Castellano | Euskara | Français | English
(2008ko 73. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 13an)
Atarikoa
Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Lan arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zen, eta 40.2 artikuluan ezartzen denez, laneko arriskuen prebentzioan arau-hauste larriak egitearen ondoriozko zehapenak, irmoak direnean, erregelamendu bidez ezarri bezala jakinaraziko dira.
Arau horren erregelamendu bidezko garapena maiatzaren 4ko 597/2007 Errege Dekretuaren onespenarekin bat egin da. Dekretu hori laneko arriskuen prebentzioan arau-hauste oso larriak egitearen ondoriozko zehapenak argitaratzeari buruzkoa da. Erregelamendu bidezko garapen horrek zehazten du nola jakinarazi behar diren aipatutako zehapenak eta ezartzen du kontsulta publikoko erregistro bana sortzea administrazio eskudunetan.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio estatuko lan arloko legeria aplikatzea.
Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedeak dira, alde batetik, zehaztea Nafarroako Foru Komunitatean laneko arriskuen prebentzioan arau-hauste oso larriak egitearen ondoriozko zehapenak nola argitaratu behar diren, bai eta horretarako eskumena nork duen ere, eta beste alde batetik, dagokion erregistroa sortzea.
2. artikulua. Eskumena eta prozedura.
1. Laneko arriskuen prebentzioan arau-hauste oso larriak egitearen ondoriozko zehapenak, irmoak direnean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, laneko arriskuen prebentzioan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularrak emandako ebazpen bidez. Argitaratu eta gero, 4. artikuluan aipatutako erregistroan inskribatuko da.
Zehapenak irmo bilakatu eta gehienez ere hurrengo hiru hilabetean argitaratuko dira.
2. Gutxienez ere sei hilabetean behin, arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean argitaratuko du aurreko sei hilabeteetan zehapena jaso duten enpresen zerrenda.
3. artikulua. Argitaratuko diren datuak.
Datu hauek argitaratuko dira:
a) Zehapena jaso duen enpresaren izena.
b) Zein sektoretako jarduera den.
c) Pertsona fisikoen nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo pertsona juridikoen identifikazio fiskaleko kodea.
d) Sozietatearen helbidea.
e) Egindako zehapena.
f) Ezarri zaion diru-zehapena, zenbatekoa barne, bai eta gainerako zehapen nagusiak edo osagarriak ere, halakorik badago.
g) Arau-hauste aktaren data.
h) Zehapena irmo bilakatu zen eguna.
4. artikulua. Datuen erregistro publikoa.
1. Laneko arriskuen prebentzioan arau-hauste oso larriak egitearen ondoriozko zehapenen erregistroa sortu da. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunari atxikitzen zaio.
Erregistroak inskripzio liburua izanen du, eta euskarri informatikoan jarriko da. Idazpenek aurreko artikuluan adierazitako datuak izanen dituzte.
2. Zehapenak argitara daitezen agintzeko eskumena duen organo eskudunak eginen du inskripzioa erregistroan, ofizioz, egintza irmoa dela jakinarazi ondotik.
Erregistroan ebazpen zehatzaileei buruz dauden datuak bost urteren buruan deuseztatuko dira, zehapena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.