Castellano | Euskara | Français | English
(1999ko 31. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 12an)
Atarikoa
Sinatu dutelarik Ingurugiro Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak elkarlanerako hitzarmen bat eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8. artikuluaren 2. puntuak agintzen duena betearazi nahirik, bide da Hitzarmen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuari eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Ingurugiro Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak sinatu duten hitzarmena, Foru Agindu honen eranskintako ageri dena.
INGURUGIRO MINISTERIOAREN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA NAFARROAKO UBIDEA EGITEKO
Pitillasen (Nafarroa), 1998ko azaroaren 19an
BILDURIK
Alde batetik Isabel Tocino Biscarolasaga andrea, Ingurugiroko ministroa (maiatzaren 5eko 762/1996 Errege Dekretua), Espainiako Gobernuaren izenean eta ordezkaritzan, Ministro Kontseiluak 1998ko uztailaren 3an hartutako Erabakiaren bidez emandako delegazioa erabiliz Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6.1. artikuluarekin bat eta aurrez Politika Autonomikorako Gobernu-Batzorde Delegatuak 1998ko uztailaren 17an eta Ministro Kontseiluak irailaren 25eko bilkuran baimena eman dutelarik.
Beste aldetik: Miguel Sanz Sesma jauna, Nafarroako Gobernuaren lehendakaria (irailaren 17ko 2096/1996 Errege Dekretua), 1998ko irailaren 28ko Nafarroako Gobernuaren erabakiak hala aginduta eta aurrez Nafarroako Parlamentuak 1998ko urriaren 1eko bilkuran baimena emanik.
Elkarri aitortzen diote Hitzarmen hau eratzeko lege gaitasuna, eta hartarako
ADITZERA EMATEN DUTE
1. Nafarroan ubide bat eginda eremu handiak ureztatzeko proiektua Nafarroako Foru Komunitateren asmo zaharra dela, Herrilanen eta Hirigintzaren Ministerioko programetan aspalditik ageri zena. Hainbat urtez estatuaren administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak hainbat ikerketa garatu dituzte ureztalur plangintzaren gainean eta hidrogeologiaren gainean, Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan zer aukera zituen jakiteko. Ikerketa horien emaitza, Bideragarritasun tekniko-ekonomiko txosten bat eman zen 57.713 hektarea gordin ureztalur bihurtzeko, Itoizko urtegian erregulatutako ur emanarekin.
2. 1998ko maiatzaren 18an Nafarroako Gobernuaren Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Nafarroako Ubidearen aurreproiektua ikertu eta idazteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten, eta bai haren lehen aldiaren proiektua itxuratzeko. Hitzarmen horretan bi Administraziook hitzartu zuten elkarlanean eginen zutela Nafarroako Ubidearen proiektua ikertu eta idatzi, abiaburua edo ur hartunea Itoizko urtegian duena; eta kondukzio osoaren trazadura proiektua eta Ubidearen lehen faserako eraikuntza proiektuak idatziko zituztela.
3. 1998ko urriaren 19an sinatu zen Herrilan eta Hirigintza Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmena, obra hidraulikoen gainekoa. Bertan bi parteek oso interesgarri iritzi zioten besteak beste Itoizko Urtegia egiteari, Nafarroako Ubidearentzako ura hornitu eta horrela Foru Komunitateko 50.000 baino gehiago hektarea ureztalur bihurtzeko.
4. 1991ko otsailaren 26an Herrilan eta Hirigintza Ministerioek eta Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza protokoloa sinatu zuten Nafarroako Ubidearen lehenbiziko fasea egiteko. Bertan bi parteek akordatu zuten obra horiek finantzatu eta burutzeko, bi Administrazioen artean banatuko zituztela Ubidearen tarteak, protokolo horren eranskinean ageri zen bezala. Halatan, inbertsioen banakuntza horrek Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioren arteko portzentai banaketa bat sortzen zuen, hurrenez hurren ehuneko 60 eta ehuneko 40koa. Protokolo hori garatzeko, segimentu Batzordeak lehenbiziko faseko obren aurrekontua gaurkotu eta berritik banatu zuen bi Administrazioen artean ubidearen tarteak burutzeko, Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko portzentai banaketa (60/40) bere hartan uzteko moduan.
5. 1993ko maiatzaren 12an Nafarroako Foru Komunitateak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak protokolo bat sinatu zuten Itoizko urtegiko ur baliabideak erreserbatzeari buruz, eta ur hori erabiltzeko zenbait gairi buruz. Protokolo horretan akordatu zen Uren Erregistroan inskribatuko zela Itoizko Urtegian erregadioan erabiltzeko, jendeguneak hornitzeko eta industrian erabiltzeko erregulatutako ur erreserba. Uren erreserba hori Ebroko Konfederazio Hidrografikoak onetsi zuen 1993ko ekainaren 22an.
6. 1994ko maiatzaren 23an Nafarroako Gobernuak Erregadioentzako Foru Plana onetsi zuen, Erregadioen gaineko Plan Nazionalari (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa egiten ari zena) erantsi beharrekoa. Erregadioentzako Foru Planaren proposamenak 1995eko urrian argitaratu zen Erregadioen Plan Nazionalean jasotzen dira.
7. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako ur erreserba, Itoizko Urtegiak erregulatutako uraren erabileretarako osorik jaso da Ebroko Arroaren Plan Hidrologikoaren proposamenean (Arro hartako Uraren Kontseiluak 1996ko otsailaren 15ean onetsia).
8. Konstituzioaren 149.1.24 artikuluak Estatuari ematen dio ahalmena "interes orokorreko lanen gainean", eta horren arabera uztailaren 8ko 22/1997 Legeak onetsi eta interes orokorrekotzat deklaratzen du zenbait obra hidrauliko, bereziki Itoizko urtegia eta Nafarroako Ubidea.
Aipatu 22/1997 Lege horren zioen azalpenean aditzera ematen da azpiegitura horiek Espainiako Gobernuak bultzatzen dituela Nafarroako Gobernuarekin koordinaturik eta lankidetzan, eta hartarako behar diren lankidetza tresnak itxuratuko direla.
9. Nafarroako Foru Komunitatearen eta Estatuaren Administrazioaren arteko harremanetan elkarlan giroa nagusi izan delarik, kontuan harturik Estatuak duela ahalmena interes orokorreko lan hidraulikoen gainean eta Nafarroak duela ahalmena bere mugapearen barrengo aprobetxamendu eta erregadioen gaietan, eta juzkaturik asko munta duela Nafarroako Ubidea egiteak, bi parteek Hitzarmen hau sinatzen dute, honako klausulen arabera
KLAUSULAK
Lehenbizikoa
Hitzarmen honek balioko du Estatuaren Administrazio Orokorrak, Ingurugiro Ministerioaren bidez, eta Nafarroako Foru Komunitateak elkarlana egin dezaten Nafarroako Ubidea egiten.
Bigarrena
Nafarroako Ubidearen lanak gauzatu eta zuzentzea estatuaren Administrazio Orokorrari badagokio ere, bi administrazio publikoek finantzatuko dituzte lanak, honela: Estatuaren Administrazio Orokorrak benetako kostuaren ehuneko 60, eta Nafarroako Foru Komunitateak gainerako 100eko 40.
Nafarroako Ubidea bi alditan burutuko da: 1. faseak 58.050 milioiko aurrekontu kontsultiboa du (1993ko pezeta arruntetan), eta 2.ak 24.395 milioiko osotarako aurrekontua du trazadura proiekturako (1990eko pezeta arruntetan).
Aurrekontu horietan, obrak exekutatzearen gastuez gain, gainerako gastuak ere sartzen dira: terrenoak erosi eta hartzekoak, eraginpeko zerbitzu eta morrontzak lehengoratzekoak, obren zuzendaritza kostuak eta beste gastu deribatu eta obra mota honek sortu ohi dituen guztiak.
Hitzarmen honen baldintzetan, arestian aipatu aurrekontu zenbakiak pezeta konstanteetara moldatu beharko dira denboran.
Hirugarrena
Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak bere burua behartzen du bere ahalmenen barrenean behar diren ekintzak egitera Estatuaren Administrazio Orokorraren esku jartzeko Nafarroako Ubidea gauzatzeko behar diren terrenoak eta eraginpeko zerbitzu eta zortasunak berrezartzeko behar direnak.
Laugarrena
Bi Administrazioek beren buru behartzen dute, ahal den guztian azkartzera Nafarroako Ubidearen lehen obretarako lizitazio prozesua hitzarmen hau sinatu eta hurrengo bederatzi hilabeteetan hasteko behar diren tramiteak.
Bosgarrena
Nafarroako Ubidea egiteko honako epeak ezartzen dira (lehen obrak egiten hasten diren datatik):
-Lehenbiziko faseak osorik egina behar du bederatzi urteko epean.
-1. fasearen barrenean lagungarrizko tarteak eta obrak ere egin eta abian jarri beharko dira Artaxonako idoiraino, bera ere barne, gehienez sei urteko epean.
-Bigarren fasea egin eta abian jartzeko osotarako sei urteko gauzatze epea dago. 2, fase hau, non eta aurreratzeko erabakitzen ez den, 1. fasea bukatu eta abian jartzen denetik hasiko da egiten.
Seigarren klausulan ezarri dena ezertan galarazi gabe, Hitzarmen honi erantsita datorren eranskinean jasotzen da zer konpromiso indikatibo hartu dituzten bi Administrazioek lehen eta bigarren faseko proiektuen zenbateko osoaren banatzearen gainean aurreko ataletan aurreikusten diren denbora epeen barrenean.
Seigarrena
Nafarroako Ubidearen lehen fasea egiteko inbertsioen erritmoa ez da inoiz, oro har, 5.000 pezeta/urte baino gutxiagokoa izanen (salbu eta hasierako urtean, hartan inbertsio hori murriztu eginen baita obrak hasten direnetik geratzen den urte zatiaren proportzioan) eta moldatu egingo da Administrazio bakoitzaren aurrekontu disponibilitateen arabera, eta egokitu, bosgarren klausulan ezarritako gauzatze epeei dagokien emaitza iristeko.
Zazpigarrena
Estatuaren Administrazio Orokorra eta Nafarroako Foru Komunitatearenak zilegi izango dute obra garatzeko beharrezko iruditzen zaizkien lankidetza tresna edo organoak sortzea. Orobat zilegi izango dute obrak finantzatzeko beharrezko iruditzen zaizkien formula juridiko eta aurrezkontuzkoak, Estatuaren Administrazio Orokorrarentzat Neurri Fiskal, Administratibo eta Ordena Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 legearen 158 eta 173 artikuluek finkatzen dutenaren arabera.
Zortzigarrena
Hitzarmen hau segitu, gauzatu eta interpretatzeko Bitariko jarraipen batzorde bat sortzen da. Haren eginkizunak:
-Obrak gauzatzeko behar diren administrazioarteko eta finantzen gaineko lankidetza formulak proposatzea.
-Administrazio bakoitzak urtero Hitzarmen honen bosgarren eta seigarren klausuletan ezartzen diren helburuak iristeko egin behar duen diru-ekarpena proposatzea.
-Obren exekuzioa programatzea eta behar diren egutegiak ezartzea.
-Osagarrizko obrak egiteko proposatzea Itoizko Urtegian eta Nafarroako Ubidean.
-Hitzarmenaren gauzatze eta betetzearen jarraipena egitea.
Jarraipen Batzordea bi Administrazioen artean erdi bana osatuko da eta zortzi kide izanen ditu, bi Administrazioek launa izendatuak.
Jarraipen Batzordeak berak finkatuko du zer funtzionamendu arau izanen dituen eta noizeroko bilkurak eginen. Edozein partek egin ahal izanen du deia.
Jarraipen Batzordeak aholku-batzorde tekniko bat izanen du osagai, zortzi kidekoa, eta administrazio bakoitzak haietako lau izendatuko ditu.
Administrazio bakoitzak beste hainbeste ordezko ere izendatuko ditu.
Bederatzigarrena
Zilegi izango da, bi parteak ados baldin badaude, aurreko klausuletan ezarri diren konpromisoak errebisatu eta moldatzea, Jarraipen Batzordeak hala proposatuta, obraren benetako garapenerako zer behar den aintzat hartuta eta Hitzarmen honen bigarren klausulan ezarri diren finantzazio irizpideen arabera.
Hamargarrena
Hitzarmen honek sinatzen den momentuan hartuko du indarra, eta helburu dituen ekintzak bukatzen direnean galduko.
Hitzarmenari uzteko arrazoia izanen da bi parteek hala erabakitzea eta bere klausulak ez betetzea.
Hamaikagarrena.-Bi parteek hala erabakita desegin egiten da 1991ko otsailaren 26ko protokoloa.
Hamabigarrena
Hitzarmen hau interpretatu, bete eta izan behar dituen ondorioen gaineko edozein liskarbide, zortzigarren klausulan aurreikusten den Jarraipen Batzordeak lehenago konpontzen baditu ere, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan tratatuko dira.
Eta aurrekoarekin ados dagoela frogatzeko, bertan direnek sinatu egiten dute hitzarmen hau, bi aletan eta ondorio bakarra izateko, hasieran esan diren tokian eta egunean.
ERANSKINA. Nafarroako Ubidea gauzatzeko konpromisoen urtez urteko banaketa
ESTATUAREN ADMINISTRAZIO NAFARROAKO FORU
OROKORRA KOMUNITATEA
1999ko ekitaldia 600 milioi pezeta 400 milioi pezeta
2000ko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2001eko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2002ko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2003ko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2004ko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2005eko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2006ko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2007ko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2008ko ekitaldia 3870 milioi pezeta 2580 milioi pezeta
2009ko ekitaldia 2440 milioi pezeta 1626 milioi pezeta
2010eko ekitaldia 2440 milioi pezeta 1626 milioi pezeta
2011ko ekitaldia 2440 milioi pezeta 1626 milioi pezeta
2012ko ekitaldia 2440 milioi pezeta 1626 milioi pezeta
2013ko ekitaldia 2440 milioi pezeta 1626 milioi pezeta
2014ko ekitaldia 1840 milioi pezeta 1225 milioi pezeta
OSOTARA 49470 milioi pezeta 32975 milioi pezeta