(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, animalien babesari buruzkoa

 

(1994ko 70. NAOn argitaratutako testua. ekainaren 13an)

Zio Azalpena

Aspaldion gogo aldatu handia eta sakona ari da gertatzen Nafarroako gizarteak animaliei buruz daukan jarreran: nafar gehienek animaliak gero eta gehiago hartzen dituzte sufritzeko gai diren izaki biziduntzat, eta ez dute jadanik uste gizonak eskubide mugagabea duenik haien gainean ez eta haien kontra ekintza kaltegarri edo suntsigarriak egiteko; horrekin batera bistan da gero eta zabaltzenago dela animaliei beharrik gabeko sufrimendua galarazteko iritzia eta joera, eta beraz nafar gizarteak ere, inguruko beste herrien antzera, gaitzetsi egiten ditu animalien kontrako tratu mingarri eta suntsigarriak oro.

Nafarroako agintari publikoek lehenago ere klaro asko azaldu zuten animaliak babesteko beren kezka, basa animaliak eta haien habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean, nahiz kasu hartan helburua mugatua zen: Nafarroako habitatetan libre eta jatorrizko egoeran bizi diren animaliak. Badirudi, beraz, premia dela Nafarroan gainerako animaliak ere babesteko bide ematen duen erregimen juridiko bat osatzea, halatan non oraingo lege hutsuneak betetzen diren, dela etxeko animaliei, laguntza animaliei nahiz, Nazioarteko Zuzenbidearen esparruan, animalia aloktonoei buruzkoak.

Foru Lege hau, UNESCOk sustatutako Animalien Eskubide Deklarazio Unibertsalean oinarritzen da, eta Europako legegintza aurreratuenetan, zeinen ardatza baita animaliek duin bizitzeko eskubidea badutela edo bestela oinazerik gabe hiltzeko. Haren helburua da gure lurraldean animaliekiko errespetu etika berri bat indarrean jartzea eremu guzietan. Urteak dira Etika hori herritar multzo haundi batek beretua eta defenditua zuela, baina zenbait sektoreren hozkeriak eta beste batzuen interesak galarazten zuten hura bete-betean onartzea eta zenbait tradizio krudel eta degradante iraunarazten zituzten, honez gero ezin onartuzkoak eta gehientsuek arbuiatuak baitira, bizitza bere ondasun preziatuenetakotzat, preziatuentzat ez bada, jotzen duen gizarte batean.

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

1. Foru Lege honek helburua du animalia etxekoak eta aloktonoak babesteko arauak ezartzea.

2. Foru Lege honek agintzen dituenetarako, animalia etxekotzat jotzen da zein ere animalia gizonak mantentzen dituen laguntako nahiz mozkinak ateratzeko.

Animalia aloktono edo ez autoktonotzat jotzen dira zein ere espezie sartu baitira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean, espezieak berezko dituenez kanpoko habitatetan, bizi basatian edo erdi bezatuan. Kanpo gelditzen dira, beraz, animalia etxekoak, haragi, esne, arrautze, edo gizonak erabiltzeko beste edozein sustantzia erdiesteko hazten direnak, karga edo nekazari lanetarakoak, non eta basatuak ez diren, edo haiek edukitzeko beren jatorrizko lekuetan harrapatu behar ez diren, beren populazioak nolabait mehatxatuz.

3. Nafarroako basa animalia autoktonoak babesteko, basa animaliak eta haien habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak xedatzen duena hartuko da arautzat.

2. artikulua

1. Animaliaren bat daukanak osasun eta higiene baldintza onetan eduki beharko du eta derrigorrezko deklaratutako edozein aurreneurri tratamendu eginen dio.

2. Honakoak debekatuak dira:

a) Animaliei tratu txarra ematea edo justifikatu gabeko kalte edo sufrimentuak ekartzen dizkien edozein gauza egitea.

b) Animaliak mantenutarako edo gizonarentzako produkturen bat erdiesteko hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Foru Lege honek agindutakoen kontra.

c) Abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintzez eskasak diren instalazioetan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen arabera dituen premia etologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, non eta albaitariek agindu eta kontrolatutakoak ez diren, ezinbestez edo premia funtzionala dagoelako.

f) Egoki garatzeko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animali saleroste diruzkoez landara, erospenen batean animaliak erabiltzea sari, publizitate deigarri, edo ordainezko erregalotako.

h) Animaliak saltzea edo ematea laboratorio edo klinikei indarrean diren arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beherakoei eta ezinduei saltzea, guraso boterea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) Laguntza animaliak edo bestelakoak tokiz toki saltzea edo behar den baimena duten merkatu eta ferietatik kanpora.

k) Alferrikako sufrimentu edo kaltea egin diezaieketen sustantziak ematea.

l) Zakurrak beti edukitzea loturik.

m) Foru Lege honek administrazio lege haustetzat dauzkan egintzak eta egintzarik ezak egitea.

n) Animaliak herri festetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruzko arau indarrean direnek xedatzen dutena, edo Nafarroan herri ikuskizun animaliekikoek tradizioz izan dituzten baldintzez bestelako kondizioetan.

3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istanpatez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamenduek finkatzen duten moduan.

Orobat eginen da gizonak baliagarri duen produkturen bat erdiesteko hazi diren animaliak hiltzeko.

4. Erregelamendu bidez finkatuko da zein baldintzatan izanen duten zilegi animaliak erabiltzea zientzia edo hezkuntzazko ikerketan hartarako kreditutako pertsonek.

3. artikulua

1. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bestera garraiatzeko. Garrabideen eta enbalaien taxukerak animaliak eguralditik eta hozpero haundietatik babesteko modukoa beharko du, eta enbalaia horiek barrenean animalia bizidunak daukaztela adierazi beharko dute. Dimentsioak animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinakoak izanen dira. Animaliak erasokorrak badira, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

2. Garraioan eta zainaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

3. Animalien karga eta deskarga behar bezala eginen da.

4. artikulua

1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, pelea, eta bestelakotan horrek haiei sufrimentua edo tratu txarra ekar diezaiekeelarik.

2. Espreski salbuesten dira debeku horretatik zezen ikuskizunak.

3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten beste guziak debeku dira Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan.

4. Usakume botatze lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak emana, gehienez hilabeteko epean ebaztekoa. Baimen horrek zehaztuko du gehienez zenbat ale bota daitezkeen. Hilabete bat igaro eta ebazpenik eman ez bada jakitera, egintza suposatu bidez onartutzat joko da eskaera, beti ere eskaerak indarrean den arauteria errespetatzen badu.

5. artikulua

1. Animalia bat daukanak du erantzukizuna animaliak pertsona, gauza, bide eta eremu publiko eta oro har ingurugiroari egiten dizkien kalte, hondamen eta eragozpenen gainean, jabearen erantzukizun subsidiarioa galarazi gabe, kasuan kasuan ezartzekoa den legearen arabera.

2. Animalia bat daukanak, jabearen erantzukizun subsidiarioa galarazi gabe, behar diren neurriak hartu beharko ditu animaliak bide eta eremu publikoak zikin ditzan galarazteko.

6. artikulua

Zine nahiz telebistarako filmatzen diren eszenetan krudeltasunez tratatzen badira animaliak, hartarako Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baimena beharko da aurrez, eta animaliari egiten zaion kaltea edo mina beti ere simulatua izanen da.

7. artikulua

Debeku da animaliak izatea baldin eta haien arduradunek ezin badute toki hartan behar bezalako kontrola izan haien gainean.

Animalia daukanak behar diren neurriak hartuko ditu ez diezaien hirugarrenen bati edo haren ondasunei kalte edo enbarazorik sortu.

II. TITULUA. LAGUNTZA ANIMALIAK

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

8. artikulua

Laguntza animalia da gizonak atsegin eta laguntza-aldera gehienbat bere etxean daukana, inolako irabazte ihardunik gabe.

9. artikulua

1. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenen esparruan, zilegi izanen dute agintzea, animali higienea edo osasun publikoa dela medio, laguntza animaliak nahitaez txerta edo trata daitezela.

2. Administrazio Publikoko albaitariek eta Albaitari Klinika eta kontsultorioek artxibo bat eratuko dute eta bertan nahitaez txertatu edo tratatu beharreko animalien fitxa klinikoa egonen da. Artxibo hori dagokien agintarien eskura egonen da.

3. Higiene edo osasun publikoko arrazoiak direla medio animaliaren bat nahitaez hil beharra delarik, agudo eta oinazerik gabe eginen da beti, hartarako gai diren egoitzetan eta beti albaitari baten kontrolpean.

10. artikulua

1. Animaliak dauzkatenek Nafarroako Administrazio Publikoek finkatzen dituzten osasun aurreneurriak ezarri beharko dituzte.

2. Zakurrak dauzkatenek identifikaturik eduki beharko dituzte Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez seinalatu bezalako moduan.

3. Udalek, ahal duten neurrian, behar bezalako bitarte eta eremuak jarriko dituzte animaliek beren funtzio fisiologikoak higiene baldintza egokietan egin ditzaten eta bai ere josta daitezen, pertsona eta beste animaliei kalte egin edo gaitzak kutsa ez diezazkieten. Orobat, zilegi izanen da toki jakinetan hartarako ordutegiak ezartzea ere.

II. KAPITULUA. Abandonatzea eta biltze egoitzaz

11. artikulua

1. Animalia abandonatutzat joko da jabe edo jatorri identifikaziorik batere aldean ez daramana eta inorekin ez dagoen hura. Kasu horretan, Udalak behar du animalia bere gain hartu eta atxiki harik eta norbaitek berreskuratu, norbaiti eman edo hiltzera eman arte.

2. Identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko epea zortzi egunekoa izanen da.

3. Animaliak identifikazioren bat badarama, jabeari gaztigatuko zaio eta hark, momentu hartatik hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, animaliaren ostatuak sortu dituen gastuak pagatuta. Epe hori igaro eta jabeak berreskuratu ez badu, animalia abandonatutzat joko da eta zilegi izanen da haren jabeari erantzukizunak eskatzea.

12. artikulua

Udalei dagokie animalia abandonatuak berreskuratzea.

2. Udalek behar bezalako instalazioak izanen dituzte edo zerbitzu hori egitea hitzartuko dute Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioarekin, beste entitate lokalekin, animaliak babestu eta defenditzeko elkarteekin edo hartan aritzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoekin.

3. Edonola ere, animalia abandonatuak biltzeko instalazioek erregelamendu bidez finkatutako baldintzak kunplitu behar dituzte eta Nafarroako Administrazio Publikoen albaitaritza kontrolpean egonen dira.

13. artikulua

1. Animalia bilduak aterpetzeko egoitzek, udalarenak nahiz babeste elkarte, partikular ongile edo hartarako baimena duen edozein entitaterenak direla, Udalaren albaitaritza zerbitzuen kontrolpean egon beharko dute eta baldintza hauek bete:

a) Dagokion Departamentuak hartarako sortu duen erregistroan inskribitu beharko dute.

b) Mugimendu erregistratze liburu bat eramanen dute, behar bezala beterik, zeinean jasoko baitira egoitzan izan diren animali baja eta altak edo baita erregelamendu bidez finkatzen den beste edozein gorabehera.

c) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, bertako animalien egoera fisikoaz arduratzeko eta epez epe, dagokion departamentuari bertan ostatuz diren animalien egoeraren berri emateko.

d) Higiene eta osasun baldintza onak izan beharko dituzte, beti ere bildutako animalien premia fisiologikoen araberakoak.

2. Instalazio horietan behar bezalako neurriak hartuko dira bertako animalien eta ingurukoen arteko kutsadurak galarazteko.

14. artikulua

1. Animalia abandonatuak biltzeko egoitzek zilegi izango dute adoptatzeko ematea edo, legezko epea igaro delarik, hiltzera ematea. Adoptatzaileak erabakiko du animalia aurrez zikiraturik ematea nahi duen ala ez. Animalia horiek Albaitari zertifikazio batekin entregatuko dira.

2. Animalia horiek zikiratu, desparasitatu, eta txertazea, halakorik behartzen bada, albaitari kontrolpean eginen da beti.

3. Zikiratzea, desparasitatzea eta txertatzea beti izanen dira adoptatzailearen kontu.

15. artikulua

1. Animalia bat hiltzera emateko, erabilitako metodoak ahal den sufrimenturik ttikiena ekartzen dutenak izanen dira eta istanterako korde galtzea sortzen dutenak.

2. Hiltzera ematea beti albaitari baten kontrol eta ardurapean eginen da.

3. Dagokion departamentuak zilegi izanen du zein hiltze-metodo erabili behar diren arautzea.

16. artikulua

1. Udalek zilegi izanen dute laguntza animaliak dekomisatzea tratu txar edo tortura zantzurik atzematen bazaie, edo ahidura fisiko edo desnutrizioarenik, edo instalazio desegokietan baldin badaude.

2. Osasun eskumenak dituzten Administrazio Publikoek zilegi izanen dute halaber laguntza animaliak isolatu edo dekomisatzea baldin gizonari kutsatzeko moduko gaitza diagnostikatu bazaie, dela aurreneurrizko tratamentua emateko, dela hiltzera emateko, hala behartzen bada.

3. Animaliaren batek pertsona edo beste animaliak zauritu baditu, edo amorraturik ote dagoen goganbeharra badago, albaitari kontrola egin beharko zaio hamalau egunez. Goaitaldi hori Udalak agindutako tokian eginen da.

4. Jabeak hala eskatzen badu, aurretik albaitari zerbitzuek aldeko txostena emanik, zilegi izanen da zakur erasotzaile baten goaitaldia jabearen etxean egitea, baldin eta animalia behar bezala dokumentaturik badago eta urte hartako txertoa eta identifikazioa jasota badaude.

5. Udalak biltze egoitzarik ez badu, goaitaldia jabearen etxean eginen da, dagokion Administrazio Publikoak izendatutako albaitari baten eskutik.

6. Animalia horiek atxikitzeak eta kontrolatzeak sortzen dituen gastuak zakur jabeak ordainduko ditu.

III. KAPITULUA. Laguntza animaliak aldi batez ostatatzeko instalazioak

17. artikulua

1. Aterpe, bezatze eskola eta laguntza animalia etxekoak aldi batez ostatatzeko sortutako beste instalazioak, bertan sartutako animalia bakoitzaren datuak dituen erregistro bat eraman beharko dute eta bai jabea edo arduradunarenak ere. Erregistro hori dagokien Administrazio Publikoen eskura egonen da haiek eskatzen duten aldiro.

2. Erregelamendu bidez finkatuko da zer datu jaso behar diren erregistroan. Gutxienez erreseina oso bat, txertatuaren, desparasitaldien eta uzten den momentuko osasun egoeraren zertifikatua, bi alderdien adostasun idatziarekin.

18. artikulua

1. Laguntza animalia etxetiarrentzako aterpeak eta klase horretako beste instalazioek albaitari zerbitzu bat izanen dute, ostatuzko animalien egoera fisikoari eta jasotzen duten tratamentuari erreparatzearen arduraduna.

2. Egoitzako albaitari zerbitzuaren eginkizuna izanen da erreparatzea animaliek etsi egin dezaten egoera berrian, behar bezalako mantenua izan eta haiek kalte hartzeko moduko inguruabarrik izan ez dadin. Hartarako kasuan kasuko neurriak hartuko dituzte.

3. Animalia bat gaizkitzen delarik, egoitzak hala emanen dio aditzera berehala jabeari edo arduradunari, zeinak zilegi izanen baitu baimena ematea albaitari tratamentua emateko edo bila joatea, non ez den gaitz infekzioso-kutsakorra, orduan behar diren neurriak hartuko baitira.

4. Animalientzako egoitza edo instalazio holakoen jabeak behar diren neurriak hartuko dituzte eginahalean bertako animalien artean kutsadurarik izan ez dadin eta Administrazio Publikoko albaitari zerbitzuei aditzera emanen dizkiete nahitaez deklaratu beharrekoak diren gaitzak.

IV. KAPITULUA. Animalia hazlekuak eta saltegiak

19. artikulua

1. Laguntza animaliak hazi edo saltzen dituzten dendek honako arauok bete behar dituzte, ezartzeko zaizkien beste xedapenez gainera:

a) Erregistro bat eraman behar dute dagokien Administrazio Publikoen eskura, zeinean jasoko baitira erregelamendu bidez finkatzen diren datuak eta epez epeko kontrolak.

b) Higiene eta osasunezko baldintza onak izanen dituzte, aterpetutako animalien premia fisiologiko eta etologikoen araberakoak.

c) Mantenu osasuntsu eta behar adinakoa emanen dute, ura, lo egiteko tokiak eta zaintzaile trebatuak izanen dituzte.

d) Behar bezalako instalazioak izanen dituzte kutsadura galarazteko gaitza sortzen denean, edo hala behartzen bada, kuarentena egiteko.

e) Albaitaritza zerbitzu bat izanen dute, bertako osasun kontrola eramateko.

f) Animaliak desparasitatuta eta inolako gaitzik gabe saldu beharko dituzte, hala ziurtatzen duen albaitari agiriarekin.

2. Dagokien udalek begiratuko dute arauok bete daitezen.

3. Saltegian albaitari zerbitzu bat edukitzeak, salmentan animalien osasun ziurtagiriak ematen dituena, ez du esan nahi saltzaileak ez duela erantzukizunik saltzerakoan animaliak zituzkeen gaitz ezkutuko atzeman gabekoen gainean, nahiz hark ere hirugarrenen kontra erreklamazioa egin dezakeen.

V. KAPITULUA. Animaliak babestu eta defenditzeko elkarteez

20. artikulua

1. Foru Lege honen arabera honakoak dira animaliak babestu eta defenditzeko elkarteak: irabazte asmorik gabeko elkarteak, legez eratuak, helburu nagusia animaliak babestu eta defenditzea dutenak.

2. Elkarte horiek onura publikokotzat jo daitezke.

3. Erregelamendu bidez finkatutako baldintzak betetzen dituzten animaliak babestu eta defenditzeko elkarteek hartarako sortutako erregistro batean inskribiturik egon behar dute eta zilegi izanen da dagokion Departamentuak entitate laguntzaileen titulua ematea. Departamentu horrek zilegi izanen du elkarte horiekin hitzartzea animaliak babestu eta defenditzeko asmozko iharduerak egitea.

4. Animaliak babestu eta defenditzeko elkarteek zilegi izanen dute dagokion Departamentuari eta udalei eskatzea ikuskapenak egin daitezela irregularitateak badaudela sumatzeko arrazoiak diren kasuetan.

III. TITULUA. ANIMALIA ALOKTONO EDO EZ AUTOKTONOEZ

21. artikulua

1. Espezie aloktonoak sartu, hazi, lekualdatu eta askatzeko, dela ingurune naturalean dela ustiapen ekonomiko edo erabilera zientifikorako, basa animaliak eta haien habitatak babestu eta kudeatzeko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak xedatutakoari kasu eginen zaio.

2. Babestutzat edo itzaltzeko arriskukotzat deklaratu diren animalia aloktonoak babesteko, Estatu Espainolak sinatu dituen Itun eta Hitzarmen nazioartekoei eginen zaie men, eta bai ezartzekoa den beste arauteriari.

3. Artikulu honetako aurreko zenbakietakoa ezartzekoa ez zaien animalia aloktonoak arautzeko, animalia etxekoei dagozkien arauei eginen zaie men.

4. Nolanahi ere, haien banako bat, arrautzeak, umeak edo haiengandiko produkturen bat bota, harrapatu, eduki, saldu, komertziatu eta erakustea, aurreko arauteriak baimentzen dituen espezieetan bakarrik izanen da zilegi.

22. artikulua

1. Debeku da Estatu espainolean indarrean diren hitzarmen edo itun nazioartekoek babestutzat edo itzaltzeko arriskukotzat deklaratzen dituzten animalia aloktonoen espezieetako banako, arrautze, ume edo haiengandiko edozein produktu salerosi, saldu, eduki, eta komertziorako erakustea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean espezie babestuak eduki eta jendaurrean erakustea bakarrik izanen da zilegi elkartruke ez komertzialak direlarik, legezko erakunde zoologiko edo zientifikoen artean edo erakusketa zoologiko edo jendaurreko ikuskizun legezkoak.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak badu eskumena arestian aipatu animaliak dekomisatu eta beren ingurune naturalera itzultzeko inolako kalterik gabe, edo hala ezin izaten bada, erakunde zoologiko zientifiko legez baimenduei ematea.

IV. TITULUA. ERROLDATZE, IKUSKATZE ETA BEGIRALETZAZ

23. artikulua

1. Honakoak dagozkie udalei:

a) Erregelamendu bidez finkatzen diren animalia etxekoen espezie errolda bat egin eta finkatzea.

b) Animalia abandonatuak bildu eta hiltzera ematea, zuzenean, Nafarroako Gobernuarekin elkar lanean, edo animaliak babestu eta defenditzeko elkarteekin hitzarmenak eginda edo hartarako baimendutako beste pertsona fisiko nahiz juridikoekin.

c) Laguntza animalia etxekoak saldu, aterpetu edo hazi egiten dituzten establezimenduak begiratu eta ikuskatzea, zuzenean edo Nafarroako Gobernuarekin elkar lanean.

2. Udalek eratzen dituzten erroldak Nafarroako Gobernuaren eskura egonen dira.

3. Nafarroako Gobernuak subsidiarioki udalen ordez bere gain hartuko du Foru Lege honetan xedatzen dena begiratzeko eta ikuskatzeko ardura.

V. TITULUA. LEGE HAUSTE ETA ZEHAPENEZ

I. KAPITULUA. Lege hausteak

24. artikulua

1. Foru Lege honek agintzen dituenetarako, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honakoak dira lege hauste arinak:

a) Foru Lege honetako 10. artikuluaren arabera erroldatu gabeko animalia bat edukitzea.

b) Foru Lege honek agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Laguntza animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso boterea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Laguntza animalia bat erregalatzea Foru Lege honek xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea Foru Lege honetako 3. artikuluak arautu aurrikuspenak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitari kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak hiri eremu publikoetan eramatea uhal edo katea batez eutsi gabe.

i) Eremu publikoak laguntza animalien gernu-gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

3. Honakoak dira lege hauste larriak:

a) Behar duten mantenurik gabe edukitzea animaliak.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene osasun baldintza txarretan edukitzea.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea albaitari kontrolik gabe edo Foru Lege honetan finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamentuak ez ematea.

e) Laguntza animaliak aldi batez aterpetzea lanbide duten enpresek ez betetzea Foru Lege honetako II. Tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta betebeharrak.

f) Animaliak indarrean den araudia hautsiz saltzea.

g) Usakume botatze saioak antolatzea eta, hala izaten bada, burutzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren xedapenen kontra.

h) Zine nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea baldin berekin ankertasuna, tratu txarrak edo sufrimentua ekartzen badute administrazioaren aurrezko baimen behar bezalakorik izan gabe.

i) Animaliak laboratorio eta klinikei eskualdatzea indarrean den araudiko baldintzak bete gabe.

j) Egoitza pribatuetan Foru Lege honek exigitzen duen albaitari zerbitzurik ez egotea.

k) Animalia parasitatuak edo erituak saltzea edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei ez aditzera ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

4. Honakoak dira lege hauste oso larriak:

a) Foru Lege honetako 4. artikuluan xedatzen denaren kontra doan ihardunik antolatu, publizitatu eta hala bada ospatzea.

b) Animalien kontra ankertasuna, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea.

d) Premiarik gabe sufrimentua edo kaltea ekar diezaieketen sustantziak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainolean indarrean diren hitzarmen eta itun nazioartekoek babestutzat edo itzaltzeko arriskukotzat deklaratu dituzten animali espezie aloktonoen banakoak, umeak, arrautzeak, edo haiengandiko produktuak salerosi, saldu, eduki, komertzio helburuz erakutsi edo disekatzea.

II. KAPITULUA. Zehapenak

25. artikulua

1. Lege hauste arinak 10.000tik 25.000 milara bitarteko isunaz zehatuko dira; larriak 25.001etik 100.000ra bitartekoez, eta oso larriak 100.001etik 500.000ra bitartekoez.

2. Zehapenak ezartzeko honako erizpideak kontutan hartuko dira, isunen zenbatekoa graduatzeko eta osagarrizko zehapenak ezartzeko:

a) Egindako hausteak zer eragin sozial izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta lege haustean zer etekin atera den.

c) Ankertasunik izan den animaliarekiko.

d) Lege hausteak behin eta berrizkoak izan diren.

26. artikulua

1. Foru Lege honek aurrikusten dituen lege hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedura segitu beharko da.

2. Animalia etxekoen kontrako lege hausteengatik hasten diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena, lege hauste hori gertatu deneko udalak izanen du edo bestela Foru Komunitateko Administrazioak.

3. Animalia aloktonoak babesteko erregimenaren kontrako lege hauste batengatik edo administrazio baimenak apurtu edo faltatzeagatik hasten delarik espediente bat, hura eratzeko eta ebazteko eskumena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

27. artikulua

1. Animaliaren jabeak, hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den administrazio lege hausteen arduraduna, eta prozedura tramitean kausa justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalteordainez landara. :2. Foru Lege honek aurrikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik lege haustea egin duten guziek debeku izanen dute aurrerantzean animaliak etxean edukitzea. Debekua aldi batezkoa, urtebetekoa, izan daiteke, nahiz betikoa, lege haustea ere nolakoa den: larria edo oso larria, eta kontutan hartuta animaliari egin zaion kaltean zenbaterainoko ankertasuna edo asmoa izan den.

28. artikulua

1. Isuna ezartzeak ekar dezake lege haustegai izan diren animaliak dekomisatzea, eta kasu guzietan lege haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak.

2. Lege hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, lege haustean ardura izandako egoitza, lokal edo instalazioak ixtea.

29. artikulua

1. Bere agenteen bitartez, dagokion Administrazioak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko igarbiderik badago Foru Lege honetako xedapenak hautsi direla.

2. Dekomisatze hori badaezpada eginen da, dagokion zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologikoei edo zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea edo bere ingurune naturalean askatzea animalia autoktonoa baldin bada.

3. Dekomisatutako animaliak luze edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra egoten bada, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuko langileek askatu beharko dute hura bere inguru naturalean lekukoen bistan.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria

Nafarroako Gobernuak zilegi du, Foru dekretu baten bidez, Foru Lege honetan aurrikusten diren zehapenak eguneratzea, kontsumoko prezioen indizea nola aldatzen den kontuta harturik.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Espezie babestuetako animaliak disekatzeko, basa animaliak babestu eta kudeatzeko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak agintzen duena hartuko da arau.

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra

Sei hileko epean, Foru Lege hau indarrean sartzetik kontatuta, Nafarroako Gobernuak arautuko ditu garakizun dauden gaiak, Foru Lege honek erabateko eragina izan dezan behar direnak.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Urtebeteko epean Nafarroako udalek gai honi buruzko beren ordenantzak Foru Lege honetako xedapenetara egokituko dituzte.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa