Castellano | Euskara | Français | English
(2009ko 91. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 24an)
Atarikoa
Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko 2008-2011 aldiko Plana, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak egina, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren zati da.
Planeko 5.1.4 lerroan, ildoan partzialeko kudeatzaileen programaren funtzionamenduaren aldaketa aipatzen da. Zehazki, lanaldi partzialeko esportazio kudeatzaile juniorraren postuaren kasuan, adierazten da postu hori aldatu beharko litzatekeela diru-laguntzaren xede den aldiaren ondoren profesionalen iraupena bermatzeko.
Lehenago, lanaldi partzialeko esportazio kudeatzaile juniorrak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberatik gehienez ere hiru enpresaz arduratzen ahal ziren batera, gehienez ere urtebetez.
Laguntza programa horren bidez, enpresak esportazio departamentu batez hornitu nahi dira nazioartekotze estrategiari aurre egin ahal izateko, aldez aurretik nazioarteko merkataritzan prestaturiko pertsonak bilduz.
Foru agindu honen xedea diru-laguntza araubidea ezartzea da nazioarteko merkataritzako profesionalak enpresetan sartzeko.
Nafarroako Gobernuak, 2009ko ekainaren 22ko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen diru-laguntzak banakako ebaluazioko araubidean eman zitezen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Diru-laguntzaren xedea da Nafarroako enpresei nazioartekotze prozesuan sostengua ematea. Horretarako, nazioartekotze estrategiari aurre egiteko prestaturiko profesionalak erraztuko zaizkie, aldez aurretik nazioarteko merkataritzan prestaturiko pertsonak esportazio departamentuetan sartuz.
Helburu horrekin, enpresei diru-laguntza eskaintzen zaie, pertsona horiek kontratatu ditzaten.
2. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.
Eskatzaile bakoitzak diru-laguntza hartzen ahalko du bere nazioartekotze estrategia aurrera eramateko bere esportazio departamentuan pertsona bat biltzeagatik.
Sartzen dena ezin izanen da enpresako langilea edo bekaduna izan, kontratua sinatu baino lehen. Orobat, zuzendaritzako langileen edo enpresako jabeen lehen edo bigarren mailetako ahaidea ezin izanen da izan.
Gutxienez ere 6 hilabeterako emanen da diru-laguntza eta gehienez ere 24 hilabeterako, pertsona bakoitzeko enpresa berean.
Arrazoiak azaldurik, langileak kontratua hausten badu, enpresak beste pertsona bat kontratatzeko diru-laguntza hartzen ahalko du, diru-laguntzaren gehieneko aldia bukatu arte.
Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gutxieneko aldia bukatu baino lehen enpresari egozten ahal zaizkion zergatikoengatik kontratua hautsiz gero, emaniko diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
Diru-laguntzaren xede den gastuak esportazio departamentuan sartzeko kontratatzen den pertsonaren soldata gordina bilduko du.
3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Kontratuek gutxienez ere 6 hilabete iraun beharko dute diru-laguntzak hartu ahal izateko. Gutxieneko iraupen bereko lanaldi partzialeko kontratuak ere onartzen ahalko dira, betiere hori burutu beharreko nazioartekotze planagatik justifikatzen bada.
Diru-laguntzaren ehunekoa gero eta txikiagoa izanen da, pertsonak enpresan ematen duen denboraren arabera, ehuneko eta gehieneko kopuru hauekin:
-Soldata gordinaren %80 kontratualdiko lehen sei hilabeteetan, gehienez ere 7.200 euro.
-Soldata gordinaren %60 kontratualdiko bigarren seihilekoan, gehienez ere 5.400 euro.
-Soldata gordinaren %40 kontratualdiko hirugarren seihilekoan, gehienez ere 3.600 euro.
-Soldata gordinaren %20 kontratualdiko laugarren seihilekoan, gehienez ere 1.800 euro.
4. artikulua. Onuradunak.
Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:
Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
a) Helbide fiskala Nafarroan izatea.
b) Eskaera aurkezten den egunean gutxienez urte batez osaturik egotea.
c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanik egotea, eskaera aurkezteko egunean.
d) Berezko produktu edo zerbitzu bat edukitzea.
e) PIPE programa bere hiru faseetan arrakastaz gainditu izana edo, bestela, enpresak frogatzea salmenten bolumenaren %15 baino gehiago esportatzen duela edo 100.000 euro balio absolutuetan azken bi ekitaldi itxietan.
f) Nazioartekotze estrategia zehatz bat izatea eta hori gauzatzeko nazioarteko merkataritzan prestaturiko profesional bat kontratatzea beharrezkoa izatea.
5. artikulua. Eskaerak eta agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.
Eskaerak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
2. Eskabidearen eredua (Fc7.07.26 inprimakia) www.navarra.es helbidean lortu daiteke, eta harekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.02 inprimaki ereduaren araberakoa, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak eta kobraturiko laguntzak azaltzen dituena.
b) Eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren aldeko ahalordea eta ahaldunaren NANa. Ahalordea Merkataritza Erregistroan inskribaturik egonen da, baldin eta aplikatzekoa den merkataritza legeriak eskatzen badu.
c) Eskatzailearen nazioartekotze plana, gutxieneko eduki hau izanen duena:
-Eskatzailearen eta egiten dituen jardueren azalpena.
-Jardueraren AMIA azterketa, enpresaren ahuleziak eta indarrak, inguruneak eta merkatuak dakarzkieten mehatxu eta aukerak.
-Nazioartekotze estrategia.
-Estrategia gauzatzeko ekintza plana, adierazleak eta adierazle horietarako helburuak barne.
-Pertsona bat enpresako esportazio departamentuan sartzeko beharra frogatzea, eskatzen den denborazko dedikazioa adieraziz.
Kontratuak berritzeko eskaerak izanez gero, diru-laguntzaren xede izan daitekeen gehieneko aldia bete arte, kontratua bukatu eta hurrengo hilabetean honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Sinaturiko kontratuaren kopia.
b) Eskabide orokorra, diru-laguntza onartzeko baldintzek bere horretan dirautela adieraziko duena.
6. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.
Diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da. Eskaerak foru agindu honetako 3. artikuluan ezartzen diren ehuneko eta gutxieneko kopuruen arabera ebaluatuko dira.
Espedienteak eskaerak aurkezten den hurrenkerari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan dirurik dagoeino. Ebaluazioa egiteko bide ematen duten kontu guztietan osaturiko dokumentazioa aurkezten dutenak lehenetsiko dira.
7. artikulua. Diru-laguntza ematea.
Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak foru agindu honetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, aditu independenteen lankidetza eskatzen ahalko du, planaren nahasgarritasunagatik edo bestelako kontuengatik hala komeni denean.
Enpresa eskatzaileak betebeharrak betetzen dituela egiaztatu eta gero, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak komunikazio bat igorri eta hori adieraziko dio, eta kasuan kasuko deialdian hautatze fasea gainditzeagatik kontratatuak izateko prest dauden pertsonak jakinaraziko dizkio.
Komunikazioa hartzen denetik hilabeteko epean, enpresa eskatzaileak Fc7.07.27 inprimakia behar bezala beterik aurkeztu beharko du, bi aldeek sinaturiko kontratuaren kopiarekin batera.
Gero, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non onuradunak diru-laguntza kobratzeko eskatzen diren betebehar guztiak betetzen direla adieraziko baitu.
Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, Fc7.07.27 inprimakia aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. artikulua. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.
Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan, onuradunek adierazitako epean izan dituzten gastuak eta egin dituzten ordainketak frogatu beharko dituzte. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Aurreko sei hilabeteetako nominen eta TCen kopiak.
b) Eginiko lanari buruzko txostena, nazioartekotze planeko adierazleen jarraipena barne.
Benetan egindako gastutzat joko da deialdian ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.
Laguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean hala justifikatu ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
9. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.
Frogagiriak aztertuta, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.
Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
Halaber, baimendutako aurrekontua kasuan kasuko kontu-sailetan dauden aurrekontuen arabera handitzen ahalko da.
10. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondoriozkoak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek betebehar zehatz hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntza emateko ebazpenean gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkezteko epeei buruz ezarritakoa betetzea.
b) Diru-laguntzaren xede diren ekintzen gauzatzearen egiaztatzea erraztea, eskatzen diren agiriak eta azalpenak aurkeztuz.
c) Kontrataturiko pertsona bakar-bakarrik nazioarteko merkataritzaren berezko eginkizunetan erabiltzea.
d) Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari jakinaraztea onuradun baldintza lortzeko betekizunak betetzean eragiten ahal duen edozein gorabehera.
2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzen betetzearen eta lortutako laguntzen erantzukizuneko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen zaiola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.
3. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
11. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta "de minimis" diru-laguntzen izaera.
1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta haien batura enpresa onuradunak jarduera horretarako bere gain harturiko kostua baino txikiagoa bada.
2. Foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan. Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabidearekin bat ematen den inprimaki ereduan.
12. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Urteroko deialdia.
Enpresako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, foru agindu honek nazioarteko merkataritzako profesionalak enpresetan sartzeko arautzen duen urteroko diru-laguntzaren deialdiko gastua baimentzen da.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.