Castellano | Euskara | Français | English
128/2007 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 3KOA, BERRIKUNTZA, ENPRESA ETA ENPLEGU DEPARTAMENTUAREN EGITURA ORGANIKOA EZARTZEN DUENA.
(2007ko 115. NAOn argitaratutako testua, irailaren 14an)
Atarikoa
Nafarroako Gobernuko lehendakariak, abuztuaren 16ko 12/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua finkatu zituen. Foru dekretu hori 2007ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 17an.
Halaber, abuztuaren 20ko 57/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezarri zen, gero gehiago garatu bazitekeen ere. Foru dekretu hori 2007ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an.
Bidezko da, beraz, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren egitura behar bezala garatzea.
Foru dekretu honen helburua, beraz, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren egitura organiko berria finkatzea eta garatzea da.
Horiek horrela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 3ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren eskumenen esparrua.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak baliatuko ditu.
a) Industria, energia eta meatzaritza.
b) Industria eta merkataritza jardueraren sustapena.
c) Ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren sustapena.
d) Informazioaren gizartea sustatzea.
e) Energiaren eta meategietako baliabideen kontrola.
f) Energia berriztagarriak sustatzea.
g) Barne merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea.
h) Kanpo merkataritzaren eta Nafarroako enpresak nazioartera ateratzearen sustapena.
i) Lan harremanak eta ekonomia soziala sustatu eta antolatzea.
j) Enplegua lortzeko politika aktiboak eta lan bitartekotza sustatzea.
2. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskurantzak.
2. artikulua. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria.
1. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak, departamentuko titularra baita, eta foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskurantzak erabiliko ditu.
2. Bereziki, eskumenen eskurantza hauek dagozkio:
a) 50 langile baino gehiago ukitzen dituzten kaleratze kolektiboengatiko administrazio espedienteak ebaztea.
b) Hidrokarburoen esploraziorako baimena ematea.
c) Hidrokarburoei buruzko ikerketarako baimena ematea.
3. Horrez gainera, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, departamentuko titularra den aldetik, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileko eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Nafarroako Lurralde Batzordeko lehendakaria da.
4. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariaren laguntza politiko eta teknikoko unitate gisa, departamentuan kontseilariaren Kabinetea dago, zuzen-zuzenean haren menpean eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari loturik.
3. artikulua. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren antolaketa orokorra.
1. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu:
a) Enpresaren Zuzendaritza Nagusia.
b) Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia.
c) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.
2. Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari atxikita egonen da eta bere estatutuek arautuko dute.
4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskurantzak.
Foru dekretu honen 2.2 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskurantzak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dieten edo Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak haien esku uzten duen beste edozein.
5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskurantzak.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan azaldutako eskumen-esparruaren barruan, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariaren goi zuzendaritzaren menpean, hari atxikia baita Idazkaritza Tekniko Nagusia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarri diren eskurantzak izanen ditu, 8. artikuluan aurreikusitakoak barne, hala nola indarra duten xedapenek ematen dizkiotenak edo Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak haren esku uzten dituenak, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.
6. artikulua. Zerbitzuen eskurantzak.
Zerbitzuek ondoko eginkizunak izanen dituzte departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean, bakoitzak foru dekretu honetan berari ezarritako esparruan: euren menpeko atalak edo unitate organikoak planifikatzea, koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea; prozedurak azkartu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz ezarritakoak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.
7. artikulua. Atalen eskurantzak.
Atalek, departamentuaren goi mailako organoen zuzendaritzaren menpean, eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparruaren barruan, ondoko eginkizun hauek izanen dituzte: beren eskumenen esparruei buruzko lanak betearaztea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea, haien menpeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako guztiak.
II. KAPITULUA. Enpresaren Zuzendaritza Nagusia
1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura
8. artikulua. Enpresaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.
Enpresaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Industria, energia eta meatzaritza.
b) Pisuak, neurriak eta metalen kontrastea.
c) Industria jarduera eta enplegua sustatzea.
d) Industria eta energia azpiegiturak.
e) Industria berrantolatzea.
f) Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza.
g) Informazioaren gizartea sustatzea.
h) Barne merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea.
i) Kanpo merkataritzaren eta Nafarroako enpresak nazioartera ateratzearen sustapena.
j) Indarra duten xedapenek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari emandakoetatik Enpresaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrukoak diren gainerako guztiak.
9. artikulua. Enpresaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
1. Enpresaren Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzu hauek daude:
a) Enpresa Sustapenaren Zerbitzua.
b) Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzua.
c) Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.
d) Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzua.
2. Halaber, Enpresaren Zuzendaritza Nagusiaren barrenean Enpresa Politikak Koordinatzeko Atala egonen da.
2. atala. Enpresa Sustapenaren Zerbitzua
10. artikulua. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuaren eginkizunak.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Enpresa jarduera sustatu eta garatzea.
b) Enpresetarako ekipamenduak sustatzea.
c) Enpresa sarea dibertsifikatzea.
d) Energiaren aurrezpena eta dibertsifikazioa eta energia berriztagarriak sustatzea.
11. artikulua. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuaren egitura.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak honako atal hauek izanen ditu:
a) Laguntzak Kudeatzeko Atala.
b) Ekipamenduak Sustatzeko Atala.
c) Industria Berrantolatzeko Atala.
d) Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atala.
12. artikulua. Laguntzak Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.
Laguntzak Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, arlo hauetan: enpresa jarduera garatu eta sendotzea, inbertsioa sustatzea, enpresa txiki eta ertainak sustatzea eta bere gain uzten diren laguntzak kudeatzea.
13. artikulua. Ekipamenduak Sustatzeko Atala.
Ekipamenduak Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, arlo honetan: enpresek sendotu eta garatzeko beharrezkoak dituzten lurzoru ekipamenduak eta gainerako elementuak lortzeko bidea sustatzea.
14. artikulua. Industria Berrantolatzeko Atalaren eginkizunak.
Industria Berrantolatzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, enpresa sarea dibertsifikatzeari eta enpresak onbideratu eta berrabiatzeari dagokionez.
15. artikulua. Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalaren eginkizunak.
Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, energia aurreztu eta dibertsifikatzearen eta energia berriztagarrien sustapenari dagokionez.
3. atala. Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzua
16. artikulua. Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak izanen dituen eginkizunak.
Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Plan Teknologikoa koordinatu eta haren jarraipena egitea.
b) Informazioaren Gizartea Sustatzeko Plana koordinatu eta haren jarraipena egitea.
c) Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza, kalitatea eta lehiakortasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea.
17. artikulua. Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak izanen duen egitura.
Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:
a) Berrikuntza Sustatzeko Atala.
b) Informazioaren Gizartea Sustatzeko Atala.
18. artikulua. Berrikuntza Sustatzeko Atalaren eginkizunak.
Berrikuntza Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza, kalitatea eta lehiakortasuna sustatzeari dagokionez.
19. artikulua. Informazioaren Gizartea Sustatzeko Atalaren eginkizunak.
Informazioaren Gizartea Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo honetan: informazioaren gizartea garatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea.
4. atala. Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua
20. artikulua. Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren eginkizunak.
Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Instalazio arautuak baimendu, abian jarri eta kontrolatzea.
b) Energia ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak.
c) Enpresa sektorea sendotu eta garatzeko azpiegiturak.
d) Industrien eta meategien erregistroak eta erregistro bereziak.
e) Enpresen eta profesionalen kreditazioa eta kontrola.
f) Ibilgailuen azterketa teknikoa eta aldizkako azterketak.
g) Meategien antolamendua eta segurtasuna.
h) Kontrol metrologikoa.
21. artikulua. Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren egitura.
Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:
a) Industria Segurtasunaren eta Erregistroaren Atala.
b) Lurralde Azpiegituren Atala.
22. artikulua. Industria Segurtasunaren eta Erregistroaren Atalaren eginkizunak.
Industria Segurtasunaren eta Erregistroaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Instalazio arautuak abian jarri eta kontrolatzeko baimenak eta administrazio tramitazioa.
b) Industrien eta meategien erregistroak eta erregistro bereziak kudeatzea.
c) Enpresak eta profesionalak kreditatu eta kontrolatzea industria segurtasunaren arloan.
d) Ibilgailuen azterketa teknikoa eta aldizkako azterketak.
e) Meategien antolamendua eta segurtasuna.
f) Kontrol metrologikoa.
23. artikulua. Lurralde Azpiegituren Atalaren eginkizunak.
Lurralde Azpiegituren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
5. atala. Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzua
24. artikulua. Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren eginkizunak.
Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzua foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Merkataritzako banaketaren sektorea antolatu eta sustatzea.
b) Nafarroako produktu eta zerbitzuak kanpoko merkatuetan sustatzea eta Nafarroako enpresak nazioartera ateratzea ere sustatzea.
c) Eskulangintza sustatzea.
25. artikulua. Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren egitura.
Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:
a) Merkataritzarako Zerbitzuen Atala.
b) Nazioartekotze Atala.
26. artikulua. Merkataritzarako Zerbitzuen Atalaren eginkizunak.
Merkataritzarako Zerbitzuen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, merkataritzako banaketaren sektorea antolatu eta sustatzeari eta eskulangintza bultzatzeari dagokionez.
27. artikulua. Nazioartekotze Atalaren eginkizunak.
Nazioartekotze Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, Nafarroako produktu eta zerbitzuak kanpoko merkatuetan sustatzeari eta Nafarroako enpresak nazioartera ateratzeari dagokionez.
6. atala. Enpresa Politikak Koordinatzeko Atala
28. artikulua. Enpresa Politikak Koordinatzeko Atalaren eginkizunak.
Enpresa Politikak Koordinatzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Zuzendaritza nagusiko plan estrategikoak koordinatzea.
b) Departamentuko plan eta programak koordinatzea.
c) Erabakiak hartzeko informazioa prestatu eta finkatzea.
d) Plan desberdinen adierazleen jarraipena.
e) Arloen araberako txostenak egitea.
f) Urteko memoria egitea.
g) Enpresa sektorearen lurralde kohesiorako azterketa eta proposamenak egitea.
III. KAPITULUA. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia
1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura
29. artikulua. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.
1. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Lan harremanak.
b) Laneko arriskuen prebentzioa.
c) Ekonomia soziala eta lan autonomoa.
2. Indarra duten xedapenek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari emandakoetatik Enpresaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrukoak diren gainerako guztiak.
30. artikulua. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
1. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Lan Zerbitzua du bere egituran.
2. Halaber, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren barrenean Enplegu Politikak Koordinatzeko Atala egonen da.
2. atala. Lan Zerbitzua
31. artikulua. Lan Zerbitzuaren eginkizunak.
Lan Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Lan harremanak.
b) Laneko arriskuen prebentzioa.
c) Ekonomia soziala eta lan autonomoa.
32. artikulua. Lan Zerbitzuaren egitura.
Lan Zerbitzuak honako atal hauek izanen ditu:
a) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atala.
b) Lan Harremanen Atala.
c) Ekonomia Sozialaren eta Lan Autonomoaren Atala.
33. artikulua. Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalaren eginkizunak.
Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Lantokiak irekitzea eta gaueko lana modu arautuan egitea.
b) Eraikuntza obretako segurtasun eta osasunerako planak.
c) Lanak geldiaraztea.
d) Enpresez kanpoko prebentzio zerbitzu gisa espezializatu diren entitateak, prebentzio sistemaren auditoretza lana egin nahi duten entitateak eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan prestakuntza jarduerak egin eta egiaztatzeko entitateak.
e) Zehapen espedienteak.
34. artikulua. Lan Harremanen Atalaren eginkizunak.
Lan Harremanen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Laneko eztabaidak direla-eta sortzen diren gatazka kolektiboak.
b) Laneko eztabaidei buruzko arbitrajea.
c) Lan Jurisdikzioan izaten diren lan prozedurak tramitatu aurreko adiskidetzea.
d) Grebak eta enpresaburuek sustatutako itxierak.
e) Laneko gatazketako ordezkariak izendatzea.
f) Adingabeen lana.
g) Langileen lekualdaketa baliogabetzea.
h) Enplegu erregulazioa, taldeen lan harremanak eteteko edo amaitzeko baimenak eman ahal izateko.
i) Nafarroako Foru Komunitateko astegunetako jaiak.
j) Aldi baterako laneko enpresak.
k) Hitzarmen eta akordio kolektiboak.
l) Ordezkaritza organoen hauteskundeei buruzko aktak.
m) Lanbide erakundeen eta enpresa elkarteen estatutuak.
35. artikulua. Ekonomia Sozialaren eta Lan Autonomoaren Atalaren eginkizunak.
Ekonomia Sozialaren eta Lan Autonomoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ekonomia soziala, kooperatibak, lan sozietateak eta langile autonomoak sustatzeari dagokionez.
3. atala. Enplegu Politikak Koordinatzeko Atala
36. artikulua. Enplegu Politikak Koordinatzeko Atalaren eginkizunak.
Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren menpean, Enplegu Politikak Koordinatzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Europako programak eta ekimenak eta Espainiako enplegu politikak aztertzea.
b) Foru Administrazioan enpleguari loturik ezarri diren programak aztertzea.
c) Gainerako departamentuekin koordinatzeko jarduketak proposatzea, enpleguari buruzko programak aplikatzeko.
d) Enpleguari buruzko bertako politikak ebaluatzea eta haien bilakaerari eta eraginkortasunari buruzko txostenak egitea.
e) Enplegu Behatokiarekin batera berariazko programak proposatzea.
IV. KAPITULUA. Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia
37. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.
Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek izanen ditu:
a) Laguntza Juridikoaren Atala.
b) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.
c) Modernizazioa Bultzatzeko Bulegoa.
38. artikulua. Laguntza Juridikoaren Atalaren eginkizunak.
Laguntza Juridikoaren Atalak foru dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren gai juridikoei loturiko eginkizunak izanen ditu, bai eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuko 6.a) artikuluan aipatutako gaiari loturikoak ere.
39. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.
Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuko 8. artikuluan aipatzen den aurrekontu kudeaketari loturiko eginkizunak izanen ditu , bai eta foru dekretu honen 9.b) artikuluan aipatutako gaiari loturikoak ere.
40. artikulua. Modernizazioa Bultzatzeko Atalaren eginkizunak.
Modernizazioa Bultzatzeko Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuko 6. artikuluan aipatzen diren gai tekniko eta administratiboak.
b) Giza baliabideen arloan Idazkaritza Tekniko Nagusiari dagozkionak.
c) Departamentua modernizatzeko proiektuak koordinatu eta bultzatzea, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin batera arituz.
d) Departamentuaren Kalitate Sistema koordinatzea, NAPIren Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitate Zerbitzuarekin batera arituz.
Lehen Xedapen Gehigarria. Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.
Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak menpe dauden beste organo batzuei uzten ahal zaizkie, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Eskumenak banatzea.
1. Kontratazioaren alorrean eta arau-hauste arin edo larriengatiko zehapen espedienteak ebazteko orduan, indarreko araudiak kontseilariari eta Nafarroako Gobernuari ematen dizkien eskurantza administratiboak Enpresaren zuzendari nagusiak bereganatu eta erabiliko ditu, bere eskumenen esparruan.
2. Indarreko araudiak kontseilariari kontratazioaren arloan ematen dizkion eskurantza administratiboak Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak bereganatu eta erabiliko ditu, bere eskumenen esparruan.
3. Indarreko araudiak kontseilariari zehapen espedienteak abiarazteko ematen dizkion eskurantza administratiboak departamentuko zerbitzuetako zuzendariek bereganatu eta erabiliko dituzte, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
4. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak eraginik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen banaketa, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Izendapenak.
1. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
-Industria Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.
-Inbertsiorako Laguntzen Ataleko buruarena, hemendik aurrera Laguntzak Kudeatzeko Ataleko burua izanen baita.
-Azpiegitura Ataleko buruarena, hemendik aurrera Ekipamenduak Sustatzeko Ataleko burua izanen baita.
-Energia Ataleko buruarena, hemendik aurrera Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Ataleko burua izanen baita.
-Berriztapen eta Teknologi Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.
-Industri Segurtasunerako Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.
-Industri Segurtasuna Kudeatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Industria Segurtasunaren eta Erregistroaren Ataleko burua izanen baita.
-Industria Segurtasuna Kontrolatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Lurralde Azpiegituren Ataleko burua izanen baita.
-Merkataritza Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.
-Merkataritza Ataleko buruarena, hemendik aurrera Merkataritzarako Zerbitzuen Ataleko burua izanen baita.
-Ekonomia Sozialaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Ekonomia Sozialaren eta Lan Autonomoaren Ataleko burua izanen baita.
-Kudeaketa Administratiboaren eta Kalitatearen Koordinazioaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Modernizazioa Bultzatzeko Ataleko burua izanen baita.
2. Informazioaren Gizartea Sustatzeko Atalak, lehen Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikita zegoenak, departamentu hartan zeuzkan baldintzak izaten jarraituko du.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Unitateen iraupena.
Foru Dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetu beharreko arauak.
Indarrik gabe gelditzen dira:
1. 49/2005 Foru Dekretua, otsailaren 24koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.
2. 41/2006 Foru Dekretua, ekainaren 26koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretua aldatu zuena.
3. Foru dekretu honek ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa. Aurrekontu aldaketak.
Ahalmena eman zaio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Garatzeko ahalmenak.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.