(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Flora eta Fauna :
      • Fauna :
        • 198/2008 Foru Agindua, maiatzaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

198/2008 Foru Agindua, maiatzaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dituena

 

(2008ko 67. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 30ean)

Atarikoa

Basa faunak eragindako kalteen ordainak emateko araubide orokorra Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluan dago.

Salbuespen gisa, artikulu horren 2. idatz-zatiak dioenez, ez da kalte-ordainik emanen dena delako espeziea izurritzat jotzen bada edota aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena emana badu espezie horretako animaliak kontrolpean harrapatzeko.

Espezie bat izurri deklaratzearen xedea haren kontrolerako neurri orokorrak hartu ahal izatea da.

Halaber, foru lege horren 9. artikuluak dioenez, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak espezie jakinak harrapatu edo suntsitzeko baimena ematen ahal du, pertsonen osasuna eta segurtasuna babestearren, edo animalia horiek espezie mehatxatuei kalterik egin ez diezaieten, edo beste espezie batzuek, nekazaritzak, baso eta mendiek, ehizak, arrantzak eta uraren kalitateak izan ditzaketen kalte larriei aurrea hartzeko.

Baimen hori eman ordez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak xedapen orokorren bitartez arautzen ahal ditu kaltegarritzat jotzen diren animaliak harrapatu eta hiltzeko baldintzak eta bitartekoak. Xedapen orokor horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

Nafarroako basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 9. eta 31.2 artikuluek xedatzen dutenarekin bat, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik, agindu dut:

1. artikulua

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoarekin bat, basa faunako espezie hauek Nafarroan izurri deklaratzea:

a) Sator arrunta (Talpa europaea).

b) Arratoi arrunta (Rattus norvegicus).

c) Arratoi beltza (Rattus rattus).

d) Etxe-sagua (Mus musculus).

e) Satagina (Apodemus sylvaticus).

f) Lursagu mediterraneoa (Microtus duodecimcostatus).

g) Landa-lursagua (Microtus arvalis).

h) Ekialdeko ur-arratoia (Arvicola terrestris).

i) Arratoi musketaduna (Ondatra zibethicus).

j) Koipua edo arratoi-igaraba (Myocastor coypus).

k) Etxe-txolarrea (Passer domesticus).

l) Arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris).

m) Arabazozo beltza (Sturnus unicolor).

n) Haitz-usoaren (Columba livia) populazio basatuak.

2. artikulua

Espezie horiek kontrolatzeko metodo hauek erabili ahalko dira, oro har:

a) Sator arrunta eta ekialdeko ur-arratoia: matxarda gisako arteen bidez harrapatu ahalko dira.

b) Arratoi beltza, arratoi arrunta, etxe-sagua eta satagina: karraskariak harrapatzeko prestaturik dauden baleztak eta legeztaturik dauden antikoagulantez bustiriko amuak erabili ahalko dira.

c) Lursagu mediterraneoa, landa-lursagua eta ekialdeko ur-arratoia: matxarda gisako arteak eta legeztaturik dauden antikoagulantez bustiriko amuak erabiliz kontrolatu ahalko dira. Gai horiez bustiriko amuak lur barrenean sartuko dira, bai zuzenean, galerien irtenbideetan, bai modu mekanizatuan sator-goldea erabiliz.

d) Etxe-txolarrea, arabazozo beltza, arabazozo pikarta eta haitz-usoaren populazio basatuak: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ehiza-debekuei buruz urtero ematen duen foru aginduan baimendutako espezieen ehizan harrapatu ahal izanen dira. Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ehizarako baimentzen dituen armen bidez ere harrapatu ahalko dira. Horretarako, ukitutako nekazari edo abeltzainek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aurretik jakinarazi beharko diote, idatziz, bost egun lehenago gutxienez, martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera. Etxe-txolarrea, arabazozo beltza eta haitz-usoaren populazio basatuak harrapatzeko, baimenduta dago, halaber, habiak eskuz desegin eta arrautzak eramatea, eskualdeko ingurumen zaindariei aurrez adierazita.

3. artikulua

Neurri espezializatuagoei dagokienez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kontrol sistemak ezarriko ditu, eta, zehazki, honako lan hauek eginen:

a) Txolarre eta arabazozoen populazioak kontrolatu japoniar sareen bitartez.

b) Koipuen eta arratoi musketadunen populazioak suntsitu, kaiola moduko arteak edo ehizarako arma baimenduak erabiliz.

4. artikulua

Alorretan kalteak izaten dituzten nekazariek aurreko artikuluan aipatutako departamentuaren jarduketa eskatu ahalko dute, Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko landa lanetarako langileen bitartez.

5. artikulua

Izurri diren espezieak kontrolatzeko Nafarroako Gune Babestuetan egin beharreko jarduketa guztietan beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren adostasun txostena. Horretarako, ukituak Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari horren berri eman beharko dio, 15 egun aurretik gutxienez.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ahalmena du eremu horietan kontrol metodoak debekatu edo mugatzeko. Horrelako kasuetan, kontrola debekatu den lurretan espezie horiek eragiten dituzten kalteen ordainak emanen ditu.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe geldituko da 253/1999 Foru Agindua, otsailaren 17koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, basa faunako espezie batzuk izurri direla deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak ematen dituena.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izateko.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa