Castellano | Euskara | Français | English
(1998ko 35. NAOn argitaratua, martxoaren 23an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateak kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes arloan dituen eskumenak erabiliz, Foru Dekretu honek kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa errazteko tresna bat ezarri nahi du.
Bestalde, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak, bere 8.2 artikuluan xedatzen du ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresak eta horien langileak behartuak egonen direla jendearen eskura jartzera arauz ezartzen diren erreklamazioetarako liburuak edo orriak.
Orain arte kontsumitzaileak babesteko xedapen gutxi batzuk besterik ez dira sektore batzuei ezarri dietenak erreklamazio orriak edukitzeko beharra. Horietan araututa daude inprimakien eredua, betetzeko modua eta Administrazioari igortzeko manera.
Erreklamazio orriak ezartzeak kontsumitzaileei ekarri dien onura ezaguna denez gero, komenigarri juzkatu da erreklamazio orri horiek arian-arian obligaziozko bihurtzea toki guztietan eta horren berri ematea kontsumitzaile eta erabiltzaileei. Xede horretarako inprimakien eredu guztiak eta horiek tramitatzeko prozedura bateratu eginen dira.
Foru Dekretu honek bi helburu ditu: aurrenekoa, eredu bakar bat arbitratzea, horrek ematen duen abantailarekin sistema arrazionalago eta eraginkorrago izan dadin eta kontsumitzaileek eskura izanen duten tresna identifikatzea errazago izan dezaten, eta hurrena, horren aplikazioa zabaltzea legez beharturik ez dauden zentro edo establezimenduetara, sektore ekonomikoen eta kontsumitzaileen arteko harremanak zuzenagoak izan daitezen.
Alde horretatik, Foru Dekretu honek Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Legean berretsitako printzipio eta zuzentarauak biltzen ditu.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Legeak, bere 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak eta sektoreetako enpresa-elkarteak kontsultatu dira.
Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak eta Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren biko bilkuran harturiko Erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
1. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Foru Dekretu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean kontsumo edo ikuskizun publikoen edo josteta jardueren arloan erreklamazio orriak ezarri eta erregulatzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileek erreklamazioak errazago jarri eta tramita ditzaten. Arau honen ondorioetarako kontsumitzaile edo erabiltzailetzat hartzeko kontuan hartuko da uztailaren 19ko 26/1984 Legearen 1.2 artikuluan aurreikusten dena.
2. Nafarroako Foru Komunitatean ondasunak komertzializatzen, zerbitzuak ematen edo ikuskizun publikoak nahiz josteta jarduerak antolatzen diharduten establezimendu edo zentroetako pertsona fisiko nahiz juridiko titular guztiek kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskura jarriko dituzte erreklamazio orriak, Foru Dekretu honen eranskinean ezarritako ereduaren araberakoak.
3. Ondasunak komertzializatzen edo zerbitzuak ematen dituzten establezimenduak, baldin eta kontsumitzailea babestearen arloko edo ikuskizun publiko eta josteta jardueraren arloko berariazko xedapenetan espreski oinarritzen ez baizik eta propioa den araudi sektorial baten indarrez erreklamazio orriak edo liburuak izatera behartuak badaude, araudi sektorial horren bidez gobernatuko dira, araudian jaso ez diren alderdietan Dekretu hau aplikatzea galarazi gabe.
Nolanahi ere, Foru Dekretu honetan araututako erreklamazio orria erabili ahalko dute horretaz baliatzea komenigarri juzkatzen duten sektoreek.
4. Arau honetan aurreikusitako erreklamazio orriak erabiltzea eta aurreikusi den beste edozein bidetatik erreklamazioak jartzea bateragarriak dira.
2. artikulua. Erreklamazio orriak.
1. Erreklamazio orriek inprimaki sorta bat osatzen dute: kolore zuriko jatorrizko orria (Administraziorako), arrosa koloreko kopia bat (establezimendurako) eta beste kopia bat, berdea (salatzailearentzat), Eranskinean ezarritako ereduaren arabera.
2. Erreklamazio orriak Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusian eskuratu ahalko dira, Kontsumo Atalean, zehaztuko den prezioa ordaindu ondoren.
3. artikulua. Jendeari jakinaraztea erreklamazio orriak badirela.
1. Foru Dekretu honetan aipatzen diren establezimendu edo zentroetako pertsona fisiko edo juridiko titularrak behartuak egonen dira jendaurrean ikusgai jartzera, kartel bat, bertan iragarriko delarik erreklamazio orriak, Foru Dekretu honetan ezarritako ereduaren araberakoak, eskura dituztela eskatzaileek.
2. Iragarkia bistan jarriko da, irakurtzeko moduan, eta debekatua dago kontsumitzaileei irakurtzea edo ikustea eragotzi edo oztopatzen dien toki batean jartzea.
3. Artikulu honen 1. idazatian aipatzen den testuko letrak gutxienez zentimetro batekoak izanen dira.
4. artikulua. Erreklamazio orriak kontsumitzaile eta erabiltzaileei entregatzea.
1. Erreklamazio bat egiteko, kontsumitzaile edo erabiltzaileak erreklamazio orrien sorta bat eskatu ahalko dio establezimenduko edo zerbitzuko arduradunari edo edozein enplegaturi. Orriak nahitaez eta debalde emanen dira.
2. Kontsumitzaile batek erreklamazio orri bat eskatzen duenean, non eskatzen duen hantxe eman beharko zaio edo bezeroentzako argibide edo harrerarako identifikatzen den tokian, eta ez dute bidaliko eskaera egin den tokitik urrun dauden beste dependentzia edo bulego nagusietara.
3. Establezimenduak erreklamazio orririk ez badu edo emateari uko egiten badio, kontsumitzaile edo erabiltzaileak erreklamazioa aurkeztu ahalko du egokien iruditzen zaion moduan, eta erreklamazio horretan agertaraziko ditu gora-behera horiek.
5. artikulua. Erreklamazioaren aurkezpena.
1. Kontsumitzaile edo erabiltzaileari eman baino lehen, erreklamazio orrian agertarazi beharko dira establezimenduaren edo/eta zerbitzu emailearen identifikazioari dagozkion datuak.
2. Erreklamatzaileak erreklamazio orria beteko du, bertan datu hauek agertaraziko ditu: izena eta deiturak, helbidea, nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen zenbakia, bai eta inprimakian agertzen diren gainerako datuak ere, zehatz-mehatz azaldurik kexa sortarazi zuten arrazoiak, noiz gertatu ziren eta zer den eskatzen dena.
3. Erreklamatuak komenigarri iruditzen zaiona alegatu ahalko du erreklamazio orrian berean.
6. artikulua. Erreklamazio orriak igortzea.
1. Erreklamazio egileak kolore zuriko jatorrizko orria igorri ahalko du kontsumitzailearen argibiderako udal bulego batera edo Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Atalera.
2. Erreklamazio orriarekin batera erabiltzaileak, halakorik bada, agiri hauek igorriko ditu: ordainketaren faktura edo frogagiria, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, kontratua, informazio foiletoak, garantiako dokumentua eta egitateen balorazioa hobetzeko balio dezaketen froga edo agiri guztiak.
7. artikulua. Erreklamazioen tramitazioa.
1. Erreklamazio orria jaso ondotik, horren edukia eta erreklamazio egilearen eskaria kontuan hartuta, behar duen tramitazioa emanen zaio eta, bidezko bada, salatuari gaztigatuko zaio behar diren alegazioak aurkeztu ahal ditzan.
2. Erreklamazio orrian salatzen denean kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes arloan edo ikuskizun publiko eta josteta jardueretan ustezko arau- hausteak izan direla, arlo bakoitzeko organo eskudunak bidezko ekintzei hasiera emanen die horiek zehaztu, ezagutu eta frogatzeko eta, hala behar bada, zehapen prozedura irekitzeko, dagozkion ekintza zibil edo penalak galarazi gabe.
8. artikulua. Eskumena.
Arau honetan eta araua garatzen dituztenetan biltzen diren xedapenak betetzearen zaintza eta ikuskapena Nafarroako Foru Komunitateko arlo honetako administrazio organo eskudunek eginen dute.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Xedapen honetan agertzen diren aginduetako edozein ez betetzea kontsumitzailearen babes arloko arau-haustetzat joko da, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 34. artikuluan eta Ikuskizun Publiko eta Josteta Jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Lehen Xedapen Indargabetzailea
Indar gabe gelditzen dira xedapen hauek:
-Jendaurreko salmentarako instalazioetan eskaintzen den automoziorako gasolina eta gas-olioaren hornidura zerbitzuaren kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak arautzen dituen ekainaren 30eko 182/1997 Foru Dekretuaren 9. artikulua, 9.5 puntua izan ezik.
-Ibilgailuak eta haien ekipo eta osagaiak konpontzeko tailerretako industri jarduera eta zerbitzuak arautzen dituen maiatzaren 5eko 123/1997 Foru Dekretuaren 17. artikulua.
Etxez etxeko zerbitzu ematea arautzen duen urriaren 20ko 303/1997 Foru Dekretuaren 7. artikulua, 7.6 puntua izan ezik.
Bigarren Xedapen Indargabetzailea
Indar gabe gelditzen da Dekretu honi aurka egiten dion maila bereko edo beheragoko edozein xedapen.
Azken Xedapenetan Lehenengoa
Ahalmena eman zaio Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari, Foru Dekretu honek xedatzen duena garatzeko xedapen osagarriak dikta ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteren buruan hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Erreklamazio orria
Oharra: inprimakia bete aurretik irakurri arretaz atzeko aldean datozen jarraibideak
Hurrengo laukiko datuak establezimenduak edo zerbitzu emaileak beteko ditu kontsumitzaileari entregatu aitzin.
Erreklamazioaren arrazoia:
Erreklamatuaren alegazioak:
Eskatzen du:
Eransten diren agiriak (fakturak, foiletoak, etab...).
Erreklamazioaren data Erreklamazio egilearen sin. Erreklamatuaren sin.
Erreklamazioa zein erakundetara zuzendu:
Nafarroako Gobernuko Kontsumo Atalera
Kontsumitzaileari Argibideak emateko udal bulegoetara
II. ERANSKINA
a) Erreklamazio orri hau Administrazioak aurreikusi duen bidea da kontsumitzaile eta erabiltzaileek beren erreklamazioak eta salaketak egin ahal ditzaten Kontsumoaren eta ikuskizun publiko eta josteta jardueren arloan.
b) Kontsumitzaile edo erabiltzaileari entregatu aitzin, erreklamazio orrian agertarazi beharko dira establezimenduaren eta zerbitzu emailearen identifikazio datuak.
c) Erreklamazio egileak erreklamazio orria eskatu duen establezimendu, lokal edo dependentzian beteko du, eta honakoak agertarazi beharko ditu: izena eta deiturak, helbidea eta nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen zenbakia, zehatz-mehatz azalduz kexa sortarazi zuten arrazoiak, noiz gertatu ziren eta zer den eskatzen dena.
d) Erreklamatuak komenigarri iruditzen zaiona alegatu ahalko du erreklamazio orrian berean.
e) Administraziora igortzen den erreklamazio orriarekin batera kontsumitzaile edo erabiltzaileak agiri hauek igorriko ditu: ordainketaren faktura edo frogagiria, prezioen gaineko erreklamazioa baldin bada, kontratua, informazio foiletoak, garantiako dokumentua eta egitateen balorazioa hobetzeko balio dezaketen froga edo agiri guztiak.
f) Erreklamazio orria bete ondotik, erreklamazio egileak kopia horia establezimendu edo zerbitzuko arduradun edo enplegatuari entregatuko dio, beretzat kolore berdeko kopia gordeko du eta erreklamazio orri jatorrizkoa, kolore zurikoa, kontsumo arloko erakunde eskudun hauetako batera igorriko du:
-Egitateak gertatu direneko herriko Kontsumitzaileari Argibideak emateko Udal Bulegora edo Zerbitzura.
-Nafarroako Gobernuko Kontsumo Atalera: Blas de , 1-4. solairua, 31005 Iruña.