Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 92. NAOn argitaratua, uztailaren 28an. Aldaketak: 101DEP/2011 Foru Agindua, martxoaren 17koa)
Atarikoa
Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko 2008-2011 aldiko Plana, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak egina, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren zati da.
Plan horren helburuak dira, besteak beste, oinarri esportatzailea zabaltzea, Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeen kopurua handitzea, eta sektore eta azpisektore esportatzaileak eta ezarpen helmugak gehitzea.
Aurreko helburuak lortzeko planteatzen diren ekintzetako bat nazioartera ateratzeko estrategia garbia duten enpresentzako aholkularitza zerbitzuak bultzatzea da.
Profesional adituek emandako aholkularitza, bai jatorrian bai helmugan, enpresen kanpo sustapenean eta nazioartera ateratzeko fase aurreratuagoetan arrakasta lortzeko gakoetako bat da.
Foru agindu honen xedea da nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako 2008-2011 urteetarako diru-laguntzaren araubidea ezartzea.
Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20ko Erabakiaren bidez, baimena eman du diru-laguntzak banakako ebaluazioko araubidean eman daitezen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Diru-laguntzaren xedea da Nafarroako enpresei nazioartera ateratzen laguntzea, Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeen kopurua handituz, eta sektore esportatzaileak eta ezarpen helmugak gehituz.
Horretarako, nazioartera ateratzeko moduetan adituak diren profesionalen aholkularitza, bai zerbitzu estrategikoetan bai operatiboetan, kontratatzeko diru-laguntza ematen da.
2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:
1. Jatorriko aholkularitza.
Honako hauek sartzen dira:
a) Beren tamaina edo antolatzeko modua dela eta, nazioartekotzeaz espresuki arduratzen den langilerik ez duten eskatzaileei egiten zaizkien zerbitzuak. Zuzendaritza, merkataritza eta sustapen eginkizunekin lotutako jarduerek, bai eta gaiarekin lotutako zerbitzuek ere, lortzen ahalko dute diru-laguntza. Jarduera eta zerbitzu horiek nazioartera ateratzeko departamentu bat sortu beharko dute enpresan edo enpresa multzoan.
b) Aurreko atalak barnean hartzen ez dituen eskatzaileei -beste merkatu batzuetan sartu nahi, baina horretarako dituzten zailtasun berezien ondorioz kanpo aditu bat kontratatu behar dutenak- egindako zerbitzuak.
c) Nazioartekotzearen arloan gogoetarako eta dibertsifikazio estrategikorako aholkularitza zerbitzuak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren metodologia bati jarraikiz. Zerbitzu horiek metodologia horretan prestatutako profesionalek egin beharko dituzte.
d) Abokatu bulegoek kanpoko hornitzaile, banatzaile edota bezeroekin sinatutako kontratuei buruzko kontsulta, txosten, irizpen, negoziazio, idazketa eta betetzearen jarraipenean egindako zerbitzuak, edo defentsa juridikoa, demanda judiziala izanez gero.
e) Adimen lehiakorra, hau da, dokumentu bidezko ikerketa, datu base profesionalen berariazko softwareen bidezko azterketan oinarritzen dena eta sektorearen eta/edo eskatzaileak aukeratutako merkatuaren lehiakortasuna eta lehiatzaileek eta balizko bezeroek bertan izan dezaketen lekua jakiteko informazio teknologikoa, jokabideak eta legeria helburu dituena.
Lanaldi partzialeko esportazio kudeatzaileek aurreko a) eta b) ataletako zerbitzuak eginen dituzte. Horiek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak homologatu ditu.
Aurreko zerbitzuekin lotutako kontratuak eta luzapenak eredu ezarriaren arabera formalizatuko dira. Interesdunek Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialean jaso dezakete eredua, eta, kontratua sinatzeko, erakunde horren oniritzia beharko dute.
2. Helmugako aholkularitza.
Arlo hauetako aholkularitza zerbitzuak sartzen dira:
a) Merkataritza sustapena: eskatzailearen produktuak merkatu zehatz batean sartu eta hartara moldatzeko moduak, bai eta prezioari, posizionamenduari eta banaketari lotutakoak ere.
b) Helmugan sartu/egoteko modalitatea aukeratzea, baita agenteak, banatzaileak edo inportatzaileak bilatu eta aukeratzea ere.
c) Merkataritza edo ekoizpen ezarpenerako herrialdea edo eremu geografikoa aukeratzea.
d) Ezarpena aldez aurretik aukeratutako helmugan egitearen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.
e) Kontratazioei buruzko zerga eta lege arloko txostenak (administraziokoak, lanekoak, zibilak, merkataritzakoak); hornitzaileekin, bezeroekin, enplegatuekin edo agenteekin eginiko kontratuen prestaketa eta jarraipena; defentsa juridikoa eta laguntza auzietan; kapitalak aberriratzea; zergak ordaintzea edo aduanak; eta adierazitako esparruarekin lotutako beste edozein jarduera.
Helmugako aholkularitzagatik laguntza eskatzen dutenek diru-laguntza jasotzen ahalko dute aholkularitza egiten deneko herrialdera bidaiatzeko kontratuak edo berrikuntzek, halakorik balego, indarra duten bitartean.
3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Jatorriko aholkularitza.
Jatorriko aholkularitza kontratatzeko diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %40 izanen da. Portzentaje hori irizpide hauen arabera handitzen ahalko da:
a) %5, enpresa eskatzailea ETE bat bada, mikroenpresen eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.
b) %10, enpresa multzo bat bada.
c) %5, eskatzailea sektore hauetakoren batekoa bada: nekazaritzako elikagaiak, automozioa, ekipamendu ondasunak, bioteknologia, eraikuntza bioklimatikoa, energia berriztagarriak, logistika eta garraioa, aisia, kultura eta turismoa, IKT, osasuna eta nanoteknologia.
2. artikuluko 1. idatz-zatiko a) eta b) letretan adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 18.000 eta 30.000 eurokoa izanen da enpresa eta enpresa multzo bakoitzeko, hurrenez hurren. 3 urtez gozatzen ahalko dute laguntzaz. Multzo bereko enpresa batzuek zerbitzu hori kontratatuz gero, zenbateko hori lortzeko, multzoko enpresa guztiek harturiko diru-laguntza hartuko da kontuan.
2. artikuluko 1. idatz-zatiko c) letran adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko.
2. artikuluko 1. idatz-zatiko d) letran adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izanen da aholkularitza bakoitzeko. Urtean 2 aholkularitza hartzen ahalko dira gehienez.
2. artikuluko 1. idatz-zatiko e) letran adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izanen da enpresa eta urte bakoitzeko.
2. Helmugako aholkularitza.
Helmugako aholkularitza kontratatzeko diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %25 izanen da. Portzentaje hori irizpide hauen arabera handitzen ahalko da:
a) %5, enpresa eskatzailea ETE bat bada, mikroenpresen eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.
b) %10, enpresa multzo bat bada.
c) %5, eskatzailea sektore hauetakoren batekoa bada: nekazaritzako elikagaiak, automozioa, ekipamendu ondasunak, bioteknologia, eraikuntza bioklimatikoa, energia berriztagarriak, logistika eta garraioa, aisia, kultura eta turismoa, IKT, osasuna eta nanoteknologia.
d) %15, zerbitzua Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak homologatutako negozio sustatzaileek egiten badute.
e) Plana A taldeko herrialdeentzat bada, %5, eta, B taldekoentzat bada, %2,5. Plana herrialde batentzat baino gehiagorentzat bada, diru-laguntzaren portzentajea herrialde bakoitzaren araberakoa izanen da. Talde bakoitza osatzen duten herrialdeak foru agindu honen 2. eranskinean adierazten dira.
Eskatzaile batek helmugako aholkularitzagatik jaso dezakeen gehieneko diru-laguntza 15.000 eurokoa da urteko.
Aholkularitza egiten deneko herrialdeari dagokion diru-laguntzan pertsona batek turista klasean bidaiatzeko eta ostatatzeko izanen dituen gastuak sartzen ahal dira, eta lurraldeko foru agindu honen 1. eranskinean herrialde bakoitzarentzat ezarria den bidaia poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da gehienez.
4. artikulua. Onuradunak.
Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.
Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
1. Enpresak izanez gero:
a) Nafarroan egotea.
b) Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanik egotea, eskaera aurkezteko egunean.
c) Berezko produktu edo zerbitzu bat edukitzea.
2. Sustapen multzoen kasuan, Nafarroako hiru enpresek osatu beharko dituzte gutxienez. Enpresa bakoitzak aurreko baldintzak bete beharko ditu.
3. Esportazio partzuergoak badira, ezin izanen dira ICEX programetan sartu eta Nafarroan eduki beharko dute egoitza. Diru-laguntza partzuergoan parte hartzen duten Nafarroako enpresa kopuruarekin proportzionala izanen da.
5. artikulua. Eskabideak eta agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak kasuan kasuko kontratua sinatu eta hurrengo hilabetean aurkeztuko dira.
Eskabideak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez. Fitxan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.
2. Eskabidea ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, eta agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta izen batekin (ad: "Kontratuaren kopia", eta abar) egon beharko dira:
a) Eskatzailea sustapen multzo bat bada, lankidetza hitzarmena, Fc7.07.19 inprimaki ereduaren araberakoa.
b) Eskatzailea partzuergoa edo multzoa bada, eraketaren ziurtagiria.
c) Sinatutako kontratuaren edo onartutako aurrekontuaren, hala badagokio, kopia.
d) Egin beharreko lanaren plangintza. Kontratazioaren arrazoiak, egin beharreko ekintzak eta horien kronograma adieraziko dira.
e) Helmugako aholkularitza negozio sustatzaileak ez beste batek egin behar badu, enpresa aholku-emailearen aurkezpena eta azken hiru urteetan egindako zerbitzu nagusien zerrenda, bakoitzaren zenbatekoarekin, datarekin eta hartzaile publiko edo pribatuaren izenarekin. Zuzenbidean onar daitekeen edozein froga erantsiko da berme gisa.
3. Eskaerak aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio epe zehatz batean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatu eta espedientea artxibatuko dela. Azken gorabehera horren berri emanen zaio interesdunari.
6. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.
Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Lehentasuna emanen zaie ebaluaziorako beharrezkoa den dokumentazioa osorik aurkezten dutenei.
Eskaerak foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta diru-laguntza ebaluazio horren arabera esleituko da.
7. artikulua. Diru-laguntza ematea.
Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak, foru agindu honetan ezarritako irizpideekin bat.
Ondoren, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek, zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. artikulua. Gastuen justifikazioa eta ordainketak.
1. Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan, onuradunek adierazitako epean izan dituzten gastuak eta egin dituzten ordainketak frogatu beharko dituzte. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen justifikazioa, behar bezala betetako Fc7.07.21 inprimaki ereduaren araberakoa.
b) Gogobetetasun inkesta, Fc7.07.16 inprimaki ereduaren araberakoa.
c) Fakturen kopiak.
d) Ordainketen frogagirien kopiak (banku karguak, ordainagiriak...).
e) Egindako lanaren emaitzaren txostena.
f) Ekintzak burutu direla frogatzeko beharrezkoak diren agiriak.
Benetan egindako gastutzat joko da deialdian ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.
Laguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean hala justifikatu ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
2. Diru-laguntzaren xede den gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela, gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez.
Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.
9. artikulua. Diru-laguntza ordaintzea.
Egiaztagiriak aztertuta, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.
Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
Halaber, baimendutako aurrekontua kasuan kasuko kontu-sailetan dauden aurrekontuen arabera handitzen ahalko da.
10. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek betebehar zehatz hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntza emateko ebazpenean gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkezteko epeei buruz ezarritakoa betetzea.
b) Diru-laguntzaren xede diren ekintzen gauzatzearen egiaztatzea erraztea, eskatzen diren agiriak eta azalpenak aurkeztuz.
c) Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari jakinaraztea onuradun baldintza lortzeko betekizunak betetzean eragiten ahal duen edozein intzidentzia.
2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzen betetzearen eta lortutako laguntzen erantzukizuneko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen zaiola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.
3. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzea ekar dezake.
11. artikulua. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta "de minimis" diru-laguntzen izaera.
1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
PIPE programan dauden enpresek ezin dute 2.1 artikuluko a), b), c) eta e) letretan adierazitako diru-laguntzarik eskatu, programaren hiru faseak eta jarraipen programa amaitu arte; azken hori, gutxienez ere, zuzkidura ekonomikoari dagokionez.
2. Foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zergaldiko edozein denboralditan. Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabidearekin bat ematen den inprimaki ereduan.
12. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Urteko deialdia.
Enpresa zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, foru agindu honek arautzen duen nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako urteroko diru-laguntzaren deialdiko gastua baimentzen da.
Xedapen Iragankor Bakarra. 2007ko deialdiek araututako ekintzak.
1. Diruz lagun daitezkeen ekintzak, foru agindu hau argitaratu baino lehen egindakoak:
2007ko azaroaren 1etik foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte egindako sustapen ekintzak, bai eta argitalpen dataren aurretik amaiera data arte sinatutako kontratuak ere, nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako diru-laguntzak emateko 2007ko deialdiak arautuko ditu. Deialdi hori Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren apirilaren 18ko 1109/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen.
2. Aurkezteko epea.
Eskabideak eta xedapen honetan adierazten diren ekintzen frogagiriak aurkezteko epea foru agindu hau argitaratzen denean hasi, eta 2008ko irailaren 5ean amaituko da.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
HERRIALDEA POLTSA
Albania 870
Alemania 410
Angola 1.730
Saudi Arabia 1.220
Aljeria 360
Argentina 1.730
Armenia 1.020
Australia 1.940
Austria 610
Azerbaijan 1.220
Bangladesh 1.530
Belgika 410
Bielorrusia 1.020
Bolivia 1.630
Bosnia-Herzegovina 610
Botswana 1.840
Brasil 1.560
Brunei 1.940
Bulgaria 920
Kamerun 1.330
Kanada (ekialdeko kosta) 1.120
Kanada (mendebaldeko kosta) 1.430
Txad 1.120
Txile 1.840
Txina 2.080
Zipre 710
Kolonbia 1.330
Kongo 1.730
Hego Korea 2.040
Boli Kosta 1.330
Costa Rica 1.330
Kroazia 610
Kuba 920
Danimarka 410
Ekuador 1.330
AEB (erdialdea) 1.140
AEB (ekialdeko kosta) 940
AEB (mendebaldeko kosta) 1.460
Egipto 820
El Salvador 1.330
Arabiar Emirerriak 1.220
Eslovakia 610
Eslovenia 510
Estonia 1.020
Etiopia 1.220
Filipinak 1.840
Finlandia 610
Frantzia (hego-mendebaldea) 205
Frantzia (gainerakoa) 360
Gabon 1.330
Georgia 1.220
Ghana 1.330
Grezia 560
Guatemala 1.330
Ginea Bissau 920
Ginea Conakry 1.020
Ekuatore Ginea 1.120
Holanda 410
Honduras 1.330
Hungaria 710
India 1.560
Indonesia 1.840
Irak 1.120
Iran 1.330
Irlanda 410
Islandia 920
Israel 820
Italia 410
Jamaika 1.330
Japonia 2.080
Jordania 920
Kazajstan 1.430
Kenya 1.220
Kirgizistan 1.430
Kuwait 1.220
Letonia 1.020
Libano 920
Liberia 1.020
Libia 820
Lituania 1.020
Luxenburgo 410
Madagaskar 1.840
Malasia 1.840
Malawi 1.840
Mali 1.220
Maroko 360
Mauritania 820
Mexiko 1.140
Moldavia 1.120
Mongolia 2.040
Namibia 1.840
Nepal 1.730
Nikaragua 1.330
Nigeria 1.330
Norvegia 610
Zeelanda Berria 2.040
Oman 1.220
Pakistan 1.530
Panama 1.330
Paraguay 1.630
Peru 1.630
Polonia 710
Portugal 200
Puerto Rico 1.020
Qatar 1.200
Britainia Handia 410
Afrika Erdiko Errepublika 1.330
Txekiar Errepublika 710
Kongoko Errepublika Demokratikoa 1.730
Dominikar Errepublika 920
Errumania 920
Errusia 1.040
Senegal 920
Serbia-Montenegro 610
Singapur 1.840
Siria 920
Somalia 1.220
Sri Lanka 1.840
Hegoafrika 1.330
Suedia 610
Suitza 510
Tailandia 1.840
Taiwan 2.040
Tunisia 410
Turkmenistan 1.430
Turkia 820
Ukraina 1.120
Uruguay 1.730
Uzbekistan 1.430
Venezuela 1.330
Vietnam 2.040
Yemen 1.220
Zambia 1.730
Zimbawe 1.730
2. ERANSKINA
HERRIALDEA MULTZOA
Brasil A
Bulgaria A
Txina A
Zipre A
AEB A
Eslovakia A
Eslovenia A
Estonia A
Hungaria A
India A
Japonia A
Letonia A
Lituania A
Maroko A
Malta A
Mexiko A
Polonia A
Txekiar Errepublika A
Errumania A
Errusia A
Turkia A
Australia B
Austria B
Belgika B
Kanada B
Txile B
Hego Korea B
Danimarka B
Arabiar Emirerriak B
Finlandia B
Grezia B
Irlanda B
Israel B
Italia B
Luxenburgo B
Malasia B
Herbehereak B
Portugal B
Singapur B
Hegoafrika B
Suedia B
Suitza B