Castellano | Euskara | Français | English
(2004ko 51. NAOn argitaratua, apirilaren 28an)
Atarikoa
Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legearen bidez Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuen sistema arautu zen. Haren arabera, Nafarroako Gobernuaren eskumenak dira herritarren gizarte ongizatea ahalik eta gehien sustatzeko xedea duten zerbitzu eta jarduketak.
Nafarroako Parlamentuak Bazterketa Sozialaren aurkako Plana onetsi zuen. Horretan ekintza batzuk proposatzen dira Nafarroan bazterketa horri aurka egin eta aurrea hartzeko. Planaren arabera baliabideak sortu behar dira bazterketa sozialari aurre egiteko, hura agertzen den esparru guztietan. Neurri horiek modu eragingarri batean betetzeko tresna gisa "gizarte-laguntasuna" proposatzen du. Horrez gain, lan talde batzuk sortu asmo ditu, oinarrizko laguntzan gizarteratzen eta lan munduan sartzen dihardutenak. Horrela oinarrizko gizarte zerbitzuen ahalmena indartuko da, haien erabiltzaileen banakako ibilbideak egokitasunez burutu eta haien laguntasuna egin ahal izateko.
Bestetik, Gizarte-zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak prestazioen kalitate eta maila hobeak erdiestera bideratutako zenbait jarduketa administratibo arautzen ditu, eta, bete ezean, zehatzeko sistema ezartzen du.
Legea garatzeko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua eman zen, eta hark gizarte zerbitzuen gaietako zerbitzuak eta zentroak sailkatzeaz gainera, ezarri ere egiten ditu horietako bakoitzak bete behar dituen azpiegituraren, ekipamenduaren, langileen eta funtzionamenduaren gaineko baldintzak.
Gizarteratze arloan beste zerbitzu bat sortu beharra dela-eta, ezin baita parekatu orain daudenekin, Gizarteratu eta Lan Munduan Sartzeko Zerbitzua sailkatu da, 209/1991 Foru Legeko 4. artikuluan aipatzen diren baldintzetan. Horretan xedatzen da eranskinean aipatzen ez diren eta haiekin ezin parekatu diren zentro edo zerbitzuak banan-banan sailkatuko direla, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak foru agindu baten bidez zehaztuko duenaren arabera.
Beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Gizarte-zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzea, zerbitzu eta zentroen sailkapenean Gizarteratu eta Lan Munduan Sartzeko Zerbitzua sartuz, foru agindu honetako eranskineko baldintzetan.
Bigarrena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Hirugarrena
Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
ERANSKINA
Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren Eranskinaren "II. Kapitulua.-Zerbitzu eta zentroen sailkapena" garatu egiten da, ondoko puntu hau gehituta:
4.5. Gizarteratu eta Lan Munduan Sartzeko Zerbitzua.
-Definizioa:
Diziplina askotako jarduketen multzoa Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei laguntzeko erabiltzaileak gizarteratu eta lan munduan sartzeko banakako prozesuetan parte hartzen.
-Erabiltzaileak:
Bazterketa sozialean edo horren arriskuan dauden pertsonak, gizarteratu eta lan munduan sartzeko baliabideak erabiliz egoera hori gainditzeko behar adinako ahalmena izan dezaketenak.
-Emanen diren zerbitzuak:
"Gizarte-laguntasuna" gizarteratu eta lan munduan sartzeko ibilbideetan.
-Langileak:
Gizarte Laneko diploma, Gizarte Hezkuntzako diploma edo gizarte eta hezkuntza arloko bestelako titulua daukaten langileek emanen dute zerbitzua. Azken kasu honetan frogatu beharko dute gizarte eskuhartzean jardun dutela. Langile horiek "gizarte-laguntasuna" izeneko eginkizunak eginen dituzte. Gizarteratu eta lan munduan sartzeko lan taldea koordinatzeko eginkizunak taldeko kide batek eginen ditu.