Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 7. NAOn argitaratua, urtarrilaren 16an. Aldaketak: 57/2010 Foru Dekretua, irailaren 13koa)
Atarikoa
Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36.1 artikuluak dioenez, kontseilariei dagokie Foru Komunitateko Administrazioaren izenean eta ordezkaritzan kontratuak egiteko ahalmena. Bestalde, lege beraren 38.1 artikuluaren arabera, ekonomia arloan eskudun den kontseilariak proposatuz gero, Nafarroako Gobernuak laguntza kontratu batzuk egiteko eskumena beste kontratazio organo batzuei eskualdatu ahal izanen die foru dekretu bidez.
Foru Komunitateko departamentu eta erakunde autonomoentzat eta bertako Administrazioari lotuta edo haren mende diharduten zuzenbide publikoko entitateentzat diren hornidura eta laguntza kontratuak egiteko eskumenak antolatu nahirik, apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretua eman zen. Azken urteotan foru dekretu hori jarduera antolatzeko tresna erabilgarria izan da, baina Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen egitura organikoan egindako aldaketak eta bildu den esperientzia kontuan izanik, komeni da arau berri bat onestea, aurrekoa eguneratuz kontratazio arloko eskumenak berriz arautu eta prozedurak bizkortu eta hobetuko dituena.
Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko abenduaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen xedea da laguntza kontratu batzuk egiteko eskumenak arautzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen artean.
2. artikulua. Eskumen orokorra.
1. Laguntza kontratuetan, oro har, departamentu bakoitzeko kontseilaria izanen da kontratazio organoa, ezertan galarazi gabe departamentu bakoitzaren antolaketa arauetan esleitzen diren eskumenak eta foru dekretu honetan jaso diren eskumen transferentziak.
2. Foru Komunitateko Administrazioari loturik edo haren mende diharduten zuzenbide publikoko entitateetan eta erakunde publikoetan, laguntza kontratuak egiteko ahalmena haien estatutuetan zehaztuko da.
II. KAPITULUA. Eskumenen transferentzia
3. artikulua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.
Foru Komunitateko Administrazioko departamentuentzat eta erakunde autonomoentzat honako laguntza kontratu hauek egiteko eskumena Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari transferitzen zaio:
1. Informazioaren sistemen eta teknologiaren aktibo informatikoekin zerikusia duten kontratuak. Laguntza kontratu horien bidez lan hauek egiten dira, besteak beste:
a) Informatikari buruzko aholkularitza, ikerketa teknikoak eta plangintzaren gainekoak, informatikako auditoretzak eta, oro har, informatikari, ofimatikari eta informatikako ekipo, sare eta sistemen arteko loturari buruzko planak, proiektuak eta ikerketak egitea.
b) Ekipo fisiko eta logikoak konpondu eta mantentzea.
c) Neurrirako informatika programak prestatzea.
d) Informatikako eta balio erantsiko zerbitzuak planifikatu, ezarri, kudeatu eta administratzea.
Ez dira aurreko multzoetan sartzen Nafarroako ikastetxe publikoentzat informazioaren sistemen eta teknologiaren aktibo informatikoen arloan egiten diren laguntza kontratuak eta aktibo horiek ongi erabili eta ustiatzeko beharrezkotzat jotzen diren zerbitzuekin zerikusia duten kontratuak, Hezkuntza Departamentuak izanen baitu eskumena halako kontratuak egiteko.
2. Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen telekomunikazioei dagozkien kontratuak.
3. Postako komunikazioei buruzko kontratuak, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen gutuneria, komunikazio telegrafikoak eta telematikoak barne.
4. Pertsonen, eraikinen eta instalazioen segurtasuna bermatzea xede duten kontratuak.
5. Ibilgailu motordunak konpondu eta zaintzeko kontratuak, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ibilgailu motordunen aseguru kontratuak eta horien gidarien istripu aseguruenak.
4. artikulua. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentua.
Publizitatea agerraraztea eta edozein euskarritan egiten diren promozioko beste jarduera batzuk eta argitalpenen edizioa xede duten laguntza kontratuak Foru Komunitateko Administrazioko departamentuentzat eta haren erakunde autonomoentzat egiteko eskumena Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari transferitzen zaio.
III. KAPITULUA. Eginkizunak eta prozedura
5. artikulua. Eginkizunak.
Foru dekretu honetan laguntza kontratuak egiteko eskumena transferitu zaien departamentuek eginkizun hauek izanen dituzte:
a) Foru Komunitateko Administrazioaren beharrak aztertu eta antolatzea, laguntzari dagokionez.
b) Merkatuari eta hornitzaileei buruzko informazioa lortzea.
c) Laguntza kontratuen esleipena eta betearazpena arautuko dituzten klausula administratibo eta partikularren agiriak egitea, bai eta agindu teknikoenak ere, departamentu interesdunak eskatuta.
d) Kontratazio prozeduretako fase guztiak kudeatzea, foru dekretu honetan adierazitako salbuespenak izan ezik.
6. artikulua. Prozedura.
1. Foru dekretu honetan ahalmena transferitu zaien departamentuen eskumenekoak diren laguntza kontratuak egiteko prozeduretan ondoko izapideak beteko dira:
a) Idatzizko eskaera, beharren azalpenarekin, eta departamentu interesdunaren baimena gastua egiteko.
b) Esleitzeko eskumena duen departamentuak kontratua prestatu eta esleitzea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
c) Arau orokor gisa, laguntzak hartzen dituen departamentuak berak onartu eta ordainduko ditu, salbu eta horretarako baimena ematen dionean esleipena egin duen departamentuari, beste bat bada.
2. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 73.3.d) artikuluaren babesean publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez esleitzen diren kontratuetan ez da gastua aldez aurretik baimendu beharko; horren ordez kreditu erreserba eginen da arau berak ezarritako moduan, eta, eskuarki, laguntzak hartzen dituen departamentuak berak onartu eta ordainduko ditu, salbu eta horretarako baimena ematen dionean esleipena egin duen departamentuari, beste bat bada.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Atxikipenak.
Foru Komunitateko Administrazioari lotuta edo haren mende diharduten erakunde publiko eta zuzenbide publikoko entitateak eta haien entitate instrumentalak kasuan kasuko departamentu eskudunak egiten dituen laguntza kontratuei eta esparru akordioei atxiki ahalko zaizkie, akordio bidez. Hala eginez gero, foru dekretu honen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio, eginkizunak eta prozedurak direla eta. Atxikipenak ez du inoiz ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari lotuta edo haren mendean diharduten erakunde publiko eta zuzenbide publikoko entitateek eta haien entitate instrumentalek kontratatzeko dituzten eskumenak aldatzerik.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzen diren xedapenak.
Foru dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik hemen ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak indarrik gabe geldituko dira, eta bereziki apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretua, hornidura eta laguntza kontratuak egiteko eskumenak arautzen dituena.
Azken Xedapenetan Lehena. Garapenari buruzko xedapenak.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariari baimena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.