Castellano | Euskara | Français | English
46/2014 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 25EKOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA, BASA FAUNAREN ZENBAIT ESPEZIE GIZAKIEK JATEKO EZ DIREN ANIMALIEN AZPIPRODUKTUEKIN ELIKATZEA ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HEGAZTIENTZAKO BAZKALEKUEN FUNTZIONAMENDUA ARAUTU, EUROPAR BATASUNEKO INTERESEKO ESPEZIE NEKROFAGOAK ELIKATZEKO BABES EREMUA EZARRI ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUAK ZEHAZTEN DITUENA
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2014ko 46. NAOn argitaratua, martxoaren 7an. Aldaketak: 246/2014 Foru Agindua, uztailaren 18koa; 249/2015 Foru Agindua, uztailaren 2koa)
Atarikoa
Gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzen dituen Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 1069/2009 EE Erregelamenduak xedatzen du nola erretiratu animalien gorpuak eta nola suntsitu baimendutako transformazio plantetan. Gorpu horiek basa faunaren zenbait espezie mehatxaturen elikadura iturria osatzen dute, horiek jatera egokitu baitira jatorrizko elikadura iturriak desagertu ondoren.
Basa hegaztiak zaintzeko apirilaren 2ko 79/409 EE Zuzentarauak xedatzen du estatu kideek neurriak hartu behar dituztela basa hegazti jakin batzuen populazioei eusteko. 79/409 EE Zuzentaraua aldatzen duen martxoaren 6ko 91/244 Zuzentarauaren I. eranskinean hegazti sarraskijaleak agertzen dira espezie horien artean, eta, zehatzago, sai arrea (Gyps fulvus), ugatza (Gypaetus barbatus) eta sai zuria (Neophron percnopterus). Nafarroan honako hegazti hauek ere baliatzen dira sarraskiaz: miru gorria (Milvus milvus), miru beltza (Milvus migrans) eta arrano beltza (Aquila chrysaetos). Espezie horiek guztiak babesturik daude legez, estatu mailan zein erregiokoan.
Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak Nafarroan zaintzeko, bidea da azienda hilak kudeatzea, eta hala hartu da aintzat egun indarra duten zaintza planetan, hala nola Ugatza zaintzeko planean (95/1995 Foru Dekretua) eta Batasunaren intereseko lekuak kudeatzeko agiri teknikoetan (92/43 EE eta 79/409 EE), espezie horien presentzia baldin badute. Hegazti sarraskijale horiek eta beste batzuk abereen gorpuak erretiratzearekin uztartzeko, maiatzaren 12ko 2003/322 Erabakia aldarrikatu zen, Mediterraneoko zenbait herrialderen eskaera onartuta, baldintza batzuekin onartzeko haiek elikatzea 1. kategoriako materialekin.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren ekainaren 27ko 259/2006 Foru Aginduaren bidez, hegazti sarraskijaleentzako zenbait bazkaleku sortu zen Nafarroako Foru Komunitatean. Orain bazkaleku horien erabileraren helburua zabaldu behar zaie Europar Batasunaren intereseko beste espezie nekrofago batzuei, eta funtzionamendurako arau berriak ezartzen dira bazkaleku horien hornidurarako.
Hegaztientzako bazkalekuak erabiltzeak ekarri du hainbat urtetan hegazti sarraskijaleek beteta izan dituztela elikatu beharrak, modu naturalean bete ezin zituztenak, eta, horrela, osasunaren eta ingurumenaren arriskuak ahalik eta txikienak izan dira. Hala eta guztiz ere, urteak joan ahala zenbait eragin txar atzeman dira hegazti nekrofagoen parametro demografikoen gainean eta haien jokabidearen gainean.
Eragin horiek berretsita, gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuak kontrolatzeko araudia aldatu da modu nabarmenean. 1069/2009 EE Erregelamenduak berak xedatzen du agintaritza eskudunak badaukala basa animaliak 2. eta 3. kategorietako materialekin elikatzea baimentzea, baita 1. kategoriako zenbait materialekin ere, hain zuzen ere deuseztatzeko orduan berariazko material arriskugarria duten animalia hilekin, gorpu osoak edo haien zatiak izan, bere habitat naturalean bizi diren arriskuko edo babestutako hegazti nekrofagoak edo beste espezie batzuk elikatzeko, helburua izanik biodibertsitatea sustatzea.
Ildo horretan, Batzordearen 2011ko otsailaren 25eko 142/2011 EE Erregelamenduak, zeinek 1069/2009 EE Erregelamenduaren aplikazio xedapenak ezartzen baititu, handitzen du 1. kategoriko azpiproduktuekin elikatzen ahal diren basa faunaren espezieen kopurua.
Xedapen honek helburu du Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak animalia hilekin eta haien produktuekin elikatzeko esparru arau-emailea ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean, lehenago aipatutako xedapenak garatuz.
Elikadura hori baimendu daiteke zenbait espezie haragijaleren kasuan, hala ezarri baita Basa fauna eta flora eta habitat naturalak zaintzeko Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean eman 92/43 EE Zuzentarauan, eta zenbait hegazti harrapariren kasuan, hala ezarri baita Espezie nekrofagoak zaintzeko Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko azaroaren 30ean eman 2009/147 EE Zuzentarauan. Helburua da espezie horien elikabide naturalak kontuan hartzea eta osasun baldintzak lortzea elikadura mota hori hegaztientzako bazkalekuetatik kanpo ere egiteko.
Basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzeari buruzko azaroaren 14ko 1632/2011 Errege Dekretuak oinarrizko esparrua ezartzen du arau horiek aplikatzeko. Izan ere, oinarria espezie nekrofagoak zaindu beharra da, baina arriskua handitu gabe osasun publikoan, animalien osasunean, bazka sarean eta ingurumenean.
Orobat, Animalien azpiproduktuei eta gizakien kontsumorako ez diren produktu deribatuei aplikatu beharreko arauak ezartzen dituen 1528/2012 Errege Dekretua kontuan hartu beharreko araua da, haren helburu nagusia izan baita Espainian berariazko xedapenak ezartzea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1069/2009 EE Erregelamendua aplikatzeko.
Zehaztu behar da zer leku izan daitekeen hegaztientzako bazkaleku, egungoez gainera, eta zein izanen diren Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremu, desorekarik egon ez dadin espezie nekrofago horien populazioan, eta, egun indarra duen sistemez aparte, erabil ez dezaten beste bide bat, aipatutako desorekak sortuko lituzkeena, animalien gorpuak deuseztatu eta suntsitzeko.
Nafarroako Foru Komunitatean Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofago ugari daudenez, barreiaturik daudenez geografia osoan zehar, mugigarritasun handia dutenez eta kilo ugari espero direnez abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboko ustiategietatik, justifikaturik dago Nafarroa deklaratzea babes bereziko eremu Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko, salbuespena izanik Iruña-Noaingo aireportuaren ingurunea, Nafarroako Gobernuak 2000ko abuztuaren 28an egin bilkuran ezarri bezala; izan ere, hartan zenbait neurri onetsi ziren sai arreen kopurua Iruña-Noaingo aireportuaren ingurunean murrizteko edo guztiz desagerrarazteko, hala nola tokian tokiko abeltzaintzako ustiategietatik edo haragi industrietatik eratorritako animalien gorpuak edo gorpuzkiak aire zabalean edo erdi lurperaturik uztea galaraztea, ezta ordura arte erabiltzen ziren hegaztegientzako bazkalekuetan edo saitegietan ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da oinarrizko arauak ezartzea azaroaren 14ko 1632/2011 Errege Dekretua aplikatzeko, zeinek arautzen baitu basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzea, bai hegaztientzako bazkalekuetan bai Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan.
2. artikulua. Definizioak.
Foru agindu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hurrengoetan zehaztutako definizioak hartuko dira kontuan:
–Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legearen 3. artikulua.
–Gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean eman 1069/2009 EE Erregelamenduaren 3. artikulua eta otsailaren 25eko 142/2011 EE Erregelamenduaren I. eranskina.
–Basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzeari buruzko azaroaren 14ko 1632/2011 Errege Dekretuaren 2. artikulua.
–Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 3. artikulua.
2. Orobat, hona hemen beste definizio batzuk:
a) Hegaztientzako bazkalekua: berariaz egokituta dagoen tokia, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko, perimetroan hesitua, haragijale oportunistak joan ez daitezen.
b) Hegaztientzako bazkalekuaren titularra: pertsona fisikoa edo juridikoa, haren funtzionamendu egokiaz arduratzen dena.
c) Merkataritzako agiria: azpiproduktuak garraiatzen diren aldiro eraman beharreko agiria, 1069/2009 EE Erregelamenduaren ezaugarrien arabera.
d) Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua: Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak zaindu eta berreskuratzeko berariaz deklaratutako eremua; haietan baimendu daiteke espezie horiek hegaztientzako bazkalekuetatik kanpo elikatzea tokian tokiko animalien ustiategietatik eratorritako animalia hilen gorpu osoekin edo zatiekin, arriskugarritzat hartutako materiala eduki ala ez, baldin eta zenbait osasun baldintza zorrotz betetzen badituzte. Babes eremu horrek II. eranskineko irizpideak bete behar ditu.
e) Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoa: azaroaren 14ko 1632/2011 Errege Dekretuaren eranskinean zehaztutakoak eta Batzordearen 2011ko otsailaren 25eko 142/2011 EE Erregelamenduaren VI. eranskineko II. kapituluko 2. ataleko 1.a) puntuan zehaztutakoak.
f) Hegazti nekrofagoak elikatzeko Nafarroako sarea: hegaztientzako bazkalekuak eta Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak baimenduak.
g) Abeltzaintzako ustiategi estentsiboak: foru agindu honen ondorioetarako, abeltzaintzako ustiategi estentsiboak izanen dira Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan ondoko sailkapen zooteknikoak dituztenak:
–Behi aziendak: harategitarako ugalketa, zezenketarakoak kanpo utzita.
–Ardi eta ahuntz aziendak:
–Zaldi aziendak: haragitarako ugalketa.
3. artikulua. Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoen elikadura Hegazti nekrofagoak elikatzeko Nafarroako Sarean.
Berariaz baimendu beharko dira, foru agindu honetan zehaztu bezala, hegaztientzako bazkalekuak eta Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuak, titularrak, kudeatzaileak eta haiek erabiltzen dituzten abeltzaintzako ustiategiak.
Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elika daitezke Hegazti Nekrofagoak elikatzeko Nafarroako sarearen bidez, indarreko araudiak baimentzen dituen gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin, baldin eta Abeltzaintza Zerbitzuak baimentzen baditu.
Europar Batasunaren intereseko espezieak elikatzeko materialak abeltzaintzako ustiategi estentsiboetatik etorriko dira, haien osasun historiala dela bide arriskurik ekartzen ez badute animalien edo gizakien osasunerako. Orobat, ez dute ingurumena kutsatzeko arriskurik ekarriko. Ondorio horietarako, ustiategiek baldintza hauek beteko dituzte:
a) B4 edo M4 osasun sailkapena izatea bruzelosirako.
b) T3 osasun sailkapena izatea tuberkulosirako.
c) Entzefalopatia espongiforme kutsagarria dela eta, ustiategiek segimendurik edo murriztapenik ez izatea, eta entzefalopatia espongiforme kutsagarriaren fokurik ez izatea azken bost urtean.
d) Edonola ere, ustiapenek ez dute inolako berariazko neurririk ezarririk izanen abereen mugigarritasuna murriztuta gelditzeko animalien osasuna dela eta.
Arrisku epidemiologikoko egoeretan, osasun arrazoiengatik, Abeltzaintza Zerbitzuak aldi baterako utz dezake indarrik gabe abeltzaintzako ustiategi baten baimena Europar Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak animalien gorpuekin elikatzeko, eta, hala bada, zehaztuko du zer bide erabiliko den haiek deuseztatzeko.
Zenbaitetan, Abeltzaintza Zerbitzuak hiltegietan eta harakindegietan sortutako azpiproduktuak eta basa animalien azpiproduktuak baimentzen ahal ditu, azpiproduktuen ekarpenerako behar osagarrien arabera.
II. KAPITULUA. Gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuak erabiltzeko baimena, Europar Batasunaren intereseko zenbait espezie nekrofago elikatzeko hegaztientzako bazkalekuetan
4. artikulua. Hegaztientzako bazkalekuak.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren, toki entitateen edo ekimen pribatuaren ekimenez sor daitezke hegaztientzako bazkalekuak.
Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko puntu horiek ez dira inolaz ere hartuko gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuak suntsitzeko puntu alternatibotzat.
Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko du hegaztientzako bazkalekuen kopurua, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko beharren arabera.
Bilketaren operadoreak zein partikularrek egin ditzakete ekarpenak hegaztientzako bazkalekuetan, betiere 15. artikuluan garraiorako zehaztutako baldintzak betetzen badira.
5. artikulua. Hegaztientzako bazkalekuak kudeatzeko plana.
Hegaztientzako bazkaleku bakoitzak baimena izanen du urtean azpiproduktuen kilogramo kopuru zehatz bat kudeatzeko. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko du kopuru hori, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoen beharren arabera eta hura kudeaketa planean jasoko da, zein hegaztientzako bazkalekuaren titularrek prestatu beharko baitute, kontuan izanik hornitu beharreko kantitate horiek eta ekarpenerako egutegirik egokiena hegaztientzako bazkaleku bakoitzerako. Halaber, plan horretan jasoko da zein bide erabiliko den hezurren hondarrak deuseztatzeko eta zer neurri aurreikusten den barrutiaren mantentze-lanetarako.
Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia arduratuko da hegaztientzako bazkalekuen jarraipena egiteko, egiaztatuz azpiproduktuen ekarpenak egokiak direla Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoen kontsumorako urteko aldi bakoitzean, eta kudeaketa planean jasotzen diren azpiproduktuen kantitateak handitu eta murriztu ditzake.
6. artikulua. Hegaztientzako bazkalekuak baimentzeko eskaerak.
Hegaztientzako bazkalekuak sortzeko eskaerak Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ondoko agiri hauekin batera:
a) Hegaztientzako bazkalekuaren kudeatzailearen edo arduradunaren izena eta helbidea.
b) Kokapenaren eta eraikuntzaren proiektua, eta planoekin zehaztuko dira haren kokapen geografikoa, koordenatu geografikoak eta sarbideak.
c) Europar Batasunaren intereseko zer espezie nekrofago elikatu gogo den.
d) Haren funtzionamendua eta kudeaketa plana biltzen dituen deskripzio memoria.
e) Gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuen ekarpena egiteko baimena duten establezimenduen edo ustiategien zerrenda, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko, eta zehaztuko dute 3., 2. edo 1. kategoriakoak diren.
f) Aurreikusitako ibilbidea azpiproduktuen abiapuntutik hegaztientzako bazkalekura edo bazkalekuetara.
g) Erabili beharreko garraiobideen deskribapen osatua, baita haiek garbitu eta desinfektatzekoena ere.
h) Azpiproduktuen kudeatzailearen edo arduradunaren konpromiso idatzia, haiek onartzeko.
i) Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoek hegaztientzako bazkalekuan kontsumitu ez dituzten hondarrak kendu, garbitu, desinfektatu eta deuseztatzeko plana.
j) 1. kategoriako behi, ardi eta ahuntzen gorpuak eramanez gero, utzitako gorpuen trazabilitatea bermatzeko eskatzaileak aurreikusitako prozeduraren deskribapen bat erantsi beharko da, ondoko dokumentazioa dakarrena:
–Animalien identifikazioa indarreko araudiarekin bat.
–Behiak 48 hilabetetik gorakoak badira, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren (Animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratu eta kontrolatzeko programa integral koordinatua ezarri eta arautzeko) II. eranskinean aurreikusitako probak egin izana frogatzea, eta proba horien emaitza negatiboa. Gehieneko adin hori zuzenean aldatuko da aipatutako arauan berrikusten bada.
–Ardi-ahuntzak 18 hilabetetik gorakoak badira, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren (Animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratu eta kontrolatzeko programa integral koordinatua ezarri eta arautzeko) II. eranskinean aurreikusitako probak egin izana frogatzea, eta proba horien emaitza negatiboa, haien adinaren arabera eta Batzordearen 2011ko otsailaren 25eko 142/2011 EE Erregelamenduaren VI. eranskineko II. kapituluko 2. atalean aurreikusitako laginketarekin bat. Gehieneko adin hori zuzenean aldatuko da aipatutako arauan berrikusten bada.
–Indarreko araudia betetzeko konpromisoa, aurreko ataletako proben emaitza negatiboa bada.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak txosten loteslea eskatuko dio Abeltzaintza Zerbitzuari eskaera bakoitzerako. Txosten horretan jasoko da hegaztientzako bazkalekua egokitzen den animalien osasunaren arloan, antolamendu zooteknikoaren arloan eta gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuen arloan bete behar diren baldintzetara. Txostenak aldekoa izan behar du baimena emateko.
7. artikulua. Hegaztientzako bazkalekua baimendu eta erregistratzea.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du sei hilabeteko epean, baimenaren prozedura amaituz. Epe hori bukatu eta berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ukatu zaiela ondorioztatzen ahal dute interesdunek. Ebazpen horretan honako hauek adieraziko dira gutxienez:
a) Zaindu gogo den espezieen elikabideei buruzko berariazko neurriak, sasoian sasoiko elikaduraren murriztapenak, produkzioko animalien zirkulaziorako murriztapenak eta pertsonengana edo animaliengana kutsa daitezkeen gaixotasunak kutsatzeko arriskuen kontrolerako beste neurri batzuk.
b) Aurreko letran aipatutako neurriei dagozkien erantzukizunak.
Hegaztientzako bazkaleku baimendunak ofizioz inskribatuko dira Gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuen operadoreen erregistroan.
8. artikulua. Hegaztientzako bazkalekuen administrazioa eta kudeaketa.
Hegaztientzako bazkalekuaren titularra arduratuko da haren kudeaketaz eta administrazioaz eta beharrezko baliabideak erabiliko ditu garraiolariei sarbidea errazteko.
Bilketaren operadoreak, animaliak hegaztientzako bazkalekura garraiatzeko baimendutako partikularrek eta haren titularrak jakinaraziko diote Abeltzaintza Zerbitzuari osasunaren aldetik garrantzizkoa izan daitekeen edozein gorabehera.
9. artikulua. Dokumentazioa.
Operadore batek garraiatzen baditu animalien gorpuak hegaztientzako bazkalekura, merkataritzako agiri bat eraman behar du, Gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko 1069/2009 EE Erregelamenduan zehaztu bezala. Agiriaren kopia bat emanen zaio hegaztientzako bazkalekuaren arduradunari hilabeteko epean.
Abeltzainak egiten duenean garraioa hegaztientzako bazkalekura, VI. eranskinean jasotako agiria bete beharko du. Agiriaren kopia bat emanen zaio hegaztientzako bazkalekuaren arduradunari hilabeteko epean. Jatorrizkoa abeltzainak gordeko du, eta ikuskatzaileei erakutsiko die haiek hala eskatzen diotenean.
Hegaztientzako bazkalekuaren titularrak, operadoreek eta abeltzain baimendunek ikuskatzaileei erakutsiko dizkiete, haiek hala eskatzen dietenean, aurreko paragrafoetako agiriak, animalien gorpuak hegaztientzako bazkalekura garraiatzeko babesa ekarri dutenak.
III. KAPITULUA. Gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuak erabiltzeko baimena zenbait espezie nekrofagoren elikadurarako Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan
10. artikulua. Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuak.
Kontuan izanik zein aberatsa den hegazti nekrofagoen ondarea, nondik nora banatzen diren haien habien koloniak eta nolako mugigarritasuna duten elikagaiak bilatzeko Nafarroa osoan barna, Nafarroako Foru Komunitatea deklaratzean da Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremu, salbu eta Iruña-Noaingo aireportuaren eraginpeko eremuan dauden udalerriak, 22. artikuluarekin bat.
11. artikulua. Abeltzaintzako ustiategiei baimena emateko baldintzak espezie nekrofagoak elikatzeko Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan.
Hurrengo puntuan zehazten diren osasun baldintzak eta baldintza zooteknikoak betetzen dituzten ustiategien titularrek eska diezaiokete Abeltzaintza Zerbitzuari, III. eranskineko eskaeraren bidez, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak haien ustiategietan hiltzen diren ardi, ahuntz, zaldi eta behien gorpuekin elikatzeko baimena, animalia hilak aldez aurretik bildu gabe.
Baimena jasotzeko, ustiategiek ondoko baldintza zoosanitarioak bete behar dituzte:
a) Iruña-Noaingo aireportuaren eraginpeko udalerrien artean ez egotea, 22. artikuluaren arabera.
b) Abeltzaintzako ustiategien erregistro ofizialean inskribaturik egotea, altan daudela.
c) Abeltzaintzako ustiapen estentsiboa egitea.
d) Araudia betetzea aplikatu beharreko antolamenduaren, osasunaren eta animalien ongizatearen arloetan.
e) Animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratzeko programa batetzea, eta, zehatzago, 3454/2000 Errege Dekretuaren II. eranskinean aurreikusitako probak.
f) Albaitaritza ofizialeko zerbitzuen aldian aldiko zaintzapean egotea, osasun publikorako eta animalien osasunerako arriskurik ez dakarrela dioen osasun kalifikazioa edukitzea, eta gaixotasunak kontrolatu, erauzi eta begiratzeko programa nazional edo autonomikoen kontrolpean eta zaintzapean egotea.
12. artikulua. Abeltzaintzako ustiategien betebeharrak.
Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan elikatzeko baimena duten abeltzaintzako ustiategiek gorpuak erregistratzeko liburu bat izanen dute, non jasoko baita, gutxienez, zein den Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko erabiltzen diren animalia hilen identifikazioa, noiz egiten den ekarpena eta zer pisu estimatzen zaien. Liburu hori agintaritza eskudunaren eskura egonen da une oro eta gutxienez 3 urteko epean gorde beharko da, azken ekarpena egiten denetik aurrera.
Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan elikatzeko erabiltzen den gorpuen erregistro liburuak ez du zerikusirik izanen ustiategiak erregistrorako, hilkortasunaren jakinarazpenerako eta gaixotasunen jakinarazpenerako dituen beste betebeharrekin, horiek animalien osasunaren eta antolamenduaren arloetan eskatzen baitira. Erregistro liburuaren diseinua foru agindu honen IV. eranskinean ezartzen da.
Abeltzaintzako ustiategiaren titularrak nahiz lurraren jabeak izanen dute gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuak baimendutako eremuetan behar bezala paratzeko ardura, arriskurik egon ez dadin animalien osasunerako, osasun publikorako eta ingurumenerako. Halaber, kontsumitu gabeko hondarrak kentzeko ardura izanen dute, horiek arriskua ekartzen ahal badute osasunerako edo ingurumenerako.
48 hilabetetik gorako behien heriotzaren kasuan, abeltzainek horren berri eman beharko diote segituan Abeltzaintza Zerbitzuari, laginak hartzeko animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratzeko programarako, eta, zehatzago, 3454/2000 Errege Dekretuaren II. eranskinean aurreikusitako probak egiteko.
Ardien eta ahuntzen ustiategietan, ondorioztatzen bada laginak hartu behar dizkiela 18 hilabetetik gorako animalia hilei animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratzeko programaren arabera, eta zehatzago, 3454/2000 Errege Dekretuaren II. eranskinean aurreikusitako proben arabera, abeltzainek animalia horien heriotzak jakinarazi beharko diote segituan Abeltzaintza Zerbitzuari, laginak hartzeko.
13. artikulua. Gorpuak uzteko lurrek bete beharreko baldintzak.
Gorpuak uzteko lurrak gune soilak izanen dira, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak errazago irits daitezen, eta ondokoetatik urrun egonen dira: hiriguneak, abeltegiak, bideak, mendiko pistak, errepideak, lur azpiko eta lur gaineko ur-lasterrak, hezeguneak, leizeak, dolinak, bazkalekuak, askak edo abereen elikadura osagarriko tokiak, linea elektrikoak, aerosorgailuak, aireportuak, aerodromoak eta pertsonei, animaliei eta ingurumenari arriskuak ekar diezazkiekeen beste edozein leku, II. eranskinean jasotakoaren arabera.
14. artikulua. Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan ustiategiei baimena emateko ebazpena.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak, Abeltzaintza Zerbitzuak aurretik aldeko txostena egin ondoren, baimena emateko ebazpena emanen du Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan kokatutako abeltzaintzako ustiategiak gorpuak uzteko eta sei hilabeteko epean jakinaraziko du gehienez ere, baimenaren prozedura amaituz.
Epe hori bukatu eta berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ukatu zaiela ondorioztatzen ahal dute interesdunek.
Baimena zuzenean berrituko da urtetik urtera, baldin eta foru agindu honetako baldintzak betetzen badira.
IV. KAPITULUA. Prozedura orokorrak aplikazio eta kontrolerako
15. artikulua. Garraioa.
1. Kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuak bildu eta garraiatzeko operadore batek egiten badu garraioa hegaztientzako bazkalekura, operadorea baimenduta eta erregistratuta egonen da, eta hegaztientzako bazkaleku bakoitzaren kudeaketa planetara egokituko da. Halaber, bilketaren, garraioaren eta hegaztientzako bazkalekuetara eramatearen prozesu osoaren trazabilitatea bermatzeaz arduratuko da. Gorpuak garraiatzeko ibilgailuek indarreko araudia bete behar dute animalien azpiproduktuak garraiatzeari dagokionez.
2. Abeltzaintzako ustiategiaren arduradunak garraiatzen baditu gorpuak abeltzaintzako ustiategitik hegaztientzako bazkalekura edo Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetara, bere ibilgailuetan edo edukiontzietan eramanen ditu, isuririk egin gabe, eta aldiro garbitu eta desinfektatu beharko dira.
16. artikulua. Txostena egiteko betebeharrak.
Hegaztientzako bazkalekuaren titularrak txosten bat igorriko dio Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari urtero. Bertan jasoko da zein egunetan, zein azpiproduktu mota eta zenbat eraman diren hegaztientzako bazkalekura. Txosten hori urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da.
Espezie nekrofagoak elikatzeko programari atxikitako ustiategien titularrek Abeltzaintza Zerbitzuari igorriko diote, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehenago, ustiategiko zentsuen aitorpenaz gain, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremura edo hegaztientzako bazkalekura eramandako ekarpenen urteroko laburpen bat, biomasa osoaren datuak (kg) dakartzala, animalia espeziearen arabera bereizita.
17. artikulua. Erregistroa.
Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak erregistro eguneratua izanen du hegaztientzako bazkalekuei emandako baimenekin, foru agindu honetan xedatuarekin bat.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia erregistro eguneratua izanen du Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan kokatutako ustiategiei emandako baimenekin.
18. artikulua. Ikuskatzea eta kontrola.
Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko sareak Nafarroan zuzen funtzionatzeko eta animalien osasunerako, osasun publikorako, bazka sarearen segurtasunerako eta ingurumenerako arriskurik ez egoteko, basa fauna zaintzearen eta animalien osasunaren arloetan eskumenak dituzten zuzendaritza nagusiek beharrezko ikuskapenak eginen dituzte, ikusteko hegaztientzako bazkalekuen titularrek eta arduradunek eta Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan kokatuta dauden ustiapenetakoek betetzen dituzten baldintzak eta betebeharrak.
Animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratzeko programa betetzeko aurreikusten diren laginak, 12. artikuluan aipatuak, Abeltzaintza Zerbitzuak izendatutako teknikariek hartuko dituzte, eta zehazten den tasa aplikatuko da, ustiategiaren titularrak ordaindu beharrekoa.
19. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea.
Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan animalien gorpuak uzteko eskaerak urte osoan aurkeztu ahal izanen dira.
20. artikulua. Jarraipen batzordea.
Animalien gaixotasunak desagerrarazteko plan nazionalen jarraipen batzordeak osatzen duten berberek eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari batek osatuko dute Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak Nafarroan elikatzeko programaren jarraipen batzordea.
Jarraipen batzordeak begiratuko du foru agindu hau zuzen aplikatzen dela, eta haren aplikazioak ekar ditzakeen problemak konponduko ditu.
21. artikulua. Baimena indarrik gabe uztea edo errebokatzea.
7. eta 14. artikuluen arabera emandako baimenak indarrik gabe utz daitezke kautelaz eta segituan, baldin eta hura ematea ekarri zuten inguruabarrak desagertzen badira, edo aplikatzeko araudiaren ondoriozko betebeharrak konplitzen ez badira.
Horren ondoren, baimena ustez errebokatzeko beharrezko espedientea irekiko da, eta interesdunak entzunaldia izanen du.
Hona hemen arrazoiak baimena kautelaz indarrik gabe uzteko eta errebokatzeko:
a) Susmatu edo egiaztatzen bada entzefalopatia espongiforme kutsagarria kutsatzeko aukera badela abeltzaintzako ustiategi batean, animalia talde batean edo eremu batean, eta baimena horretarako lortu bada, arriskua baztertzeko moduan dagoen arte.
b) Susmatu edo egiaztatzen bada pertsonei edo animaliei kutsatzen ahal zaien gaixotasun bat piztu dela abeltzaintzako ustiategi batean, animalia talde batean edo eremu batean, eta baimena horretarako lortu bada, arriskua baztertzeko moduan dagoen arte.
c) Azaroaren 14ko 1632/2011 Errege Dekretuan eta foru agindu honetan aurreikusitako edozein arau betetzen ez bada.
d) Eragin kaltegarriak atzematen badira espezie nekrofagoen gainean (hala nola elektrokuzioak, talkak linea elektrikoen kontra, ezbeharrak airesorgailuekin), edo bestelako eragin txarrak ingurumenaren, animalien osasunaren edo osasun publikoaren gainean.
e) Ikusten bada desoreka nabarmena dagoela eramaten diren gorpuen eta Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoek kontsumitzen dituztenen artean, ekarpenak gehiegizkoak izateagatik edo eskualdean dauden espezieen populazioak aldatzeagatik.
f) Baimendutako ustiategien osasun baldintzak eta baldintza zooteknikoak aldatu edo galtzeagatik.
22. artikulua. Iruña-Noaingo aireportuaren eraginpeko eremua.
Foru agindu honen V. eranskinean zehazten diren udalerriak, Nafarroako Gobernuak 2000ko abuztuaren 28an egin bilkuran zehaztu zuen bezala, ezin izanen dira Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremu deklaratu, eta haietan ezin izanen da hegaztientzako bazkalekurik baimendu.
Aireportuaren eraginpeko udalerrietan dauden abeltzaintzako ustiategi guztiak beharturik daude baimendutako kudeatzaile bati ematera haietan hiltzen diren animalien gorpuak.
23. artikulua. Zehapen araubidea.
Foru agindu honetan xedatua betetzen ez bada, ondoko hauetan arau-hauste eta zehapenei buruz ezarritako araubidea aplikatuko da, galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizun zibilak, ingurumenekoak, penalak edo bestelakoak: Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legea, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legea, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea, Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorra.
Lehen xedapen gehigarria.–Eskaerak aurkezteko lehendabiziko epea Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko araubideei atxikitzeko.
19. artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, hiru hilabeteko epea ezartzen da eskaerak aurkezteko, foru agindu honek indarra hartzen duen egunetik hasita, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko araubideei atxikitzeko.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak, Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoek behar zehatzik edo puntualik badute, gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuak hornitzen ahalko ditu hegaztientzako bazkaleku baimendunetan, kudeaketa plana osatzeko, hegaztientzako bazkalekuaren titularrak berariaz baimendu ondoren eta Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan, betiere. Urtero, Abeltzaintza Zerbitzuari jakinaraziko zaio aparteko ekarpen horien emaitza.
Xedapen Iragankor Bakarra. Foru agindu honek indarra hartu aurretik baimendutako hegaztientzako bazkalekuak.
Foru agindu hau argitaratu aurretik baimendu ziren hegaztientzako bazkalekuek, baimenaren baldintzak aldatu nahi badituzte, foru agindu honetan xedatu bezala eskatu beharko dute.
Xedapen Indargabetzailea. 259/2006 Foru Agindua indarrik gabe uztea.
Indarrik gabe gelditzen da ekainaren 27ko 259/2006 Foru Agindua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko hegazti haratusteljaleentzako bazkatokien sarea sortu eta bere funtzionamendurako arauak ematen dituena.
Azken Xedapenetan Lehena. Indarra hartzea
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Hegaztientzako bazkalekuak eraikitzeko eskakizunak
1. Kokapena tentuz hautatu behar da; halatan, leku bikaina izanen da hegazti nekrofagoak ailegatzeko eta hegan hasteko, esan nahi baita, lekuak zabalak izanen dira, lehentasunez hegalean kokatuak, nolabaiteko malda dutenak.
2. Eremu itxi eta hesitu bat egokituko da, haragijale oportunistek elikagaia hartzeko aukerarik izan ez dezaten. Bihurdura bakuneko sare metalikoa erabiliko da zehazki, altu eta lurzoruaren mailaren azpitik. Hesia paratuko da halako eran non hegazti nekrofagoek ez baitute oztoporik izanen hegan ibiltzeko.
3. Instalazioan sarrera bakarra egonen da, giltzaz itxiko dena. Hesi kanadarra izanen du, aldatua profilen artean ohi baino tarte handiagoa uzteko, barnean aziendarik edo zakurrik sar ez dadin. Hesi kanadarraren lubakiak albo batean gutxienez irteera bat duela diseinatuko da, heriotza ekar ez diezaion anfibioei, narrastiei eta ugaztun txikiei.
4. Ahal den azalera handiena hesituko da, kontuan izanik aukeran hobea dela maldak egotea, hegazti nekrofagoak errazago atera daitezen instalaziotik. Erreferentziako azalera hektarea batekoa izanen da, baina aldatzen ahalko da kokapen bakoitzaren ezaugarrien arabera.
5. Instalazioaren barnea gehienbat zuhaitzik gabea izanen da. Orobat, zuhaixkak ez dira gehiegizkoak izanen. Hori guztia, hegazti nekrofagoek azkar har ditzaten elikagaiak.
6. Instalazioak sarbide bat eduki behar du, elikagaiak urte osoan garraiatzeko modukoa. Deskargatzeko eremua halako eran egonen da diseinaturik non ibilgailutik gorpuak botatzen ahalko baitira animalien gorpuzkien gainetik pasatu beharrik gabe.
7. Bazkalekua behar bezala seinaleztaturik egonen da, eta hau adierazi beharko da:
–Haren jabetza.
–Onartzen diren azpiproduktuen esklusibotasuna.
–Animalia hilak botatzeko tokiak.
–Beste informazio egoki batzuk.
8. Hegaztientzako bazkalekua kokatzeko puntua gutxienez 500 metrora egonen da abeltzaintzako eraikuntzetatik, herri eta hirietatik eta bizilekurako eraikuntzetatik. Haren kokapenak ez du kalterik ekarriko, inondik inora, osasun publikorako, animalien osasunerako edo ingurumenerako.
9. Nafarroako Gobernuaren 2000ko abuztuaren 28ko Erabakia errespetatu beharko da, eta aireportuaren eraginpeko eremuan ezin izanen zaie elikagai osagarririk eman hegazti nekrofagoei. Era berean, segurtasunaren gutxieneko tarteak errespetatuko dira aerodromoetatik eta agintaritza eskudunek zehazten dituzten bestelako aireko edo lurreko garraiobideetatik.
10. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen tarteak errespetatuko dira instalazio elektrikoetatik, eolikoetatik edo hegazti nekrofagoei arriskua ekar diezaieketen bestelakoetatik.
II. ERANSKINA. Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan gorpuak uzteko baldintzak
–Hegazti nekrofagoak aise iristeko eta hegan abiatzeko tokietan paratuko dira, landare itxiko eremuetatik kanpo (basoetatik eta sasitza sarrietatik kanpo).
–Ibaiak eta errekak 50 metrotik gora egonen dira, abiapuntua izanik gehieneko uholde arruntaren hasiera.
–50 metrotik gora idoietatik eta hainbat hezegunetatik, batik bat Nafarroako hezeguneen inbentarioan jasotzen diren horietatik.
–200 metrotik gora abereei elikagai osagarriak emateko ohiko puntuetatik eta errepideetatik, 30 metrotik gora hesietatik, eta 10 metrotik gora lurzatien ertzetatik.
–70 metrotik gora leizeetatik eta dolinetatik.
–500 metrotik gora biziguneetatik eta 200 metrotik gora sakabanatutako etxebizitzetatik eta animalien tegietatik.
–500 metrotik gora linea elektrikotik, kableak isolaturik ez badute.
–1.000 metrotik gora airesorgailuetatik.
III. ERANSKINA. Behi, zaldi, ardi eta ahuntzen gorpuak uzteko baimenaren eskaera, hegazti nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan.
BAIMENA ESKATZEN DUEN USTIATEGIAREN DATUAK | ||||||||||
Ustiategiaren/produkzio unitatearen titularra: | ||||||||||
Erregistro zk. (Abeltzaintzako ustiategien erregistroa): |
Titularraren NANa: | |||||||||
Helbidea: |
Herria: |
Posta kodea: | ||||||||
Helbide elektronikoa: |
Telefonoa: |
Sakelakoa: | ||||||||
Espeziea (espezie nagusia markatu) |
ZALDIAK |
|
BEHIAK |
|
ARDIAK |
|
AHUNTZAK |
| ||
GORPUAK UZTEKO TOKIAREN KOORDENATU GEOGRAFIKOAK | ||||||||||
x: |
y: |
Koordenatu horiek informazio modura biltzen dira. Gorpuak uzteko ematen den baimenak ez du ekarriko aipatutako puntu geografikoak aitortzea edo baliozkotzea. | ||||||||
x: |
y: | |||||||||
x: |
y: | |||||||||
Ustiategiaren titularra arduratuko da eskaera honen konpromisoetan biltzen diren tarteak betetzeaz. | ||||||||||
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Aginduarekin bat, zeinek basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzea eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautu, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoek elikatzeko babes eremua ezarri eta funtzionamendurako arauak zehazten baititu.
ADIERAZTEN DUT: Abeltzaintzako ustiategi estentsibo baten titularra naiz,
ESKATZEN DUT: Aipatutako espezieen gorpuak uzteko baimena, foru agindu horretan garraioaren biosegurtasunerako zehazten diren baldintzak betez.
HITZEMATEN DUT: Gorpuak uzteko tarte hauetara:
–Hegazti nekrofagoak aise iristeko eta hegan abiatzeko tokietan paratuko dira, landare itxiko eremuetatik kanpo (basoetatik eta sasitza sarrietatik kanpo).
–Ibaietatik eta erreketatik 50 metrotik gora egonen dira, abiapuntua izanik gehieneko uholde arruntaren hasiera.
–50 metrotik gora idoietatik eta hainbat hezegunetatik, batik bat Nafarroako hezeguneen inbentarioan jasotzen diren horietatik.
–200 metrotik gora abereei elikagai osagarriak emateko ohiko puntuetatik eta errepideetatik, 30 metrotik gora hesietatik, eta 10 metrotik gora lurzatien ertzetatik.
–70 metrotik gora leizeetatik eta dolinetatik.
–500 metrotik gora biziguneetatik eta 200 metrotik gora sakabanatutako etxebizitzetatik eta animalien tegietatik.
–500 metrotik gora linea elektrikotik, kableak isolaturik ez badute.
–1.000 metrotik gora airesorgailuetatik.
Animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratzeko programa betetzeko, eta, zehatzago, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren II. eranskinean aurreikusitako probak, eta segituan eta Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako moduan jakinarazteko animalien heriotzak, laginak hartzen lagunduz eta erraztuz.
.................(e)n, 201...(e)ko .............aren ..............(e)an.
Eskatzailea: .............................. Eskatzailearen NANa: ...............
Sinadura: ..................
IV. ERANSKINA. Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan baimendutako ustiategietan bildu gabeko gorpuak erregistratzeko liburua
DATA |
ESPEZIEA |
ANIMALIEN KOPURUA |
PISUA, GUTXI GORAB. |
ENTZEFALOPATIA ESPONGIFORME KUTSAGARRIEN PROBA |
EMAITZA |
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
V. ERANSKINA. Iruña-Noaingo aireportuaren eraginpeko eremuan dauden udalerrien zerrenda (Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetatik bazter)
–Añorbe.
–Aranguren.
–Artaxoa.
–Artazu.
–Barañain.
–Barasoain.
–Beraskoain.
–Beriain.
–Bidaurreta.
–Biurrun.
–Burlata.
–Zizur Nagusia.
–Zizur Txikia.
–Etxarri.
–Etxauri.
–Eguesibar.
–Elortzibar.
–Eneritz.
–Esteribar.
–Ezporogi.
–Galar.
–Garinoain.
–Girgillao.
–Uharte.
–Ibargoiti.
–Legarda.
–Leotz.
–Lizoain.
–Mendigorria.
–Elo.
–Muruzabal.
–Noain.
–Obanos.
–Orkoien.
–Orisoain.
–Iruña.
–Gares.
–Puiu.
–Tafalla.
–Tebas-Muru Artederreta.
–Tirapu.
–Ukar.
–Untziti.
–Untzue.
–Urrotz.
–Uterga.
–Zabaltza.
VI. ERANSKINA. Animaliak hegaztientzako bazkalekuetara eramateko agiria
ANIMALIEN JATORRIZKO USTIATEGIAREN DATUAK | |
Ustiategiaren titularra: | |
Erregistro zk. (Abeltzaintzako ustiategien erregistroa): |
Titularraren NANa: |
Herria: |
Udalerria: |
Espezie bakoitzetik garraiatutako animalien kopurua zehaztu |
ZALDIAK |
|
BEHIAK |
|
ARDIAK |
|
AHUNTZAK |
|
Animalien pisua gutxi gorabehera: |
Zaldiak: |
Behiak: |
Ardiak |
Ahuntzak | ||||
48 hilabetetik gorako behi hauen gorpuetatik, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren (Animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak begiratu eta kontrolatzeko programa integral koordinatua ezarri eta arautzeko) II. eranskinean aurreikusitako laginak hartu dira. 48 hilabetetik gorako behien krotaloak. Krotaloa: .............................................................. Krotaloa: .............................................................. Krotaloa: .............................................................. |
DESTINOKO HEGAZTIENTZAKO BAZKALEKUAREN DATUAK | |
Hegaztientzako bazkalekuaren titularra: | |
Baimenaren zenbakia: |
Titularraren IFZ/IFK: |
Herria: |
Udalerria: |
..................(e)n, 201...(e)ko ....................... aren ..... (e)an Sinadura: .................. VII. ERANSKINA. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetatik kanpo utzitako udalerriak. Hegazti nekrofagoak erakar ditzaketen animalien gorpurik ez agertzeko, komunikazioak hobetzeko, eta aireko garraioan gorabeherarik eta istripurik gerta ez dadin, Oloritz eta Adios udalerriak ezin izanen dira espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremu deklaratu. Era berean, udal mugape horietan ez da hegaztientzako inolako bazkatokirik baimenduko, eta bertan kokatuta dauden abeltegi guztiek kudeatzaile baimendu bati eman beharko dizkiote beren ustiategietako animalien gorpuak. |