(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Euskara :
    • 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari Buruzkoa

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari Buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1986ko 154. NAOn argitaratua, abenduaren 17an. Aldaketak: 2/2010 Foru Legea, otsailaren 23koa; 4/2015 Foru Legea, otsailaren 24koa)

Atarikoa

Erkidegoen ondare kulturalaren barruan, hizkuntzek toki nagusia dute. Hizkuntzak gizakiek komunikatzeko duten tresnarik onena eta bizitza sozialaren ezinbesteko euskarri dira, identifikazio kolektiborako osagai eta gizarteko kideen artean bizikidetzarako eta ulermenerako faktore. Aldi berean, hizkuntzak berezko historiaren ikur eta lekuko dira, belaunaldiz belaunaldi hizkuntza horiek erabiltzen diren herrietako esperientzia kolektiboa bildu, begiratu eta transmititzen duten heinean.

Hizkuntza fenomenoaren izaera dinamikoak eta bertan parte hartzen duten faktoreen konplexutasun eta aniztasunak historikoki etengabeko gorabeherak sortu dituzte hizkuntzak erkidegoetan ezartzeari dagokionez: batzuk hedatu egin dira eta beste batzuek atzera egin dute, inoiz hizkuntzaz kanpoko arrazoiek eraginik. Horiexek dira, ezbairik gabe, gorabeherarik adierazgarrienak. Aldaketa hauetan, maiz komunikazioaren oinarri direnen kontrako jarrerek esku hartu dute, hizkuntzek banatu egiten dutela oker uste dutenek edo hizkuntzen pluraltasunak barne-barnean gordetzen duen aberastasuna ikusten ez dutenek bultzaturik.

Nafarroaren moduan, beren ondarean hizkuntza bat baino gehiago edukitzeaz harro diren erkidegoak beharturik daude altxor hori begiratu eta babestera eta haren hondatzea eta galera eragoztera. Baina ondare hori ezin da babestu eta ez da babestu behar ere hizkuntzen arteko borroka edo aurkaritzaren bidez. Aitzitik, Konstituzioaren 3.3 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, hizkuntza horiek errespetu eta babes berezia behar duen kultura ondarea direla aitortu behar da.

Printzipio hauetan oinarritzen da foru lege hau, zeinak aipatutako konstituzio agindua bete eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluko aurreikuspenak garatzen dituen.

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

1. Foru lege honen xedea euskararen erabilera arrunta eta ofiziala arautzea da, gizarte bizikidetzaren eta irakaskuntzaren esparruetan.

2. Hauek dira lege honen ezinbesteko helburuak:

a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.

b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

3. Nafarroako euskalkiek errespetu eta babes berezia izanen dute.

2. artikulua

1. Gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2. Gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala. Euskara ere ofiziala da Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 9. artikuluan eta foru lege honetan aurrez ikusitako eran.

3. artikulua

1. Botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen.

2. Botere publikoek hizkuntza araua errespetatuko dute, foru lege honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren ondorio diren jarduera guztietan.

3. Hizkuntza arauak ezartzeko, Euskaltzaindia izanen da erakunde aholku-emaile ofiziala, eta botere publikoek berari eskatuko dizkiote aurreko atalean ezarritakoa betetzeko beharrezko zaizkien txosten edo irizpenak.

4. artikulua

Indarreko legeriaren arabera, eta foru lege honetan ezartzen diren hizkuntza eskubideetan babestuak izateko, herritarrek epaile eta auzitegietara jo dezakete.

5. artikulua

1. Foru lege honen ondorioetarako, Nafarroak ondoko eremu hauek ditu:

a) Eremu euskalduna, ondoko udalerriek osatua: Abaurregaina/Abaurrea Alta, Abaurrepea/Abaurrea Baja, Altsasu/Alsasua, Anue, Araitz, Arakil, Arantza, Arano, Arbizu, Areso, Aria, Aribe, Arruazu, Auritz/Burguete, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Bertizarana, Betelu, Donamaria, Doneztebe/Santesteban, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Erroibar/Valle de Erro, Esteribar, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Ezkurra, Garaioa, Garralda, Goizueta, Hiriberri/Villanueva de Aezkoa, Igantzi, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Ituren, Iturmendi, Labaien, Lakuntza, Lantz, Larraun, Lekunberri, Leitza, Lesaka, Luzaide/Valcarlos, Oitz, Olazti/Olazagutía, Orbaitzeta, Orbara, Orreaga/Roncesvalles, Saldias, Sunbilla, Uharte-Arakil, Ultzama, Urdazubi/Urdax, Urdiain, Urrotz, Zubieta, Ziordia eta Zugarramurdi.

b) Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua: Abartzuza, Agoitz, Antsoain, Artzibar, Atarrabia, Atetz, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Bidankoze, Bidaurreta, Burgi, Burlata, Deierri, Eguesibar, Erronkari, Espartza Zaraitzu, Etxarri, Etxauri, Ezkabarte, Ezkaroze, Garde, Gares, Gesalatz, Goñerri, Gorza, Iruña, Itza, Itzaltzu, Izaba, Jaitz, Jaurrieta, Lezaun, Lizarra, Lizoain-Arriasgoiti, Odieta, Olaibar, Ollaran, Oltza Zendea, Orkoien, Orontze, Orotz-Betelu, Otsagabia, Sartze, Txulapain, Uharte, Urzainki, Uztarroze, Zabaltza, Ziritza, Zizur eta Zizur Nagusia.

Eremu misto hori automatikoki hedatu ahalko da Arangurengo, Belaskoaingo, Galarko eta Noain-Elortzibarko udaletara, baldin eta toki korporazio horietako bakoitzeko Osoko Bilkurak gehiengo osoz hartzen badu erabakia. Erabakiak eragingarritasun osoa izan dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

c) Eremu ez-euskalduna, gainerako udalerriek osatua.

2. Aurreko atalean zehaztutakoa berrikus daiteke, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. eta 20.2 artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Nafarroako Gobernuak aldian-aldian euskararen errealitate soziolinguistikoari buruzko azterlanak egiteko aginduko du, eta horien berri emanen dio Parlamentuari.

I. TITULUA. ERABILERA ARRUNTA ETA OFIZIALA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

6. artikulua

Aitortu egiten da herritar guztiek administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela, ondoko kapituluetan ezarritako eran.

7. artikulua

"Nafarroako Aldizkari Ofiziala" eta "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala" gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko dira, aldibereko edizio bananduetan.

8. artikulua

1. Foru Komunitateko toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera:

a) Eremu euskaldunean, izendapen ofiziala euskarazkoa izanen da, non ez den beste izen bat gaztelaniaz; hala bada, biak erabiliko dira.

b) Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskarazko izendapen desberdin, jatorrizko eta tradizionala baldin badute, biak erabiliko dira.

2. Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostena kontuan izanik eta artikulu honen lehendabiziko atalean aurrez ikusitakoaren arabera, Foru Komunitateko toponimoak eta lurralde, herri eta herriarteko bideen izen ofizialak erabakiko ditu eta, orobat, horren berri eman beharko dio Parlamentuari. Herri barruko bideen izena jartzea udal bakoitzari dagokio.

3. Gobernuak erabakitako izenak, aurreko ataletan xedatutakoaren arabera, legezkoak izanen dira ondorio guztietarako Nafarroa osoan, eta errotulazioa haiekin bat etorriko da. Nafarroako Gobernuak errotulazio publikoaren normalizazioa arautuko du, betiere Estatuak bere egin dituen nazioarteko arauak errespetatuz.

9. artikulua

Nafarroako Gobernuak Iruñean euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko administrazio unitatea sortuko du.

II. KAPITULUA. Erabilera ofiziala eremu euskaldunean

10. artikulua

1. Herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.

Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko gerta daitezkeen bitartekoak erabakiko, progresiboki eskubide honen erabilera bermatzeko.

2. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duten espediente edo prozeduretan, biltzen diren aldeek elkarrekin adostutako hizkuntza erabiliko dute botere publikoek.

11. artikulua

Erabilitako hizkuntza edozein izanik ere, administrazio jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute. Horren ondorioz, Administrazio Publikoen organoek parte hartzen duten ekintza guztiak, baita administrazio jakinarazpen eta komunikazioak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesdun guztiek espresuki bakar bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik.

12. artikulua

Agiri publikoak, emaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean idatzi beharko dira edo, emaile bat baino gehiago balitz, hauek adostutakoan.

Fede-emaile publikoek, interesdunak eskatutakoaren arabera, gaztelaniaz edo euskaraz luzatu beharko dituzte kopiak edo lekukotasunak, eta behar denean, matrize eta agiriak beren erantzukizunpean itzuli beharko dituzte.

Nolanahi ere, gaztelaniaz luzatu beharko dituzte eremu euskaldunetik at indarra izan behar duten kopiak.

13. artikulua

1. Erregistro Publikoetan, idazpenak dokumentua dagoen hizkuntza ofizialean luzatuko dira eta, betiere, gaztelaniaz ere bai.

2. Kopia eta ziurtagiriak hizkuntza ofizialetarik edozeinetan luzatuko dira.

14. artikulua

Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek berek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiltzen ahalko dute, indarreko legerian xedatutakoaren arabera.

15. artikulua

1. Administrazio Publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dute, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak progresiboki euskararen erabileran gaitu daitezen.

2. Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kualifikatutzat hartuko da besteren artean.

16. artikulua

Eremu euskalduneko toki entitateek gaztelania eta euskara erabiliko dute beren xedapen, argitalpen, herriko bideetako kaleen errotulu eta tokien izen berezietan eta, betiere, izen tradizionalak errespetatuko dituzte.

III. KAPITULUA. Erabilera eremu mistoan

17. artikulua

Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea.

IV. KAPITULUA. Erabilera eremu ez-euskaldunean

18. artikulua

Nafarroako Administrazio Publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea aitortzen zaie herritarrei. Administrazio horiek interesdunei gaztelaniara itzultzeko eska diezaiekete edo 9. artikuluan aurrez ikusitako itzulpen zerbitzuak erabili.

II. TITULUA. IRAKASKUNTZA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

19. artikulua

Herritar guztiek dute hezkuntza maila desberdinetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea, ondoko kapituluetan ezarritako eran.

20. artikulua

Nafarroako Gobernuak arautuko du euskara nola sartuko den irakaskuntza planetan eta zehaztuko du ikastetxe bakoitzean nola aplikatuko den, lege honek eremu desberdinetarako xedatutakoaren esparruan.

21. artikulua

Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, behar diren ekintzak aurrera eramanen ditu, irakasleen prestakuntzarako goi mailako ikastetxeetako ikasketa planek euskarazko irakaskuntzarako beharrezkoak diren irakasleen gaikuntza egokia berma dezaten.

22. artikulua

Administrazio Publikoek beharrezko diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak paratuko dituzte, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

23. artikulua

Ikasketa plan ofizialek euskara Nafarroako kultura ondaretzat hartuko dute eta foru lege honen xedeei egokituko zaizkie.

II. KAPITULUA. Irakaskuntza eremu euskaldunean

24. artikulua

1. Ikasle guztiek irakaskuntza hartuko dute, guraso-boterea edo tutoretza daukan pertsonak, edo hala badagokio, ikasleak berak aukeratutako hizkuntza ofizialean.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara eta gaztelania nahitaez irakatsiko dira, ikasle guztiek oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa egiaztatu ahal izan dezaten.

3. Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasketak eremu euskaldunetik at hasi dituzten ikasleak edo eremu honetan ohikoa ez den bizilekua dutela behar bezala justifikatzen dutenak, euskara ikastetik salbuetsiak izan daitezke.

III. KAPITULUA. Irakaskuntza eremu mistoan

25. artikulua

1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten.

IV. KAPITULUA. Irakaskuntza eremu ez-euskaldunean

26. artikulua

1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkanaka-pixkanaka, progresiboki eta nahikotasunez, egun dauden ikastetxe publikoetan euskaraz irakasten duten lerroak sortuz eskariaren arabera.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie eskaera egiten duten ikasle guztiei, halako moduan non euskararen ezagutza behar adinakoa izan ahalko baitute eskolatzearen bukaeran.

3. Eskariari sare publikoan erantzun ahal izan dakion, honako gutxieneko ikasle kopuru hau hartuko da aintzat: eskola-unitate bat taxutze aldera Hezkuntza Administrazioak irizpide objektiboei jarraikiz ezein irakaskuntza-eredutan baliatutakoa.

III. TITULUA. KOMUNIKABIDE SOZIALAK

27. artikulua

1. Administrazio Publikoek komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskarak gero eta presentzia handiagoa izan dezan sustatuko dute.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu, komunikabideek euskara progresiboki eta ohiko moduan erabil dezaten.

2. Foru Komunitateak kudeatzen dituen telebista eta irrati emisora eta gainerako komunikabideetan, Nafarroako Gobernuak euskararen presentzia egokia begiratuko du.

28. artikulua

Nafarroako Administrazio Publikoek babestu eginen dituzte euskaraz egiten diren agerkari kultural eta artistikoak, liburu argitalpenak, ikus-entzunezko ekoizpena eta bestelako edozein jarduera.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Nafarroako Gobernuak, "Vianako Printzea Erakundea" Kultura Zerbitzuaren bidez, Foru Lege honen 1.3 artikuluan ezarritakoa bete dadin, behar diren jarduerak aurrera eramanen ditu.

Xedapen Iragankor Bakarra

Hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak 9. artikuluan aipatutako euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko administrazio unitatea sortuko du.

Azken Xedapenetan Lehena

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezko diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru lege honek indarra hartuko du "Nafarroako Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunean.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa