(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 2001eko urriaren 8koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariarena. Onesten ditu behi-, ardi- eta ahuntz-azienden eritasun batzuk kontrolatu eta desagerrarazteko programak

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2001eko 154. NAOn argitaratua, abenduaren 21ean. Aldaketak: 2002ko maiatzaren 6ko Foru Agindua)

Atarikoa

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak helburu du neurri juridiko eta administratibo egokiak ezartzea abeltzaintzaren arloko osasuna hobetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko abereak jotzen dituzten eritasun infektokutsagarri eta parasitarioei aurrea hartuz eta eritasun horiek, gizakiei ez transmititzekoak izan arren, kontrolatuz.

Aipatu foru legeko 33.1 artikuluaren arabera, hauek hartuko dira eritasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programatzat: osasun ekintza bereziak, Nafarroako Foru Komunitatean nahitaez egin beharrekoak, abereen prozesu patologikoak kontrolatu edo desagerrarazteko helburua duten albaitaritzako epizootiologiako teknika berariazkoak, prozesu patologiko horiek prebalentzia handia baldin badute abereen eta gizakien populazioan (tuberkulosia edo bruzelosia kasu) edo abeltzaintzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoa kolokan jartzeko arriskua ekartzen badute (leukosia eta perineumonia kasu).

Halaber, aipatu foru legeko 33.2 artikuluak dio eritasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren foru agindu bidez ezarriko direla.

Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena ikusirik, zeinaren arabera komenigarria baita Nafarroako Foru Komunitateko abereekin saneamenduko kanpainak egitea, eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 33.2 artikulua betez, agindu dut:

1. artikulua

Abereen ondoko eritasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programak onetsi dira:

a) Behi-aziendaren tuberkulosia.

b) Behi-aziendaren bruzelosia.

c) Behi-aziendaren leukosi enzootikoa.

d) Behi-aziendaren perineumonia kutsagarria.

e) Ardi- eta ahuntz-azienden bruzelosia.

2. artikulua

Foru agindu honetako 1. artikuluan aipaturiko gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programak nahitaezko saneamendu kanpainen bitartez gauzatuko dira, hain zuzen ere egungo behi-, ardi- eta ahuntz-azienda ugaltzaile guztiekin eta ugaltzaile izanen diren guztiekin:

a) Behi-aziendaren tuberkulosirako: sei aste baino gehiago dituztenei.

b) Behi-aziendaren bruzelosirako: sei hilabete baino gehiago dituztenei.

c) Behi-aziendaren leukosi enzootikorako: hamabi hilabete baino gehiago dituztenei.

d) Behi-aziendaren perineumonia kutsagarrirako: hamabi hilabete baino gehiago dituztenei.

e) Ardi- eta ahuntz-aziendarako: sei hilabete baino gehiago dituztenei; txertoa harturik badaude, hemezortzi hilabete baino gehiago dituztenei.

2. Behi-aziendaren ustiategietan, saneamendu horretarako salbuespen izanen dira gizendu eta hiltegian nahiz zezenketan sakrifikatzeko diren abereak, baldin eta titia kendu zitzaienetik gainerako abere ugaltzaileengandik behar adina isolaturik hazi badira eta ugalketarako sekula erabiltzen ez badira.

3. Behi-aziendaren gizendegietan, baldin eta tuberkulositik, bruzelositik, leukositik eta perineumoniatik ofizialki libre daudeneko sailkapena eskuratu nahi badute, ustiategiaren titularrak edo arduradunak eskatuta egin ahal izanen da saneamendua.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, dagoen foku epizootikoaren larritasunaren arabera, kasuan kasuko eritasuna eduki edo gorde ditzaketen gainerako espezieak saneatzeko agindu ahal izanen du, bai eta espezie horiek bizi diren ustiategia saneatzeko ere.

3. artikulua

1. Debekaturik dago foru agindu honetako 1. artikuluan aipaturiko gaixotasunen aurkako tratamendu terapeutiko oro, bai eta tuberkulosiaren aurkako tratamendu desentsibilizatzaileak eta aipatu gaixotasunen diagnosia aldarazi edo oker ditzaketen praktika guztiak.

2. Debekatuta dago behi-aziendaren leukosi enzootikoaren, behi-aziendaren perineumonia kutsagarriaren, behi-aziendaren bruzelosiaren eta tuberkulosiaren aurkako txertoak jartzea.

3. "Brucella melitensis" delakoaren bruzelosiaren aurkako nahitaezko txertaketa eginen da hiru eta sei hil bitarteko ardi- eta ahuntz-azienda guztiekin. Inmunizatze horretarako, "Rev.-1" txertoa erabiliko da, 10 9 U.F.C. bakoitzeko 1 eta 2 bitarteko kontzentrazioak erabiliz; bestela, ofizialki onetsitako beste txertoren bat erabiltzen ahalko da.

Ofizialki bruzelosiaren kaltegabe izatearen izendapen ofiziala duten edo bruzelosiaren kaltegabe izatearen izendapen ofiziala jasotzeko bidean dauden ardi-aziendaren ustiategietako abereak txertoa hartzeko betekizunetik kanpo geratuko dira.

4. Bruzelaren aurkako txertoen banaketa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak beste inork ez ditu banatuko, doan banatu ere.

Aurrekoa gora behera, ondoko salbuespenak egiten ahalko dira:

a) Behi-aziendaren bruzelosiari buruz 2. idatz-zatian ezarritakoari dagokionez, eritasun baten egoera epidemiologikoak hala jokatzea gomendatzen duenean, hiru eta sei hil bitarteko behi-aziendari txertoa jartzeko baimena eman ahal izanen da, talde edo multzo jakin batzuetan. B- 19 txertoa nahiz ofizialki onetsitako besteren bat erabili beharko dira horretarako.

b) Artikulu honetako 3. idatz-zatian txertoa jartzeko ezarritako betekizunetik aske geratzen ahalko da azienda-taldeetako urteko prebalentzian horretarako bidea ematen duten mailak antzematen badira.

c) Bruzelosiak gizakiengan intzidentzia handia izan leku edo ustiategietan edo agente etiologikoa transmititzeko arrisku handia dagoen leku edo ustiategi isolatuetan, presako txerto bat jartzen ahalko zaie ardi- eta ahuntz-aziendetako ale guztiei, aparteko neurri gisa.

d) Kasu horietan guztietan, Abereen Eritasunak Desagerrarazteko Programa Nazionaletako Jarraipen Batzorde Nazionalaren baimena eduki beharko da.

6. Txertoa jarritako abereak markatu eginen dira, uneoro, gutxienez ere, haien identifikazioa eta txertoa jarri zitzaien eguna jakin ahal izateko moduan.

4. artikulua

1. Saneamendu kanpainak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eginen ditu, eta gutxienez ere ondoko ekintzak bilduko dituzte:

-Eritasunen diagnosia.

-Inkesta eta fokuaren azterlan epizootiologikoa.

-Abere gaixoen sakrifizio kontrolatua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezarritako lekuan.

-Behar den kalte-ordainaren tramitazioa.

-Ukuiluen garbiketa eta desinfekzioa.

-Aurrekoen ordez erositako abereen gaineko kontrola.

2. Abereen osasunerako edo osasun publikorako arrisku larria dagoen guztietan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ukituriko ustiategien huste sanitarioa egin dadin agintzen ahalko du.

5. artikulua

1. Diagnosirako ondoko froga ofizialak erabiliko dira:

a) Behi-aziendaren tuberkulosia: tuberkulinaren azalpeko txertoa; emaitzak handik eta 72 ordutara irakurriko dira.

b) Behi-aziendaren bruzelosia:

-Rosa Bengala izeneko froga.

-Entzimen inmunoabsortzioari buruzko froga (ELISA).

-Eraztunaren froga.

-Positiboen konfirmatzea eta osagarri bat finkatuz.

c) Behi-aziendaren leukosi enzootikoa: agar gelaren inmunodifusioari buruzko froga.

d) Behi-aziendaren perineumonia kutsagarria: Campbell eta Turnerren osagarriaren finkapenaren erreakzioa, odol-sueroko laginetan antigorputzak antzemateko.

e) Ardi- eta ahuntz-aziendaren bruzelosia:

-Brucella Melitensiserako: Rosa Bengala antigenoaren froga eta osagarriaren finkatzeari buruzko froga.

-Brucella Oviserako: geleko difusio bikoitzari buruzko froga.

Aurreko letretan seinalaturiko frogak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egoki jotzen dituen beste batzuekin osatu ahal izanen dira, eta kontuan hartuko dira, gainera, hiltegian eginiko aurkikuntzak eta albaitarien oharpen klinikoak. Tuberkulinaren azalpeko txertoa, emaitzen irakurketa eta beste bi eritasunen laborategiko analisiak egiteko odol-laginak aintzat hartuko dira soilik baimendutako albaitaritza- langileek eginak direnean.

2. Aurreko lerrokadan aipaturiko frogek eta haien interpretazioak abereen eritasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen dituen abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuaren 1, 2, 3, 4 eta 5. eranskinetan ezarritakoak bete beharko dituzte.

6. artikulua

Diagnosirako serologia eta bakteriologia bidezko frogak Nafarroako abeltzaintza laborategian edo, bestela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimentzen dituen beste batzuetan eginen dira.

7. artikulua

Diagnosirako frogak urtean behin eginen dira; epe hori aldatzen ahalko da, hori gomendatzen duten egoera berezietan.

8. artikulua

Abereen identifikazioa otsailaren 9ko 205/1996 Errege Dekretuan ezarritakoaren araberakoa izanen da -dekretu hori irailaren 18ko 1980/1998 Errege Dekretuaz aldatu zen-; haren arabera, abere guztiek identifikatu eta dokumentaturik egon behar dute, eta bizi diren ustiategiek erregistraturik egon beharko dute.

9. artikulua

Kanpoko lanak egiten dituen abeltzainak eredu ofizial baten araberako fitxa bat bete beharko dute, non ustiategiko datuak eta kanpainaren xede diren abere guztien identifikazioa jaso behar dituen.

10. artikulua

Diagnosi frogen emaitzak abereen jabe edo arduradunei jakinaraziko zaizkie; frogetan erreakzio positiboak eman dituzten abereak edukitzekotan, berehala isolatuko dituzte abere horiek, ustiategian bertan, gainerako abereetatik aparte. Taldea osatzen duten abere guztiak ustiategian itxi beharko dira, eta ezin izanen dira herrilurretara atera; bai, ordea, hiltegira. Ustiategia, osasunaren aldetik, deskalifikatu eginen da.

11. artikulua

Tuberkulosia, bruzelosia, leukosia eta perineumonia daukaten behi-aziendek eta bruzelosia daukaten ardi- eta ahuntz-aziendak behar den moduan markatuko dira; haien jomuga bakarra halako abereak sakrifikatzeko baimena duen hiltegi bat izanen da.

12. artikulua

Frogetan erreakzio positiboak izan dituzten abereak hiltzeko gehieneko epea hogeita hamar egunekoa izanen da, jakinarazpen ofiziala jaso den egunetik kontatzen hasita. Abere horiek isolatzerik ez badago, zazpi eguneko epean hil beharko dira emaitza positiboak eman dituzten behi-aziendak.

13. artikulua

Abeltzainak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi beharko dio, dokumentazioa eman eta sakrifizioa kontrolatu ahal izateko behar adina denborarekin, non eta noiz hilko diren abereak.

14. artikulua

Emaitza positiboak eman dituzten abereak hil eta zazpi egun naturaleko epean, abeltzainak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztu beharko du aberea hil izanari buruzko dokumentazioa, hiltegiko arduradunak emandakoa.

15. artikulua

1. Erreakzio positiboa eman duten abereak hil ondoren, kalte-ordainak emanen zaizkio abeltzainari, indarra duten arau eta baremoen arabera. Horretarako ezarritako epean, jabeek erreakzio positiboa eman duten abereak hiltzen ez badituzte, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hiltzen ahalko ditu; hori dela eta sortzen diren gastuak jabeak ordaindu beharko ditu.

2. Jabeek ez dute inolako kalte-ordainik jasoko Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeko 40. artikuluan aipatzen diren salbuespenetan.

16. artikulua

Erreakzio positiboa eman duen azken aberea hil ondoren, abeltzainak, albaitari ofizialaren kontrol pean, lokal eta lanabes guztiak desinfektatu beharko ditu ordezko animaliak sartu baino lehen.

17. artikulua

1. Ordezko abereak ustiategian sartzeko, ezinbestekoa izanen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berariazko baimena ematea.

2. Azienda berriztatzeko, agiri bidez frogatutako osasun egoera duten abereak eskuratuko dira, aurrerako gisa; horretarako, albaitari ofizial baten ziurtagiria beharko da, non aipatu gaitz guztietarako diagnosi probetan -aurreko hogeita hamar egunetan eginikoak- emaitza negatiboak izan direla adieraziko baita; halaber, ofizialki tuberkulosi, behi-aziendaren bruzelosi, leukosi enzootiko eta perineumonia gabeko abeltegietakoak direla, behi aziendaren kasuan, eta brucella melitensis gabekoak ardi eta ahuntz azienden kasuan, hartuko dituen abeltegiarekin bat.

3. Gizentzeko behi-aziendak sartzeko, gutxienez ere bruzelosiaren kaltegabe edo bruzelosiaren ofizialki kaltegabe eta tuberkulosiaren eta leukosiaren ofizialki kaltegabe eta perineumoniatik libre izatearen sailkapena duten ustiategietatik ekarri beharko dira. Gizentzeko ardi- edo ahuntz-azienden kasuan, bruzelosiaren kaltegabeko ustiategietatik ekarri beharko dira.

4. Ordezko abere guztiek edo erositako guztiek berrogeialdi bat iragan beharko dute taldean sartu baino lehen; aldi horretan, behar den froga diagnostikoak eginen zaizkie aipatu eritasunei buruz.

5. Betiere, ustiategian erositako edozein abere sartzearen berri Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eman beharko zaio, gehienez ere zazpi egun naturaleko epean. Berri emate horretan, artikulu honetako 2 eta 3. idatz-zatietan aipaturiko osasun betekizunak bete direla justifikatu beharko da.

18. artikulua

1. Saneamendu kanpaina ofizialik izan ez duten ustiategietako abereak kanpainako xede diren eritasun kutsagarriak izateko susmopean jarriko dira; abere guztiak ustiategitik atera gabe eduki beharko dira.

2. Aurreko puntuan adierazitako ustiategietan esnearen eta esnekien erabilera eta salerosketari buruzko xedapenak bete beharko dira, eta, gainera, debekatuta dago abereak ukuiluetatik ateratzea, salbu eta hiltegira hiltzera eramateko baimen ofiziala edukiz gero.

Debeku bera egonen da abere positiboak dauzkaten kanpainako ustiategietarako, abere horiek hiltzen ez diren bitartean.

19. artikulua

Behi-aziendaren jabeek ustiategian gertatzen diren abortu guztien berri emanen diote berehala kasuan kasuko abeltzaintza bulegoari, albaitari batek laginak hartu eta laborategian aztertu ahal izan ditzan, egoki jotzen bada, eta abeltzainak oheak deuseztatu, abortoin eta karenak desagerrarazteko eta lokalak eta lanabesak desinfektatzeko hartu beharreko neurri higieniko eta sanitarioak ezarri ahal izateko.

20. artikulua.

Ondoko abereek aprobetxamendu komuneko larreetara sartzeko baimena izanen dute:

a) Behi-aziendak: honelako sailkapenak dituztenak:

-Ofizialki tuberkulosiaren kaltegabe.

-Ofizialki bruzelosiaren kaltegabe.

-Ofizialki leukosiaren kaltegabe.

-Perineumoniatik libre.

b) Ameskoa, Irurtzun, Ultzama, Anue eta Erro ibarrak eta Orbaitzeta lotzen dituen lerroaren iparraldetik, latxa arrazako abeltegien eremua baita, elkarri lotuta egonen dira larreen aprobetxamendua eta brucella melitensis gabeko kalifikazio ofiziala. Brucella melitensis gabeko kalifikazio ofiziala duten abeltegiek aipatu lerrotik iparraldean larratzeko baimena izan ahalko dute 4 urtetan baino ez, baldin eta brucella melitensis gabeko kalifikazio ofiziala eskuratzeko egin beharreko jarduerak egiten badituzte. Salbuespen horretan sartutako artaldeak beti zainduta egonen dira larratzen diren bitartean, goragoko osasun kalifikazio duten abeltegikoekin nahas ez daitezen. Aipatu lerrotik hegoaldeko eremuan, artzaingoan egin ahal da brucella melitensis gabeko kalifikazioa bada.

c) Adierazi berri dugun osasun sailkapenaz bestelakoa duten ustiategiek larreak aprobetxatzeko baimena eman ahal izanen da, unitate epidemiologiko bat direnean eta beste larre batzuetatik behar bezala bereizirik daudenean; halaber, ustiategia berriz kalifikatzeko saneamendu praktika arruntak aplikatzeko baldintzak bermatu beharko dira.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa