Castellano | Euskara | Français | English
(2001eko 13. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 29an)
Atarikoa
Abereen entzefalopatia espongiforme kutsagarrien zainketa eta kontrolerako plan integral koordinatua sortu eta arautzen duen abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuak xedatu du hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntz guztiek ziurtagiri bat eduki behar dutela, gutxienez XI. eranskinean ageri diren datuak bilduko dituena.
Lehendakaritzako Ministerioak, 2001eko urtarrilaren 12ko Aginduaren bidez, aldatu egin du eranskin hori eta orain, abeltegiko albaitariak izenpeturiko ziurtagiriaren ordez abeltegiko arduradun edo jabearen baimena eta haren adierazpena behar dira.
Nafarroako Foru Komunitateko hiltegietara eramatekoak diren behi, ardi eta ahuntzendako abeltegiko arduradun edo jabearen osasun baimenaren eta haren adierazpenaren ereduak onetsi behar dira eta zehaztu, halaber, zer kontu bildu beharko diren gizakiek jatekoa den haragi freskoa ematen duten abereen osasungarritasuna hobeki bermatzeko.
Nafarroako Gobernuak, 2001eko urtarrilaren 22ko bilkuran, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 15ko 11/2000 Foru Legeko 19. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako artikuluetan aipatzen diren aurreikuspenak aplikatzea erabaki zuen. Aurreikuspen horiek sorlekua Nafarroako abeltegietan duten behi, ardi eta ahuntz guztiei dagozkie, Nafarroako hiltegietara eramatekoak badira, abenduaren 22ko 3454/2000 Errege Dekretuaren arabera abere espezie horiei aplikatu behar zaizkien aurreikuspenak deusetan galarazi gabe, bidezko badira.
Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialari eta Nafarroako Foru Komunitateko abeltzain batasunei entzutea eman zaie.
Horrenbestez, agindu dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitateko hiltegietara eraman eta gizakiek jatekoak diren behi, ardi eta ahuntzen osasun baimenaren eredua onestea, Foru Aginduko eranskinean agertu bezala.
Bigarrena
Aurreko idatz-zatian aipatzen den osasun baimena betearazteko, Foru Agindu honetako eranskinean agertu bezala, aldi baterako eta hau garatzeko xedapenak eman arte, gaitu egiten dira lanbide horretan legezko moduan diharduten albaitari guztiak. Hala ere, Albaitarien Elkargo Ofizialak proposatuko du gaituriko albaitarien behin betiko zerrenda, abeltegiko jabea eta albaitaria bat datozela.
Hirugarrena
Lehendakaritzako Ministerioak 2001eko urtarrilaren 12an eman zuen Aginduko II. eranskinean aipatzen den abeltegiko arduradun edo jabearen adierazpenaren ordez, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 26ko 11/2000 Foru Legeko 20. artikuluan aipatzen den agiri erraztua aurkezten ahalko da, Nafarroako abeltegietatik Foru Komunitateko bereko hiltegietara eramaten diren abereen kasuan.
Laugarrena
Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialari esku ematen zaio Foru Agindu honetako eranskinean ageri den baimenaren eredua zabaltzeko.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA
Saila: .......... Zenbakia (1): ..........
Hiltegietarako eraman eta gizakiek jatekoak diren behi, ardi edo ahuntzendako osasun baimena
.................. j/ak, ................ NAN duenak, ...................... j/a.ren abeltegiko albaitari ofizial/gaitua denak (2), Nafarroako Elkargo Ofizialean ... zenbakiarekin kolegiaturik dagoenak,
ZIURTATZEN DU:
..............(e)k (3), bazterrean aipatzen den identifikazioa dutenek, ....... hiltegira eramatekoak direnek.
Ez dutela 147/1993 Errege Dekretuko 5.1.a.1 artikuluan ziurtagiri honen xede diren espezieei dagokienez aipatzen diren gaixotasun infektokutsagarrien sintoma klinikorik edo zantzurik ez eta entzefalopatia espongiforme kutsagarriak deritzen gaixotasunei loturiko alterazio neurologikoaren sintoma nabaririk ere.
Abeltegiko arduradun/jabearen adierazpena eransten da, behar bezala betea (4)
Eta beraz hiltegira eramatekoak dira.
.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Izenpetua:
Abereak identifikatzeko kodeen zerrenda (5)
(1) Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialeko kodeen arabera.
(2) Ezabatu bidezko ez dena.
(3) Zenbat abere eta zer espezietakoak.
(4) Nafarroako abeltegietatik Foru Komunitateko bereko hiltegietara eramaten diren abereen kasuan, adierazpen honen ordez Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeko 20. artikuluan aipatzen den agiri erraztua aurkezten ahalko da.
(5) Ezabatu erabiltzen ez direnak.
Agiri honek bost egunerako balio du.