(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

  • Lana :
    • 296/2010 Foru Agindua, irailaren 16koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroa sortzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

296/2010 Foru Agindua, irailaren 16koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroa sortzen duena

 

(2010eko 117. NAOn argitaratutako testua, irailaren 27an)

Atarikoa

Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginak, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiak, 90. artikuluan ezartzen du zer baldintza bete behar diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeko tramitaziorako eta baliozkotasunerako.

Horri lotuta, lan hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuak ezartzen du autonomia erkidegoek lan hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroa sortu eta arautu beharko dutela beren eskumenen esparruan, eta baliabide elektronikoak erabili beharko dituztela. Dekretu horrek 2010eko urriaren 1ean hartuko du indarra.

Hala, komenigarritzat jo da Lan eta Immigrazio Ministerioak garatutako aplikazio informatikoa erabiltzea eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren Ataritik abiatuta (www.navarra.es) zuzeneko sarrera bat sortu da, sindikatuen eta enpresen ordezkaritzek, gehienetan negoziazio batzordeak eta batzorde paritarioak diren horiek, hitzarmenak eta gainerako egintza inskribagarriak inskriba ditzaten baliabide elektronikoak erabiliz. Interesdun horien ezaugarriak kontuan harturik, beharrezkoak diren baliabide teknologikoetarako sarrera eta eskuragarritasuna bermatuta daudela uste da, eta betetzat jotzen da, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluan ezarritako betebeharra.

Hala bada, foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean lan hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroa sortzea, erregistro hori antolatu eta funtzionamendu arauak ezartzea, bai eta baliabide elektronikoen bidez administrazio prozedura normalizatua ezartzea ere, zuzenean inskribatu eta tramite guztiak egin ahal izateko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroa sortu eta arautzea, lan hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Erregistro hori administrazio izaerakoa eta publikoa izanen da, baliabide elektronikoen bidez funtzionatuko du eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita egonen da, edo lan edo akordio kolektiboen arloko eskumenak dituen organoari.

2. artikulua. Erregistroaren xedea eta betebeharrak.

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroaren xedea izanen da erregistro-idazpenak argitara ematea, bai eta bertako datuei buruzko informazioa eskuragarri jartzea ere, nornahik ikus baititzake datu horiek, pertsonen intimitateari buruzko datuak izan ezik, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako babesa eta bermeak baitituzte.

2. Xede hori betetzeko, Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Autonomia erkidegoaren eremuko lan hitzarmen edo akordio kolektiboak inskribatu eta argitaratzeko eskaerei buruzko prozedurak tramitatzea.

b) Bertan dauden erregistro-inskripzioei buruzko ziurtagiriak egitea.

c) Lan hitzarmen eta akordio kolektiboen edozein erregistrotan dauden datuak jendearen eskura jartzea, pertsonen intimitateari dagozkionak izan ezik.

d) Lan eta Immigrazio Ministerioak sortutako datu base nagusian sartzea lan hitzarmen eta akordio kolektiboei buruzko datuak, bai eta eskabidearekin batera aurkeztutako gainerako dokumentazioa ere.

e) Lan eta Immigrazio Ministerioak garatutako datu base zentralizatura baliabide elektronikoen bidez igortzea, zortzi egun balioduneko epean, kasuan kasuko erregistroetan egindako idazpen elektroniko oro, bai eta datu estatistikoak ere beharrezkoa denean.

f) Baliabide elektronikoen bidez igortzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi eguneko epean, horretarako lotura, non agertuko baitira hitzarmenen eta akordioen testuaren argitalpena edo argitaratzekoa den beste edozein jakinarazpen.

f) Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa gorde eta zaintzea.

3. artikulua. Egintza inskribagarriak.

Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatuko dira maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren egintza inskribagarriak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrukoak badira betiere.

4. artikulua. Inskribatzeko eskaera.

1. Langileen Estatutuaren 90.2 artikuluan ezarritako tramitea hasteko, baita aurreko artikuluan aipatutako gainerako akordio eta egintza inskribagarriak inskribatzeko ere, hitzarmen edo akordio kolektiboa sinatzen denetik edo negoziazioen hasiera edo hitzarmenaren amaiera iragartzen denetik hasita hamabost eguneko epean, negoziazio batzordeak, edo eskaera egiten duenak, behar bezala egiaztatuta, inskripzioa egiteko eskaera aurkeztu beharko du, baliabide elektronikoak erabiliz, Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan.

2. Eskaera horrekin batera datu hauek emanen dira: maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera, inskribatu nahi den akordio edo egintza sinatu duten aldeei buruzko datuak eta sinaduraren data, bai eta, hala denean, langile, funtzio, lurralde eta indarraldi arloetako datuak eta kasuan kasuko jarduera ekonomikoa(k) ere.

3. Inskripzio eskaerarekin batera aurkeztuko dira, baliabide elektronikoen bitartez, maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatutako dokumentazioa, eta inskribatu nahi den hitzarmen, akordio edo jakinarazpenaren testua, formatu editagarrian, zeinak bat etorri beharko baitu, hitzez hitz, negoziazio batzordeko edo eskaera egiten duen aldeko kideek sinatutako testuarekin.

4. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan eskaera telematikoki aurkezteko eta administrazio jakinarazpenak jasotzeko eskubidea izanen duen pertsonaren egiaztapena egiteko agiria ere aurkeztu beharko da, negoziazio batzordeak edo batzorde paritarioak sinatuta.

5. Halaber, aipatu errege dekretuaren 2. eranskineko eredu ofizialetan jasotako datu estatistikoak bete beharko dira, 6. artikuluan ezarri bezala, hitzarmen kolektiboen estatistika prestatzeko.

5. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

1. Erregistroko arduradunak aurkeztu diren agiriak aztertuko ditu eta eskatzaileak araudian eskatutako betebehar formalak betetzen dituen begiratuko du.

2. Eskaera jaso eta baldintza guztiak ez direla betetzen ikusten bada, interesdunari baliabide elektronikoen bitartez eskatuko zaio okerra zuzen dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, hamar egun balioduneko epean; ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaera bertan behera geldituko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Hitzarmen edo akordio kolektiboak indarra duen legeria ez duela urratzen eta hirugarrenen interesei kalte larririk ez diela egiten egiaztaturik, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

6. artikulua. Kodea esleitzea.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak hitzarmen edo akordio kolektiboa inskribatu eta argitaratzeko agindua eman ondoren, kode bat esleituko zaio, maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 3. eranskinean ezarritakoaren arabera.

7. artikulua. Erregistroan sartzea.

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroko aplikazio informatikoak aukera emanen du eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak urteko egun guztietan aurkezteko, hogeita lau orduz, eta, horretarako, aurkezpen unearen data eta ordu ofizialak emanen ditu.

2. Erregistratzeko eskaera aurkeztu ondoren, eskatzaileak espedientea kontsultatu eta horren jarraipena egiten ahalko du, Nafarroako Gobernuaren Atariaren bitartez (www.navarra.es).

3. Aurkezten ahal diren eskaera, idazki eta jakinarazpen guztien zerrenda eguneratua eta eskaera eredu normalizatuak ikus daitezke helbide elektroniko horretan, bai eta aplikazio elektronikoa erabili ahal izateko ekipamenduek izan behar dituzten ezaugarri teknikoak ere.

Xedapen gehigarri bakarra.-Lan eta Immigrazio Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko lankidetza.

Hitzarmen baten bidez, Lan eta Immigrazio Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko lankidetza ezarriko da, foru agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, eta azken horrek Lan eta Immigrazio Ministerioak garatutako aplikazio informatikoa erabiltzeko aukera ere ezarriko da. Aplikazio hori erregistroaren euskarri informatikoa izanen da.

Xedapen Iragankor Bakarra. Tramitazioan dauden eskaerak.

Lan hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzeko eskaerak, foru agindu honek indarra hartzean tramitatzen ari direnak, aurreko araudian ezarritakoari lotuko zaizkio.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2010eko urriaren 1ean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa