Castellano | Euskara | Français | English
(2005eko 152. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 21ean)
Atarikoa
Aujeszkyren gaitza Europar Batasuneko zerri azienda ukitzen duten osasun arazo nagusietako bat da eta haren kontra Europar Batasuneko herriek eta eskualdeek kontrol eta borroka planak sortu dituzte.
Nafarroan, Foru Komunitateko Administrazioak eta zerri aziendaren sektoreak eginahalak egin dituzte abeltegien osasun kalifikazioan aurrerapausuak emateko.
Egindako lan horrekin batera, gaitzik gabeko edo ofizialki gaitzik gabeko ustiategiei behar diren babes neurriak ezarri behar zaizkie, kutsatu ez daitezen. Neurriak geografikoak edo lekualdatzeen gainekoak izan daitezke, eta ustiatzaileei tokian tokiko agerraldien berri emateko irizpideak ere paratuko dira.
Kontuan harturik, batetik, ezaugarri epidemiologikoak eta klinikoak eta, bestetik, egungo jakintza zientifikoa, eta ukitutako sektorearekin mintzatu ondotik.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honek xedea du zerri aziendarendako neurri zoosanitario osagarriak prestatzea, Foru Komunitateko lurralde osoan babes eta prebalentzia maila egokiak erdiesteko.
2. artikulua. Zerritegien osasun kalifikazioak.
Aujeszkyren gaitza dela eta, zerritegiek, osasunaren arloan, A0, A1, A2, A3 eta A4 kalifikazioa hartuko dute, Aujeszkyren gaitza kontrolatu eta desagerrarazteko borrokaren programa koordinatuaren arauak ezartzen dituen apirilaren 11ko 427/2003 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 25eko 206/2005 Errege Dekretuaren arabera.
A0 zerritegiak: azken 12 hilabeteetan txertoen edo kontrol serologikoen egoera ezezaguna daukatenak.
A1 zerritegiak: txertoen edo kontrol serologikoen egoera ezaguna daukatenak eta egin zaien azken kontrol ofizialean gE positiboko diagnostikoa izan dutenak.
A2 zerritegiak: txertoen edo kontrol serologikoen egoera ezaguna daukatenak eta egin zaien azken kontrol ofizialean gE negatiboko emaitza izan dutenak, eta kalifikazioa emateko behar diren izapideak hasi gabe izan edo, hasiak izanda ere, bukatu gabe dituztenak.
A3 edo A4 zerritegiak: osasun arloan gaitzik gabeko edo ofizialki gaitzik gabeko kalifikazioa, hurrenez hurren, daukatenak.
Horietaz gainera, Aujeszkyren gaitza dela medio zerritegi bateko jarduera bertan behera geldiarazi behar den kasuetarako (As) kalifikazioa paratzen da. Kalifikazio hori osasun arloko A3 edo A4 kalifikazioa duten zerritegietan aplikatuko da ondoko kasu hauetan: Aujeszkyren gaitza agertu delako susmo kliniko, serologiko, birologiko edo epidemiologikoren bat dagoenean, eta/edo txertoaldien arauak hautsi direlako zalantza dagoenean, eta/edo 206/2005 EDan ezarritako nahitaezko lagin-hartzeak betetzen ez direnean.
3. artikulua. Abereen mugimendua.
Gaitzik gabeko edo Ofizialki Gaitzik gabeko kalifikazioa duten Abeltzaintza Bulegoen zerritegietan bakar-bakarrik osasun arloko kalifikazio berdina edo altuagoa duten zerritegietako abereak sartzen ahalko dira.
Zerramen ustiategietako taldeen prebalentzia 100eko 10ekoa baino txikiagoa duten Abeltzaintza Bulegoetara joan daitezkeen aurrerako abereak bakar-bakarrik izaten ahalko dira prebalentzia berdineko edo txikiagoko Abeltzaintza Bulegoen zerritegietakoak edo A3 edo A4 kalifikazioko ustiategietakoak.
Gaitzik gabeko (A3) edo Ofizialki Gaitzik gabeko (A4) kalifikazioa duten zerramen eta trantsizioko esne-zerrikumeen ustiategien inguruan bost kilometroko erradioko babes eremu bat paratuko da. Halaber, zerritegi horietako bat daukaten abeltzaintza poligonoen inguruan ere berdin jokatuko da. zerritegi horietan bakar-bakarrik sartuko dira osasun kalifikazio berdina edo altuagoa duten aurrerako abereak.
A3 edo A4 osasun kalifikazioa erdiesteko asmoz, positibo emandako abereak hiltzeko konpromisoa harturik aziendaren 100eko 100eko garbiketa egin duten eta abere gaixo horiek hiltzen hasi diren zerramen ustiategiei A3 kalifikazioko zerritegien babesa emanen zaie, baldintza beretan, kalifikazio prozesuak iraun bitartean.
4. artikulua. A1 osasun kalifikazioa duten, hau da, Aujeszkyren gaitzari positibo eman duten zerritegietan egin beharreko jarduketa bereziak.
IgE-ri erantzun serologiko positiboa eman dioten eta A1 kalifikazioa duten zerritegiek, edozein motatakoak direla ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan minda botatzeko lurzatien edo lekuaren katastroko datuak aurkeztu beharko dituzte bai eta horretarako baimena eskatu ere.
A3 eta A4 kalifikazioa duten zerritegiek bi kilometroko erradioko babesgunea izanen dute eta A1 kalifikazioko zerritegietako mindak ezin erabiliko dira bertan nekazaritzarako.
A1 kalifikazioa duten zerritegitetako mindak nekazaritzan erabili nahi izanez gero, makina barreatzailea lurretik hurbil egon beharko da aerosolik ez sortzeko eta berehala lurperatuko dira, edo, bestela, lurrean zuzenean injektatuko dira.
Urtero, lehenbiziko hiruhilabetekoan, aurreko urtean, osorik edo tarte batean, A1 kalifikazioa izan duten zerritegiek osasun kalifikazioa kendu edo A1eko egoeran egon bitartean mindekin zer egin zuten adierazi beharko dute. Horretarako, Abeltzaintza Zerbitzuan aurkeztu beharko dute Simaurra Kudeatzeko Erregistroaren liburuaren kopia. Liburu hori Nafarroako abeltegietan simaurra sortu, bildu eta kudeatzeko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 28ko 234/2005 Foru Aginduak ezartzen du. Liburua aurkeztu ezean, simaurra bota den lurzatien katastroko identifikazioa egin beharko da.
5. artikulua. A1 osasun kalifikazioa duten, hau da, Aujeszkyren gaitzari positibo eman duten zerramen ustiategietan egin beharreko jarduketa bereziak.
IgE-ri erantzun serologiko positiboa eman dioten eta A1 kalifikazioa duten zerramen ustiategietan nahitaezkoa izanen da sudupilean txertoa ematea jaiotako zerrikume guztiei titia kentzearekin. zerritegiaren ardura duen albaitariak arauzko epeen araberako txertoen ziurtagiria aurkeztuko du.
6. artikulua. Haztegien osasun kalifikazioa.
Aujeszkyren gaitzaren talde prebalentzia 100eko 10etik goitikoa duten Abeltzaintza Bulegoen haztegietan gaitzaren agerpena zehazteko laginketa serologikoa eginen da urtean behin, ustezko gutxieneko prebalentzia 100eko 20koa eta konfiantza gradua 100eko 95ekoa izanen duena (gehienez ere 16 lagin).
Aujeszkyren gaitzaren talde prebalentzia 100eko 10etik beheitikoa duten Abeltzaintza Bulegoen haztegietan Abeltzaintza Zerbitzuak ausazko kontrolak egiteko aginduko du arriskuen analisiaren emaitzaren arabera.
gE-ri erantzun serologiko positiboa ematen dioten zerri haztegietan, saneamendu-hutsaldoa eginen da, azken aberea atera eta, gutxienez, hamabost egunekoa, garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak barne, eta nabeetan ez da abererik sartuko epe horretan. Jarduketa horiek Albaitarien Zerbitzu Ofizialek egiaztatuko dituzte.
7. artikulua. Osasun kalifikazioa bertan behera uztea (As)
A3 edo A4 osasun kalifikazioa duten zerritegietan osasun kalifikazioa bertan behera utziko da (As) ondoko kasu hauetan: Aujeszkyren gaitza agertu delako susmo kliniko, serologiko, birologiko edo epidemiologikoren bat dagoenean, eta/edo txertoaldien arauak hautsi direlako zalantza dagoenean, eta/edo 206/2005 EDan ezarritako nahitaezko lagin-hartzeak betetzen ez direnean.
Aujeszkyren gaitza agertu dela egiaztatuz gero, zerritegiak behin betikoz galduko du kalifikazioa, A1 izatera pasatuko da eta A3 edo A4, kasuan kasuan, osasun kalifikazioa berreskuratzeko arauz ezarritako kontrolak egin beharko ditu.
Aujeszkyren gaitza agertu dela egiaztatzen ez baldin bada, zerritegiak automatikoki berreskuratuko du aurretik zeukan osasun kalifikazioa.
8. artikulua. Gaitzaren jakinarazpena eta haren berri ematea.
Zerritegi batean Aujeszkyren gaitzaren birusaren IgE-ri klinikoki edo serologikoki modu positiboan erantzuten duten abererik baldin badago, azienda guztiak berehala isolatu eginen dira eta mugitu ezinik utziko, kautelazko neurri gisa.
Serologiaren, epidemiologiaren, birologiaren edo proba molekularren bidez abereren batek gaitza duela egiaztatzen baldin bada:
-Gaitzak jotako zerritegian hiru asteko berrogeialdi zorrotza ezarriko da; denbora horretan presako txertaketa bikoitza eginen zaie abere guztiei eta hamabost egunen buruan beste dosi bat. Azken dosia eman eta zazpi egun pasatu arte abererik ez da zerritegitik ateratzen ahalko, hiltegira joateko baizik.
-Gaitzaren agerpena inguruko zerritegiei jakinaraziko zaie, hamar kilometroko erradioan, eta, osasun agintaritzak hala baderitzo, presako txertaketa eginen zaie eremu horretako zerriburu guztiei, adina edozein dela ere. Txertaketaren gastuak abeltzainen eta/edo zaintzaileen bizkar joanen dira.
9. artikulua. Osasun arloko azpiegitura.
Hiru urteko epean zerritegi guztiek biosegurtasunaren arloko honako dotazio hauek izan beharko dituzte:
a) Eraikinen eta instalazioen, tresneriaren eta ekipoaren kokapenak, betiere, desinfektatzeko, intsektuak hiltzeko eta arratoiak hiltzeko erraztasunak emanen ditu.
b) Perimetroko hesia, gutxienez, garai izanen da, kanpoko aldetik isolatzeko.
c) Sarbideetan desinfektatzailedun pasabidea edo beste sistema eraginkor bat, sartu eta ateratzen diren ibilgailuen gurpilak desinfektatzeko, eta presioko sistema bat ibilgailuaren gainerakoa garbitu eta desinfektatzeko.
d) Lazaretoa abereak aztertu eta bahitzeko.
e) Langileen jantziak, tresneria eta garbiketa tresnak zerritegian bakarrik erabiliko dira.
f) Oinak garbitzekoa egoitza, nabe edo parke bakoitzeko sarreran.
g) Bisita liburua: zerritegian egiten diren bisita guztiak idatziko dira, bai eta sartzen diren ibilgailu guztien matrikulak ere.
10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Foru agindu honetan xedatutakoaren kontra egiten diren arau-hausteei zehapena ezarriko zaie, abere osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeari eta hori osatu edo ordezten duen araudiari jarraikiz, izan litezkeen erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak deusetan ukatu gabe.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe utzi da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2004ko martxoaren 11n emandako 33/2004 Foru Aginduaren 11. artikulua (foru agindu horrek Aujeszkyren gaitza kontrolatu eta desagertarazteko programa nazionala Nafarroan garatu eta aplikatzeko neurri osagarriak ezartzen ditu).
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.