Castellano | Euskara | Français | English
(1991ko 67. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 27an)
Atarikoa
Nafarroako etxebizitza sektoreari laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 8ko 45/1990 Foru Dekretuak, bere zehaztapenen artean, entitate lokalei maileguak emateko aukera bildu zuen, egoitzazko lurzorua sustatzekoaz gain, planeamendurako beharrezkoak diren sistema orokorrak erdiesteko ere parada emango duelarik.
1991ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, otsailaren 26ko 5/1991 Foru Legearen bidez onetsiek, aurrekontu atal bat ezarri dute entitate lokalek, desjabetzapen edo erosketaren bitartez, lurrak eskura ditzaten.
Lege manamendua betetzeko xedez, beharrezkoa da laguntza berrien eskualdaketa ahalbideratuko duten betebehar eta funtsezko baldintzak ezartzen dituen arautegi-xedapena onestea. Laguntza horiek diruzkoak izango dira, eta ez lehenago bezala maileguzkoak (beronek, zalantzarik gabe, erraztu egiten du laguntza horien jarraipenaren administrazio kudeaketa), hirigintza kudeaketaren barrutiko eskumenen jabeak diren entitate lokalentzat, alegia, Udalentzat.
Horiek horrela, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariaren proposamenez, eta mila bederatziehun eta laurogeitamaikako maiatzaren bederatzian Nafarroako Gobernuak egindako bilkuran harturiko erabakiaren arauera, dekretatu dut:
1. artikulua
1. Nafarroako Udalek Foru Dekretu honetan aurrikusten diren baldintzen arauera eskatu ahal izango dizkiote Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuari, hirigintza planeamenduak espreski sistema orokor bezala kalifikatzen dituen lurrak eskuratzera emandako diru-laguntzak. Sistema orokor horiek ondoko zenbakian aurrikusten diren erabilpenen bat izan beharko dute.
2. Diru laguntzarik hartu ahal izango duten sistema orokorrak honako hauek izatera emandakoak dira:
a) Plazak, lorategiak eta hiriko parke publikoak.
b) Zuhaiztia izatera emandako eremu publikoak, hiri sarean kokaturik edo berarekin zuzenean loturik daudenean.
c) Jabetza publikopeko ekipamendu komunitarioak, hau da, Udalerriaren interes orokorraren garapen hoberako beharrezkoak diren administrazio, kultura, kirol, irakaskuntza, osasun, laguntza, hilerri eta bestelakoetarako erabilpenak izatera emandakoak.
2. artikulua
Diru-laguntzak jasotzeko, ondoko baldintzak bete beharko dira:
a) Udal eskatzaileak Plan Orokorra edo indarrean dauden Arau Subsidiarioak izatea.
b) Planeamenduan aurrikusitako iharduketa sistema, desjabetza edo zuzeneko erosketa izatea.
c) Sistema orokorra izatera emandako lurrak, hirigintza legeriaren arauera, derrigorrezko eta doako lagapenetik ez etortzea.
3. artikulua
Diru-laguntzek honako zenbatekoa izango dute:
a) Lurren kostoaren ehuneko hirurogeitamarra iharduketako eta Udaleko, Iruña eta Tutera ezik, eta gehienez hiru milioi pezeta.
b) Iruñean eta Tuteran, Nafarroako Gobernuaren eta kasuan kasuko Udalaren artean, lurzoru eta etxebizitza alorrean izenpetuko diren hitzarmenetan zehaztuko den portzentaia.
4. artikulua
1. Interesdun Udalek Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuari zuzenduko dizkioten eskabideek honako hau agertu beharko dute:
a) Udalaren Osoko Bilkuraren erabakia, diru-laguntza eskatzen duena.
b) Sustatzeko gai den iharduketaren datu ziurtatzaileak, eta hauekin batera, kokapen planoak, hirigintza datuak, erosiko diren lurren azalera, jabeen zerrenda, hirigintza planeamenduari buruzko arauteriarekiko aipamena, iharduketaren helburua, eta lortu nahi den iharduketa oso osorik ezaguteraziko duen beste edozein ezaugarri.
c) Salerosketa kontratuan, salerosketarako hitz ematean edo Udalaren aldeko erosketa aukeran isladatzen den eragiketaren kostoa.
d) Aurrikusitako iharduketa-egutegia.
2. Agiriak aztertuta, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariak Foru Agindua emango du, hala badagokio, diru-laguntza esleitzeko.
5. artikulua
1. Udalek diru-laguntzek hasieran zeuzkaten helburuak ez diren bestelakoetarako edo behar ez den bezala erabiltzeak laguntza horien deuseztapena ekarriko du, eta horrela balitz, ordurarte jasotako guztiak, dagokion legezko interesarekin batera, itzuli beharko lizkiokete Nafarroako Gobernuari.
2. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuaren zeregina izango dira deuseztapen espedienteen ikuskaketa eta instrukzioa, eta hala badagokio, aurreko zenbakia ezartzeagatik diru-laguntzen itzulketa ere.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Dauden aurrekontuen erabilgarritasunak mugatuko du diru laguntzen kopurua eta zenbatekoa aurrekontu ekitaldi bakoitzean.
Xedapen Iragankor Bakarra
Sistema orokorrak izatera emandako lurrak erosteko aurkeztu diren laguntza eskabideak, bai eta Foru Dekretu honek indarra hartu baino lehen, martxoaren 8ko 45/1990 Foru Dekretuaren arauera, Kontzejuek edo Udalek ebatzi ez dituztenak ere, Foru Dekretu honetan ezarritakoari jarraituko diote, lehenago eskatu dituzten Kontzejuei eman ahal izango zaielarik.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indargabe geratu dira martxoaren 8ko 45/1990 Foru Dekretuaren manuak, hau da, sistema orokorrak izatera emandako lurrak erosteko maileguak esleitzeari buruzkoak.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa
Ahalmena esleitzen zaio Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko beharrezko diren xedapenak emateko.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.