(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

12/2007 FORU DEKRETUA (indargabetua)

12/2007 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 16KOA, NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN DEPARTAMENTUEN EGITURA EZARTZEN DUENA

(2007ko 102. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 17an)

Atarikoa

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluan ezartzen denez, lehendakariaren eskumen eta eginkizunetako bat da Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, bateratu eta kentzea da, eta bakoitzaren izena eta eskumen-esparrua zehaztea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 19.2 artikuluan ezartzen denez, berriz, departamentuak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, hala nola departamentu bakoitza eskumeneko jarduera administratiboaren zein sektoretan arituko den finkatzea, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio eta foru dekretu bidez egin beharko du.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren babesean, dekretatu dut:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu egitura.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa departamentu hauetan antolatuta dago:

-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.

-Ekonomia eta Ogasun Departamentua.

-Erakundeekiko Harremanetarako eta Eledunaren Departamentua.

-Toki Administrazioko Departamentua.

-Hezkuntza Departamentua.

-Osasun Departamentua.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua.

-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua.

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.

-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua.

2. Departamentu egitura berriaren ondorioz eta horren garapenerako onetsiko diren foru dekretuetan, egitura organikoari buruzkoetan, ezarriko diren doikuntzak eta zehaztapenak ukatu gabe, adierazitako departamentuetako bakoitzak izanen duen eskumen-esparrua hurrengo artikuluetan ezartzen da.

2. artikulua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren eskumen esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak baliatuko ditu: lehendakariari, Gobernuari eta Koordinazio Batzordeari laguntzea; Gobernuko Idazkaritza; departamentuen arteko koordinazio juridikoa eta administratiboa; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen administrazioa antolatu, modernizatu eta erraztea; administrazio elektronikoaren ezarpena eta garapena; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen informazio sistemak eta aplikazio informatikoak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen azpiegitura eta euskarri teknologikoak; zerbitzuen kalitatea; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa; Foru Komunitatearen aholkularitza juridikoa eta judizioetako ordezkaritza eta defentsa; foru zuzenbide zibila eta Nafarroako Zuzenbidea oro har sustatzea; herritarren parte-hartzea eta herritarrentzako laguntza; hauteskunde prozesuak; funtzio publikoaren arloan Nafarroako Gobernuaren politika proposatu eta gauzatzea; segurtasun publikoa: herritarren segurtasuna, trafiko eta zirkulazioko polizia, bide segurtasuna, herritarren babesa eta larrialdietarako laguntza, su-itzaltzea eta salbamendua; joko eta ikuskizunak; Nafarroako Justizia Administrazioa modernizatzea; neurriak hartzea herritarrek tutoretza judizial eraginkorra lor dezaten; delituen biktimei laguntzea; eta delitugileak birgaitu eta gizarteratzea; bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskurantzak ere.

3. artikulua. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baliatuko ditu: ogasun publikoa; jarduera ekonomikoaren plangintza eta programazioa; aurrekontuen plangintza eta prestakuntza eta kontrol ekonomiko-finantzarioa; politika finantzarioa eta Estatuarekin eta gainerako administrazio publikoekin koordinazio ekonomikoa izatea; ondarea; estatistika; Europako aferak eta haren politiken jarraipena egitea, bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskurantzak ere

4. artikulua. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak baliatuko ditu: Parlamentuarekiko eta Foru Komunitateko, Espainiako eta Europako beste erakunde batzuekiko harremanak; Nafarroako Gobernuaren erakunde irudia babestu, garatu eta sustatzea; politika informatiboaren koordinazioa; hedabideak; immigrazio politiken koordinazioa; Foru Komunitatetik kanpo bizi diren nafarrekiko eta Nafarroako Etxe eta Zentroekiko koordinazioa, eta, orobat, Gobernuaren eledunaren eginkizunak.

5. artikulua. Toki Administrazioko Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako Toki Administrazioaren arloan bereganatutako eskumenak Toki Administrazioko Departamentuak baliatuko ditu, bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskurantzak ere.

6. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak unibertsitateko zein unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren eta hizkuntza politikaren arloetan bereganatutako eskumenak Hezkuntza Departamentuak baliatuko ditu, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskurantzak ere.

7. artikulua. Osasun Departamentuaren eskumen-esparrua.

Osasun Departamentuaren eskumena da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ondokoen gainean esleitutako eskurantzak baliatzea: osasun publikoa; lan osasuna; osasun laguntza eta osasuna babesteari buruzko eskubideak bermatzea, bai eta xedapen indardunek egozten dizkioten gainerako eskurantzak ere.

8. artikulua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak nekazaritzaren, abeltzaintzaren, elikaduraren, landa garapenaren, ingurumenaren babesaren eta zainketaren eta baliabide hidrikoen arloetan bereganatutako eskumenak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baliatuko ditu, bai eta indarreko xedapenetan emandako gainerako eskurantzak ere.

9. artikulua. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak baliatuko ditu: familia; kontsumoa; adingabeen babesa; kirola; gazteria; gizonen eta emakumeen arteko berdintasun politikak; garapenerako nazioarteko lankidetza; gizarte gaiak, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskurantzak ere.

10. artikulua. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren eskumen-esparrua.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari dagokio kultur ondarea babestu eta handitzeari, herritarrei kulturara sarbidea izateko erraztasunak emateari eta Nafarroako turismo sektorea bultzatzeari buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitutako eskumenak erabiltzea, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskurantzak ere.

11. artikulua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak baliatuko ditu: Nafarroako errepide sarea proiektatu, egin, zaindu, ustiatu eta defendatzea; interes orokorreko obra hidraulikoak, trenbideetakoak eta aireportuetakoak edo agintzen zaizkion antzeko obrak kudeatzea; geologia eta geoteknia; kartografia; garraioari buruzko politika planifikatu, koordinatu eta gauzatzea, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskurantzak ere.

12. artikulua. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baliatuko ditu: lurralde antolamendua eta hirigintza; eraikuntzen kalitatea kontrolatu eta sustatzea; etxebizitza eskuratzeko bideak sustatzea eta etxebizitzetarako lurzoruaren merkatuan esku hartzea, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskurantzak ere.

13. artikulua. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren eskumen-esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak baliatuko ditu, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskurantzak ere: industria, energia eta meatzaritza; industria eta merkataritza jardueraren sustapena; garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren sustapena; informazioaren gizartea sustatzea; energiaren eta meategietako baliabideen kontrola; energia berriztagarriak sustatzea; barne merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea; kanpo merkataritzaren eta Nafarroako enpresak nazioartera ateratzearen sustapena; lan harremanak eta ekonomia soziala sustatu eta antolatzea; enplegua lortzeko politika aktiboak eta lan bitartekotza sustatzea.

Lehenengo xedapen gehigarria. Lege erreferentziak.

Indarra duen antolamendu juridikoaren erreferentzia organiko eta funtzionalak Nafarroako Gobernuaren lehendakariak emandako foru dekretu honetan bere gain hartzen dituzten eskumen-esparruen arabera ezarritako departamentuei dagozkiela ulertzen da.

Bigarren xedapen gehigarria. Lehentasunak.

Nafarroako Foru Komunitateko lehentasun araubidearen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako foru dekretu honen 1. artikuluan ezarritakoa izanen da departamentuen ordena.

Lehen xedapen iragankorra. Kreditu egozpena.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako foru dekretu honek indarra hartzen duenetik 2007ko aurrekontu ekitaldia itxi arte, aurrekontu kredituen egozpen organikoa indarra duen sailkapen organikoaren arabera eginen da, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eginen ditu beharrezkoak diren egokitzapenak.

2. Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako foru dekretu honen bidez sortu edo aldatu diren departamentuen aurrekontu xedapenak kasuan kasuko eginkizunak orain arte bete dituzten departamentuetako bidezko kredituei egotziko zaizkie 2007ko aurrekontu ekitaldia amaitu arte.

Bigarren xedapen iragankorra. Birmoldaketak eta egitura organikoak.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako foru dekretu honen 1. artikuluarekin bat sortu diren edo egungo departamentuen eskumenak beren gain hartu dituzten departamentuen behin betiko birmoldaketa edo egituraketa egin bitartean, horien menpeko unitate organikoak eta entitateak eskumenak esleitu zaizkien departamentuan sartuko dira eta bertan beteko dituzte beren eginkizunak.

Hirugarren xedapen iragankorra. Laguntza eta lankidetza.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako foru dekretu honetan adierazten den konfigurazioaren araberako departamentuen egiturak onesten ez diren bitartean, bai eta aurreragoko garapenari begira ere, departamentu guztiek laguntza emanen diote elkarri eta behar den sostengua jarriko dute besteen eskura lehenbailehen eta eraginkortasunez ezarri eta lanean has daitezen.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geldituko dira Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren oinarrizko egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 37/2005 Foru Dekretua.

Azken xedapenetan lehena. Gaikuntzak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta

Azken xedapenetan bigarrena. Indarraldia.

Nafarroako Gobernuko lehendakariaren foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa