Castellano | Euskara | Français | English
351/1996 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 8KOA, LEHENDAKARITZA KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO EMAKUMEAREN KONTSEILUAREN OSAKETA ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUBIDEA ZEHAZTEN DITUENA.
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1996ko 40. NAOn argitaratua, apirilaren 1ean. Aldaketak: 189/1999 Foru Agindua, urriaren 26koa)
Atarikoa
Abuztuaren 3ko 177/1995 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Emakumearen Institutua sortu zen, Lehendakaritza Departamentuari atxikitako erakunde autonomo gisa.
Irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Emakumearen Institutuko Estatutuak onetsi ziren. Horren 4.2. artikuluak Nafarroako Emakumearen Kontseilua sortu zuen eta adierazi, osaketa eta funtzionamendurako araubidea Lehendakaritza kontseilariak emandako Foru Agindu baten bidez zehaztuko zirela.
Horrenbestez, aipatu xedapenak garatuz, agindu dut:
1. artikulua
Nafarroako Emakumearen Kontseilua kontsulta organo bat da, emakumeen ordezkaritza bertan gauzatzeko, eztabaida eta komunikazioa bideratzeko eta Nafarroako Emakumearen Institutuari emandako eginkizunetan parte hartzeko esparrua sortzeko.
2. artikulua
1. Nafarroako Emakumearen Kontseilua honela osatuko da:
A. Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari‑kudeatzailea, kontseiluburua izanen dena.
B. Nafarroako Emakumearen Institutuko Informazio eta Lankidetza atalburua, kontseiluburuordea izanen dena.
C. Nafarroako Emakumearen Institutuko Azterlan eta Programa atalburua.
D. Helburu bakar edo funtsezkoa arlo hauetako bat duten emakume elkarteak ordezkatzen dituzten lau kontseilukide:
a) Bat, laguntza eta osasun arlokoa.
b) Bat, gizarte eta kultura eta hezkuntza arlokoa.
c) Bat, lanerako prestakuntza eta enplegu arlokoa.
d) Bat, herrietako emakumeen arlokoa.
E. Helbidea honako eskualde edo herriren batean duten emakume elkarteak ordezkatzen dituzten zortzi kontseilukide:
a) Bat, Zangozako Merindadekoa.
b) Bat, Lizarrako Merindadekoa.
c) Hiru, Iruña eta Iruñerrikoak.
d) Bat, Iruñeko Merindadeko beste guztikoa.
e) Bat, Erriberriko Merindadekoa.
f) Bat, Tuterako Merindadekoa.
F. Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten bi sindikatuetako Emakumeen Atalek ordezkari bana.
G. Kontseiluko idazkaria, hizpidea duela baina botorik ez, Nafarroako Emakumearen Institutuko langile bat izanen da, bertako zuzendariak izendatua.
2. Aurreko zenbakiko D, E eta F hizkietan azaldutako kideak, kasu bakoitzean aipatzen diren entitateetakoak, NEIko erroldan inskribatuta daudenen artetik, proposatuko dituzte eta Lehendakaritza kontseilariak izendatuko.
3. artikulua
1. Aurreko 2.1. artikuluko D eta E hizkietan aipatutako elkarteek honako baldintza hauek egiaztatu beharko dituzte:
A. Legearen arabera eratutako elkarteak izatea edo hurrengo hizkian azaltzen denarekiko autonomia funtzionala duten elkarteetako atalak.
B. Beren helburuaren barnean egotea emakumeen eskubide eta aukera berdintasunaren aldeko iharduerak garatzea, sexista ez den hizkuntza bat erabiliz.
C. Irabazi asmorik ez izatea.
D. Barne egitura, eta funtzionamendu demokratikorako araubidea izatea.
E. Beren iharduera Nafarroako Foru Komunitatearen barnean garatzea.
2. Aurreko 2.1. artikuluko F hizkian aipatzen diren emakume atalek artikulu honetako 1. zenbakiko B eta E hizkietan azaldutakoa bete beharko dute.
4. artikulua
Nafarroako Emakumearen Kontseilua, bidezko diren proposamenak egin ondoren, bi hilabeteko epean eratuko da Foru Agindu honek indarra hartzen duenetik hasita, eta kideak urtebeterako izendatuko dira.
Horren ondoren, berriz eginen da proposamen prozesua eta bi urtetarako izendapena. Hala ere, hautatuko kideek beren kargua utzi ahalko dute eta beste batzuek beraiek ordezkatu, izendapenerako prozesu beraren bidez.
5. artikulua
Nafarroako Emakumearen Kontseiluak eginkizun hauek ditu:
a) Institutuak iharduerarako dauzkan irizpide eta planak ezagutu eta horiei buruzko iritzia ematea, bere helburuak betetzeko beharrezkoak diren neurriak proposatuz, eta zehazki, Berdintasun Planak onetsi aurretik entzuna izatea.
b) Institutuaren kudeaketari eta funtzionamenduari buruzko urteko memoria ezagutu eta horri buruzko iritzia ematea.
c) Institutuaren zuzendaritzari proposatzea, bi sexuen berdintasuna eta bizitza publiko, kultural, ekonomiko eta sozialean emakumearen partaidetza bultzatu eta sustatzeko komenigarritzat jotzen diren neurriak.
d) Kontseilura ongi frogatuta iristen diren bereizkeria jarreren salaketak bildu eta organo eskudunuei bidaltzea, beti ere jarrera horiek berdintasun oinarria hautsi edo emakumeak laidotzen badituzte.
e) Institutuko dirulaguntza deialdien irizpideak ezagutu eta horiei buruzko iritzia ematea.
f) Helburu berdintsuak dituzten beste administrazio batzuetako entitate eta organoekin komunikazioa, harremana eta trukea sustatzea.
g) Kontseiluan ordezkatuak ez dauden pertsona eta organizazioek bidaltzen dizkioten ekimenak ezagutu eta horiei buruzko iritzia ematea.
6. artikulua
Nafarroako Emakumearen Kontseiluaren funtzionamendua arautuko du Foru Agindu honetan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko 30/1992 Legearen II. tituluko 2. kapituluan xedatutakoak.
7. artikulua
1. Kontseilua hiru hilabetetan behin behintzat bilduko da, kontseiluburuak deituta, bai eta beharrezkoa dela uste den hainbatetan, Nafarroako Emakumearen Institutuko Zuzendaritzak edo kideen gehiengoak eskaturik.
2. Kontseiluko kideez gain bilkuretara joan ahalko dira, hizpidea dutela baina botorik ez, kontseilukideak beharrezkotzat dauzkan beste pertsona batzuk, ikutuko diren gaietan adituak direla eta.
8. artikulua
Nafarroako Emakumearen Kontseiluko funtzionamendu organoak hauek dira:
-Osoko Bilkura.
-Ponentzia Sektorialak.
9. artikulua
1. Osoko Bilkurak Ponentzia Sektorialak eratzea erabaki dezake, Osoko Bilkurak berak eskatutako gaiei buruzko azterlan edo txostenak egin ditzaten.
2. Eratzeko erabakian Ponentzia horiek Kontseiluko zein kidek osatuko dituzten zehaztuko da, baita horien eginbeharrak eta funtzionamendua ere.
3. Kontseiluko idazkaria izanen da Ponentzia Sektorialen koordinatzailea.
10. artikulua
Kontseiluburuak eginkizun hauek ditu:
a) Kontseiluaren ordezkari izatea.
b) Kontseiluko bilkuretarako deia egitea.
c) Bilkuren buru izatea, eztabaidak gidatu eta ordena zainduz.
d) Kontseiluburua den aldetik dagozkionak.
11. artikulua
Kontseiluko idazkariaren eginkizunak hauek dira:
a) Osoko Bilkuren akta jasotzea.
b) Kontseiluko iharduera administratiboak gidatzea.
c) Batzorde Berariazkoen eginbeharrak koordinatzea.
d) Kontseiluaren erabakiak betearaztea.
e) Kontseiluko idazkaria den aldetik dagozkionak.
Azken Xedapen Bakarra
Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.