Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 19. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 29an)
Atarikoa
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 471. artikuluan, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak emandako idazketaren arabera, xedatzen da Justizia Administrazioaren zerbitzuko eta aurreko artikuluan sarturiko langile guztien gaineko eskumenak Justizia Ministerioari dagozkiola edo, kasua bada, autonomia erkidegoei, horien estatutuari eta araubide juridikoari dagozkion gai guztietan, barne hartuta hautespena, hasierako eta etengabeko prestakuntza, destinoak ematea, igoerak, egoera administratiboak, lanaldiak, lanorduak eta diziplinaren gaineko araubidea.
Maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zitzaizkion Justizia Administrazioaren zerbitzuko baliabide pertsonalen arloko funtzioak eta zerbitzuak. Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroako Justizia Administrazioaren organo judizial eta fiskalen zerbitzuko lanpostuak aldi baterako betetzeko langileak arautu eta izendatzea.
Foru agindu honen xedea da langileen arloko beharrak asetzea bitarteko funtzionarioak behar bezalako arintasunarekin eta azkartasunarekin izendatuz, funtzio publikorako sarbidea agintzen duten berdintasun, merezimendu eta gaitasun irizpideak murriztu gabe.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 489. artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak emandako idazketaren arabera), aldez aurretik sindikatuekin negoziatuta eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari entzunda (aipatutako arauaren 108. artikuluari jarraikiz), agindu dut:
1. artikulua. Xedea, eskumena eta kasuak.
1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko bitarte baterako funtzionarioak hautatu, izendatu eta lanpostutik kentzeko prozedura ezartzea.
2. Nafarroako Justizia Administrazioaren bulego eta zerbitzuen beharrak ezin badira Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren, Izapidetze Prozesal eta Administratiboaren, Laguntza Judizialaren eta Auzitegiko Medikuen kidegoetako funtzionarioekin ase, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Justiziako zuzendari nagusiak bitarteko funtzionario izendatu ahal izanen ditu aldez aurretik horretarako hautatu diren pertsonak, honako kasu hauetan:
a) Arauzko absentzia hilabetea baino gehiago luzatzen bada.
b) Plantillan lanpostu hutsak badaude, horiek arauzko sistemaren bidez bete arte.
c) Lanpostuak betetzea presazkoa eta beharrezkoa dela behar bezala arrazoitzen bada eta Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak hala balioesten badu.
2. artikulua. Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.
Aldi baterako langileak deialdi publikoaren bidez hautatuko dira, betiere berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz.
Aldi baterako langileak hautatzeko prozedurak ahalik eta arintasun eta eraginkortasun handienekin eginen dira lanpostuak betetzeko.
3. artikulua. Izangaien zerrendak.
1. Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrendak eratu ahal izanen ditu honako kidegoetarako, hurrengo idatz-zatian xedatutakoarekin bat:
a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegoa.
b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboaren Kidegoa.
c) Laguntza Judizialaren Kidegoa.
Izangaiak kidego ezberdinetako izangaien zerrenda batean baino gehiagotan egon ahal izanen dira aldi berean.
2. Lehentasun hurrenkera honen araberako izangaien zerrendak eratu ahal izanen dira:
1. Azken deialdi publikora aurkeztu eta aurreneko proban deialdiaren oinarrietan proba horretarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaiek osatuko dute lehenbiziko zerrenda.
Izangaien hurrenkera ezartzeko, atal hauetako puntuazioak batu eta guztira ateratakoa erabiliko da:
a) Oposizioaren probetan lortutako puntuazioa. Ondorio horietarako, izangai bakoitzak egindako probetan atera dituen puntuazioak batuko dira, eta probetan guztira puntuazio altuena lortu duenari gehieneko puntuazioa emanen zaio: 60 puntu. Gainerako izangaiei proportzioan dagokien puntuazioa emanen zaie, probetan lortutakoaren arabera.
b) Lortutako merezimenduen balorazioa, foru agindu honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.
Berdinketarik badago, lehentasuna izanen du a) atalean puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak eta, berdinketak irauten badu, lan esperientzia baloratzeko atalean kalifikazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Azkenik, zozketa bidez ebatziko da, lehentasuna arautuko duen hurrenkera alfabetikoa ezarriz.
Kidego bakoitzerako horrela eratutako zerrenden indarraldia bukatuko da zerrenda berri bat onesten denean kidegoan sartzeko hautapen prozedura bat amaitu delako, prozedurak zenbat autonomia erkidego ukitzen duen (bakar bat edo batzuk) kontuan hartu gabe.
2. Izangaien bigarren zerrenda osatzeko, lanpostu horiek aldi baterako betetzeko merezimendu-lehiaketa bidezko deialdi publiko bat eginen da, arau honen I. eranskinean ezarritako baremoa (eta hori bakarrik) erabiliko duena.
Idatz-zati honen babesean eratzen diren zerrendetan, aurkeztutako merezimenduen balorazioan aipatu baremoari jarraikiz guztira lortzen den puntuazioaren arabera (handienetik txikienera) ezarriko da izangaien hurrenkera.
Berdinketarik badago, lehentasuna izanen du lan esperientzia baloratzeko atalean kalifikazio handiena lortu duen izangaiak. Azkenik, zozketa bidez ebatziko da, lehentasuna arautuko duen hurrenkera alfabetikoa ezarriz.
Urteroko lehen hiruhilekoan prozeduretarako deialdia eginen da, zerrendetan izangai berriak sartu eta zerrenda horietako izangaiek azken urtean lortutako merezimenduak eguneratze aldera. Ofizioz nahiz interesdunak eskaturik eguneratuko dira merezimenduak eta, ondoren, berriro ezarriko da izangai guztien hurrenkera.
3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez eratutako izangaien zerrendak. Oro har, idatz-zati honetan ezarritako hautapen sistema erabiliko da aurreko idatz-zatietan aipatutako zerrendetan hartzeko izangairik ez badago eta, salbuespen gisa, lanpostuak betetzeko presako premia dagoela frogatzen bada edo lanpostuen berariazko ezaugarriak direla-eta horiek betetzea zaila dela frogatzen bada. Kasu horretan izangaiei berariazko ezaugarri horien frogagiria eskatuko zaie.
4. artikulua. Hautapen prozedurak argitara ematea.
Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuaren web orria (Nafarroako Justizia Administrazioaren atalean) erabiliko du foru agindu hau betetzeko egiten diren hautapen prozedura guztiak argitaratzeko.
5. artikulua. Sartzeko baldintzak.
1. Zerrendetan sartu ahal izateko, izangaiek hurrengo idatz-zatietan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Baldintza horiek administrazioak zerbitzu ematen hasteko deitzen duen unera arte bete beharko dira, baita zerbitzu ematen aritzen den denboran ere.
2. Kidego guztietara sartzeko baldintza orokorrak dira:
a) Espainiarra izatea, adinez nagusia eta erretiroko adina ez izatea, ezta hautapen prozedurak iraun bitartean betetzea ere, lanpostuaren jabetza hartu arte.
b) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta akusatua ere, ez bada birgaitzea lortu duela edo kausa largetsi dela.
c) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ez izatea.
d) Diziplina prozedura baten bidez edozein administrazio publikotatik bereizia ez izatea, ezta eginkizun publikoetan aritzeko gabetua ere, diziplina edo epaile bidez, non ez den birgaitua izan.
e) Lanpostuan aritzea galarazten dion akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik ez izatea.
3. Kidego bakoitzerako berariazko baldintza gisa eskatuko da kidegoan sartzeko beharrezkoa den titulazioa edukitzea edo eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen titulua eskuratzeko moduan egotea, eta hala:
a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako: gradudun, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoen titulua edo horien titulu baliokidea.
b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako: batxiler-titulua edo haren baliokidea.
c) Laguntza Judizialaren Kidegorako: DBH-ko gradudun titulua edo haren baliokidea.
d) Auzitegiko medikuen kidegorako: medikuntzako gradudun edo lizentziadun titulua.
4. Gainera, berariazko baldintza gisa eskatuko dira:
a) Izapidetze Prozesal eta Administratiboaren Kidegoko zerrendetarako: mekanografiako ezagutzak, honako baliabide hauetako baten bitartez frogaturik:
1. Ofizialki aitortutako prestakuntza zentro batek azken bost urteotan emandako diploma edo ziurtagiria, interesdunak minutuko 220 pultsazio egiten dituela ziurtatuz.
2. Administrazio Kudeaketa erdi mailako heziketa zikloaren titulua, Administrazioa eta Finantzak goi mailako heziketa zikloaren titulua eta Idazkaritza goi mailako heziketa zikloaren titulua izatea edo eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen titulua eskuratzeko moduan egotea.
Halaber, Teknikari laguntzailearen titulua (administrazio arloa, LH1) edo Teknikari espezialistaren (administrazio arloa, LH2) titulua izatea.
3. Administrazio publiko baten ziurtagiria, aurre-aurreko bost urteetan egindako hautapen prozesuetan mekanografia proba bat edo baliabide ofimatikoena gainditu duela ziurtatuz.
4. Administrazio publiko baten ziurtagiria, aurreko bost urteko epean laguntzaile judizial, justiziako ofizial, administrari laguntzaile edo administrari-ofizial gisa edo Izapidetze Prozesal eta Administratiboaren Kidegoko lanpostu batean edo Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegoko batean zerbitzuak eman dituela ziurtatuz.
Baldintza hori frogatzearen ondorioetarako, bost urteen zenbaketa eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunera arte eginen da.
b) Lanpostuari dagokion titulazioa, lanpostuen zerrenden arabera titulazio jakin bat izatea beharrezkoa duten lanpostuen kasuan.
6. artikulua. Izangaiei dei egitea.
1. Araubide orokorra.
Foru agindu honen 1. artikuluan aipatutako kasuetarako, izangaiei banan-banan deituko zaie, izangaiak deialdi ezberdinetan parte hartzeko eskabidean hautatutako lurralde esparruen arabera. Horiek honako hauetako bat edo batzuk izan daitezke:
a) Iruña eta Agoizko barruti judizialak.
b) Iruña eta Lizarrako barruti judizialak.
c) Iruña eta Tafallako barruti judizialak.
d) Iruña eta Tuterako barruti judizialak.
e) Tutera eta Tafallako barruti judizialak.
f) Lizarra eta Tafallako barruti judizialak.
g) Barruti judizial guztiak.
Dei egitearen ondorioetarako, interesdunek parte hartzeko eskabidean harremanetarako telefono bat edo bi eta helbide elektroniko bat jarri beharko dituzte, izangaia aurkitu eta deitu ahal izateko. Emandako telefonoak eta helbide elektronikoak edozein unetan eguneratu behar dira, dagokion Zerbitzuari zuzendutako eskabide baten bidez.
Izangaiari bitarteko funtzionario izendatzeko eskaintza egiteko, hura aurkitzeko hiru saiakera eginen dira gutxienez, eta beharrezkoa balitz, 24 orduko epean. Hori telefono deiaren, telefonora igorritako mezuaren edo helbide elektronikoaren bidez eginen da, betiere hori egitea posiblea bada. Izangaia aurkitzerik ez badago, zerrendan hurrengoa denarekin harremanetan jarriko da, hori idatzirik utzita horretarako egindako eginbidearen bidez.
2. Euskararen nahitaezko ezagutza eta balorazioa.
a) Bete beharreko lanposturako beharrezkoa bada euskaraz jakitea (lanpostuen zerrenden arabera), “Zerrenda orokorra” izenekoa erabiliko da, hurrengo idatz-zatiaren d) letran ezarritakoarekin bat.
b) Bete beharreko lanposturako euskaraz jakitea merezimendua bada (lanpostuen zerrenden arabera), “Euskara-merezimendua zerrenda” izeneko zerrenda erabiliko da.
3. Salbuespenak.
a) Izangai bat bitarteko funtzionario izendatzen bada, ez zaio bestelako izendapenik eskainiko beste lanpostu bat betetzeko, ez bada deia maila edo kategoria handiagoko lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten dela.
b) Bitarteko funtzionarioa bulego edo zerbitzu judizial bateko lanpostutik kentzen denetik sei hilabete baino gutxiago igarotzen badira bulego berean edo ordena jurisdikzional bereko beste batean aritzeko kidego bereko beste izangai bat deitzen den arte, pertsona bera izendatu ahal izanen da, behin bakarrik, betiere bulegoko edo zerbitzuko arduradunak hala eskatzen badu. Dena dela, izendapen hori ezinen da egin baldin eta, ezarritako araudiari jarraikiz, lanpostua aldi baterako betetzeko Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionario baten ordezpena beste funtzionario bat maila altuagoko kidego batean arituz egin behar bada.
Bitarteko funtzionario izendatzeko arrazoia lizentzia ordaindu bat bada haurdunaldian arriskuan egoteagatik edo erditzeagatik, edo edoskitzarorako baimen metatu bat bada, betiere pertsona bera ordezten badu, bitarteko funtzionarioak egora horiek guztiak aldi baterako betetzen ahalko ditu, eta, aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, dei bakar gisa zenbatuko da.
c) Bete beharreko lanposturako lanpostuen zerrendak titulazio jakin bat eskatzen badu, deia kasuan kasuko titulazioa dutela frogatzen duten izangaien alde eginen da, zerrendan agertzen diren hurrenkeraren arabera.
d) Bete beharreko lanpostuetarako lanpostuen zerrendaren arabera euskaraz jakitea beharrezkoa bada, deia EGA titulua edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, dutela frogatzen duten izangaien alde eginen da.
Izangaiak euskaraz dakiela frogatu ahal izanen du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak horretarako prestatutako berariazko probak gaindituz.
7. artikulua. Praktiketako bitarteko funtzionarioak.
1. Praktiketako bitarteko funtzionariotzat joko dira izendapenaren kidegoan aurretik egiazko bi hileko zerbitzuak eman gabe izendatzen direnak.
2. Praktikaldiak bi hileko iraupena izanen du izendapena egiten denetik hasita, eta epea modu jarraituan edo aldi metagarritan zenbatuko da. Praktikaldiak iraun bitartean, gainerako bitarteko funtzionarioen ordainsari eskubide berak izanen dituzte.
Praktikaldia edo dagokion aldi metagarria bukatu eta hamar egun balioduneko epean, idazkari judizialak edo arduradun funtzionalak txosten arrazoitua emanen du baldin eta funtzionarioak ez duela praktikaldia gainditu jotzen badu. Ezarritako epean txostenik eman ez bada, ulertuko da bitarteko funtzionarioak gainditu duela praktikaldia edo dagokion aldi metagarria.
Txosten hori edozein unetan eman ahal izanen da praktikaldia amaitu baino lehen, idazkari judizialak edo arduradun funtzionalak uste badu praktiketako bitarteko funtzionarioaren errendimendua eskasa dela edo lanpostuan aritzeko beharrezkoa den gaitasunik ez duela.
3. Praktikaldia baino aldi laburrago baterako izendatu badute bitarteko funtzionarioa, eta izendapen hori bukatu ondoren beste aldi baterako izendatzen badute, idazkari judizialari edo arduradun funtzionalari praktikaldi hori jakinaraziko zaio, horren iraupenarekin eta nondik norakoekin.
4. Izangaiak praktikaldia gainditzen badu, dagokion zerrendan sartuko da behin betiko eta, zerbitzuak ematen jarraitu beharko balu, automatikoki berrituko litzaioke bitarteko funtzionarioaren izendapena.
Hori horrela izanik ere, praktikaldia gainditzeak ez du galaraziko bitarteko funtzionarioari espedientea hastea errendimendu eskasa edo gaitasun eza direla kausa, 10.2 artikuluan ezarritako moduan.
5. Praktikaldia ez gainditzeak ekarriko du lanpostutik kendu behar izatea, bai eta dagokion zerrendatik kanpo betiko uztea ere.
Horretarako, Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak dagokion alde biko espedientea hasiko du, non interesdunak, bost egun balioduneko epean, bere eskubidearen alde komeni zaizkion alegazioak aurkeztu eta probak proposatu ahalko baititu. Horren ostean, Lehendakaritzako eta Justiziako zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez erabakiko du bidezko den ala ez lanpostutik kentzea eta, hala bada, zerrendatik kanporatzea, eta erabaki horren berri emanen dio Justiziako Langileen Batzordeari.
8. artikulua. Izendapen-eskaintzari uko justifikatua egitea.
1. Eskainitako lanpostuan izendatzeko eskaintzari uko egitea justifikatua egonen da ondoko egoeratan (izangaien zerrendaren hurrenkeran behera egin gabe):
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea edo hiru urte baino gutxiagoko haur bat adoptatu aurretik edo modu iraunkorrean familian hartu beharrean egotea.
d) Pertsona adintsu ezindu edo eri hilurren bat, odolbidez nahiz ezkontzaz bigarren gradurainoko ahaidea dena, zaindu beharrean egotea.
e) Ezkontza edo odol bidezko bigarren gradu arteko ahaide bat zentzea, ospitaleratzea edo operatzea. Uko egiteak 5 egun balioduneko epea iraunen du gertaeraren egunetik aitzina.
f) Ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.
g) Kargu publiko batean aritzea, bitarteko funtzionario izendaturik egotea edo aldi baterako kontrataturik egotea (kontratua administratiboa zein lan araubidekoa izan), edozein administraziotan.
h) Nafarroako Justizia Administrazioaren eremutik kanpo lan egitea, sektore publikoan zein pribatuan.
i) Aurretik zerrendatutakoekin parekatutako bestelako edozein egoeratan egotea, hori behar bezala frogatzen bada eta Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak hala balioesten badu.
j) Justiziako lan-eskaintza publikoa prestatzea. Uko hau behin baino ezin da egin, eta gutxienez sei hilabete iraunen du eta urte bat gehienez. Lan-eskaintza publikorako aurkeztutako eskabidearen kopia aurkeztuz justifikatuko da.
2. Aurreko idatz-zatian adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
3. c), d), g), h) eta i) letretan ezarritako arrazoiengatik izendapen-eskaintzari uko egiten dutenei ez zaie berriro ere deituko uko egin denetik hiru hilabete igaro eta aurretik interesdunaren eskabidea jaso arte.
4. Artikulu honen a) eta b) letretan ezarritako kasuetan, egoera hori amaitu dela jakinarazi beharko zaio Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiari, amaitzen denetik hiru egun naturaleko epean.
5. Aurreko idatz-zatian adierazitako agiriak ezarritako epeetan aurkezten ez dituzten izangaiak deia eragin duen kidegoari dagozkion zerrendetatik kanporatuko dira.
9. artikulua. Izendapenen aldi baterako eraginkortasuna.
1. Nafarroako Gobernuak bitarteko funtzionarioekin duen lotura juridiko eta ekonomikoa horiek lanpostuaz jabetzean du jatorria.
2. Lanpostu bat betetzeko deituak izan diren izangaiek lanpostuaz jabetu beharko dute deia egin eta lau egun balioduneko epean. Lanpostu hori aldi baterako betetzeko premiazko arrazoiak izanez gero, aipatu epea murriztu daiteke. Kasu horretan, premiazko deiari baiezko erantzuna eman ezin diola frogatzen duen izangaiak ez du galduko izangaien zerrendan duen lekua.
3. Proposatuak izan diren pertsonak ezin izanen dira lanpostuaz jabetu ezta lanpostuari dagozkion funtzioak bete ere Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak haien izendapena jakinarazi arte.
4. Nafarroako Gobernuak bitarteko funtzionarioekin duen lotura juridiko eta ekonomikoa iraungiko da horiek lanpostutik kentzean.
10. artikulua. Lanpostutik kentzea.
1. Bitarteko funtzionarioak lanpostutik kenduko dira ondoko kasu hauetan:
a) Betetzen ari den plaza haren funtzionario titularrak betetzea edo karrerako funtzionario batek betetzea legez ezarritako prozeduren bidez. Bulego edo zerbitzuan kidego bereko bitarteko funtzionario bat baino gehiago badaude eta ordezpenak lanpostu zehatzei lotuta ez badaude, eremu horretan etenik gabe aldi baterako zerbitzuak ematen denbora gehien daraman pertsona kenduko da lanpostutik.
b) Izendatu zuten epealdia bukatzea.
c) Lanpostua bitarteko funtzionario baten bidez betetzeko zerbitzu beharrak amaitzea.
d) Betetako lanpostua desagertzea.
e) Betetzen ari den lanpostuari uko egitea.
f) Izangaien zerrendetan sartzeko eskatutako baldintzetakoren bat hasieratik edo gerora ez betetzea edo adierazitako merezimenduren bat faltsua izatea.
g) Hutsegite oso larria egiteagatik zehapen irmoa izatea, Justizia Administrazioaren zerbitzuko Langileen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamendu Orokorraren arabera.
h) Errendimendu eskasa edo gaitasunik ez izatea.
i) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 492.3 artikuluan ezarritako adina izatea.
2. Aurreko idatz-zatiaren h) letran ezarritakoaren ondorioetarako, ondoko prozedura honi jarraituko zaio: bulego edo zerbitzu judizialaren arduradunak lanpostutik kentzeko proposatuko dio Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiari behar bezala arrazoitua eta nahi adina froga aurkeztuz. Proposamen hori interesdunari igorriko zaio eta horrek hamar eguneko epea izanen du alegazioak egin edo beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa aurkezteko. Espediente osoa Justiziako Langileen Batzordeari igorriko zaio, epe berean txostena egin dezan. Izapide horiek eginda, ebazpena hamar eguneko epean emanen da.
11. artikulua. Izangaien zerrendetatik baztertzea.
1. Deia eragin duen kidegoari dagozkion izangaien zerrendetatik baztertuko dira izangaiak honako kasuetan:
a) Izendapena arrazoirik eman gabe onartzen ez bada.
b) Lanpostuaz jabetzera arrazoirik eman gabe aurkezten ez bada.
c) 10.1 artikuluaren h) letran xedatutakoaren arabera bigarren aldiz lanpostutik kentzen bada. Horri dagokionez, 10. artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritako prozedura aplikatu ahal izanen da.
d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratudun finko gisa sartu dela baldin bada beste lanpostu batean aritzeko, edo foru agindu honen 6.3 artikuluaren a) letran ezarritakoaren ondorioz.
e) Lanpostutik kentzea 10.1 artikuluaren f) letran ezarritako kasuarengatik gertatu bada.
2. Aurreko idatz-zatiaren c) letran jasotako baztertzeak ekarriko du interesduna kategoria handiagoko kidegoei dagozkien izangaien zerrendetatik baztertzea ere.
3. Izangaiak izangaien zerrenda guztietatik baztertuko dira 10.1 artikuluaren g) eta i) letretan ezarritako kasuetan.
4. Artikulu honetan ezarritako baztertzeak Nafarroako Lehendakaritzako eta Justiziako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez formalizatuko dira eta interesdunari jakinaraziko zaio.
12. artikulua. Parte-hartzea eta informazioa.
Maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuan ezarritako lekualdatzeek ukitzen dituzten funtzionarioen Langileen Batzordean ordezkaritza duten sindikatuek langileak hautatzeko eta izangaien zerrendak eratzeko prozesuan hartuko dute parte.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Deietarako lehentasun-araubidearen salbuespenak.
1. Foru agindu honek arautzen dituen prozeduretan, desgaitasunak dituzten pertsonei Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei buruzko indarreko foru araudian unean-unean haientzat ezartzen dena aplikatuko zaie.
2. 55 urtetik gorako izangaiek, Nafarroako Justizia Administrazioan 15 urteko edo gehiagoko zerbitzualdia egina dutenek, lehentasuna izanen dute sartuta dauden zerrendetatik deituak izateko, salbu eta 1. idatz-zatian aipatutako egoeran dauden izangaien aldean.
3. Aurreko idatz-zatietan ezarritako baldintzak betetzearen berri eman beharko dio interesdunak zerrendak kudeatzeko eskumena duen unitateari.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Auzitegiko bitarteko medikuak.
Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren beharrak ezin badira Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioekin ase, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Justiziako zuzendari nagusiak bitarteko funtzionario izendatu ahal izanen ditu aldez aurretik Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez hautatutako pertsonak.
Foru agindu honetan ezarritako dei, uko, lanpostutik kentze eta baztertzeetarako araubidea eta gainerako baldintzak aplikatuko zaizkie langile horiei.
Lehenbiziko Xedapen Iragankorra. Abenduaren 28ko 985/2009 Foru Agindutik eratorritako zerrenden eta izendapenen aldi baterako indarraldia.
Izangaien zerrenda berriak onetsi arte, indarrean egonen dira aurreko araudiaren bidez eratutakoak.
Foru agindu horren arabera izendatutako bitarteko funtzionarioak beren lanpostuetan egonen dira lanpostutik kendu arte. Une horretan, kasua bada, foru agindu honen arabera eratzen diren zerrenda berrietan sartuko dira.
Bigarren Xedapen Iragankorra. Hautapen prozeduren lehenbiziko deialdia.
Foru agindu honen 3. artikuluaren 2.1 idatz-zatian aipatzen den zerrenda betetzeko, foru aginduan ezarritakoari jarraikiz Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak egingo duen lehenbiziko prozeduran aurkeztu ahalko dira soilik kidego orokor bakoitzean sartzeko azken deialdi publikora aurkeztu eta deialdiko ariketa bat bederen gainditzen duten izangaiak.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauen indargabetzea.
Indarrik gabe geratzen da abenduaren 28ko 985/2009 Foru Agindua, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak aldi baterako betetzeko langileak kudeatzeko arauak ezartzen dituena.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Merezimenduen baremoa
A) Esperientzia profesionala: 30 puntu, gehienez.
Justizia Administrazioan, sartu nahi den kidego orokor berean, bitarteko funtzionario gisa emandako zerbitzuengatik: 0,25 puntu lan egindako hilabete oso bakoitzeko.
Justizia Administrazioan, bestelako kidego orokor batean, bitarteko funtzionario gisa emandako zerbitzuengatik: 0,15 puntu lan egindako hilabete oso bakoitzeko.
Hilabeteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
Frogagiriak: merezimendu guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira, salbu zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean diren organo judizialetan eman badira. Frogagiri guztietan zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak aipatuko dira.
B) Nafarroako justiziako kudeaketa prozesalerako tresna informatikoaren gaineko ezagutzak (AVANTIUS): 10 puntu.
Frogagiriak: ezagutza hori frogatutzat hartuko zaie azken hamar urteetan gutxienez sei hilabetez Nafarroako Justizia Administrazioan bitarteko funtzionario gisa zerbitzuak eman dituztenei. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori.
C) Euskaraz jakitea:
a) Eremu mistoko herrietan aritzeko lanpostuetarako euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, gehienez 1,8 puntu emanen zaio euskaraz dakienari, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada jakite hori.
b) Eremu euskalduneko herrietan aritzeko lanpostuetarako euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, gehienez 3,2 puntu emanen zaio euskaraz dakienari, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada jakite hori.
EGA titulua edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, izateak, aurreko artikuluetan euskara jakiteaz aipaturiko gehieneko balorazioa jasoko du.
Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da, A2 maila izanez gero, 2/5, B1 izanez gero, 3/5 eta B2 izanez gero, 4/5. Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzarengatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 lortuko da.
Euskara maila frogatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketa egiten ahalko da; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntzari ematen ahal zaion gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.