lohiak aplikatzeko egokia dela egiaztatzeko egiten dituzten analisien kopia eman beharko diete lurzati horietako nekazariei.
3. Nekazaritza Zerbitzuak beste analisi batzuk egiteko eskatzen ahalko dio lohiak ustiatzen dituen entitateari, egindako analisiek eta datu zientifikoek ez dutenean bermatzen lurzoruetako metal astunen mugak ez direla gaindituko.
10. artikulua. Lohi ekoizleek eman beharreko informazioa.
1. Nekazaritzarako lohiak ekoizten dituzten hondakin uren araztegietako titularrek hondakin uren araztegiaren ezaugarrien fitxa bat aurkeztuko dute Nekazaritza Zerbitzuan, 1993ko urriaren 26ko Aginduaren I. eranskinean ezarritako eredua erabiliz, eta, horrekin batera, lohi tratatuaren analisia, zeinetan 1310/1990 Errege Dekretuaren II A eranskinaren 4. puntuan aipatutako parametroak sartuko baitira gutxienez.
2. Aurreko lerroaldean aipatutako informazioa lohiak nekazaritzan erabili aurretik aurkeztu beharko da.
3. Araztegietako titularrek, halaber, lohiak nekazaritzan ustiatzeari buruzko seihileko fitxa, 11. artikuluaren 1. atalean aipatzen dena, bidali beharko dute Nekazaritza Zerbitzura.
4. Aurreko lerroaldean aipatutako informazioa, urteko lehen seihilekoari dagokiona, urte bereko uztailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da, eta bigarren seihilekoari dagokiona, berriz, hurrengo urteko urtarrilaren 15a baino lehen.
11. artikulua. Lohiak nekazaritzarako ustiatzen dituzten entitateek eman beharreko informazioa.
1. Lohiak nekazaritzarako ustiatzen dituzten entitateek fitxa bat bete beharko dute sei hilean behin, 1993ko urriaren 26ko Aginduaren II. eranskinean ezarritako eredua erabiliz. Horri, aipatu eranskinaren 6. puntuari buruzko informazio gehigarri gisa, lohia jasotzen duen nekazariaren identifikazioa gehituko zaio (izena edo sozietatearen izena eta IFZ edo IFK). Fitxa hori lohiak ekoizten dituen entitateari bidaliko zaio, garaiz, 10. artikuluan ezarritako epea bete ahal izateko.
2. Halaber, urtean zehar lohiak erabili dituzten edo erabili behar dituzten nekazarien zerrenda aurkeztu beharko dute, maiatzaren 31 baino lehen, Nekazaritza Zerbitzuan.
12. artikulua. Nekazariek eman beharreko informazioa.
1. Beren alorretan araztegiko lohiak erabiltzen dituzten nekazariek aplikazioen erregistro bat eduki beharko dute, foru agindu honen II. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz. Erregistro hori bete eta aurkezteko ardura lohiak ekoitzi edo kudeatzen dituen entitatearen gain uzten ahalko dute, baldin eta eguneratuta eduki eta aipatu epeetan aurkezten badute.
2. Aurreko lerroaldean aipatutako informazioa, urteko lehen seihilekoari dagokiona, urte bereko uztailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da Nekazaritza Zerbitzuan, eta bigarren seihilekoari dagokiona, berriz, hurrengo urteko urtarrilaren 15a baino lehen.
3. Uztailaren 15etik aurrera, Nekazaritza Zerbitzuak eskatzen ahal die urtean zehar lohiak zein lurzati eta datetan erabiltzea aurreikusten duten azaltzeko.
13. artikulua. Lohien Estatuko Erregistroari eman beharreko informazioa.
Nekazaritza Zerbitzuak nekazaritzarako lohiak ekoizten dituzten hondakin uren araztegien ezaugarriei buruzko informazioa bidaliko dio Lohien Estatuko Erregistroari, bai eta lohiak nekazaritzarako ustiatzeari buruzko seihileko fitxak ere.
14. artikulua. Ez-betetzeak.
1. Nekazaritza Zerbitzuak kontrolatuko du arazketako lohiak nekazaritzan zuzen erabiltzen diren.
2. Arazketako lohiak nekazaritzan erabiltzeari buruzko araudia betetzen ez denean, horren berri emanen zaio baldintzen kontrolen koordinazioaz arduratzen den agintaritzari (Kontseiluak 2009ko urtarrilaren 19an onetsitako 73/2009 Erregelamendua), bai eta indarreko Landa Garapeneko Programako laguntzak kudeatzen dituzten unitateei ere, kasu bakoitzari aplikatu beharreko murrizketak zehatz ditzaten.
3. Ez-betetzeen ondorioz, lohiak nekazaritzarako ustiatzen dituzten entitateen jarduera aldi batez edo betiko eteten ahalko da.
4. Hori guztia, ingurumen arloan indarra duen legedian sailkatutako arau-hausteak egiteagatik ezar daitezkeen zehapenak alde batera utzi gabe.
15. artikulua. Lohiak nekazaritzarako ustiatzen dituzten entitateen erregistroa.
Lohiak nekazaritzarako ustiatzen dituzten entitateen erregistroa sortu da. Izaera administratiboa du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikita dago eta nekazaritzarako lohiak merkaturatzen dituzten enpresa guztiak inskribatuko dira bertan.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Aplikazio eremua. Arau osagarriak.
Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, arazketako lohiak nekazaritzan erabiltzeko arauak ematen dituen urriaren 29ko 1310/1990 Errege Dekretuan eta arazketako lohiak nekazaritzan erabiltzeari buruzko 1993ko urriaren 26ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Nekazaritzan erabil daitezkeen araztegiko lohi moten zerrenda
DESKRIPZIOA |
LER KODEA |
Hiriko hondakin urak tratatu ondoko lohiak. |
20 03 04 |
Etxeetako hondakin urak tratatzen dituzten hobi septikoetatik ateratzen diren lohiak. |
19 08 05 |
Nekazaritzako elikagaien industriako efluenteak in situ tratatu ondoko lohiak: |
|
Haragia, arraina eta animalia jatorriko beste elikagai batzuk prestatu eta elaboratzea. |
02 02 04 |
Frutak, barazkiak, zerealak, olio jangarriak, kakaoa, kafea, tea eta tabakoa prestatu eta elaboratzea; kontserba ekoizpena; legamia eta legami-aterakina ekoiztea; melazak prestatu eta hartzitzea. |
02 03 05 |
Azukrea elaboratzea. |
02 04 03 |
Esnekien industria. |
02 05 02 |
Ogi eta gozo industria |
02 06 03 |
Edari alkoholdunak eta alkoholik gabeak ekoiztea (kafea, tea eta kakaoa izan ezik). |
02 07 05 |
II. ERANSKINA. Araztegiko lohiak nekazaritzan erabiltzeko erregistroa
USTIATEGIKO TITULARRAREN DATUAK | ||||||||||||
DEITURAK ETA IZENA EDO SOZIETATEAREN IZENA: | ||||||||||||
IFZ/IFK: | ||||||||||||
HELBIDEA: | ||||||||||||
HERRIA: |
POSTA K.: |
PROBINTZIA: | ||||||||||
TFNOA.: |
E-MAILa: | |||||||||||
LOHIAK NEKAZARITZAKO LURZATIETAN APLIKATZEARI BURUZKO FITXA | ||||||||||||
EGUNA |
LURZATIA (SIGPAC erreferentzia) |
AZALERA (ha) |
LABOREA |
APLIKATUTAKO LOHIA | ||||||||
Udalerria |
Polig. |
Lurz. |
Esparrua |
KOP. (t) |
JATORRIA (*) | |||||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
|
|
|
|
|
|
|
|
| ||||
(*) Lohia nekazariari zuzenean eman dion entitatearen izena jarri behar da. | ||||||||||||