Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1997ko 70. NAOn argitaratua, ekainaren 11n. 285/2000 Foru Dekretua, abuztuaren 21ekoa)
Atarikoa
Produkzio integratua ohiko nekazaritzaren eta nekazaritza ekologiko edo biologikoaren arteko aukera bat da, eta horri esker nekazaritza bizi eta iraunkorra egin daiteke, alegia, ingurunearen aurrean begirunea agertzen duena, nekazarientzat errentagarria dena eta gizartearen eskariei arrazoizko prezioekin erantzun diezaiekeena. Produkzio integratuan metodo biologikoak, kimikoak eta beste teknika batzuk ardura handiz hautatuak eta orekatuak dira, kontuan harturik ingurugiroaren babesa, errentagarritasuna eta produktore eta kontsumitzaileen beharrak.
Produkzio integratuak ez ditu baztertzen nekazaritzako teknika klasikoak, aitzitik, beste teknika berritzaile batzuekin konbinatzen ditu. Integrazio honek zentzuzkoagoa eta jasangarriagoa den produkzio sistema bateranzko bidea jartzen du.
Produkzio integratuak ezinbestekoak ditu honakoak: a) arau murriztaileak betetzea arlo hauetan: laborantzako teknikak, landare materialak, ongarriak ematea, tratamendu fitosanitarioak, produktuen bilketa eta kontserbazioa; b) kontrol fidagarrien bidez bermatzea arauak zuzen betetzen direla; c) ahalegina baloratzea eta produktua bereiztea, kontsumitzaileak horrela lortu dena bereizi dezan.
Komenigarria da Nafarroan produkzio integratua arautzeko eta hortik sortutako produktuak bereizteko oinarriak ezartzea. Hori lortuko da zenbait bereizgarri erabilita, eta horien baimena eta kontrol sistema Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren esku egongo da.
Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko maiatzaren hogeita seian egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua. Helburua.
Foru Dekretu honen helburua da Nafarroan arautzea ingurugiroaren babeserako lagungarri diren teknikak erabiliz lortzen diren nekazaritzako elikagai fresko edo eraldatuen produkzioa, merkaturatzea eta bereizketa, hori guztia nazioartean produkzio integratua izenaz ezagutzen den ildoari jarraikiz. Horrek ez ditu alde batera utziko indarra duten gainerako xedapen nazional edo komunitarioak, hots, produktu begetal fresko edo eraldatuen produkzio, elaborazio, kalitate, merkaturatze, etiketatze eta kontrolari buruzkoak.
2. artikulua. Definizioa.
Produkzio integratutzat jotzen da nekazaritzako produkzio sistema bat, zeinek integratu egiten baititu baliabide naturalak eta erregulazio mekanismoak nekazaritzako ustiapenen jardueretan. Horren helburua da horietatik heldu ez diren insumoen ekarpenak gutxiagotzea, kalitate handiko elikagaien eta beste produktu batzuen produkzio jasangarria ziurtatzea, ustiapeneko dirusarrerak mantentzea, kutsadura iturriak ezabatu edo murriztea eta nekazaritzaren eginkizun anitzak mantentzea, lehentasuna emanez ingurugiroaren aurrean begirunea agertzen duten teknologiak erabiltzeari.
3. artikulua. Aplikazio esparrua.
Xedapen hau aplikatuko zaie produkzio integratuaren teknikak erabiliz honakoa egiten duten pertsona fisiko edo juridikoei:
-Nafarroan nekazaritzako produktuak lortzen dituztenei;
-Produktu horiek Nafarroan eraldatzen dituztenei.
4. artikulua. Bereizketa.
1.-Produkzio integratuaren teknikak erabiliz lortu eta elaboratzen diren produktuak etiketatu egin ahalko dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitako marka, hitz, ikur edo logotiporen bat ipinita.
2.-Bereizketarako elementu horiek erabiltzeko baimena halakoetan baizik ez da emango:
a) Produktua lortzen bada 5. artikuluak aipatzen dituen erregelamenduei jarraikiz.
b) Produktua produzitu badu 7. artikuluan ezarritako Erregistroan inskribatuta dagoen operadore batek eta horrek 8. artikuluan aipatu beharkizunak betetzen baditu.
3.-Debekatuta dago, Foru Dekretu honek ezarritakoaren arabera lortzen ez diren produktuetan, "produkzio integratua" deitura edo fonetikoki zein ortografikoki horren antza duten beste batzuk erabiltzea, bai eta artikulu honetako 1. atalean aipatutakoen antzekoak izateagatik nahasketa sor dezaketen zeinu, marka, hitz, logotipo edo espresioak erabiltzea ere, nahiz eta "mota" edo antzeko espresioekin batera azaldu.
5. artikulua. Laboreei buruzko erregelamenduak.
1.-Labore bakoitzarendako, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berariazko erregelamendu tekniko bat onetsiko du, eta horietan ezarriko dira produkzio integratutzat jotzeko ezinbestekoak diren betebeharrak; halaber, nahitaezkoak, gomendatuak, baimenduak eta debekatuak diren praktikak agertuko dira.
2.-Labore bakoitzarendako erregelamenduek honakoa finkatu beharko dute gutxienik:
-Landare materiala;
-Laborantzako teknikak;
-Ongarritzea eta babes fitosanitarioa;
-Uzta biltzeko eta uztaondoko berariazko arauak, halakorik bada;
-Egin beharreko oharpen eta erregistroak;
6. artikulua. Bereizketarako elementuen erabilpena.
Marka, hitza, ikurra edo logotipoa erabiltzerakoan baimenean bertan agertuko diren baldintza hauek bete beharko dira:
-Produkzioaren lurralde mugapea;
-Baimendutako landare produktuak zein motatakoak diren;
-Baimena zein denboralditarako den;
-Laboreei buruzko arauak, aurreko artikuluak xedatzen duenari jarraikiz;
-8. artikuluak ezarritako kontrol arauak betetzea;
-Bidezkoa den beste edozein baldintza berezi.
7. artikulua. Erregistroa.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan Nafarroako Produkzio Integratuaren Erregistro Ofiziala sortu da, eta bertan inskribatuko dira operadoreak, bai eta marka, hitza, ikurra edo logotipoa erabiltzeko baimenak ere.
8. artikulua. Nekazarien betebeharrak.
Produkzio integratuan ari diren ustiapenen arduradunek, Erregistroan agertu nahi badute, honakoa bete beharko dute:
-Produkzio integratuari buruzko gutxieneko oinarrizko ezagupenak izatea;
-Ustiapenari buruzko koaderno bat izatea, laboreen inguruko eragiketa eta praktika guztiei dagozkien oharrak idazteko;
-Dagozkien erregelamendu teknikoak betetzea;
-Bidezkoak diren ikuskapen eta kontrolei oztoporik ez jartzea.
9. artikulua. Kontrol eta ziurtapen entitatea.
Produkzio integratuaren kontrola eta ziurtapena, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, "Instituto Navarro de Calidad Agroalimentaria de Navarra, S.A." sozietate publikoak eginen du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sortua baita eta Administrazioak izendatu eta baimendu baitu Foru Dekretu honen helburuetarako.
10. artikulua. Koordinazio Batzordea.
1.-Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordea sortu da; Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura zuzendari nagusia izango da buru, edo bestela eskuordetutako pertsona bat, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko eta nekazaritzako sektoreko ordezkariek osatuko dute.
Batzorde horrek bere jardueretan gai zehatzei erantzuna emango dieten teknikari aholkulariek edo erakunde espezializatuek parte hartzea eskatu ahalko du.
2.-Ondoko hauek dira Koordinazio Batzordearen eginkizunak:
-Jarduketa arauak proposatu eta lan planak prestatzea;
-Foru Dekretu honetan aurreikusitako jarduerak ezagutzea;
-Produktu bakoitzari dagokion erregelamenduaren berri ematea;
-Marka, hitza, ikurra edo logotipoa erabiltzeko eskarien berri ematea;
-Foru Dekretu honen inguruan interesgarriak diren gai guztien berri ematea, eta bereziki bere ustez produkzio integratuaren erregulazio, praktika eta sustapena hobe dezaketen neurrien berri.
11. artikulua. Zehapenak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, produkzio integratuaren baldintzak edo marka, hitza, ikurra edo logotipoa erabiltzeko arauak betetzen ez diren kasuetan, Foru Dekretu honetan aipatzen diren erabilpen baimenen baja eman ahalko du Erregistroan, aldi baterako baliogabetu edo kendu, aldez aurretik Koordinazio Batzordearen txostena ikusita, hori guztia indarra duen legeriaren aplikazioa baztertu gabe.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Ahalmena eman zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.