(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 1999ko apirilaren 26koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Asociación de Criadores de Ganado Equino Burguete de Navarra (ASCANA) "Auritz" zaldi arrazaren liburu genealogikoaren kudeatzailea dela aitortu ...

FORU AGINDUA, 1999KO APIRILAREN 26KOA, NEKAZARITZA, ABELTZAINTZA ETA ELIKADURA KONTSEILARIAK EMANA, ASOCIACIÓN DE CRIADORES DE GANADO EQUINO BURGUETE DE NAVARRA (ASCANA) "AURITZ" ZALDI ARRAZAREN LIBURU GENEALOGIKOAREN KUDEATZAILEA DELA AITORTU ETA LIBURU GENEALOGIKO HORRI BURUZKO BERARIAZKO ARAUTERIA ONESTEN DUENA

(1999ko 70. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 4an)

Atarikoa

"Auritz" zaldi arraza hemengoa da, iraungitzeko arriskuan dago, Nafarroako eskualde askotan bizi da, haragitako balio du eta zaindu eta hobetzeko hautu tematsuak behar ditu. Horretarako, liburu genealogikoa edukitzea oinarrizkoa da.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpeneko Zerbitzuaren txostena ikusirik, proposatzen duelarik Asociación de Criadores de Ganado Equino Burguete de Navarra (ASCANA) "Auritz" zaldi arrazaren liburu genealogikoaren kudeatzailea dela aitor dadila eta kudeaketa hori ASCANAk berak proposatu duen berariazko arauteria kontuan hartuz egin dadila, agindu dut:

1. artikulua

G/31525660 IFZ duen ASCANA "Auritz" zaldi arrazaren liburu genealogikoaz arduratu eta hori kudeatzeko gaituriko entitatea dela aitortzea.

2. artikulua

ASCANAk Foru Agindu honen eranskinean agertzen den berariazko arauteriarekin bat eginen du jarduketa hori.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

1.-Auritz zaldi arrazaren prototipoa

Aintzinsolasa.

Prototipo honek "Auritz" arraza morfologikoki definitzen dituen ezaugarriak bildu nahi ditu. Horretaz esan behar da arraza horretako gaur egungo populazioak aldaketa morfologikoa baduela, gehienbat hautatze programarik izan ez delako eta kanpoko arrazek haren gainean eragina izan dutelako.

Arraza prototipoa.

Aurretiko gogoetak.

Auritz arraza zaldi talde zarpail bat da, haragitako balio duena. Subhipermetria, erdilerro eta soslai zuzen edo ahurrerako joera du.

Orotariko itxura.

Abere bizkor, harmoniatsu, orekatu, ongi garatu eta osatua da. Nahiko goiz garatzen da. Hirutik lau urtera bitarte heldutasuna lortzen du. Luzera eta garaiera orekan daude elkarrekin. Sabela garatua da, sobera bildua izan gabe.

Larrua, ilea eta muki-mintzak.

Geruza gorri eta gaztain kolorekoa, aldaera guztietan: gorri argia, ginga, ilun eta behi larrukoa. Gaztain kolorekoen artean, ilun azkarra eta argia ikus daitezke. Ale batzuek kordoi edo izarra izan dezakete edo zirizituak izan daitezke (ezaugarri horiek ez dira hoberenak). Larru urdinxka, argirantz joz. Sudurzuloen inguruko larruan haragi orbanak edo urdinak. Mingaina eta barruko muki-mintzak arrosa kolorekoak dira.

Burua eta lepoa.

Buru harmoniatsua, piramidala, eta nahiko txikia abere osoaren aldean. Soslai zuzen-ahurra, sudur aldearen parean ganbil xamarra. Bekoki zabala eta masailezur indartsuak, baina ez oso lodiak. Belarri aldean belarri ertain edo txikiak, mugikorrak, barneko aldetik kalpar finez estaliak. Oso begi adierazgarriak, ezpain finkoak, batzuetan goikoan bibote barregarri bat dagoelarik. Sudur zuloak zabal eta luzatuak.

Lepoa luzera ertainekoa da, latz eta gihartsua, buruan ongi errotua eta gero, era piramidala nagusitzen delarik, oilar leporako joera egoten da. Zurda asko ditu, bizkar- gurutzeraino luzatzen direnak.

Paparra, bizkarra eta toraxa.

Papar zabal, gihartsua, batzuetan zatitua, bizkar ongi garatuak, enborrari ongi lotuak. Torax sakona eta saihets-hezurrak biribilduak, upela ematen dutelarik.

Bizkar-gurutzea, gibelaldea eta bizkarraldea.

Gurutzea zabala da, baina ez da nabarmena eta lepoari ongi lotua. Enborrean bizkarretik gerrialdera bitarteko lerroa gihartsua da, zabala, nahiko zelatua izan daitekeelarik.

Zerra eta buztana.

Zerra luze, zabal eta bikoitza da. Buztanaren sorlekua garaiera ertainean da. Ematen du behean dela, haragiaren egoeraren eta zerra makurtzearen arabera.

Buztana oso iletsu eta luzea da, kuartillaraino.

Organo genitalak eta errapea.

Barrabilak nahiko garatuak, ongi jaitsi eta anatomikoki osatuak.

Emeetan, errapea ongi osatua, behar bezala kokatua, erroa ongi garatu eta paratuak. Ilunak dira eta ez dute kalparrik.

Gorputzaren garapena.

Osaerak ertain eta orekatua izan behar du.

Izterrak, ipurmasailak, gorputzadarrak eta bertikaltasuna.

Izterrak eta ipurmasailak ongi garatu eta jaitsiak. Joera dute ganbilak izateko eta lerro bihurrak egiteko.

Gorputzadarrak luzera ertain eta orekatukoak, sendoak, indartsuak, artikulazio markatuekin. Kuartilla laburra da.

Ezproiak eta adatsak, oso iletsuak. Bertikaltasun zuzena. Apatx gogorrak eta zolu zabalekoak.

Ezaugarri kanporagarriak.

Eskuarki, herentziako akats oro edo malformazio fisiko nabarmen oro baztergarria izanen da. Bereziki hauek:

-Goiko edo beheko prognatismoa.

-Larruan edo geruzan araukoa ez beste kolore bat izatea.

-Orotariko itxuran alterazio garrantzitsuak.

-Etenak, monokordia edo kriptorkidia.

2.-Sailkapen morfologikoa.

Arraza prototipoaren eginbeharren arabera, puntuen bidez eta zaldiak ikusi ondoren baloratuko dira.

-Sailkapen Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Nafarroako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpeneko Zerbitzuko albaitari bat.

-Elkargoak izendaturiko albaitari bat.

-Elkargoko abeltzain bat.

-Baloratu beharreko ezaugarriak 0tik 10ra bitarte baloratuko dira, sailkapen eskala hau kontuan hartuz:

-Akatsik gabea: 10 puntu.

-Bikaina: 9 puntu.

-Oso ona: 8 puntu.

-Ona: 7 puntu.

-Onargarria: 6 puntu.

-Nahikoa: 5 puntu.

-Ez nahikoa: 5 puntutik beheiti.

Atal batean 5 puntu baino gutxiago lortzea kanporatzeko zioa izanen da gainerakoetan lorturiko puntuak kontuan hartu gabe.

Ondoko laukian aipatzen direnak izanen dira Auritz arrazako aleak baloratzeko edo kontuan hartzeko alderdiak. Parametro horietariko bakoitzak koefiziente bat du hainbanatzeko, ematen zaion hautatze interesaren arabera. Hori puntu hauen arabera aplikatuko da:

: 

ARRAK

EMEAK

Burua eta lepoa

1,0

1,0

Paparra, bizkarra eta toraxa

1,5

1,5

Bizkar-gurutzea, gibelaldea eta bizkarraldea

1,0

1,0

Zerra eta buztana

1,5

2

Izterrak eta ipurmasailak

1,5

1,0

Gorputz-adarrak eta bertikaltasuna

1,0

1,0

Organo genitalak

0,5

0,5

Larrua eta ilea

0,5

0,5

Gorputzaren garapena

1,0

1,0

Orotariko itxura

0,5

0,5

Guztira

10

10

Parametro bakoitzari emaniko puntuak, hainbanatzeko kasuan kasuko koefizientearekin biderkatuak eta guztira batuak azkeneko puntuazioa izanen dira. Horren arabera, zaldiak ondoren aipatzen diren motetan sailkatzen dira:

Akats gabea: 100

Oso ona: 81etik 99,99ra bitarte.

Ona: 70etik 80,99ra bitarte.

Onargarria: 65etik 69,99ra bitarte.

Ez nahikoa: 65 baino gutxiago.

Sailkapen morfologikoan 70 puntu baino gutxiago dituzten arrak ez dira gai izanen eta 65 puntu baino gutxiago dituzten emeak ere ez.

3. Liburu genealogikoan inskribaturiko animalien identifikazioa.

Nahitaez, animaliak lepoko goiko herenean, ezkerreko aldean, kumen azpian (garondoko lotailuan) mikrotxipak gihar artean sakonki sartuz identifikatu beharko dira.

Mikrotxip horiek 10 digitoko kode bat dute, animalia guztiak banan-banan eta bizitza osorako identifikatuko dituztenak. Halaber, kode horiek datu base batean sartuko dira. Horretatik zaldi bakoitzaren genealogia, jabe, ekoizpen, indize morfologiko eta abarri buruz datu guztiak lortzen ahalko dira.

4. Liburu genealogikoaren antolamendua.

"Auritz" zaldi arrazaren liburu genealogikoak erregistro hauek izanen ditu:

1.-Fundazioko erregistroa

Ar eta eme guztiak agertzen ahalko dira, bi urtetik aurrera, arraza prototipoaren betebeharrak betetzen badituzte.

Erregistro honetako inskripzioa, emeen kasuan, 3 urteko epean onartzen ahalko da eta, arren kasuan, urtebetekoan, Foru Agindu hau argitaratzen denetik hasita.

2.-Jaiotzen Erregistroa.

Fundazioko edo behin betiko erregistroan erregistratzen diren animalien ondorengoak diren bi sexuetako kumeak sartuko dira, baldin eta betebehar hauek betetzen badituzte:

-Arrazaren berezko ezaugarriak betetzea.

-Akatsik edo okerrik ez izatea.

-Emeen ernaltze kontrolak behar adina berme izatea.

-Aberea erregistro honetan inskribatzeko eskaera titia kendu baino lehen aurkeztea.

3.-Behin betiko erregistroa.

Erregistro honetan jaiotzen erregistrotik datozen abereak inskribatzen ahalko dira. Emeak eta arrak bi urte betetzean inskribatuko dira, baina sailkapen morfologikoan 65 eta 70 puntuak gainditu beharko dituzte, hurrenez hurren.

Emankortasun edo ugalkortasun gutxi edo ama izateko nolakotasun urria herentziakoak direnean ugaltzaile guztiak, ar zein eme, eta haien ondorengoak kenduko dira erregistrotik.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa