Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2006ko 39. NAOn argitaratua, martxoaren 31n. Aldaketak: 379/2009 Foru Agindua)
Atarikoa
Pestizidak fabrikatu, merkaturatu eta erabiltzeko Erregelamendu Tekniko-sanitarioa azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuak onetsi zuen, eta gerora aldatu egin zen otsailaren 8ko 162/1991 Errege Dekretuaren eta martxoaren 11ko 443/1994 Errege Dekretuaren bidez. Erregelamendu horren 6. artikuluko 4. idatz-zatian ezarrita dagoenez, pestiziden aplikatzaileek eta pestizidekin tratamenduak egiten dituzten enpresetako langileek gaikuntzarako ikastaro edo probak gainditu behar dituzte, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak batera homologatuak. Halaber, 10. artikuluko 3.4 idatz-zatian ezarritakoaren arabera, erregelamendu horretan oso toxikotzat jotzen diren pestizidak edo ingurumen-erabilerarako baimendutako toxikoak erabili behar direnean, aplikatzaileek gaindituak izan behar dituzte gaikuntzarako ikastaro edo probak, nahiz eta tratamendua norberaren helburuetarako izan.
Pestiziden bidezko tratamenduetarako gaikuntza ikastaroak homologatzeko arauak Lehendakaritza Ministerioaren 1994ko martxoaren 8ko Aginduan ezarri ziren.
Gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 31ko 1999/45/EE Zuzentaraua eta hura aurrerapen teknikoetara egokitu beharrez Batzordeak eman zituen zuzentarauak aplikaturik, prestakin arriskutsuak sailkatu, ontziratu eta etiketatzeko Erregelamendu berria onetsi zen otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuaren bidez. Xedapen horrek aldatu egin zuen goian aipatutako Erregelamendu Tekniko-sanitarioa, gaiari buruzko irizpide berriak ezarriz. Irizpideok landare-osasunerako produktu guztiei aplikatu behar zaizkie 2004ko uztailaren 30az geroztik.
Beraz, 255/2003 Errege Dekretuan sailkapenari eta etiketei buruz ezarritako irizpideak aplikatuta, landare-osasunerako produktu asko arrisku handiagoko kategorietan sailkatu behar dira, lehenago indarra zuten arauetako sailkapena baztertuz, eta epe laburrean, ertainean nahiz luzean haien eraginpean egoteak ekar ditzakeen ondorioak zehaztu behar dira.
Egoera berri hori kontuan izanik, 1994ko martxoaren 8ko Agindua aldatu egin da, irailaren 19ko PRE/2922/2005 Aginduaren bidez.
Ildo berean, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen 41.1.c) artikuluak dio landare-osasunerako produktuen erabiltzaileek eta halako produktuak manipulatzen dituztenek indarra duen araudian gaikuntzari buruz ezarritako baldintzak bete behar dituztela, landare-osasunerako produktuen kategoriaren edo arrisku motaren arabera.
Abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloko zerbitzu batzuk Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu zituen. Dekretu horren arabera, nekazaritzako gaikuntzaren eta zabalkundearen arloko beste eskumen batzuen artean, Estatuak beretzat gorde du nekazaritzarako gaitzeko irakaskuntzak antolatu eta planifikatzeko eskumena. Estatuari dagokio gai horien gaineko oinarrizko arauak ezartzea. Bestalde, nekazarien lanbide irakaskuntzaren eta gaikuntzaren inguruko gaietan, Foru Komunitateari dagokio gaikuntzarako plan eta programak prestatu eta gauzatzea, bai eta nekazarientzako gaikuntza ikastaro berariazkoak eta hobekuntza ikastaroak garatzea ere, egokitzat jotzen dituenean, bere programak hobeki garatze aldera.
Urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean arautzen ditu Izurrien aurkako Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialeko inskripzioa eta funtzionamendua, pestizida arriskutsuen mugimenduen Liburu Ofizialari buruzko araudiaren aplikazioa eta pestizidak erabiltzeko gaikuntza ikastaroak zein gaitasun txartela, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen dio behar diren arauak eman ditzan bera garatu eta betearazteko.
Beraz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean landare-osasunerako produktuen erabiltzaile txartela emateko administrazio prozedura arautzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.
Xedapen honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean landare-osasunerako produktuen erabiltzaile txartela emateko prozedura ezartzea.
2. artikulua. Agintari eskuduna.
1994ko martxoaren 8ko Aginduaren laugarren artikuluan eta urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia da agintari eskuduna, landare-osasunerako pestizidak erabiltzen dituzten pertsonak gaitzeko ikastaro edo proben homologazioa eta ebaluazioa izapidatzeko, bai eta lortutako gaitasuna frogatzen duen txartela emateko ere.
3. artikulua. Gaikuntza mailak.
1. Landare-osasunerako produktuak erabiltzeko ezarri diren gaikuntza mailak honakoak dira:
A.-Oinarrizko maila: otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuan toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak eta halakoak sortzen dituzten pestizidak erabili gabe lurreko eta aireko tratamenduetan laguntzen duten langileei eta beren ustiategietan horrelako tratamenduak inongo langileren laguntzarik gabe egiten dituzten nekazariei dagokie.
B.-Maila kualifikatua: otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuan toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak eta halakoak sortzen dituzten pestizidak erabili gabe lurreko tratamenduak egiten dituzten taldeen arduradunei eta beren ustiategietan horrelako tratamenduak langileen laguntzarekin egiten dituzten nekazariei dagokie.
C.-Fumigatzailea: maila kualifikatua, otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuan toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak eta halakoak sortzen dituzten pestizidak erabiltzen dituzten aplikatzaile profesionalei eta zerbitzu enpresetako langileei dagokiena.
D.-Nekazaritza eta basogintzako pilotu aplikatzailea: hegazkin edo helikoptero pilotu komertzialaren titulua eta lizentzia dituzten pertsonei dagokie; agiri horiek behar den gaikuntza lortzeko ahalbidea ematen dute.
E.-Maila bereziak: oinarrizko maila edo maila kualifikatua lortzeko probak gaindituak dituztenentzat. Maila hau berariaz zuzenduta dago toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasen edo horiek sortzen dituzten pestiziden aplikazioan parte hartzen duten pertsonei, aplikazio mota kontuan izanik. Betekizun hau ez zaie aplikatuko beren erantzukizuna dela-eta fumigatzaile maila izan behar dutenei.
2. Aurreko idatz-zatian definitutako mailei dagokien gaikuntza frogatutzat joko da kasuan kasuko txartela edukiz gero. Hala ere, nekazaritza eta basogintza arloko goi eta erdi mailako titularrek ez dute txartela eduki beharrik izanen.
4. artikulua. Gaikuntza ikastaroak.
1. Oinarrizko mailarako, maila kualifikaturako eta fumigatzaile mailarako ikastaro egokiak eginen dira, foru agindu honen I. eranskinean zehazten den programari jarraituz.
2. Maila berezietarako, foru agindu honen II. eranskinean zehazten diren programen arabera eginen dira ikastaroak.
3. Foru agindu honen I. eta II. eranskinak aldatzen ez diren artean, ikastaro beraren segidako edizioak baimendu ahal izanen dira, entitate antolatzaileak eskatuz gero.
4. Aurreko artikuluko 2. idatz-zatian aipatu gabeko unibertsitate tituluren bat edo lanbide heziketako titulua dutenek foru agindu honen I. eta II. eranskinetan ageri diren unitate didaktikoak baliozkotu ahal izanen dituzte, gaindituak dituztela frogatuz gero, eta gainerakoak ikasi beharko dituzte.
5. artikulua. Gaikuntza ikastaroak balidatzea.
1. Unibertsitateek, ikastetxeek edo zerbitzu ofizialek antolatu ahal izanen dituzte 3. artikuluan definitutako mailetako bakoitzari dagozkion irakaskuntzak emateko gaikuntza ikastaroak, edo beste titulu zein diploma ofizial batzuek estaltzen dituzten irakaskuntzak osatzekoak. Ikastetxe pribatuak ezartzen zaizkien zaintza eta ikuskapen arauen menpe egonen dira.
2. Entitate antolatzaileak ikastaroa balidatzeko eskabidea aurkeztuko du, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiari zuzendua, foru agindu honen III. eranskinean dagoen ereduari jarraituz egina, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan edo eskualdeko nekazaritza bulegoan, ezertan ukatu gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoa, ikastaroa egin baino bi hilabete lehenago gutxienez. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Ikastaroaren helburuen memoria zehatza, ikasleen gehieneko kopurua azaltzen duena.
b) Eman beharreko programa. Unitate didaktikoak, eskola orduak eta praktiken mota eta iraupena zehaztuko dira.
c) Irakasleen zerrenda; bakoitzaren titulazioa, esperientzia eta interesekoak izan daitezkeen beste baldintza osagarri batzuk zehaztuko dira.
d) Ariketa praktikoetarako erabil daitezkeen baliabide, material eta ekipoak.
e) Ebaluaziorako irizpideak.
3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dokumentazioa aztertuko du, eskola programen, irakasleen eta baliabide materialen aldetik Agindu honetan aurreikusitako prestakuntza-baldintzak betetzen ote dituen ikusteko, eta bere adostasuna eskatzaileari jakinaraziko dio. Baldintzaren bat betetzen ez badu, entitate antolatzaileari hamar eguneko epea emanen zaio akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean beraren eskaera baztertu eginen dela, bertan behera utzi duelakoan.
4. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak bi hilabeteko epean eskabidea ebazten ez badu, ikastaroaren balidazioa onartu duela ulertuko da.
5. Balidatutako ikastaro bakoitzaren inguruko informazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da; besteak beste, ikastaroaren izena, helburua, estaltzen dituen gaikuntza mailak, programa, ikasleen kopurua, parte hartzeko baldintzak, eta hura emanen duen ikastetxe edo entitatearen izena eta helbidea.
6. artikulua. Gaikuntza ikastaroen homologazioa.
1. Gaikuntza ikastaroren baten programa ez badator bat foru agindu honen I. eta II. eranskinetan zehaztutako programekin, ikastaro hori homologatu egin beharko da.
2. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, horretarako, aurreko artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz aurkeztutako eskabidea, dagokion txostenarekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eta Osasun eta Kontsumo Ministerioari bidaliko die, hilabeteko epean erabakia har dezaten. Erabakirik hartu ezean, ikastaroa homologatutzat joko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emanen dira aurreko artikuluko 5. idatz-zatian aipatutako datuak.
7. artikulua. Gaikuntza ikastaroen jarraipen ofiziala.
1. Gaikuntza ikastaroak hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, entitate antolatzaileak hasiera jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, IV. eranskinean dagoen eredua erabiliz.
2. Gaikuntza ikastaroa amaitutakoan, entitate antolatzaileak ikastaroaren emaitzei buruzko txostena egin beharko du, V. eranskineko ereduari jarraituz, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari igorri, hura amaitzen denetik hilabeteko epean. Txosten horretan azalduko dira ikastaroaren identifikazio gakoa, dagokion gaikuntza maila, irakaskuntza-entitate edo zerbitzu ofizial antolatzailearen izena, ikastaroaren zuzendariaren izena eta titulazioa, ikastaroa egin den tokia, eskola orduen eta praktika orduen kopuruak eta ikastaroa gainditu duten ikasleen kopurua. Zerbitzu ofizialek ikastaroa ikuskatu duten ala ez adieraziko da, eta baiezkoan, ikuskapenaren emaitza azalduko da; bereziki, irakasleen parte-hartzeari eta ikasleak eskoletara joan eta probak egiteari dagokienez.
8. artikulua. Erabiltzaile txartela ematea.
1. Interesatuek eskatuta emanen dira erabiltzaile txartelak. Eskabidea VI. eranskinean dagoen ereduaren arabera eginen da, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiari zuzenduko zaio eta ikastaroa amaitzen denetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko da. Foru agindu honen 5. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako lekuetako edozeinetan aurkeztu ahal izanen da. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:
a) Ikastaroa antolatu duen entitatearen ziurtagiria, kasuan kasuko mailako unitate didaktikoak gainditu direla dioena.
b) Tasak ordaindu izanaren agiria.
c) Nortasun Agiri Nazionalaren edo balio bereko beste baten fotokopia.
d) NAN tamainako bi argazki.
2. Ahal dela eskabideak batera aurkeztuko dira, ikastaroa antolatu duen entitatearen bitartez.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, 1. idatz-zatian aipatutako agiriak egiaztatu ondoren, eman beharreko txartelak emanen ditu hilabeteko epean, eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan sartzen den egunetik hasita.
4. Txartelen formatua eta edukia bat etorriko dira 1994ko martxoaren 8ko Ministerio Aginduaren I. eranskinean adierazitakoarekin.
5. Txartelak hamar urteko indarraldia izanen du lurralde nazional osoan, ematen den egunetik aurrera.
8. bis artikulua. Nafarroan emandako txartelak berritzea.
Produktu fitosanitarioak erabiltzeko gaitasun txartela berritzeko, interesdunak eginen du eskaera, VII. eranskineko ereduari jarraikiz, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari zuzendua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan edo eskualdeko nekazaritza bulegoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoa ezertan galarazi gabe. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Berritu beharreko txartel jatorrizkoa.
-Eskubide tasen ordainketa-gutuna.
-NANaren fotokopia.
-Argazki bat, berriki egina.
Txartelaren berritzea haren indarraldia bukatu aurreko bi hilabeteetan eskatu beharko da.
Interesdunak txartela berritzeko betebeharrak betetzen dituela egiaztaturik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak txartela emanen du, eskaera Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan sartu eta hilabeteko epean.
Maila kualifikatuko txartelaren titularren kasuan, tratamendu taldeetako arduradun jarduna edo produktu fitosanitarioen erabileran langile laguntzailerik duten nekazari izaera frogatu ez baina gainerako beharkizunak betetzen dituztenei, oinarrizko mailako txartela berrituko zaie.
Txartel berria ematerakoan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interesdunari informazio agiri bat emanen dio, produktu fitosanitarioen erabilerarekin loturiko berrikuntza nagusiak bilduko dituena.
Berritutako txartelak 10 urteko indarraldia izanen du, berritze egunetik aurrera kontaturik. Dena den, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak eguneratze ikastaro bat eskatzen ahalko du, bilakaera teknikoak, legezkoak edo beste maila batekoak horrela gomendatzen badu
9. artikulua. Kontrola eta zehapenak.
Foru agindu honetan xedatutakoa betearazteko ikuskapena eta kontrola Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagozkio. Arau-hausteengatik zehapenak ezarri ahal izanen ditu, indarra duen legeriari jarraituz.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria
Foru agindu honetan biltzen ez den orotan 1994ko martxoaren 8ko Agindua hartuko da aintzat, pestiziden bidezko tratamenduak egiteko gaikuntza ikastaroen homologazioari buruzko arauak ezartzen dituena, 2000ko urtarrilaren 5eko Aginduak eta abenduaren 19ko PRE/2922/2005 Aginduak aldatua.
Azken Xedapen Bakarra
Foru aginduonek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
1.-I. eranskina Oinarrizko maila, maila kualifikatua eta fumigatzaile maila lortzeko ikastaroen programak.
2.-II. eranskina Maila bereziak lortzeko ikastaroen programak.
3.-III. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroa balidatzeko/homologatzeko eskabidearen eredua.
4.-III. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroa hasi aurreko jakinarazpenaren eredua.
5.-V. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroaren emaitzei buruzko txostenaren eredua.
6.-VI. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaile txartela eskatzeko eredua.
I. ERANSKINA. Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroen programak
Oinarrizko maila.
1.-Izurriak. Kontrol metodoak, landareen osasuna babesteko baliabideak.
2.-Landare-osasunerako produktuak: deskripzioa eta ikuspegi orokorra.
3.-Landare-osasunerako produktuen eta haien hondarren arriskuak.
4.-Landare-osasunerako produktuak erabiltzearen arriskuak.
5.-Intoxikazioak eta osasunaren gaineko beste ondorio batzuk. Lehen laguntzak.
6.-Landare-osasunerako tratamenduak. Tratamenduak emateko ekipoak.
7.-Ekipoak garbitzea, zaintzea, erregulatzea eta berrikustea.
8.-Langilearen esposizio maila: aurreneurriak eta babes neurriak landare-osasunerako produktuak erabiltzean.
9.-Lana-osasuna erlazioa: laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia.
10.-Ingurumen-praktika onak. Ingurumena zaintzeko sentsibilizazioa.
11.-Ingurumenaren babesa eta ontzi hutsen ezabaketa: berariazko araudia.
12.-Trazabilitate printzipioak. Janarien eta pentsuen higieneari buruzko baldintzak.
13.-Landare-osasunerako praktika ona: etiketak eta segurtasun-datuen fitxak interpretatzea.
14.-Landare-osasunerako produktuak erabiltzean bete behar den araudia. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.-Landare-osasunerako produktuak aplikatzeko praktikak.
Eskola orduak, gutxienez: 25.
Maila kualifikatua.
1.-Laboreen izurriak: eragiten dituzten kalteak.
2.-Izurriak kontrolatzeko metodoak.
3.-Landare-osasunerako babes baliabideak: borroka integratua eta borroka biologikoa.
4.-Landare-osasunerako produktuak: substantzia aktiboak eta prestakinak.
5.-Landare-osasunerako produktuak aplikatzeko metodoak.
6.-Aplikaziorako ekipoak: mota bakoitzaren funtzionamendua.
7.-Ekipoak garbitzea, erregulatzea eta kalibratzea.
8.-Ekipoak mantentzea eta berrikustea.
9.-Landare-osasunerako produktuek osasunarentzat dituzten arriskuak.
10.-Landare-osasunerako produktuen hondarrak. Kontsumitzaileentzat dituzten arriskuak.
11.-Intoxikazioak eta osasunaren gaineko beste ondorio batzuk. Lehen laguntzak.
12.-Landare-osasunerako tratamenduak. Prestatzea, nahastea eta aplikatzea.
13.-Landare-osasunerako produktuak erabiltzearen arriskuak.
14.-Langilearen esposizio maila.
15.-Langilearen aurreneurriak eta babes neurriak.
16.-Lana-osasuna erlazioa: laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia.
17.-Ingurumen-praktika onak. Ingurumena zaintzeko sentsibilizazioa.
18.-Ingurumenari kalte egiteko arriskuak: kalte gutxiago egiteko neurriak.
19.-Ontzi hutsak ezabatzea. Kudeatze sistemak.
20.-Trazabilitate printzipioak. Janarien eta pentsuen higieneari buruzko baldintzak.
21.-Landare-osasunerako produktuak garraiatu, biltegiratu eta manipulatzea.
22.-Nekazaritzako gizarte segurantza.
23.-Landare-osasunerako praktika ona.
24.-Etiketak eta segurtasun-datuen fitxak interpretatzea.
25.-Landare-osasunerako produktuak erabiltzean bete behar den araudia. Arau-hausteak eta zehapenak.
26.-Landare-osasunerako produktuak aplikatzeko praktikak.
27.-Kasu praktikoak garatzeko ariketak.
Eskola orduak, gutxienez: 72.
Fumigatzaile maila.
1.-Landare-osasunaren inguruko arazoak:
a) Laborantza lurretan.
b) Biltegiratutako landare produktuetan.
c) Nekazaritzako lokal eta instalazioetan.
d) Garraiobideetan eta nekazaritzako tresnerian.
e) Landare bizietan eta material begetatiboan.
f) Berotegiko laboreetan.
2.-Fumigagaien propietateak, jarduteko moduak eta ekintza-espektroa:
a) Metil bromuroa.
b) Kloropikrina.
c) Aluminio eta magnesio fosfuroak / fosfamina.
d) Zianuroak / azido zianhidrikoa.
e) Beste batzuk (karbono dioxidoa, hidrogeno sulfuroa eta abar).
3.-Fumigagaiak garraiatzea, biltegiratzea eta manipulatzea.
4.-Fumigagai bakoitzaren aplikazioan kontuan hartu beharrekoak.
5.-Fumigatzeko teknika eta ekipoak.
6.-Ekipoak zaintzea, erregulatzea, kalibratzea eta berrikustea.
7.-Arriskugarritasuna eta osasunarentzat dituzten arrisku zehatzak. Lehen laguntzak.
8.-Gas detektagailuak, mozorroak, iragazkiak eta segurtasunerako beste elementu batzuk.
9.-Segurtasunerako elementu eta ekipoak mantentzea.
10.-Trazabilitate printzipioak. Janarien eta pentsuen higieneari buruzko baldintzak.
11.-Lana-osasuna erlazioa: laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia.
12.-Nekazaritzako gizarte segurantza.
13.-Landare-osasunerako praktika ona.
14.-Etiketak eta segurtasun fitxak interpretatzea.
15.-Fumigazioak planifikatzea: kontuan hartu beharreko alderdiak.
16.-Fumigatu beharreko merkantzia, barruti eta eremuak prestatu eta seinaleztatzea.
17.-Fumigagaiei eta haien aplikazioari buruzko legeria berariazkoa.
18.-Fumigazio praktikak.
19.-Kasu praktikoak garatzeko ariketa.
Eskola orduak, gutxienez: 50.
Nekazaritza eta basogintzako pilotu aplikatzailea.
1.-Fitopatologiaren ikuspegi orokorra. Ekologia eta landare-osasunerako jarduera.
2.-Pestizidak: sailkapena eta talde bakoitzaren ezaugarriak.
3.-Pestiziden formulazioak: izaera eta ezaugarriak.
4.-Produktuak airetik botatzeko baliabide eta ekipoak (I): instalazio finkoak aireontzi mota bakoitzean. Aplikazio teknika bakoitzean erabiltzen diren ekipoak.
5.-Aplikaziorako baliabide eta ekipoak (II): ekipoen funtzionamendua, erregulazioa, mantentzea eta kalibrazioa. Aireontziaren deskripzioa.
6.-Bolumen txiki eta ertainak airetik botatzeko teknikak: ULV, ihinztatzea, hautseztatzea eta zabaltzea.
7.-Bolumen handiak eta trinkoak airetik botatzeko teknikak:
8.-Landare-osasunerako jarduerari aplikatutako meteorologia. Biometeorologia.
9.-Nekazaritza eta basogintzako tratamenduen planifikazioa: aurretiazko ebaluazioa, hegaldi baxuetako oztopoak eta hegaldia egiteko plana.
10.-Nekazaritza eta basogintzako hegazkin eta helikopteroen pistak: ezaugarriak eta baldintzak, instalazioak, ekipoak, hornidurarako baliabide osagarriak eta ontzi hutsen ezabaketa.
11.-Pestizidak erabiltzearen arrisku ekologikoak. Animalia basati eta abereentzako arriskuak, landareentzako toxikotasuna eta lur eta uren kutsadura.
12.-Kutsaduraren kontrola. Deribaren kontrako teknika bereziak.
13.-Pestiziden erabilerak pertsonen osasunarentzat dituen arriskuak: toxikologia, intoxikazioak eta lehen laguntzak.
14.-Pestiziden hondarrak: hondarren barreiadura, segurtasun epeak eta gehieneko hondar kantitateak landare produktuetan eta edateko tratatuko diren uretan.
15.-Segurtasuna eta higienea. Laneko osasuna.
16.-Legezko araudia.
17.-Ariketa praktikoak.
Eskola orduak, gutxienez: 90.
II. ERANSKINA. Maila berezietarako ikastaroen programak
Metil bromuroa erabiltzeko maila berezia.
1.-Landare-osasuneko arazoak lurrean.
2.-Legeria.
3.-Metil bromuroaren eta kloropikrinaren propietate orokorrak. Beste gehigarri detektatzaile batzuk.
4.-Metil bromuroaren ekintza izurrien kontra.
5.-Aplikazioan kontuan hartu beharreko faktoreak.
6.-Aplikazio moduak.
7.-Haren erabilerak osasunarentzat dituen arriskuak. Lehen laguntzak.
8.-Haren arriskuak eta hura erabili eta biltegiratzean hartu behar diren neurriak. Legezko araudia.
9.-Aplikaziorako praktika.
10.-Ariketa praktikoa.
Eskola orduak, gutxienez: 25.
Aluminio fosfuroa eta magnesio fosfuroa erabiltzeko maila berezia.
1.-Legeria.
2.-Aluminio fosfuroaren eta magnesio fosfuroaren propietate orokorrak.
3.-Laboreei erasaten dieten ugaztun txikien biologia eta haiek kontrolatzeko arazoak.
4.-Borrokarako sistema alternatiboak.
5.-Aluminio fosfuroaren eta magnesio fosfuroaren ekintza biozida eta haiek aplikatzerakoan kontuan hartu behar diren faktoreak.
6.-Haien erabilerak osasunarentzat dituen arriskuak. Lehen laguntzak.
7.-Aluminio eta magnesio fosfuroen arriskuak eta haiek erabili eta biltegiratzean hartu behar diren neurriak. Legezko araudia.
8.-Aluminio eta magnesio fosfuroak aplikatzeko praktikak.
9.-Ariketa praktikoa.
Eskola orduak, gutxienez: 15.
Zianhidrikoz fumigatzeko maila berezia.
1.-Legeria.
2.-Azido zianhidrikoaren eta zianuroen propietate orokorrak.
3.-Azido zianhidrikoaren ekintza izurrien kontra.
4.-Hura aplikatzean kontuan hartu beharreko faktoreak.
5.-Aplikazio moduak.
6.-Haren erabilerak osasunarentzat dituen arriskuak. Lehen laguntzak.
7.-Haren arriskuak eta hura erabili eta biltegiratzean hartu behar diren neurriak. Legezko araudia.
8.-Aplikaziorako praktikak.
9.-Ariketa praktikoa.
Eskola orduak, gutxienez: 20.
III. ERANSKINA
Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileen txartelak balidatu edo homologatzeko eskabidea Maila ............-
-Irakaskuntza-entitatearen datuak:
Sozietatearen izena:
Zuzenbidea:
Herria: ............................................ P.K.:
-Ikastaroaren xedeari buruzko memoria
Ikasleen gehieneko kopurua: ................
Bestelako oharrak:
-Irakaskuntzaren programa
Unitate didaktikoak, irakastorduak
Praktikak: motak, iraupena eta baliabide teknikoak (eskura dauden materiala eta ekipoak)
-Irakasleak
Irakasleen zerrenda, titulazioa, esperientzia eta interesgarriak izan daitezkeen bestelako ezaugarriak
-Ebaluazio irizpideak
Irakaskuntza-entitatearen aldetik,
Sinatua
-Aipatutako dokumentazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo, bestela, 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.
NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.
IV. ERANSKINA
Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroaren aurreko komunikazioa Maila ..............-
Ikastaroaren identifikazio-gakoa: ..................
-Irakaskuntza-entitatearen datuak
Sozietatearen izena:
Helbidea:
Herria: ................................................. P.K.:
Ikastaroaren zuzendaria
Izen-deiturak eta titulazioa:
-Ikastaroaren datuak
Egiteko tokia:
Hasiera eguna: ................................ Bukaera eguna:
Inskribatutako ikasle kp.: ...............
-Programa*
Irakastorduen eta praktiken kp.: ................
Unitate didaktiko bakoitzeko irakasleak (Izen-deiturak eta titulazioa)
(*) Aldez aurretik onetsitako programari edozein aldaketa sartuz gero, haren berri emanen da.
Eguna: .....................
Ikastaroaren arduraduna,
Sinatua
NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.
V. ERANSKINA
Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroaren emaitzei buruzko txostena Maila: .................-
Ikastaroaren identifikazio-gakoa: ................
-Irakaskuntza-entitatearen datuak
Sozietatearen izena:
Helbidea:
Herria: .......................................... P.K.:
Ikastaroaren zuzendaria
Izen-deiturak eta titulazioa:
-Ikastaroaren datuak
Egiteko tokia:
Hasiera eguna: ............................ Bukaera eguna:
Zenbat ikaslek gainditu duten: ..............
-Programa*
Irakastorduen eta praktiken kp.: .................
Unitate didaktiko bakoitzeko irakasleak (Izen-deiturak eta titulazioa)
(*) Aldez aurretik onetsitako programari edozein aldaketa sartuz gero, haren berri emanen da.
-Ikastaroaren emaitzak
Gainditu duten ikasleen kopurua eta zerrenda: izen-deiturak, NAN zk,, helbidea eta telefonoa.
Ikuskapen ofizialak: horrelakorik egonez gero, organo ikuskatzailea adieraziko da, eta baita haren emaitza ere, irakasleen partaidetzari eta ikasleek izandako asistentziari eta probei dagokienez.
Eguna: ............
Ikastaroaren arduraduna,
Sinatua
NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.
VI. ERANSKINA
Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileen txartela emateko eskabidea
-Datu pertsonalak:
Izen-deiturak:
NANaren edo pasaportearen zk.:
Helbidea:
P.K. ............................... Herria:
Telefonoa:
Posta elektronikoa:
-Ikastaroaren datuak
Gaitasun maila:
Herria: .................................... Hasiera data:
Antolatzailea:
Sinadura:
.................n, .......(e)ko ...........aren ......(e)an
1.-Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileen txartela lortzeko beharrezkoa izanen da dagokion mailako unitate didaktikoak gainditzea. Ikastaroaren entitate antolatzaileak emandako ziurtagiria aurkeztuko da.
2.-Txartela lortzeko eskabidearen batera ondokoak aurkeztuko dira: eskubideak ordaindu izanaren agiria; - bi argazki, karnet neurrikoak; - NANaren edo balio bereko beste agiri baten fotokopia; - ikastaroa gainditu izanaren ziurtagiria.
3.-Dokumentu horiek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira (Tutera kalea, 20. 31003 Iruñea. Tel.: 948 42 37 98), edo, bestela, Nekazaritzako Eskualdeetako Bulegoetan edo 30/92 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako tokietako batean. Aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ikastaroa bukatzen denean hasita.
4.-Ahal dela, dokumentazioa taldeka aurkeztuko da, ikastaroa antolatzen duten entitateen bitartez.
Interesatuek bete beharrekoa.
NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.