Castellano | Euskara | Français | English
(1993ko 77. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 23an)
Atarikoa
Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzaren (574/1991 Foru Dekretua), Lehen Hezkuntzaren (100/1992 Foru Dekretua) eta Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoaren (67/1993 Foru Dekretua) kurrikuluak paratu ditu, eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezartzen diren gainerako irakaskuntzen kurrikuluak ere Foru Dekretuen bidez paratuko ditu. Hori dela eta, beharrezko jotzen da Ikastetxeetan Erregimen Orokorreko irakaskuntzetarako kurrikulu materialak gainbegiratu eta erabiltzeko eredu bat sortzea, kurrikulu berrien izakera idekiari atxikia egonen dena eta, irakasle, guraso eta argitaratzaileen eskubideei eta Ikastetxeen autonomiari errespetua agertuko diena.
Horretarako, Foru Dekretu honek, baimena emateko prozesuaren elementu nagusi bezala, arloetako kurrikulu materialak prestatzeko gida gisa erabiliko den argitaratze proiektuaren aurkezpena sartzen du. Horrela, bada, argitaratzaileek kurrikuluaren edukiak sortzeko duten askatasuna bermatzen da eta, aldi berean, Haur Hezkuntzaren, Lehen eta Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoen, eta Nahitaezkoaren ondoko Hezkuntzaren eskolaldietarako Foru Gobernuak proposatu dituen kurrikulu planteamenduen batasuna eta koherentzia gordetzen da.
Kontuan hartzen dira Nafarroako Foru Eraentza Hobetu eta Berrezartzeari buruzko Lege Organikoaren 47. artikuluan xedatutakoa eta, Estaduaren Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera, irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloetako eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzen dituen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuaren Eraskinaren 2. atalaren n) eta j) atalek Nafarroari ematen dizkioten ahalmenak, honako hauek baitira: ikasketa ez-unibertsitarioen plan eta programak gauzatzeko behar diren testu liburu eta irakasteko gainerako materiala, eta pedagogia eta metodologia orientabideak onestea; eta irakaskuntza maila guzietan, euskara irakasteko plan, ikasketa programa, arau eta, pedagogia eta metodologia orientabideak prestatu, onetsi eta gauzatzea.
Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamahirugarreneko ekainaren zazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat eginez, dekretatu dut:
1. artikulua
1. Foru Dekretu honek, Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxeetan Erregimen Orokorreko irakaskuntzetarako kurrikulu materialen gainbegiraketa eta baimena ematea, eta haien erabilera gauzatzeko baldintzak arautzen ditu.
2. Foru Dekretu honek aipatzen dituen kurrikulu materialak testu liburuak dira, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezartzen diren Erregimen Orokorreko irakaskuntzen kurrikuluak garatu eta aplikatzeko irakasle eta ikasleek Ikastetxeetan, publiko zein pribatu, erabiltzen dituztenak.
3. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Haur Hezkuntzari, Lehen eta Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoei eta Batxilergoari dagozkion materialak egiteko argitaratze proiektuak gainbagiratuko ditu.
4. Argitaratze proiektuak onesteak berekin ekarriko du haiei dagozkien kurrikulu materialetarako baimena, beti ere, onetsitako argitaratze proiektuarekin eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legearen oinarri orientatzaileekin bat egiten baldin badute.
5. Foru Dekretu honetan xedatutakoa, 5. artikuluan ezarritakoa salbu, ez zaie aplikatuko irakasle eta ikasleek laguntza gisa erabili eta kurrikuluaren arlo edo gai konkretu bat espezifikoki lantzen ez duten argitalpenei. Halaber, kurrikuluaren helburuak ikasleen beharretara hurbiltzeko asmoz irakasle taldeek prestatutako eta argitaratu gabeko materialei ere ez zaie aplikatuko.
2. artikulua
1. Argitaratze proiektuak eskolaldi edo ziklokoak izaten ahal dira, eta kurrikuluaren arlo bat bederen hartuko dute, kurrikulu horren oinarrizko irizpideei atxikiz.
2. Proiektuek hezkuntza ziklo baten edukiak, bederen, bilduko dituzte, eta eskolaldiaren planeamendu orokorrari lotuak beharko dute izan.
3. Lehen Hezkuntzaren Hezkuntza Artistiko arloaren kasuan, proiektuak esparru guziei edo horietako batzuei edo bati buruzkoak izan daitezke.
4. Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoaren bigarren zikloan eta Batxilergoan, argitaratze proiektuak ikasturte bakar bati buruzkoak ere izan daitezke.
3. artikulua
1. Proiektuak gainbegiratzeko eskabidea Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berritzeko Zerbitzura igorriko dira, honako datu hauek agertuz: Argitaletxea, proiektuaren izena, eskolaldia, zikloa, ikasturtea, Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoaren bigarren zikloaren eta Batxilergoaren kasuetan, eta landutako arloa edo arloak.
2. Gainera, Haur Hezkuntza eta Lehen eta Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoen kasuetan, honako datuak bilduko dituen txosten bat ere aurkeztu beharko da:
a) Proiektua bera, ondoko puntuak azalduz:
Edukinen eta alderdi metodologiko eta didaktikoen azalpen teorikoa.
Zikloaren edo, Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoaren bigarren zikloaren kasuan, ikasturtearen helburuak, dagokion eskolaldiaren eta landutako arloaren edo arloen helburuekin erkaturik.
Proiektuaren edukien antolamendu eta banaketa, kontzeptu, prozedura eta jarrerak bereiziz.
Ikasleen arteko ezberdintasunak atenditzeko planteamendua eta behar diren indartze eta zabaltze ekitaldien antolamendua.
Zikloko edo, Bigarren Hezkuntza Nahitaezkoaren bigarren zikloaren kasuan, ikasturteko ebaluazio irizpideak.
b) Proiektuaren oinarri diren testu liburuen eta materialen zerrenda eta horietako bakoitzaren deskripzioa, fitxa teknikoa eta lagin adierazgarri bat, honako ezaugarriekin:
Fitxa teknikoak ondoko datu hauek izanen ditu: argitaletxea, egilea, titulua, formatoa, enkuadernazioa, orrialde kopurua, idurien portzentaia, maila, eskolaldi, ziklo edo ikasturtearen aipamena eta ustezko prezioa.
Lagin adierazgarriak liburu bakoitzaren testu eta idurien %20a bederen bilduko du.
3. Batxilergoaren ikasgaiei buruzko argitaratze proiektuek honako elementuak izanen dituzte:
Edukiaren eta alderdi metodologiko eta didaktikoen azalpen teorikoa.
Ikasgaiaren edukien antolamendu eta banaketa.
Edukien zati baten garapena, helburuak, eduki zehatzak eta ebaluazio irizpideak bilduko dituena.
Liburuaren fitxa teknikoa, honako datu hauekin: argitaletxea, egilea, titulua, formatoa, enkuadernazioa, orrialde kopurua, idurien portzentaia, ikasturtea eta ustezko prezioa.
4. Euskaraz argitaratzeko liburuen proiektuen kasuan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak liburu osoen inrpimategiko frogak eskatzen ahal ditu, zuzentasun maila eta ikasleekiko hizkuntza mailaren egokitasuna egiaztatzeko.
5. Nola erlijio irakaskuntzak espezifiko eta borondatezkoak baitira, eta Foru Dekretu honen 5. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, haiek gauzatzeko argitaratze proiektuen gainbegiraketaz eta, hala badagokio, baimena emateaz ere, edukien ardura dutenek erabaki beharko dute. Orobat, materialen formatoa independientea izanen da.
6. Proiektuak, ikasleek zuzenean lan egiteko materialen argitalpena baldin badakar, bermatu egin behar du material hauek formato independientea ekarriko dutela iraunkorragoak direnen aldean, honako kasuetan izan ezik: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzaren lehenbiziko ziklorako direnak.
4. artikulua
1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, jasotako proiektuak aztertuko ditu eta, gehienez ere, berrogei laneguneko epean haietaz ebatziko du. Epe hori iragan, eta eskatzaileari ebazpenik jakinarazi ez baldin bazaio, eskatutako baimena ukatutzat emanen da.
2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, aurkeztutako proiektuei hezkuntza sistemaren eskolaldi eta zikloetan indarrean dagoen kurrikuluari behar bezala egokituak daudela erizten baldin badie, proiektu horietatik sortuko diren materialak Ikastetxe publiko eta pribatuetan erabiltzeko baimena emanen du.
3. Argitaratutako kurrikulu materialek baimen hori agertuko dute, kredituen orrialdean homologazioa eman zien Ebazpenaren data eta hura argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zenbakia.
4. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, proiektuak ezarritako baldintzak betetzen ez dituela eta baimenik ematerik ez dagoela jotzen badu, espedientea argitaratzaileari erakutsiko dio, honek, gehienez ere hogei eguneko epean, bidezko derizkion alegazioak aurkez ditzan. Epe horretan, lehenbiziko atalean paratutako ezezko isilbidearen epea eten eginen da. Orobat, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, epe horretan, liburu osoak erreklamatzen ahalko ditu, proiektu osoaren gaineko iritzi borobilagoa izateko.
Behin entzunaldia betez gero, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ebatzi eginen du, baimena emanez ala ukatuz.
5. Ezezko ebazpenaren kontra ohizko helegitea paratzen ahal da Nafarroako Gobernuan.
6. Argitaletxeek, argitaratutakoan, Hezkuntza eta Kultura Departamentura testu liburuen eta kurrikulu materialen ale bana igorriko dute.
5. artikulua
1. Ikasleen eskuetan paratuko diren materialak argitaratze proiektuei lotuko zaizkie; halaber, inolako estereotipo diskriminatzailerik, testuetan zein idurietan, ez da sartuko, eta giza eskubideak, kultura ezberdinendako errespetua eta aukera berdintasuna suspertuko dira.
2. Materialetan, artikulu honen 1. atalean aipatzen diren printzipioei erasotzen dien testu edo iduririk atzeman baldin bada, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak argitaletxeei proposatuko die kentzeko edo, hurrengo argitalpenetan edo berrinprimaketan ordezteko. Horrela egiten ez bada, haien erabilera galarazten ahalko da, hurrengo atalean heldu den moduan.
3. Artikulu honen 1. atalean ezarritako printzipioak, larritasun edo ugaritasuna dela medio, hausten dituzten materialak baldin badira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, ofizioz edo parteren batek hala eskaturik, eta interesatuari aditu ondotik, baimena kentzen ahal die berehalaxeko ondorioekin.
4. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, argitaratze proiektua garatzean, bere garaian onetsi zen proiektutik garbiki aldentzen diren materialak baldin badira, horiei ere baimena kentzen ahal die.
5. Onetsitako proiektuaren mamia nabarmenki aldatzen duen edozein aldaketa, proiektu berri bat bezala kontsideratuko da eta, beraz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren gainbegiraketapean paratu beharko da.
6. artikulua
1. Ikastetxeek, euren kurrikulu proiektuei egokien diren materialak aukeratzean, material horiek Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onetsitako argitaratze proikektuetako bati dagozkionak direla egiaztatu behar du. Proiektua zein xedapenek onetsi zuen espreski agertzen ez duten materialak ez dira aukeratzen ahalko.
2. Ziklo baterako aukeratutako materialak, ikasleek ziklo osoa burutu arte ez dira aldatzen ahalko.
3. Arlo edo ikasgai baten testu liburua ikasturte edo ziklo zehatz baterako aukeratzen denean, lau ikasturtez bederen iraun beharko du, eta ez da beste libururik sartzen ahalko, behar bezala justifikatutako arrazoia izan ezik. Kasu horretan, liburua ezarritako denbora baino lehen aldatzea komenigarria baldin bada, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuaren txostenarekin bat etorriz eginen da.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria
1. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Foru Dekretu honen 5. artikuluaren 1. atalean ezarritako xedapenak, hots, inolako estereotipo diskriminatzailerik, testuetan zein idurietan, ez sartu, eta giza eskubideak, kultura ezberdinendako errespetua eta aukera berdintasuna suspertzeari buruzkoak, Hezkuntz Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak arautzen dituen maila, eskolaldi, ziklo eta graduen kurrikuluak garatzen dituzten materialei aplikatuko zaizkie.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin zein beste autonomi hezkuntza Administrazio batzuekin, hitzarmenak egiten ahal ditu, bakoitzak bere ahalmenak erabiliz eta bere gestio esparruetan emandako baimenak besteek ere onets ditzaten, Ikastetxeetan kurrikulu material ezberdinak erabili ahal izateko.
Xedapen Iragankor Bakarra
Hezkuntzari eta Hezkuntza Erreformaren Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorrean araututako mailetarako testu liburuen gainbegiraketa, ikasketa planek indarrean iraun bitartean, Foru Dekretu honetan xedatutakoari atxikiko zaio. Edukiak, aldiz, irakaskuntza bakoitzerako paratuko diren ikasketa planei atxikiko zaizkie.
Xedapen Derogatzaile Bakarra
Nafarroako Foru Komunitateko liburu eta irakaskuntza materialetarako baimena arautzen duen otsailaren 28ko 82/1991 Foru Dekretua, eta honako Foru Dekretu honen kontra jotzen duten lerrun berdineko edo baxuagoko xedapen guziak derogatu egiten dira.
Hondar Xedapenetako Lehenbizikoa
Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren adina xedapen eman ditzan.
Hondar Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.