Castellano | Euskara | Français | English
(2007ko 114. NAOn argitaratutako testua, irailaren 12an)
Atarikoa
Urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuak Espainian eta Europar Batasunean landareentzako edo landarekientzako kaltegarriak diren organismoei sartzea eta beste estatu batzuetara esportatu edo haietatik barrena ibiltzea eragozteko neurriak ezartzen ditu. Aipatutako errege dekretuko II. eranskineko A zatiko II. atalean, Europar Batasunean dauden eta ondorio garrantzitsuak dituzten organismo kaltegarriak aipatzen dira. Horien artean, "Birusak eta antzeko organismoak" atalean, "tomato spotted wilt virus (TSWV)" delakoa edo "tomatea belzten duen birusa" agertzen da. Aipatutako errege dekretuaren 8.3 artikuluak ezartzen duenez, kontrol ofizialek landareek, landarekiek edo bestelako objektuek organismo kaltegarriak zabal ditzaketela egiaztatzen dutenean, 7.6 artikuluan ezarritako neurri ofizialak bete beharko dituzte, hala nola landareak, landarekiak edo ukitutako laborantza bitartekoak suntsitzea.
"Tomatea belzten duen birusak" zenbait barazki espezieri eragiten die eta kalte ekonomiko handiak sor ditzake, barazki horiek kutsatuz gero. Oso erraz kutsa daitezke zenbait trip-espezieren bidez (hala nola Frankliniella occidentalis delakoa).
Kanpaina honetan, aipatutako organismoa maiz agertu da gure ureztalurren labore zehatzetan. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua kontrol fitosanitario zorrotzak egiten ari da aipatutako organismoak kutsa ditzakeen laboreetan eta, organismoa antzematen den kasuetan, kontuan hartuta birus bidezko kutsadurak kontrolatzeko metodoek ez dutela zerikusirik agente eragilearekin, kautelazko neurri hauek hartu behar dira: landare kutsatuak garbitzea eta errotik ateratzea edo suntsitzea garbitu ezin diren edo garbituta ere bilatzen zen ondorioa eragin ez duten labore guztiak, baldin eta organismoa zabaltzeko arrisku handia badago. Aurrekoa gorabehera, laboreei buruz egindako jarduketez gain, teknikoki justifikatzen den eta organismoa zabaltzeko arriskua arintzen duen edozein neurri fitosanitario hartu beharra dago.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak apirilaren 4an eman zuen 62/2005 Foru Aginduak laboreen izurri eta gaitzen kontra borrokatzeko nahitaezkoak eta gomendatuak diren neurri fitosanitarioak ezartzen ditu. Nahitaezko neurriei buruzko I. eranskineko 2. ataleko neurri higienikoetako bat uzta hondakinak behar bezala kudeatzea da, organismo kaltegarriak zabal ez daitezen.
Kanpaina honen baldintza agroklimatikoak direla-eta, tomatea belzten duen birusaren intsektu bektorearen populazioak handiak dira. Hortaz, belzte birusak kutsa ditzakeen ureztalurretako uzta hondakinak berehala suntsitzea da organismoa zabaltzeko arriskua arintzeko planteatzen diren behar bezalako neurri fitosanitarioetako bat, Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 15. artikuluari jarraikiz. Hondakinak erretzea da horiek suntsitzeko neurririk eraginkorrenetako bat, ikuspegi fitosanitariotik.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22. artikuluak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 48/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, ebatzi dut:
Lehena
Ribaforadako, Buñuelgo eta Azagrako nekazaritza ustiategietan eta autokontsumorako edo salmentarako (herriko azoketan) erabiltzen diren baratze familiarretan, ebazpen honen eranskinean azaltzen diren laboreen hondakinak uzta bildu eta hurrengo 48 orduen barruan suntsitu beharko dira. Uzta biltzea xede ez duten laboreetan berdin jokatuko da, erabakia hartzen denetik aurrera, laboreak alboko ustiategien osasun egoera arriskuan jar dezakeen baztertze egoeran gera ez daitezen.
Aurreko paragrafoan aipatzen ez diren udalerrietan, gomendagarria da neurri hori hartzea, ezertan galarazi gabe geroago neurri hori nahitaez hartu behar duten udalerrien zerrendan sartzea.
Bigarrena
Erreketak hondakinak suntsitzeko metodorik eraginkorrena izaki, eta metodo hori erabiltzen bada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko kontseilariak ekainaren 19an eman zuen 328/2007 Foru Aginduaren 7.5 atalean xedatutakoa bete beharko da.
Hirugarrena
Ebazpen honen bidez hartutako neurri fitosanitarioa betetzen ez bada, Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Laugarrena
Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2007ko abuztuaren 30ean.-Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
ERANSKINA. Laboreen zerrenda
-Solanazeoen familia (tomatea, piperra, alberjinia, patata).
-Lekadunen familia (leka).
-Kukurbitazeoen familia (meloia, angurria, pepinoa, kuiatxoa).
-Kruziferoen familia (azak, brokolia, azalorea, erromaneskoa).
-Konposatuen familia (orburua, baratze-kardua, uraza, eskarola, endibia).
-Liliazeoen familia (tipula).