Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizko testua 2002ko 156. NAOn argitaratua, abenduaren 27an. Aldaketak: 6/2009 Foru Legea, ekainaren 5ekoa; 8/2004 Foru Legea, ekainaren 24koa, 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, 2/2004 Foru Legea, martxoaren 29koa; 10/2010 Foru Legea, maiatzaren 19koa; 16/2009 Foru Legea, abenduaren 23koa; 4/2008 Foru Legea, martxoaren 25ekoa; 16/2012 Foru Legea, urriaren 19koa; 5/2015 Foru Legea, martxoaren 5ekoa)
Atarikoa
I. 13/1982 Lege Organikoak, abuztuaren 10ekoak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoak, Nafarroako Foru Komunitateari aitortzen dio, bere 44.1 artikuluan, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorreko eskumen esklusiboa.
Foru Komunitateak erabili egin du eskumen esklusibo hori, Lurraldearen antolamenduari buruzko azaroaren 11ko 12/1986 Foru Legetik hasita, dagoeneko zenbait foru lege onetsi baititu. Bide horretako mugarririk garrantzitsuena Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea izan da, haren bidez eratu baitzen arau-sare bat, zeinaren gainean kodetu zen, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean, Nafarroan aginduko zuen araudia, tresna juridiko orokorra izateko xedez sortu zena, alor honetako eragileek eta esparru juridikoan dihardutenek erregulazio oso eta sistematiko bat izan dezaten. Dena dela, aipatutako 10/1994 Legearen oinarrian, harekiko ezin ukatuzko mendekotasunez, Lurzoruaren araubideari eta hiri antolamenduari buruzko Legearen testu bateginean (ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) finkatzen zen hirigintza-antolamendu orokorra zegoen; izan ere, hura abiapuntutzat eta Nafarroako berezitasunak kontuan harturik, egokitzapen bat egin zela adierazten zen.
Estatuko ordenamendu juridikoan sekulako garrantzia duen gertakaritzat jo beharra dago Konstituzio Auzitegiak 1997ko martxoaren 20an eman zuen epaia, zeren eta deuseztu egiten baitzuen aipatu testu bategineko zati handi bat, autonomi erkidegoen eskumen berekien alorrean sartzen zela argudiatuz. Horren ondorioz, testu bategin hori zeharo ahuldurik utzi zuen, hain indargeturik ezen berpiztu behar izan baitzen aurreko testu bategina, 1976. urtekoa, nahi gabeko hutsaldirik izan ez zedin. Estatuaren gainerakoan ez bezala, aipatutako epaiak ez zuen eragin handirik izan Foru Komunitatean, zeren eta, arestian esan den modura, berak kode oso bat baitzuen, xede globalizatzailearekin onetsi zena. Dena dela, ohartarazi behar da ezen gai batzuetan, Foru Legeak testu bateginera jotzeko esaten zuenean eta, testu hori konstituzio-kontrakotzat hartua baitzen, hutsarte juridikoak eta ondoriozko interpretazio-arazoak sortzen zirela. Egoera horrek beharturik, Estatuak hurrengo urtean onetsi behar izan zuen apirilaren 13ko 6/1998 Legea, Lurzoruaren araubidearen eta balorazioen gainekoa, luzera nahiz eduki aldetik 1982. urteko aurreko testu bategin hura baino askoz ere txikiagoa. 6/1998 Legeak arautu nahi ditu soil-soilik Estatuaren eskumenekoak diren gaiak, betiere Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren arabera, erran nahi baita, lurzoruaren jabetzari, desjabetzapenari eta balorazioei dagozkienak, eta, are haratago joz, horietan ere onartzen du, zenbait kasutan, autonomia erkidegoetako legeriak dagokien garapena eman diezaien. Horrek denak, ondorioz, Estatuko legeriaren eta foru legeriaren arteko harreman esparru berri bat ezarri zuen, foru legeriaren joko zelaia nabarmen zabalduz, 1992ko testu bateginean hirigintzari buruz luze eta zabal emandako erregulazioaren ateka estutik igaro beharrik izan gabe. 6/1998 Legearen aurka, konstituziokontrakotasuna argudiatuz, errekurtsoa aurkeztu zuen zenbaitek, horien artean Nafarroako Parlamentuak berak. Errekurtso horiek partzialki baietsi ditu Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 11ko 164/2001 epaiak, zeinak are gehiago zehaztu baititu, alor honi dagokionez, Estatuaren eta autonomi erkidegoen arteko eskumen mugak. Beraz, eskumen esparru berri baten aurrean gaude, Nafarroako Foru Komunitatearen mesedetan, Komunitateak arautzeko askatasun osoa baitu lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean, betiere errespetatzen baditu 6/1998 Legeak aipatzen dituen muga garrantzitsu batzuk (lehen baino askoz ere txikiagoak), Konstituzio Auzitegiaren 164/2001 epaiak zehazten duen moduan.
6/1998 Legearen onespenak berarekin ekarri zuen, Foru Komunitatean, 10/1994 Foru Legea aldatu beharra. Aldaketa hori hirigintza aprobetxamenduaren arloko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 24/1998 Foru Legearen eskutik etorri zen. Izenagatik ikusten denez, foru lege horrek oso mugatua zuen bere edukia, gai bakar bati besterik ez baitzion heltzen; izan ere, horrela foru ordenamendua egokitu nahi zen Estatuko legerian jabetzaren eskubide eta betebeharrei buruz finkatutako oinarrizko printzipioetara. Halaber, 1999. ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1998 Foru Legearen bidez, hein batean aldatu zen 10/1994 Foru Legeko hamargarren xedapen gehigarria, Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaiaren osaerari dagokionez. Orain dela gutxi, berriz, azaroaren 27ko 22/2001 Foru Legeak 10/1994 Foru Legeko 273. artikulua aldatu du.
Ildo berean, Nafarroako Parlamentuak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean eragina duten beste lege batzuk ere onetsi ditu, baina lege sektorialak izan dira, xede espezifikoa dutenak, hau da, 10/1994 Foru Legean aldaketa zuzenik sartzeko asmorik gabekoak. Horietakoa dugu abenduaren 29ko 14/2000 Foru Legea, Sarrigurengo udalez gaindiko planeamendu sektorialak ukituriko eremua besterentzeko prozesua arautzen duena.
Beste alde batetik, azpimarratu behar da ezen, lurraldearen eta hirigintzaren antolamenduaz ez ezik, ingurumenari buruzko legeriaz ere arduratu dela Foru Komunitatea, modu berezian gainera, 10/1994 Foru Legean ezarritakoak betez, Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen onespenaren bitartez.
Beraz, testuinguru berri honetan kokatu behar da foru lege hau, kontuan hartu baititu Estatuko ordenamendu juridikoaren esparru berria eta Nafarroaren eskumenen garapena. Hori dena, inondik inora ahantzi gabe 10/1994 Foru Legearen babesean bizi izandako urteetako eskarmentua, haren dohain guztiez baliatzeko aukera ematen baitu, Nafarroaren eskumenen garapen erabatekoaren aldeko beste urrats bat emateko.
II. Legeei dagokien errealitate hori deusetan ukatu gabe, ezer baino lehen aztertu beharko genuke zein diren gaur egun, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean, konpondu beharreko arazoak. Izan ere, legeen xede nagusia gizartearentzat baliagarriak izatea baita, dagokien erantzuna emanez herritarren beharrei, zeinen artean batzuk, etxebizitzarena kasu, oinarri-oinarrizkoak baitira. Lehenbiziko tokian jarri behar da Nafarroaren garapen jasangarria, nahitaezko helburua, gizakiaren lurraldearen gaineko esku-hartze orok aurreikusi behar baititu eragin ditzakeen ondorioak, ingurumenaren aldetik egokia izanen den espazio fisikoa utzi ahal izateko, etorkizunari begira. Helburu horri estu-estu loturik aurkitzen dugu lortu nahi den bizi-kalitate bat, zeinak, ingurumen eta gizarte balioei eutsi ahal izateko, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren ordenamenduaren aldetik babesa hartuko duen. Nafarroak egitura jakin bat du, eta hori arautu egin behar da, bere herritarrek nahi duten lurralde eredua xede izanik, betiere beren beharrekin bat etorriko den bizimodu bat garatu ahal izateko, baina aldi berean, baita ere, etorkizunari begira, ondoko belaunaldiek esijitzen ahalko baitute hartuko duten lurraldea ez dadila egon gaur egun baino makurrago.
Herritarren beharren artean etxebizitza da gaur egun garrantzitsuenetariko bat. Horregatik, foru lege honen helburuetako bat da, dudarik gabe, laguntza ematea, ordenamendu juridikotik, Nafarroako herritarrek behar duten etxebizitza duina era errazean lor dezaten, bideko oztopoak kenduz eta bultza eginez, erreminta juridikoen bidez, herritarrak etxebizitza erosteko unean egoera hobean egon daitezen. Horretarako, foru lege honek etxebizitza eskuratzea erraztuko duten zenbait neurri ezartzen ditu bere artikulu bilduma osoan, baina batez ere lurzoruaren merkatuari dagokion tituluan, eraikitze-bideak arinduz, lurzoruaren gainean eraiki ahal izan dadin, era horretan etxebizitza aukera izan dadin, batez ere babes ofizialeko etxebizitzena.
Hori da, hain zuzen ere, jarduketa publikoak arindu eta azkartzeko baliabideak areagotzeko arrazoia; horrela, lege tresnak arazo sozialak hobeki konpontzeko balio izatea nahi da, lortu nahi diren helburuak erdiesteko gainditu beharreko oztopoak izan ordez.
III. Aipatutako xede horiek bilatzea ez da administrazio publiko bakar baten eginkizuna, baina ezta guztiena ere bakarrik. Zeregin honetan denek egon behar dute baturik herritarren beharrei konponbide bat emateko, denik hoberena, betiere lurraldearentzat, hirientzat nahiz herrientzat jasangarria izanen den garapen esparru baten barrenean. Ildo horretan, Foru Legearentzat oinarrizko jomuga izanen da administrazio publikoen arteko lankidetza, batez ere Foru Komunitateko administrazioaren eta toki entitateen artekoa, eta horretarako idatzi da I. titulua, harreman hauek arautzen dituena. Baina, horretaz gainera, herritarrek ere badute, subjektu partikularrak diren aldetik, arestian aipatu helburu orokorrak lortzeko prozesuan esku-hartu eta laguntzeko eskubidea, eta foru lege honek azpimarratu egin nahi du parte-hartze hori.
IV. Foru Komunitateak izan du tresna arau-emaile berezi bat, 10/1994 Foru Legea hain zuzen ere, baina testu hori, aipatutako arrazoiak direla medio, berrikusi egin behar da. Nolanahi dela ere, berrikuspenaren xedea lehendik zegoena hobetzea baita, ontzat hartzen da ahalezkoa dela erakutsi duen edukiaren zatia, baina baztertu egiten da lege-printzipio berriekin bateraezina dena, eta ikuspegi berriak irekitzen dira 10/1994 Foru Legea onetsi zen garaian indarra zuen marko estua dagoeneko desagertu den arloetan. Beraz, foru lege hau, orain gainera nahitaez, lege tresna orokor bat da, eta bere baitan biltzen ditu lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari aplikatzen ahal zaizkien arau guztiak, kontuan hartuz lehengo esperientzia eta inola ere ahantzi gabe Nafarroako errealitatea bere alderdi guztietan.
Premisa horietan oinarrituz, foru lege hau zazpi titulutan banatzen da, eta horiei gaineratu behar zaizkie xedapen gehigarria, iragankorrak, indargabetzailea eta azken xedapenak, honako zioen azalpen honetaz gainera. Ohartarazi behar da nabarmen murriztu dela 10/1994 Foru Legeko manuen kopurua, soil-soilik oinarrizko arauak eman nahian, erregelamendu bidezko garapen osagarrirako bidea zabalik utzita.
V. Atariko tituluak finkatzen ditu Foru Legearen xedea eta helburuak. Aipatzen dituen gauzen artean, azpimarratu behar da nola lotzen duen Legea hainbat konstituzio-printzipiorekin: etxebizitzarako eskubidea, ingurumenekoa, ondare historikoari dagokiona eta hirigintzako gainbalioetako partaidetzarena. Beste aldetik, deklaratzen da ezen lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren jarduna eginkizun publiko bat dela, nahiz eta ekimen pribatuaren partaidetza ere kontuan hartzen den, eta bereziki azpimarratzen dira herritarren parte-hartzearen garrantzia eta pertsona guztien eskubidea lurraldeari nahiz hirigintzari buruz informazioa jasotzeko.
VI. I. tituluak, administrazio publikoen eskumenei buruzkoak, esaten du zein diren Nafarroako lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan esku-hartzen duten subjektu publikoak, finkatzen ditu haietako bakoitzaren eskumenak eta arautzen ditu esparru honetan halabeharrez gertatu behar duten administrazioen arteko harremanak. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza eginkizun publikoak direnez gero, beharrezkoa zen Foru Legearen hasieran berean ager zitezen esku-hartzen zuten administrazio publikoak eta bakoitzaren eskumenak zein ziren, eta ez bukaeran aurrekoan egin zen bezala. Horregatik, gure foru legerian lehenbiziko aldiz, zehaztu egiten dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumenak eta udalen eskumenak, udal autonomiarentzako begirune osoz eta udalek hirigintza gaietan izan behar duten protagonismoa bermatuz. Ildo horretan, esate baterako, azpimarratu behar da kendu direla 10/1994 Foru Legean aipatzen ziren subrogazio kasu espezifikoak. Beste aldetik, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua sortu da, parte-hartze organo gisa. Halaber, aipatzen da zein antolaketa administratiboren bidez bete behar dituen administrazio bakoitzak bere eskumenak, antolaketa-bide desberdinak eskainiz, gero administrazio bakoitzak, autoantolatzeko duen ahalmenaz baliatuz, bere interesei begira komenigarriena zaiona hauta dezan. Bereziki goraipatu dira instituzioekiko leialtasunaren printzipioa, koordinazioarena, lankidetzarena, laguntzarena eta elkarren arteko informazio trukearena. Printzipio horiek guztiak, administrazio jardunaren sektore guztietan aplikatzekoak badira ere, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean esanahi berezia izanen dute, bertan biltzen baitira, elkarrekiko harremanean, mota askotako interesak, publiko nahiz pribatuak. Sistema ixteko, eransten da egin daitezkeela hirigintza-lankidetzako administrazioen arteko hitzarmenak eta aipatzen dira partzuergoak, alor honetan eskua duten administrazio publikoen arteko lankidetza bideratzeko formula bereziki malguak diren aldetik. Azkenik, arautzen dira partikularrekin egin beharreko hirigintza-hitzarmenak.
VII. II. tituluak, lurraldearen eta hirigintzaren antolamenduari buruzkoak, aipatzen ditu lurraldearen antolamenduko eta hirigintza plangintzako tresnak. Lurraldearen antolamenduari dagokionez aldaketa garrantzitsuak egin dira. Alde batetik, tresnen artean kendu egin dira lurraldearen antolamenduko jarraibideak eta herrialdeko hirigintza arauak. Beste aldetik, tresna berriak sortu dira, hala nola Nafarroako lurralde estrategia, lurraldearen antolamenduko planak eta lurralde ekintzako plan zuzentzaileak. Nafarroako lurralde estrategia sortzearekin, lurraldearen antolamenduko tresna zabal bat eratu nahi da, batez ere estrategikoa eta, beraz, orientatzailea, Nafarroako lurralde osorako arauak emanen dituena. Lurraldearen antolamenduko planek, aldiz, Nafarroako zati bat hartzen dute jardun-eremutako, eta hari buruzko determinazioak ezartzen dituzte, garapen koordinatu eta egoki batean. Halaber, lurralde ekintzako plan zuzentzaileek helburu dute lurraldearen antolamenduko plan baten ondorioak diren lurraldearen gaineko jarduera sektorialak zehaztu, koordinatu eta programatzea. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialei dagokienez, eusten zaio figura horri, baina argitu egiten dira bere manuetako batzuk, batez ere zehazteko ahalik eta erarik garbienean bien arteko desberdintasunak, alegia, planen eta proiektuen artekoak. Aldaketa sakonak sartu dira, baita ere, hirigintza plangintzari buruz. Lehen bezala, bereizi egiten dira planeamendu orokorra, udal plan orokorra eta garapen planeamendua. Dena dela udal plan orokorraren hiru figura aipatzen dira: plan arrunta, hiru mila biztanle edo gutxiagoko udalerrientzako plana eta bostehun biztanletik beheitiko udalerrientzako plan erraztua, udalerrietako populazio-kopuruaren araberako tresna egokiago eta arinagoak izateko, kontuan hartuz Nafarroako egoera berezia, udal arloan. Nolanahi dela ere, aldaketarik garrantzitsuena izan da udal plan orokorraren konfigurazio berria. Alde batetik, haren osagai gisa sartu da lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua. Bestetik, antolamendu egituratzaileko determinazioen eta antolamendu xehekatuko determinazioen arteko bereizketa ezarri da, foru legean oinarrizko bereizketa dena. Determinazio horien arteko lehenak beti ezarri beharko ditu udal hirigintza-planak, baina bigarrenak utz daitezke garapen planeamendu baterako, zeinak haiek aldatu ere egiten ahal baititu, betiere modu arrazoituan. Horretaz gain, azpimarratu behar dira etxebizitzari buruzko determinazioak, eta ekipamendu nahiz zerbitzuetarako espazioei buruzkoak, zeinetan, alde batetik, ezartzen baita ezen egiten ahal diren etxebizitzen 100eko 50 babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak izanen direla, eta horien artean erdiak babes ofizialekoak, eta, beste aldetik, estandar berriak sartzen baitira, udalerrien hirigintza kalitatea hobetzeko. Udal plan orokorraren garapen planeamenduaren barrenean sartu da, baita ere, beste kategoria bat, sektorizazio plana, zeinak izan behar baitu sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarria lurzoru urbanizagarri sektorizatua bihurtzeko bidezko planeamendu tresna, era horretan garatu ahal izateko, aldi berean edo geroago, plan partzialen bidez. Bi aldaketa horiek direla eta, II. kapitulu hau erabat berrikusi behar izan da, 10/1994 Legean ezarri zen testua alegia. Beste aldetik, hirigintza planak egin eta onesteari eta bere ondorioei dagokienez, berrikuntza batzuk sartu dira, planak arintzeko asmoarekin, eta ezarri da ezen, garapen planeamenduren batean udal jarduera geldirik baldin badago, sustatzaileak berak esku-hartzen ahalko duela, jarduerarik ezak ekarritako paralizazioa konpontzeko. Azkenik planeamendurako jarraibide teknikoak izeneko figura sartu da, planak egiterakoan irizpide teknikoak bateratzeko beharrak eraginik, hirigintzarako hizkera bat izateko guztientzat.
VIII. III. titulua garrantzitsuenetako bat da, lurzoruaren hirigintza araubidea ezartzen baitu, hau da, zehaztu egiten ditu lurzoru mota desberdinak eta mota horietako bakoitzaren gainean jabeek dituzten eskubide eta betebeharrak. Gai honetan, 6/1998 Legeak finkatu egiten ditu lurzoruaren jabetzarako eskubidea erabiltzeko oinarrizko baldintzak, geroko baldintza horien garapena foru legegilearen esku utziz. Titulu bakar batean bildu dira jabetzaren araubideari buruzko erabakiak, lehenago zenbait titulutan barreiaturik zeudenak. Ardatza lurzoruaren sailkapenaren erregulazioa da, oinarrizko legeriak inposatzen dituen hiru lurzoru motak definitzen baitira. Lehenik, hiri-lurzorua, zeinaren ezaugarria urbanizazio bat izatea baita. Urbanizazioa burutua edo burutu gabea den, hiri-lurzorua finkatua edo finkatu gabea izanen da. Bigarrenik, lurzoru urbanizaezina dugu, zeinaren ezaugarria baita, 6/1998 Legean ezarritakoaren arabera, babes berezia edo hirigintza-garapenetik kanpo egotea merezi duten balio batzuk izatea. Bat etorririk lurzorua baliabide natural berriztaezina dela dioen baieztapenarekin, foru lege honek zehaztu eta argitzen du zein diren lurzoru jakin batek eduki behar dituen balioak urbanizaezinen artean sailkatzeko, eta bereizi egiten ditu, horren barrenean, babestu beharreko lurzoru urbanizaezina eta gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, bi mota horiek beste zenbait azpisailetan banatzen direlarik. Eta hirugarrenik, lurzoru urbanizagarria dago; alegia, 6/1998 Legeak ematen dion gerakin-lurzorua izaeraren arabera, ez hiri-lurzorua ez lurzoru urbanizaezina ez dena, eta bere barrenean bereiz daitezke lurzoru urbanizagarri sektorizatua eta lurzoru urbanizagarri sektorizatu gabea.
Lurzoru mota desberdinak era horretan sailkatu ondoren, haietako bakoitzaren eskubide eta betebeharrak ezartzen dira, 6/1998 Legeak eskubide eta betebehar hauentzat finkatutako oinarrizko baldintzak garatuz; horri dagokionez, foru lege honetan zehazten diren alderdi nagusiak dira hirigintza-aprobetxamenduaren zehaztapena, haren ehuneko bat nahitaez laga beharra, lurzoru urbanizagarriaren bilakaera sustatzeko eskubidea eta lurzoru urbanizaezinaren araubidea. Bere hartan dirau Hirigintza probetxamenduaren arloko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 24/1998 Foru Legean ezarritakoak, esaten duenean laga beharreko hirigintza-aprobetxamenduaren portzentaia 100eko 10a dela, eta, gainera, dagoeneko urbanizatutako lurzoruarena, edo, bestela esateko, 100eko 10aren lagapena urbanizazio kargetatik salbuetsirik gelditzen da.
Foru Legearen berrikuntza nabarmenenetako bat lurzoru urbanizaezinaren araubidea da. Lurzoru urbanizaezinaren babesa, planeamenduak gaindi ditzakeen gutxieneko arauen bidez emana, aurreko legeriaren aldean asko erraztu da. Alde batetik, orain bi kategoria besterik ez direlako bereizten, babestu beharra eta gorde beharra, eta hortik oinarrizko bi araubide besterik ez, aurreko legerian sei araubide bereizten ziren lekuan. Beste aldetik, ez direlako zehatz-mehatz ematen lurzoru urbanizaezineko mota bakoitzean onartutako eta baimengarritzat jotako jarduera eta erabilera guztiak; horren ordez, esaten da jo behar dela babestu beharreko lurzoru urbanizaezinari buruz legeria sektorialean edo planeamenduan xedatzen denera, eta gorde beharreko lurzoru urbanizaezinari dagokionez, arau orokor bat ematen da, non adierazten baita onartzen direla eraikuntzakoak ez diren jarduerak eta baimengarriak direla eraikuntzakoak direnak, baina betiere aukera emanez arau orokor hori erregelamendu bidez zehazteko edo salbuesteko. Lurzoru urbanizaezinaren araubidean aipatzen den beste berrikuntza bat da orain Foru Legean sartzen direla gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean familia bakarreko etxebizitza bakartuentzako baimenak emateko baldintzak (lehen erregelamendukoak baitziren), zeinen artean ageri baita administrazio eskudunaren lurzatiaren hirigintza aprobetxamenduaren 100eko 10a eskuratzeko jabeek duten betebeharra.
Azkenik, III. titulu honek bildu eta garatzen du hirigintzako balorazio eta desjabetzapenei buruz Estatuko legerian xedatutakoa; izan ere, titulu honetan sartu da lurzoruaren jabetzari eta bere hirigintza-araubideari estu-estu loturiko gaia delako. Kendu egin da nahitaezko salmentaren araubidea, oso tresna zaila izan eta apenas erabili baita 10/1994 Legeak indarrean iraun duen denboran.
IX. Foru lege honetako IV. tituluak planeamenduaren exekuzioaren gaia jorratzen du. Bi ideiak gobernatu dute, nagusiki, titulu horren edukia: batetik, exekuzio prozedurak arintzea eta, bestetik, beste jarduketa sistema batzuk ezartzea. Horretaz gain, tituluak egitura desberdina du, 10/1994 Foru Legean zuena ez bezalakoa, ordenamendu oso bat sartzen baita, lehen nahitaezkoa zen Estatuko legeria oinarritzat hartu beharrik izan gabe, izan ere, hirigintzako exekuzioa oso-osorik erkidegoaren eskumenekoa da.
Ildo horretan, areagotu egin da titulu honen egitura sistematikoa, alde batetik sakonduz jarduketa sistematiko eta asistematikoen arteko bereizketan, eta jarduketa sistematikoen barrenean zehaztasun handiagoarekin eman dira jarduketa sistemak, publikoak eta pribatuak bereiziz. Halaber, hirigintzako lurzatiketak eta birzatiketak bakoitza bere aldetik arautu dira; alde batetik lurzatiketen araubide bat ezarri da, lehenago ez zena, eta bestetik birzatiketari eman zaio izaera orokor bat, lehen ere jarduketa sistemetan erabili ohi zena.
Jarduketa sistemen barrenean eragile urbanizatzailearen sistema sartu da, berrikuntza gisa, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailaren 11n emandako erabakiaren bidez eskatzen zuen bezala. Jarduketa sistema berri hau, beste sistema bat da, jabeei jarduteko eragingo dien akuilua izateko eta, aldi berean, lurzoruaren urbanizazioa abiarazteko balioko duena.
Hiri-lurzoru finkatuari buruz, kendu egin da aprobetxamenduen transferentzien figura, uste baita transferentzia horiek dagoeneko ez dutela lekurik Estatuko legeriak sartzen duen higiezinen jabetza sistema berri eta oinarrizkoaren barrenean.
X. V. tituluak eraikuntzaren eta lurzoruaren erabileraren gaineko esku-hartzea eta hirigintza-diziplina ditu aipagai, eta bertan, oro har, lehengo arauketari eusten zaio. 10/1994 Foru Legearekin alderaturik, berrikuntzak II. kapituluan sartu dira, hirigintzako legezkotasunaren babesari eta hautsitako ordena lehengoratzeari buruzkoan. Hasteko, argitu egiten dira hirigintza-ikuskapeneko eskumenak, protagonismoa udal guneari emanez eta Foru Komunitateko administrazioaren ikuskapen arloko eskumenak murriztuz lurzoru urbanizaezinaren eta udalez gaindiko interesen esparrura. Behin hori finkatuz gero, Foru Legeak onartzen du hitzarmen bidez berre daitezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Departamentuaren ikuskapen arloko eskurantzak. Horretarako, Foru Legeak onartzen du aipatutako Departamentuak hirigintza ikuskapeneko zerbitzu bat era dezan erregelamendu bidez, horko langileak agintaritzako agente izendatuz, hirigintzako legezkotasunaren babesa hobetzeko eta hautsitako araua lehengoratzeko jarduketak nahiz zehapenekoak errazteko. Eta hirugarrenik, erraztu egin dira hirigintzako legezkotasuna babesteko eta kaltetutako errealitate fisikoa konpontzeko prozedurak.
XI. VI. tituluak lurzoruaren merkatuan esku-hartzeko tresnak aipatzen ditu. Titulu honen barrenean argi eta garbi bereizten dira Udalaren Lurzoru Ondarea eta Lurzoru Publikoaren Foru Bankua. Lehenari dagokionez, berriz idatzi dira berari buruzko manuak, garbi utzi nahi baita hasiera-hasieratik udalaren lurzoru ondarea ondare berezi bat dela, legeak zuzenean sortzen duena udal guztientzat nahitaezko lagapenaren eta desjabetzapenaren bidezko eskurapenaren kasuetan edo lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak erabiltzerakoan, bi mila biztanletik goitiko udalek atxikitzen dituzten ondare-ondasunekin edo horretarako eskuratzen dituztenekin sortu behar duten ondarearen aurrean. Ondare berezia denez, bere xedea lortzeko kudeaketa bat behar du, eta kudeaketa hori zuzena edo beste figura batzuen bitartezkoa izan daiteke, besterentzea edo lagatzea ere gerta daitekeelarik. Aipagarria da, baita ere, lur hauen lagapenarengatik hartzen den kopuruaren xedeak nola ugaritu diren, betiere helburuak hirigintzakoak izanik. Azkenik, gehitu egin da ondare honi buruzko egintzen kontrola, inbentarioaren eta ondasun hauen kudeaketaren erregistroaren bidez.
Bereiz utzi da Foru Komunitateko administrazioaren lurzoruaren ondare publikoa, Lurzoru Publikoaren Foru Bankua izen berriarekin, hala agintzen baitu 14/2000 Foru Legeak, abenduaren 29koak. Baina izena aldatzeaz gain, ondare honentzako erregulazio orokor eta homogeneo bat eman nahi izan da, zeren eta bere eraketarako izan diren arrazoiak, neurri batean, udalaren lurzoru ondarea eratzekoak ez-bezalakoak izan baitira. Dena dela, onartzen da bere kudeaketa egin dadin tresna-enteen bidez edo besterenduz nahiz lagapenaren bitartez. Era berean, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren barrenean sartutako ondasunak kudeatzeko kontrol mekanismo batzuk ezarri dira.
Lurzoru Publikoaren Foru Banku honetan aurkitzen dugun berritasunik garrantzitsuena da bertara gehitzen dela udalez gaindiko zuzkidura, zeina baita lurren nahitaezko eta doako lagapena, titulartasun publiko eta gizarte integrazioko etxebizitzak eraikitzeko, betiere lurzorua eskuratzeko asmoz etxebizitza lortzeko premia gorrian dauden eta salerosketa merkatuan sartzea zaila edo ezinezkoa zaien populazio-sektoreentzat, hain zuzen ere sektore horien etxebizitza behar horri konponbidea emateko. Hori da lur lagapena egiteko arrazoia, xede zehatz honetarako nahitaez erakunde publikoen esku egon behar duten ondasun batzuen truke.
Titulu honetan egin diren gainerako aldaketak dira, hasteko, azalera eskubidea are gehiago garatzea, eta, gero, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideei dagokien gaian, alde batetik argitu nahi baitira haiek eratzeko kasuak eta, bestetik, arindu egin nahi da haiek eratzeko aukera, zeina foru dekretu bidez ezartzen baita, hala foru administrazioaren alde nola Nafarroako udalen alde, eta bide horri gehitu behar zaio lurralde edo hirigintza antolamenduko tresnen barrenean finkatzearena.
XII. Azkenik, foru legean aurreikusitakoa betetzeko, zenbait xedapen gehigarri gehitu dira. Xedapen iragankorrei dagokienez, beharrezkoa da azpimarratzea Foru Legearen asmoa dela berehala aplikatzea bere xedapenak, eta, iragankortasun arazoei aurre egiteko, zenbait konponbide eskaintzen dira. Horretarako, nabarmendu beharra dago udal plan orokorren edo planeamendu orokorrean baliokideak diren alderdiak homologatzeko bidea, horiek denek segurtasun juridikoa izan dezaten foru lege honetan agindutakoarekin baliokidetzean, eta nahitaez egin beharreko egokitzapenagatik ez dadin erregulazio berria aplikatu gabe gelditu luzaro.
Beste aldetik, atzeratu egiten da hiru hilabetez Foru Legearen indarra hartzea, argitaratzen denetik hasita, jendeak ezagutu ahal izan dezan aplikatzen hasi baino lehen.
ATARIKO TITULUA. FORU LEGEAREN XEDEA ETA HELBURUAK
1. artikulua. Foru legearen xedea.
Foru lege honen xedea da lurraldea antolatzeko jarduera, hirigintza-jarduera, lurzoruaren erabilerari buruzko araudia eta lurzoruaren merkatuan esku hartzeko instrumentuak arautzea, Nafarroako Foru Komunitatean.
2. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Lurraldea antolatzeko eta hirigintzako jarduera funtzio publiko bat da, zeinak honako hauek hartzen baititu bere barnean: lurzoruaren okupazioa eta erabilera planifikatu, antolatu, gidatu eta kontrolatzea.
2. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorreko jarduketa administratiboen helburua da Nafarroan lurraldearen garapen jasangarria lortzea, horren bidez bermatuz, Konstituzioaren printzipioek hala agintzen baitute, pertsonaren garapenerako ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea, natur baliabideen arrazoizko erabilera, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubidea, eta Nafarroaren ondare historiko, artistiko eta kulturalaren kontserbazio, sustapen eta aberastasuna, bai eta komunitatearen parte-hartzea ere ente publikoen ekinbide urbanistikoak sortutako gainbalioan.
3. Lurraldeari dagokion jarduera publiko oro gidatu behar duten printzipioak hauek dira:
a) Lurraldearen gaineko jardueren garapen arrazoizkoa eta orekatua; horren bidez betiere bermatu beharko da lurraldearen aniztasuna eta osagarritasuna eta lurzoruaren aprobetxamendurik onena ziurtatu beharko da, berriztatzerik ez dagoen natur baliabidea den aldetik.
b) Nafarroako udalerrien garapena jasangarria eta kohesiozkoa izatea gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik, azken helburua izanik nafar guztien bizitza-kalitateko baldintzak mantendu eta hobetzea.
3. artikulua. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorreko jarduera administratiboak.
1. Lurraldearen antolamenduaren alorreko jarduera administratiboa foru lege honetan ezarritako lurraldearen antolamenduko tresnen bidez eginen da, honetan berean xedatzen den heinean.
2. Hirigintzaren alorreko jarduera administratiboan honako alderdi hauek sartzen dira:
a) Udalen hirigintza antolamendua, planeamenduaren bidez.
b) Planeamenduaren exekuzioa eta kudeaketa.
c) Esku-hartzea lurzoruaren erabileran eta eraikuntzan.
d) Hirigintzako legediaren babesa.
e) Esku-hartzea lurzoruaren merkatuan.
4. artikulua. Lurralde-gaietako jarduera publikoaren helburuak.
Lurzoruaren erabilera eta aprobetxamendua arautzeko edo lurzorua erabiltzeko jarduera publiko ororen helburuak hauek dira:
a) Natur gune, baliabide eta elementuak defendatu eta babestea, bai eta munta ekologikoa daukaten aberastasunak ere, naturaren eta paisaiaren ikuspegitik dauzkaten balioen aldaketa edo endekatzea saihesteko.
b) Nekazaritzaren, abeltzaintzaren, basoen edo antzeko beste ikuspegi batetik balioa daukaten guneak zentzuz erabiltzea, bai eta daukaten interes ekonomiko, sozial eta ekologikoarengatik hala jokatzea komeni den beste gune batzuk ere, haien birkualifikazio sozial eta ekonomikoari laguntzeko; halaber, ahalegina eginen da ingurunearekin batera usadio eta ohiturei eusteko.
c) Natur aberastasun eta baliabideen ustiapen eta aprobetxamendu arrazoizkoak ziurtatzea, ingurunea zaindu eta hobetzearekin bateragarriak diren formulen bitartez.
d) Nafarroako ondare historiko, kultural eta artistikoko aberastasunak babestea. Horretarako, aintzat hartuko dira bai elementu isolatuak bai hiri-, landa- edo paisaia-multzoak ere, eta haien suntsipena, narriadura, ordezpen bidegabea edo eraldaketa desegokiak saihesteko behar diren neurriak sustatuko dira, eta bultzada emanen zaie haien leheneratze, birgaitze eta aberasteari.
e) Hiri-ingurunearen kalitateari eutsi eta hura hobetzea, lurzoruaren erabilerak, ekipamendu publikoak, produkzio-jarduerak, merkataritzakoak, garraiokoak eta antzekoak arautuz, xede izanik aurrerabide ekonomiko eta sozial orekatu eta jasangarria sustatzea, bizilekuetarako gune anitz batean, eta biztanleak lan, kultura eta aisiarako ekipamendu eta tokietara berdintasun-baldintzetan iritsi ahal izatea ziurtatuz.
f) Jarduera publiko eta pribatuak bideratzea guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko daukaten eskubidearen eragingarritasunera.
g) Garapen ekonomikoa, gizartearen batasuna eta garapen jasangarria bultzatzea, produkzio-jarduerak eta enplegu egonkorra sortzen dutenak sustatuz.
h) Lurraldea modu esanguratsuan ukitzen duten interes publiko eta pribatu guztiak, sektorialak nahiz espezifikoak direnean ere, integratu eta harmonizatzea.
5. artikulua. Hirigintza jarduera publikoaren helburuak.
1. Honakoak dira hirigintza jarduera publikoaren xedeak:
a) Lurzoruaren eta eraikinen erabilerak foru lege honetan eta lurralde nahiz hirigintza antolamenduan definitutako interes orokorraren mendean jartzea.
b) Lurzoruaren erabilera hiri edo natur ingurumenaren kalitatearekin lotzea.
c) Legedi orokorraren markoan, lurzoruaren jabetzarako eskubidearen edukia zedarritzea, bai eta haren erabilera eta aprobetxamendu moduak ere.
d) Lurzoruarekin eta etxebizitzarekin espekulazioa egin dadin saihestea.
e) Hirigintza-jardueraren ondoriozko onuren eta zamen banaketa bidezkoa izan dadin sustatzea.
f) Kasu guztietan ziurtatzea komunitateak modu egokian hartuko duela parte ente publikoek gauzaturiko lurralde- eta hirigintza-ekintzak eta obren betetzeak edo jarduketek sorturiko gainbalioetan, jabetza pribatuarentzat hobekuntzak eta ondorio positiboak ekartzen dituenean.
2. Hirigintza antolamenduak, lurraldea antolatzeko esparruan, honako helburua dauka:
a) Antolamendu arrazionala eta lurzoruaren okupazioaren eta erabileraren araberakoa; horretarako hura sailkatu eta eraikinen eta instalazioen xedea eta erabilera ezarriko da, betiere ekipamendu eta zuzkiduretarako lurzoruaren zehaztapena, erreserba, afektazioa eta babesa sartuz.
b) Planeamendua exekutatzeko baldintzak finkatzea, eta, kasua bada, urbanizazio- eta eraikuntza-jardueren programatzea, bai eta kontserbazio eta zaharberritze eginbeharren betetzearenak ere.
c) Lurzoruaren merkatuan esku hartzeko politika bat formulatzea, bereziki lurzoruaren ondare publikoak eratuz eta modu eragingarrian kudeatuz; halaber, behar hainbat lurzoru sailkatuz babes publikoko araubideren baten araberako etxebizitzak edo salmenta nahiz alokairuko prezio mugatuko etxebizitzak egiteko.
d) Hirigintza-, arkitektura-, historia- eta kultura-ondarea babestea.
e) Hirigintzako planeamendu eta jarduketa guztietan jasangarritasun helburuak sartzea, hiri trinkoaren eredurako, lurraldearen produkzio ahalmenerako eta sistema naturalen egonkortasunerako mesedegarri izan daitezen eta Nafarroako udalerrietako ingurumen kalitatea eta hiri kalitatea hobetu ahal izateko.
f) Ekipamenduetarako zoruaren zehaztapena, erreserba, atxikitzea eta babesa, halakotzat harturik zerbitzu publikoei eta erabilera kolektiboei euskarri eman behar diona.
6. artikulua. Hirigintza jarduera eta ekimen pribatua.
Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumenak dauzkaten administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan eta foru lege honetan aurreikusitako moduan eta irispenarekin, lurraldea antolatzeko jarduera eta hirigintza jarduera garatzeko ekimen pribatua erraztu eta sustatu behar dute.
7. artikulua. Herritarren parte-hartzea.
1. Administrazio publikoak saiatuko dira lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko jarduera izan dadin Nafarroako Foru Komunitateko egungo nahiz etorkizuneko gizartearen behar eta asmoen araberakoa. Horretarako, lurraldearen nahiz hirigintzaren garapen jasangarria sustatuko dute, herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena bultzatuko dute eta bermatuko dituzte partikularren eta beren interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak.
2. Nolanahi dela ere, foru lege honetan aipatzen diren lurraldearen edo hirigintzaren antolamenduko tresnetako edozeinetan, herritarrek parte-hartzeko hogei eguneko epea izanen da gutxienez, behin betiko onespena eman baino lehen, jendaurrean jarriz eta, hala behar duenean, toki entitateentzako entzunaldia emanez.
3. Foru lege honen 28.1 artikuluan ezarritako lurralde-antolamenduko tresnek, udal plan orokorrek eta plan bereziek, bai eta urbanizatze berriak planteatzen dituzten planeamendu-aldaketek ere, herritarren partaidetza egiazkoa eta eraginkorra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeko IV. tituluan jasotako printzipio eta eskubideen arabera; horretarako, herritarrentzako partaidetza-prozesu bat erabiliko da, kontsulta-izaerakoa, tresnaren hasierako onespena baino lehen.
4. Partaidetza-prozesuak partaidetza-plan bat izanen du tresna, zeinak honakoak izan beharko baititu gutxienez: planeamenduan interesatuta dauden gizarte-eragile eta herritarren identifikazioa; antolamendu-proposamen garrantzitsuenen laburpenak, herritarrek errazago uler ditzaten eta errazago zabal daitezen herritarren artean; bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia; zabalpenerako eta partaidetzarako metodologia eta tresnak, barne direla bai online parte hartzeko sistemak, bai bilerak etorkizuneko antolamendua eta baloratutako alternatibak azaltzeko; eta, azkenik, gauzatutako partaidetza-prozesuaren konklusio baloratuak.
8. artikulua. Lurraldeari eta hirigintzari buruzko informazioa jasotzea.
1. Pertsona guztiek dute administrazio publiko eskudunen esku dagoen lurralde- eta hirigintza-informaziora sartzeko eskubidea, interes jakin bat egiaztatzeko betebeharrik gabe eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 21. artikuluan eta III. tituluan ezarritakoaren arabera.
2. Administrazio publikoek ukatzen ahalko dute lurraldeari eta hirigintzari buruzko informazioa honako kasu hauetan:
a) Baldin eta kasuko espedienteak Estatuko oinarrizko legeriak artxibo eta erregistroetara jotzeko eskubidea onartzen ez dutenetakoak badira.
b) Baldin eta jabego intelektualaren sekretuak babesten dituen datuak badira, edo datuen eta espediente pertsonalen konfidentzialtasuna ukitzen bada.
c) Baldin eta bukatu gabeko agiri edo datuak ukitzen badira, nabarmen gehiegizkoa bada edo orokorregi formulatua egoteagatik eskatutakoa zehaztea ezinezkoa bada.
3. Lurraldeari eta hirigintzari buruzko informazio eskaerak ebatzi beharko dira, gehienez ere, bi hilabeteko epean, non ez den epe laburragoa finkatzen hirigintza-zedula arautzen duen Ordenantzan.
4. Eskatutako informazioa, osorik edo haren parte bat, ukatzen duten ebazpenek arrazoituak izan beharko dute eta gertakarien nahiz zuzenbide oinarrien aipamen laburra eginen dute.
5. Ebazpen horiek amaiera emanen diote administrazio bideari.
9. artikulua. Akzio publikoa.
1. Lurraldeari eta hirigintzari buruzko jarduera arautzen duten legeria eta planeamendua bete dadin eskatzeko, administrazio organoetan eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan egiten den akzioa publikoa izanen da.
2. Akzio horren arrazoia baldin bada legez kanpokotzat jotzen diren obren exekuzioa, akzioa erabiltzen ahalko da exekuzio hori egiten ari den bitartean, hirigintzako legezkotasuna babesteko neurriak hartzeko ezarritako epeak igarotzen diren arte.
I. TITULUA. ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ESKUMENAK
I. KAPITULUA. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorreko eskumenak
10. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumenak.
1. Lurraldearen antolamenduaren inguruko funtzio publikoa eta, bereziki, lurraldearen antolamenduko tresnak formulatu, onetsi eta exekutatzea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokion zeregina da, deusetan ukatu gabe beste administrazio publiko batzuen eta herritarren partaidetza eta lankidetza.
2. Hirigintza alorrean, honako hauek dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumenak:
a) Hirigintza jarduera zuzentzea eta bultzatzea.
b) Hirigintza planeamenduaren legezkotasunaren koordinazioa eta kontrola, udal plan orokorren behin betiko onespenaren bidez, bereziki.
c) Udal bati baino gehiagori dagozkion hirigintza plan bateratuen formulazioa eta plan partzialen nahiz garapeneko plan berezien behin betiko onespena, planek ukitzen dituzten udalek erabakirik hartzen ez dutenean.
d) Udalei laguntza ekonomikoa, teknikoa eta administratiboa ematea, eta haiekin lankidetzan aritzea.
e) Foru lege honek edo aplikatzekoak diren beste batzuek espresuki bere esku uzten dituzten gainerako eskumenak.
11. artikulua. Udal eskumenak.
Hirigintza jarduera publikoa, oro har, udalei dagokie. Beraz, hirigintza alorrean erabiltzen ahalko dituzte foru lege honetan edo aplikatzekoak diren beste batzuetan beste administrazio batzuei espresuki esleitzen ez zaizkien eskumen guztiak, hala agintzen baitu Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeak.
12. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateak egindako subrogazioa.
1. Toki entitateren batek betetzen ez baditu foru lege honek zuzenean ezartzen dituen betebeharrak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ahalmena izanen du betebehar horiek betearazteko behar diren neurriak hartzeko, toki entitatearen ordez eta haren kontura, hala agintzen baitu toki araubideko oinarrizko legeriak.
2. Desjabetzeko ahalmenaren erabileraren gainean subrogazioa egiteko eskumena, baldin eta hirigintza-betebeharrak urratzen direnean udal administrazioen jarduten ez badute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren esku gelditzen da.
II. KAPITULUA. Administrazio antolaketa
13. artikulua. Foru Komunitateko administrazioaren antolaketa.
1. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean, honako hauek dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organoak:
a) Nafarroako Gobernua.
b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.
c) Lurraldearen Antolamenduko Batzordea.
d) Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua.
2. Lurzoruaren eta etxebizitzaren politika garatzeko, sortzen ahalko dira zuzenbide publikoko entitateak, kapital erabat publikoko edo mistoko merkataritza sozietateak eta bestelako entitate deszentralizatuak, nortasun juridiko berekia dutenak.
3. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organo eskuduna Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua da, deusetan ukatu gabe foru lege honetan Nafarroako Gobernuaren esku uzten diren eskumenak.
4. Nafarroako Gobernuak beste organo edo entitate deszentralizatu batzuei esleitzen ahalko dizkie, foru dekretu bidez, foru lege honetan Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren esku uzten diren eskumenak.
14. artikulua. Lurraldearen Antolamenduko Batzordea.
1. Lurraldearen Antolamenduko Batzordea da, lurraldearen antolamenduaren alorrean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organo aholku-emaile eta koordinaziokoa.
2. Lurraldearen Antolamenduko Batzordean buru jardunen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, eta bertako kide izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren aldetik izendatzen diren ordezkariez gainera, Nafarroako udalen lau ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik. Halaber, bertako partaide izaten ahalko dira Estatuko administrazioaren ordezkari bat eta erregelamendu bidez erabakitzen diren elkarte eta organizazioen ordezkariak.
3. Honako hauek dira Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen eginkizunak:
a) Nafarroako lurralde estrategiari buruzko txostena egitea.
b) Lurraldearen antolamenduko planei buruzko txostena egitea.
c) Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialei buruzko txostena egitea, bai eta plan eta proiektu horien udalez gaindiko eraginari buruzkoa ere, deklarazioa egin aurretik.
d) Lurraldearen antolamenduan eragina duten planei buruzko txostena egitea, onespenaren aurretik.
e) Txostena egitea, aholku emailea eta ez loteslea, Nafarroako Gobernuak edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak eskatzen dion kasuetan.
f) Legez ematen zaizion eskumen guztiak erabiltzea.
4. Aurreko ataleko eginkizunak azpibatzorde baten esku utz daitezke, azter ditzan eta batzordearen iritzia erabakitzeko proposamena izanen dena presta dezan.
5. Udal planeamenduari buruz batzordeak hartzen dituen erabakien aurka errekurtso administratiboak aurkezten ahalko dira Nafarroako Gobernuan.
15. artikulua. Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua.
1. Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua da lurraldearekin lotura duten arloetan Foru Komunitateak daukan partaidetza eta eztabaida organoa.
2. Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko administrazioak lurralde politikaren arloan ezartzen dituen jarduketa-lerroak ezagutzea. Xede horrekin ondokoei buruzko nahitaezko txosten ez-lotesleak emanen ditu: lurraldearen antolamendua erregulatzen duten xedapen orokorrak, Nafarroako lurralde estrategia, lurraldearen antolamenduko planak eta lurraldeko ekintza planak.
3. Haren osaketa foru dekretuz arautuko da; eragile sozial eta ekonomiko, toki entitate, lanbide elkargo eta arloan izen handia duten adituen parte-hartzea bermatu beharko du.
4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, urtero, lurraldearen antolamenduaren arloan Nafarroako Foru Komunitatean izaniko jardueren gaineko oroit-idazki bat aurkeztuko dio kontseiluari.
16. artikulua. Toki entitateen hirigintza alorreko antolaketa.
1. Autoantolatzeko duten ahalmenaz baliatuz, udalei dagokie organo deskontzentratuak, gerentziak, kapital erabat publikoko edo mistoko merkataritza sozietateak eta hirigintzako jarduerak kudeatzeko gainerako pertsona juridiko deszentralizatuak sortzea, oro har edo jarduketa jakin batzuetarako bakarrik.
2. Hirigintza alorreko beren eskumenez baliatzeko egokienak iruditzen zaizkien lankidetza moduak ere ezarri ahalko dituzte udalek beste administrazio publiko batzuekin.
III. KAPITULUA. Administrazio arteko harremanak
17. artikulua. Printzipio orokorrak.
Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean, Nafarroako administrazio publikoen artean gertatzen diren harremanetan, bete beharko dira erakundeen arteko leialtasunaren printzipioa, koordinazioarena, lankidetzarena, laguntzarena eta informazioa elkarri trukatzearena, bakoitzaren eskumen-esparruak errespetaturik.
18. artikulua. Eskumenen koordinazioa.
1. Lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako eskumenak erabiltzean, koordinatu beharko dira beste interes publiko batzuen kudeaketarako esleitzen direnekin, horien garapenean lurzoruaren erabilera ordenatu, aldatu, kontserbatu edo kontrolatu behar baldin bada, eta lurraldearen antolamenduko tresnen nahiz hirigintzako planeamenduaren esku geldituko da jarduketa horiek onartu eta errazteko ardura.
2. Horretarako, Foru Komunitateko administrazioak ingurumenaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan toki entitateei laguntza teknikoa emateko bulegoen sare bat ezarriko du; sare horrek arlo horretako toki-eskumenak eraginkortasunez eta guztiz betetzea bideratuko du.
19. artikulua. Lankidetzan aritu eta informazioa trukatzeko betebeharrak.
1. Lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan eskumenak dituzten Nafarroako administrazio publikoak lankidetzan, elkarlanean eta elkarri laguntzen ariko dira, behar izanez gero, beren eskumenak modu eraginkorrean erabili ahal izateko.
2. Deusetan ukatu gabe informazioa jasotzeko ahalmenak eta informazioa emateko betebeharrak, administrazio publikoen araubideko eta toki araubideko legerietan ezarritakoak, honako betebehar hauek ezartzen dira lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean informazioa trukatzeari dagokionez:
a) Foru Komunitateko administrazioak bere erabakiak jakinaraziko dizkie ukitutako gainerako administrazio publikoei, hartzen direnetik hasi eta hamar eguneko epean.
b) Udalek igorri beharko diote Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari behin betikoz onesten dituzten hirigintzako planeamendu nahiz kudeaketa tresnen ale bana, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
c) Udalak Foru Komunitateko administrazioarekin ariko dira lankidetzan planeamenduaren publizitateari buruzko betebeharrak betetzeko, foru lege honetako 81.3 artikuluan ezartzen direnak, eta behar diren datu eta informazioak ekarriko dituzte, hala eskatzen zaienean. Halaber, Foru Komunitateko administrazioak udalen eskura utziko du aipatutako betebeharrak betetzean jaso ahal izan duen informazio guztia.
20. artikulua. Lankidetza eta laguntza ekonomiko, tekniko eta administratiboa.
1. Hirigintza alorrean, Nafarroako administrazio publikoen arteko lankidetza eta laguntza ekonomiko, tekniko eta administratiboa borondatezkoa izanen da, legeetan xedatutakoaren arabera eta, betiere, gauzatzen ahalko da sinatzen dituzten lankidetza hitzarmenen edo eratzen dituzten partzuergoen bidez.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak udalen hirigintza jarduerarako laguntza tekniko eta ekonomikoa emanen du, bereziki hirigintza antolamenduko tresnen idazketarako, hirigintzako legezkotasunaren ikuskapen eta babeserako eta, oro har, hirigintzako aholkularitzarako.
3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren lankidetza eta laguntza bereziki hartu beharko da kontuan, honako egoera objektibo hauetakoren batean dauden toki entitateen kasuan:
a) Dauden lekuagatik edo beren populazioaren kokapenaren ezaugarriengatik, hirigintza jarduera ohi baino zailagoa duten udalerriak.
b) Ingurumenaren edo historia nahiz artearen aldetik aitortutako balio berezi batzuk dituzten udalerriak.
c) 2.000 biztanletik beheitiko udalerriak.
d) Helburuen artean hirigintza arloko eskumenak kudeatzea daukaten mankomunitate eta edonolako udal-elkarteak.
e) Kasuan kasuko foru arauek turistiko gisa deklaraturiko udalak.
21. artikulua. Administrazioen arteko hitzarmenak, hirigintza alorreko lankidetzarako.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak hirigintza lankidetzarako hitzarmenak egiten ahalko ditu, Nafarroako udalerri batekin, zenbaitekin edo guztiekin, honako gai hauei buruz:
a) Hirigintzako funtzio publiko orokorraren gaineko hitzarmenak.
b) Hirigintzako jarduera baten edo zenbaiten gaineko hitzarmenak, hala nola hirigintzako planeamenduaren, kudeaketaren edo ikuskapenaren gainekoak.
c) Lurraldearen gaineko jarduketa zehatz baten gaineko hitzarmenak.
d) Hirigintza partzuergoak eratzeko hitzarmenak.
e) Babes publikoko motaren bati loturiko etxebizitzak, erostekoak edo alokatzekoak, sustatzeko hitzarmenak.
2. Halaber, udalerriek beren artean egiten ahalko dituzte hirigintzako jarduerarako hitzarmenak, aurreko atalean aipatzen diren xedeetakoren bat lortzeko, Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz.
22. artikulua. Hirigintza-partzuergoak.
1. Foru administrazioak eta udalerri batek edo zenbaitek parte hartzen duten partzuergoak eratzen ahalko dira, hirigintzako eskumenak elkarrekin erabiltzeko, obrak gauzatu edo lurraldean nahiz hirigintzan eragina duten zerbitzu publikoak emateko.
2. Partzuergoetan sartzen ahalko dira partikularrak eta zuzenbide pribatuko entitateak, beren helburuak lortzeko komeni bada, betiere beren partaidetzaren oinarriak zehazturik. Pertsona pribatuen partaidetzak ezin izanen du gehiengoa izan, ezta haiek partzuergoaren funtzionamendua kontrolatzea edo erabakigarriak izatea ere.
IV. KAPITULUA. Hirigintza hitzarmenak
23. artikulua. Hitzarmenen kontzeptua, printzipioak, xedea eta mugak.
1. Foru Komunitateko administrazioak eta Nafarroako udalerriek, elkarrekin edo bereiz, lankidetza hitzarmenak sinatzen ahalko dituzte pertsona publiko edo pribatuekin, kasuan kasuko lurren jabeak izan edo ez, hirigintza jarduera hobea eta eraginkorragoa izan dadin.
2. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen hirigintzako hitzarmenak negoziatu, gauzatu eta beteko dira gardentasunaren eta publikotasunaren printzipioetan oinarrituz.
3. Hirigintzako hitzarmenek honako xede hauetako bat edo biak izaten ahalko dituzte:
a) Indarra duen planeamenduan egiten ahal diren aldaketen edukia zehaztea, foru lege honetako 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Hitzarmena gauzatzeko unean indarrean dagoen planeamendua kudeatu eta exekutatzeko modu eta baldintzak, foru lege honetako 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4. Lege edo erregelamenduzko arau aginduzkoak, baita lurraldearen edo hirigintzaren planeamendukoak ere, objektiboki eta edozein modutan hautsi edo urratu edo haiei iruzur egiten dieten hirigintza-hitzarmenetako estipulazioak erabat deusezak izanen dira.
5. Hirigintzako hitzarmenak juridiko administratiboak izanen dira, ondorio guztietarako.
24. artikulua. Planeamenduari buruzko hitzarmenak.
1. Planeamenduari buruzko hitzarmentzat jotzen dira hirigintza planeamendua onetsi edo aldatzea xede dutenak. Planeamenduaren exekuzioa ere aipa dezakete, ondoko artikuluan ezarritako terminoetan.
2. Udalari dagokio hitzarmen hauek onestea, gutxienez hogei eguneko epe batez jendaurrean jarri ondoren.
3. Udalak derrigorrez tramitatu beharko du konprometiturik dagoen planeamenduaren onespena edo aldaketa, baina interes publikoaren arrazoiengatik planeamenduko bere ahalmen osoari eutsiko dio. Baldin eta, azkenik, planeamenduaren aldaketa behin betiko onesten ez bada, hitzarmena automatikoki amaitzen dela ulertuko da.
25. artikulua. Kudeaketa-hitzarmenak.
1. Hirigintza-kudeaketako hitzarmentzat joko dira xedetzat lurralde- edo hirigintza-planeamendua exekutatzeko zehaztasunak eta baldintzak besterik ez dutenak, eta haien betetzetik ezin da planeamendu horren aldaketarik eratorri.
2. Hirigintza-aprobetxamenduaren esleipenerako legezko betebeharra, zeina udalerriari baitagokio, ordeztu ahalko da, aparteko kasuetan, eskudirutan eginiko ordainketa batekin, teknikari eskudun batek aurrez izenpetutako balorazio baten bidez. Horretarako, hirigintza-hitzarmen bat eginen da, kasuko kudeaketa-dokumentuan, edo zuzkidurarako legez aurreikusitako ekintzetan.
3. Hitzarmena izenpetzen duten partikularrek, ukituriko jabe guztiak ados daudela, exekuzio unitate bateko urbanizazioaren ardura osoa hartzen dutenean, haren exekuzioa definitu ahalko dute xehetasun guztiekin, are foru lege honetan erregulaturiko jarduketa sistemetatik bereiziz ere.
Hitzarmen hori onurak eta kargak berdinbanatzeko tresnatzat hartuko da, Jabetzaren Erregistrora sartzeko hipoteka legedian aurreikusitako eraginetarako, horretarako baldintzak betetzen baldin baditu.
4. Zamak eta onurak jabeen artean eta jabe horiek administrazio jardulearekin berdinbanatzeko eragiketak, eraikinen birgaitze-jarduketen eta hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketen esparruetakoak, kudeaketa-hitzarmenen bitartez egin ahalko dira, foru lege honen 158. artikuluan aurreikusitako eraginekin.
Hitzarmen horiek Jabetzaren Erregistroan jasotzeko, Hipoteka Legean agindutakoari begiratuko zaio.
5. Kudeaketa-hitzarmenen behin betiko onespena Administrazio jarduleari dagokio, aurrez jendaurreko aldi bat zabalduta, gutxienez ere hogei egun baliodunekoa, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatuta.
6. Administrazio jarduleak, interesdunek eskatuta eta horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen direnean, kudeaketa-hitzarmenak onetsi ahalko ditu; hitzarmen horien helburua izanen da birzatitze baten ondoriozko lurzatien titulartasunaren jabeen arteko permuta bidezko edo esleipenen ordeztearen bidezko berregokitzea, baldin eta lurzati horiek eraiki gabe badaude. Onetsitako hitzarmenetik heldu diren eragiketa zibil eta erregistrokoei birzatitze-ekintzen tratamendu fiskal eta erregistrokoa emanen zaie.
26. artikulua. Hitzarmenen publikotasuna.
1. Nafarroako udalerri guztietan izanen dira erregistro bat eta hirigintzako hitzarmen administratiboen artxibo administratibo bat, non hitzarmen horiek inskribatuko baitira eta non gordeko baita behin betiko testuaren ale oso bat eta, hala behar denean, hari erantsitako dokumentazio guztia.
2. Aurreko zenbakiak aipatu bezala, artxiboetan gordeko den ale horrek hitzarmenen edukiaren fede emanen du, legezko ondorio guztiekin.
3. Herritar guztiek badute artikulu honetan aipatzen diren erregistro eta artxiboak kontsultatzeko eskubidea, bai eta bertan egin eta gordetako inskripzioen eta dokumentuen ziurtagiriak eta kopiak eskuratzeko ere.
II. TITULUA. LURRALDEAREN ETA HIRIGINTZAREN ANTOLAMENDUA
I. KAPITULUA. Lurraldearen antolamendua
1. atala. Xedapen orokorrak
27. artikulua. Kontzeptua.
1. Lurraldearen antolamendutzat hartzen da, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, espresuki adierazitako irizpideen, arauen eta planen multzoa, lurraldearen gaineko jarduketak eta populazio-kokapenak orientatu eta arautzen dituena, zeinaren xedea baita oreka egoki bat lortzea lurraldearen, ingurumenaren, populazioaren, jardueren, zerbitzuen eta azpiegituren artean.
2. Lurraldearen antolamenduaren helburuak dira lurraldearen egitura zehaztea, lurraldearen erabilera arrazoizkoa eta orekatua lortzea, lurraldea saretzea komunikazio-azpiegitura eta loturak ezarriz, eta bere parte guztien garapen orekatu eta jasangarria sartzea osotasun koordinatu eta harmoniko baten barrenean, betiere Foru Komunitate osoaren garapena hobetzeko asmoarekin.
28. artikulua. Lurraldearen antolamenduko tresnak.
1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen antolamenduko tresnak honako hauek dira:
a) Nafarroako lurralde estrategia.
b) Lurraldearen antolamenduko planak.
c) Lurralde ekintzako plan zuzentzaileak.
d) Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak.
2. Horiez gainera, lurraldearen antolamenduko tresnatzat hartuko dira lurraldearen antolamenduan eragina duten planak, hala nola natur baliabideak antolatzeko planak, Nafarroako errepideen plan zuzentzailea, eta espresuki halakotzat deklaratzen diren antzeko beste batzuk, bakoitzak bere legeria izanen duela.
29. artikulua. Lurraldearen antolamenduko tresnen izaera eta lehentasuna.
1. Lurraldearen antolamenduko tresnak orientagarriak izanen dira edo lurraldearen gaineko edo plangintzarako lotesleak izanen diren determinazioak izanen dituzte, foru lege honetan haietako bakoitzarentzat ezarritakoaren arabera. Ondorio horietarako, lurraldearen antolamenduko tresnen determinazioak atxiki beharko dira honako mota hauetakoren bati:
a) Lurraldearen gainean lotesleak diren determinazioak, araubide juridikoaren berrespena edo aldaketa xedetzat dutenak, haien eraginpeko lurrei zuzenean eta berehala aplikatzeko. Lurraldearen antolamenduko determinazioak direnez, beren aurka jotzen duten toki planeamenduko aurreikuspenen gainean geldituko dira.
b) Plangintzarako lotesleak diren determinazioak. Ez dira zuzenean eta berehala aplikatzeko, baina behartzen dute beren edukia kontuan hartzera hirigintzako toki plangintza prestatu, onetsi eta aldatzeko orduan, bai haiek egiteko erabakia hartzen denean, bai determinazioan berean ezartzen den epean.
c) Determinazio orientagarriak, jarduteko irizpide, jarraibide eta gidalerro ez-lotesleak eratuko dituztenak. Horien bidez ezagutarazten dira Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzen dituen jardunbideak, botere publikoen lurraldearen eta hirigintzaren gaineko ekinbideetarako.
2. Lurraldearen antolamenduko tresnen determinazioak betetzen hasi beharko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko onespena argitaratzen denetik. Bertan argitaratuko dira, baita ere, tresna horietan biltzen diren arauak, haien eduki osoaren publikotasuna deusetan ukatu gabe.
3. Lurraldearen antolamenduaren eta lurzoruaren erabileraren gainean eragina duten planen, programen eta proiektuen kasuan, justifikatu beharko da bat datozela beraiei eragiten dieten lurraldearen antolamenduko tresna orokorrekin.
30. artikulua. Lurraldearen antolamenduko tresnen ebaluazioa.
Lurraldearen antolamenduko tresnak ebaluatu beharko dira, ingurumenari nahiz lurraldeari dagokionez, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera.
2. atala. Nafarroako lurralde estrategia
31. artikulua. Kontzeptua eta ezaugarriak.
1. Nafarroako lurralde estrategia Foru Komunitateko lurraldearen plangintza estrategikoa egiteko tresna bat da. Irizpide, jarraibide eta lerro multzo bat da, lurraldearen antolamendu fisikoaz, bere natur baliabideez, bere azpiegitura handiez, espazioaren eta hirien garapenaz, jarduera ekonomikoez, etxebizitzen ingurukoez, ekipamendu handiez eta kultur ondarearen babesaz.
2. Honako hauek dira Nafarroako lurralde estrategiaren xede eta helburuak:
a) Nafarroako lurraldearen kohesio ekonomiko eta soziala, bere natur baliabideen erabilera arrazoizkoa, bere kultur ondarearen kontserbazioa eta lehiakortasunaren hobekuntza, ekonomiaren eta bizi kalitatearen garapenerako.
b) Lurraldearen garapenerako politika modu koordinatuan integratzea Europar Batasunaren eskualdeei dagokienarekin, azken horren lurralde estrategia komunaren arabera.
c) Ingurune geopolitiko hurbileko eskualdeekin eta europar esparruko erakunde komun berberetakoak direnekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea.
d) Lankidetzan aritzea honako hauekin eta honako hauen artean: toki entitateak, toki entitate horien ordezkari diren erakundeak eta ekonomi, gizarte, auzo nahiz sektore interesen ordezkari diren entitateak; guztientzako politika sektorialak diseinatzeko.
3. Nafarroako lurralde estrategiaren determinazioak orientagarriak baizik ez dira izanen.
32. artikulua. Nafarroako lurralde estrategiaren edukia.
Nafarroako lurralde estrategiak honako eduki hauek hartzen ahalko ditu:
1. Nafarroako Foru Komunitatearen ezaugarri berekiak deskribatu eta interpretatzea, beren gaur egungo egoeraren eta gerora izan dezaketenaren diagnostikoa formulatuz, eta lurralde garapenaren etorkizunerako eredu bat zehaztea.
2. Estrategia, jarraibide eta neurriak, honako hauetarako:
a) Ingurune fisikoa eta natur baliabideak antolatzea, paisajearen babestea eta berreskuratzea eta landa ingurunea behar bezala tratatzea.
b) Antolatzea populazio-kokapenen sistema, jarduera ekonomikoak ezartzeko eremuak eta beren garapenak lurraldean zehar.
c) Nafarroako lurraldea artikulatzea, horretarako integratzen dituela bere populazioguneen sistema eta eragin eremuak, komunikazio-ardatz nagusiak eta sarbideetako hobekuntzak, garraio sistemako funtsezko azpiegiturak, azpiegitura hidraulikoak, ingurumenaren kudeaketakoak, energia alorrekoak, telekomunikaziokoak eta antzeko gainerako guztiak.
d) Lurraldea ekipatzea honako alor hauetan: osasuna, gizarte-laguntza, hezkuntza, ikerketa, kultura eta gizartea, kirola eta dibertsioa, merkataritza eta aisia, administrazioa, justizia eta antzeko beste edozein.
e) Kultur ondarea babestu eta aprobetxatzea.
3. Taxutzea eskala ertaineko lurraldearen antolamendurako eremuak, bai eta antolamendu horren irizpide eta jarraibide orokorrak ere.
4. Orientabideak, lurraldearen eta hirigintzaren alorreko lankidetza eta koordinazio hitzarmen eta ekintzak garatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen eta bere inguruko eskualdeen artean eta bere populazioguneen artean.
5. Nafarroako lurraldearen bilakaera jarraitzeko adierazleen proposamena.
6. Lurralderako tresna honen xede eta helburua lortzeko bideratzen diren gainerako aurreikuspen guztiak.
33. artikulua. Nafarroako lurralde estrategia egin eta onesteko prozedura.
1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eginen du Nafarroako lurralde estrategia, Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuekin lankidetzan, estrategiak hautaturiko lurralde garapeneko ereduari buruzko parte-hartze sozialeko prozesu bat gauzatu ondoren.
2. Nafarroako lurralde estrategiaren proiektua jendaurrean jarriko da eta entzunaldia emanen zaie Foru Komunitateko toki entitateei, bai eta haien ordezkaritza duten udal eta kontzejuen mankomunitate eta elkarte edo federazioei, gutxienez bi hilabeteko epean.
3. Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak eta Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak Nafarroako lurralde estrategiaren proiektuari buruzko txostena eginen dute hura onetsi baino lehen.
4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Nafarroako Gobernuari proposatuko dio Nafarroako lurralde estrategiaren proiektua Nafarroako Parlamentura igor dezan.
5. Nafarroako lurralde estrategia Nafarroako Parlamentuak onetsiko du.
6. Nafarroako Lurralde Estrategia onetsi ondoren, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak Nafarroako Lurralde Estrategiaren urteko jarraipena eginen du, Nafarroako Lurralde Behatokiaren adierazleak erabiliz.
7. Lau urtez behin, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak oroitidazki bat igorriko die Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari Nafarroako Lurralde Estrategiaren aplikazioari buruz, haren aurreikuspenen betetze-mailari buruz, haren proposamenen indarrari buruz eta tresna hori berraztertzeko beharrari buruz.
8. Nafarroako Lurralde Estrategiaren gaurkotzetzat jotzen da haren estrategiak egungo egoeraren arabera egokitzea edo/eta hartan eduki batzuk sartzea, hain zuzen ere etorkizuneko lurralde-garapeneko eredua egoki interpretatzen, zehazten eta ezartzen laguntzen duten edukiak.
9. Nafarroako Gobernuari dagokio, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak proposatuta, Nafarroako Lurralde Estrategia gaurkotzea.
10. Nafarroako Lurralde Estrategiaren berrikuspenerako jarraitu beharko zaie planak egin eta onesteko emandako xedapen berberei.
3. atala. Lurraldearen antolamenduko planak
34. artikulua. Kontzeptua eta esparrua.
1. Lurraldearen Antolamenduko Planen xedea da Nafarroako udalez gaindiko eremu edo zonetako lurraldea antolatzea.
2. Honako hauek dira Lurraldearen Antolamenduko Planen eginkizunak:
a) Hala administrazio eta entitate publikoek nola eragile pribatuek lurraldearen erabilera egokia, arrazoizkoa eta orekatua egin dezaten laguntzea, betiere bere esparruaren barrenean, lurraldea natur baliabide berriztaezina eta bere gainean eragina duten jardueren euskarria dela kontuan harturik.
b) Bere esparruaren barreneko lurraldea antolatu eta artikulatzeko oinarrizko elementuak ezartzea.
c) Lurraldearen aldetik erreferentziazko markoa izanen dena eratzea, administrazio eta entitate publikoen politikak, planak, programak eta proiektuak formulatu, garatu eta koordinatzeko, bai eta lurraldearen gainean eragina duten partikularren jarduerak garatzeko ere.
3. Lurraldearen Antolamenduko Planen esparrua eratuko dute lurraldearen aldetik homogeneotasun jakin bat duten eremu geografikoek, edo, beren neurri eta ezaugarri funtzionalengatik, beren lurraldetasunari elkarrekin eta modu koordinatuan erantzun behar dioten eta plangintza integratua behar duten eremuek.
Lurraldearen Antolamenduko Planek, eskuarki, udalerri osoak hartuko dituzte.
4. Lurraldearen antolamenduko planen determinazioak lotesleak izanen dira, non eta ez den haietan orientagarriak direla espresuki ezartzen.
35. artikulua. Edukia eta dokumentazioa.
1. Lurraldearen Antolamenduko Planek honako determinazio hauek izaten ahalko dituzte:
a) Antolamenduaren xedea den esparru geografikoa, adierazita zein udalerri sartzen den, osorik edo parte batean.
b) Antolamenduaren xedea den lurraldearen egitura funtzional oinarrizkoa, bera orokorki osatzen duten elementu sektorialen inguruan taxutua.
c) Ingurune fisikoari eta bere natur baliabideei dagozkien determinazioak, honako hauek barne direla:
c.1) Lurzoru urbanizaezinak erabili eta babesteko irizpide eta arauak, babes bereziko eremuak zehazturik, kontuan harturik naturaren eta paisaiaren aldeko balioak, oihan baliabideak, nekazaritza eta abeltzaintzakoak, ur baliabideak, eta planaren esparruaren barrenean dauden bestelako natur baliabide interesgarriak.
c.2) Seinalatzea arrisku naturalak edo bestelakoak izan ditzaketen tokiak, bai eta lurzoru hauei dagozkien irizpideak eta arauak.
d) Hiri sistemari dagozkion determinazioak, honako hauek barne direla:
d.1) Hiriguneak garatu eta hedatzeko irizpide eta gomendioak.
d.2) Udalez gaindiko ekipamendu eta zerbitzuen kokapen nahiz ezarpenerako aurreikuspen eta irizpideak, planaren xedea den eremurako beharrezkoak edo interes komunekoak direnenak.
e) Ekonomi eta ekoizpen sistemari dagozkion lurraldearen gaineko determinazioak, zeinen barrenean sartzen baitira, besteak beste, jarduera-eremu zabalen banaketa espaziala, eta, hala behar duenean, haiek ezartzeko irizpideak.
f) Garraio eta komunikazioen sistemari eta lurraldeko gainerako azpiegiturei dagozkien determinazioak, honako hauek barne direla:
f.1) Bide sarearen eskema eta, hala behar duenean, garraio eta komunikazioko beste sare batzuena, eta jendea nahiz merkantzia garraiatzeko zerbitzuari dagozkion aurreikuspenak eta haiek ezartzeko irizpideak.
f.2) Kokapen nahiz ezarpenerako aurreikuspenak eta irizpideak, honako azpiegitura hauenak: ur hornidura eta saneamendua, hondakinen tratamendua eta deuseztapena, hidraulikoak, telekomunikaziokoak, energetikoak, edo antzeko beste edozein.
g) Erabilera eta babeserako irizpide eta arauak arkitektura eta arkeologi ondarerako eta interes kulturaleko beste ondasun higiezin batzuetarako, hala nola landa inguruneko elementu nabarmengarriak, hiri-multzo interesgarriak, herri-arkitektura eta industri arkitektura eta ibilbide interesgarriak.
h) Planaren esparruan garatzen diren planak, programak eta proiektuak ingurumenean txertatzeko irizpide eta neurriak.
i) Udalaren hirigintza antolamendurako kontuan hartu beharreko printzipio eta irizpide orokorrak; orobat, udalerri bik edo gehiagok elkarrekin hartzen duten esparruan komenigarritzat jotzen bada hirigintzako planeamendu bateratua egin behar dela, leku horiek seinalatu eginen dira.
j) Planaren garapen, jarraipen eta eguneratzerako eta haren berrikuspen kasuetarako aurreikuspenak.
2. Lurraldearen Antolamenduko Planek beren baitan biltzen diren determinazioak egoki azaltzeko behar adina dokumentu grafiko eta idazki izanen dituzte, erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera.
36. artikulua. Planak egin eta onesteko prozedura.
1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eginen du Lurraldearen Antolamenduko Plana, Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuekin koordinaturik, ofizioz edo interesa duten udalek proposaturik.
2. Plana egiteko urraspidean aurrerapen eta proiektu faseak sartuko dira. Lurraldearen Antolamenduko Planaren aurrerapena eta proiektua jendaurrean jarriko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarrita, eta beren eragin esparruko toki entitateei entzunaldia emanen zaie, hilabeteko epean, gutxienez.
3. Jarraipen batzorde bat izanen da, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak izendatua eta bera buru duela, zeinetan parte hartuko baitute Foru Komunitateko administrazioaren ordezkariek eta proposatutako esparruko toki entitateetako eta ekonomi nahiz gizarte sektoreetako ordezkariek. Batzorde horrek txostenak eginen ditu, hala aurrerapenaren eta proiektuaren gainean, nola haiei buruz aurkeztutako alegazio eta iradokizunen gainean. Jarraipen batzordean toki entitateek dauzkaten ordezkariak kasuan kasuko antolamendu planak ukituriko toki entitateek izendatuko dituzte.
4. Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak eta Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak lurraldearen antolamenduko planaren proiektuari buruzko txostena eginen dute.
5. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Nafarroako Gobernuari proposatuko dio Lurraldearen Antolamenduko Planaren proiektua onets dezan.
6. Lurraldearen Antolamenduko Plana foru dekretu bidez onetsiko du Nafarroako Gobernuak.
37. artikulua. Indarraldia, berrikuspena, aldaketa eta gaurkotzea.
1. Lurralde antolamenduko planek mugarik gabeko indarraldia izanen dute.
2. Lurralde antolamenduko planaren berrikuspena esaten zaio lurraldearen egitura orokor eta organikoaren gaineko irizpide berriak onartzeari, lehengoarekiko funtsean desberdina den lurralde-eredua aukeratu delako, edo ezusteko inguruabarrek lurraldearen antolamenduan aldaketa erabakigarria eragin dutelako.
3. Lurralde antolamenduko planen gaurkotzetzat jotzen da informazioa eta lurralde-analisia osatzen duten edukiak sartzea, edo haien zehaztapenak egoki interpretatzen, zehazten eta ezartzen laguntzen dutenak.
4. Gainerako kasuetan, lurraldearen antolamenduko planen zehaztapenak aldatzen badira, planaren aldaketatzat joko da.
5. Lurraldearen antolamenduko planen berrikuspenerako jarraitu beharko zaie planak egin eta onesteko emandako xedapen berberei.
6. Lurraldearen antolamenduko planen aldaketa eginen da aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, baina hari buruzko aurrerapen fasea ez da beharrezkoa izanen.
7. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari dagokio lurraldearen antolamenduko planak gaurkotzea.
8. Lurraldearen antolamenduko planen azterketa, aldaketa eta gaurkotzea ofizioz nahiz haien esparruan sartutako tokiko entitateen gutxienez ere heren batek eskatuta onetsi ahalko dira.
4. atala. Lurralde ekintzako plan zuzentzaileak
38. artikulua. Kontzeptua eta esparrua.
1. Lurralde ekintzako plan zuzendariek helburu dute Lurraldearen Antolamenduko Plan batetik eratorritako lurralde-ekintza sektorialak zehaztu, koordinatu eta programatzea. Ekintza sektorial horiek honako hauek garatzeari dagozkio: etxebizitzetarako edo jarduera ekonomikorako eremu handiak, udalez gaindiko ekipamendu eta zerbitzuak, garraio eta komunikazio sistema eta gainerako lurralde-azpiegiturak, hala nola hornidura eta saneamendua, hondakinen tratamendu eta deuseztatzea, hidraulikoak, telekomunikazioetarakoak, energiarekin zerikusia dutenak edo antzeko beste edozein.
2. Lurralde ekintzako plan zuzentzaileek lurzoru erreserbak ezarri ahalko dituzte, zehazten dituzten asmoetara bideraturikoak, lurzoru horiek beren garapena zaildu edo eragotz dezaketen ekintzetatik babesteko xedez eta, halaber, lurzoru horiek beren urbanizazio edo eraikuntza baino lehenago eskuratzeko xedez. Determinazio horiek lotesleak izanen dira ukituak gertatzen diren toki entitateen planeamenduarentzat. Kasua bada, ukituriko hirigintza planeamendua aldatu eta zehaztapen horietara egokitu dadila premiatu ahalko du Nafarroako Gobernuak.
3. Lurralde ekintzako plan zuzentzaileak garatu ahalko dira udalez gaindiko plan eta proiektuen, hirigintzako udal planeamenduaren edo obra proiektuen bitartez, euren zehaztapenen arabera, ezertan galarazi gabe haiek egin ahal izatea obren gauzatze materialak edo xede dituzten lursailen ezaugarriek behartzen dituzten egokitzapenak.
4. Lurralde ekintzako plan zuzentzaileen esparrua izanen da haiek garatzen duten lurralde antolamenduko planarena.
39. artikulua. Edukia eta dokumentazioa.
1. Lurralde ekintzako planek gutxienez ere honako determinazio hauek izan beharko dituzte:
a) Planen xede den esparrua, lurraldearen antolamenduko zer plan garatzen duten, bertan jasotako ekintza sektorialetatik zeintzuk zehazten eta programatzen dituzten identifikatzea, eta zer ekintzaren garapena uzten den beranduagoko lurralde ekintzako plan baterako edo lurralde ekintzako plan beraren hedapen baterako.
b) Ekintza horien deskribapen banakatua, haien taxuketarako jarraibideak, haien kostuei buruzko estimazioa, garapenerako formulak, beste ekintza batzuekiko koordinazioa eta ekintza horien programazioa zortzi urterako.
c) Ekintza horien ingurumen-ebaluazioa, ezar daitekeen zehaztapen-mailan.
d) Ekintzak egiten diren udalerrietan indarra duen hirigintza planeamenduari buruzko aipamenak.
e) Haien zehaztapenak beteko direla ziurtatzeko ezartzen diren lurzoru erreserbak.
2. Lurralde ekintzako planek bere barnean biltzen diren determinazioak egoki azaltzeko behar adina dokumentu grafiko eta idazki izanen dituzte, erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera.
40. artikulua. Planak egin eta onesteko prozedura.
1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eginen du lurralde ekintzako plana, haren ondorioz euren eskumenetan eragina jasaten duten Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuekin koordinaturik eta departamentu horien parte-hartzearekin.
2. Lurralde ekintzako planaren proiektua jendaurrean jarriko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarrita, eta bere eragin esparruko toki entitateei entzunaldia emanen zaie, bi hilabeteko epean, gutxienez.
3. Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak eta Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak lurralde ekintzako planaren proiektuari buruzko txostena eginen dute.
4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Nafarroako Gobernuari proposatuko dio lurralde ekintzako planaren proiektua onets dezan.
5. Lurralde ekintzako plana foru dekretu bidez onetsiko du Gobernuak. Onespen horretan erabaki ahalko da, hala behar badu, onura publikoaren edo interes sozialaren deklarazioa, bai eta desjabetzapenaren ondorioetarako presakoak direla zehazten diren lurzoru erreserbak.
41. artikulua. Indarraldia, berrikuspena, aldaketa eta gaurkotzea.
1. Lurralde-ekintzako planek mugarik gabeko indarraldia izanen dute.
2. Lurraldearen antolamendurako planaren azterketak berarekin ekarri ahalko du bere bidez sortutako lurralde-ekintzako plana aldatu behar izatea.
3. Lurralde-ekintzako planen berrikuspen edo aldaketak eginen dira plan haiek egin eta onesteari buruzko xedapen berberen arabera.
4. Lurralde-ekintzako planen gaurkotzetzat jotzen da informazioa eta lurralde-analisia osatzen duten edukiak sartzea, edo haien zehaztapenak egoki interpretatzen, zehazten eta ezartzen laguntzen dutenak.
5. Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari dagokio lurralde-ekintzako planak gaurkotzea.
5. atala. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak
42. artikulua. Xedea.
1. Udalez gaindiko plan sektorialek honakoak dituzte xede: jarduketak -etxebizitzaren alorrekoak nahiz ekonomikoak-, edo plan eta politika publikoen garapena, baldin eta jarduketa edo garapen horien eraginak eta ondorioek, dituzten tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badituzte oinarri dituzten udalerria edo udalerriak.
2. Udalez gaindiko plan sektorialek honakoak dituzte xede: garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak ezartzea, hidraulikoak, ingurumenaren kudeaketakoak, energia alorrekoak, telekomunikaziokoak eta antzekoa den beste edozein, baldin eta horiek lurraldearen antolamenduan duten eraginak eta dituzten ondorioek, beren tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badituzte oinarri dituzten udalerria edo udalerriak.
3. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialetan biltzen diren determinazioak, zeinak sartuko eta egokituko baitira aplikatzekoak diren maila handiagoko lurraldearen antolamenduko tresnen determinazioetara, lotesleak izanen dira kasuko toki entitatearen edo entitateen planeamendurako. Horretaz gainera, ukitutako toki entitateek beren hirigintza-planeamendua egokitu beharko dute harentzat ezartzen diren determinazioetara, planeamendu hori berrikusi edo aldatzen denean, betiere aipatu determinazioek zuzenean ukitzen badute berrikuspen edo aldaketa horren xedea.
4. Nafarroako Gobernuari dagokio plan edo proiektu sektorial bat udalez gaindikoa dela deklaratzea, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako. Horretarako, ondokoak arrazoitu eta justifikatu beharko ditu espedientean:
a) Aurreikusitako jarduketek edo azpiegiturek udalez gaindiko esparruan eragiten diotela lurraldearen antolamenduari, eta baldintza hauetakoren bat betetzen dutela: lurraldearen antolatzaile eta egituratzaile izatea; baliagarriak izatea Nafarroako Gobernuaren, toki entitateen edo Estatuaren politika sektorialak garaitu, ezarri edo exekutatzeko Nafarroako Foru Komunitatean; edo foru legedi sektorialean ezarritako determinazioei badagozkie.
b) Deklarazio hori beharrezkoa dela ondokoak ziurtatzeko: plan edo proiektuaren xede diren jarduketak, azpiegiturak, zuzkidurak eta instalazioak behar bezala txertatzen direla lurraldean; kasuko sare eta zerbitzuekiko lotunea, daudenen funtzionaltasuna kaltetu gabe; kokalekuaren inguruneari egokitzen zaizkiola, eta lurralde nahiz hirigintzako planeamendu indarduneko determinazioekiko artikulazioa; edo justifikazioa duela administrazio eskudunek onetsitako plan edo programa publikoetan, edo foru legedi sektorialean ezarritako determinazioetan.
c) Nafarroako Gobernuak onetsi edo ezetsi aurretik proiektu edo planaren udalez gaindiko eraginaren deklarazioa, foru lege honetako 45.1.b) artikuluak aipagai duena, deklarazio horrek izan duela ukitutako gizarte- eta lurralde-eragileen bidezko gizarteratzea eta parte-hartzea Parte Hartzeko Plan publiko baten bidez, errespetatuta, betiere, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeko bermeak, baldintzak eta eskubideak.
43. artikulua. Udalez gaindiko plan sektorialen edukia.
1. Udalez gaindiko plan sektorialek honako determinazio hauek izanen dituzte:
a) Antolamenduaren xedea den esparrua zedarritzea, adierazita zein diren ukitutako udalerriak, eta esparru horrek hartzen duen espazioaren deskribapena, horren barrenean zehazturik jarduketa kokatzen den gune geografikoa eta lehendik daudenetatik jarduketari interesatzen zaizkion azpiegitura orokorrak. Esparru mugatuak jarduketaz kanpoko sistema orokorreko loturako azpiegiturak jaso beharko ditu.
b) Udalez gaindikoa izatearen deklarazioa emateko arrazoien justifikazioa.
c) Plan sektorialaren xede den jarduketa behar besteko zehaztapenarekin deskribatzea.
d) Lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa, eta edozein lurzoru mota urbanizatzeko beharrezkoak diren determinazioak, egituratzaileak nahiz xehekatuak. Nolanahi dela ere, determinazio xehekatuak, guztiak edo haietako batzuk, finkatzen ahalko dira plana garatzen denean, plan partzial, plan berezi eta xehetasun azterlanen bidez, exekutatzen ahalko direlarik urbanizazio proiektuen bidez eta hirigintza kudeaketarako tresna egokien bitartez, plana nolako jarduketa sistemaren bidez garatzen den, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onetsita, ukitutako udalei entzunaldia eman ondotik, edo dagokion udalak onetsita, baldin eta horretarako baimena ematen badu aipatutako Departamentuak eta hark emandako jarraibideen arabera.
e) Foru lege honetako 53. artikuluan ezarritako determinazioak betetzea.
f) Lurraldearen gaineko eragina, ingurumenaren gaineko ukipenak eta haiek zuzentzeko edo leuntzeko neurriak, edo, legeak hala agintzen duenean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa.
g) Egiten dituzten proposamenen azterketa, beren bideragarritasun ekonomikoari erreparatuz, eta erregelamendu bidez ezartzen diren bermeak.
h) Jarduketa egiten den udalerrian edo udalerrietan indarra duen hirigintza planeamenduaren aipamena.
i) Parte-hartze publikoko prozesuaren sintesia eta konklusioak.
2. Udalez gaindiko plan sektorialaren garapenak ezarri beharko du higiezinen trafikoan sar daitekeen irabazteko aprobetxamenduaren 100eko 10eko lagapena egitea ukituriko udalei, urbanizazio kargarik eta bestelakorik gabe. Toki entitateen aldeko lagapena eginen da behar diren kudeaketa tresnen bitartez, Udalez gaindiko plan sektorialaren jarduera-esparruaren barnean sartuta dagoen udalerriaren azaleraren ehunekoarekiko proportzioan. Ez dira irabazteko aprobetxamendu gisa aintzat hartuko erabilera edo zerbitzu publikoetara bideratzen diren ekipamendu eta dotazio publikoak.
3. Ekinbide partikularreko plan sektorialek, horietaz gain, honako hauek ere beharko dituzte:
a) Jarduketaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana eta hura exekutatzeko aldez aurretik jotzen den denbora.
b) Jarduketaren ondoriozko beharkizunak betetzeko sustatzaileak dituen konpromisoak, nahitaez bermatu beharko dituenak. Guztizko bermea ezin izanen da izan zerbitzuak ezartzeko eta urbanizatze-obrak egiteko ateratzen den kostuaren %6 baino txikiagoa, plan sektorialaren beraren ebaluazio ekonomikoaren arabera, eta eratu nahiz ezereztu ahalko da aurrez administrazio jarduleak baimena emanda, betebeharrak betetzeko faseen arabera.
c) (kenduta)
4. Udalez gaindiko plan sektorialek eduki beharko dituzte beren determinazioak argi eta egoki azaltzeko behar adina agiri.
44. artikulua. Udalez gaindiko proiektu sektorialen edukia.
1. Udalez gaindiko proiektu sektorialek izan beharko dute beren lurraldearen gaineko ezarpena egoki deskribatzeko eta arautzeko eta haren gaineko beren elkarrekintza eta inpaktuak aztertzeko behar adina eduki, behar bezain zehatza izanen dena. Halaber, obrak exekutatzeko eskatzen ahal diren beren edukiaren gaineko egokitzapenak baimentzeko prozedurak ere aurreikusten ahalko dituzte.
2. Horretarako, udalez gaindiko proiektu sektorialek honako determinazio hauek izanen dituzte:
a) Proiektuaren xede den azpiegitura edo instalazioa ezartzen deneko espazioaren eta haren eraginaren lurralde-esparruaren deskribapena, horren barne direla jarduketaren kanpoko sistema orokorrekiko lotura-azpiegiturak.
b) Azpiegitura edo instalazioa udalez gaindikoa izatearen deklarazioa emateko arrazoien justifikazioa.
c) Proiektuaren xedea den azpiegitura edo instalazioaren ezaugarrien deskribapena, behar bezain zehatza.
d) Lurraldearen gaineko eragina, ingurumenaren gaineko ukipenak eta haiek zuzentzeko edo leuntzeko neurriak, eta, legeak hala agintzen duenean, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana.
e) Jarduketa egiten den udalerrian edo udalerrietan indarra duen hirigintza planeamenduaren aipamena.
f) Proiektuaren esparruan lurzoruaren erabilera eta babesa arautzeko araudia eta haren justifikazioa.
g) Parte-hartze publikoko prozesuaren sintesia eta konklusioak.
3. Ekinbide partikularreko proiektu sektorialek, horietaz gain, honako hauek ere beharko dituzte:
a) Azpiegitura edo instalazioaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana eta hura exekutatzeko aldez aurretik jotzen den denbora.
b) Jarduketaren ondoriozko beharkizunak betetzeko sustatzaileak dituen konpromisoak, nahitaez bermatu beharko dituenak. Guztizko bermea ezin izanen da izan zerbitzuak ezartzeko eta urbanizatze-obrak egiteko ateratzen den kostuaren %6 baino txikiagoa, plan sektorialaren beraren ebaluazio ekonomikoaren arabera, eta eratu nahiz ezereztu ahalko da aurrez administrazio jarduleak baimena emanda, betebeharrak betetzeko faseen arabera.
c) (kenduta).
4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena ematen ahalko du proiektu sektorial batean sartutako obren exekuzio materialak eskatzen dituen egokitzapenak egiteko, proiektu sektorialean berean ezarritako moduan.
5. Proiektu sektorialek eduki beharko dituzte beren determinazioak argi eta egoki azaltzeko behar adina agiri.
45. artikulua. Plan eta proiektuak egin eta onesteko prozedura.
1. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak ekinbide publikoak edo pribatuak sustatzen ahalko ditu.
2. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak formulatu eta onetsiko dira honako prozedura honen arabera:
a) Udalez gaindiko plan edo proiektu sektorial bat sustatzen duen erakundeak, entitateak, pertsona juridiko edo fisikoak Nafarroako Gobernuaren esku utziko du, hark balioets dezan.
b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, ukituriko departamentuekin koordinaturik eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen aldez aurreko txostena izanik, udalez gaindiko eraginaren deklarazioa onetsi edo ezesteko proposamena igorriko dio Nafarroako Gobernuari.
c) Nafarroako Gobernuak, bidezkoa iruditzen bazaio, kasuko plana edo proiektua udalez gaindikoa dela deklaratuko du, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako.
d) Plana edo proiektua udalez gaindikoa dela deklaratzen duen Nafarroako Gobernuaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta espedientea jendaurrean jarriko da eta planak edo proiektuak eragindako udalei entzunaldia emanen zaie, aldi bereko tramiteetan, hilabeteko epean, gutxienez.
e) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak alegazioei buruzko txostena egin ondoren, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen esku geldituko da plana edo proiektu horri buruzko txostena egitea.
f) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak erabakiko du, bidezkoa bada, onesten duela, eta, horrekin batera, antolamendua hobetzeko behar diren zuzenketa neurriak edo baldintzak ezartzen ahalko ditu.
3. Ekinbide partikularrak sustatutako plan eta proiektu sektorialak onesteko eskaerak ezetsi direla ulertuko da, baldin eta espresuki ebazten ez badira, espediente osoa erregistroan sartzen denetik lau hilabete igarota.
4. Nafarroako Gobernuak emandako behin betiko onespenean erabakitzen ahalko da, hala behar badu, onura publikoaren edo interes sozialaren deklarazioa eta presakoa dela, desjabetzapenaren ondorioetarako.
5. Udalez gaindiko plan sektorialen zehaztapen xehakatuen aldaketak egiteko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onetsi beharko ditu, jendaurrean hilabetez egon eta ukitutako udalei entzutea eman ondoren, edo kasuan kasuko udalak, departamentu horrek baimentzen badu eta hark emandako jarraibideekin bat.
46. artikulua. Indarraldia.
1. Udalez gaindiko plan sektorialek mugarik gabeko indarraldia dute. Dena dela, Nafarroako Gobernuak, bere kabuz edo alde batek eskatuta, haien iraungipena erabaki ahalko du honako kasu hauetan:
a) Behin betiko onespenetik bi urte iragan izatea, bitarte horretan urbanizatze-obren exekuzioari ekin gabe, edo, horiek hasita, indar handiko arrazoi justifikaturik gabe eteten direnean, bi urtetik gorako aldi batez.
b) Sustatzaileak exekuzioari uko egitea.
c) Inguruabarren geroko funtsezko aldaketak batzuek, udalez gaindiko plan sektorialaren arlo antolatuan edo haren xedean eragina dutenek, hari zentzua kentzea. Kasu horretan, plana eragin zuen arrazoia galduta, kasua bada, lurzoruak antolatu beharko dira, haiek udal plan orokorrean sartuz.
d) Behar bezala justifikatutako interes publikoko arrazoiak gertatzea.
e) Haren exekuzioa amaitu izatea eta haren xedea bete izatea. Hala bada, plana udal planeamenduan sartuko da, baina sartze horrek ez du ekarriko plan sektorialaren edukiaren funtsa aldatzea. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean.
f) Jarduketak kokatzen diren tokiko entitateek eskatzen badute sar dadila udal planeamenduan, eta sartze horrek ez badakar plan sektorialaren edukiaren funtsezko aldaketa bat. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean.
2. Proiektu sektorialek mugarik gabeko indarraldia dute. Dena dela, Nafarroako Gobernuak, bere kabuz edo alde batek eskatuta, haien iraungipena erabaki ahalko du honako kasu hauetan:
a) Behin betiko onespenetik bi urte iragan direnean, bitarte horretan exekuzioari ekin gabe, edo, exekuzioa hasita, eteten denean, indar handiko arrazoi justifikaturik gabe, bi urtetik gorako aldi batez.
b) Sustatzaileak exekuzioari uko egitea.
c) Haren exekuzioa amaitu izatea eta haren xedea bete izatea. Hala bada, plana udal planeamenduan sartuko da, baina sartze horrek du ekarriko plan sektorialaren edukiaren funtsa aldatzea. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean.
d) Jarduketak kokatzen diren tokiko entitateek eskatzen badute sar dadila udal planeamenduan, eta sartze horrek ez badakar proiektu sektorialaren edukiaren funtsezko aldaketa bat. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean.
47. artikulua. Toki entitatearen kontroletik salbuetsitako kasuak.
Udalez gaindiko plan edo proiektu batean aurreikusitako obrek, toki entitateen aurrean kitatu beharreko zerga beharkizunak deusetan ukatu gabe, ez dute lizentzia edota toki entitatearen bestelako prebentzio-kontrolik beharko, honako baldintza hauek betetzen direnean:
1. Nafarroako Gobernuak interes orokorrekotzat deklaratzen dituen azpiegitura, ekipamendu eta instalazioak eraiki edo konpontzeko, edo haiek martxan jartzeko kasuetan. Interes orokorreko deklarazioa egiten ahalko da udalez gaindiko plan edo proiektu sektorialaren behin betiko onespenaren aldi berean, edo geroago, Nafarroako Gobernuaren foru dekretuaren bidez.
2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak deklarazio hori jakinarazten badie ukitutako toki entitateei.
3. Obrak hasi edo martxan jarri aurretik, sustatzaileak egiaztatu beharko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan ezen exekuzio proiektua lotzen zaiela plan edo proiektu sektorialeko determinazioei eta ingurumena babesteko araudiari.
4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, ukitutako toki entitateei entzunaldia eman ondoren, obren exekuziorako baimena emanen du, beharrezkoak diren determinazioekin.
5. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ukitutako toki entitateei baldintza hauek betetzen direla jakinarazi ondoren, sustatzaileak obrak zuzenean egiteari edo jarduera martxan jartzeari ekiten ahalko dio.
6. Obren edo instalazioen exekuzioa edo jarduera martxan jartzea amaitu ondoren, sustatzaileak ziurtagiri bat aurkeztuko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, teknikari eskudunak sinaturik, egiaztatzeko amaiera hori gertatu dela eta egindakoa egin dela exekuzio proiektuaren arabera; Departamentuak ukitutako toki entitateei igorriko die ziurtagiri hori.
7. Baimenaren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena emanen du jarduerari hasiera emateko.
II. KAPITULUA. Udalaren hirigintza planeamendua
1. atala. Hirigintza antolamenduko determinazioak
48. artikulua. Hirigintza antolamenduko tresnak.
1. Hirigintza antolamendua eratzen da udalaren hirigintza planeamenduko tresnek, foru lege honen arabera, ezartzen dituzten determinazioen multzoaren bidez.
2. Nafarroako Foru Komunitatean, honako hauek dira udalaren hirigintza planeamenduko tresnak:
a) Udal plan orokorra, udalerri bakoitzaren hedadura osoaren gainean.
b) Udal plan orokorren antolamendua, kasuan kasu, garatzen duten planak: Sektorizazio planak, plan partzialak, plan bereziak, hiri-lurzoruan jarduteko planak eta xehetasun azterlanak. Halaber, plan bereziak formulatu ahalko dira, udal plan orokorra garatzeko beharrik gabe, foru lege honetan ezarritako terminoetan.
3. Era berean, hirigintza antolamenduko tresnatzat hartuko dira katalogoak eta eraikuntza eta urbanizazioari buruzko ordenantzak.
4. Bidezkoa denean, udalaren hirigintza antolamenduko tresnek sartu beharko dituzte, hirigintzako determinazioen artean, lurraldearen antolamenduko tresnek ezartzen dituzten haiek.
49. artikulua. Hirigintza antolamenduko determinazioak.
1. Udalaren hirigintza antolamenduko determinazioak egituratzaileak edo xehekatuak izan daitezke:
a) Determinazio egituratzaileek zehaztu egiten dituzte udalerri bakoitzaren lur eremu osoa okupatu, erabili eta zaintzeko eredua, hiriaren nahiz lurraldearen funtsezko elementuak, eta beraien etorkizuneko garapena.
b) Antolamendu xehekatuko determinazioak dira aurreko determinazioek behar izaten dituztenak, halako neurrian non exekuzio materialeko ekintza zehatzak egin ahal izateko beharrezkoak diren.
2. Hirigintza antolamenduko determinazio egituratzailetzat hartuko dira honako hauek:
a) Lurzoru-motak seinalatzea, eta, lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean, foru lege honetan definitutako kategoriak eta azpi-kategoriak seinalatzea.
b) Lurraldeari dagokion banaketan, sektore desberdinen zehaztapena, bakoitzaren gainean seinalatuz antolamendurako bere oinarrizko baldintza eta irizpideak.
c) Sistema orokorren definizioa: bide publikoak, hiri zerbitzuak, espazio libre publikoak, eta ekipamendu publiko nahiz pribatuak, edo populazio osoarentzako ekipamendu publikoen multzoak.
d) Sektorizazio planak onesteko baldintzak, bidezkoa denean, adieraziz zein diren sektoreak zehazteko irizpideak eta lehendik dauden sistema orokorrekiko lotura.
e) Lurzoru urbanizagarrian, sektore bakoitzaren gehieneko eraikigarritasuna eta erabilera orokorrak, eta babes publikoko motaren bati loturiko etxebizitzen nahitaezko portzentajearen finkapena.
f) Babes arauak ezartzea lurzoru urbanizaezinean, beren landa-izaerari eusteko, natur ingurunea babesteko eta eraikuntzak bakarturik daudela ziurtatzeko, betiere bakoitzaren kategoriaren arabera.
g) Erreserba eremuak zehaztea, bidezkoa denean, udalaren lurzoru ondarea eratzeko.
3. Hirigintza antolamenduko determinazio xehekatutzat hartuko dira, gutxienez, honako hauek:
a) Hiri-bilbeen definizio zehatza, bereziki eraikinen eta bide-elementuen lerrokadura eta sestra-lerroen bidez.
b) Lurzatien gaineko egintzak arautzen dituzten baldintzak eta lurzatiek bete behar dituztenak exekuzio materialaren esparrua izateko.
c) Onar daitezkeen obra-moten arauketa eta eraikinek bete behar dituzten baldintzak; halaber, euren morfologia eta tipologia.
d) Erabilera xehekatuen eta esku-hartze onargarri eta debekatuen araubidea, bai eta baimenduak izateko bete behar dituzten baldintzak ere.
e) Bide publikoetako, hiri zerbitzuetako, espazio libre publikoetako eta ekipamendu publiko nahiz pribatuetako toki-sistemen definizioa, alegia, sistema orokorren artean sartu gabe, sistema orokorretako zerbitzuak osatzeko beharrezkotzat jotzen diren ekipamendu publikoena.
f) Planeamenduaren helburuekin eta irizpideekin bat ez datozela eta, antolamenduz kanpo deklaratzen diren lurzoruaren erabileren zerrenda, eta bereziki eraikin eta instalazioena.
g) Exekuzio unitateak zehaztea eta jarduketa sistemak finkatzea.
h) Hirigintza-betebeharrak betetzeko epeak seinalatzea.
i) Beren natur edo kultur balioak direla eta, edo jabari publikoarekin duten loturagatik, kontserbatu edo berreskuratu behar diren elementuen identifikazioa eta katalogoa, bidezkoak diren babes neurriekin batera.
k) Banaketa-eremuen mugaketa eta sistema orokorren haiekiko atxikipena, kasua bada, eta haien eredu-aprobetxamendua eta planeamenduko homogeneizatzeko koefizienteak.
l) Urbanizazioen eta eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa lortzeko zehaztapenak, 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauari jarraituz, eta helburu horiek errazteko neurriak.
m) Berrikuntza-, berroneratze- eta birgaitze-arloak definitzea, bai eta hiri-lurzoruan jarduketak garatzeko oinarrizko irizpideak ere.
Letra berria) Minusbaliotasun organiko edo zirkunstantzial bat jasaten duten pertsonei oro har erabilera publikorako eremu libreen, kaleen, eraikinen, lokalen eta garraiobideen irisgarritasuna eta erabilera bermatzen dieten determinazioak, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko araudiak ezarritako xedapenei jarraikiz.
50. artikulua. Antolatutako lurraldea sektoreka banaturik.
1. Antolamenduaren xede den lurralde esparrua sektoreka banatzen duen determinazioaren helburua da behar adinako neurria duten espazio-unitateak zehaztea, azterketarako eta hirigintzako antolamendu egituratzailerako. Sektore bakoitzak oinarrizko bi eginkizun ditu, zehaztapena egiterakoan kontuan hartu beharrekoak:
a) Antolamendu egituratzailerako oinarrizko baldintzak eta hirigintzako antolamendu xehekatua garatzeko irizpideak ezartzeko erabiltzen den espazio-esparrua izatea.
b) Antolamendu xehekatua plan partzialaren edo plan bereziaren bidez garatzeko lurralde esparrua izatea, hala behar denean. Antolamendu xehekatua lehendik ezarrita dagoen lurzoruetan ere zehaztu beharko dira dagozkien sektoreak, eta horiek izanen dira gero egiten den edozein aldaketa justifikatzeko aipatu beharko den erreferentzia.
2. Sektore bakoitza zehaztu beharko da, hirigintzaren ikuspegitik, irizpide koherenteei jarraikiz, hala sektorearen beraren barrenean nola hiriguneari eta udalerri osoari begira. Horretarako, ahal dela, haien arteko banaketa-lerroak bat etorriko dira lurraldearen edo antolamenduaren errealitatea egituratzen duten elementuekin.
3. Hirigintzako sailkapen desberdineko lurzoruak eta/edo, horien barrenean, erabilera orokor desberdinak hartzen dituzten sektoreetan, azpisektoreak egin beharko dira, etxebizitzari edo ekipamendu eta zerbitzu-guneei buruzko determinazioak, foru lege honetako 52 eta 53. artikuluetan aipatzen direnak, egiaztatu ahal izateko.
51. artikulua. Udal plan orokorra garatzeko irizpideak.
1. Udal plan orokorraren helburua izanen da udalerriko biztanleen bizi kalitatea hobetzea eta lurraldearen eta hiriaren garapen iraunkorra lortzea Horretarako, bere neurriak proposatuko ditu eta beste politika batzuekin lankidetzan ariko da honako arazoak saihesteko: espazio publikoak gutxiegi edo desegokiak izatea, minusbaliotasunak dauzkaten pertsonen irisgarritasunerako ekipamendu gabezia. Era berean, honakoak lortzen ere saiatuko da: energia kontsumo txikiagoa, eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa. Eta honakoak saihesten ere bai: garraio publikoaren gabeziak, kultur ondarearen eta naturguneen kaltetzea, zarata, airearen, uraren edo paisaiaren hondatzea, zikinkeria, eta jendea deserrotzea, zokoratzea edo baztertzea.
Udal plan orokorrak foru lege honen atariko tituluan aipaturiko helburu eta printzipioei erantzunen die, eta ondoko helburuak izanen ditu: lurralde-antolamendurako estrategia eta eredu bat definitzea, udalerriaren lurralde- eta hiri-garapen iraunkorraren printzipioak betetzea eta bizi kalitatea hobetzea.
2. Udal plan orokorrak bere araudian sartuko dituen zehaztapenek ziurtatu beharko dute lehendik dauden hiri-sareen iraupena eta hobekuntza, hiri-berroneratze eta -berritzea eta kultur ondarearen babesa, bereziki bere hirigune historikoena, bai eta azalera berriekiko lotura egokia ere.
3. Horretaz gain, udal plan orokorraren helburua izanen da konponbidea ematea lurzoru beharrei, etxebizitzetarako, zuzkiduretarako nahiz jarduera ekonomikoetarako, eta proposatzen den hirigintza-garapenaren eredurako justifikazio beharrei. Horretarako, justifikatuko du ezen mugatzen dituen hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarrien ondorioz ateratzen den hazkundearen tamaina egokia dela bere hiri-bilbeak osatzeko eta proposatutako hirigintza-ereduari eta aurreikus daitekeen lurzoru-eskaerari erantzuteko, eta garapen horietarako hautatzen dituen lurzoruak, aukeran daudenen artean, aproposak edo komenigarriak direla.
4. Udal plan orokorrak lurzoru urbanizagarriko sektore edo azpi-sektore bakoitzaren gehieneko eraikigarritasuna eta erabilera orokorrak zehaztuko ditu, bai eta, kasua bada, hiri-lurzoruko jarduketak garatzeko oinarrizko irizpideak ere.
5. Udal plan orokorrak aurreikusiko ditu bere populazioaren zerbitzurako egokiak izanen diren sistema orokorrak eta toki-sistemak, eta bereziki espazio libreak eta berdeguneak, osasun ekipamenduak eta hezkuntza nahiz gizarte ongizatekoak, bai eta gizarte eta kultur alorreko, kirolerako eta ingurumenari lotutako ekipamenduak ere, eta eman behar duten zerbitzuarekin hobekien egokitzen diren lekuetan kokatuko ditu.
6. Halaber, udal plan orokorrak aurreikusi eta justifikatu beharko du egokiak direla bide-sare orokorrarekin ezarritako loturak, eta aski direla lehendik dauden edo gerora proposatu diren hirigintza-azpiegitura eta zerbitzuak.
7. Udal plan orokorrak, bere zehaztapenen artean, kudeaketari eta emaitzari buruzko adierazleen sistema bat jaso beharko du, planaren jarraipena eta ebaluazioa bideratze aldera.
8. Udal plan orokorrak lurzoru urbanizaezinaren lurralde-antolaketa bat planteatuko du, lurralde-kapitalaren aprobetxamendu adimentsua lortzeko. Horretarako, paisaia-irizpideekin mugatuko dira antolamendu-sektoreak, foru lege honen 49.2 artikuluko b) letran aurreikusitakoari jarraituz. Antolamendu-proposamenak sektore bakoitzaren zehaztapenak banakatuko ditu, beren balio partikularren, inguruabarren eta lurralde-helburuen arabera, udalak daukan lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduaren esparruan.
Eragin horietarako, antolamendu-proposamenak aintzat hartuko ditu lurraldearen antolamendurako planen zehaztapen guztiak, bai eta lehendik dauden azpiegiturak, eraikinak, erabilerak eta jarduerak ere, haien aprobetxamendu iraunkorra –eta lurzoru urbanizaezinaren babesarekin eta zainketarekin bateragarria– lortzeko.
Antolamendu-proposamenen horien esparruan, plan orokorrak lehendik dauden legezko eraikin eta instalazioen erabileraren edozein aldaketa aurreikusi ahalko du, baldin eta baldintza hauek betetzen badira: enplegua sortzeko jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, azpiegitura berrien zuzkidura behar ez izatea eta ingurumenaren, paisaiaren eta ondarearen egoera hobetzea.
51.bis artikulua. Garapen iraunkorrari buruzko zehaztapenak.
Hirigintza-planeamendu orokorrak honako helburuak izanen ditu:
1. Dauden hiriguneen hazkunde konpaktua sustatzea. Horretarako:
a) Hiri-hazkundea orientatuko da egun dauden hiri-bilbeak osatzera, lehentasuna emanez guneen hedapen ez-jarraituko edo kanpoko hedapeneko prozesuei.
b) Lehentasuna emanen zaio lehendik dauden hiriguneen finkapenari, eraikinen birgaitze-jarduketak eta hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketak planifikatuz, betiere arreta berezia eskainiz hiri-espazio zaurgarriei, hiri-bilbean txertatutako eremu hutsak berreskuratzeari eta abandonatutako edo azpi-erabilitako higiezinen berrerabilpenari.
2. Efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak diseinatzea. Horretarako, honakoak sustatuko dira:
a) Energia berriztagarri teknikoki eta ekonomikoki bideragarrien erabilpena eta alderdi bioklimatikoen tratamendu zuzena, bai eta eremu publikoak kostu txikiarekin hobetzea ere, lehentasuna emanez tokiko landaredia erabiltzeari eta aurrezpen-estrategiak ezarriz ureztaketaren eta mantentze-lanen arloetan.
b) Energia berriztagarrien instalazioak sartzea, eta, horrela, energia ez-berriztagarrien iturrien inpaktua orekatzea.
c) Eraikin berrietan, ahaleginak eginen dira orientazio egokia lortzeko, eguzki-orduen eragina eta haizeen erregimena bezalako faktore naturalen onurak hartzeko.
d) Eraikinen birgaitze-jarduketetan eta hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketetan, eraikinetako ingurakaria hobetzeko esku-hartzeak sustatuko dira, energiaren eskakizuna gutxitzeko; energia-hobekuntzako obrak egitetik heldu diren bolumenen edo azalera eraikiaren handitzeak ez dira kontuan hartuko parametro horiei aplikatzekoak zaizkien gehieneko mugei dagokienez.
3. Mugikortasun iraunkorrari buruzko zehaztapenak ezartzea. Horretarako:
Hirigintza-planeamendu orokorrak mugikortasun iraunkorreko politikak ezarriko ditu, honakoak integratuz: oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun-irizpideak, bide-segurtasunaren kontzeptua kaleen eta espazio publikoen diseinuan, eta herritarrek garraio publiko eta kolektibora eta inpaktu txikiko gainerako garraio-sistemetara erraz iristeko modua izatea.
4. Irisgarritasuna hobetzea; horretarako:
a) Hirigintza-planeamendu orokorrean ahaleginak eginen dira eraikin eta espazio publikoen irisgarritasuna hobetzeko, arkitektura-oztopoak kenduz eta igogailuak, aparkaleku egokituak eta bestelako zerbitzu komunak jarriz.
b) Jabari publikoko azalerak, espazio libreak edo bestelako zuzkidura publikoak okupatzea ezinbestekoa baldin bada igogailuak, aparkaleku egokituak edo bestelako zerbitzu komunak jartzeko –legez exijitzekoak diren zerbitzu komunak nahiz eraikinen birgaitze-jarduketetan edo hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketetan aurreikusita daudenak–, deklaratzen da okupatu behar hori nahikoa arrazoi dela okupatzen denaren sailkapena eta kalifikazioa aldatzeko, bai eta, behar izanez gero, desatxiki eta jabeen erkidegoari besterentzeko, edo, kasua bada, erkidegoen batasunari, sortzen diren espazio publikoen funtzionaltasuna segurtatzen bada betiere.
c) Eraikigarritasunaren, altueraren edo gutxieneko distantzien mugei dagokienez, ez da kontuan hartuko zenbateko lurzorua, lur azpia eta bueloa hartzen duten igogailuek, aparkaleku egokituek edo irisgarritasunarekin nahiz oztopoak kentzearekin zerikusia duten jarduketek –jarduketa horiek legez exijitzekoak izan nahiz eraikinen birgaitze-jarduketetan edo hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketetan aurreikusita egon–.
5. Paisaiaren babesa bultzatzea.
Pasaia babesteko helburuz, hirigintza-planeamendu orokorrak honako alderdiak jasoko ditu:
a) Beren garrantziarengatik edo berezitasunarengatik babestu beharrekoak diren guneak identifikatzea.
b) Paisaiaren babes estentsibo eta ez-murriztailea bermatzen duten irizpideak ezartzea.
c) Beren gizatiartze historikoaren ezaugarri diren balio naturalen edo bereizgarrien nahaste larriaren ondorioz, paisaiaren aldetik lehengoratu beharko liratekeen tokiak eta guneak identifikatzea.
51.ter artikulua. Mugikortasun iraunkorra.
Hirigintza-planeamenduak mugikortasun eta hirigintza iraunkorra sustatuko ditu, herritarren joan-etorri beharrak gutxitzeko eta garraio publikoaren erabilera eta efizientzia bideratzeko. Horretarako:
a) Garapeneko estrategiak aplikatuko dira, garraioari begira; honakoak, besteak beste:
Lehena. Hiri-azpiegituretako inbertsioetan lehentasuna emanen zaie garraio publikoko sistemak ezartzeari eta hobetzeari.
Bigarrena. Urbanizatzeko eta bide publikoak diseinatzeko irizpideei dagokienez, garraio publikoa eta motorrik gabeko garraio-moduak, bereziki oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak, erraztuko dira.
Hirugarrena. Hiriko periferiako disuasio-aparkalekuak sustatuko dira, garraio publikorako sarbidearekin. Haien gutxienekoak erregelamendu bidez zehaztuko dira udalerri mota bakoitzerako.
b) Udalek hirigintza-planeamenduaren eta garraioaren plangintzaren arteko koordinazioa bermatuko dute.
Bereziki, hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan antolamendua ezarriko duten planeamendu-tresnek sortutako mugikortasunari buruzko azterlan bat eduki beharko dute, eta hartan ebaluatuko da bideragarria ote den iraunkortasunaren ikuspuntutik kudeatzea herritarren eta salgaien mugimendua, sektorearen garapenetik heldutakoa, betiere honakoak aztertuz: garraio publikoaren aukerak, bide-sarearen gaitasuna eta funtzionaltasuna eta ordezko garraiobideak.
Lurzoru urbanizagarrietan, gainera, sustatzaileek beren gain hartu beharko dituzte bide publikoen sistema orokorrak eta tokiko sistemak zabaltzetik edo sendotzetik heldutako kargak, aurreko gaitasunari eta funtzionaltasunari eustea bermatzeko beharrezkoak direnak.
52. artikulua. Etxebizitzari buruzko determinazioak.
1. Udal plan orokorretan behar diren determinazioak sartu beharko dira, ziurtatzeko ezen, planeamenduaren behin betiko onespenetik hasi eta bederen zortzi urteko epe baterako aurreikusitako bizitegi-ahalmen berriaren 100eko 50, gutxienez, babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak eraikitzeko izan dadin. Ehuneko hori 70era igoko da Iruñerriko udalez gaindiko planeamenduaren eremuan sartuta dauden udalerrien udal plan orokorretan. Aurrekoa gorabehera, urbanizazio jarduketa bat objektiboki bidegabe dela justifikatzen bada, bizitegi-ahalmena 100eko 50era jaisten ahalko da.
Etxebizitzetarako erabilera horien finkapena zehaztu beharko da antolamendu egituratzailetik aterako den sektorizazioan, eta horri eutsi beharko zaio, gutxienekotzat harturik, udal planeamenduaren geroagoko aldaketetan. Lurzoruaren antolamendu xehekatua ezarriko duen planeamenduak edo hirigintza-kudeaketako tresnek finkatuko dute kasu bakoitzean zein diren etxebizitzetarako erabilera horiei atxikitzen zaizkien lurzatiak.
2. Antolamendu berrian aurreikusten diren 10.000 biztanletik beherako udaletan, Iruñerriko udalez gaindiko planeamenduaren eremuaren barrenean sartutakoez bestelakoetan, behar bezala justifikatzen badute ez dela komeni aurreikuspen horiek gauzatzea, etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariaren baimena lortzen ahalko dute, beharkizun hori murriztu edo kentzeko.
Halaber, proposatutako aldaketak 20 etxebizitza edo gutxiago gehikuntza egitea aurreikusten badu eta hiri-lurzoru finkatuetan eraikitzeko asmoa badago, udalek etxebizitza babestuaren gutxieneko estandarraren beharkizuna murriztu edo kentzeko baimena lortzen ahalko dute etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentutik.
3. Lurzoru urbanizagarrien etxebizitzetarako eraikigarritasunaren edozein igoeratan, aurrez indarrean zegoen planeamenduaren aldean, hura aldatzeko edo berraztertzeko prozesuen bitartez, nahitaez aurreikusi beharko da etxebizitza babestuaren gutxieneko estandarraren betetzea.
4. Artikulu honetan zehaztu den etxebizitza babestuen gutxieneko estandarraren barreneko banaketan, etxebizitza guztien 100eko 70 gutxienez babes ofizialekoak izanen dira.
5.(kenduta)
6. Etxebizitza babestuaren gutxieneko estandarra betetzeari dagokionez, eskualde edo banaketa-eremu edo exekuzio-unitate berean edo beste batzuetan bermatu behar da, betiere portzentaje hori bermatzen duten zehaztapenak onestearen beharkizuna etxebizitza librearena baino lehen edo aldi berean betetzen bada. Horretarako, beharrezkoa da aurreikustea, gutxienez, sektoreen mugaketari dagokiona, gehienezko etxebizitza-kopurua, aprobetxamendu tipoa, tipologia bakoitzari esleitutako aprobetxamendua eta homogeneizazio-koefizienteak. Gainera, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak zilegi du etxebizitza babestuaren antolamenduaren bideragarritasun ekonomikoaren azterlan edo analisia eskatzea, hura onesteko aurretiazko baldintza gisa.
Aurreko lerrokadan xedatua ez da aplikatuko baldin eta ekipamenduetarako erabilerak etxebizitzetarako erabilera bihurtu nahi badira. Kasu horretan, etxebizitza babestuen eta ekipamenduen nahitaezko gutxieneko portzentajearen estandarrak gauzatu beharko dira, lehentasunez, bihurtze horren esparruan bertan, salbu eta toki-planeamenduak, espresuki eta modu arrazoituan, bestelako bide batzuk baimentzen baditu etxebizitza babestuen portzentajea lerrokada horretan ezarritakoaren arabera bermatzeko. Kasu horretan, behar adina justifikatu beharko da, hirigintzaren antolamendu eta kudeaketari dagozkien arrazoietan oinarrituz, ekipamenduetarako erabileren ezabaketa, lekualdaketa edo ordezpena, bai eta hori bateragarri izatea dotazioek eta ekipamenduek biztanle guztientzat eman beharreko zerbitzuak mantentzearekin.
Horretarako, ukituriko alderdiek eta jarduten duten administrazio publiko guztiek hirigintza hitzarmen bat eginen dute, planeamenduari eta kudeaketari buruzkoa, betiere foru lege honetako 23. artikulutik 26.era bitartekoek ezarritakoari jarraikiz. Hirigintza hitzarmen horretan betiere zehaztuko da nola bermatuko den aurreko betekizun horiek beteko direla; hain zuzen, etxebizitza babestuen nahitaezko gutxieneko portzentajeari buruzkoak eta dotazioak eta ekipamendua mantentzeari buruzkoak. Orobat zehaztuko da nola bermatuko den erkidegoak behar bezala parte hartzea sorturiko gainbalioetan, zeinak atxikiko baitira zerbitzu eta dotazio publiko berriek eragindako kostuei aurre egitera.
7. Planeamenduan lehenago aurreikusitako etxebizitza-edukiera handitzen den hiri lurzoru finkatuetako etxebizitza babestuen gutxieneko portzentajea finkatzeari buruzko zehaztapenak ez dira egituratzailetzat hartzen eta, ondorioz, garapen-planeamenduan sartzen ahal dira.
8. (kenduta)
53. artikulua. Ekipamendu eta zerbitzuetarako tokiei buruzko zehaztapenak.
1. Planeamenduko tresna jakin batek zehaztuko du, orokorrean eta gutxienekoak ezarriz, zein espazio erabiliko den komunitate-ekipamenduetarako, parke, lorategi eta espazio publiko berezietarako, hiriko ura arazteko instalazioetarako eta populazioarentzat behar diren zerbitzuak bermatzeko behar diren gainerako azpiegituretarako.
2. Ekipamendu eta azpiegitura kategoria eta mota bakoitzerako, planeamenduak kalkulatuko ditu populazio osoarentzat behar diren erreserbak, antolamenduaren gehieneko ahalmenean oinarrituz, elementu bakoitzaren hierarkia edo zerbitzu-mailaren arabera bereiziz, eta zerbitzu publikoen dagokien sarean artikulaturik daudela joz. Bereizketa hori zehaztuko da bakoitzaren kalifikazioan, sistema orokorrak diren edo zerbitzu-maila tokikoa duten bestelakoak diren.
3. Udal plan orokorrak zehaztu beharko du udalerri bakoitzeko zuzkidura publikoen sarea, parke, lorategi, berdegune, kirol eremu eta josteta guneez osatua, udalerriko hiri-sektoreetan eta urbanizagarrietan behar bezala banaturik, zerbitzuaren eta osagarritasunaren arteko orekarik handiena bermatzeko. Zuzkidura publikoen sare hori osatzen duten lurrek jabari eta erabilera publikokoak izan beharko dute, deusetan ukatu gabe partikularrekin finkatzen diren formula hitzartuak, haien mantentze-lan eta kontserbaziorako. Zuzkidura mota honetarako moduluak honako hauek izanen dira:
a) Sistema orokor gisa, espazio libre publikoetarako erreserbak zehaztu beharko dira, eta azalera bateratu erabilgarria ez da izanen biztanleko bost metro koadrokoa edo etxebizitzetarako eraikitako 100 metro koadroko hamabost metro koadrokoa baino txikiagoa, hiri-lurzoruen eta lurzoru urbanizagarrien guztirako gehieneko ahalmenaren arabera neurturik. 500 biztanlera iristen ez diren populazio guneek ez dute beharkizun hau bete beharko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hala erabakita.
b) Etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarria duten sektore guztietan, toki-zuzkidura gisa eta, beraz, bere barrenean sartzen diren sistema orokorreko elementuak edozein direla ere, zehaztu beharko dira zuzkidura publikoetarako lur erreserbak, eta haien azalera ez da izanen 50 metro koadrokoa baino txikiagoa etxebizitzetarako eraikitako 115 metro koadroko. Berdeguneetarako eta espazio libreetarako baizik erabiliko ez den erreserba horren azalera ez da inola ere izanen 20 metro koadrokoa baino txikiagoa eraikitako 100 metro koadro bakoitzeko, ez eta sektorearen azalera osoaren %10ekoa baino txikiagoa ere, azalera horretan kontuan hartu gabe bertan sartutako sistema orokorrak. Lagapen horiek txikiagoak izan ahalko dira 500 biztanletik beherako populazioguneetan, horretarako arrazoiak ematen badira. Udal plan orokorra onetsi ondoren egin daitezkeen lurzoru-hedapenek erreserben gutxieneko proportzio horri eutsi beharko diote.
c) Industrialdeetan edo zerbitzu-poligonoetan, sektorearen %10 gutxienez berdegune handietarako erabiliko da. Berdegune horiek antolamendu osoarekin bat datozela kokatuko dira, eta ahal dela ez dira jarriko bazter-lurretan edo sobran gelditutako eremuetan.
Antolamendu xehakatua ezartzen duen planeamenduak modu justifikatuan finkatuko du azaleratik zenbat erabiliko den lurzoru urbanizagarriko edo/eta erabilera industrialeko edo zerbitzuetako erabilerako hiri-lurzoru finkatu gabeko ekipamendu anitzerako.
4. Lurzoru urbanizagarrian edo/eta etxebizitzetarako hiri-lurzoru finkatu gabean, ibilgailuentzako aparkalekuen aurreikuspenean, gutxienez, bi plaza jarriko dira sestra gaineko edozein erabileratarako eraikinaren 100 metro koadro bakoitzeko, eraikin kolektiboetan, edo etxebizitza bakoitzeko 3 plaza familia bakarreko eraikien sektoreetan, garajeetarako tokia kenduz; erabilera publikoko espazioetan, gutxienez 0,5 plaza jarriko dira etxebizitza bakoitzeko, eta 0,5 plaza, halaber, merkataritzako eta hirugarren sektoreko erabileretako 100 metro koadro bakoitzeko. Sektore edo unitatearen testuingurua eta hirigintza-tipologia kontuan hartuta, eta batez ere inguruan garraio publikoak duen egoera eta perspektibak, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak erabaki ahalko du espazio publikoan ezarri beharreko toki kopuru zehatza, arestian ezarritakoa baino handiagoa edo txikiagoa. Horretarako, ezinbesteko baldintza izanen da mugikortasunari buruzko azterlan bat egitea, administrazio eskudunak ezarritako irizpideen araberakoa.
Lurzoru urbanizagarri eta/edo industriarako edo zerbitzuetarako hiri-lurzoru finkatu gabean, ibilgailuentzako aparkalekuen aurreikuspena egiteko, kontuan hartuko da zer tipologia duten lurzatiek eta zer jarduera ezartzea aurreikusten den lurzoru horietan. Saltoki handien kasuan, aparkaleku-kopurua zehazteko orduan, kontuan hartu beharko da bertan biltzen diren mota desberdineko jardueren funtzionamendu konbinatua, hain zuzen aldi bereko erabilera bere unerik gorenean dagoenean. Azalerako aparkalekurako erabiltzen diren lursailek edo eraikinen barruan aparkalekurako erabiltzen den azalera eraikigarriak ez dute zuzkidura publikoen erreserbarik sortuko.
Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, aparkalekuetarako modulu orokorrak ezarri ahalko ditu, kontuan harturik industriako edo zerbitzuetako tipologia desberdinak eta hirigintzako antolamenduan jasotzen diren erabilera zehatzek sortzen dituzten beharrak.
5. Hezkuntza edo osasun ekipamendurako azalera kasu bakoitzean zehaztuko da, Foru Komunitateko Administrazioaren hezkuntza edo osasun politikaren beharren arabera, dagokien organoek egindako txostenaren bidez, udal plan orokorraren behin-behineko onespena baino lehen.
6. Lurzoru urbanizagarriko sektoreetan, nagusiki etxebizitzetarako erabiltzen direnetan, planeamenduak lur erreserba bat zehaztu beharko du udalez gaindiko ekipamenduaren izaerarekin; erreserba horrek 3 metro koadroko azalera izan beharko du, gutxienez, etxebizitzetarako eraikitako 100 metro koadroko, orube izaerakoa; erreserba hori babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko edo bestelako etxebizitza-erabileretarako kalifikatuko da. Lur horiei esleituko zaien eraikigarritasuna ez da izanen, guztira, sektoreak osotara duen eraikigarritasunaren %7tik beherakoa. Lurzati horietan, eraikinen hirigintza-baldintzak inguruko lurzatietakoek dituztenen antzekoak izan beharko dira. Lurzati horietako eraikigarritasuna ez da kontuan hartuko udalari egin beharreko aprobetxamenduaren esleipena kalkulatzeko, eta ez da gainerakoarekin batuko sektorearen gehieneko aprobetxamendua kalkulatzeko; horrez gain, ez du zuzkidura publikoetarako erreserbarik sortuko.
Idatz-zati honetan aurreikusitako erreserbaren ondorioz eratzen den lurzatiaren azalera 300 metro koadrokoa edo txikiagoa baldin bada, kokatuta dagoen udalerriaren ondarean sartuko da, eta ekipamendu publikoetarako erabili beharko du udal horrek.
7. Zuzkidura-jarduketak nahiz urbanizazioa berritzeko edo erreformatzeko jarduketak aurreikusten diren hiri-lurzorurako, artikulu honetan aurreikusitako zehaztapenek izaera orokorra dute eta nahitaezko erreferentzia izanen dira, baina horien garapenerako planeamenduko tresnek doitu egin ahalko dituzte zehaztapenok jarduketa-esparruaren arabera, modu arrazoituan eta ponderatuan, detektatzen diren beharrizan kolektiboei erreparatuta eta, betiere, hiri-kalitate funtzionalaren irizpideei erantzunez.
54. artikulua. Hirigintza-antolamenduko tresnen ebaluazioa.
Hirigintza-antolamenduko tresnak ingurumen-ebaluazioaren izapideen pean jarriko dira, aplikatzekoa den ingurumen-legediak hori xedatzen duenean.
2. atala. Udal plan orokorra
55. artikulua. Xedea.
1. Araubide integratu eta orokor batez baliatuz, udal plan orokorra udalerri oso baten hirigintza antolamendua ezartzeko erabiltzen den oinarrizko tresna da.
2. Udal plan orokorraren xedea da lurraldea okupatzeko udal estrategia eta eredu bat definitzea eta udalerri osoarentzako antolamendu egituratzailea ezartzea, sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarrien sailean sartutako lurretan izan ezik, horietan kasu eginen baitzaie 42. artikuluko 2. idatz-zatiko d) letran aipatzen diren determinazio egituratzaileei.
3. Udal plan orokorrak antolamendu xehakatua ezarriko du hiri-lurzoru finkatu guztian, eta hiri-lurzoru finkatu gabearen eta lurzoru urbanizagarriaren antolamendu xehakaturako irizpide orokorrak finkatuko ditu. 500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, planak udalerriko hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri guztiaren antolamendu xehakatua ezarri ahalko du, lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduan hala ezarri baldin bada.
56. artikulua. Udal plan orokorra.
1. Udal plan orokora honako hauek osatuko dute:
a) Lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua.
b) Udaleko Hirigintza plana.
2. Lurraldea okupatzeko udaleko estrategia eta eredua izanen dira udaleko hirigintza plana formulatu aurrekoak, eta haien bidez definituko dira udala garatzeko estrategia, bere lehentasunak, hazkuntza-eredua, baliabideen aprobetxamendua eta puntu ahulen gainditzea. Xedetzat izanen dute bermea ematea lurraldea okupatzeko udal-eredua haren esparruko lurralde-antolamenduko ereduari egokitzeko, zeina indarreko lurralde-antolamenduko tresnek definitua baita, bai eta Foru Komunitateko lurralde- eta ingurumen-politiken bitartez ere.
3. Udaleko hirigintza plana da udalerriko lurzoruaren antolamendu eta araubideari dagozkion gaiak definitzen dituen hirigintza-dokumentua.
4. Estrategiaren dokumentazioak honakoak jasoko ditu:
a) Udalerriko lurraldearen azterketa eta diagnosia, zeinak gutxienez ere azterlan bat jasoko baitu ingurune fisikoari, paisaiari, dauden azpiegitura eta zerbitzuei, mugikortasunari eta ondareari buruz. Halaber, azterlan demografiko bat, jarduera ekonomikoaren azterlan bat eta etxebizitza- eta zuzkidura-beharren azterlan bat jasoko ditu.
b) Indarreko planeamenduaren bilakaera eta betetze-maila.
c) Udalerriaren lurralde- eta ingurumen-helburuak.
d) Udalerria garatzeko estrategiak, hazkunde eredua eta antolamendurako aukerak, alde onak eta txarrak adierazita, bai eta ereduaren iraunkortasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren justifikazio bat ere.
e) Lurralde-antolamendurako eredua, zeinak frogatu beharko baitu lurraldea antolatzeko indarreko tresnei egokitzen zaiela.
f) Antolamendu egituratzailearen eskema, eta proposaturiko ereduaren kuantifikazioa.
g) Parte-hartze sozialeko prozesuaren ondorioak.
5. Udaleko hirigintza-planetako zehaztapenak honako dokumentu hauetan garatuko dira:
a) Oroitidazkia. Gutxienez ere, barnean hartuko ditu hirigintza-informazioaren azterketa eta konklusioak, udal plan orokorraren helburu zehatzak, proposaturiko hiri-eredu iraunkorraren eta zehaztapen egituratzaileen azalpena, etxebizitzaren eta zuzkiduren arloko proposamenen justifikazioa, jarduera ekonomikoetarako eremua, egintza eta ekipamenduak, garraioa eta kaleak, minusbaliotasunak dauzkaten pertsonen ibilgarritasunari buruzko proposamenak, eraginkortasun eta efizientzia energetikoa, bai eta planaren inpaktu sozialaren balorazioa.
b) Lurraldearen gaineko eragina, ingurumen-kalteak eta horiek zuzendu edo minimizatzeko bitartekoak; eta, legeak behartzen duenean, ingurumen-inpaktuaren azterketa.
c) Planoak, informaziokoak, lurraldearen antolamendukoak eta hirigunearenak, elementu egituratzaileen definizio espresarekin.
d) Udal plan orokorraren araudia, non zehaztapen egituratzaileei buruzko artikulu bat sartuko baita.
e) Udal plan orokorra garatu eta gauzatzeko programa.
f) Bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia; alegia, planean aurreikusitako hirigintza-eragiketen bideragarritasun ekonomikoaren justifikazioa eta ogasun publikoetan duen inpaktua.
g) Kudeaketari, iraunkortasunari eta emaitzari buruzko adierazleen sistema, ebaluazioa ezagutzeko planaren jarraipen txostena egiteko.
h) Dokumentuaren laburpen exekutiboa, non adieraziko baita proiektutako antolamenduak zer esparrutan aldatzen duen indarrean dagoena –kokapen-plano bat eta aldaketaren norainokoa jasoko ditu–; eta, kasua bada, proposamen bat zehaztuko duena zer esparrutan izanen den bidezkoa lizentziak etetea plana izapidetzen den bitartean.
57. artikulua. Hiru mila biztanle edo gutxiago dituzten udalerrientzako udal plan orokorra.
1. Udal plan orokorrak honakoak izanen ditu osagai:
a) Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua.
b) Udalaren hirigintza-plana.
2. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua oroitidazki batek osaturik egonen da, non modu sinplifikatuan bilduko baitira aurreko artikuluko 2. idatz-zatian jasotako gaiak.
3. Udalaren hirigintza-planak honako dokumentazioa jaso beharko du:
a) Aurreko artikuluko 5. idatz-zatian deskribatutako edukiak, modu sinplean azalduta, jasoko duen oroitidazkia.
b) Lurraldearen gaineko eragina, ingurumen-kalteak eta horiek zuzendu edo minimizatzeko bitartekoak; eta, legeak behartzen duenean, ingurumen-inpaktuaren azterketa.
c) Planoak, informaziokoak, lurraldearen antolamendukoak eta hirigunearenak, elementu egituratzaileen definizio espresarekin.
d) Udal plan orokorraren araudia, non zehaztapen egituratzaileei buruzko artikulu bat sartuko baita.
e) Udal plan orokorra garatu eta gauzatzeko programa.
f) Iraunkortasun ekonomikoari buruzko txostena edo oroitidazkia.
58. artikulua (kenduta)
3. atala. Garapenerako planeamendua
59. artikulua. (kenduta).
60. artikulua. Plan partzialak.
1. Plan partzialak hirigintza-planeamenduko tresnak dira, eta honako xede hauek dituzte:
a) Hiri-lurzoru finkatu gabeko sektore batean, antolamendu xehakatua ezartzea, edo bestela aldatu edo osatu udal plan orokorrak lehendik ezarri duena, halakorik baldin bada.
b) Lurzoru urbanizagarriko sektore batean, antolamendu xehakatua ezartzea, edo bestela aldatu edo osatu udal plan orokorrak lehendik ezarri duena.
2. Ezin izanen da plan partzialik onetsi, aldez aurretik edo aldi berean behin betiko onetsi edo onesten ez bada udal plan orokorra.
3. Plan partzialek ezin izanen dute inoiz ere aldatu udal plan orokorrean, salbu eta haiek garatzen duten sektorearen mugaketa, haren antolamendua eta exekuzioa hobetzen duten azalera-doikuntzen bidez egindakoa, betiere esparruaren %3tik gorako azalera-diferentzia eragiten ez badute, eta, kasua bada, dagokion lurzoruaren sailkapena aldatuz. Dena dela, plan partzialek aldatu ahalko dituzte udal plan orokorrak sektorerako ezarritako antolamendu xehakatuko zehaztapen guztiak, baldin eta plan partzial horiek justifikatzen badute koherenteak direla udal plan orokorreko antolamendu egituratzailearekin.
4. Plan partzialek antolamendu xehakatuko zehaztapenak ezarriko dituzte, foru lege honen 49. artikuluan xedatutakoaren arabera, aukera emanez exekuzio zuzena gauzatzeko, geroagoko garapen planeamenduen beharrik izan gabe.
5. Honako dokumentazio hau biltzen da plan partzialetan: oroitidazkia, informazio eta antolamendu planoak, katastrokoa barne, antolamendu xehakatuko zehaztapenak, udal plan orokorrean ezarritakoak aldatzen dituztenak bereziki aipatuta, eta bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia, gehi erregelamendu bidez ezartzen ahal diren beste dokumentu batzuk.
61. artikulua. Plan bereziak.
1. Oro har, plan bereziek xede gisa izaten dute lurzoru-mota edo kategoria guztiak direla-eta, zuzenean garatzen ahalko dituzte udal plan orokorretan biltzen diren antolamendu egituratzaileko zehaztapenak, bai eta haien antolamendu xehakatua ezarri, aldatu edo osatu ere, honako helburu hauek lortzeko asmoz:
a) Udal plan orokorrean definitutako sistema orokorren antolamendua.
b) Beren balio naturalengatik edo paisaia- nahiz kultura-balioengatik, edo jabari publikoarekin daukaten loturarengatik, kontserbatu edo lehengoratu behar diren esparruen antolamendua eta babesa.
c) Lurzoru urbanizaezinean erabilerak eta jarduerak antolatzea, haien dimentsioak edo konplexutasunak hala eskatzen duenean, landa-inguruneak modu egokian txerta daitezen.
d) Erabilera publikoko eremu libreen, kaleen, eraikinen, lokalen eta garraiobideen irisgarritasuna hobetzea, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko araudiak ezarritako xedapenei jarraikiz.
e) Gisa bertsuko beste edozein helburu.
2. Hiri-jarduketarako plan bereziek helburu dute hiri-lurzoruan garatzea udal plan orokorrak ezarritako zehaztapenak, edo, bestela, modu justifikatuan, haiek zuzenean aldatu edo ezartzea, honako helburuekin:
a) Eraikuntza-jarduketak arautzea.
b) Zuzkidura-jarduketak arautzea.
c) Urbanizazioaren erreforma- edo berrikuntza-jarduketak arautzea.
3. Hiri-jarduketako plan bereziek izaera integratuko berroneratze- nahiz berrikuntza-jarduketak dakartzatenean, urbanizatze berriko jarduketak arautzera ere iritsi ahalko dira, lurzoru urbanizaezinen birsailkapenaren bidez, beharrezkoak direnean hirigintza-zuzkidura publikoak eta azpiegiturak kokatzeko, esparru osoaren azaleraren %10era arte, gehienez, hartuta.
4. Oro har, plan bereziek beren izaerarako eta xederako beharrezkoak eta egokiak diren zehaztapenak jasoko dituzte, horren barne dela haien komenentziaren beraren justifikazioa bera, bai eta haiek lurraldearen antolamendurako tresnen araberakoak eta udalaren lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduaren araberakoak izatearen justifikazioa ere. Halaber, beren berariazko edukiei egokitutako azterlan, arau eta planoen bidez formalizatuko dira.
5. Hiri-jarduketako plan bereziek, gainera, honakoak izanen dituzte:
a) Gauzatzen dituzten jarduketa-moten zehaztapena eta justifikazioa.
b) Foru lege honen 56.5 f) artikuluan aurreikusitako bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia.
61.bis artikulua. Birgaitze-jarduketak eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketak.
1. Foru lege honetan xedatuaren eraginetarako, honako definizioak hartuko dira aintzat:
a) Eraikinen birgaitze-jarduketak: eraikinen birgaitzeak, haien instalazioak eta haiekin lotutako espazio pribatiboak barne, funtzionaltasun, segurtasun, irisgarritasun eta bizigarritasuneko oinarrizko baldintzen eskasiako nahiz narriadurako egoerak daudenean.
b) Hiri-berroneratzeko jarduketak: eraikinak birgaitzea edo ordeztea, zaharberritze-jarduketen termino beretan, eta, horrekin batera, hiri-ingurunearen kalitatea, irisgarritasuna eta iraunkortasuna hobetzea, horren barne direla espazio libreak, hiri-zerbitzuak eta azpiegiturak, hiri-eremuak zaharkituak egotearen edo zaurgarri izatearen egoerak gertatzen direnean, edo pobrezia energetikoko egoera larriak daudenean.
c) Hiri-berrikuntzako jarduketak: eraikinak birgaitzea eta hiri-ingurunea hobetzea, eraikinak birgaitzeko jarduketen eta hiri-berroneratzeko jarduketen termino beretan, eta, horrekin batera, hirigintza-ekipamenduen eta gainerako zuzkiduren hobekuntza, auzoak edo hiri-multzo homogeneoak zaharkiturik daudenean edo zaurgarri direnean, edo narriatze fisiko eta ingurumenekoaren inguruabar bereziak biltzen direnean, eraiste- eta ordezte-ekintzak eta bizilagunei ostatu berria ematekoak beharrezko egiten dutenak.
2. Hirigintza-zehaztapenekin batera izaera sozial, ingurumeneko eta ekonomikoak dituzten neurriak artikulatzen direnean, aurreko idatz-zatiko b) eta c) letretan deskribatutako jarduketak honela deklaratu ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hurrenez hurren: berroneratze arloa edo hiri-berrikuntza integratuko arloa. Adierazpen horren eragina izanen da gaikuntza ematea horretarako prestatutako araudian jasotako finantzaketa publikoa jasotzeko.
3. Eraikinen birgaitze-jarduketak eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketak planeamendu orokorreko tresnaren bidez edo hiri-jarduketarako plan berezi baten bitartez planifikatuko dira.
4. Aurreko idatz-zatietan adierazitako jarduketak antolatu eta exekutatu aurretik, bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazki bat egin beharko da, jarduketa horien bideragarritasuna bermatuko duena errentagarritasunari dagokionez, kontserbaziorako legezko betebeharraren mugei dagokienez eta jarduketatik esparruko jabeentzat eratorritako onuren eta zamen arteko oreka egokiari dagokionez; gutxienez ere honako elementuak jaso beharko ditu oroitidazki horrek:
a) Lehendik dauden hirigintza-parametroen azterlan konparatua eta, kasua bada, proposatutakoena, aldatu beharreko eraikigarritasunari, eraikuntza-erabilera eta tipologiei eta sare publikoei buruzko hirigintza-zehaztapen oinarrizkoak identifikatuz. Oroitidazkiak aztertuko du, zehazki, eraikigarritasunaren edo dentsitatearen igoerari buruzko aldaketak, edo erabilera berriak sartzekoak, bai eta lurzoru, hegal edo lur azpiaren erabilera bereizia, gehiago hurbiltzearren oreka ekonomikora, eragiketaren errentagarritasunera eta kontserbazioaren legezko betebeharraren mugak ez gainditzea.
b) Proposatutako hirigintza-erabilera bakoitzaren balioei buruzko oinarrizko zehaztapen ekonomikoak, inbertsioaren zenbatekoari buruzko kalkulua, horren barne direla bai laguntza publikoak, zuzenekoak eta zeharkakoak, bai kasuko kalte-ordainak, bai eta sare publikoak ordaintzeko betebeharraren ardura duten subjektuaren edo subjektuen identifikazioa ere.
c) Jarduketa horrek erakar dezakeen inbertsioari buruzko azterketa eta haren justifikazioa gauza izanen da proposatutako eraldaketa fisikoaren kostuaren zati handiena finantzatzeko, bermatuz, hartara, ahalik eta inpakturik txikiena izatea partikularren ondare pertsonalean, kontserbazioaren legezko betebeharraren mugen barrenean neurtuta nolanahi ere.
Aurreko lerrokadan aipatzen den azterketak jaso beharko du, kasua bada, birgaitzearen arloko enpresen edo energia-zerbitzuak, ur-hornikuntza edo telekomunikazio-zerbitzuak ematen dituztenen balizko parte-hartzea, kudeaketan integratzeko konpromisoa hartzen dutenean, kudeaketa horren edo dagokien azpiegituren sarearen zati baten finantzaketaren bidez, bai eta eragiketaren denboran zehar amortizatzekoak diren aurrezkien bitartezko finantzaketaren bidez ere.
d) Inbertsioen amortizazioa eta eragiketaren finantzaketa bermatzeko behar den denbora, kasua bada.
e) Administrazioak finantzatu beharreko sare publikoen finantzaketa eta mantentzea bermatzeko behar den gaitasun publikoaren ebaluazioa, bai eta ogasun publikoetan duen inpaktua ere.
5. Hiri-jarduketarako plan bereziek jarduketaren justifikazioa eta haren izaerarako eta xederako behar diren eta egokiak diren zehaztapen guztiak jasoko dituzte. Horien artean bilduko dira baterako jarduketa-esparruaren mugaketa eta antolamendu xehakatua, esleitutako erabilerak eta gehieneko eraikigarritasuna, jarduketarako egokiak diren espazio publikoen eta lagapenaren definizioa, konpromisoen adierazpena, betebehar publiko eta pribatuak, exekuzio-programa eta -epeak, berdinbanaketaren eta behar diren urbanizatze-obren aurrerapena, aldi baterako eta behin betiko ostatu-ematerako plana, irisgarritasun unibertsaleko helburuak edo energia-aurrezpena lortzeko beharrezkoak diren neurriak.
6. Eraikinen birgaitze-jarduketak eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketak burutu ahalko dira bai jarduketa asistematikoen bidez, lurzati bakarrean eragina dutenean, bai jarduketa sistematikoen bidez, lurzati batzuetan eragina dutenean, zama eta onuren berdinbanaketa egiteko eta urbanizatze-obrak egiteko.
7. Hiri-jarduketarako plan berezia onesteak honako eraginak ekar ditzake berarekin:
a) Igogailuak edo bestelako elementuak instalatzeko beharrezkoak diren espazio libreetako edo jabari publikoko azalerak okupatu ahalko dira, bai eta erabilera pribatiboko azalera komunak ere –atondoak, eskailburuak, gaineko azalak, hegalak eta arkuazpiak–, bai lurzoruan kokatuta daudenean, bai lur azpian edo hegalean daudenean ere, teknikoki edo ekonomikoki irisgarritasun unibertsala bermatzeko beste inongo konponbiderik ez dagoenean, betiere espazio libreen, zuzkidura publikoen eta jabari publikoaren gainerako elementuen funtzionaltasuna bermatzen bada. Horretarako, plan bereziak bermatuko du arau horren aplikazioa, dela aukera emanez azalera horiek ez daitezen konta bolumen eraikigarriaren eraginetarako, ez eta mugekiko, beste eraikinetarako edo bide publikorako nahiz lerrokaduretako gutxieneko distantziaren eraginetarako ere, edo xede bera lortzeko beste edozein teknika aplikatuz.
b) Aurreko letran xedatutakoa aplikatuko zaie, halaber, eraikinaren berokuntzarako edo hozkuntzarako urteko eskakizun energetikoaren %30a gutxitzea lortzen duten obrak behar dituzten espazioei; hain zuzen ere honakoan dautzanei:
a’) Isolamendu termikoa edo fatxada haizeztatuak instalatzea eraikinaren kanpoko aldetik, edo sabaia duten terrazak ixtea edo kristalez estaltzea.
b’) Fatxadei edo estalkiei atxikitako gailu bioklimatikoak instalatzea.
c’) Behar diren obrak egitea eta behar diren instalazioak ezartzea instalazio energetiko komunak zentralizatzeko edo ezartzeko, bai eta eguzki-hargailuak eta bestelako energia berriztagarrien iturriak instalatzeko fatxada edo estalkietan, eraikinak erabiltzen duen lehen mailako energia ez-berriztagarriaren urteko kontsumoa gutxienez ere %30 gutxitzea lortzen bada.
d’) Eremu komunetan edo etxebizitzetan obrak egitea, zeinekin gutxienez ere eraikin osoaren ur-kontsumoaren %30 gutxituko den.
c) Aurreko letretan aipatutako jarduketek kultur interesekotzat deklaratutakoak diren edo beste edozein babes-araubidea duten eraikinetan eragiten dutenean, konponbide berritzaileak bilatuko dira, efizientzia energetikoa hobetzeko eta irisgarritasuna bermatzeko behar diren egokitzapenak egiteko; hori, halere, ez da eragozpena izanen babesaren xede diren balioak zaintzeko. Nolanahi ere, aplikatzekoa den babes-araubidearen kudeaketarako organo eskudunak, kasua bada, aldeko txostena eman beharko du edo baimendu beharko ditu, bere araudiari jarraituz.
8. Aparteko kasuetan, eta justifikatzen baldin bada ez dagoela beste konponbiderik teknikoki edo ekonomikoki bideragarria denik, hiri-jarduketarako plan berezia onesteko eskuduna den administrazioak salbuetsi egin ahalko du lurzoru-eskuratze gehiago egitetik, eskuratze horiek egiteko arrazoia izan aprobetxamendu handiagoa eman beharra edo lurzorua zuzkidura publikoetarako eman beharra.
62. artikulua. Xehetasun azterlanak.
1. Xehetasun azterlanak dira planeamenduan aurreikusitako hirigintza-antolamendu xehakatuaren hurrengo zehaztapenetako bat ezartzea, aldatzea edo birdoitzea xede duten hirigintza-antolamenduko tresnak.
a) Eraikinen eta bideen lerrokadura eta sestra lerroak seinalatzea, sistema orokorren barrenean sartzen diren bide elementuetakoak izan ezik.
b) Obra mota onargarrien eta eraikinek bete behar dituzten baldintzen erregulazioa, bereziki 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauaren eta irisgarritasun unibertsalaren arabera eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoari egokitzeko, bai eta eraikinen bolumen zein altueren antolamendua eta osaketa, udal plan orokorrean finkatutako baldintzen arabera, eta etxebizitzen nahiz eraikinen morfologia eta tipologia ere; eta fatxaden antolamendua.
c) Minusbaliotasun organiko edo zirkunstantzial bat jasaten duten pertsonei, oro har, erabilera publikorako eremu libreen, kaleen, eraikinen, lokalen eta garraiobideen irisgarritasuna eta erabilera bermatzen dieten zehaztapenak, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko araudiak ezarritako xedapenei jarraikiz.
2. Udal plan orokor batek, plan partzial batek, indarrean dagoen plan bereziren batek edo hiri-lurzoruan jarduteko plan batek lehendik antolamendu xehakatua ezarrita daukaten espazioen gainean bakarrik formulatu ahalko dira xehetasun azterlanak. Xehetasun azterlanek ezin izanen dute beren esparruan bildutako lursailei dagokien eredu-aprobetxamendua edo batez besteko aprobetxamendua areagotu. Ez da joko, ordea, areagotze hori gertatu denik eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa hobetzeko edo irisgarritasun unibertsala bermatzeko lanak egitearen ondorioz azalera eraikia handitu den kasuetan; ez eta hogeita hamar urtekoa baino antzinatasun handiagoa duten eraikin finkatuetan ere, sustapen edo babes publikoko araubideren bat dutenetan, itxitura arinen kasuetan; nolanahi ere, ez da gaindituko higiezinaren edo lorategia nahiz patioa duen etxebizitzaren galerien, terrazen eta behe-solairuen azalera eraikiaren %20, eta horrekin etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak hobetu beharko dira. Kasu horietan, jabeek Administrazioari eskuratu beharko diote, sortutako gainbalioen partaidetza moduan, higiezinaren azalera berriaren katastro-balioaren %10. Halaber, inola ere ezin izanen dituzte aldatu mugakide dituzten finketako hirigintza baldintzak.
3. Xehetasun azterlanek beren xede diren zehaztapenak zehatz-mehatz justifikatu eta ezartzeko behar diren dokumentuak izanen dituzte, bereziki eraginkortasun eta efizientzia energetikoa hobetzeko kasuetan.
63. artikulua. Katalogoak.
1. Eraikin edo elementu historiko edo kulturalak edo ingurunearentzat balioa dutenak babesteko neurriak ezartzearren, udal plan orokorrak edo, hala badagokio, plan bereziak eraikin eta elementu horiek biltzen dituen katalogo bat izanen du, bai eta haiek babesteko neurri berariazko eta banakatuen zerrenda ere, suntsitu ez ditzaten edo funtsezko aldaketarik jasan ez dezaten.
2. Edozein kasutan ere, planeamenduko determinazioek galaraziko dute, eraikin, espazio eta elementu horien inguruan, beren hondamena eragin edo beren ikusmira eta hiri-bilbearen gainerakoarekiko lotura nabarmen aldatzen duten eraikin eta instalazioak egitea.
3. Era berean, udal plan orokorraren garapenerako tresna gisa, baina handik aparteko dokumentua izanik, aurreko bi idatz-zatietan aipatzen diren helburu eta determinazioak biltzen dituzten katalogoak ere onesten ahalko dira. Haietarako ekinbidea, tramitazioa eta onespena izanen dira udal plan orokorra garatzeko plan berezietarako ezarritako berberak.
64. artikulua. Eraikuntza eta urbanizazioari buruzko udal ordenantzak.
1. Udalek hirigintzako ordenantzak onetsi ahalko dituzte, honakoak arautze aldera: eraikinen alderdi morfologiko nahiz apaingarriak eta eraikuntza obren baldintzak, eta 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauaren arabera urbanizazioen eta eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa lortzeko zehaztapenen garapena eta osaketa; halaber, halako ordenantzak onetsi ahalko dituzte higiezin bakoitzean baimena har dezaketen jardueren baldintzak arautze aldera, betiere udal plan orokorreko zehaztapenen aurka egin gabe.
2. Era berean, urbanizazioko ordenantzak ere onesten ahalko dituzte, planeamenduaren exekuzioa osatzeko behar diren xehetasun orokor guztiak arautzeko.
3. Ordenantzen onespena eginen da Nafarroako toki administrazioari buruzko foru legean ezarritako arauen arabera.
4. atala. Hirigintza planak egin eta onestea eta bere ondoriak
1. azpiatala. Planeamenduaren ekimena eta tramitazioa
65. artikulua. Udal plan orokorrak.
1. Udal plan orokorrak egiteko ekimena publikoa izanen da. Udalek eskumena izanen dute beren udal plan orokorra egiteko erabakia hartzeko.
2. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuak modu justifikatuan udal plan orokor bat egiteko udal ekimena gauza dadin premiatu ahal izanen du.
3. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuak laguntza eman beharko du udal plan orokorrak egiteko, eta udalekin lankidetzan arituko da bai haiek finantzatzen erregelamenduz ezarritako moduan, bai haien prestaketa jarraitzen.
4. Horretarako, kasuan kasuko udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua artean planaren jarraipen batzorde bat eratuko da, harik eta plan hori behin betiko onesten den arte. Batzorderako arau gutxienekoak hauek dira:
a) Toki entitateak bertan izanen dituen ordezkarien kopurua 3tik 5era bitartekoa izanen da, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ordezkariena 2tik 3ra bitartekoa.
b) Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ordezkarietako bat izanen da batzordeko burua.
c) Planaren jarraipen batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
-Udal plan orokorra egin eta tramitatzeko prozesurako agenda ezarri eta kontrolatzea.
-Plana erredaktatzeko prozesuaren alderdi metodologikoak, dokumentalak eta partaidetza sozialekoak zuzendu eta gainbegiratzea.
d) Bere jardunerako barne araubidea ezarri ahalko du.
e) Bere jarduera dokumentatuko du.
5. Jarraipen Batzordeak, udal plan orokorraren prozesuaren eta izapidetzearen agenda ezarri eta kontrolatzeko bere eginkizunaren barruan, ohartarazi beharko du prozesuan gertatzen diren justifikatu gabeko atzerapen edo geldiarazteei buruz, eta haiei konponbidea emateko neurri egokienak proposatu beharko ditu. Udalaren jarduketa ezaren ondoriozko justifikaziorik gabeko atzerapen eta geldiarazteek beraiekin ekarri ahalko dute lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskuduna subrogatzea udal plan orokorraren prestaketan.
66. artikulua. Garapen planak eta plan bereziak.
1. Garapen planak eta plan bereziak egiteko ekimena publikoa nahiz pribatua izaten ahalko da.
2. Entitate publikoek eta partikularrek sektorizazio planak, plan partzialak, plan bereziak eta xehetasun lanak idatzi eta administrazio eskudunari igortzen ahalko dizkiote, hark tramita ditzan.
3. Partikularrek, udal eskudunetan, garapen planak eta plan bereziak antolatzeko proposamenak aurkeztu ahal izanen dituzte, planeamenduaren aurrerapen baten edukiarekin, aurkeztu eta bi hilabeteko epean, gehienez, administrazioak haiei buruzko iritzia eman dezan eta, hartara, partikularrak ezagutu ahal izan ditzan udalak gaiari buruz dituen irizpideak. Antolamendu-proposamenaren erantzuna isiltasuna bada, isiltasun positibotzat joko da.
Udalaren iritzia aldekoa bada, udalak hasiera batez plana onetsi eta tramitatuko du, behin legezko formaz eta edukiaz aurkezten denean.
67. artikulua. Plan bateratuak.
1. Udalerri baten edo haren parte baten hirigintza-beharkizunek eskatzen badute haren eragin eremua zabaltzea beste udalerri bat edo gehiagotara, beharrezkoa bada zenbait udal elkarrekin koordinatzea hirigintzako plangintza edo kudeaketarako, edo premiazkoa bada udal batzuen hirigintzako interesak bateragarri bihurtzea, ukitutako udalek edo, bestela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, udal batek eskaturik, udal plan orokor edo garapen plan bateratuak formulatzen ahalko dituzte.
2. Udalek xedatzen badute antolamendu bateratua egitea, udal horiek lankidetza eta delegazio teknikak eta kudeaketa gomendiokoak erabiltzen ahalko dituzte, plan bateratuen tramitazio administratiboa errazteko.
3. Antolamendu bateratua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak xedatzen badu, horretxek erabakiko du planen lurralde-hedadura, zein udal edo erakunde arduratuko den haien idazketaz eta ukitutako udalek zein proportziotan jasan beharko dituzten gastuak. Planeamenduan sartzen diren udalek beren gain hartuko dituzte haren ondoriozko beharkizunak.
Kasu honetan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren esku geldituko da planeamendu tresnen tramitazioa eta onespena, bere fase guztietan.
68. artikulua. Ekinbide partikularreko planak.
1. Partikularrek idazten dituzten planek kapitulu honetan mota bakoitzerako aipatzen diren dokumentuak izan beharko dituzte.
2. Dena dela, ekinbide partikularreko planen xedea urbanizazio pribatuak egitea denean, aipatutakoaz gainera, eduki beharko dituzte urbanizatzailearen eta udalaren artean sinatutako hitzarmena, zeina izanen baita urbanizazio obren exekuzio eta kontserbazioari buruz, eta komunitate-zerbitzu eta ekipamenduen ezarpenari buruz, eta behar diren bermeak, hitzarmena eta exekuzio nahiz kontserbazio konpromisoak beteko direla ziurtatuko dutenak.
3. Planak udalari igorriko zaizkio eta tramitatuko dira foru lege honetan ezarritako prozeduraren arabera. Onespen egintzak ezartzen ahalko ditu behar diren baldintza, mota eta epeak, hirigintza-antolamendu eta kudeaketa hobetzeko asmoz.
69. artikulua. Lizentziak ematea eteteko erabakia.
1. Hirigintza planei hasierako onespena emateko eskumena duen administrazioak, onespen hori baino lehen, zilegi izanen du erabakitzea lurzatiketarako, eraikitzeko eta eraispenerako lizentziak ematearen etendura agintzea, zehaztutako eremuetan edo erabileretan, haien sorrera edo erreforma ikertzeko, eta esparru horiek behar bezain argi definituz.
Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da eta, gutxienez, Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan.
2. Hirigintza planak hasieran onesteko erabakiak berak ekarriko du lizentziak ematearen etendura, planeamenduaren xede den lurraldearen barrenean, determinazio berriek indarra zuen hirigintza-araubidearen aldaketa dakarten guneetan. Espresuki seinalatu beharko da etendura horrek ukitzen dituen eremuak zein diren.
3. Artikulu honetako 1. zenbakiak aipatzen duen etendura, dena den, urtebeteko epean iraungiko da. Epe horretan ematen bazaio hasierako onespena planari, etendura mantenduko da planeamenduko determinazio berriek hirigintza antolamenduaren aldaketa ekartzen dieten eremuetan, eta etendura horren ondorioak behin betiko iraungiko dira planeamendua edo haren erreforma aztertzeko hartutako etendura-erabakitik bi urte pasatzen direnean. Hasierako onespena urtebeteko epea pasa ondoren gertatzen bada, hasierako onespen horretatik heldu den etendurak ere gehienez urtebeteko iraupena izanen du.
Hasierako onespena izan baino lehen lizentziak ematea eten ez bada, artikulu honetako 1 zenbakiak aipatu bezala, hasierako onespen horrek dakarren etendurak gehienez bi urteko iraupena izanen du.
Edozein kasutan, etendura iraungitzen da planeamendua behin betiko onesten denean.
4. Aurreko kasuotako edozeinetan etenduraren ondorioak iraungi direlarik, ez da zilegi izanen helburu berarekin hiru urteko epean beste etendurarik erabakitzea.
5. Lizentzien etendura erabakitzen denean edo etendura dakarren plana hasiera batez onesten denean, administrazio eskudunak aginduko du lizentziak emateko prozedura eten dadila eta hori jakinaraz dakiela erabakia hartu aurretik lizentzia eskatua zeukatenei.
Horretarako, kontzejuek ziurtagiri bat bidaliko diote udalari, zeinean emanen baitute aditzera zein eskaera aurkeztu zaien etendura-ondorioa ekarri duten udal egintzak baino lehen.
6. Etendura argitaratu aurretik lizentzia eskaera aurkeztu zutenek proiektuen kostu ofizialaren ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute eta, hala badagokio, udal tasak itzultzekoa ere bai.
70. artikulua. Udal plan orokorraren izapidetzea.
1. Izapidetze-aldian zehar, foru lege honen 7. artikuluan ezarritakoaren araberako parte-hartze prozesu bat gauzatuko da udal plan orokorrari buruz. Prozesu horri ekin beharko zaio hala lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua izapidetzean nola udalaren hirigintza-plana izapidetzean, udal plan orokorra idazten hasi aurretik udalak xede horrekin ezarritako partaidetza-planak dioenari jarraituz.
2. Halaber, plan orokorraren izapidetzean zehar, udalak erakunde eta administrazio publikoen derrigorrezko txostenak eskatuko ditu, kasuko arau sektorialek ezartzen dituzten gaietan eta arau sektorial horiek ezartzen dituzten prozedurei jarraituz.
3. Udalek, Jarraipen Batzordearen zuzendaritza teknikoari loturik, lehenik eta behin lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua idatzi beharko dituzte. Horretarako, aurretiazko ingurumen-kontsultak egingo dituzte eta plan orokorra prestatzeko beharrezkoa den informazioa eskatuko diete entitate, erakunde eta administrazio publikoei.
4. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredurako hasierako bertsioa prestatu ondoren, jendaurrean jarriko da hilabetez gutxienez ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean jarritako iragarki baten bidez, zeina Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan ere kaleratuko baita. Aldi berean, lurraldearen antolamendu eta hirigintza kontuetan eskudun den departamentuari igorriko zaio, Foru Administrazioko departamentuei zeinek bere eskumenen arabera eman beharreko txostenak eginaraz diezazkien, bai eta udalerria kide deneko mankomunitateei ere, ukiturik suertatzen diren zerbitzuen araberakoei.
5. Udalak, fase honi buruzkoak diren partaidetza-planeko ondorioztapenak eta egin diren txostenak aintzat hartu ondoren, lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua onetsiko ditu, lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskudun den departamentuarekin itun bat egin ondoren, zehazturiko eta udalaren hirigintza-planean garatu beharreko lurralde-eredua osatzen duten elementuei buruzkoa.
6. Departamentuko erregistroan sartu zenetik bi hilabeteko gehieneko epea iraganik, departamentuak lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari igorriko dizkio, bidezkoa bada onets ditzan. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua udalaren hirigintza-plana izapidetzen den bitartean egokituz joan ahal izanen da, jendaurreratze-prozesuaren eta ematen diren txosten sektorialen arabera.
7. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua onetsi ondoren, hasiera emanen zaio udalaren hirigintza-plana erredaktatzeari; zeinak Jarraipen Batzordearen zuzendaritzapean segituko baitu.
8. Testua idazten amaituta, udalak hasierako onespena emanen dio, eta ukitutako kontzejuen eta udala sartua dagoen mankomunitateen esku utziko du, txostena egin dezaten, bakoitzak planeamenduaren eragina jasaten duten bere zerbitzuei buruz. Halaber, jendaurrean jarriko du, hilabetean gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan iragarki bat argitaratuz. Udalak, gainera, horren ezagutarazpena egin beharko du, bai eta herritarren parte-hartzea ahalbidetu, partaidetza-planak xedatua beterik.
9. Jendaurreko informazioaz batera, hasierako onespena duen plana lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari igorriko zaio, Nafarroako Gobernuko departamentuen eskumeneko gaiei buruzko txostenak egin daitezen.
Aipatutako txostenak izapide-egintza kualifikatutzat hartuko dira, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.1 artikuluan xedatuaren eraginetarako, eta gehienez ere bi hilabeteko epean emanen dira txosten horiek. Epe hori iragaten bada txosten horiek jaso gabe, emantzat joko dira eta izapidetzearekin jarraituko da.
10. Departamentu horrek txosten orokor bat eginen du, Nafarroako Gobernuko departamentuen ikuspegi sektorialak bilduko dituena. Txosten hori egiteko epea eskaera aurkezten denetik bi hilabetekoa izanen da, eta epe hori igarotzen bada txostena udalean jaso gabe, izapidea egintzat joko da.
11. Udalak, informazioa eta, halakorik badago, entzunaldia aintzat harturik, behin-behinekoz onetsiko du, bidezko diren aldaketekin, gehienez ere 6 hilabeteko epean, baina aurretik Ingurumen Adierazpen Estrategikoa eginik. Aldaketa horiek funtsezko aldaketa eragiten badute hasierako onespena duen planeko lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduan, plana berriz jarriko da jendaurrean, hilabete batez, behin-behineko onespena eman baino lehen; behin-behineko onespen hori aipatutako jendaurreko informazioko aldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan eman beharko da.
12. Plana behin-behinean onesten denean, espediente osoa bidaliko zaio lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuari, behin betiko onespena eman diezaion.
13. Artikulu honetan aurreikusitako udal erabaki guztiek txosten bat eduki beharko dute, toki administrazio jardulearen edo foru lege honen 16. eta 18.2 artikuluetan aurreikusitako organoetako bateko teknikari batek emana, lurraldea antolatzeko tresnekin eta gainerako antolamendu juridikoarekin bat datorrela egiaztatuko duena.
14. Planaren espedientea entregatu ondoren, baldin eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak atzematen badu agiriak falta direla, detektatutako hutsak zuzentzeko eskatuko dio udalari.
15. Behin espedientea osatuta, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak plana aztertuko du, eta ikusiko du lege-esparru indardunari, hitzarmenari eta lurraldearen antolamenduko tresnen zehaztapenei egokitzen zaien; eta eskaintzen diren konponbideak koordinatuta ote dauden, udal ikuspegitik, Ingurumen Eraginari buruzko Adierazpenarekin eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren politika sektorialekin.
16. Aurreko idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko kontseilari eskudunak honako ebazpen hauetako bat emanen du:
a) Behin betiko onespena emanen du, baldin eta plana egokitzen bazaio aurreko hamabosgarren idatz-zatian ezarritakoari.
b) Behin betiko onespena emanen du, baina behar diren zehaztapenak bilduz aurreko hamabosgarren idatz-zatian ezarritakoa betetzeko; udalak zehaztapen horiek testu bategin batean sartu beharko ditu, gehienez ere hiru hilabeteko epean. Baldin eta udalak ez badu plan zuzendua epe horretan aurkezten, kontseilari eskudunak testu bategin hori onetsi eta argitara eman ahalko du.
c) Behin betiko onespena ukatuko du, baldin eta planean sartzen badira aurreko hamabosgarren idatz-zatian ezarritakoaren kontra nabarmen jotzen duten zehaztapenak.
17. Kontseilari eskudunak bere ebazpenak jakinaraziko dizkio ukitutako udalari, espediente osoa Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistroan sartzen denetik hasi eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igarotzen bada udalari inolako ebazpenik jakinarazi gabe, udal plan orokorra onetsita dagoela ulertuko da.
71. artikulua. Plan berezi independenteen eta aldaketa egituratzaileen izapidetzea.
1. Plan berezi independenteak eta aldaketa egituratzaileak izapidetuko dira 70. artikuluan finkatutako arauei jarraituz, honako salbuespen hauekin:
a) Izapidetzea zuzenean hasiko da udalak udal hirigintza-planaren edo horren aldaketaren hasierako onespena egitean.
b) Ez da beharrezkoa izanen lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua, 70. artikuluan aurreikusitakoa.
c) Jendaurreko epea hilabetekoa izanen da.
d) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ardura duen kontseilariak bi hilabeteko epean emanen du behin betiko onespena.
2. Planeamenduko zehaztapenak Administrazioaren isilbidez behin betiko onesteak ezin izanen du legeetan, lurralde antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza-planetan xedatutakoa urratu.
Ezin izanen dira, ezta ere, Administrazioaren isilbidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak.
Zuzenbidez erabat deusezak izanen dira Administrazioaren isilbidez onesten diren planak eta haien zehaztapenak, baldin eta legeen eta ordenamendu juridiko administratiboa osatzen duten gainerako xedapenen aurkakoak badira, eta eraginkortasunik gabeak izanen dira, halaber, era horretan lortzen diren ahalmen eta eskubideak.
72. artikulua (kenduta)
73. artikulua. Sektorizazio planen tramitazioa.
Sektorizazio plana tramitatuko da 71. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera, deusetan ukatu gabe garapeneko plan partzialaren udal faseko tramitazioa batera egin dadin eta, beraz, hasierako eta behin-behineko onespena batera tramitatutako dokumentu guztietara irits dadin.
74. artikulua. Plan partzialen eta plan berezien izapidetzea.
1. Oro har, plan partzialen eta plan berezien izapidetzeak honako arauak beteko ditu:
a) Kasuan kasuko plana formulatu duen udal berak emanen dio hasierako onespena, gero jendaurrean jartzeko, gutxienez ere hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez eta Nafarroan editatzen diren egunkarietan, bederen, argitaratuta. Gainera, baldin eta proposamenak nahitaezko zerbitzuak ukitzen baditu, kasuko txostena eskatuko zaie organo eskudunei, eta txosten hori hilabeteko epean egin beharko dute.
Hasierako onespenaren gainean erabakia hartzeko epea, edo ukatzeko, ekinbide partikularreko planen kasuan, bi hilabetekoa izanen da, dokumentazio osoa udal erregistroan aurkezten denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik eman gabe, plan partziala edo berezia hasiera batez onetsita dagoela ulertuko da. Hasierako onespenetik hasi eta hilabeteko epean, udalak igorriko du aurreko paragrafoan aipatzen den iragarkia, baina jarduketa hori, bestela, planeamenduko tresnaren sustatzaileak berak zuzenean egin dezake.
Dena den, antolamendu-proposamena aurkeztu den kasuetan, 66. artikuluko 3. idatz-zatiak xedatuaren arabera jokatuko da.
b) Jendaurreko epearen emaitza ikusita, udalak behin betikoz onetsiko du, behar diren aldaketekin. Aldaketa horiek hasierako onespena duen planari funtsezko aldaketa eragiten badiote, jendaurreko beste aldi bat hasiko da, behin betiko onetsi baino lehen.
c) Plana behin betikoz onesteko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, jendaurreko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik eman gabe, plan partziala edo berezia onetsita dagoela ulertuko da. Hala gertatzen denean, sustatzaileak zuzenean bete ahalko ditu plana argitaratu eta jakinarazteko beharkizunak, foru lege honen 81.1 artikuluak aipatzen dituena.
2. Foru lege honen 61.3 artikuluan xedatuaren arabera urbanizatze berriko jarduketak arautzen edo aurreikusten dituzten hiri-jarduketarako plan bereziek jaso eginen dituzte foru lege honen 70. artikuluko 9 eta 10. idatz-zatietan ezarritako izapideak.
3. Proposatutako plan partzial edo bereziak txosten bat beharko du, toki administrazio jardulearen edo foru lege honen 16. eta 18.2 artikuluetan aurreikusitako organoetako bateko teknikari batek emana, lurraldearen antolamendurako tresnen eta udal planeamenduaren araberakoa dela eta gainerako antolamendu juridikoarekin bat datorrela egiaztatuko duena.
Halakorik ez badago, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak txostena eskatu ahal izanen du behin betiko onespena eman aurretik.
4. Udalak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari igorri beharko dio behin betiko onetsitako plan partziala edo plan berezia, txostenekin batera, onespena ematen denetik hamar eguneko epean gehienez ere, haren gaineko kontrola egiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, departamentu horrek udala premiatu ahalko du ofiziozko berrikuspen-prozedura abia dezan, eta hori kasuko erregistroetan jaso beharko du, ezagutu dadin eta behar diren eraginak izan ditzan.
5. Ezin izanen dira administrazio-isiltasunaren bidez eskuratu lurraldearen antolamenduaren edo hirigintzaren arloko antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak, egintza horien erabateko deuseztasuna ekarriko baitute. Hori dela eta, Udal Administrazioak kasuko berrikuspen-prozedura abiatu beharko du, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera.
75. artikulua. Aparteko plan berezien tramitazioa.
Udal plan orokorraren zehaztapenak garatzen ez dituzten plan bereziak foru lege honen 72. artikuluan ezarritako arauekin bat tramitatuko dira.
76. artikulua. Xehetasun azterlanen tramitazioa.
Xehetasun azterlanak tramitatzeko, 74. artikuluan finkatutako arauei jarraituko zaie, honako puntu hauetan izan ezik:
a) Jendaurrean hogei egunez izanen da, hasierako onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.
b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena ez da nahitaezkoa izanen.
c) Agiri guztiak udal erregistroan aurkezten direnetik, bi hilabeteko epea izanen da, gehienez ere, hasierako onespena emateko edo ukatzeko.
Jendaurrean jarri eta alegaziorik ez bada izaten, agiria eramanen da behin betikoz onets dadin, bidezkoa bada.
2. azpiatala. Planen indarraldia eta berrikuspena
77. artikulua. Planen indarraldia.
1. Hirigintza planek mugarik gabeko indarraldia izanen dute.
2. Hirigintza planeamendurako tresnen edukia aldatzen ahalko da haien berrikuspenaren bidez edo osagai dituzten elementu bat edo batzuk aldatuz.
78. artikulua. Planeamenduaren berrikuspena eta aldaketa.
1. Planeamenduaren berrikuspentzat hartzen da lurraldearen egitura orokor eta organikoari buruzko irizpideak berritzea, lurraldeari buruz zegoen ereduaren ordez ia erabat desberdina den beste eredu bat hautatzearen ondorioz, edo demografian nahiz ekonomian sortzen direlako antolamenduaren oinarrietan eragina duten inguruabarrak, edo planeamenduaren ahalmena bera agortzeagatik. Berrikuspenak ekarriko du berrikusitako planeamendu-tresnaren ordez beste bat ezartzea.
2. Gainerako kasuetan, planeko determinazioak bestelakotzea planaren aldaketatzat hartuko da, nahiz eta bestelakotze horrek berarekin lurzoruaren sailkapenean edo kalifikazioan aldaketak ekarri, edo udal plan orokorraren programazioa berrikusi behar dela agindu.
79. artikulua. Prozedura.
1. Planen berrikuspena, haien izapidetze eta onespenerako aipatutako xedapen berberen arabera eginen da.
2. Udal plan orokorretako eta sektorizazio planetako antolamendu egituratzaileko zehaztapenen aldaketa foru lege honen 70. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, honako hiru puntu hauetan izan ezik:
a) Ez da beharrezkoa izanen lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua.
b) Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak soilik aldaketak ukitutako txosten sektorialak bilduko ditu.
c) Jendaurreko epea hilabetekoa izanen da.
d) Kontseilariak bi hilabeteko epean emanen du behin betiko onespena.
3. Udal plan orokorretako antolamendu xehakatuko zehaztapenen aldaketa 74. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, ekinbide publiko edo pribatuari jarraikiz, deusetan ukatu gabe plan partzialek, hiri-lurzoruan jarduteko planek eta plan bereziek antolamendu xehakatuan egiten dituzten aldaketak.
4. Sektorizazio planetako, plan partzialetako, hiri-lurzoruan jarduteko planetako eta plan berezietako eta xehetasun azterlanetako zehaztapenen aldaketa beren onespenerako ezarritako prozedura beraren arabera eginen da.
5. Ezin izanen dira administrazio-isiltasunaren bidez eskuratu lurraldearen antolamenduaren edo hirigintzaren arloko antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak, egintza horien erabateko deuseztasuna ekarriko baitute.
6. Hiri-lurzoruari buruzko edonolako hirigintza-xedapenen aldaketa izapidetuko da hiri-jarduketarako plan berezi baten bitartez.
80. artikulua. Udal plan orokorren aldaketak, ekimen partikularrak sustatuak.
1. Partikularrek zilegi izanen dute udal plan orokorretako zehaztapen egituratzaileak eta xehakatuak aldatzeko proposamenak aurkeztea. Aldaketa horien izapidetzea aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera eginen da.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren zehaztapen egituratzaileen aldaketak, ekinbide partikularrak sustatuak, onetsi eta izapidetzeko eskaerak ezesten direla ulertuko da, baldin eta, espediente osoa erregistroan sartu eta hiru hilabeteko epea iraganik, ez bada inolako ebazpen espresik izan. Kasu honetan, sustatzaileak eskatu ahalko du lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskuduna subroga dadila, izapidetze eta ebazpen espresak emateko.
3. azpiatala. Ondorioak
81. artikulua. Planeamenduaren publikotasuna.
1. Hirigintza planen behin betiko onespenaren erabakia, bai eta haien barreneko hirigintza arauak ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Udalak behin betikoz onesten dituen planen kasuan, Udalak berak ale bat igorriko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, onespen horren ondoko hamabost egunen barrenean.
2. Hirigintza planak publikoak izanen dira, eta edozein pertsonak noiznahi ikusten ahalko ditu eta haiei buruzko informazioa jaso, haiek tramitatzen ari diren edo behin betikoz onetsi diren administrazioan.
3. Lurraldearen antolamenduko eta hirigintza planeamenduko tresnen eta beren araudiaren publikotasuna bermatzeko, planeamenduko erregistroa sortu da, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren mendean. Erregistro honetan bilduko dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta udalek behin betikoz onetsi dituzten lurraldearen antolamenduko tresnak eta hirigintza planak.
4. Planeamenduko erregistroa publikoa da. Publikotasuna gauzatuko da planeamendu zehatz bakoitzaren edukiari buruzko ziurtagiriaren bidez, horretarako gaitutako funtzionarioak luzatuko baitu, edo erregistroko agiriei buruzko informazio-ohar edo kopia soilaren bidez, zeinak ez baitu izanen administrazio kostua baino prezio garestiagoa.
82. artikulua. Dispentsa egiteko debekua.
Erabat deusezak izanen dira planetan aipatzen diren dispentsarako erreserbak, bai eta planetatik aparte ematen direnak ere.
83. artikulua. Onura publikoaren deklarazioa.
Desjabetzapen bidez garatu beharreko hirigintza planak eta exekuzio unitateen zehaztapenak onesteak berarekin ekarriko du lan horiek onura publikokoak direla eta egokitzen diren lur eta eraikinak okupatu behar direla deklaratzea, desjabetzeko edo zortasunak ezartzeko.
84. artikulua. Antolamenduz kanpoko eraikinak.
1. Planeamenduak espresuki zerrenda batean jarri beharko du, lehendik eraikitako eraikin eta instalazioetatik, zein sailkatzen dituen antolamenduz kanpo, planeamenduarekin bat ez datozelako eta haiek eraistea aurreikusi delako.
2. Aurreko puntuan seinalatzen dena gorabehera, eraikin edo instalazioren bat planeamenduko aurreikuspenekin bat etortzen ez bada eta antolamenduz kanpokotzat sailkatutako eraikinen zerrendan ageri ez bada, udalak espresuki ebatziko du, ofizioz nahiz alderdi batek eskaturik, haren egoera juridikoaz, aldez aurretik interesatuari entzunaldia emanda. Ebazpen horren bidez, kasuko eraikina antolamenduz kanpo deklaratuko da edo, bestela, planeamenduko aurreikuspenak aldatuko dira, behar den prozedura erabiliz.
3. Planeamenduan berean beste araubiderik xedatzen ez bada edo planeamendua onetsi eta hamar urteko epean finkaren desjabetzea edo eraispena programatuta ez badago, antolamenduz kanpokotzat deklaratutako eraikinetan ez da zilegi izanen finkatzeko, bolumena handitzeko, modernizatzeko edo desjabetze balioa igotzeko obrarik egitea; bai, ordea, eraikinaren segurtasunerako eta higienerako behar direnak eta finkapenerako behar diren obra partzialak, bai eta eraikinaren erabilerarako eskatzen diren arauzko beste zehaztapen batzuk betetzeko behar direnak ere.
4. Planeamenduarekin bat ez etorriagatik, eraikina dagoen orube berean eraikitzeko debekurik ez bada, jabeak zilegi du hura eraitsi eta berrereikitzea planeamenduari jarraikiz.
5. atala. Planeamendurako Jarraibide Teknikoak
85. artikulua. Planeamendurako Jarraibide Teknikoak.
Planeamendurako jarraibide teknikoen xedea izanen da irizpide orientagarriak finkatzea honakoei buruz: planeamenduaren kalitaterik onena, hirigintza-planen helburu eta lehentasunak, planeamendu arazoetarako eredu-irtenbideak ezartzea, planeamenduan parte-hartze sozialeko prozesuak gauzatzeko eta planeamendua bera modu eraginkorrean ezagutarazteko jarraibideak, planen zehaztapenak lurraldearen antolamenduko planetan sartzeko metodologia eta jarraibideak, hirigintza-obrak egiteko jarraibideak, hirigintza-planen ereduak, gune tradizionalen tratamendua, lurzoru urbanizaezineko erabilera eta jarduerak, lurralde-balioei eustea, planeamenduan jaso beharreko iraunkortasuneko eta eraginkortasun eta efizientzia energetikoko irizpideak, eta planak egiteko arlo teknikoan interes orokorrekoak diren beste edozein gai.
Planeamendurako jarraibide teknikoak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak landuko ditu, eta arlo horretako kontseilari eskudunaren foru agindu baten bidez onetsiko dira. Horren aurretik, betiere, partaidetza eta informazioko aldi bat egonen da, gutxienez ere hilabeteko epean.
III. TITULUA. LURZORUARI BURUZKO HIRIGINTZA ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
86. artikulua. Hirigintza-ahalmenen zehaztapena eta kalteordainak.
1. Lurzoruaren hirigintza-araubidea lurzoruari buruzko Estatuko oinarrizko legedian eta foru lege honetan ezarritakoa izanen da, lurzoruak daukan oinarrizko egoeraren arabera; eta jabetza-eskubidearen hirigintza-ahalmenak, hala nola lurzoruaren gaineko erabilera, xedapena eta gozamena eta, bereziki, eraikuntza eta urbanizazioa, beti erabiliko dira legeek ezartzen dituzten mugen barrenean eta finkatzen dituzten betebeharrak betez, edo, lege horien ondorioz, planeamenduan ezarritakoaren arabera, finken sailkapenari eta, kasua bada, hirigintza-kalifikazioari dagokionez.
2. Planeamenduan ezartzen diren lurzoruaren erabileraren eta eraikinen baldintzek ez diete jabeei kalteordaina jasotzeko eskubiderik emanen, honako kasu hauetan izan ezik:
a) Hirigintza planeamenduko berrikuspen edo aldaketak onesten badira eska daitezkeen hirigintza-betebeharrak betetzeko planeamenduan berean ezarritako epeak igaro baino lehen, edo, aipatutako epe horiek errespetatuta ere, ez-betetzea administrazioari egozten ahal bazaio.
Kalteordainaren bidez kitatuko dira, kasu hauetan, planeamenduaren berrikuspenaren edo aldaketaren aurretik jabeei zegokien aprobetxamenduaren murrizketa eta, halakorik bada, aipatutako betebeharrak betetzeko egindako gastuak, planeamendua berrikusi edo aldatzearekin baliogabeturik gelditu direnak.
b) Eraikuntza lizentziaren eraginkortasunaren iraungipena dakarten berrikuspen edo aldaketak onesten badira planeamenduan, eraikuntza hasi baino lehen, ateratzen den aprobetxamendua murrizteagatik eta egiaztatzen diren gainerako kalteengatik.
c) Lizentzia aldatu edo ezeztatzen bada, eraikuntza hasi den kasuetan, ateratzen den aprobetxamendua murrizteagatik eta egiaztatzen diren gainerako kalteengatik.
d) Ondasun higiezinak kontserbatzeko asmoz mugapen edo lotura bereziak onesten badira, eska daitezkeen hirigintza-betebeharrak gainditzen dituztenak edo hirigintza aprobetxamenduan berdinbanatu ezin den murrizketa eragiten dutenak.
e) Gertatzen badira mugapen berezi eta eraginkorrak, bateragarriak ez direnak jarduera eta erabilera tradizional eta finkatuekin, administrazioak lehendik espresuki edo indibidualki baimenduak dituenekin. Kasu honetan, ondarezko kalteordain mota desberdinak hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak edo subentzioak ematea edo sustapenerako bestelako baliabide batzuk.
f) Lizentzia deuseztu, lizentzia ematea arrazoirik gabe atzeratu edo bidegabeki ukatuz gero, eragindako kalte eta galerak kitatzeko kalteordaina sortzen ahalko da, administrazioaren erantzukizuna arautzen duten arau orokorren arabera. Ez da inola ere kalteordainerako eskubiderik izanen, baldin eta kaltetutakoari egozten ahal zaizkion dolo, erru edo axolagabekeria larriak izan badira.
87. artikulua. Erabili, kontserbatu eta zaharberritzeko legezko betebeharrak.
1. Mota guztietako lur eta eraikinen jabeek, lurzoru mota bakoitzari dagozkion betebeharrak deusetan ukatu gabe, honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Lurrei eta eraikinei hirigintza-planeamenduarekin bateraezinak ez diren erabilerak ematea.
b) Segurtasunari, osasungarritasunari, apaintasun publikoari eta bizigarritasunari dagokienez, lurrak eta eraikinak behar den egoeran mantentzea, kasuan kasuko xedearen arabera, behar diren lanak eginez egoera hori kontserbatu edo konpontzeko eta beharrezkoak edo eskagarriak diren zerbitzuez hornitzeko, betiere ondasunaren erabilera eta ezaugarriak kontuan harturik.
c) Arauak betetzea, ingurumena eta ondare arkitektonikoa nahiz arkeologikoa babesteari buruz, hiri-zaharberritzeari buruz, labore-unitate minimoei buruz, bai eta gainerako araudi sektoriala eta aplikatzekoak diren plan eta programa sektorialetan xedatutakoa ere.
d) Fatxadetan edo eremu publikotik ikusten diren tokietan kontserbazio eta erreforma lanak egitea, udalak turismoari begira edo arrazoi estetikoengatik eskatzen dienean, nahiz eta lehendik planeamenduan sartuak ez egon.
e) Mugakideak baldin badira jabari publikokoak diren ondasunak, non ezarriak baitaude obra edo zerbitzu publikoak edo zeinen hegalduran edo zorupean ustiapen arautuari loturiko natur baliabideak dauden, ezartzen diren mugak errespetatzea.
f) Baimena ematea administrazio publiko eskudunak behar diren lanak egin ditzan, ingurumena kontrolatu, kontserbatu edo lehengoratzeko eta higadurari aurrea hartzeko xedearekin.
g) Aginduzko baimenak eta, betiere, udal lizentzia eskatu eta lortzea, lurzorua eraldatu edo erabiltzeko edozein egintza burutu aurretik, deusetan ukatu gabe aplikatzekoa den legeria sektorialean ezarritakoa.
2. Udalek eta, hala badagokie, gainerako erakunde eskudunek aginduko dute, ofizioz edo edozein interesatuk eskaturik, aurreko idatz-zatian aipatzen diren baldintzak kontserbatzeko behar diren obrak egin daitezela, lanak burutzeko epea zehazturik.
3. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz egin beharreko obren kostua jabeen bizkar geldituko da, non ez duen araudi sektorial aplikagarriak xedatzen administrazioak edo zerbitzu publikoen kontzesiodunek kitatuko dutela.
Foru lege honek aipatzen dituen katalogoetan sartutako ondasunen jabeek, ondasun horiek kontserbatzeko, eskatzen ahalko dute administrazio eskudunen lankidetza, eta administrazio horiek laguntza ematera beharturik egonen dira baldin eta egin beharreko obren kostua handiagoa bada ezen ez kontserbatzeko betebeharra, zeina ulertuko baita ondasuna lehengoratzeko kostuaren erdia dela, lurzoruaren balioa kenduta.
4. Urbanizazio obren kontserbazioa, kasuan kasuko ekipamendu eta zerbitzu publikoen mantentze-lanak barne direla, administrazio titularraren esku dago. Etxebizitzen urbanizazioetan, urbanizazio industrialetan edo hirugarren sektoreko urbanizazio pribatuetan, foru lege honetako 68.2 artikuluak aipatzen duen Hitzarmenean ezarritakoari jarraituko zaio.
Sistema pribatuek egindako urbanizazio obretan, aurreko lerroaldeak aipatzen duen betebeharra hasiko da administrazioak obrak onartzen dituen unean, hala agintzen baitu foru lege honetako 159. artikuluak.
88. artikulua. Inguruneari egokitu beharra.
Lurzoruaren erabilera guztiak, eta bereziki eraikinak, non dauden kokaturik hango natur eta kultur inguruneari egokitu beharko zaizkio. Horretarako, lurren sailkapena kontuan hartu gabe, aplikazio zuzenerako arau hauek ezartzen dira:
a) Balio artistikoa, historikoa, arkeologikoa, tipikoa nahiz tradizionala duen eraikin multzo baten parte diren nahiz ondo-ondoan dauden eraikinek, harekin harmonian egon beharko dute, eta, baita ere, eraikin multzorik ez egonagatik, ondoan esan bezalakoren bat baldin badago garrantzi edo kalitate handikoa.
b) Paisaia ireki eta naturala duten tokietan, edo ezaugarri historiko-artistikoak, tipikoak nahiz tradizionalak dituzten eraikin multzoek eskaintzen dituzten ikuspegietan, eta bide, errepide eta abelbide ikusgarrien inguruetan, ez da zilegi izanen natur edertasuna miresteko ikusmira trabatzea, paisaiaren harmonia haustea edo paisaiaren beraren ikuspegi orokorra desitxuratzea, eraikinen bidez (beren kokaera, masa, altuera, osaera, kolore edo materialak direla medio) edo horma nahiz itxiturak direla kausa, edo beste elementuren bat instalatzeagatik.
c) Eraikinek izan beharko dituzte beren kanpoko paramentu eta estalki guztiak erabat bukaturik, horretarako erabilita begietara gutxien nabarmentzen diren forma eta materialak, bai eta eskualdean tradiziozkoak diren koloreak ere edo, bestela, ingurune hurbilean eta paisaian hobekien integratzeko egokienak direnak.
d) Arrisku naturalek edo teknologikoek mehatxaturiko tokietan, alegia, uholdeak, higadura, hondoratzea, sutea, kutsadura edo antzeko ezbeharren aukera aurreikusten denetan, ez da baimenduko eraikinik edo instalaziorik egitea, ezta halako arriskua jasan dezakeen lurzoruaren bestelako erabilerarik ere.
89. artikulua. Garaiera
Halakorik baimentzen duen planik ez dagoen bitartean, ezin izanen da hiru solairutik goitiko eraikinik altxatu, lurraren puntu bakoitzean neurturik, deusetan ukatu gabe aplikatzekoak diren gainerako mugapenak.
Orubea kokatzen denean bi heren baino gehiago eraikiak dituzten gune edo etxe-irletan, udalek baimena ematen ahalko dute lehendik dauden eraikinen batez besteko garaieraraino iristen diren eraikinak egiteko.
II. KAPITULUA. Lurzoruaren sailkapena
90. artikulua. Lurzoru motak.
Foru lege honen ondorioetarako, lurzorua izanen da hiri-lurzorua, urbanizagarria edo urbanizaezina.
91. artikulua. Lurzoruaren sailkapena planeamendurik gabeko udalerrietan.
Lurzorua sailkatzeko planeamendurik ez duten udalerrietan, hurrengo artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz hiri-lurzoruen sailean sartzen ez diren lurrak lurzoru urbanizaezinekoak izanen dira.
92. artikulua. Hiri-lurzorua.
1. Hiri-lurzorutzat hartuko da, foru lege honen eraginetarako, legez integratuta dagoena bide, zuzkidura eta lurzatietan sare batek –zeina berezkoa baitu parte deneko herriaren gunearen edo asentamenduak– osatutako hiri-sare batean eta honako baldintza hauetako bat betetzen duena:
a) Urbanizatua izatea kasuko antolamendu-tresna betez.
b) Behar diren azpiegitura eta zerbitzuak instalatuta eta operatibo egotea, aplikatzekoa den legedian ezarritakoaren arabera, haiek sarean konektatuz, hirigintza-antolamendurako lehendik dauden edo aurreikusita dauden erabileren eta eraikinen eskaria asetzeko edo haiek eduki ahal izateko lehendik dauden instalazioetarako hargune- lanez besterik egin behar gabe. Lurzorua saihesbideekin edo hiriarteko komunikazio-bideekin mugakidea izateak ez du, berez, ekarriko hura hiri-lurzorutzat hartzea.
c) Eraikinak okupatuta izatea, gutxienez ere horretarako gai den espazioaren bi herenean, kasuko plangintza-tresnak proposatutako antolamenduaren arabera, baita lursailek behar dituzten zerbitzuetako batzuk falta dituztenean ere.
2. Halaber, hiri-lurzorutzat hartuko dira udal planeamenduak mugatutako esparruak, behar diren azpiegitura eta zerbitzuak legez dauzkatenak.
3. Hirigintza-planeamenduak honako kategoriak bereiziko ditu:
a) Hiri-lurzoru finkatua, hiri-lurzorutzat sailkatzen diren lursailek osatua, haietarako soilik eraikuntza-jarduketak edo zuzkidurakoak aurreikusten direnean.
b) Hiri-lurzoru finkatu gabea, hiri-lurzorutzat sailkatzen diren lursailek osatua, haietarako urbanizazioa berritzeko edo erreformatzeko jarduketak aurreikusten direnean.
4. Urbanizazioa berritzeko edo erreformatzeko jarduketak dira hiri-lurzoruan egiten duten esku-hartzeak, azpiegitura publiko berriak aurreikusten dutenak eta, berdinbanatzeko eragiketen bitartez, eraikuntzarako edo erabilera independenterako gai diren lurzati bat edo gehiago sortzea aurreikusten dutenak, azken horiek funtzionalki konektatuak exijitzen diren zerbitzuen sarearekin.
5. Zuzkidura-jarduketak dira hiri-lurzoruan helburu dutenak eraikigarritasuna edo dentsitatea handitzea edo hirigintza-erabilera aldatzea, baldin eta ez badute eskatzen haren urbanizazioa erreformatu edo berritzea.
6. Artikulu honetako 4. eta 5. idatz-zatietan azaldutako jarduketetarako adierazi diren baldintzak gertatzen ez den bitartean, honakoak hartuko dira eraikuntza-jarduketatzat, baita urbanizatze-obra osagarriak eskatzen dituztenean ere:
a) Eraikuntza berrikoak eta lehendik zeuden eraikinak ordeztekoak.
b) Eraikinen birgaitzekoak; esate baterako, lehendik dauden eraikinetan, haien instalazioetan eta espazio komunetan mantentze-obrak eta -lanak egitea, edo esku-hartzekoak, Eraikuntza Antolatzeari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean xedatutako terminoetan.
93. artikulua. Orubea.
Orubetzat hartuko dira eraikitzeko egokiak diren hiri-lurzoruko lurrak, honako baldintza hauek betez gero:
1. Planeamenduan kasu bakoitzerako ezarritako gutxieneko arauen arabera urbanizatuak egotea, eta hartan zehazten ez badira, eduki beharko dituzte, gutxienez, ibilgailuentzako sarbidea, ur hornidura, ur hustuketa eta argindarraren hornidura, eta gainera lurzatiaren aurreko galtzadak zoladura emana izan beharko du eta espaloiek zintarria jarrita.
2. Lerrokadurak eta sestrak seinalaturik edukitzea.
3. Beharrezkoa denean, urbanizazioko kargak banaturik egotea.
94. artikulua. Lurzoru urbanizaezina.
1. Lurzoru urbanizaezina izanen da, foru lege honen ondorioetarako, honako kasu hauetakoren batean dagoen lurra:
a) Sektoreko legeriaren arabera, babes araubide bereziren bati loturik dagoena, bere eraldaketarekin bateraezina, paisaia, natura, ingurumen edo nekazaritza aldetik dituen balioengatik edo bere balio historiko, artistiko, zientifiko nahiz kulturalengatik.
b) Lurraldearen antolamenduko tresnek prozesu urbanizatzailetik baztertu dutena, lurralde garapeneko ereduaren ondorioz, paisaia, natura, ingurumen edo nekazaritza aldetik dituen balioengatik edo bere balio historiko, artistiko, zientifiko nahiz kulturalengatik.
c) Bere urbanizazioarekin bateraezinak diren arrisku naturalek edo bestelakoek mehatxaturik dagoena, alegia, uholdea, higadura, hondoratzea, lur-jausia, lur-korrimendua, sutea, kutsadura edo segurtasun nahiz osasun publikoari edo ingurumenari kalte egin diezaiokeen bestelako gertakariren baten aukera aurreikusten den tokian dagoena.
Bertan sartzen ahalko dira, baita ere, lehen noizbait a) eta b) letrek aipatzen dituzten balioak izan zituzten lurrak eta, suteen, hondamendien edo bestelako gorabeheren ondorioz, haiek gabe gelditu direlako orain babestu egin behar direnak, balio horiek berreskuratzeko.
d) Udal planeamenduan, behar bezala arrazoituz, lur horren ezaugarriei eustea bermatzea beharrezkoa dela adierazten bada, lur horren balio historiko, arkeologiko, zientifiko edo kulturalengatik, edo ingurumen nahiz paisaia aldetik edo nekazaritza, abeltzaintza nahiz oihangintza aldetik dituen balioengatik.
e) Udal planeamenduan, behar bezala arrazoituz, lurra hirigintza garapenetik at uztea beharrezkoa dela adierazten bada, bertako azpiegitura, ekipamendu, zerbitzu eta instalazio publikoen kontserbazio, ahalmen eta funtzionaltasunarengatik, edo interes publikoko arrazoiengatik, edo jarduera bereziak instalatzeko, erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera.
2. Lurzoru urbanizaezinean bi kategoria bereiziko dira:
a) Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina. Kategoria honetan sartuko dira artikulu honetako 1. idatz-zatiko a), b) eta c) letretan aipatzen diren lurzoru urbanizaezineko lurrak.
Udalaren hirigintza-planeamenduak ingurune fisikorako definitutako antolamenduaren kategoriari gainjartzen zaizkion baldintzak dira, ukitzen dituzten lurzoruetan jarduera batzuen garapena zedarritzen edo mugatzen dutenak.
b) Gorde beharreko lurzoru urbanizaezina. Kategoria honetan sartuko dira artikulu honetako 1. idatz-zatiko d) eta e) letretan aipatzen diren lurzoru urbanizaezineko lurrak.
3. Lurzoru urbanizaezinean, babestu nahiz gorde beharrekoan, planeamenduak honako azpikategoria hauek bereizten ahalko ditu, sailkapenaren arrazoiaren arabera:
Paisaia aldetik balioa duen lurzorua.
Ingurumen aldetik balioa duen lurzorua.
Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua.
Balio kulturala duen lurzorua.
Garapen eredua zaintzeko lurzorua.
Arriskuei aurrea hartzeko lurzorua.
Azpiegituretarako lurzorua.
Jarduera berezietarako lurzorua.
4. Udalaren hirigintza-planeamenduak babestutako lurzoruen araupetzea eta zedarritzea jasoko du, informazio-xedetarako, salbu eta legedi sektorialak edo lurraldearen antolamendu-tresnek ahalmena ematen dutenean araupetze edo/eta zedarritze hori ezarri edo zehazteko.
5. Udalaren hirigintza-planeamenduak lurzoru urbanizaezineko lursail berean biltzen diren kategoria edo/eta azpi-kategoria guztiak bereizi beharko ditu, haien ezaugarrien eta haietan gerta daitezkeen baldintzen arabera, halako moduz non bermatuko baita uneoro aplikagarri egotea erabilera- eta babes-araubide bat. Nolanahi ere, murriztaileena den erabilera- eta babes-araubidea aplikatuko da.
95. artikulua. Lurzoru urbanizagarria.
Lurzoru urbanizagarritzat hartuko dira hirigintza-antolamenduko tresnek hiri-lurzoruaren egoerara aldatzea edo aldatu ahal izatea aurreikusten duten lursail urbanizatu gabeak, harik eta urbanizazio berriko kasuko jarduketa amaitzen den arte, foru lege honetan eta aplikatzekoa den planeamenduan ezarritako baldintzetan eta terminoetan.
96. artikulua. Hirigintza-zedula.
Udalek beren ordenantza batean agiri bat sortzen ahalko dute, udalerrian sartutako finkek dituzten araubide eta hirigintzako baldintzak egiaztatuko dituena. Dagokion finkaren izaera zein den, lurraren edo eraikinaren hirigintza-zedula deituko zaio.
Betiere, aurreko lerroaldean aipatzen den ordenantza bost mila biztanletik goitiko udalerrietako udalek eman beharko dute.
III. KAPITULUA. Hiri-lurzoruaren eta urbanizagarriaren araubidea
97. artikulua. Hiri-lurzoruaren jabeen eskubideak.
1. Hiri-lurzoruaren jabe direnek, foru lege honek eta planeamenduak kasu bakoitzean ezartzen dituzten baldintzetan, honako eskubide hauek izanen dituzte:
a) Lurren urbanizazioa osatzeko eskubidea, orube izaera eskura dezaten.
b) Lurzatiak edo orubeak izan dezakeen hirigintza-aprobetxamendurako eskubidea, artikulu honetako 2 eta 3. idatz-zatietan xedatutakoaren arabera.
c) Eraikitzeko eskubidea, dagokion hirigintza-aprobetxamendua gauzatuta, planeamenduaren eta, halakorik bada, kasuan kasuko kudeaketa tresnen arabera, lurra orube bihurtzen den unetik hasita edo, bestela, oraindik egin gabe zeuden urbanizazio obrekin batera.
d) Egindako eraikina hirigintza-antolamenduak baimentzen dituen erabileretarako xedatzeko eskubidea, hartan dagozkion jarduerak garatuz.
2. Hiri-lurzoru finkatuan, jabeek beren aprobetxamendua zuzenean gauzatuko dute beren lurzatien gainean edo aldez aurretik finken normalizazioa eginda; eta hiri-lurzoru finkatu gabean, antolamendu berritik ateratzen diren lurzatien gainean, edo konpentsazio ekonomikoaren bidez.
3. Jabeek gauzatzen ahalko dute hirigintza aprobetxamendua, hirigintza planeamenduak onartzen dienetik dagokiena, honela:
a) Hiri-lurzoru finkatuan: lurzatiaren edo orubearen aprobetxamenduko 100eko 100, planeamenduak ezartzen duenaren arabera.
b) Hiri-lurzoru finkatu gabean: exekuzio unitateari edo, hala behar duenean, banaketa eremuari dagokion aprobetxamenduko 100eko 90.
4. Artikulu honetan aipatzen diren eskubideak erabiltzeko, beharrezkoa da aldez aurretik onestea lurren antolamendu xehekatua ezartzen duen hirigintza planeamenduko tresna eta, hala behar duenean, hirigintza-kudeaketan eska daitekeen tresna, bai eta kasuan kasuko hirigintza lizentzia lortzea ere.
98. artikulua. Hiri-lurzoruaren jabeen betebeharrak.
1. Eraikuntza-jarduketak aurreikusten direneko hiri-lurzoru finkatuko jabeek honako betebeharrak izanen dituzte:
a) Lurrek orube izaera lortzeko behar duten urbanizazioa ordaintzea eta, hala behar duenean, osatzea, lehendik ez baldin badute.
Horretarako, ordaindu beharko dituzte hiri-zerbitzuak osatzeko behar diren urbanizazio gastuak, finkak erregularizatu beharko dituzte beren konfigurazioa planeamenduan ezarritakoari egokitzeko, behar diren obrak exekutatu beharko dituzte, hala behar denean, eta udalari laga beharko dizkiote planeamenduan seinalatutako lerrokaduretatik kanpo gelditzen diren lurrak, zeinak ezin izanen baitira izan, inola ere, finkaren guztizko azaleraren %10 baino gehiago.
b) Orubeak eraiki beharko dituzte, planeamenduak eta hirigintza-lizentziak seinalatzen dituzten epean eta gainerako baldintzetan.
c) Eraikina erabili beharko dute planeamenduak eta hirigintza-lizentziak aurreikusitako erabileretarako.
2. Zuzkidura-jarduketak aurreikusten direneko hiri-lurzoru finkatuko lursailen jabeek aurreko idatz-zatian aipatutako betebeharrak izanen dituzte; horiei honakoak gehitu beharko zaizkie:
a) Antolamendu-tresna aldatu eta aldaketa horretatik esparruaren aprobetxamendua handitzen bada, aprobetxamendu-handitze horren %10ari dagokion lurzorua administrazio jarduleari eskuratu beharra, nahitaez eta doan. Betebehar hori bete ahalko da lurzoruaren balioari dagokion eskudirua emanez, jarduketan bertan aurreikusita egon daitekeen finantzaketa publikoaren parte bat ordaindu ahal izateko, edo lurzoruaren ondare publikoan integratzeko; horren xedea izanen dira, nagusiki, eraikinen birgaitze-jarduketak edo hiri-berroneratzeko edo berrikuntzako jarduketak.
Salbuespen gisa, eta aintzat harturik bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia, zilegi izanen da portzentajea %5eko gutxienekoraino jaistea, edo %15eko gehienekoraino proportzioz eta arrazoituz igotzea.
b) Administrazio eskudunari eskuratu behar izatea bere proportzioaren doikuntzarekin lotutako zuzkidura publikoetarako lurzorua; haren ordez, dagokion esparruan gauzatzeko ezintasun fisikorik baldin badago, eraikitako azalera edo irabazi asmorik gabeko eraikigarritasuna eskuratu ahalko zaio, higiezinen multzo batean, haren barrenean, edo planeamenduan ezarritako beste edozein bide erabili ahalko da.
Aurreko lerrokadan ezarritakoa alde batera utzita, salbuespenez eta egoki justifikatzen bada ez dagoela teknikoki nahiz ekonomikoki bideragarria den beste inongo konponbiderik, hirigintza-antolamenduko tresnek lurzoru-eskuratze berriak egin behar izatetik salbuetsi ahalko ditu dentsitatearen edo eraikigarritasunaren igoerak dakartzaten jarduketak; hain zuen ere, bizigarritasun-baldintza gutxienekoak betetzen ez dituzten etxeen ordez legez exijitzekoak diren baldintzak betetzen dituzten etxebizitzak egitekoak, helburu izanen dutenak, kasuko jarduketak exijitzen duen moduan, bizilagunei ostatu berria ematea eta bizilagunen itzulera.
3. Hiri-lurzoru finkatu gabearen jabeek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Administrazioari laga beharko diote, nahitaez eta dohainik, beren lurrak sartzen diren garapen esparruaren zerbitzuan, bideetarako, espazio libreetarako, berdeguneetarako eta herriko ekipamendu publikoetarako behar den lurzoru guztia.
b) Nahitaez eta dohainik laga beharko dute sistema orokorrak exekutatzeko behar den lurzorua, planeamenduak, hala behar duenean, dagokion esparruan sartuko duena, hura kudeatzeko xedearekin.
c) Esku hartzen duen administrazioari laga beharko diote, nahitaez eta dohainik, kasuan kasuko esparruko aprobetxamenduaren %10ari dagokion lurzoru kopurua, salbu lehendik dagoen eraikuntza ordezkatzen denean aprobetxamendua handitu gabe.
d) Planeamenduaren ondoriozko onura eta kargak banatu beharko dituzte, bakoitzari dagokiona, haren exekuzio materialari ekin baino lehen.
e) Dagokion jarduketan aurreikusitako urbanizatze-obra guztiak ordaintzea eta, hala badagokio, egitea, bai eta zerbitzu-sare orokorrekin lotzeko azpiegiturak eta jarduketatik kanpo daudenak zabaltzeko eta sendotzekoak ere, baldin eta jarduketaren neurri eta ezaugarri bereziek hala eskatzen badute; horrek ez du eragotziko zerbitzu-sareak instalatzeko gastuak enpresa zerbitzu-emaileei kobratzeko eskubidea, berariaz sinatutako eta jarduten duen administrazioak onetsi beharreko hitzarmenetan ezarritako baldintzetan. Akordiorik ez badago, administrazio horrek erabakiko du bidezkoa dena.
f) Orubeak eraiki beharko dituzte, planeamenduak eta hirigintza-lizentziak seinalatzen dituzten epean eta gainerako baldintzetan.
g) Eraikina erabili beharko dute planeamenduak eta hirigintza-lizentziak aurreikusitako erabileretarako.
4. Aurreko idatz-zati guztietan ezarritakoa ulertuko da ezertan eragotzi gabe foru lege honetan 61. bis artikuluak eraikinen birgaitze-jarduketetarako eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketetarako xedatzen duena.
99. artikulua. Lurzoru urbanizagarriaren jabeen eskubideak.
1. Lurzoru urbanizagarriaren jabeek beren jabetzako lurrak erabili, haietaz gozatu eta xedatzeko eskubidea izanen dute, beren landa-izaeraren arabera.
2. Udal plan orokorraren araberako antolamendu xehekatuko lurzoru urbanizagarri sektorizatuaren jabeek honako eskubide hauek izanen dituzte:
a) Lurren urbanizazioaren bidezko eraldaketa sustatzeko eskubidea, foru lege honetan eta planeamenduan ezarritakoaren arabera.
b) Urbanizazioaren exekuzioan parte-hartzeko eskubidea, foru lege honetan eta planeamenduan ezarritako forma eta baldintzen arabera.
c) Lurzatiak izan dezakeen hirigintza aprobetxamendurako eskubidea.
d) Eraikitzeko eskubidea, dagokion hirigintza aprobetxamendua gauzatuz, planeamenduaren eta, hala denean, kasuan kasuko kudeaketa tresnen arabera.
e) Egindako eraikina hirigintza-antolamenduak baimentzen dituen erabileretarako xedatzeko eskubidea, hartan dagozkion jarduerak garatuz.
3. Udal plan orokorraren araberako antolamendu xehekaturik gabeko lurzoru urbanizagarria denean, lurraren jabeek antolamendu xehekatua sustatzeko eskubidea izanen dute, eta horretarako behar den garapen planeamendua eskatu eta formulatzen ahalko dute.
4. Sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarriaren jabeek haren eraldaketa sektorizazio planaren bidez sustatzeko eskubidea izanen dute. Halaber, lotespenik ekarriko ez duen kontsultarako eskubidea izanen dute, honako gai hauei buruz:
a) Lurralde eta hirigintza planetako eta, oro har, hirigintza antolamenduko irizpide eta aurreikuspenak.
b) Beren jabetzako lurrak sektorizatzeko eska daitezkeen baldintzak.
c) Beren kontura egin beharko lituzketen obrak, exekutatu gogo duten jarduketa sistema orokorrekin lotzeko.
Egindako kontsultari buruzko erantzuna eman beharko da bi hilabeteko epean.
100. artikulua. Lurzoru urbanizagarriaren jabeen betebeharrak.
Lurzoru urbanizagarriaren eraldaketak honako betebehar hauek ekarriko dizkie bere jabeei:
a) Administrazioari laga beharko diote, nahitaez eta dohainik, beren lurrak sartzen diren garapen esparruaren zerbitzuan, bideetarako, espazio libreetarako, berdeguneetarako eta herriko ekipamendu publikoetarako behar den lurzoru guztia.
b) Nahitaez eta dohainik laga beharko dute planeamendu orokorrak, hala denean, dagokion esparruaren barrenean sartu edo atxikitzen dituen sistema orokorrak exekutatzeko behar den lurzoru guztia, bai eta udalez gaindiko ekipamenduetarako lurrak ere, bertan titulartasun publikoko edo gizarte integrazioko etxebizitzak eraikitzeko.
c) Ordaindu eta, hala behar denean, exekutatu beharko ditu jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta, hala denean, sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ondorioz ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak, planeamendu orokorrak ezartzen dituen betebehar eta baldintzen arabera.
d) Esku hartzen duen administrazioari laga beharko diote, nahitaez eta dohainik, kasuan kasuko sektore edo esparruko aprobetxamenduaren 100eko 10ari dagokion lurzoru kopurua.
e) Planeamenduaren ondoriozko onura eta kargak banatu beharko dituzte, bakoitzari dagokiona, haren exekuzio materialari ekin baino lehen.
f) Dagokion esparruko urbanizazioa ordaintzea edo exekutatzea, planeamenduak dagokion esparruan sartu edo atxikitzen dituen sistema orokorren urbanizazio obrak izan ezik, hura kudeatzeko xedearekin, c) letran ezarritakoa deusetan ukatu gabe.
g) Orubeak eraiki beharko dituzte, planeamenduak eta hirigintza lizentziak seinalatzen dituzten epean eta gainerako baldintzetan.
h) Eraikina erabili beharko dute planeamenduak eta hirigintza lizentziak aurreikusitako erabileretarako.
101. artikulua. Banaketa eremuak.
1. Nahitaezko lagapenaren eta berdinbanaketaren betebeharrak betetzeko, udal plan orokorrak banaketa eremu bat edo gehiago zehazten ahalko ditu finkatu gabeko hiri-lurzoru guztirako eta haren barrenean sartzen diren sistema orokorretarako lurretarako, zeinen jabetza ez den lortu hirigintza lagapen edo atxikipenaren ondorioz udal plan orokor horren aurretik. Erabilera orokor bereko banaketa eremu desberdinen eredu-aprobetxamendua ezin izanen da izan haietako handiena baino 100eko 15 txikiagoa.
2. Sektorearen edo sektoreen planeamenduak, udal plan orokorrean ezarritako irizpideen arabera, banaketa-eremu bat edo gehiago zehaztu ahalko ditu lurzoru urbanizagarri guztirako eta haren barrenean sartzen diren sistema orokorretarako lurretarako, zeinen jabetza ez den lortu hirigintza-lagapen edo -atxikipenaren ondorioz udal plan orokorraren aurretik.
3. Banaketa eremu bakoitzaren barrenean sartzen diren exekuzio unitateek, baldin eta beren eredu-aprobetxamendua harena baino handiagoa bada, gehitu beharko dute haren barrenean sartu edo, bestela, atxikitako sistema orokorretarako lurrengatik dagokien zati proportzionala, era horretan lortzeko banaketa eremu horretan ezarritako eredu-aprobetxamendua.
4. Banaketa eremuaren barrenean sartzen diren exekuzio unitateen eredu-aprobetxamendua harena baino txikiagoa den kasuetan, desoreka hori konpontzeko modu bat da urbanizazio karga txikitzea, gauzatu ezin den aprobetxamenduaren balioaren heinean, eta beste modu bat izaten ahal da alde hori berdintzea kontrako egoeran dauden banaketa eremu bereko beste exekuzio unitate batzuetan; edo, bestela, bi gauzak batera egiten ahalko dira.
5. Banaketa eremuetan sartutako sistema orokorrak eskuratzen ahalko dira exekuzio unitateak garatu baino lehen, haien desjabetzapenaren bidez, eta kasu horretan udalak bereganatuko ditu jatorrizko jabeen eskubide eta betebeharrak, alegia, banaketa eremuan sartutako exekuzio unitate horien aprobetxamenduaren partaidetzakoak. Halaber, banaketa eremuetan sartutako sistema orokorrak aldez aurretik eskuratzen ahalko dira, haien okupazio zuzenaren bidez, foru lege honetako 186.1.b artikuluan xedatutakoaren arabera.
6. (kenduta)
102. artikulua. Eredu-aprobetxamenduaren kalkulua.
1. Zehaztutako banaketa-eremu bakoitzeko eredu-aprobetxamendua zatiketa bat eginez aterako da: zatikizuna izanen da garapen-planeamenduak eremu horretarako aurreikusitako hirigintza-antolamenduari dagokion irabazizko guztirako aprobetxamendua, barne harturik zuzkiduretarako pribatua, behar bezala homogeneizaturik, metro koadro eraikigarrietan emana; eta zatitzailea, berriz, azalera osoa, lehendik dauden sistema orokorrei edo toki-sistemei atxikitako lurrak kenduta.
2. Udal plan orokorrak, kasu honetarako, eraikuntzako erabilera eta tipologiak homogeneizatzeko koefizienteen sistema bat ezarriko du, behar bezala justifikaturik, kasuan kasuko merkatu-balioei begira. Homogeneizatzeko koefizienteen sistema hori bera planeamenduko garapeneko tresnei eta haren aldaketei aplikatuko zaie.
3. Halaber, banaketa-eremuan sartutako lurzoruen eremu-kokapen erlatiboa edo haiek urbanizatzeko gaitasuna neurtuko duten koefizienteak ere ezarri ahalko dira, horretarako lehentasuna emanez irisgarritasunari, hiri-sistemetatik hurbil egoteari, zuzkidura eta zerbitzuekiko hurbiltasunari.
103. artikulua. Batez besteko aprobetxamendua.
1. Udal plan orokorrak ez baditu banaketa eremuak zehazten hiri-lurzoru finkatu gabean, udalerriko exekuzio-unitateen batez besteko aprobetxamendua kalkulatuko da.
2. Exekuzio unitate baten batez besteko aprobetxamendua zatiketa bat eginez aterako da. Zatikizuna izanen da irabazizko aprobetxamendua, barne harturik unitateari dagokion ekipamenduetarako aprobetxamendu pribatua, aldez aurretik homogeneizatua aurreko artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera zehazten diren ponderazio erlatiboko koefizienteen bidez, eta zatitzailea, berriz, azalera osoa, lehendik dauden sistema orokorrei edo toki-sistemei atxikitako lurrak kenduta.
3. Udal plan orokorrak, kasu honetarako, eraikuntzako erabilera eta tipologiak homogeneizatzeko koefizienteen sistema bat ezarriko du, behar bezala justifikaturik, kasuan kasuko merkatu-balioei begira. Homogeneizatzeko koefizienteen sistema hori bera planeamenduko garapeneko tresnei eta haren aldaketei aplikatuko zaie.
103.bis artikulua. Bizitegitarako eraikuntzaren proiektuaren aprobetxamendua.
Etxebizitza-erabilera kolektiborako hiri-lurzoruaren edo lurzoru urbanizagarriaren antolamendu xehakatua ezartzen duen planeamenduak, edo, kasua bada, berdinbanaketarako tresnak, emaitza gisa ateratzen den lurzati bakoitzari dagokion etxebizitzetarako eraikuntzaren nahiz eraikigarritasunaren proiektuaren aprobetxamendua ezarriko du, dagokion hirigintza-aprobetxamendua gauzatuz, betiere metro koadro eraikigarritan adierazita.
Lurzati bati dagokionez, etxebizitzetarako eraikuntza-proiektuaren aprobetxamendutzat edo etxebizitzetarako eraikigarritasuntzat definitzen da azalera erabilgarria bider 1,15 egitearen emaitza; koefiziente hori da azalera erabilgarriak izandako bihurtze-koefizientea erabili ondotik isolamendu termo-akustikoak eta osasungarritasuna hobetzera bideratutako eraikuntza-teknikak, Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarriak betiere.
Inoiz ere ezin izanen da gainditu kasuko planeamenduan ezarritako gehieneko eraikitze-bolumena, ez eta bertan zehaztutako aprobetxamendua aldatu ere.
Baldin eta planeamenduak ez badu finkatzen gehieneko eraikitze-bolumena, ukitutako eremuari dagokion planeamendu-tresna izapidetu beharko da.
Azalera erabilgarritzat ulertuko da fatxada eta mehelin-pareta guztien edo etxebizitza bakoitzaren nahiz elementu komunetako banaketa elementuen itxituraren barne perimetroak mugatutakoa, paretak, trenkadak, egiturazko elementu bertikalak eta kanpoko hoditeriak nahiz itxitura edo trenkadetatik ateratzen direnak, 100 cm²-tik gorako sekzio horizontalarekin, eta 1,50 m baino altuera libre txikiagoa duen azalera.
104. artikulua. Urbanizazio kargak.
Aprobetxamenduaren gainean, esku hartzen duen administrazioari, nahitaez eta dohainik, egiten zaion 100eko 10eko lagapena, hala hiri-lurzoruan nola lurzoru urbanizagarrian, urbanizazio kargetatik salbuetsirik egonen da, karga guztia jabeen bizkar geldituko baita, bakoitzaren aprobetxamenduaren arabera. Lagatako lurzoruari dagozkion urbanizazio karga horiek sartzen dira ukitutako jabeei dagokien urbanizazioaren kostua ordaintzeko betebeharraren barrenean.
105. artikulua. Lagapena egiteko, berdinbanaketarako eta urbanizatzeko betebeharrak betetzeko epeak.
1. Lurren antolamendu xehakatua ezartzen duen hirigintza-planeamenduko tresnak epeak finkatu ahalko ditu lagapena egiteko, berdinbanaketarako eta urbanizatzeko betebeharrak betetzeko. Epe horiek aldatu ahalko dira zabalpen hori behar adina justifikatzen duten inguruabar ekonomiko, finantzario eta merkatukoen ondorioz.
2. Planak ez baditu epe horiek ezartzen, aipatutako betebeharrak betetzeko gehieneko epea zortzi urtekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
106. artikulua. Urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egitea.
Administrazioak baimena eman ahalko du urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egin daitezen, betiere horretarako behar diren berme proportzionatuak eskatuz –ezin izanen baitira izan lurzatiaren edo esparruaren hirigintza-zamaren %30 baino handiagoak–, abal ekonomikoaren bidez edo Zuzenbidean onartzen diren bermeetako edozein erabiliz.
107. artikulua. Behin-behineko erabilera eta obrak.
Lurzoru urbanizagarrian, bakar-bakarrik baimendu ahalko dira, salbuespen gisa, ez hirigintzako edo sektoreko legediak ez planeamendu orokorrak espresuki debekatzen ez dituzten behin-behineko erabilera eta obrak. Erabilera eta obra horiek udalak erabakitzen duenean gelditu beharko dira eta, kasua bada, eraitsi beharko dira, inolako kalte-ordainik gabe. Baimena, aipatutako baldintzen pean, jabea ere haiekin ados dela, jabetza-erregistroan sartuko da, hipotekei buruzko legedian ezarritakoarekin bat.
108. artikulua. Ezarpen zuzena, interes orokorreko kasuetan.
1. Interes orokorreko kasu justifikatuetan, salbuespen gisa, toki entitateek eraikitzeko lizentziak ematen ahalko dituzte, hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian zuzenean ezartzeko industriak, hirugarren sektoreko jarduerak eta ekipamenduak, kudeaketa tresnen edo urbanizazio proiektuaren behin betiko onespenaren zain egon gabe, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:
a) Lurren antolamendu xehekatua izatea.
b) Hasia izatea kasuan kasuko urbanizazio proiektuaren tramitazioa, zeinaren bidez egiaztatzen ahalko baita ezen jarduera abian jartzeko urbanizazio-obraren exekuzioa behar diren baldintzetan eta kokaturik dagoen exekuzio unitatearen gainerakoa harmonikoki garatzeko aurreikusten diren eskakizun teknikoen arabera gauzatzen ari dela.
c) Jarduera ezartzea bere jabetzako lurretan, planean aurreikusitako antolamenduari eta araudiari egokiturik, eta lur horien azalera gordina nahikoa izatea lortzeko, aurreikusitako eraikigarritasunaren arabera, eraikuntzaren sustatzaileak nahi duen hirigintza aprobetxamendua, entitate pribatuek eskura dezaketena.
d) Ezarpenak ukitutako lurzatien jabeek espresuki adostasuna ematea edo, bestela, kasuan kasuko hirigintza-kudeaketako tresnaren tramitazioa hasia izatea.
e) Eraikuntzaren sustatzaileak fidantza bidez bermatzea lurrei dagozkien urbanizazio obren kostua, lehen aipatu urbanizazio obren proiektuan kalkulaturiko aurrekontuaren arabera.
f) Sustatzaileak espresuki konpromisoa hartzea, horretarako egiletsitako eskritura publikoan, lurrak nahitaez eta dohainik lagatzeko dagozkion betebeharrak betetzeko.
2. Aurreko zenbakian adierazitako baldintzen arabera emandako lizentziek testuan espresuki justifikatu beharko dute kasuaren interes publikoa, salbuespenezko prozedura honen aplikazioa eragin duena.
3. Artikulu honetan araututako baimenen arabera bukatutako eraikina dagokion titularraren ondarean sartzeko, betiere, lurren jabeek aldez aurretik egiazki bete beharko dituzte hirigintza aprobetxamendurako eskubideari loturik dauden betebehar hauek: lagapena, berdinbanaketa eta urbanizazioa.
4. Artikulu honen arabera emandako lizentzien baldintza bereziak jabetza-erregistroan inskribatuko ditu udalak, interesatuaren kontura, Estatuko legeriarekin bat.
IV. KAPITULUA. Lurzoru urbanizaezinaren araubidea
109. artikulua. Lurzoru urbanizaezinaren jabeen eskubide eta betebeharrak.
1. Lurzoru urbanizaezinaren jabeek beren jabetzako lurrak erabili, haietaz gozatu eta xedatzeko eskubidea izanen dute, beren izaeraren eta xedearen arabera.
2. Lurzoru urbanizaezinaren jabeek honako hau egin beharko dute:
a) Nekazaritza, oihangintza, abeltzaintza eta ehizarako edo natur baliabideen zentzuzko erabileraren barreneko beste xede batzuetarako erabiltzea, betiere, legeek edo planeamenduak ezartzen dituzten mugen barrenean.
b) Foru lege honetan aurreikusitako erabilera eta jarduerak burutzeko baimena eskatzea, deusetan ukatu gabe aplikatu beharreko legeria sektorialak xedatutakoa.
110. artikulua. Legezko araubidea, gutxieneko neurri.
Foru lege honetan araututako lurzoru urbanizaezinaren babes araubidean ezarritako mugak gutxienekoak eta oinarrizkoak dira, zeren eta planeamenduak babes handiagoko baldintzak ezartzen ahalko baititu lurzoru urbanizaezineko eremu jakin batzuetarako, lurraldearen beraren baldintza eta ezaugarriak direla bide.
111. artikulua. Erabilera onartuak, baimengarriak eta debekatuak.
1. Foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabilerak onartuak, baimengarriak eta debekatuak izaten ahalko dira.
2. Lurzoru urbanizaezinean –bai babestutakoan, bai gorde beharrekoan–, jarduera eta erabilera onartuak izanen dira lurzoru urbanizaezina babestu eta zaintzeko helburuekin berez bateragarriak direnak, eta bermatzen dutenak lurzoru hori babestu edo gorde behar izateko balioak edo arrazoiak ez dituztela aldatuko.
Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honakoak jotzen dira baimendutako jarduketatzat:
a) Lehendik dauden eraikin edo instalazioetako esku-hartzeak, jarduera- edo erabilera-aldaketa ez dakartenak edo bolumena handitzea dakartenak, eta zerbitzuen eskakizun berririk ez dutenak.
b) Instalazio edo eraikin txikiak eraiki edo ezartzea, lanabesak gordetzeko edo etxeko abereei aterpea emateko, baldin eta guztira 15 metroko azalera gainditzen ez badute.
c) Lurzatiaren itxitura.
d) Lehendik dauden nekazaritza- edo abeltzaintza-instalazioen zabalpenak, baldin eta, orokorrean, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren baimenaren bidez eraikitako azaleraren %20ren igoera suposatzen ez badute eta zerbitzu berriak eskatzen ez badituzte.
e) Lurrei eustea, lur-mugimenduak, basabideak edo bideak irekitzea, baldin eta ez badaude lotuta jarduketak edo eraikuntza-erabilerak ezartzeari, erauzketa jarduerei edo hondakindegiak ezartzeari.
f) Ureztaketarako instalazioak edo drainatzekoak, nekazaritza-azpiegituren arloko araudiak araututako nekazaritza-ustiategiei laguntzekoak.
Erabilera eta jarduera baimenduek ez dute beharko lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenik, baina horrek ez du esan nahi beste organo edo administrazioen lizentzia, baimena edo txostena beharko ez dutenik.
3. Beren izaera dela-eta lurzoru urbanizaezinean kokatu beharreko jarduera eta erabilera baimengarriak izanen dira lurzoru urbanizaezina babestu eta zaintzeko helburuekin berez, kasu jakin batzuetan eta aparteko izaeraz, bateragarriak direnak, eta bermatzen dutenak lurzoru hori babestu edo zaindu behar izateko balioak edo arrazoiak ez dituztela aldatuko.
4. Honakoak hartuko dira baimentzeko moduko jarduketatzat:
a) Eraikuntza-jarduketak, salbu eta artikulu honetako 2. idatz-zatian baimendutzat hartzen direnak.
b) Lehendik dauden eraikinetan erabilera edo jarduera aldatzekoak.
c) Legedi sektorialak berariaz araututako beste batzuk.
Jarduera eta erabilera hauek baimena beharko dute, foru lege honen 117. artikuluan xedatutakoaren arabera, baina horrek ez du esan nahi beste organo edo administrazioen lizentzia, baimen edo txostena ere beharko ez dutenik.
5. Artikulu honetan aurreikusitako eragiketarako, lehendik dauden eraikin eta instalazioek legezko egoeran egon behar dute. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskariak lehendik dauden erabilerak eta jarduketa eta eraikinak legeztatzeko eskabidea ere bildu beharko du.
6. Jarduera eta erabilera debekatuak izanen dira, hurrengo artikuluan aipatzen direnez gain, lurzoru urbanizaezineko kategoria bakoitza babestu eta zaintzeko helburuekin berez bateraezinak direnak.
112. artikulua. Jarduera debekatuak eta bateraezinak.
1. Lurzoru urbanizaezinean debekatuta daude ondorio hauek dakartzaten egintzak edo ez-egiteak:
a) Higadura handitu eta lurzoruen kalitatea galtzea.
b) Landaredia suntsitzea, oihan ondarea babesteari buruz indarra duen legerian ezarritakoa deusetan ukatu gabe.
c) Hezeguneak edo haien ingurune hurbila suntsitu edo kutsatzea, urari buruzko legerian bildutakoa deusetan ukatu gabe.
d) Gauzak, hondakinak edo bestelako zaborrak baimenduta dauden lekuetatik kanpo botatzea edo uztea, edo baimenik gabe erretzea.
e) Natura edo akuiferoak hondatu edo kutsa ditzaketen likido edo solidoak botatzea.
f) Hirigintza-lurzatiketak egitea, inola ere ezin izanen delarik egin inolako banaketa, bananketa edo zatiketarik nekazaritzako, oihangintzako edo antzeko bestelako legerian xedatutakoaren aurka.
2. Beren araudi berariazkoan zortasun gune zehazturik ez duten bide publiko eta Ibilbide Interesgarrientzat, hala nola abelbideentzat, edo Donejakue bidearentzat, hiru metroko zortasun gunea ezartzen da, bide horien kanpoko ertzetik neurtzen hasita.
Eremu horretan, debekatuta daude honakoak:
a) Lurrei eustea eta lur-mugimenduak, lotuta daudenak jarduketak edo eraikuntza-erabilerak ezartzearekin, erauzketa jarduerekin edo hondakindegiak ezartzearekin.
b) Eraikuntza jarduerak, salbu eta baimena behar duten azpiegiturak.
113. artikulua. Babestu beharreko lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabilera baimengarriak.
1. Babestutako lurzoru urbanizaezinean, baimena eman ahalko da babes berezi horren arrazoi diren berariazko balioekin bateragarriak diren eraikin, instalazio edo erabilerak egiteko, bateragarritasun hori behar bezala justifikatuta, halakoak ez badaude berariaz debekatuta legedi sektorialean, plangintza sektorialeko nahiz lurralde plangintzako tresnetan edo/eta udalaren hirigintza-planeamenduan.
2. Lurzoru hauetan ezin izanen dira baimendu, eta bereziki debekatzen dira lurzoruaren xedea edo izaera eraldatu, babestu nahi den balio berariazkoa kaltetu edo lurraldearen antolamenduko tresnek edo sektoreko legediak ezartzen duten araubide mugatzailea hausten duten eraikuntza, jarduera edo erabilerak.
114. artikulua. Gorde beharreko lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabilera baimengarriak.
1. Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean, baimena eman ahalko da nekazaritza, basozaintza edo abeltzaintza, kirol, turismo aktibo edo aisiako jarduerekin lotutako jarduketak egiteko, horren barnean direla lurzoru urbanizaezinean garatu beharreko aisialdirako baratzezaintza, azpiegitura, zerbitzu, ekipamendu eta zuzkidurak, kasuko lurralde esparruko lurralde antolamenduko planean ezarritakoaren araberakoak badira eta udalaren hirigintza-planeamenduan berariaz aurreikusita badaude.
2. Halaber, baimendu ahalko dira lurzoru urbanizaezinean kokatu edo garatu behar diren industriako edo hirugarren sektoreko jarduerak. Baimen hauek berekin ekarriko dute udalari esleitu beharra ukitutako lurren balio gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendua, behin baimena eman ondoren eta edozein jarduketari ekin baino lehen. Eraiki aurretik edo eraikitze lanen aldi berean, sustatzaileek bermatu beharko dute ukitutako lurrak guztiz eta egoki urbanizatuko dituztela, bai eta urbanizazio hori mantetnzeaz arduratuko direla ere.
3. Udal plan orokorrak udalerrian aisiarako baratzezaintzaren araupetzea ezarri ahalko du, lurralde antolamenduko tresna indardunetan ezarritakoarekin bat eta honako helburuekin: batetik, paisaia tradizionalei eustea eta, bestetik, biodibertsitatea gordetzea, lurraldea ingurune natural tradizionalean turismo aktiboko jarduera ekonomikoak egiteko erabiltzearekin bateragarria den moduan.
115. artikulua. Eremu espezifikoen zehaztapena.
Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean eremu batzuk bereizten ahalko dira, obra edo azpiegiturak egiteko edo zerbitzu publikoak ezartzeko, baldin eta, lurraldearen antolamenduko edo Estatuko nahiz Nafarroako plangintzako tresnen exekuzioan, lurzoru urbanizaezinean kokatu behar badira. Eremu horietan mugatu eginen dira eraikuntzazko erabilera edo aprobetxamendu lokabe guztiak.
116. artikulua. Familia bakarreko etxebizitza gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean.
1. Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean etxebizitzak egiteko baimena eman ahalko da, familia bakarreko etxebizitza bakartuak badira, titularraren ohiko bizileku iraunkorra izateko direnak, betiere erregelamendu bidez edo lurraldearen antolamenduko tresnen bitartez ezartzen diren baldintzetan eta lekuetan.
Lurzoru horiek ezin izanen dira egon foru lege honen 94. artikuluan definitutako babes-kategoriak ukituta.
Erabilera hori baimentzeko, gainera, espresuki aurreikusita egon beharko du udal planeamenduan, zeinek garatu eta zehazten ahalko baititu, berak hartzen duen lurraldean, aurreko lerroaldeak aipatzen dituen baldintzak eta lekuak.
2. Lurzoru urbanizaezinean etxebizitza bakartuak eraiki ahal izateko lurzatiaren gutxieneko azalera 10.000 metro koadrokoa izanen da, eta azalera hori erabili beharko da, erregelamenduan edo udal planeamenduan finkatzen den heinean, betiere ez %50etik beheiti, nekazaritza, abeltzaintza edo oihangintzako jarduera edo erabileretarako, eraikuntzaz kanpokoetarako hain zuzen.
Lurzatiaren gutxieneko azalera udal plan eta arauen bitartez handitu ahalko da.
Lurzatian ezin izanen da inongo segregazio- edo zatiketa-ekintzarik egin, eta eraikuntzaren azalera osoa jaso beharko da erregistroko inskripzioan, haren zatigarritasuna eta eraikigarritasuna direla-eta etxebizitzaren baimentzeak ezarritako muga zehatzak adierazita.
3. Ezin izanen da etxebizitza berririk baimendu jada etxebizitza-erabilera duten eraikinak dauden lurzatietan. Hala eta guztiz ere, etxebizitza-erabilera duen eraikin batek bi etxebizitza-unitate bildu ahalko ditu lurzati bakoitzeko, titularren artean ahaidetasun-harremanen bat dagoenean, odolbidezko edo ezkontza bidezko hirugarren gradura artekoa.
4. Jarduketa hauek berekin ekarriko dute ukitutako lurren balio gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendua lagatzeko betebeharra, behin baimena emanda eta edozein jarduketa hasi baino lehen.
5. Zerbitzuen ekipamenduak eta etxebizitzetarainoko sarbidea jabeen esku geldituko dira, beraiek egin beharko baitituzte, autonomoki eta bakarka, lehendik dauden azpiegituretako hartuneetatik, batere aldatu gabe lurzoru urbanizaezina babestu edo gorde behar izateko balioak eta arrazoiak, eta lurzoru horren babes arauak errespetatuta.
Zerbitzu-zuzkidurei eta elementu osagarriei dagozkien obrak –lur-erauzketak, lubetak eta hesiak, besteak beste– etxebizitzarako obrekin batera izapidetu beharko dira.
6. Ezin izanen dute etxebizitza bat sustatu aurreko bost urteetan lurzoru urbanizaezinean etxebizitza bat eraikitzeko baimena lortu duten titularrek, ez eta haien familia-unitateko kideek ere.
116. bis artikulua. Landa auzo tradizionaletako etxebizitzak.
1. Landa auzo tradizionaletako lurzoru urbanizaezinean etxebizitzak baimendu ahalko dira –auzo horiek udal hirigintza-planeamenduan halakotzat zedarrituta egonen dira–, erregelamendu bidez edo lurralde-antolamenduko tresnen bitartez ezartzen diren baldintzetan eta arlo geografikoetan.
2. Landa auzo tradizionaletan etxebizitzak eraikitzeko lurzatiaren gutxieneko azalera 1.500 metro koadrokoa izanen da. Lurzatiaren gutxieneko azalera udal plan eta arauen bitartez handitu ahalko da.
Lurzatian ezin izanen da inongo segregazio- edo zatiketa-ekintzarik egin, eta Erregistroko inskripzioan jasota gelditu beharko du azalera osoa eraikuntzari atxikia dagoela, adierazita zer muga zehatz ezarri dizkion etxebizitza egiteko baimenak zatigarritasunari eta eraikigarritasunari dagokionez.
3. Ezin izanen da etxebizitza berririk baimendu jada etxebizitza-erabilera duten eraikinak dauden lurzatietan. Hala eta guztiz ere, etxebizitza-erabilera duen eraikin batek bi etxebizitza-unitate bildu ahalko ditu lurzati bakoitzeko, titularren artean ahaidetasun-harremanen bat dagoenean, odolbidezko edo ezkontza bidezko hirugarren gradura artekoa.
4. Jarduketa hauek berekin ekarriko dute ukitutako lurren balio-gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendua lagatzeko betebeharra, behin obretarako udal lizentzia emanda eta edozein jarduketa hasi baino lehen.
5. Zerbitzuen ekipamenduak eta etxebizitzetarainoko sarbidea jabeen esku geldituko dira, beraiek egin beharko baitituzte, autonomoki eta bakarka, lehendik dauden azpiegituretako hartuneetatik, batere aldatu gabe lurzoru urbanizaezina babestu edo gorde behar izateko balioak eta arrazoiak, eta lurzoru horren babes arauak errespetatuta.
Zerbitzu-zuzkidurei eta elementu osagarriei dagozkien obrak –lur-erauzketak, lubetak eta hesiak, besteak beste– etxebizitzarako obrekin batera izapidetu beharko dira.
6. Ezin izanen dute etxebizitza bat sustatu aurreko bost urteetan lurzoru urbanizaezinean etxebizitza bat eraikitzeko baimena lortu duten titularrek, ez eta haien familia-unitateko kideek ere.
117. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak baimentzeko prozedura.
1. Lurzoru urbanizaezinean jarduera eta erabilera baimengarrientzako baimenerako honako prozedura honi jarraituko zaio:
a) Sustatzaileak kasuko eskaria aurkeztuko dio jarduera ezarriko edo garatuko den esparruko udal eskudunari; harekin batera, foru lege honen 119. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du. Ingurumen arloko esku-hartzerako tresnaren baten menpe dauden jardueren kasuan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta hura garatzeko arauetan ezarritakoa beteko da.
b) Udalak espedienteari aurkeztutako eskariari buruzko txostena gehituko dio, non adieraziko baitu ea bat datorren udalaren hirigintza-planeamenduarekin, dauden edo/eta aurreikusita dauden hirigintza-zerbitzuak nahikoak diren eta Udal horretan dauden aurrekari administratiboak zein diren. Espedientea lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari igorriko dio eskaria aurkeztu eta bi hilabeteko epean. Epe hori pasatu eta oraindik ez bazaio aipatu departamentuari dokumentazioa bidali, interesatuak zilegi izanen du baimena zuzenean eskatzea aipatutako departamentuan.
c) Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko kontseilari eskudunak ebatziko du eskatutako erabilera edo jarduera baimendu edo debekatzea, eta hala emanen dio jakitera udalari, sustatzaileari eta, hala behar bada, kontzejuari, horren lurrak ukitzen baditu. Baimena emateko ebazpenean jaso beharko da Foru Komunitatearen Administrazioko departamentuen eskumena diren afekzio sektorialen balorazioa, eta behar diren neurri zuzentzaileak ezarri ahalko dira. Bi hilabete igarotzen badira lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak udalari inongo egintzarik jakinarazi gabe, ulertuko da baimena ukatu egin dela.
2. Baimenak dimentsioen eta beharrizanen arteko proportzionaltasunaren irizpidearen arabera emanen dira, eta aztertu beharko da, halaber, proposatutako eraikinaren tipologia egokia den garatu nahi den jarduerarako.
3. Jarduketa exekutatzeko behar diren udal lizentziak edo haien abian jartzea soilik eman ahalko dira baimena eskuratu eta ondoren, eta, bidezkoak diren beste batzuen artean, baimen horretan adierazitako zehaztapenak jasoko dituzte; izan ere, zehaztapen horien betetzea eta betearaztea zaindu beharko ditu.
4. Jardueraren exekuzioa edo abian jartzea baimena ematen denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira haren eraginak, eta eraginkortasunik gabekotzat jo beharko da. Baimendutako jarduera eteteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak hark ukitutako lursailak berrezarri behar izatea, lehengo egoerara bueltatuz, beranduenez bost urteko epean, eraikinak eraitsiz edo/eta erretiratuz.
5. Erabilera edo jarduera bat Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe baldin badaude, udalak, espedientearekin osorik igorriko dio lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari, salbu eta aipatutako arauaren arabera, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueretarako baimena haren ebazpenean jasota dagoenean; izan ere, azken kasu horretan, ebazpen horretan xedatutako prozedurari jarraituko zaio.
118. artikulua. Prozedura berezia.
1. Jarduketak eta erabilerak udalez gaindiko plan edo proiektu sektorial baten xede diren kasuetan, ez da beharrezkoa izanen lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren baimena, salbu eta legedi sektorialean edo lurraldea antolatzeko tresnan bertan berariaz exijitzen bada.
2. Ez da aplikatzekoa izanen, ezta ere, aurreko artikuluan ezarritako prozedura ingurumen baimen integratua behar duten jarduera eta erabileretan; izan ere, baimen hori arautzen duen foru legean jasotakoa aplikatu beharko da.
3. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskuduna eskudunak, toki entitateak eskatuta, ahalmena eman ahalko du aurreko artikuluan aurreikusitako baimenak emateko, betiere finkatzen diren jarraibideei jarraituz. Nolanahi ere, baimen horiek atzera bota ahal izanen dira.
119. artikulua. Lurzoru urbanizaezinerako baimenak eskatzeko dokumentazio teknikoa.
Lurzoru urbanizaezinean jarduera eta erabilerak baimentzeko eskaerekin batera, behar bezalako dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko da, garatu beharreko jardueraren eta erabileren araberakoa; dokumentazioak haren ezaugarriak, kokalekua eta egin beharreko obrak ezagutarazteko argibidea emanen ditu. Dokumentazioak honako edukia jaso beharko du:
a) Garatu beharreko jardueraren eta erabileraren deskribapena, bai eta behar diren eraikin eta instalazioena ere, haiei buruzko justifikazioa emanda.
b) Ezarri behar deneko lursailen lurralde- eta hirigintza-deskribapena.
c) Lurzoru urbanizaezinean jarri nahi den jardueraren, eraikinaren edo erabileraren kokalekuaren beharra edo komenentzia justifikatzea, bai eta haren egokitasuna ere.
d) Lurzatiaren edukiera eta mugak:
e) Eraikinaren ezaugarri formalak eta akaberak.
f) Lurzatian lehendik dauden eraikinen edo instalazioen deskribapena, haien ezaugarri bolumetrikoak eta erabilerak adierazita, eta haien legezko egoeraren ziurtagiria.
g) Dauden eta aurreikusten diren hirigintza-zerbitzu guztiak, beharrezkoak direnak jarduketaren garapenerako edo exekuziorako: ibilgailuetarako sarbidea, ur-hornikuntza, saneamendu eta arazketa, hiri-hondakinen trataera eta energia elektrikoa.
h) Lur eremuaren topografia aldatzea dakarten jarduketak: lur-erauzketak, betelanak, lubetak, harri-lubetak.
i) Barreneko aparkalekuak, kanpoko biltegiak, lorategiak eta zuhaiztiak, eta lurzatiaren itxitura.
j) Jarduketaren paisaia-integrazioari buruzko azterketa eta neurri zuzentzaileak.
k) Kasua bada, ingurumen-inpaktuaren azterketa edo ingurumena babestearen arloko araudi indardunean eskatzen den dokumentazioa, jarduerak ingurumenean duen eragina eta proposatutako neurri zuzentzaileak deskribatzen dituena hain zuzen.
l) Lurzatiaren antolamenduari buruzko planoa, deskribatutako jarduketa guztiak biltzen dituena.
m) Sustatzailearen adierazpena, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.
V. KAPITULUA. Balorazioak eta desjabetzapenak
120. artikulua. Balorazioak.
Lurzoruaren, obren eta eraikinen balorazioak eta higiezinen gaineko bestelako edozein eskubiderenak, aplikatzekoa den Estatuko legeriak ezartzen dituen irizpide eta erregelen arabera eginen dira.
121. artikulua. Desjabetzapen kasuak.
Desjabetzapena honako kasu hauetan eta xede hauekin aplikatuko da:
a) Kasuan kasuko exekuzio unitaterako sistema hau ezarri denean, edo konpentsazio sistemarako 162. artikuluan edo eragile urbanizatzailearen sistemarako 172. artikuluan ezarritako kasuetan.
b) Lurzoru-ondare publikoak eratu edo zabaltzeko.
c) Lurzoru-erreserbak eratzeko, etxebizitzak, industriako erabilerak edo hirugarren sektoreak sustatzeko, edo espresuki interes sozialekotzat deklaratutako bestelako erabileretarako, foru lege honen arabera zehaztutako lekuetan edo lurraldeko nahiz herriko planeamenduak aurreikusitako tokietan.
d) Lurrak eskuratzeko, sistema orokorrak edo ekipamenduak ezartzeko, planeamenduaren exekuzioaren ondorioz laga behar ez direnean, edo ezin direnean konpentsazioaren xede izan indarra duten legezko formulen bidez, edo, bestela, lehenago eskuratzea premiazkoa denean.
e) Hiri-lurzoruan jarduketa lokabeak egiteko.
f) Beren ezaugarri historiko, artistiko edo ekologikoak direla-eta babes berezia behar duten lur edo eraikinak eskuratzeko.
g) Hirigintza-betebeharrak ez betetzeagatik, honako kasu hauetan:
1. Lurzatiketan, lurzoruaren erabileran edo eraikuntzan, legez hirigintzako arau-hauste larri edo oso larritzat jotako egintzak egiteagatik, lizentziarik gabe egin direlako edo lizentzian ezarritako baldintzak bete ez direlako. Kasu horietan, balio justutik kenduko da dagokion isunaren zenbatekoa.
2. Ez tramitatzeagatik planeamendu partziala, edo urbanizazio nahiz lurzatiketako proiektuak, eta konpentsazio batzordearden eraketako agiriak, kasu bakoitzerako ezarritako epeetan.
3. Ez laguntzeagatik planeamenduaren exekuzioan konpentsazio batzordeko kide den aldetik dagozkion betebeharretan. Halakoetan, deskabetzapenaren onuraduna konpentsazio batzordea izanen da.
4. Jabeak ez egiteagatik foru lege honetan aipatzen diren lagapen, karga eta betebeharrak, bai eta urbanizazioa ez ordaintzeagatik ere.
5. Higiezinak kontserbatu eta mantentzeko betebehar legezkoak ez betetzeagatik.
6. Jabetzaren gizarte-eginkizuna ez betetzeagatik, lurrak urbanizatzeko eta orubeak eraikitzeko epeak edo, oro har, foru lege honetan ezarritako oinarrizko betebeharrak ez betetzearen ondorioz.
122. artikulua. Desjabetzapenaren onuradunak.
Desjabetzapenaren onurak pertsona natural edo juridikoei ematen ahalko zaizkie, nahitaezko desjabetzapenaren gaineko legeriaren arabera.
Irabazi-asmorik gabeko gizarte-elkarteak onuradun izaten ahalko dira, desjabetzapenaren ondorioetarako.
123. artikulua. Zortasunak eratu, aldatu eta kentzea.
1. Plan bat exekutatzeko jabariaren desjabetzapena beharrezkoa ez bada eta aski bada haren gaineko zortasunen bat eratzea, zortasun hori ezartzen ahal da, baldin eta jabearekin hitzarmenik lortzen ez bada, nahitaezko desjabetzapenari buruzko legeriaren prozedurarekin bat eginez, eta betiere ordaindu beharreko kalteordaina ez bada desjabetzapen osoa egiteagatik legokiokeen zenbatekoaren erdia baino gehiago.
2. Planaren xedapenekin bat ez datozela-eta, zortasun pribatuak aldatu edo kendu behar badira, desjabetzen ahalko dira aipatutako legeriaren prozedurari jarraikiz.
124. artikulua. Desjabetu beharreko lurretan eraikitzeko debekua.
Desjabetu beharreko lurretan ezin daiteke eraikuntzarik egin, ez eta daudenak aldatu ere, ez bada kasu zehatz eta salbuespenezkoetan, erakunde desjabetzaileak berariazko baimena eman ondoren. Erakunde hori udala ez bada, udalari jakinarazi beharko dio, behar den lizentzia eman dezan.
Lizentzia emate horrek ezin izanen du ezein kasutan ondorio gisa ekarri desjabetzapen-balioa handitzea.
125. artikulua. Balio justuaren zehaztapena eta ordainketa.
1. Ondasun eta eskubideen balio justua zehaztuko da Estatuko legerian ezarritako balorazioen irizpide eta erregelak aplikatuz.
2. Balio justua finkatuko da elkarrekiko adostasunez edo, bestela, Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaiak finkatuko du, aplikatzekoa den legeriaren arabera.
3. Elkarrekiko adostasuna edozein unetan egiten ahalko da, balio justua administrazio-bidean behin betiko finkatu baino lehen.
Desjabetuek ezarritako epearen barrenean onartzen badute administrazioak balio justuaren espedientean eskainitako prezioa, eskubidea izanen dute prezio hori bera gehi 100eko 5 jasotzeko.
4. Desjabetzapen guztietan, administrazioak ordaintzen ahalko du balio justua, aldez aurretik desjabetuarekin adostuz gero, balio bereko lurrak adjudikatuz, jarduketa horretan berean ateratakoez edo jarduten duen administrazioaren titulartasunpeko beste edozeinez baliatuz, edo, bestela, mota horietako bateko nahiz besteko lurretan aprobetxamendu jakin bat emanez, kasu bakoitzean egokitzen diren urbanizazio kostuak ordaintzeko betebeharrak ere ezarriko dituela.
Aipatutako kasuetan ez da aplikatuko 3. idatz-zatiko bigarren lerroaldean xedatutakoa.
5. Preskribitu gabeko hirigintzako arau-hauste larri edo oso larriaren ondorioz gertatzen den desjabetzapenean, balio justuan ez dira sartuko arau-haustea ekarri duten obrak, eraikuntzak, erabilerak edo jarduerak, eta, nolanahi dela ere, ezin izanen du onurarik sortu arau-haustearen erantzulearentzat.
126. artikulua. Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaia.
1. Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaia arduratuko da eta erabakiko du Nafarroako administrazio publikoek egiten dituzten mota guztietako desjabetzapenetan sortzen diren balio justuko espedienteen gainean. Nafarroako lurraldean Estatuaren administrazioak egiten dituen desjabetzapenetan sortzen diren balio justuko espedienteen gainean, administrazio horrekin hala hitzartzen delarik hartuko du esku Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaiak.
2. Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaiak, Nafarroako Gobernuari atxikitako administrazio-organoa izanik, bost kide izanen ditu, Nafarroako Gobernuak hautatuko dituenak higiezinen balorazioetan esperientzia profesionala duten pertsonen artean, haietako bat guztien epaimahaiburu ariko delarik. Epaimahaiko idazkari zuzenbidean lizentziatuaren titulua duen funtzionario bat ariko da, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari atxikia, administrazio horrek berak izendaturik.
3. Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaia balio osoz eratu eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da, lehenbiziko deialdian, kide guztiak bertan izatea, eta bigarrenean, epaimahaiburua gehi bi mahaikide.
4. Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaiak bere eskumeneko gaiei buruzko erabakiak gehiengoz hartuko ditu, eta berdinketak epaimahaiburuaren botoaren bidez hautsiko dira.
5. Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaiak, jabeek eta administrazioak formulaturiko preziamendu-orriak ikusirik, erabaki betearazleak hartuko ditu desjabetzapenaren xede diren ondasun eta eskubideen balio justuaren gainean, gehienez ere lau hilabeteko epean. Epe hori igarotzen bada ez ebazpenik ez jakinarazpenik egin gabe, ulertuko da jabeek formulaturiko preziamendu-orrietako eskaera ezetsi dela.
6. Nafarroako Desjabetzapeneko Epaimahaiaren ebazpenek nahitaez arrazoituak beharko baitute izan, aplikatzekoa den legerian xedatutakoan oinarriturik erabilitako balorazio irizpideak eman beharko dira.
7. Emandako ebazpena administrazioari eta desjabetuari jakinarazi beharko zaio, administrazio bidea agortuko du eta haren aurka administrazioarekiko errekurtsoa baizik ezin izanen da aurkeztu.
8. Erabakiaren data izanen da, aldi berean, nahitaezko desjabetzapenari buruzko legerian ezarritako balorazioaren iraungipenaren hasierako puntua.
9. Erregelamendu bidez arautuko dira epaimahai horren osaera eta funtzionamendua, eta kideen bateraezintasunei, zuribideei, bilkuretara joateari, bidai-sariei eta ordezkapenei buruzko arauak.
127. artikulua. Desjabetzapenerako prozedura.
1. Desjabetzapenerako aplikatzen ahalko dira hala banan-banako prozedura nola baterako tasazioa, nahitaezko desjabetzapenari buruzko Estatuko legeriaren arabera.
2. Baterako tasazioaren prozedura aplikatzen bada, hori egitea erabakitzen duen administrazioaren ebazpenak berekin ekarriko du desjabetzapena presakoa dela deklaratzea eta bide emanen du lurrak okupatzeko, ebazpenean berean finkatzen den balio justua ordaindu edo gordailua egin ondoren, edo geroko lurzatiak adjudikatzea, gauzatan ordaintzen den kasuetan, deusetan ukatu gabe balio justua zehazteari buruz aurkezten diren bidezko errekurtsoak tramitatzen jarrai dadin, Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
128. artikulua. Hirigintza-betebeharrak ez betetzearen ondoriozko desjabetzapenaren aurreko prozedura.
1. Hirigintza-betebeharrak ez betetzearen ondoriozko desjabetzapen prozedurari ekin aurretik, esku hartzen duen administrazioak jakinaraziko dio jabe eta sustatzaile denari, hala denean, gertatu den ez betetzea, eta hamabost eguneko epea emanen dio alegazioak egin ditzan.
2. Egindako alegazioak ikusirik, administrazioak epe bat emanen du, gutxienez hilabetekoa eta gehienez hirukoa, espedientea sorrarazi zuten arrazoiak konpontzeko, seinalatzen diren baldintzak beteta.
3. Aurreko idatz-zatian jarritako epea igarotzen bada arazoa konpontzeko baldintzak bete gabe, desjabetzapen espedienteari hasiera emanen zaio.
4. Arazoa konpontzeko baldintzak betetzen badira, zehapen espedienteari hasiera emanen zaio, desjabetzapenari ekin ordez.
129. artikulua. Desjabetzapenaren itzulketa.
Hirigintza arrazoiengatik desjabetzapena itzultzeko kasuak, aplikatzekoa den Estatuko legerian arautzen diren berberak dira.
IV. TITULUA. Planeamenduaren exekuzioa
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. atala. Exekuziorako baldintzak eta moduak
130. artikulua. Xedea.
Planeamenduaren exekuzioa eginen da foru lege honetan lurzoruaren eraldaketa eta erabilerarako eta, bereziki, haren urbanizazio eta eraikuntzarako ezarritako prozeduren bidez, eta bermatuko du onurak eta kargak kaltetuen artean banatuko direla, bakoitzari dagokionaren arabera, eta beteko direla lagapen eta urbanizazio betebeharrak.
131. artikulua. Exekuziorako baldintzak.
1. Planeamenduaren exekuziorako, beharrezkoa da, zein lurzoru mota den, bertan eskatzen ahal den tresna zehatzena behin betiko onestea.
2. Hiri-lurzoruan nahikoa izanen da udal plan orokorra onestea, baldin eta planak antolamendu xehekatua badu. Halakorik ez bada, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko plan partziala, barne erreformako plan berezia edo xehetasun azterlana onestea.
3. Lurzoru urbanizagarri sektorizatuan nahikoa izanen da udal plan orokorra onestea, plan horrek baldin badu plan partzial bati dagokion antolamendu xehekatua. Antolamendu xehekaturik ez badu, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko sektoreari dagokion plan partziala onestea.
4. Sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarrian jarduteko, beharrezkoa izanen da onestea kasuan kasuko sektorizazio planak eta haien exekuziorako behar diren plan partzialak.
5. Sistema orokorren exekuzioa gauzatuko da zuzenean edo plan berezien onespenaren bidez.
132. artikulua. Eskumenak.
1. Foru lege honetan aipatzen den antolamendu planen exekuzioa udalen esku gelditzen da, deusetan ukatu gabe erakunde edo sozietate instrumentalei eskumenak esleitzea eta partikularrek exekuzio horretan parte hartzea.
2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariarena da hirigintza-kudeaketako agiriak tramitatu eta, hala behar duenean, onesteko eskumena, erregelamendu bidez beste organoren bati ematen zaionean izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak edo bere erakunde edo sozietate instrumentalek sustatutako jarduketa publikoen kasuan.
133. artikulua. Urbanizatze obren ordainketa proportzionala.
1. Planeamenduak hala ezartzen duenean, banaketa-eremuko exekuzio unitate guztiek urbanizatze-obrak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak ordaindu beharko dizkiete sistema orokorra ez diren unitate guztiei –ordainketa modu proportzionalean eginen da, unitate bakoitzak duen aprobetxamenduari begiratuta–, alde batera utzita unitate bakoitzak egin beharreko obra berekiak. Obra, azpiegitura eta zerbitzu komun horietan sartuko dira foru lege honen 100. artikuluko c) letran adierazitakoak.
2. Hori horrela gertatzen denean, administrazio jarduleak kostuen banaketaren proiektua izapidetuko du, zeina unitate horientzat eta obra, azpiegitura eta zerbitzu komun horientzat besterik ez baita izanen. Proiektua jendaurrean jarriko da hamabost egunez, eta ematen zaion hasierako onespena ukitutako jabe bakoitzari jakinaraziko zaio. Kostuak banatzeko proiektua egin ahalko da obra horien kostuak kalkulatu ahal izateko behar beste garatu den oinarrizko eraikuntza-proiektu bat oinarri hartuta. Oinarrizko proiektu hori kostuak banatzeko proiektuaren zati bereiztezina izanen da.
Oinarrizko eraikuntza-proiektu horrek honakoak bilduko ditu: obren ezaugarriei buruzko oroitidazki deskriptibo bat, kokapen planoa, proiektu-planoak, kostuak kalkulatzeko behar adina xehetasunekin, oinarrizko neurketak, prezioen justifikazioa eta kalkulatutako aurrekontua.
3. Kostu horien banaketa exekuzio unitate bakoitzari esleitu zaion aprobetxamenduaren proportzioan eginen da. Baldin eta aurreikusten bada ezarritako exekuzio unitateak beste une batean garatzea, ahal den neurrian bilatuko da esleitutako obra komun horien zatiaren garapena eta barne urbanizazioko obrak aldi berean gertatzea.
Horiek, guztiz edo partzialki, aurreratu behar baldin badira, administrazio jarduleak kostu horiek bere gain hartuko ditu, eta eragin horretarako exekuzio unitateen multzoko obra-saldo eta azpiegitura komun gisa definitzen diren betebeharren kargura ordainduko ditu.
Birzatiketa bakoitzean, ateratzen diren lurzatiei bi saldoren zama jarriko zaie: bata obra eta azpiegitura komunei dagokiena, eta bestea unitatearen urbanizatze-obrei dagokiena. Bi saldo horiek kategoria juridiko bera izanen dute.
Kostuak birbanatzeko proiektuak koefiziente bat jaso ahalko du, aurreikustekoa den une desberdin bakoitza kontuan hartuko duena ezarritako exekuzio unitateen exekuziorako. Eragin horietarako, laurtekoen araberako garapenaren aurreikuspen bat ezarriko da, zeina haietarako oinarria izanen baita. Aurreikuspen horrek kontuan hartuko du garatu gabe dauden unitateetarako aurreratzen joateko betebeharra dagoen urbanizazioko gastu komunek daukaten kostu finantzarioa. Koefiziente horiek berrikusi ahalko dira garapenerako inguruabarrak aldatzen badira, hasiera batean finkatutako aurreikuspenekin alderatuta, baina ez du eraginik izanen aurrez garatutako unitateetan edo garatzen ari direnetan.
4. Kostuen banaketaren proiektua behin betiko onesten denean, administrazio jarduleak ahalmena izanen du zuzenean okupatzeko urbanizazioa eta zerbitzu komunak egiteko beharrezkoak diren lurrak, zeinak nahitaez eta dohainik laga beharrekoak baitira.
5. Administrazio jardulea azpiegitura komunen urbanizatze-obren arduraduna izanen da, eta, horrenbestez, eskubidea izanen du kobratzeko proiektuen zenbatekoa, obren exekuzio materiala, haien zuzendaritza fakultatiboa eta, kasua bada, balizko desjabetzeen ondorioz ordaindutako kalte-ordainak, aurrez aipatutako exekuzio unitate bakoitzerako; aipatutako exekuzio unitateek esleitu zaien kuota ordaindu beharko dute haiei buruzko amaierako ziurtagiria egiten den une berean.
134. artikulua. Urbanizazio proiektuak.
1. Urbanizazio proiektuak planeamendua praktikara eramateko xedea duten obra proiektuak dira, eta haien jarduketa-esparrua exekuzio unitate bat edo batzuk izanen dira, edo hiri-lurzoruan jarduteko planean sartutako esparruak; haien helburua izanen da urbanizazio, azpiegitura eta zerbitzu komunen obrak definitzea. Ezin izanen dute antolamenduari edo lurzoruaren eta eraikuntzaren araubideari buruzko zehaztapenik izan, eta beren baitan biltzen diren obrak zehaztu eta programatu beharko dituzte, proiektuaren egileaz aparteko beste teknikariren batek gauzatu ahal izateko behar diren xehetasunekin.
2. Urbanizazio proiektuek ez dute zilegi izanen garatzen duten planeamenduaren aurreikuspenak aldatzea, nahiz eta obren exekuzio materialerako behar diren egokitzapenak egiten ahalko dituzten.
3. Urbanizazio proiektuetan sartuko dira obren ezaugarriak deskribatzen dituen oroitidazki bat, hiriaren barreneko kokapen planoa eta xehetasun nahiz proiektu planoak, neurketak, prezio taulak, aurrekontua eta obra eta zerbitzuetako baldintzen orria. Urbanizazio proiektuek exekuziorako faseak aurreikusi ahalko dituzte; fase horiek zuzenean erabili ahalko den unitate funtzional bat izanen dira.
4. Urbanizazio proiektuek araudi tekniko sektorialak betetzeko behar diren zehaztapenak bilduko dituzte, eta irisgarritasun unibertsalaren nahiz eraginkortasun eta efizientzia energetikoaren arloko preskripzioak eta telekomunikazio-zerbitzuetara sarbidea izateko telekomunikazio-azpiegitura komunak jasoko dituzte.
5. Urbanizazio proiektuak tramitatu eta onetsiko dira 76. artikuluan xehetasun azterlanentzat ezarritakoaren arabera.
6. Urbanizazio proiektuaren tramitazioa eta onespena kudeaketa eta birzatiketa tresnekin batera egiten ahalko dira, deusetan ukatu gabe tramitatu eta onesteko egintza eta ebazpen administratiboak independenteak izatea. Hori horrela izanagatik, urbanizazio lanak ezin hasiko dira harik eta kudeaketa tresnak behin betiko onetsirik ez dauden arte, non eta urbanizazio proiektuaren sustatzaileak erregelamenduaren araberako fidantza bat ez duen jartzen, urbanizazioaren kostuaren ehuneko 20koa, eta lurzati ukituen erregistroko jabeen adostasun berariazkorik ez dagoen.
135. artikulua. Obra arrunten proiektuak.
1. Hiri-lurzoru finkatuan obra arrunten proiektuak eginen dira hirigintzako planeamenduan aurreikusitako obra lokabeentzat eta lehendik dauden urbanizazio eta espazio publikoak birmoldatzeko.
2. Obra arrunten proiektuetan bete beharko da Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoa.
136. artikulua. Hirigintza-kudeaketarako entitateak.
1. Administrazio publikoek eta haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek eratzen ahalko dituzte hirigintza kudeaketarako merkataritza-sozietateak, mankomunitateak, gerentziak eta partzuergoak, beraien legeria arau-emailean xedatutakoaren arabera. Merkataritza-sozietate eta partzuergoetan partikularrak eta zuzenbide pribatuko entitateak sartzen ahalko dira.
2. Halaber, jarduketa urbanizatzaileen eragina jasaten duten jabeek haien kudeaketan parte hartzen ahalko dute hirigintza-entitate laguntzaileen bitartez, foru lege honetan aurreikusita dauden jarduketa sistemen esparruaren barrenean.
137. artikulua. Hirigintza-kudeaketarako modalitateak.
1. Planeamenduaren exekuzioa egiten ahalko da jarduketa sistematikoen nahiz asistematikoen bidez.
2. Hiri-lurzoru finkatuan hirigintzako kudeaketa egiten ahalko da lehendik dauden lurzatien gaineko jarduketa asistematikoen bidez edo beraien mugak aldez aurretik normalizatuta.
3. Hiri-lurzoru finkatu gabean eta lurzoru urbanizagarrian, hirigintzako kudeaketa eginen da jarduketa sistematikoen bidez, exekuzio unitatea izeneko esparruen gainean, zeinak garatuko baitira foru lege honetan aipatzen diren jarduketa sistemetakoren bat erabiliz.
138. artikulua. Jarduketa asistematikoen bidezko exekuzioa.
1. Jarduketa asistematikoen xedea izaten da hiri-lurzoru finkatuko lurzatien urbanizazioa osatzea, orube izatera irits daitezen, lehenagotik halako izaerarik ez badute.
2. Mota honetako jarduketak hiri-lurzoru finkatuaren jabeek beraiek egiten ahalko dituzte beren lurzatien gainean, baina aldez aurretik dagokien hirigintza-lizentzia lortu beharko dute, bertan aipatuko baitira foru lege honetako 98.1 artikuluak agintzen dituen betebeharrak betetzeko beharrezkoak diren baldintzak.
139. artikulua. Urbanizazio gastuak.
1. Urbanizazio gastutzat hartzen dira hirigintza-kudeaketarako behar diren gastu guztiak, ukitutako jabe guztien artean ordaindu beharko direnak, non gutxienez ere kontzeptu hauek bildu beharko baitira:
a) Bide-kaleak, lur mugimenduak, eraispenak, zorua ematea, ur hornidura eta hustuketa, energia elektrikoaren hornidura, argiteria publikoa, gas hodiak, telekomunikazio-azpiegitura komunak, telefoniako eta komunikazioetarako hodiak, zuhaitzak, lorategiak, hiri-altzariak eta gainerako toki-zuzkidurak jarri edo egiteko obren kostua, betiere plan eta proiektuetan aurreikusita badaude, barne harturik sistema orokorrekin lotzeko obrak eta haiek zabaldu edo indartzekoak, halakorik bada, eta hori guztia ez da eragozpena izanen zerbitzu-sareetako instalazio gastuak zerbitzuak ematen dituzten enpresen eskutik atzera hartzeko eskubiderako, horretarako sinatzen diren itunetan ezarritako terminoetan. Itun horiek, betiere administrazio jarduleak onetsi beharko ditu. Akordiorik ez badago, administrazio horrek erabakiko du bidezkoa dena.
b) Plana zuzen exekutatzeko eraitsi behar diren etxe eta mota orotako eraikinen jabe eta maizterrei pagatu beharreko kalteordainak, bai eta planen exekuziorako suntsitu beharreko sail landatuei, obrei eta instalazioei dagozkienak ere.
c) Garapen planeamenduaren eta urbanizazio proiektuen kostua eta birzatiketak sortzen dituen gastuak.
d) Planeamenduarekin edo bere exekuzioarekin bateraezinak diren finka-zortasunak edo errentamendu-eskubideak kentzearen kalteordainak.
2. Urbanizazio gastuak jabeen artean hainbanatuko dira, dagokien aprobetxamenduaren arabera, foru lege honen 104. artikuluan xedatua ukatu gabe. Urbanizazio proiektuan faseak ezartzen badira, urbanizazio gastuak aurreikusitako faseen artean banatuko dira, eta horietako bakoitzean jasoko dira lehenengo fasean exekuziorako ezinbestekoak diren gastu komunen aprobetxamenduaren arabera dagokion zatia eta fase bakoitzeko berezko gastuak.
3. Zilegi izanen da, aldez aurretik jabe interesatuekin akordiorik badago, gastu horiek jabeei lur eraikigarriak emanez pagatzea, debalde eta kargarik gabe, eta ordaintzeko aski juzgatzen den proportzioan.
140. artikulua. Itzultzeko eta etxez aldarazteko eskubideak.
Ohiko etxebizitza izanik, legezko okupatzaileei etxebizitza utzarazten zaien hirigintza jarduketen kasuan, itzultzeko eta etxez aldarazteko eskubideak bermatu beharko zaizkie, honako arau hauei jarraikiz:
a) Desjabetzapenaren ondoriozko jarduketetan, administrazio desjabetzaileak, edo bestela desjabetzapenaren onuradunak, ukitutako legezko okupatzaileei beste etxebizitza batzuk eskaini beharko dizkie, azaleraren eta salerosketa edo alokairu prezioaren aldetik egokiak, hala beren beharrei begira nola babes publikoko etxebizitzen gaineko araudiaren ikuspegitik. Horretaz gain, ukitutako legezko okupatzaileek jasan beharko dituzten lekualdatzeko gastuak eta osagarriak diren bestelakoak ere ordaindu beharko ditu.
b) Desjabetzapenetik aparteko sistemen bidezko jarduketetan, etxebizitzen legezko okupatzaileek ez dute beste etxe batera aldarazteko eskubiderik izanen, baldin eta, beren lur ekarpenaren arabera, babes publikoko etxebizitzei buruzko araudian finkatutakoa baino azalera handiagoko etxebizitzaren baten aprobetxamendauren adjudikazio-hartzaile gertatzen badira. Gainerako kasuetan, esku hartzen duen administrazioa egonen da etxez aldarazteko eskubidea gauzatzera beharturik, a) letrako arauan aipatzen diren baldintzetan, eta hirigintza-jarduketa horren gastuak izanen dira lekualdatzearena gehi legezko okupatzaileek jasan beharreko beste gastu osagarri batzuk.
c) Desjabetzapenik gabeko jarduketa asistematikoetan, errentan hartutako etxebizitza ohiko bizitokitzat duten legezko okupatzaileek itzultzeko eskubidea izanen dute, errentamenduen gaineko legerian arautu bezala, baita beste etxebizitza egoki batean behin behinekoz ostatu hartzeko eskubidea ere, itzultzen ahal diren arte. Etxebizitzen jabea beharturik egonen da bi eskubide horiek gauzatzera.
141. artikulua. Planeamendu eta kudeaketa tresnak aldi berean tramitatzea.
Hirigintza-planeamenduko tresnen tramitazioarekin batera haien exekuziorako tresnak ere tramitatzen ahalko dira, baina betiere azken horiena lehenbizikoen onespenaren ondoren etorriko da.
2. atala. Exekuzio unitateak
142. artikulua. Exekuzio unitateak.
1. Hirigintza-planeamenduaren exekuzioa zehazten diren exekuzio unitateen bidez eginen da, salbu eta hiri-lurzoru finkatuko jarduketa asistematikoak badira eta sistema orokorrak edo haietako elementuren bat zuzenean exekutatu behar bada.
2. Exekuzio unitateak zehazteko orduan, kontuan hartuko da beti aukera eman behar dutela beren azalera osorako laga, berdinbanatu eta urbanizatzeko betebeharrak batera betetzeko. Hiri-lurzoru finkatu gabean, exekuzio unitateak etengabeak edo etenak izaten ahalko dira.
3. Exekuzio unitateak banaketa-eremuetan sartzen badira eta beren eredu-aprobetxamenduan soberakinik badute, banaketa-eremu horiei exekuzio unean gehitu beharko zaizkie sistema orokorretarako lurrak, edo eredu-aprobetxamenduan defizitarioak diren exekuzio unitateen eskubideak, kasuan kasuko eredu-aprobetxamendua lortzeko behar direnak.
4. Zehaztutako exekuzio unitateek 3.000 biztanletik gorako udalerrietan, planeamenduak biztanleria hori aurreikusten duen udalerrietan eta Iruñerrian dauden 1.000 biztanletik gorakoetan, planaren programazioaren barruan hura exekutatzeko epeak ezarri beharko dituzte. Gainerako udalerrietan programazio hori aukerakoa izanen da.
143. artikulua. Exekuzio unitateak zehazteko prozedura.
1. Exekuzio unitateak zehaztuko dira lurzoru mota bakoitzean antolamendu xehekatuak ezartzen duen planeamenduan, baina zehaztapen hori aldatzen ahalko da hurrengo idatz-zatian arautzen den prozeduraren bidez.
2. Planeamenduak zehaztutako exekuzio unitateak aldatzeko erabakia udalak hartuko du, ofizioz edo partikular interesatuek eskaturik, 76. artikuluan xehetasun azterlanentzat ezarritako prozeduraren arabera.
144. artikulua. Zenbait jarduketaren ondoriozko konpentsazioa.
1. Exekuzio unitateak zehaztuko dira, merkatuaren egoera arruntetan errentagarriak izan daitezen aurreikusita.
2. Nolanahi dela ere, zehaztapenaren ondoren justifikatzen bada exekuzio unitateak ekonomikoki bideraezinak direla, urbanizazio kargak gehiegizkoak direlako antzeko beste unitate batzuekin alderaturik, udalak aldatu beharko ditu edo, bestela, baimena eman, planeamenduko determinazioak aldatu gabe, jabeen ekarpena txikiagoa izan dadin edo administrazioak konpentsazioren bat eman dezan, betiere jarduketaren kostuak, ahal dela, bideragarriak izan diren antzeko beste batzuenekin parekatuz.
Banaketa eremuak zehaztu baldin badira, aurreko lerrokadak aipatzen duen alderaketa egin beharko da eremu bereko exekuzio unitateen artean.
3. atala. Lurzatiketak eta birzatiketak
145. artikulua. Lurzatiketa.
1. Landa-lurzatiketatzat hartzen da lurra bi lote edo gehiagotan aldi berean edo jarraian banatu edo banantzea, betiere soil-soilik lurra nekazaritza aldetik ustiatzeko xedez egiten bada.
2. Hirigintza-lurzatiketatzat hartzen da lurra bi lote edo gehiagotan aldi berean edo jarraian banatu edo banantzea, betiere hirigintza-lizentzia behar duten eraikuntza-lanak edo lurzoruaren nahiz zorupearen erabilerari buruzko egintzak gauzatzea onartzeko edo errazteko xedez egiten bada.
146. artikulua. Legez kanpoko lurzatiketak.
1. Legez kanpokotzat hartzen dira, hirigintza aldetik, foru lege honetan eta hirigintza-planeamenduan ezarritakoaren aurka jotzen duten lurzatiketak, bereziki populaziogune bat eratzeko bidea ematen ahal badute.
2. Planeamenduan bestelakorik zehazten ez bada, populaziogunetzat hartzen da hirigintza-zerbitzuak eta guztientzako ekipamenduak behar dituen etxebizitza-eraikinen multzoa.
147. artikulua. Lurzati zatiezinak.
1. Ezin izanen da lurzatiketarik egin, baldin eta haren ondorioz planeamenduan edo sektoreko legerian gutxienekotzat jo direnak baino azalera edo neurri txikiagoko loteak ateratzen badira, non ez dituzten lote horiek lur mugakideen jabeek aldi berean eskuratzen, beren finkei erantsi eta beste finka bat sorrarazteko xedez.
2. Lurzati eraikigarriak zatiezinak dira, beren eraikigarritasuna lurzoruaren azaleraren eta azalera eraikigarriaren arteko erlazio baten araberakoa izanik, azalera osoari dagokiona eraikitzen denean, edo lurzatiaren puska bati dagokiona eraikitzen den kasuan, baldin eta gelditzen dena txikiagoa bada gutxieneko lurzatia baino, aurreko idatz-zatian aipatzen diren salbuespenen kasuan izan ezik.
148. artikulua. Lurzatiketen araubidea.
1. Ezin izanen da hirigintza-lurzatiketarik egin, zein lurzoru mota den, bertan eskatzen ahal den hirigintza-planeamendua aldez aurretik onetsi gabe.
2. Ez dira inola ere orubetzat hartuko, eta ezin izanen da bertan eraikinik altxatu, legez kanpoko lurzatiketa baten ondorioz ateratzen diren loteak.
3. Hirigintza-lurzatiketa guztietarako, beharrezkoa izanen da lizentzia ematea edo bera hartzen duen birzatiketa proiektua onestea. Halaber, landa-lurzatiketetarako, beharrezkoa izanen da aldez aurretik lizentziarik ez dela behar deklaratzea. Deklarazioa ematetik salbuetsirik daude lurzatien berrantolamenduko prozeduretan egiten diren operazioak.
4. Lurzatiketarako lizentzien eta lizentziarik behar ez delako deklarazioen kasuan jarraituko zaio foru lege honetan hirigintza-lizentzietarako ezarritako araubideari, baina kasu hauetan, administrazioaren isiltasuna gertatzen bada, ulertuko da lurzatiketarako lizentziaren eskaera edo lizentziarik behar ez delako deklarazioarena ezetsi egin direla.
149. artikulua. Birzatiketa.
1. Birzatiketa esatean hauxe ulertzen da: exekuzio unitatean dauden finka zenbait batzea berriz planeamenduaren arabera zatitzeko, eta hortik heldu diren lurzatiak interesatuei adjudikatzea zeini bere eskubideen arabera.
2. Birzatiketaren helburua da hirigintza-antolamenduaren onura eta kargak zuzentasunez banatzea bakoitzari dagokion aprobetxamenduaren arabera, finken taxua erregularizatzea, haien aprobetxamendua planeamenduaren arabera eraikuntzarako egokiak diren eremuetan kokatzea eta eremu horietan beretan eta lurzati jakinetan kokatzea esku hartzen duen administrazioari dagokion aprobetxamendua, halakorik bada.
3. Foru lege honetan aurreikusitako jarduketa sistemak aplikatzeko, beharrezkoa da exekuzio unitatean sartutako lurrak birzatitzea, salbu jabe guztien arteko onura eta kargen banaketa behar bezain bidezkoa denean.
4. Birzatiketarik egiten ez denean, haren ordez aplikatuko dira nahitaezko desjabetzapeneko arauak.
150. artikulua. Birzatiketa formulatzeko irizpideak.
Birzatiketa proiektua irizpide hauen arabera eginen da, non ez dituzten jabeek, aho batez, bestelako irizpide batzuk finkatzen:
a) Jabeen eskubidea bakoitzaren lurzatien azaleraren proportzioan aterako da, bakoitzari dagokion batez besteko edo eredu-aprobetxamenduaren arabera.
Birzatiketa proiektuak eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko erabilitako homogeneizazio-koefizienteen egokitasun edo desegokitasunari buruzko azterlan bat jasoko du, birzatiketa proiektua izapidetzerakoan onuren eta zamen berdinbanaketa efektiboa bermatze aldera.
Azterlan horrekin egiaztatzen bada balioen parekotasunak indarra galdu duela, birzatiketa proiektuan balioak berregokitu ahalko dira, horretarako arrazoiak emanez, betiere birzatiketaren xede den aprobetxamendu osoa handitu edo gutxitu gabe, ez eta betetzen ari den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere.
Halaber, exekuzio unitate bat baino gehiago dituen banaketa-eremuaren kasuan, birzatiketa proiektuak beste koefiziente batzuk eduki ahalko ditu; esate baterako, 133. artikuluan aipatutakoak.
b) Ateratzen diren lurzatien balioa zehazteko, foru lege honetako III. tituluko V. kapituluan finkatutako irizpideei jarraituko zaie.
c) Urbanizazio obrak egiten ari direnean, indarra duen planeamenduaren aurka jotzen ez badute eta plan berriaren exekuziorako baliagarriak badira, horiek ere proiektuaren kontura egindako obrak direla kontsideratuko da, eta dagokien zenbatekoa ordainduko zaio obrak egiten ari diren lurraren titularrari, betiere bere bizkar egin dituela egiaztatzen badu.
d) Exekuzio-unitatean, aprobetxamendu pribaturako izaten ahal den eta ekipamenduetarako erabilera publikorako xedatzen ez den lur guztia, ukitutako jabeei eta aprobetxamendu subjektiboen gainerako titularrei adjudikatuko zaie, haietako bakoitzak birzatiketan dituen eskubideen arabera.
Ordezko konpentsazio ekonomikoak edo adjudikazio-aldeengatik osagarriak direnak, kasu bakoitzean zer den bidezkoa, ateratzen diren lurzatien balioaren arabera finkatuko dira, artikulu honetako bereko b) idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Jabe guztien eta gainerako titularren aprobetxamendu subjektiboekin alderatuz soberakintzat jotzen den aprobetxamendu pribatua administrazioari adjudikatuko zaio, udalaren lurzoru ondarean sar dezan.
e) Ahal dela, esleitzen diren finkak titular berberen lehengo jabetzetatik hurbil egonen dira eta esleitutako finkak batean bilduko dira, eta ahal den guztian gutxituko dira jabekidetasunean eta indibisoan egindako esleipenak.
f) Jabe batzuen eskubideen zenbatekoa txikia izateagatik ezin bazaizkie guztiei finka independenteak adjudikatu, ateratzen diren orubeak pro indiviso adjudikatzen ahalko zaizkie. Dena dela, eskubide horiek ez badira gutxieneko lurzati eraikigarriaren 100eko 15era iristen, adjudikazioaren ordez diru bidezko kalteordaina ematen ahalko zaie.
g) Ezin izanen dira inola ere adjudikatu, finka independenteen gisara, gutxieneko lurzati eraikigarriaren azalerara iristen ez diren lurrak edo eraikiak izateko behar diren taxua eta ezaugarriak beraiekin ez dituztenak, planeamenduaren arabera.
h) Honako hauek ez dira berriz ere adjudikatuko, jatorrizko jabetzak kontserbatuko direla, deusetan ukatu gabe mugen erregularizazioa, beharrezkoa bada, eta bidezko diren konpentsazio ekonomikoak:
1) Planeamenduaren arabera eraikitako lurrak.
2) Planeamenduari egokitzen ez zaizkion eraikinak dituzten lurrak, baldin eta planaren arabera dagokion aprobetxamenduaren eta birzatiketako bere eskubidearen arabera jabeari legokiokeenaren arteko aldea, gainetik edo azpitik, bigarren horren 100eko 15a baino txikiagoa bada, betiere hirigintza-antolamenduarekin bateragarriak diren erabileretarako xedaturik badaude.
150. bis artikulua. Zamen aldizkakotasun irizpideak birzatitze proiektuetan.
1. Tamaina handiko exekuzio-unitateetan, zeinetan ez baitago aprobetxamenduaren %50etik gorako jabeen portzentajea urbanizazioa fase bakarrean egitearen aldekoa denik, birzatitze eta urbanizazio proiektuek ezarri ahalko dute urbanizazioa faseka egitea, fase bakoitzari atxikitako lurzati eraikigarriak adieraziz eta haien exekuzioa aldi baterako programatuz.
2. Kasu horretan, fase guztietan komunak diren elementuen urbanizazio-kostuak eta fase bakoitzeko berariazko kostuak bereiziko ditu; halere, horrek ez du eragotziko behin-behineko likidazioaren kontuak jaso dezala lurzati eraikigarri bakoitzak urbanizazio-gastuen guztizkotik zenbateko afekzioa edukiko duen.
3. Urbanizazioaren fase zehatzaren hasiera erabakitzen ez den bitartean edo 1. idatz-zatian aurreikusitako programazioaren epea iragaten ez den bitartean, planeamenduarekin bateraezinak diren ondasunen eta eskubideen titularrek –baldin eta haien kalte-ordainak ez badira birzatitze-proiektuan aitortu– ezin izanen dute exijitu haiek ordain dakizkiela, ez eta administrazio jarduleak exijitu ere eraispena, hustea edo jarduerari uztea.
4. Fase guztien elementu komunei dagozkien urbanizazio kostuek kasuko urbanizazio-kuotak sortuko dituzte, eta haiek jabe guztiei igorriko zaizkie, haien aprobetxamenduak zein fasetan dauden eta zein proportziotan dauden begiratu gabe. Hala eta guztiz ere, kuota hori konpentsatu beharko da, beren lurzati eraikigarriak hasi gabeko exekuzio fasean egoteagatik edo haien garapena lehenengo jarduketan garatzea aurreikusi gabe egoteagatik, haiek ordain dakizkien eskatzerik ez duten jabeen birzatitze-proiektuan aitortutako kalte-ordainen kargura.
Urbanizazioko elementu komunengatiko kuoten zenbatekoak gastuak onartzeko beharrezkoak diren zenbatekoak integratu beharko ditu, hain zuzen ere aitortzen diren kalte-ordainen indarrez ordaintzen ez direnak.
5. Gainerako urbanizazio-kuotak fase bakoitzeko urbanizazio kostuen araberakoak izanen dira, eta haiek eskatzerakoan exekuzio efektiboaren uneari egokitu beharko zaizkie; bestalde, soilik igorriko zaizkie fase bakoitzari atxikitako lurzatietan jabeei.
151. artikulua. Birzatiketa proiektuaren tramitazioa.
1. Birzatiketa proiektuaren onespenerako prozedura 76. artikuluan xehetasun azterlanentzat ezarritakoa izanen da, baina, horretaz gain, beharrezkoa izanen da ekimena kasuan kasuko jarduketa sistemaren barrenean gertatzea.
2. Birzatiketa proiektuaren hasierako onespenarekin batera, zilegi izanen da deklaratzea lurzatiketarako eta eraikitzeko lizentziak ematearen etendura, erabatekoa edo neurri batekoa, exekuzio unitatearen esparruan.
Aurreko lerroaldean aipatzen den etendura aplikatzen ahal zaien lizentzia eskatzaileek, proiektuen kostu ofizialaren ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute eta, hala badagokio, tasak itzultzekoa ere bai.
3. Birzatiketa proiektua behin betiko onesteak berarekin dakar indarrik gabe gelditzea lizentzien etendura, eta, beraz, berriz ere ematen ahalko dira, baita onespen horren aurka administrazio errekurtsoa aurkeztu denean ere.
Nolanahi dela ere, birzatiketa proiektua betearazlea izanen da behin betikoz onesten den unetik. Onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4. Birzatiketa proiektua behin betiko onesten denean, jabetza-erregistroan inskribatuko da.
152. artikulua. Birzatiketaren ondorioak.
1. Birzatiketa proiektua onesteko erabakiak ondorio hauek sorraraziko ditu:
a) Nahitaez laga beharreko lur guztiak udalaren esku uztea, jabari osoz eta kargetatik salbuetsirik, udalaren lurzoru ondarean sartzeko edo planeamenduan aurreikusitako erabilerei atxikitzeko.
b) Lurzati berriek zaharren subrogazioa egitea, egiazko eraginkortasun osoz, betiere zein zeini dagokion ezarritakoan.
c) Esleitutako lurzatiek, kasuan kasuko jarduketa sistema dela-eta, zer zama betetzera eta zer gastu ordaintzera geldituko diren behartuta; bereizi egin beharko dira, batetik, obra eta azpiegitura komunen ondoriozko urbanizazio zama, halakorik badago, eta, bestetik, unitate barruko urbanizatze-zamak, eta kasuz kasu zehaztuko da lurzati bakoitzak zenbateko erantzukizuna duen kontzeptu bi horietako bakoitzarengatik.
2. Birzatiketaren behin betiko likidazioa etorriko da unitate edo esparru birzatigarriaren urbanizazioa amaitzen denean, eta, betiere, birzatitze-proiektuan ezarritako epeak iragan baino lehen. Behin betiko likidazioa, jarduketa sistema pribatuetan, lankidetzan diharduen hirigintza entitateak idatziko du, edo, jarduketa sistema publikoetan, esku hartzen duen administrazioak, eta jakinarazi, argitaratu, izapidetu eta onetsiko da birzatiketa proiektuaren kasuan egiten den modu berean.
153. artikulua. Birzatiketa ekonomikoa.
1. Birzatiketa ekonomikoa aplikatzen ahalko da baldin eta, planari egokitutako eraikuntzaren ezaugarriengatik, hirigintza-jarduketa batean ezin bada lurren birzatiketa materiala gauzatu exekuzio unitatearen azaleraren 100eko 50etik goitiko neurrian.
2. Halako kasuetan birzatiketarekin materialki birbanatuko dira gainerako lurrak eta ezarriko dira administrazioaren aldeko lagapenak eta ukituentzako kalteordainak, barne direla planeamenduaren arabera eraikitako azaleren titularrak.
154. artikulua. Finka-normalizazioa.
1. Finka-normalizazioa bidezkoa izanen da, baldin eta ez bada beharrezkoa antolamenduaren onura eta kargak ukitutako jabeen artean berriz banatzea, baina beharrezkoa bada finken taxu fisikoa erregularizatzea planeamenduan ezarritakora egokitzeko.
2. Finken normalizazioak ukitutako finken muga berriak planeamenduaren arabera zehaztu baizik ez ditu eginen, baldin eta ez baditu atxikitzen ez finka horien balioa 100eko 15etik goiti, ezta lehendik dauden eraikinak ere. Ateratzen diren aldeak diru bidez konpentsatuko dira.
3. Normalizazioaren tramitazioa udalaren esku egonen da, ofizioz edo jabe guztiek nahiz haietako batzuek eskaturik, hamabost eguneko entzunaldia izan eta interesatuak banan-banan hartzeko aukera izanik.
155. artikulua. Bide publikoak.
1. Exekuzio unitatearen esparruan sartzen diren hiriz kanpoko bideak udal jabetzakoak direla ulertuko da, bestelakorik frogatzen ez den bitartean.
2. Desagertu behar duten exekuzio unitateko hiribideen kasuan, ulertuko da haien ordezkoak direla exekutatzen ari den planeamenduan aurreikusitako berriak eta esku hartzen duen administrazioaren esku uzten direla, zuzenbide osoz.
II. KAPITULUA. Jarduketa sistematikoen bidezko exekuzioa
1. atala. Xedapen orokorrak
156. artikulua. Jarduketa sistemak.
1. Exekuzio-unitateak garatuko dira administrazioak kasu bakoitzean hautatzen duen jarduketa sistema pribatu edo publikoaren bidez.
2. Hona hemen jarduketa pribatuko sistemak:
a) Konpentsazioa.
b) Borondatezko birzatiketa.
c) Eragile urbanizatzailea.
3. Hona hemen jarduketa publikoko sistemak:
a) Lankidetza.
b) Nahitaezko exekuzioa.
c) Desjabetzapena.
157. artikulua. Jarduketa sistemaren hautaketa.
1. Jarduketa sistema planeamenduan hautatuko da edo, bestela, exekuzio unitatea zehazterakoan. Hautatutako sistema behar bezala justifikatuta aldatzeko tramitazioa eginen da exekuzio unitate bat zehazteko xedatutakoaren arabera.
2. Planak jarduketa sistemarik ezartzen ez badu, ulertzen ahalko da hautatu dela konpentsazio sistema edo borondatezko birzatiketarena, deusetan ukatu gabe hura aldatzea exekuzio unitateak zehazteko prozeduraren bidez.
3. Jarduketa pribatuko sistemaren bat ez bada garatzen ari planeamenduan edo exekuzio unitatearen zehaztapenean laga, berdinbanatu eta urbanizatzeko betebeharrak betetzeko ezarritako epeen arabera, administrazioak erabaki beharko du, bere kabuz edo kasuan kasuko sistemaren arabera horretarako eskubidea duten partikularrek eskatuta, jarduketa sistema horren ordez jarduketa pribatuko beste bat, exekuzio unitatearen garapena betetzea bermatuko duena, edo jarduketa sistema publiko bat jartzea, 1. idatz-zatian xedatutakoaren arabera.
158. artikulua. Lurren eskualdaketa.
Foru lege honetan araututako jarduketa sistemetakoren baten aplikazioaren ondoriozko lurren eskualdaketak edo orubeen adjudikazioak, edo hirigintzako kudeaketa-hitzarmenen bidez egindakoak, kasuan kasuko exekuzio unitatean sartutako jabeen alde eta dagozkien eskubideen arabera egiten direnean, hirigintzako betebehar guztiak betetzen badituzte, ondare eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen dira betiko, eta ez dira jabari eskualdaketatzat hartuko, hirilurren balio igoeraren gaineko zerga ordaintzeko orduan. Jabe bati adjudikatutako orubeen balioak gainditzen badu jabe horretxek ekarritako lurrei proportzioz dagokiena, soberakinari dagozkion likidazioak igorriko dira.
2. atala. Jarduketa pribatuko sistemak
159. artikulua. Arau orokorrak.
1. Jarduketa pribatuko sistemetan, partikularrek zuzenean exekutatzen dituzte urbanizazio obrak, beren kontura, nahiz eta jabe ez izan.
2. Konpentsazio batzordea, jabea, birzatiketa batzordea edo eragile urbanizatzailea arduratuko dira urbanizazio obren exekuzioaz eta behar diren bermeak eman beharko dizkiote administrazioari, jarduketaren exekuzioa zuzena dela ziurteatzeko.
3. Urbanizazio obrak amaitzean, partikularrek administrazioari entregatuko diote, eta hori eginen da egintza formal eta positibo baten bidez, non administrazioak onartuko edo adostasuna agertuko duen, obrak entregatzeko eskaera egiten denetik hasi eta hilabeteko epean, betiere urbanizazioan erabilitako kudeaketa sistema pribatuaren araberako betebeharrak beteak izanik. Urbanizazioko obrak ongi baldin badaude eta aurreikusitako aginduen arabera egin badira, administrazioak izendatzen duen funtzionario teknikariak, haren ordezkari gisa, onartutzat joko ditu, dagokion akta idatziko da eta orduan hasiko da berme epea. Obren egoera dela eta, ezin badira onartu, aktan jasoaraziko da, ikusitako akats eta hutsuneak zehazki adierazita.
Administrazioak ez badu berariazko ebazpenik ematen urbanizazio obrak onartzeko eskaera egiten denetik hasi eta hiru hilabeteko epean, partikularrek ulertzen ahalko dute administrazioak onartu dituela obrak.
Berme epea ezin izanen da urtebetetik beheitikoa izan, deusetan ukatu gabe akats gordeengatik dagokion erantzukizuna, hamabost urte iraunen duena.
4. Urbanizatze-obren lagapenak eta jasotzeak, aurreko idatz-zatian aipatzen denak, faseei erreferentzia egin ahalko die urbanizazio proiektuan hala aurreikusita dagoenean eta funtzionalki independentea den unitate bat denean.
1. azpiatala. Konpentsazio sistema
160. artikulua. Konpentsazio sistema.
Konpentsazio sisteman, jabeek ekartzen dituzte nahitaez laga beharreko lurrak, urbanizazioa beren kontura egiten dute planean ezartzen diren moduaren eta baldintzen arabera, eta konpentsazio batzordea eratzen dute, non ez diren lur guztiak titular bakar batenak.
161. artikulua. Estatutuen tramitazioa eta batzordearen eraketa.
1. Exekuzio unitatearen azaleraren 100eko 35 baino gehiagoren ordezkari diren jabeak edo jabeek konpentsazio batzordearen estatutuen proiektua aurkeztu beharko diote dagokion udalari, exekuzio unitatearen zehaztapenean aurreikusiriko epean.
2. Konpentsazio batzordearen estatutuen proiektua onesteko prozedura 76. artikuluan xehetasun azterlanentzat ezarritakoa izanen da, baina jendaurrean jartzeari dagokion iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, hasierako onespeneko egintzaren jakinarazpena banan-banan jakinaraziko zaie jarduketa sistemak ukitzen dituen erregistroko jabe guztiei.
3. Estatutuak behin betiko onesteko egintzak berekin dakar jabe guztiak konpentsazio sisteman sartzea, eta handik aurrera batzordeak eta esku hartzen duen administrazioak hartzen dituzten erabakiak lotzaileak izanen dira haientzat.
4. Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta banan-banan jakinaraziko zaie ukitutako jabe guztiei, zeinei gehienez ere hiru hilabeteko epea emanen baitzaie konpentsazio batzordea eratzeko eskritura publikoaren egilespenaren bidez. Eratzen den unetik aurrera, konpentsazio batzordeak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna bereganatuko ditu.
162. artikulua. Sistematik at gelditzea.
Beren lurrak libreki eskualdatzea galarazi gabe, batzordean sarturik dauden eta sisteman parte hartu nahi ez duten jabeek udalari eskatzen ahalko diote, birzatiketa proiektuaren hasierako onespenaren aurretik, desjabetu dakizkiela beren ondasun eta eskubide ukituak batzorde horren alde, horrela beraiek batzordetik kanpora geldi daitezen, ondorio guztietarako, eskaera egiten duten egunetik; horrek ez du sistema geldiaraziko, eta premiazko desjabetzapenaren sistema aplikatuko da. Desjabetutako finkei dagozkien eskubideak eta betebeharrak Konpentsazio Batzarrari esleituko zaizkio. Azken horrek, prozedura hasi baino lehen, administrazio jarduleari bermatu beharko dio balio justua ordaintzeko behar beste funts badauzkala. Kasu horietan, udalak desjabetze prozedurari hasiera eman beharko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean.
163. artikulua. Birzatiketa proiektua.
Konpentsazio batzordea eratu ondoren, batzordeak berak birzatiketa proiektua formulatu eta onetsiko du, unitatearen azaleraren 100eko 50etik goitiko ordezkaritza duten jabeen quorumaren bidez.
164. artikulua. Konpentsazio batzordearen araubide juridikoa.
1. Konpentsazio batzordeak izanen du izaera administratiboa, nortasun juridikoa eta gaitasun osoa bere helburuak betetzeko.
2. Zuzendaritzako karguak nahitaez pertsona fisikoek beteko dituzte.
3. Batzordeko zuzendaritzan beti izanen da esku hartzen duen administrazioaren ordezkari bat.
4. Konpentsazio batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, esku hartzen duen administrazioari zuzendurik.
5. Batzordean sartzen ahalko dira, baita ere, exekuzio unitatearen kudeaketan jabeekin batera parte hartu behar duten urbanizazio-enpresak.
6. Konpentsazio eta birzatiketa batzarrak, Administrazio Publikoaren entitate laguntzaileak diren aldetik, botere esleipen-egile gisa hartzen dira, kontratazio publikoari buruzko araudiaren eraginetarako, urbanizazioko obra publikoa egiten duten neurrian.
165. artikulua. Lurren eskualdaketa.
1. Konpentsazio batzordeek fiduziario gisa jardungo dute, batzordekide diren jabeen finken gainean xedatzeko ahalmen osoa dutela, betiere Estatutuetan ezarritako mugen barrenean.
2. Kasuan kasuko administrazioari nahitaez laga beharreko lur guztien eskualdaketa, gaitasun osoz eta kargarik gabe, legearen aginduz eginen da, birzatiketa proiektuaren behin betiko onespenarekin batera.
166. artikulua. Batzordearen erantzukizuna eta batzordekideen betebeharrak.
1. Konpentsazio batzordea erantzule zuzena izanen da administrazio eskudunaren aurrean, exekuzio unitatea osorik urbanizatzeko eta, halakorik bada, ateratzen diren orubeak eraikitzeko lanei dagokienez, hala erabakitzen denean, eta udalak behar diren bermeak ezartzen ahalko ditu, Birzatiketa proiektuaren hasierako onespeneko egintzan, unitatearen exekuzioaren ondorioz heldu diren kargak bete daitezen.
2. Batzordekideek betetzen ez badituzte foru lege honek ezartzen dituen betebehar eta kargak, esku hartzen duen administrazioak zilegi izanen du haietako bakoitzaren eskubideak desjabetzeko, konpentsazio batzordearen eskariz eta haren alde, juridikoki bera izanen baita onuraduna.
3. Konpentsazio batzordeko kideek batzordeari zor dioten kopurua premiamendu bidez ere esijitzen ahalko zaie, batzordeak esku hartzen duen administrazioari horretarako eskaria egin ondoren.
4. Jabeak konpentsazio batzordean sartzeak berarekin dakar adjudikatutako lurzatiak zuzenean lotzea sistemari datxezkion kargei eta gastuen ordainketari.
2. azpiatala. Borondatezko birzatiketaren sistema
167. artikulua. Borondatezko birzatiketaren sistema.
1. Exekuzio unitate batean sartutako lurren jabe guztiak ados baldin badaude, konpentsazio edo lankidetza sistemen ordez zuzenean borondatezko birzatiketa egin daiteke, aldez aurreko deklarazio edo prozeduraren beharrik izan gabe, eta udalak behar diren bermeak ezartzen ahalko ditu, birzatiketa proiektuaren hasierako onespeneko egintzan, unitatearen exekuzioaren ondorioz heldu diren kargak bete daitezen.
Prozedura hau aplikatuko da, baita ere, exekuzio unitateko lur guztiak jabe bakar batenak direnean.
2. Sistemaren kudeaketarako, jabe bakarraren kasuan izan ezik, jabeek birzatiketa batzordea eratuko dute, guztiek izenpeturiko eskritura publikoaren bidez. Bertan adieraziko dira sistemari datxezkion eskubideak eta betebeharrak, batzordean parte hartzeko kuotak eta libreki erabakiko duten jardun araubidea. Batzorde horrek konpentsazio batzordearen izaera juridiko eta ahalmen berberak izanen ditu.
3. Birzatiketa proiektuarekin batera, eta bere arau berberei jarraikiz, Urbanizazio proiektua edo proiektuak tramitatzen ahalko dira.
168. artikulua. Borondatezko birzatiketaren arauak.
Borondatezko birzatiketan honako arau hauek aginduko dute:
a) Ukitutako jabe guztiek formulatutako birzatiketa proiektu bat aurkeztuko da. Ukitutako jabeek ordezkari bakar bat izendatuko dute, esku hartzen duen administrazioarekiko harremanetan, bidezko diren jarduketa administratiboen jakinarazpenetarako.
b) Birzatiketa proiektua onesteko prozedura 76. artikuluan xehetasun azterlanentzat ezarritako berbera izanen da.
c) Ez da nahitaezkoa izanen udalak berariaz ematea behin betiko onespena, baldin eta udal horrek, hasierako onespeneko egintza berean, erabakitzen badu, jendaurreko informazioaldian agiriaren aurkako alegaziorik ez aurkeztuz gero, onespen hori behin betikotzat joko dela.
169. artikulua. Jabearen edo jabeen betebeharrak.
Hirigintzako betebeharrak betetzen ez dituzten jabeak erantzule zuzenak izanen dira, esku hartzen duen administrazioaren aurrean, zeinak haien lurrak desjabetzen ahalko baititu, birzatiketa batzordearen alde, edo, bestela, zor dituzten diru kopuruak premiamendu bidez esijitu.
3. azpiatala. Eragile urbanizatzailearen sistema
170. artikulua. Eragile urbanizatzailearen sistema.
1. Eragile urbanizatzailea, lurzoruaren jabea izan edo ez, kasuan kasuko urbanizazio jarduketaren exekuzioaz, administrazio jardulearen kargura eta araututako hitzarmenaren araberakoa, arduratzen da; urbanizatzailea lehia publikoan hautatuko da urbanizazio jarduketaren programa onestean.
2. Exekuzioa eragile urbanizatzailearen bidez egiteko erabakia administrazioak hartu beharko du, ofizioz edo pertsona interesatuaren eskariz, honako kasu hauetan:
a) Hala erabakitzen denean hirigintza-planeamenduan edo exekuzio unitatearen zehaztapenean.
b) Unitate eta sektoreen planeamendu, hainbanaketa edo urbanizazioa exekutatzeari begira planean ezarritako epeak jabeek edo administrazio jarduleak bete ez badituzte eta eragile urbanizatzaile batek hala eskatzen badu, urbanizazio jarduketarako programa aurkeztuz.
c) Administrazio jardulearen iritziz komeni denean sistema hartzea urbanizazio jarduketa edo haren amaiera laguntzeko.
3. Eragile urbanizatzailea, bere urbanizazio jarduketan, konpentsazio batzordearen izaera juridikoa izanen du.
171. artikulua. Urbanizazio jarduketaren programak.
1. Jarduketa urbanizatzailerako programek exekuzio-jarduera xedatzen eta antolatzen dute eragile urbanizatzailearen sisteman. Pertsona fisiko edo juridiko orok proposatzen eta sustatzen ahal izanen du, terrenoen jabea ez bada ere.
2. Jarduketa urbanizatzailerako programek jarduketa-unitate oso bat edo gehiago hartu beharko dituzte.
3. Jarduketa urbanizatzailerako programek hurrengo agiriak izanen dituzte:
1) Hurrengoek osatutako alternatiba tekniko bat:
a) Agiri bat adierazten duena udal plan orokorrean jasotako antolamendu xehea onartzen duela; bestela, sektorea xehetasunez antolatzen duen plan partziala proposatu beharko du, edo planeko antolamendua aldatzeko proposamen bat.
b) Urbanizatzeari buruzko aurreproiektua, urbanizatzeko obren oinarrizko ezaugarriak deskribatuko duena.
2) Hirigintzako hitzarmen proposamena, zeina adjudikazio-hartzaileak, administrazio jarduleak eta ukitutako jabeek sinatu beharko baitute; hitzarmen proposamenean, adjudikazioa arautuko duten eta prebisioak betetzea bermatuko dituzten konpromisoak, epeak, bermeak eta penalizazioak adieraziko dira.
3) Proposamen juridiko-ekonomiko bat; hurrengoak jasoko ditu:
a) Urbanizatzailearen eta jabeen arteko harremanak nola gauzatuko diren; kasua bada, urbanizatzaileak jabeen terrenoez baliatzeko duten aukera justifikatuko da, bai eta lortutako akordioak eta urbanizatzaileari ordaintzeari buruzko xedapenak ere.
b) Urbanizatzeak guztira ekarriko dituen gastuen zenbatespena.
c) Orubeen zein proportzio edo parte izanen duen ordainsari urbanizatzaileak; dirutan ordaintzea erabakitzen denean, kuotak zein izanen diren ezarri beharko da, eta, halaber, adierazi beharko da urbanizatzaileak, kudeaketaren etekin edo ordainsari gisa, urbanizatze gastuen zenbatespenaren gaineko errekarguren bat jaso behar duen.
d) Urbanizatzaileak adjudikatu behar zaizkion terrenoak interes sozialeko helburuz eraikitzeko hartutako konpromisoen eragin ekonomikoa terrenoen balioespen eta zenbatespenean, eta eskuratzeko moduan.
4. Jarduketa urbanizatzailerako programa bat sustatu nahi duen pertson orok edozein administrazio publikorekin has dezakete informazio harremana, jarduketa urbanizatzailerako programen gainean hain zuzen; orobat, administrazioengandik informazio osoa eska eta eskura dezakete jarduketa bakoitza baldintza dezaketen ebazpen eta aurreikuspenei buruz. Halaber, udalaren baimena jaso dezake behin-behinekoz terrenoak okupatzeko; horrela, desjabetzeari buruzko legedian ezarritako moduan, informazio zehatza lortuko du. Orobat, administrazio publikoen araubide juridikoari buruzko araudiaren arabera, administrazio publikoetako erregistro eta artxiboetan dauden informazio eta agiriak eskuratu ahalko ditu.
172. artikulua. Eragile urbanizatzailearen eta jabeen arteko harremanak.
1. Urbanizazio jarduketarako programak, aurreko artikuluan aurreikusitakoaz gain, eragile urbanizatzailearen eta ukitutako jabeen arteko harremanak arautu beharko ditu, oinarri hauek abiapuntutzat harturik:
a) Eragile urbanizatzaileak bere gain hartu beharko ditu urbanizazioaren ondorioz heldu diren gastu guztiak, halako neurrian non urbanizazio-jarduketaren ondorioz ateratzen diren lur eraikigarrien jabeek konpentsatzen dizkioten, lur eraikigarrien bidez edo dirutan ordainduz.
b) Jabeek lankidetzan jardun dezakete eragile urbanizatzailearekin, urbanizatu gabeko beren finkak ekarriz eta honako bi modalitate orokor hauen bidez:
1) Eragile urbanizatzaileari dirutan ordainduz urbanizazio kargetan dagokien kuota-zatia eta zor hori bermatuz, horren truke programaren eta birzatiketa proiektuaren arabera dagozkien lurzati urbanizatuak hartzeko.
2) Urbanizazio gastuetan dagokien proportzioan parte hartuz, lur eraikigarrien lagapenaren bidez. Kasu honetan aurreko modalitatean baino orube-azalera txikiagoa egokituko zaie, kargetatik salbuetsirik, zeren eta aldea urbanizatzaileari ordaindu beharrekoa izanen baita.
2. Urbanizazio jarduketa dirutan ordaindu ahalko da, kasu hauetan:
a) Kasuan kasuko urbanizazio jarduketarako programa adjudikatzean hala ezarririk dagoenean.
b) Ordainketa lur eraikigarrietan egitea ezarri baldin bada, jaberen bat ados ez dagoenean berak laga beharreko lur kopuruarekin.
Kasu horretan, jabeak dirutan ordaintzea eskatu ahalko du eragile urbanizatzaileari eta udalari agiri notariala igorriz urbanizazio jarduketarako programa onetsi eta hamar eguneko epean: ordainketa ziurtatzeko berme finantzarioa edo erreala emanen da, eragile urbanizatzaileak emandakoaren hainbatekoa.
c) Birzatiketa proiektua behin onetsirik, urbanizazio proiektuan urbanizatzaileari ezin egoz dakizkiokeen aldaketak gertatzearen ondoriozko urbanizazio gastuetan ere aldaketak izaten direnean.
Kasu horretan, administrazio jarduleak onetsiko ditu aldeak eta dirutan ordainduko dira; positiboak direnean urbanizazio kuoten bidez bildu ahalko dira.
3. Lankidetza horretan berariaz jardun nahi ez duten jabeek, horri uko egiten ahalko diote, baldin eta, agiri publikoan formalizaturiko eskabidea urbanizazio jarduketarako programa onesteko erabakia hartu baino lehen aurkeztuta galdatzen badute lurzoruaren desjabetzapena eta legez dagokion balioaren ordainketa, indarra duen legeriaren arabera, batere kontuan hartu gabe kasuan kasuko planeamenduaren exekuzioaren ondorioz etor daitekeen eta ondaretzen ahal den hirigintza-aprobetxamendua. Kasu horretan, urbanizazio jarduketarako programa onesteko erabakiak aginduko du kasuan kasuko finkaren balio justua ezartzeko espedientea irekitzeko.
4. Eragile urbanizatzaileak honako abantailak eta bateraezintasunak izanen ditu:
a) Urbanizazio proiektuak, urbanizazio kargen aurrekontuak eta, ukitutakoekin adostasunik egon ezean, jarduketaren esparruaren barruan birzatiketa proiektu bat edo batzuk uztea administrazioaren esku, horrek onets ditzan, eta onespen hori eman aurretik entzuna izatea.
b) Jarduketaren esparruan zatiketaren eta eraikitzearen kontra agertzea, programaren aurreikuspenak osotara bete arte.
c) Jabeei eskatzea ordain diezaiotela urbanizazio kuoten bitartez edo jarduketa gauzatzean urbanizatu beharreko lur eraikigarrien lagapenaren bidez.
d) Birzatiketaren mende dauden lurrak, urbanizazioko azpiegiturak egiteko beharrezkoak direnak, zuzenean okupatzeko eskatzea, legeria orokorrak aurreikusitako moduan.
5. Eragile urbanizatzaileak, jabeengandik ordainketak jasotzeko, ziurtatzen joan behar du administrazio jardulean ordaindu behar diotenen lurzatiak orube bihurtzeko duen betebehar berariazkoa, administrazioaren iritziz behar bestekoa den eta jarduketa programan islatuko den bermearen bidez.
6. Bidezko diren gainerako neurriak galarazi gabe, aurreko idatz-zatian adierazitako betebeharra betetzen ez duen eragile urbanizatzaileak honakoa zor izanen dio administrazio jarduleari:
a) Programa eteten bada, jasotako ordainsarien balioa, egindako lanena deskontatu ondoren;
b) Urbanizatzeko beharkizunari begira, berandutzan sartzen bada, aurreko letrari jarraikiz sortzen den zenbatekoaren interesak, lege interes tasaren arabera.
Zorra administrazio jarduleak emaniko ebazpenaren bidez deklaratuko da interesatuari entzun ondoren eta, ordaintzen ez bada, premiamendu bidez bildu ahalko da. Modu horretan bildutako zenbatekoak obren erabateko exekuzioa bermatzeko edo ordaintzeko erabiliko dira, lehentasunez, edo bestela, jabeei izandako kalteen ordaina emateko.
7. Eragile urbanizatzailea izanen da jabeei edo beste batzuei, jardueraren ondorioz edo beharkizunak arretaz ez betetzeagatik eragindako kalteen erantzule, salbu eta kalte horiek jatorria badute administrazio jarduleak berak emandako zuzeneko agindu batean edo ezarritako baldintza batean.
8. Jabeek eskubidea izanen dute jarduketan jasan beharko dituzten urbanizazio gastuei buruzko informazioa, behar bezala dokumentaturik, uneoro hartzeko, eta jarduketa horretan lankidetzan aritzeko programak ezarritako moduan, betiere bere garapenaren kargak eta arriskuak beren gain hartzen badituzte.
Urbanizazio gastuetan finantzakide den jabeak esijitzen ahalko du urbanizatzaileak bere lana egin dezala enpresaburu on bati dagokion ardurarekin eta esku hartzen duen administrazioak gainbegira dezala jarduketaren exekuzioa foru legeak aurreikusitako moduan.
173. artikulua. Urbanizazio jarduketaren programak tramitatu, onartu eta adjudikatzea.
1. Eragile urbanizatzailearen sisteman, urbanizazio jarduketaren programen tramitazioa hasi ahalko da honako bide hauei jarraikiz:
a) Edozein pertsona fisiko edo juridikok eskatu ahalko dio udalari jendaurrean jar dezala urbanizazio jarduketaren programaren alternatiba tekniko bat, 171. artikuluko 3. idatz-zatian aipaturiko dokumentuak barnean hartuko dituena. Udalak eskatu ahalko du aurkezturiko dokumentazioa zuzendu edo osatu dadila. Udalak honela jokatu ahalko du:
1) Eskaera ezetsi ahalko du, arrazoituz, indarreko araudia ez baldin badu betetzen.
2) Konkurrentzia publikoko prozedura ireki ahalko du, nahitaezkoak diren legezko betekizunak betetzen direnean.
b) Administrazio jarduleak zuzenean hasi ahalko du, behar den lehiaketarako deialdia eginez.
2. Jarraian, konkurrentzia publikorako epea irekiko da, eta halaxe iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaraturiko egunkarietan. Epe horren iraupena hogeita hamar egunekoa izanen da, eta lehiatzeko eta kasuko urbanizazio jarduketaren programako esleipen-hartzaile gisa hautatuak izateko interesa daukatenek epe horretan aurkeztu ahalko dituzte alternatiba teknikoak, hirigintza hitzarmena eta proposamen juridiko-ekonomikoak.
Artikulu honetako 1. idatz-zatiko a) letrak aipatzen duen eragilea mugatuko da hirigintza hitzarmena eta proposamen juridiko-ekonomikoa aurkeztera, ezertan galarazi gabe bere hasierako alternatiba teknikoa hobetu edo ordeztea. Urbanizazio-obren zenbateko aurreikusiaren 100eko 2ko behin-behineko bermea aurkeztu beharko da.
3. Udalak, aurkeztu diren alternatiba eta proposamenak aztertu ondoren, urbanizazio jarduketaren programa bat onestea proposatuko du, egokitzat jotzen dituen aldaketekin.
4. Honako hauek izanen dira esleipen-irizpideak:
a) Lehentasuna emanen zaio jarduketa-esparru edo urbanizazio-obra egokiagoak proposatzen dituen alternatibari; exekuziorako obra-kalitate egokienak zehaztu eta hartzen dituenari; halaber, garapen-epe laburragoak edo konpromiso zorrotzagoak bere gain hartzen dituen proposamenari; betetze-berme eraginkor handiagoak eskaintzen dituenari; jarduketa sustatu eta kudeatzearen ondorioz enpresa-etekin neurrizkoagoa espresuki eta arrazoituz ezarriz gauzatzea ziurtatzen duenari; edo obra berberetarako haien kalitatea kaltetu gabe gehieneko prezio txikiagoa justifikazioa tarteko ezartzen duenari.
b) Balioetsiko da zerbitzu publikoari begira urbanizazio-obren egokitasuna, haien exekuzioaren berme eta epeak, eragile urbanizatzailearen ordainsariaren proportzionaltasuna eta, horren osagarri gisa, hark urbanizatzeko behar den lursaila zer-nolako erraztasunez edo azkartasunez eskura dezakeen.
5. Udalak ezezko arrazoitua eman ahalko die urbanizazio jarduketa exekutatzeko ekimen guztiei, baldin eta jotzen badu haietako batek ere ez duela horretarako oinarri egokirik eskaintzen, eta ebatzi ahalko du lursaila ez dadila programatu, edo erabaki ahalko du lehiaketa baterako deialdia egitea, zehazturiko hirigintza-baldintza batzuetan oinarriturikoa, edo zuzeneko kudeaketaren bitartez exekutatzea, hori bideragarria denean eta komenigarriagoa udal interes publikoentzat.
6. Hautaturiko proposatzailearen aldeko esleipena eginen da, hark, kasua bada, onartu ondoren eginiko aldaketak.
7. Esleipen-hartzaileak beharrezkoak diren konpromisoak izenpetu, betebeharrak gainean hartu eta bermeak eman beharko ditu. Hala ere, esleipenari uko egin ahalko dio baldin eta eskaini zituenak ez bezalako konpromisoak ekartzen baditu hark. Justifikatu gabeko beste arrazoi batzuen ondoriozko uko egiteak berarekin ekarriko du, kasua bada, behin-behineko bermeak galtzea eta beste esleipen-hartzaile bat hautatzea.
8. Urbanizazio jarduketaren programa bat onetsi eta esleitzeari buruzko ebazpena emateko berrogei eguneko epea izanen du udalak, proposamenak aurkezteko epea amaitzen denetik.
9. Urbanizazio jarduketaren programaren exekuzioaren esleipena formalizatuko da hirigintza-hitzarmen baten bidez. Hitzarmen hori sinatu beharko dute, alde batetik, urbanizatzaileak, eta, bestetik, bai administrazio jarduleak bai eta, kasua bada, exekuzio horretan konpromisoak euren gain hartu dituzten besteek. Hitzarmen horretan jasoko dira programaren exekuziorako baldintzak, konpromisoak eta epeak, beteko dela ziurtatzeko urbanizatzaileak ematen dituen bermeak eta zer zigor ezartzen diren ez-betetzearen kasurako.
3. atala. Jarduketa publikoko sistemak
1. azpiatala. Lankidetza sistema
174. artikulua. Lankidetza sistema.
1. Lankidetza sisteman, jabeek nahitaez laga beharreko lurzorua ekartzen dute eta administrazioak urbanizazio obrak exekutatzen ditu haien kontura.
2. Jabeen administrazio-elkarteak eratzen ahalko dira, udalaren edo jabeen beraien ekimenez, urbanizazio obren exekuzioan lankidetzan jarduteko asmoarekin.
175. artikulua. Gastuak.
1. Esku hartzen duen administrazioak ukitutako jabeei esijitzen ahalko die dirua ordain dezaten, urbanizazio gastuen kontura, hurrengo sei hilabeteetan egin gogo diren inbertsioen arabera. Ordainketa hori egin beharko da seinalatzen den epearen barrenean, betiere hilabetea gutxienez, administrazioak eskaera formulatzen duenetik hasita. Aipatutako epe hori igarotakoan, administrazioak premiamendu bidez ordainaraziko ditu kuotak.
2. Dena dela, esku hartzen duen administrazioak, kasua hala izan eta komeni dela uste badu, ukitutako jabeekin adosten ahalko du urbanizazio kostuen ordainketa geroratzea.
176. artikulua. Birzatiketa proiektuaren formulazioa.
Birzatiketa proiektua honela formulatuko da:
a) Udalak formulatuko du, ofizioz edo ukitutako jaberen batek eskaturik.
b) Azalera birzatigarriaren 100eko 35 baino gehiago ordezkatzen duten jabeek formulatuko dute.
2. azpiatala. Nahitaezko exekuzioaren sistema
177. artikulua. Nahitaezko exekuzioaren sistema.
1. Nahitaezko exekuzioaren sisteman, udalak behar diren lurrak okupatzen ditu kudeaketa batzorde batentzat, zeinak urbanizazio obrak egin eta dagozkien onura eta kargak banatzen baititu.
2. Nahitaezko exekuzioaren sistema erabiltzea erabakitzen ahalko da, exekuzio unitatean dauden lurren guztirako azaleraren gutxienez 100eko 25en jabe direnek eskaturik, honako kasu hauetako edozeinetan:
a) Jabeek ez aurkeztea esku hartzen duen administrazioari konpentsazio batzordearen estatutuen proiektua gehienez ere sei hilabeteko epean, plana behin betikoz onesten denetik hasita edo, bestela, planak berak ezartzen duen epean.
b) Konpentsazio batzordea ez eratzea hiru hilabeteko epean, estatutuak behin betikoz onesten direnetik.
c) Konpentsazio batzordeak ez aurkeztea birzatiketa proiektua esku hartzen duen administrazioari, batzordea eratzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean.
3. Sistema hasteko erabakia ukitutako jabeei jakinaraziko zaie, haiek hamabost eguneko epean, beste horrenbeste egun luzatzen ahalko dena, kudeaketan sartu nahi dutela adieraz dezaten, hala baldin bada.
4. Exekuzioari atxikitzeko eskubidearen erabileratik aparte, exekuzio unitateko lurren jabe guztiek nahitaez izan beharko dute planeamendutik heldu diren onura eta kargen banaketaren komunitateko partaide.
5. Nahitaezko exekuzioaren sistemaren ordez, foru lege honetan aurreikusitakoetatik beste edozein erabili ahalko da, planeamenduan edo exekuzio unitatearen mugaketan berdinbanaketaren eta urbanizazioaren betebeharrak betetze aldera aurreikusitako epeetan garatzen ari ez denean.
178. artikulua. Kudeaketa batzordea.
1. Nahitaezko exekuzioaren sisteman, gobernu eta administrazio eginkizunak kudeaketa batzorde baten esku geldituko dira. Batzorde horren izaera eta ahalmenak, salbu foru lege honetan esku hartzen duen hirigintza-administrazio jardulearentzat ezarritakoetan, konpentsazio batzordeei esleitutako berberak izanen dira.
2. Batzordea jabeen eta administrazioaren ordezkariek osatzen dute, erdi eta erdi. Jabeen ordezkariak beraien artean hautatuko dituzte ezarritako epean sistemaren kudeaketari atxiki direnek. administrazioaren ordezkariak administrazioak berak izendatu eta kenduko ditu libreki. Batzordeburua, beti, batzordeko kide guztiek hautatuko dute administrazioaren ordezkarien artean, eta bozketetan kalitatezko botoa izanen du.
3. Kudeaketa batzorde horren estatutuak ofizioz onetsiko ditu esku hartzen duen administrazioak sistema erabakitzen duenean.
4. Esku hartzen duen administrazioak kudeaketa batzordea kontrolatuko du, foru lege honek konpentsazio batzordeen gainean ematen dizkion ahalmenak erabiliz, eta, horretaz gain, honako lan hauek ere eginen ditu:
a) Kudeaketa batzordearen erabakien aurka aurkezten diren administrazio errekurtsoak ebaztea.
b) Haren funtzionamendua edozein unetan ikuskatzea.
c) Azken likidazioko kontua onestea.
179. artikulua. Lurren okupazioa.
1. Nahitaezko exekuzioaren sistema aplikatzeko erabakiak ahalmena ematen dio hirigintza-administrazio jarduleari hirigintza-antolamenduko sistema orokorrek ukitutako lurrak okupatzeko
alegia, planeamenduan ezarritakoaren arabera, kasuan kasuko unitatea exekutatzeko beharrezkoak direnak.
2. Okupazio hori ezin izanen da egin ez bada hasi unitatea birzatitzeko prozedura, non sistema orokorrek ukitutako jabeek erabiltzen ahalko baitituzte beren eskubideak, baldin eta administrazioak erabiltzen ez badu bere desjabetzapen ahalmena.
180. artikulua. Birzatiketa proiektua.
1. Kudeaketa batzordea eratu ondoren, egiten duen lehenbiziko bilkuran erabakiko du birzatiketa proiektuaren hasiera, zeinetan honako hauek ere sartuko baitira:
a) Planeamenduan, sistemaren kudeaketan eta urbanizazioan aurreikusitako gastuak kitatzeko behar adina lurzoru.
b) Sistemaren likidazioa egitean, planeamenduko, kudeaketako eta urbanizazioko aurreikuspenen eta egiazko kostuen artean gertatzen ahal diren desoreken eta hasierako balorazioen zuzenketari ekiteko behar adina lurzoru.
2. Esku hartzen duen hirigintza-administrazioak, kudeaketa batzordeak proposaturik eta haren alde, lurrak berehala okupatzeko erabakia hartuko du, eta horrek berak ekarriko du kudeaketa batzordeari eskualdatzea, fiduziarioa den aldetik, ukitutako jabeek xedatzeko dituzten ahalmenak.
3. Okupazioak ukitzen dituen jabeek frogatzen badute beren lurrak direla beren diru-iturri bakarra edo nagusia, eskubidea izanen dute egiaztatutako errentagarritasunaren pareko kalteordaina jasotzeko, okupazioa gauzatzen denetik dagokien adjudikazioa bitarte, edo beren eskubideaz desjabetu arte.
181. artikulua. Kudeaketa batzordearen ahalmenak sistema finantzatzeko.
1. Kudeaketa batzordeak lizitazio publikoaren bidez besterentzen ahalko ditu aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren lur guztiak edo haietako batzuk, bertan aipatzen den xedearekin.
2. Kudeaketa batzordeak berak erabakiko du obrak egiteko eta finantzatzeko modua, kredituak ituntzeko ahalmena duela, baita aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatzen diren lurrak berme gisa emanez ere.
3. Obren exekuzioa enpresa urbanizatzaileekin kontratatzen ahalko da eta prezioa ordaintzen ahalko da, osorik edo parte bat, aurreko artikuluan xede horretarako aurreikusitako lurzoru-besterentzetik ateratako diruarekin. Nahitaezko exekuzioak ukitutako lurren 100eko 40 baino gehiago ordezkatzen duten jabeak eta enpresa urbanizatzailea ados badaude, obrak ordaintzen ahalko dira lurren, eraikigarritasunaren edo aprobetxamendu unitateen bidez.
4. Enpresa urbanizatzailea beti hautatuko da lehiaketa publikoaren bidez, esku hartzen duen administrazioaren arauen arabera. Obren exekuzioarekin izan behar duen loturak ez du nahitaez berarekin ekarriko kudeaketa batzordeko kide bihurtzea, salbu ordaintzen bazaio, dena edo parte bat, lurren, eraikigarritasunaren edo aprobetxamendu unitateen bidez.
182. artikulua. Eraikuntza programa.
Kudeaketa batzordeak, bere jarduna hastean edo jardunean zehar, eraikuntza programa bat erabakitzen ahalko du, gehiengo osoz, betiere beren ekarpenen arabera jabeek dagozkien lurzatietan eraikitzeko duten eskubidea errespetatuz.
Programa betetzeko ardura jabeei ematen ahalko zaie edo bestela enpresaren bati adjudikatu, urbanizazio obrak adjudikatzeko ezarritako tramite berberak eginez.
Halaber, aldi berean adjudikatzen ahalko ditu urbanizazio eta eraikuntza lanak, baina adjudikazio horrek ez du nahitaez berarekin ekarriko adjudikazio-hartzailea kudeaketa batzordeko kide bihurtzea.
183. artikulua. Lurren adjudikazioa.
1. Urbanizazioko obra amaitutakoan eta planeamenduan, kudeaketan eta urbanizazioan aurreikusitako eta egiazki ateratako kostuen arteko aldea kitatu ondoren, gastuak ordaintzeko xedez nahitaez laga edo besterendu behar izan ez diren lurrak adjudikatu eginen zaizkie kudeaketan sartutako jabeei, beren hasierako ekarpenaren eta gastuak ordaintzeko emandakoaren araberako proportzioan, eta gainerakoaren adjudikazioa eginen da sartu ez diren jabeen artean, beren lur-ekarpenaren araberako proportzioan.
Kudeaketa batzordeak gehiengo osoz erabakitzen ahalko du enkante publikoaren bidez besterentzea gelditzen diren lurrak, kudeaketan sartutako jabeei dagokien adjudikazioa egin eta ateratzen den saldoa sartu gabeko jabeei ordaindu ondoren, bakoitzaren partaidetzaren arabera.
2. Eskubide ekonomikoak kaltetzen dituzten Kudeaketa batzordearen erabakien aurkako errekurtsoak baiesten badira, batzordeak erabakitzen ahalko du kaltetuei konpentsazio ekonomikoa ematea, lurren adjudikazioak aldatu gabe.
3. azpiatala. Desjabetzapen sistema
184. artikulua. Desjabetzapen sistema.
1. Desjabetzapen sisteman, administrazio jarduleak lur guztiak eskuratu eta urbanizazio obrak exekutatzen ditu. Eraikuntza obrak ere exekutatzen ahal ditu.
2. Desjabetzapena aplikatuko da exekuzio unitate osoentzat eta haietan sartzen diren ondasun eta eskubide guztiak hartuko ditu.
3. Desjabetzapen sistema aplikatzeko, jabeen zerrenda eman behar da eta deskribatu egin behar dira exekuzio unitatean ukitutako ondasun eta eskubideak. Zerrenda hori behin betikoz onetsi beharko du administrazio desjabetzaileak, hamabost eguneko jendaurreko informazioaldia bukatu ondoren.
4. Desjabetzapenerako aplikatzen ahalko dira hala banan-banako prozedura nola baterako tasazioa, kasuan aplikatzekoa den legeria orokorraren arabera.
5. Exekuzioa sistema honen bitartez gauzatzeko, administrazioak erabiltzen ahalko ditu indarra duen legerian ezarritako kudeaketa bideak, planeamenduan aurreikusitako urbanizazio eta eraikuntza xedeetarako egokienak direnak.
185. artikulua. Desjabetzetik aske gelditzea.
1. Desjabetza sistemaren aplikazioan, desjabetzapena egiten duten organoek jabetza pribatu edo ondarearenak diren ondasun jakin batzuk desjabetzetik aske uzten ahalko dituzte, baldintza batzuk ezarrita.
2. Organo desjabetzaileak uste badu desjabetzetik aske gelditzeko eskaera justifikatua dagoela, ondasun horien jabeari adieraziko dio zein baldintzatan eta zein neurritan lotu behar zaion hirigintza kudeaketari. Orobat, baldintza horiek betetzen ez diren kasuetarako bermeak ezarriko dira. Betiere, desjabetzetik aske gelditzen denak hirigintzako oinarrizko betebeharrak bete beharko ditu.
3. Jabeak baldintza horiek onartu ondoren, organo desjabetzaileak hamabost eguneko informazioaldia irekiko du eta, ondoren, behar den ebazpena emanen. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da. Ebazpena desjabetzetik aske gelditu diren ondasunak ordaindu eta okupatu ondoren ematen bada, ondasunak titularrari itzuli beharra erabakiko da.
4. Desjabetzailea udala ez beste bat bada, udalari entzunaldia emanen zaio.
5. Desjabetzetik aske gelditzen diren ondasunen jabeek oinarrizko hirigintza betebeharrak betetzen ez badituzte, ondasunak desjabetuko dira, jabetzaren gizarte-eginkizuna ez betetzeagatik. Bestela, premiamendu bidea erabiliko da.
III. KAPITULUA. Ekipamenduetarako lurra lortzea
186. artikulua. Finkatu gabeko hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.
1. Finkatu gabeko hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian planeamenduaren arabera sistema orokorrak ezartzeko diren lurrak honela eskuratuko dira:
a) Nahitaezko lagapenaren bidez, lur horiek banaketa eremu batean sartu edo hari atxikitzearen ondorioz.
b) Zuzeneko okupazioaren bidez, lurrak banaketa eremu batean sartu edo hari atxikitzearen ondorioz, soberako exekuzio unitateetan aprobetxamendu subjektiboak esleituta. Kasu horretan, konpentsazioak banaketa eremu berekoak ez badira, lurren eta aprobetxamenduen balioa perituek finkatuko dute, aplikagarri diren balorazio irizpideen arabera.
c) Aurreko bideak ezinezkoak direnean, nahitaezko desjapetzapenaren bidez.
2. Finkatu gabeko hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian planeamenduaren arabera tokiko sistemak ezartzeko diren lurrak nahitaezko eta doako lagapenaren bidez eskuratuko dira, exekuzio unitate horien kudeaketaren ondorioz.
3. Planeamenduaren arabera titulartasun publikoko edo gizartean integratzeko etxebizitzak egiteko diren udalez gaindiko ekipamenduetarako lurrak nahitaezko eta doako lagapenaren bidez eskuratuko dira, sektore bakoitzean behar den lurzoru urbanizagarria finkatu ondoren.
187. artikulua. Hiri-lurzoru finkatuan.
Hiri-lurzoru finkatuan, planeamenduaren arabera sistema orokorrak edo tokikoak ezartzeko diren lurrak desjapetzapen bidez eskuratuko dira. Kasu horretan, lurren eta aprobetxamenduen balioa perituek finkatuko dute, aplikagarri diren balorazio irizpideen arabera.
188. artikulua. Okupazio zuzena.
1. Okupazio zuzena egin aurretik, okupatu beharreko lurren titularraren aprobetxamendu subjektiboa adierazi beharko du udalak, baita aprobetxamendu horren xede den soberako exekuzio unitatea zein den ere. Aprobetxamendua garbia izanen da, aprobetxamendua udalari nahitaez laga beharra ezarri baita.
2. Ekipamenduetarako lurrak lortzeko okupazio zuzenean arau hauek bete beharko dira:
a) Ukituriko lur eta jabeen zerrenda argitaratu eta interesatuei jakinaraziko zaie, eta adieraziko da bakoitzari zein aprobetxamendu subjektibo dagozkion eta dagozkien eskubideak zein soberako exekuzio unitatetan erabili behar diren.
b) Okupazioari ekiteko, nahitaezkoa izanen da aurreko jakinarazpenetik hilabete bat gutxienez pasatzea. Une horretan, akta idatziko da. Bertan, udalak honako datu hauek bildu beharko ditu gutxienez: lurrak ematea non eta noiz egin den, okupaturiko lurren titularren nortasun datuak, lurren erregistro-datuak, okupatzen den eremua, dagozkion hirigintza aprobetxamenduak, eta aprobetxamendu horiek zein exekuzio unitatetan baliatuko diren.
c) Jabeak ezezagunak badira, agertzen ez badira, ordezkaririk gabeko ezgaituak badira edo lurren jabegoa auzitan baldin bada, Ministerio Fiskalak esku hartuko du.
d) Okupatzen diren lurren jabeek akta horren alderdi guztiei buruzko administrazio-ziurtagiria jasotzeko eskubidea izanen dute.
e) Administrazio jarduleak jabetza-erregistrora bidaliko du akta horren ziurtagiria, behar diren idazpenak egin daitezen.
3. Okupazio zuzenaren ondorioz ukituak diren jabeek eskubidea izanen dute lur horiek aldi baterako okupatzearen ondoriozko kalteordainak jasotzeko, nahitaezko desjabetzapenari buruzko legerian adierazitakoaren arabera.
4. Okupazioa egin eta lau urtera, okupazio zuzenaren ondoriozko lurren jabeak hartzeko finkaturiko exekuzio unitatea birbanatzeko tresna behin betikoz onetsita ez badago, jabe horiek balio justua zehazteko espedienteari hasiera emateko eskatzen ahalko diote udalari. Espedientea legeen arabera tramitatuko da, eskaera egin eta sei hilabete igaro ondoren.
V. TITULUA. ERAIKUNTZAREN ETA LURZORUAREN ERABILERAREN GAINEAN ADMINISTRAZIOAREN ESKU-HARTZEA ETA HIRIGINTZA-DIZIPLINA
I. KAPITULUA. Eraikuntzaren eta lurzoruaren erabileraren gaineko esku-hartzea
I. atala. Hirigintza lizentziak
189. artikulua. Lizentzia behar duten egintzak.
1. Hirigintza-lizentzia da aurretiko kontrolerako egintza administratiboa, izaera arautua eta deklaratiboa duena, zeinaren bidez kasuko toki entitateak baimena ematen baitu proiektatuta dauden lurzoruaren, lur-azpiaren eta hegalaren erabilera, aprobetxamendu, eraldaketa, banantze eta eraikuntzako hirigintza-jarduketak egiteko, aurretik konprobatuta hirigintza-antolamendu indardunaren araberakoak direla.
2. Foru lege honen arabera bidezkoak diren gainerako hirigintza-baimenak eta kasuan-kasuan aplikatzekoak diren lege berariazkoek finkatzen dituztenak gorabehera, egintza hauek dira aurretik lizentzia behar dutenak:
a) Mota guztietako eraikin eta instalazioak eraikitzeko obrak, eraikuntza berrikoak badira.
b) Lehendik eginda dauden mota guztietako eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.
c) Beste mota batzuetako eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatu edo berritzeko obrak.
d) Eraikinen barreneko banaketa aldatzen duten obrak, edozein erabilera emanda ere.
e) Behin-behineko obra eta erabilerak.
f) Hirigintza-lurzatiketak eta landa finken bereizketa eta banaketak.
g) Lur-mugimenduak, hala nola lur-erauzketak, zelaitze-lanak, indusketa-lanak eta betelanak, salbu eta lan horiek jadanik onetsita dagoen urbanizazio edo eraikuntza-proiektu baten barrenean zehaztuta eta programatuta badaude”.
h) Eraikin eta instalazioen lehen erabilera edo okupazioa, oro har, eta haien erabileraren aldaketa.
i) Eraikinen eraispena, salbu eta berehalako aurri-egoera deklaratzen denean.
j) Lur-azpia ukitzen duten instalazioak.
k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, zuhaitz-masa, baso gune, arboladi edo parke badira, planeamendu onetsia izan ala ez, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak badira.
l) Presa, baltsa eta defentsa-obrak egin eta ibilgu publikoak zuzentzea, interes orokorreko obra publikoak ez badira.
m) Agregakinen erauzketa eta harrobien ustiapena, jabari publikoko lurretan egin eta administrazio baimena behar izanda ere.
n) Eta oro har, erregelamendu bidez adieraziko diren egintzak, obra gisa hartzen direlako, edo lurzoruaren edo lur-azpiaren erabilera handitzen delako, haien erabilera pribatiboa dakartelako edo erabilera anormala edo lurren nekazaritza edo basogintzako erabileraz bestelakoa dakartelako.
3. Ekintza administratibo bakarrean aldi berean baimendu ahalko dira hirigintza-lizentziari lotuta dauden kasu batzuk, bai eta beste tokiko baimen batzuk ere.
4. Honakoak jotzen dira hirigintza-lizentziarik behar ez duten egintza gisa:
a) Lurzoruko erabilerako, eraikuntzako eta etxegintzako egintzak, udalek beren udalerrian sustatzen dituztenak, eta udal obra publikoak, horien barne direla partikularrek araudia eta hirigintza-planeamendua betetzeko egindako urbanizatze-obrak, zeinak ulertzen baita proiektua onesteko erabakiaren bitartez baimendu direla, espedientean egiaztatuta planeamendu indarduna eta lurralde antolamenduko eta hirigintzako araudia betetzen direla.
b) Birzatiketa proiektu batean bildutako finken zatiketak edo dibisioak.
c) Lurzorua, eraikina eta lur-azpia erabiltzeko egintzak, aplikatzekoa den legedi sektorialaren arabera hirigintza-lizentzia edukitzetik berariaz salbuetsita daudenak.
d) Exekuzio-agindu bat betetze aldera aurrera eramaten diren obrak, Administrazio eskudunak aginduak, ezertan kendu gabe haien exekuziorako zehaztapen berariazkoen ezarpena, betiere proiektu tekniko bat behar ez dutenean edo haien exekuzio subsidiarioa manatzen duen aginduak edo ekintzak eskatutako proiektua biltzen duenean.
e) Lurzorua erabiltzeko eta eraikuntzako ekintzak, erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubideari atxikiak.
5. Eraikuntzako eta lurzoruaren erabilerako egintzak partikularrek jabari publikoko lurretan egiten dituztenean ere, lizentzia eskatu beharko da, jabari publiko horren entitate titularrak eman beharreko baimen edo kontzesioak deusetan galarazi gabe.
189. bis artikulua. Udal Administrazioak sustatutako obra arruntak.
Udal administrazioek eta erakunde autonomoek, sozietateek eta haien menpeko beste ente batzuek sustatzen dituzten tokiko obra arrunten proiektuak izapidetu eta onetsiko dira toki araubideari buruzko legediari jarraituz. Proiektu horiek onetsita, organo eskudunak kontrolatzen du proiektatutako obrak hirigintza-antolamendu juridikoaren zehaztapenen araberakoak direla eta ez dutela exekuzio materialerako aurrez hirigintza-baimenik behar.
189.ter. artikulua. Erantzukizunpeko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak.
1. Honako jarduketak geldituko dira erantzukizunpeko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen pean, haiek jasota geratzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren eraginetarako:
a) Merkataritza-jarduketa garatze aldera lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.
b) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, kasuan kasuko udal ordenantzetan ezartzen direnak.
c) Itxiturak eta hesiak.
d) Bide publikotik ikusgarriak diren publizitate afixak.
e) Obra txikiak.
f) Eraikuntzari ekin aurretiko lanak, nola baitira zundaketak, prospekzioak, laginak eta entseguak.
2. Erantzukizunpeko aitorpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki entitateak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko aitorpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.
190. artikulua. Lizentziak eskatzeko epeak.
Planeamenduan espresuki kontrakoa esaten ez bada, jarduketa sistematikoetarako eraikuntza lizentzia eskatzeko epea urtebetekoa izanen da bost mila biztanletik gorako toki entitateen kasuan, eta bi urtekoa biztanle gutxiagoko toki entitateetan, foru lege honen 105. artikuluan ezarritakoaren arabera urbanizazioa egiten denetik hasita. Sistematikoak ez diren jarduketetarako eraikuntza lizentzien kasuan, aipatu epeak bikoiztuko dira. Epe hauek aldatu ahalko dira luzapen hori behar adina justifikatzen duten inguruabar ekonomiko, finantzario eta merkatukoei erreparatuta.
191. artikulua. Lizentzia emateko eskumena eta prozedura.
1. Hirigintza-lizentziak emateko prozedura alde batek eskatuta hasiko da; horretarako, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Eskabidea, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan adierazitako datuak dituena.
b) Eraikuntzaren Kode Teknikoan definitutako oinarrizko proiektua, fakultatibo eskudunak sinatua. Kode horrek, legez ezarritako eraginetarako, erantzunen du bertan ezarritako izaera teknikoko datuen zehaztasunari eta egiazkotasunari buruz.
c) Proiektua idatzi duen teknikariak izenpetutako deklarazioa, hirigintza-araudi indarduna eta eraikinaren kalitatearen eta segurtasunaren oinarrizko betekizunak betetzeari buruzkoa.
d) Obrak hasi aurretik, lizentzia eman duen toki entitateari Eraikuntzaren Kode Teknikoan definitutako eraikuntza-proiektua aurkeztuko zaio.
2. Lehen erabilera edo okupaziorako lizentziaren kasuan, b) eta c) letren ordez obrako zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria aurkeztuko da, non honakoak egiaztatuko baitira: obrak zein egunetan amaitu diren eta obra horiek onetsitako proiektuaren arabera egin direla eta, kasua bada, obrarako lizentzian ezarritako baldintzen arabera; lurzatia urbanizatuta dagoela; eta, azkenik, eraikina erabiltzeko baldintzetan dagoela.
3. Eraikuntzako eta lurzoru-erabilerako egintzetarako lizentzia ematea kontzejuari badagokio, eskaera kontzejuari zuzendu beharko zaio. Horrelakoak izapidetu eta ebaztearen ondorioetarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak ezarritakoari jarraituko zaio.
4. Obretarako hirigintza-lizentziak emateko prozeduraren instrukzioan, honako izapideak egin beharko dira:
a) Ukitutako administrazioei komunikazioa igortzea, araudian ezarritako epean beren eskumeneko alderdiei buruzko txostenak eman ditzaten. Zehazki, oin berriko etxebizitza-eraikinak egiteko lizentziak eman aurretik, toki entitateek etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari bizigarritasunari buruzko txostena eskatuko diote. Txosten horretan adieraziko da soilik ea etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak eta eraikuntzaren oinarrizko araudia betetzen dituzten. Gehienez ere bi hilabeteko epean emanen da txosten hori, baina epe hori iragaten bada hura eman gabe, emantzat joko da.
b) Langile tituludun eskudunek egindako txosten teknikoa edo txosten teknikoak gehitzea, non baloratuko baita proiektua bat ote datorren hirigintza-planeamendu indardunarekin.
5. Lizentzia emateari edo ukatzeari buruzko ebazpenean arrazoiak eman beharko dira, eta hura justifikatzen duten arauak ere adierazi beharko dira, legediko eta hirigintza-planeamenduko aurreikuspenen arabera. Halaber, exekuziorako behar diren zehaztapen edo baldintzak gehitu ahalko dira. Hirigintza-lizentziak arauek diotenari jarraituz ematen diren arren, toki entitateek ukatuko dituzte ondasun publikoak legez kontra okupatzea ahalbidetzen duten lizentziak, ondasun publikoak babestu eta errekuperatzeko dagokien ahalmena erabiliz.
6. Hirigintza-lizentziak emateari buruzko erabakiak baldintza gisa ezarriko du, lizentzia hori eraginkorra izateko, Eraikuntzarako Kode Teknikoan definitutako eraikuntza-proiektua aurkeztu beharra. Lizentzia eman zuen toki entitateak 15 eguneko gehieneko epea izanen du, eraikuntza-proiektua aurkezten zaionetik kontatzen hasita, ebazteko ea proiektu hori bat datorren emandako lizentziarekin, eta hala jakinaraziko dio eskatzaileari.
7. Lizentziak gehienez ere bi hilabeteko epean erabakiko dira, dokumentazio osoa erregistro orokorrean aurkezten den unetik aurrera kontatua. Epe horretan egintzarik jakinarazten ez bada, lizentzia Administrazioaren isilbidez eman egin dela ulertuko da, salbu eta Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen denean.
Administrazioaren isilbidez behin betiko onesteak ezin izanen du legeetan, lurralde antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza-planetan xedatutakoa urratu. Ezin izanen dira, ezta ere, Administrazioaren isilbidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak. Erabat deusezak izanen dira onesten diren lizentziak, eta eraginkorrik gabeak haietatik lortzen diren ahalmen eta eskubideak, Administrazioaren isilbidez gauzatuak, baldin eta legeen eta hirigintzaren arloko antolamendu juridikoa osatzen duten gainerako xedapenen aurkakoak badira.
8. Lizentziak emanen dira toki araubideko edo araubide sektorialeko legediaren arabera aginduzkoak diren gainerako baimenak ezertan ere kendu gabe.
191. bis artikulua. Erantzukizunpeko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzetarako prozedura orokorra.
1. Erantzukizunpeko aitorpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean aitortuta ageri den hirigintza-jarduketa hori egiteko, horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa gehituta badauka, dagozkion egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak kendu gabe.
2. Prozedura hasteko, toki entitateari zuzendu beharko zaio eskaera. Eskaera hori sustatzaileak sinatuta egonen da, eta honako gutxieneko edukia izanen du, zeina udal araudiak osatu ahalko baitu:
a) Eskabidea, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan adierazitako datuak dituena.
b) Araudi indardunak exijitzen dituen betekizunak betetzen direla eta horren frogagarri den dokumentazioa eskura baduela dioen berariazko adierazpena.
c) Berariazko araudiak exijitzen duen dokumentazioa, eta, gutxienez ere, honakoa:
a’) Dokumentazio grafikoa, egitekoa den jarduketaren xede den higiezinaren kokapenari buruzkoa, eta jarduketa horren behar adinako deskribapena.
b’) Jarduketaren aurrekontua eta dagozkion tasak eta zergak ordaintzeari buruzko ziurtagiria.
c’) Egintza, eragiketa edo jarduerak behar dituen baimenak, kasuan kasu aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.
3. Udal Administrazioak detektatzen baldin badu aurrez egindako komunikazioak aurreko arauetan ezarritako baldintzaren baten ez-betetzetik edo zehaztapen ezetik heldu diren akatsak dituela, edo emandako informazioa ez dela behar bezain zehatza komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari hura zuzentzeko errekerimendua eginen zaio.
4. Erantzukizunpeko aitorpen batekin batera edo haren barnean dagoen edozein datu, adierazpen edo agiritan zehaztasun falta, faltsutasun edo ez-egiteren bat baldin badago edo aitorpena aurkezten ez bada, eta, halaber, aplikatzekoa den araudiak ezarritako betekizunak betetzen ez badira, ezinezkoa izanen da eskatutako hirigintza-jarduketa egitea, egitate horiek jasota dauden une beretik; hori, halere, ez da eragozpena izanen sor litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboetarako.
5. Jardueraren titularrak, egokitzat jotzen baldin du, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu aurretik konprobatu ahalko du jarduketa hirigintzaren ikuspuntutik bideragarria dela, horretarako hirigintza-kontsulta bat eginez.
6. Inolaz ere ez dira adierazpen arduratsuaren bidez lortutakotzat joko hirigintzako legediaren edo planeamenduaren araberakoak diren ahalmenak.
7. Erabat deusezak izanen dira hirigintzako legediaren edo planeamenduen aurkakoak diren adierazpen arduratsuak, eraginkorrak izateko funtsezko baldintzak falta dituztenean.
8. Adierazpen arduratsuari lotuta egon eta hura aurkeztu gabe eginiko jarduketak –aginduzkoa denean ere–, lizentziarik gabeko jarduketatzat hartuko dira, eragin guztietarako, eta lizentziarik gabeko obra eta erabilerei aplikatzen zaien legedia babesteko eta zehapenetarako araubide bera aplikatuko zaie.
192. artikulua. Lizentzia eskatzeko prozeduraren ebazpena.
1. Ebazpenean adieraziko da lurzorua eskatu denerako erabiltzeko lizentzia ematen den ala ez, betiere legeetan, planeamenduan eta lizentzian berean ezartzen diren baldintzetan.
2. Lizentziak legeetan eta planeamenduan ezarritako aurreikuspenen arabera emanen dira.
3. Hirigintza lizentziak ematea edo ukatzea arrazoi bidez azalduko da, erabakia justifikatzen duten arauak adierazita. Hirigintza lizentziak arauek diotenari jarraituz ematen diren arren, toki entitateek ukatuko dituzte ondasun publikoak legez kontra okupatzea ahalbidetzen duten lizentziak, ondasun publikoak babestu eta errekuperatzeko dagokien ahalmena erabiliz.
4. Hirigintzako lege edo planeamenduetan ezarritakoaren kontra doazen lizentzia eskaerak ezin izanen dira administrazio isilbidez emantzat hartu, inola ere.
5. Hirigintzako lege edo planeamenduen aurkakoak diren lizentziak, egintza espresu nahiz ustezko baten bidez lortuak, erabat deusezak izanen dira, haiek lortzeko ezinbestekoak diren baldintzak betetzen ez badira.
193. artikulua. Lizentzien eraginkortasuna.
1. Lizentziaren bidez, eskatzaileak lurzoruan eskatu diren erabilera egintzak egiteko baimena lortuko du, legeetan, planeamenduan eta lizentzian berean finkatutako baldintzetan.
2. Hirigintza-lizentziak baimentzen dituen lurzoruaren erabilera egintzak hirigintza-planeamenduan edo lizentzian bertan finkatzen diren datetan hasi eta bukatu beharko dira.
3. Elektrizitatea, ura, gasa, telefonia eta beste hiri-zerbitzu batzuk banatzen dituzten enpresa edo entitateek, kasuan kasuko zerbitzuen kontratazioa egin aurretik, lizentzia behar duten eraikin eta instalazio orokorren hirigintza-lizentziaren kopia eskatu eta gordeko dute. Obra exekutatzen den bitartean, kontratazioa behin-behinekoa izanen da lizentzian obrak edo, kasua bada, haien luzapenak amaitzeko ezarritako gehieneko epe batez.
4. Planeamendu baten aldaketa edo berrikuspenak indarra hartzen duenerako, aurretik emandako hirigintza-lizentzia batean baimendutako egintzak hasi gabe badaude, eraginik gabe utziko da lizentzia, zehaztapen berriekin bateraezina den heinean. Hala ere, aurretik, aprobetxamendua murriztu edo desagerrarazteagatik eta, kasua bada, eragindako kalteengatik dagokion kalte-ordaina finkatuko da.
Lizentziak baimendutako egintzak hasi badira, udalak ahalmena izanen du hura aldatu edo ezeztatzeko, aurretik bidezko kalte-ordaina finkatuta betiere.
5. Aurreko artikuluan adierazitakoari jarraikiz, lizentzia guztietan lanak noiz hasi eta noiz bukatuko diren adieraziko da. Lizentzia epe horiek amaitzearekin iraungiko dela adieraziko da.
6. Iraungitzeko epea adierazten ez duten lizentzien kasuan, eraikuntzarako eta lurzoruaren erabilerarako egintzetan aplikatuko diren gutxieneko epeak, planeamenduan kontrakoa ezarri ezean, hauek izanen dira:
a) Obrak hasteko, urtebete.
b) Obrak burutzeko, hiru urte.
7. Aurreko atalean finkatutako epeak betetzen ez badira, lizentzia iraungitzeko espedientea hasiko da. Kasu horretan, interesdunari entzunaldia emanen zaio, hamabost egun baliodunekoa gutxienez.
Lizentzia iraungitzea hura emateko eskumena duen administrazio berberari dagokio.
8. Toki entitateek lizentziako epeak luzatzea baimendu ahalko dute, obrak hasteko eta bukatzeko finkatutako epea hasi baino bi hilabete lehenago titularrak propio eskatzen baldin badu. Kasu horietan, lizentzia eman zenean indarra zuen araudia aplikatuko da. Ezinezkoa izanen da lizentziaren luzapena eskatzea epearen erdia bederen igaro ez bada.
Obrak hasteko epea luzatzeko baimena ematen bada, bukatzeko epea ere luzatuko da berez, baina amaitzeko data hori espresuki adierazi beharko da. Obrak amaitzeko epea luzatzeko eskaera egiteko nahitaezkoa izanen da eraikinaren ur-estaldura egina izatea, proiektu teknikoaren arabera.
9. Lizentziaren iraungipena deklaratu eta interesdunari jakinarazi ondoren obrak hasi edo bukatu nahi baldin badira, lizentzia berri bat eskatu eta lortu beharko da, indarreko antolamenduaren araberakoa, salbu eta lizentzia gehiago ez ematea erabaki den kasuetan.
10. Aurreko lizentzia iraungita dagoela jakinarazi edo, kasua bada, lizentzia gehiago ez emateko erabakia indargabetu eta hurrengo sei hilabeteetan berria eskatzen ez bada, eta, halaber, berria eskatu baina ukatu behar bada, udalak ahalmena izanen du lurrak eta egindako obrak desjabetzeko, jabetzaren gizarte-eginkizuna ez betetzeagatik.
194. artikulua. (Kenduta)
II. atala. Exekuzio aginduak eta aurri deklarazioa
195. artikulua. Exekuzio aginduak.
1. Udalak, ofizioz edo interesaturen batek eskatuta, exekuzio aginduak eman ditzake, ondasun higiezinen jabeak foru lege honen 87 eta 88. artikuluetan ezarritako beharrak, hots, ondasun higiezinak erabili, kontserbatu eta zaharberritzekoak eta inguruneari egokitzekoak, betetzeko behar diren obrak egitera behartzeko.
2. Exekuzio aginduetan ongi zehaztu beharko dira egin beharreko obrak eta horretarako epeak: epe horretan jabeek alternatiba teknikoak proposatzen ahalko dituzte eta arrazoizko luzapen bat eta zilegi dituzten dirulaguntzak eskatu.
3. Exekuzio agindu bat betetzen ez bada, udalak ahalmena izanen du subsidiarioki egiteko eta zigor-isunak ezartzeko, hamabi jarraian gehienez, hilabetean behin ordaindu beharrekoak, 600 eta 6.000 euro bitartekoak, harik eta kontserbaziorako legezko beharkizunaren mugaraino. Betiere, azken isunaren ondoko borondatezko betetzearen epea amaiturik, administrazio jardulea behartuta egonen da agindutako obrak subsidiarioki exekutatzera, behartuaren kontura.
196. artikulua. Aurri deklarazioa.
1. Eraikuntzaren bat edo eraikuntza-zatiren bat aurri egoeran dagoenean, udalak, ofizioz edo interesaturen batek eskatuta, aurri egoera deklaratuko du eta, jabeari eta bizilagunei entzunaldia eman ondoren, bizilagunen eta hirugarrenen segurtasun fisikoa bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu, planeamenduaren aurreikuspenen arabera, kasua bada.
2. Honako kasu hauetan eginen da aurri deklarazioa:
a) Egin beharreko obren kostua ukituriko eraikinaren edo solairuaren egungo balioaren ehuneko 50etik gorakoa denean, lurren balioa alde batera utzita.
b) Eraikinaren egiturazko edo oinarrizko elementuak erabat ahulduta daudenean.
c) Egin beharreko obretarako baimena ematea ezinezkoa denean, eraikina antolamendutik kanpora egoteagatik.
3. Jabeak udalak agindutakoa betetzen ez badu, udalak berak eginen du, baina behartuaren kontura.
4. Obrak egitea presakoa bada eta atzeratzeak arriskua badakar, alkateak, bere ardurapean, segurtasuna helburu, bizilagunen eta hirugarrenen segurtasun fisikoa bermatzeko behar diren neurriak ezarriko ditu.
5. Aurri egoeran deklaratzen diren eraikinak planeamenduaren aurreikuspen eta epeei jarraikiz ordeztu edo zaharberritu beharko dira.
Epe horietan partikularrak kasuan kasuko jarduketarako lizentzia eskatzen ez badu, administrazioak atzerapen horrengatik dagokion zehapena jarriko dio, foru lege honetan ezartzen denaren arabera.
II. KAPITULUA. Hirigintzako legezkotasunaren babesa eta hautsitako ordena lehengoratzea
I. atala. Hirigintza ikuskapena
197. artikulua. Hirigintza ikuskapena.
1. Hirigintza ikuskapena, oro har, udalei dagokie, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari Nafarroa osoan ikuskapenak egiteko dagokion eskumena deusetan galarazi gabe.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ikuskapen lanak, batik bat, lurzoru urbanizaezinean debekaturik dauden edo baimenik ez duten jarduerak galaraztea eta udalez gaindiko intereseko antolamendu juridikoa defendatzea du helburu. Orobat, udalerrien eta Nafarroako Gobernuko departamentu horren arteko hitzarmenen bidez esleitzen zaizkion jarduketen ardura izanen du.
2. Hori helburu, foru lege honek ezartzen duen esparruan, hirigintza ikuskapenaren zerbitzu bat eratzen ahalko da erregelamendu bidez. Aipatu zerbitzuko langileak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikiak izanen dira eta, dagozkien eginkizunak aurrera eramateari begira, agintaritzako agente gisa arituko dira.
198. artikulua. Hirigintza-ikuskapenerako gaitasuna eta ahalmena.
1. Hirigintza-legedia babesteko ahalmenaz baliatzeko administrazio eskudunei dagokie hirigintza-legedia urra dezaketen ekintzak edo omisioak ikuskatzea. Ikuskatze-eginkizun horiek garatzeko, administrazio publikoek hirigintza-ikuskapenerako planak egin ahalko dituzte, dagozkien eskumenen esparruan, non jarduketarako lehentasunak finkatuko diren.
2. Agintaritzaren agentearen izaera izanen dute aipatutako administrazioen zerbitzuko langileek, modu iraunkorrean edo zirkunstantzialean hirigintza-ikuskapenerako funtzioa esleituta daukatenek.
3. Hirigintza-ikuskapenaren arloko funtzioa daukaten langileek ahalmena izanen dute honako hauetarako:
a) Ikuskatzearen xede diren finka eta obretan sartzea aurrez abisatu gabe eta beren eginkizuna betetzeko behar duten denboran geratzea. Hala eta guztiz ere, ikuskatzearen xedea pertsona baten bizitokia denean, haren baimen espresa beharko da sartzeko edo, bestela, kasuko baimen judiziala.
b) Beharrezkotzat jotzen duen ikerketako, azterketako edo frogako edozein diligentzia egitea; bereziki:
Lehena. Erreklamatzea ikuskatutako tokian presente dauden pertsonek beren burua identifika dezatela edo justifika dezatela zein arrazoi dituzten bertan egoteko eta informa dezatela hirigintza-legediaren betetzearekin zerikusia duen inguruabar orori buruz.
Bigarrena. Jabearen eta ustez erantzuleak diren gainerako pertsonen agerraldia eskatzea ikuskatutako tokian edo ikuskatzaileak adierazitako bulego publikoan.
Hirugarrena. Ikuskatutako jarduketaren sustatzaile denak dauzkan administrazio-titulu gaikuntza-emaileak aztertzea, edo haiek eman dituen Administrazioko artxiboetan ageri direnak.
Laugarrena. Neurketak egitea eta argazki-irudiak lortzea, edo mugimendu-irudiak, ikuskatutako jarduketari buruz.
3. Hirigintza-ikuskapen lanean egiten diren akta eta eginbideak agiri publikoen izaera izanen dute eta ustezko egiazkotasuna izanen dute haietan jasotako egitateei dagokienez.
4. Administrazio publikoek eta beren menpeko enteek behar den laguntza eman beharko diete hirigintza-ikuskapeneko funtzioak dauzkaten langileei. Lankidetzaren esparru horrek bidea eman beharko du ikuskatzaileei artxiboetara sartzeko eta behar den informazioa emateko, hirigintzaren arloko legezkotasuna urratzen duten egitateak egiaztatu ahal izateko eta erantzuleak izan daitezken pertsonak zehazteko.
5. Polizia-kidegoek beren sorospena eta laguntza eman beharko dizkiote hirigintza-ikuskapenaren eginkizunak dauzkanari. Lankidetza hori berariazko legedian ezarritakoaren araberakoa izanen da eta aurrez erreklamatu ahalko da ikuskapen-lana eragotziko dela aurreikusten denean.
II. atala. Hirigintzako legezkotasunaren babesa eta hautsitako ordena lehengoratzea
199. artikulua. Exekutatzen ari diren legez kontrako jarduerak.
Lizentziarik gabeko obra edo erabilerak egiten badira edo lizentzietan adierazten diren baldintzen kontrakoak badira, toki entitateak egintza horiek berehala bertan behera uztea erabakiko du, eta, espedientea tramitatu ondoren, honako erabakiren bat hartuko du:
a) Obra edo erabilerak indarra duen antolamenduarekin erabat edo partzialki bateraezinak badira, haiek behin betiko geldiarazi, berregin edo botatzea erabakiko da, bateraezina den zatiari dagokionez, betiere interesatuaren kontura.
b) Obra edo erabilerak indarra duen antolamenduarekin bateragarriak baldin badira, interesatuari errekerimendua eginen zaio errekerimenduan berean aipatuko den epean, edo eperik zehazten ez bada, bi hilabeteko epean, behar duen lizentzia eskatu edo alda dezan. Egoera ezin bada legeztatu, legez kanpoko obra edo erabilera -oso-osorik edo dagokion zatia- behin betiko geldiarazi, berregin edo botatzea erabakiko da, betiere interesatuaren kontura.
200. artikulua. Legez kontra exekutatutako jarduerak.
Obraren bat lizentziarik gabe edo lizentzian edo exekuzio aginduan ezarritako baldintzen kontra burutu baldin bada, toki entitateak, obrak erabat bukatzen direnetik edo obra benetan egin dela antzemateko kanpoko zantzu fisikoak agertzen direnetik lau urteko epean, behar den espedientea tramitatu ondoren, aurreko artikuluko a) edo b) letretan ezarritako erabakiren bat hartuko du, bidezkoa dena.
201. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean legez kontrakoak diren jarduerak.
Lurzoru urbanizaezinean egiten diren obra edo erabileren kasuan, burutuak izan nahiz exekuzio bidean egon, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak baimenik gabe edo baimenean ezarritako baldintzen kontra egin edo egiten ari baldin badira, aipatu departamentuak toki entitatea premiatuko du aurreko bi artikuluetan ezarritako neurriak har ditzan. Hirigintza-legedia babesteko udal eskumen betetzea errazte aldera, kontatutako egitateak haiei buruzko dokumentuen kopia batekin jakinarazteaz gainera, txosten tekniko bat aurkeztuko da, non aztertuko baita obrak eta erabilerak bateragarriak ote diren lurralde antolamenduko tresnekin eta legedi sektorialarekin. Baldin eta Toki Administrazioak ez badu jarduten hiru hilabeteko epean, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak egin ahalko du, subsidiarioki.
202. artikulua. Hirigintza-ordena lehengoratzea bideetan, berdeguneetan, espazio libreetan eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean.
1. Legez kontrako jarduketek jabari publikoko ondasunetan eragindako kaltea eta, halaber, titulartasun publikoko babes zortasun eremuetan, bideetan, berdeguneetan, espazio libreetan edo interes kulturaleko ondasunetan eragindakoa lehengoratzeko ekintzetan, administrazioak ez du preskripzio-eperik izanen.
2. Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinetan dauden titulartasun pribatuko ondasunen gainean egiten diren jarduketa ez-legezkoak, hots, foru lege honen kontrakoak, akzioa hamar urtera preskibituko da.
203. artikulua. Lizentziaren etendura eta berrikuspena.
1. Lizentzia edo exekuzio agindu baten edukian hirigintzako arau-hauste larri edo oso larri bat ageri baldin bada nabarmen, toki entitateko buruak administrazio egintza horien ondorioak etetea eta, horrenbestez, haien babesean hasitako obrak berehala geldiaraztea erabakiko du.
2. Toki entitateko buruak zuzenean erabaki horren berri emanen dio eskumena duen organo judizialari, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen Legeak ezarritako moduan, hantxe ageri diren ondorioetarako.
3. Legez kontrako lizentzien edo exekuzio aginduen ofiziozko berrikuspenari dagokionez, guztiendako administrazio prozedurari buruzko legedian administrazio egintzen berrikuspenari buruz adierazten denari segituko zaio.
204. artikulua. Kaltetutako errealitate fisikoa konpontzea.
1. Hautsitako hirigintza-ordena lehengoratzearekin batera, kaltetutako errealitate fisikoa ere konpondu beharko da honako kasu hauetan:
a) Legez kontrako obra edo erabilerak hirigintza antolamenduarekin bateraezinak direnean, osorik edo parte batean.
b) Legeztatzea eskatuta ere, ukatzen zaionean.
c) Egoera legeztatzeko epea emanda ere, hartarako eskaerarik egiten ez denean.
2. Kaltetutako errealitate fisikoa konpontzeko agindua hirigintzako legedia babesteko prozeduran edo, bestela, zehapen prozeduran emanen da. Horrekin batera, lurrak, eraikinak edo erabilerak errealitatea kaltetu aurreko egoera fisikora itzultzeko behar diren lanak egitea ere aginduko da, eta lanok hasi eta bukatzeko epeak finkatuko dira.
3. Epeak errespetatzen ez badira edo hasitako lanak geldiarazten badira, subsidiarioki, administrazioak exekutatuko ditu lanak, arau-hauslearen kontura betiere.
Horrez gainera, behartutako subjektuak lehengoratzeko lanak egin ditzan, administrazioak isunak jartzeko eskumena du. Hileroko isunak izanen dira, hamabi gehienez, 600 eta 6.000 euro bitartekoak, hartu beharreko neurrien arabera. Nolanahi ere, ezarritako azken isunaren ondoko borondatezko epea amaituta, administrazio jarduleak kaltetutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko du, subsidiarioki, arau-hauslearen kontura.
4. Orobat, administrazioak ahalmena du subjektu erantzuleari fiantza jar dezala eskatzeko, ezarritako neurrien eraginkortasuna bermatzeko.
5. Hartutako berrezarpeneko neurri baten nahitaezko exekuzioaren aurreko unean, behartutako pertsonak eskatu ahalko du haren exekuziorako emandako epea luza dadin, gehienez ere sei hilabetez, luzapen hori behar izateko arrazoiak espresuki adieraziz.
Epe hori berriz luzatu ahalko da eta ahalmena emanen dio Administrazioari berrezarpen-neurriaren nahitaezko exekuzioa agintzeko.
6. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa gorabehera, hirigintza-planak eta planeamenduko gainerako tresnak taxutzeko, aldatzeko edo berrikusteko prozedura hasita, interes publikoari edo aurrez legez kanpokotzat deklaratu diren eraikinen edo jarduketen jabeei kalte konponezinak eragin dakizkien saihesteko –baldin eta haiek direla-eta eraispenerako agindu administratibo eta judizialak eman badira, izapidetzen ari den antolamendu berriaren araberakoak izan ahal daitezen–, tresna hasiera batez onesteko eskuduna den organoak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, behin-behineko baimenak eman ahalko ditu, lehendik dauden eraikin edo jarduketa horietan eraginen dutenak; horretarako, aurrez egiaztatuko da haiek izapidetzen ari den antolamendu berriaren araberakoak direla. Baldin eta prozedura interesdunak eskatuta hasten bada, hiru hilabete iragaten badira inongo ebazpenik eman gabe, eskaria ezetsitzat joko da.
7. Behin-behineko baimenek beraiekin ekarriko dute ezen, eraginak dauzkaten garaian, eraikin edo jarduketa horiek dauden egoeran mantenduko direla eta antolamenduz kanpokoak diren eraikinetarako aurreikusita dagoen araubidea aplikatuko zaiela.
8. Baimen-ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta banaka jakinaraziko zaie ukituta gerta daitezkeen pertsona eta administrazioei.
9. Behin-behineko baimenen eraginak honako kasuetan emanen dira amaitutzat:
a) Lehendik dauden eraikinek obrarako lizentzia berria edo departamentu eskudunaren baimena lortzen dutenean, baldin eta halakoa behar duten lurzoru urbanizaezineko jarduketak badira.
b) Behin-behineko baimenak planeamendu-tresnan behin-betikotzat onetsitakoaren aurkakoak direnean.
c) Eman zirenetik urtebete iragan denean, hirigintza-planen aldaketen kasuan; epe hori hiru urte gehiagoz luzatu ahalko da hirigintza-tresnen berrikuspenen kasuan.
205. artikulua. Zuhurtasunezko neurriak.
1. Agindu honen hurrengo zenbakietan ezarritakoez gainera, lege-egoera babestu eta hautsitako hirigintza-ordena lehengoratzeko behar diren zuhurtasunezko neurriak hartzen ahalko dira.
2. Kasuan kasuko administrazioak geldiarazten diren jarduera eta obretarako ur eta elektrizitatearen hornidura debekatu edo eten eginen du. Horretarako, ura edo elektrizitatea banatzen duten enpresei behar den administrazio ebazpena igorriko zaie. Agindu hori betetzeko bost eguneko epea emanen zaie gehienez. Ura edo elektrizitatea berriz hornitzen hasteko, nahitaezkoa izanen da kasuan kasuko obrak edo jarduerak legeztatzea. Gainera, beharrezkoa izanen da administrazioak etendura-agindua deuseztatzeko jakinarazpen espresua igortzea enpresa hornitzaileei.
3. Obra edo jarduketak geldiaraztea erabakitzen den kasu guztietan, interesatuak erabiltzeko prest dauden elementu, material eta makina guztiak kendu beharko ditu, obra geldiarazteko agindua jakinarazi eta ondoko bi egunetan. Elementu, material eta makinak kentzeko agindua betetzen ez bada, geldiaraztea erabaki duen aginteak ahalmena izanen du makineria erretiratu edo prezintatzeko, interesatuaren kontura.
4. Ezartzen diren zuhurtasunezko neurriak beteko direla segurtatzeko, administrazioek fiantza bat eskatuko diete lurren jabeei edo jardueren sustatzaileei. Fiantza horien zenbatekoa eta baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira.
206. artikulua. Desjabetzapena legez kontrako obra eta erabilerengatik.
1. Legez kontrako obra eta lurzoru-erabilerak exekuzio-bidean edo burutuak diren kasuetan, laga eta berdinbanatzeko betekizuna bete ez bada edo, legeztatzeko epea emanda ere, jarduera horiek legeztatzeko lizentziarik eskatu ez bada, administrazioak lur horiek desjabetzeko ahalmena izanen du, geldiarazpena deklaratzen den unean eginak dauden obrak barne. Egindako obrak botatzeko kostuak balio justutik deskontatuko dira.
2. Kaltetutako errealitate fisikoa lehengoratzea agindu baldin bada eta sustatzaileari horretarako emandako epea lehengoratze lanak egin gabe amaitzen bada, administrazioak ahalmena izanen du lur horiek desjabetzeko, eta ez da bidezko izanen legez kontrako obra edo egintzak baloratzea. Kasu horretan, balio justutik deskontatuko dira, batetik, dagokion zehapenaren zenbatekoa, eta bestetik, lurra lehengo egoerara ekartzeko gastuak.
Desjabetzapen espedientea administrazio ebazpen baten bidez hasiko da, eta horrek berarekin ekarriko du desjabetzapenaren interes sozial eta lurrak okupatu beharra dagoela adieraziko den. Ebazpen hori erregistroaren arabera lurren titularra denari eta interesatuei igorriko zaie, hamabost eguneko epean egoki iruditzen zaiena alegatzeko. Epe hori amaiturik, desjabetu aurreko aktak egiteko deia eginen da eta nahitaezko desjabetzapenei buruzko legedian ezarritako moduan segituko da prozedura.
207. artikulua. Antolamenduz kanpokoentzako araubidea bete beharra.
Legeen arabera, hirigintza arloko arau-hauste larri edo oso larritzat hartu diren jarduketen ondorioz egindako eraikin eta instalazioak zehatzeko epea preskribituta baldin badago, aipatu eraikin-instalazioak antolamendutik kanpoko eraikin eta erabileretarako ezarritako araubidearen menpe geldituko dira, eta segurtasun eta higienerako gutxieneko obrak baino ezin izanen dira egin haietan, baina inola ere ez sendotzekoak, balioa handitzekoak edo modernizatzekoak.
208. artikulua. Beste araubide batzuk bete beharra.
Atal honetan xedatutakoak ez du galarazten bidezko diren zehapenak ezartzea, ez eta agintari eskudunei dagozkien ahalmenak erabiltzea ere, eraikitzeko eta lurzorua erabiltzeko zenbait jarduketatarako baimena edo kontzesioa emateko berariazko araubidearen arabera.
III. KAPITULUA. Zehapen araubidea
I. atala. Arau-hausteak
209. artikulua. Hirigintzako arau-hausteen definizioa.
1. Hirigintza planeamenduan eta legedian biltzen diren aginduak urratzen dituzten egintza eta ez-egiteak hirigintza arloko arau-haustetzat hartuko dira eta foru lege honetan ezarritakoaren arabera tipifikatu eta zehatuko dira.
2. Hirigintza arloko arau-hauste guztiek erantzuleei zehapena jartzea ekarriko dute. Horrekin batera, erantzuleek kalteak konpondu beharko dituzte eta eragindako galerengatik dagozkien kalteordainak ordaindu.
3. Administrazioak ezin izanen du inola ere hautsitako hirigintza antolamendua lehengoratzeko eta ukituriko ondasunak legez kontrako egoeraren aurreko egoerara ekartzeko behar diren neurriak hartu gabe utzi.
210. artikulua. Pertsona erantzuleak.
1. Hirigintza lizentziarik edo exekuzio agindurik gabe edo bertan adierazten dena bete gabe exekutatzen diren obra eta gainerako lurzoru-erabileren erantzuleak sustatzailea, obren enpresaburua eta obren teknikari-zuzendaria izanen dira, horiek hirugarrenei erreklamatzeko duten aukerabidea deusetan galarazi gabe.
2. Hirigintza arloko arau-hauste larri edo oso larri bat nabarmenki biltzen duten lizentzien babesean egiten diren obretan, erantzulea lizentzia eman zuena izanen da, deusetan galarazi gabe, aginduzko txostenak emateko orduan, kasuaren legezkontrakotasunaz oharrarazi ez duenaren erantzukizuna.
Kasu horretan, toki entitateak lizentzia dueseztatzeari ekin beharko dio eta litezkeen erantzukizunak eska ditzake. Horrek ez du galaraziko, hala ere, ofizioz edo interesatuak edo akzio publikoaren jarduleak eskatuta, bidezko den erantzukizuna ere eskatzea.
3. Arau-hausteen erantzukizunak finkatzeari begira, sustatzailetzat hartuko da, orobat, arau-haustea zein lurretan egin den, hango jabea, baldin eta jabe hori legez kontra egin diren obren jakitun izan baldin bada. Legearen kontrako hirigintza lurzatiketetan, halaber, erantzuletzat hartuko dira jatorrizko lurren jabeak eta bitarteko gisa aritzen diren agenteak.
4. Pertsona juridikoak haien organo edo agenteek egiten dituzten arau-hausteengatik zehatuko dira. Hortaz, hautsitako hirigintza-ordena konpontzeko neurrien kostua beren gain hartuko dute, deusetan galarazi gabe hirugarrenei eragindako kalte eta galerengatik ordaindu beharrekoak.
5. Hirigintza arau-hauste baten ondorioz kalteak edo galerak dituztenek edozein erantzuleri eskatzen ahalko diote haiek konpontzea eta bidezko kalteordainak ematea, solidarioki.
211. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arinak honako hauek dira:
1. Hirigintzako lurzatiketak lizentziarik gabe edo kasuan kasuko birzatiketa proiektua behin betikoz onetsia izan gabe egitea, betiere planeamenduan ezarritakoa ez bada urratzen.
2. Landa lurzatiketak lizentziarik gabe egitea.
3. Osasun, higiene eta estetikari buruz ezartzen diren neurriak, edo eraikuntzari buruzko ordenantzetan zein urbanizazio proiektuan ezartzen direnak ez betetzea.
4. Obrak urbanizazio proiekturik izan gabe egitea, horrelako bat onestea aginduzkoa den kasuetan.
5. Urbanizazio eta eraikuntza obrak eta instalazioak kontserbatu, zaindu eta konpontzeko beharra ez betetzea.
6. Baso, zuhaizti edo parkea osatzen duten zuhaitzak moztu edo botatzea, baita ale bakarrak ere, haien ezaugarri berariazkoengatik botanika edo ingurumenaren aldetik interes berezia baldin badute, betiere lizentziarik gabe egiten bada.
7. Afixak lizentziarik edo baimenik gabe jartzea. Isuna tokiaren, tamainaren eta ingurune fisikoan duen eraginaren arabera mailakatuko da. Hortaz, larriagoak izanen dira multzo historiko-artistikoetan, naturguneetan edo berdeguneetan jartzen diren afixen kasuan. Zehapena gorabehera, udalak afixak kentzeko agindua emanen dio haien titular edo erantzuleari, eta hura ezezaguna bada edo eskaera egiten denetik berrogeita zortzi ordutan kentzen ez baditu, udalak berak kenduko ditu, erantzulearen kontura.
8. Etxe mugigarriak edo antzeko instalazioak jartzea edo finkatzea lizentziarik edo baimenik izan gabe, aldi baterakoak edo finkoak, legeztatu ezin daitezkeenak.
9. Finkak lizentziarik gabe ixtea, intereseko ibilbideetan barna ibiltzea oztopatu edo trabatzen ez bada.
10. Hirigintza planetan edo lurraldea antolatzeko tresnetan bildutako determinazioak urratzea, arau-haustea, legez, larriagoen artean sailkaturik ez badago.
11. Foru lege honetan ezarritako jardueraren bat baimen, lizentzia edo exekuzio agindurik gabe egitea, edo horietan ezartzen diren determinazioak urratuz.
12. Hornidura enpresek foru lege honetako 193.3 eta 205.2 artikuluetan ezarritako beharrak ez betetzea.
13. Administrazio publiko jarduleen funtzionarioei, hirigintza arloko legedia betetzen dela zaintzearren, dagozkien eginkizunak trabatu, atzeratu edo galarazteko ekintza edo ez-egiteak.
14. Hirigintza eta arkitektura oztopoak kentzeko neurriak ez betetzea.
15. Obretarako material edo baliabideak ez kentzea administrazioak ezartzen duen epean.
16. Ekimen partikularreko hirigintza jarduketen inguruko publizitatea egitea, haien planeamendu berariazkoa onetsi gabe baldin badago edo publizitate hori planeamenduaren determinazioen kontra egiten bada.
212. artikulua. Arau-hauste larriak.
Arau-hauste larriak hauek dira:
1. Hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian planeamenduaren kontrako hirigintza lurzatiketak egitea.
2. Indarreko plan partzialik ez duten lurzoru urbanizagarrietan hirigintza lurzatiketak egitea, salbu eta udal plan orokorrak lurzoru mota horretarako xehetasun-arauetan baimentzen baldin baditu.
3. Lurzoru urbanizaezinetan hirigintza lurzatiketak egitea.
4. Tokian tokiko lurzoruari dagokion erabileraren kontrako ekintzak egitea, eraikuntzari lotuak izan ala ez, betiere arau-hauste hori larriagoen sailean ez badago. Lurzoru urbanizaezinetan, indarra duen legediak baimentzen ez dituen obra edo erabilera guztiak kasuan kasuko erabileraren kontrakoak direla ulertuko da, baimengarriak baldin badira ere.
5. Planak onesten duen eraikigarritasun-maila gainditzea, hala eraikitzen den azalerari dagokionez, nola bolumenari.
6. Planak onesten ez dituen sotoak, erdi-sotoak, atikoak eta behegainak eraikitzea, edozein erabilera ematen bazaie ere.
7. Planak finkatzen duen altuera gainditzea, betiere horrekin batera gainditzen ez bada baimenduriko bolumen edo azalera eraikia.
8. Antolamendutik kanpokotzat kalifikaturiko eraikinetan sendotze, modernizatze edo desjabetzaren balioa handitzeko obrak egitea.
9. Gutxieneko azalera eraikigarritik beherako lurzatietan eraikitzea.
10. Eraikinen artean edo bide publikoekin, gune libreekin eta mugekin errespetatu beharreko tarteei buruz, legediak edo planeamenduak ezartzen duena ez betetzea.
11. Eraikin multzo artistiko-historiko, arkeologiko, tipiko edo tradizional baten parte diren tokietan edo haien ondo-ondoan eraikitzea, baldin eta dagozkien babes-arau juridikoak hautsi eta multzoaren harmonia urratzen badute, edo ezaugarri horiek dituen garrantzi edo kalitate handiko eraikin bati dagokionez eragin bera sortzen badute.
12. Urbanizazio eta eraikuntza obrak eta instalazioak kontserbatu, zaindu eta konpontzeko beharra ez betetzea, dagozkion eginkizunen utzikeria edo narriadura maila nabarmena baldin bada.
13. Foru lege honek debekatu edo baimentzen ez duen jardueraren bat egitea, legeztagarriak ez badira.
14. Sustatzaileek planeamenduan edo foru lege honetan ezarritako exekuzio epeak ez betetzea, haiei egotzi beharreko arrazoiengatik.
15. Eragile urbanizatzaileak hirigintza hitzarmenean hitzartutako beharkizunak ez betetzea, salbu eta kaltea txikia izan dela egiaztatzen bada.
16. Kudeaketa arloko ez-betetzeak, salbu eta Aministrazioaren lehenbiziko errekerimenduaren ondoren konpontzen baldin badira, kasu horretan arau-hauste arintzat hartuko baitira.
17. Jabeek planean edo, bestela, foru lege honetan eraikuntza lizentzia eskuratzeko ezarritako epeak ez betetzea, haiei egotzi beharreko arrazoiengatik.
18. Finkak lizentziarik gabe ixtea, intereseko ibilbideetan barna ibiltzea oztopatu edo trabatzen baldin bada.
19. Udal lizentzietan baimendurikoa bertan zehazten diren epeetan ez burutzea.
20. Obrak hirurogeita hamabi orduko epean ez geldiaraztea, administrazioak horretarako igorritako errekerimendua jasotzen denetik zenbatzen hasita.
Hiru errekerimenduri muzin eginez gero, zehapenaren maila gorena ezarriko da. Laugarren errekerimendua egin behar izanez gero, Ministerio Fiskalari desobedientziazko jokabidearen berri emanen zaio, jokabide hori delitutzat har badaiteke ere.
21. Obrak kasuan kasuko garapen planeamendua izan gabe edo beharrezkoak diren kudeaketa tresnak behin betikoz onetsiak izan gabe burutzea.
22. Osasun, higiene eta estetikari buruz ezartzen diren neurriak, edo eraikuntzari eta urbanizazioari buruzko ordenantzetan zein urbanizazio proiektuan ezartzen direnak ez betetzea, horren ondorioz galeraren bat sortzen bada edo eraikinaren, eraikuntzaren, instalazioaren edo zerbitzuaren erabileraren normaltasuna edo erabiltzaileen osasuna arriskutan jartzen baldin bada.
23. Foru lege honen 117.4. artikuluan aurreikusitako berrezarpeneko betebeharra behin eta berriz ez betetzea.
213. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Arau-hauste oso larriak hauek dira:
1. Hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian planeamenduaren kontrako hirigintza lurzatiketak egitea, jabari publikoko lurrak, gizarte eta komunitate-ekipamendurako lurrak, edo sistema orokor, berdegune edo espazio libreetarakoak ukitzen baldin badira.
2. Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinetan hirigintza lurzatiketak egitea.
3. Lurzoruaren erabilerari eta eraikuntzari buruzko arauak ez betetzea, arau-hauste horretan sistema orokorrak, jabari publikoko lurrak, bide-sarea, berdeguneak, parkeak eta lorategi publikoak, aisialdirako kirol guneak, komunitate-ekipamendurako lurrak, babestu beharreko lurzoru urbanizaezina edo ondare historikoaren gaineko legediak babesten dituen ondasunak ukitzen badira.
214. artikulua. Babestutako eraikinen eraispena.
Balio monumental, historiko, artistiko, arkeologiko, kultural, tipiko edo tradizionala dela eta, babes berezia duten eraikinak, eraikuntzak edo instalazioak oso-osorik edo partez eraitsi, zelaitu edo botatzea ondare historikoaren gaineko legediari jarraikiz zehatuko da.
II. atala. Zehapenak eta aplikatzeko arauak
215. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hausteak honela zehatuko dira:
a) Arau-hauste arinei 300 eta 6.000 euro bitarteko isuna dagokie.
b) Arau-hauste larriei 6.000 eta 60.000 euro bitarteko isuna dagokie.
c) Arau-hauste oso larriei 60.000 eta 300.000 euro bitarteko isuna dagokie.
2. Hirigintzako arau-hauste baten ondorioz jasotzen den etekina dagokion zehapena baino handiagoa baldin bada, isuna lorturiko etekin ekonomikoa adinakoa izan arte handituko da.
3. Hirigintzako zehapenak eta isun hertsatzaileak ezartzearen ondorioz lortutako diru-sarrerak, borondatezko aldian nahiz bide exekutiboan kobratutakoak, erabiliko dira lurzoruaren ondare publikoak zaindu, kudeatu eta mantentzeko, bai eta hondatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko aginduen nahitaezko exekuziorako ere.
216. artikulua. Zehapenak mailaka.
1. Egintzan inguruabar astungarriren bat izan baldin bada, beti, zehapenaren mailarik handiena ezarriko da.
2. Egintzan inguruabar aringarriren bat izan baldin bada, zehapenaren mailarik txikiena ezarriko da.
3. Inguruabar astungarri eta aringarriak batera gertatzen direnean, zehapena kalkulatzeari begira, biak zentzuz konpentsatuko dira, batzuen eta besteen balioa mailakatuz.
4. Inguruabar aringarri edo astungarririk ez badago, administrazioak zehapenaren maila ertaina ezarriko du.
217. artikulua. Erantzukizunean eragiten duten inguruabar astungarri, aringarri eta salbuesleak.
1. Ondoko hauek hirigintza arloko arau-hauste baten errudunen erantzukizuna larriagotzeko inguruabarrak dira:
a) Arau-haustea egiteko, ofizio edo kargu publiko baten titularra izateaz baliatzea, salbu eta arau-haustetzat hartzen den egintza, preseski, kargu edo ofizioari berez dagozkion funtzionario-eginkizunak betetzean gertatu bada.
b) Hirigintzako legedia betetzeaz arduratzen den funtzionario publikoaren edo agintaritzaren aurka indarkeria edo koakzioko beste edozein jokabide edo eroskeria erabiltzea.
c) Hirigintzako legedia betetzeaz arduratzen den funtzionario publikoaren edo agintaritzaren aginduak betetzeari jarkitzea, edo oker betetzea.
d) Kasuko arau-haustea jarduketa ustez legeztatzen duten egitatezko suposamenduak aldatuz egitea, edo jarduketaren legezkotasuna frogatzen duten agiriak faltsutuz.
e) Kasuko arau-haustea behar publiko larri bat edo ukiturik dauden partikularren behar larri bat aprobetxatuz edo norberaren probetxurako erabiliz egitea.
f) Arau-hauslea berregilea izatea. Berregintza deklaratuko da, aurretik arau-hauste bat egin eta zehapena jarrita, hura jakinarazi eta hurrengo lau urteetan mota bereko beste arau-hauste bat egiten baldin bada. Horrelako kasuetan ezinbestekoa izanen da zehapen ebazpena irmoa izatea.
2. Ondoko hauek hirigintza arloko arau-hauste baten errudunen erantzukizuna arintzeko inguruabarrak dira:
a) Arau-haustea ekarri duen jokabideak ukituriko interes publiko edo pribatuei kalte larririk eragiteko asmorik ez izatea.
b) Agintaritzako agentearen ikuskapenaren eta ohartarazpenaren ondoren, obrak geldiaraztea edo lurzoruaren erabilera edo jarduera hori bertan behera uztea.
c) Zehapen ekintzen aurretik, eragindako kaltea erantzuleak gutxitzea, edo kaltetutako errealitate fisikoa lehengora ekartzea oso-osorik zehapena jarri aurretik.
3. Ondoko hauek errudunen erantzukizuna arintzeko edo larriagotzeko inguruabarrak izan daitezke, kasuan-kasuan:
a) Jarduketaren gorabeherei buruzko ezaupide teknikoak norainokoak diren, erantzulearen lanbidearen edo ohiko jardueraren arabera.
b) Arau-haustetik lortutako onura norainokoa den, edo kasua bada, arau-haustetik etor litekeen onura ekonomikoa batere kontuan hartu gabe jokatu izana.
c) Eragindako kaltearen tamaina fisikoa norainokoa den.
d) Lurra lehengo egoerara eramateko dagoen zailtasun fisikoa norainokoa den.
4. Hirigintza arloko arau-hauste baten erantzuleak, zehatzeko eta legezkotasuna babesteko jarduketak hasi aurretik, kaltetutako errealitate fisikoa lehengoratu eta eragindako kalteak konpontzen baditu, arau-hauste arinengantik legokiokeen erantzukizunaz salbuetsiko da. Arau-haustea larria edo oso larria denean, salbuetsita geldi liteke, gainerako inguruabarren arabera.
218. artikulua. Zehapenen murriztapena.
1. Legeztagarriak diren jarduera, eraikuntza eta erabileren ondoriozko arau-hausteetan, isuna ehuneko 30 murriztuko da honako baldintza hauek betetzen baldin badira:
a) Isunaren gainerako zatia hilabeteko epean ordaintzea, gehienez, zehapena jakinarazten denetik hasita.
b) Arau-hausleak idatziz adieraztea ezarri zaion zehapenarekin ados dagoela eta, espresuki, dagokion epean inpugnazio biderik ez duela erabiliko.
c) Arau-hausleak hitz ematea administrazioak ezartzen duen epean zehatutako jarduketa legeztatuko duela eta, hitz horren berme gisa, kasuko obra edo jarduketen ehuneko 50eko fidantza jartzea.
2. Legeztatu ezin diren jarduera, eraikuntza eta erabileren ondoriozko arau-hausteetan, isuna ehuneko 50 murriztuko da honako baldintza hauek betetzen baldin badira:
a) Isunaren gainerako zatia hilabeteko epean ordaintzea, gehienez, zehapena jakinarazten denetik hasita.
b) Arau-hausleak idatziz adieraztea ezarri zaion zehapenarekin ados dagoela eta, espresuki, dagokion epean inpugnazio biderik ez duela erabiliko.
c) Arau-hausleak hitz ematea eragindako kaltea administrazioak ezartzen duen epean lehengora ekarriko duela eta, hitz horren berme gisa, kasuko obra edo jarduketen zenbatekoaren ehuneko 100eko abala aurkeztea.
219. artikulua. Arau-hauste lokabeak edo lotura dutenak eta delitua edo hutsegitea dakarten arau-hausteak.
1. Hirigintza arloko arau-hauste bat baino gehiago duten erantzuleei, egindako arau-hauste bakoitzeko zehapen bat jarriko zaie, salbu eta arau-hausteen artean kausa-efektuko harremana baldin badago, orduan zehapen bakarra jarriko baita, hots, lortu nahi zen azken helburuko jarduketei dagokien zehapenaren zenbatekorik handiena.
2. Delitu edo hutsegite zantzuak baldin badaude, zehapena jartzeko eskumena duen organoak Ministerio Fiskalari jakinaraziko dio, eta zehapen prozedura eten eginen da, harik eta agintaritza judizialak erabakia eman arte. Zehapen penala baldin badago, administrazio zehapenik ez da jarriko, baina hirigintza legezkotasuna eta kaltetutako errealitate fisikoa lehengoratzeko neurriak, kasua bada, ezartzen ahalko dira.
III. atala. Eskumenak, prozedura eta preskripzioa
220. artikulua. Eskumenak.
1. Zehatzeko ahalmena, toki administrazioari buruzko legediaren arabera, hirigintzaren inguruko diziplina arloan eskumena duten toki entitateei dagokie.
2. Halaber, aitortzen da lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren zehapen-ahalmena, lurzoru urbanizaezinen sailean dauden lurretan, foru lege honetan aipatutako baimenak izan gabe egindako arau-hausteen kasuan. Nolanahi ere, ezin izanen du esku hartu udalak dagokion zehapen-espedientea izapidetu duenean.
221. artikulua. Zehapen prozedura.
1. Foru lege honetan azaltzen diren arau-hausteen zehapenak instruitu eta jartzeko, erregelamenduz ezarriko den zehapen prozedura administratiboari jarraikiko zaio.
2. Zehapen prozedurak ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea irekitzeko ebazpena ematen den egunetik hasita. Epe hori sei hilabete luzatzen ahalko da, gehienez, prozedura hasteko eskumena duen organoak hala erabakita, instruktoreak eskatuta. Epea luzatzeko egintza horren aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.
3. Espedientea ebazteko gehieneko epean ebazpenik ematen ez bada, prozedura iraungi dela ulertuko da eta jarduketa guztiak artxibatuko dira. Arau-haustea preskribitu gabe badago, beste zehapen prozedura bat hasten ahalko da, baina beste instruktore bat izendatuta.
222. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.
1. Hirigintza arloko arau-hauste oso larriak arau-haustea egiten denetik hamar urtera preskribituko dira, larriak zortzi urtera, eta arinak lau urtera. Arau-haustea noiz egin zen jakiterik ez badago, arau-haustea ekarri duen jokaera errekonozitzeko kanpoko zantzu fisikoak agertzeagatik zehapen prozedura has zitekeen egunetik aurrera kontatuko da.
2. Etengabeko jokabide baten ondoriozko arau-hausteetan, preskripzio-epea kontatzeko hasierako eguna jarduera bukatu zenekoa izanen da, edo arau-haustea burutzeko azken egintzarena.
3. Legez kontrako lurzatiketa egintzak, betiere, etengabeko arau-haustetzat hartuko dira.
4. Eraikuntza obren inguruko arau-hausteen preskripzioaren ondorioetarako, epea obrak erabat bukatuak daudenean zenbatzen hasiko da.
5. Arau-hauste oso larriengatik jarritako zehapenak lau urtera preskribituko dira, arau-hauste larriengatik jarritakoak bi urtera eta arau-hauste arinengatik jarritakoak sei hilabetera.
6. Goiko ataletan adierazitakoa gorabehera, hirigintza arloko arau-haustetzat har daitezkeen jarduerak baimentzen dituen administrazioaren egintzaren bat baldin badago, preskripzio-epea administrazio egintza horiek deuseztatzen direnetik aurrera kontatuko da.
VI. TITULUA. LURZORUAREN MERKATUAN ESKU-HARTZEKO TRESNAK
I. KAPITULUA. Lurzoru ondare publikoak
1. atala. Udalen lurzoru ondareak
223. artikulua. Kontzeptua.
Udalen lurzoru ondarea udal titulartasuneko gainerako ondasunetatik bereizitako ondare bat da, eta lurren merkatua arautu, ekimen publikoko jarduketetarako lurzoru-erreserbak lortu eta planeamendua gauzatzeko xedeak betetzeari lotua.
224. artikulua. Ondareko ondasunak.
1. Udal guztietan udalen lurzoru ondarea automatikoki osatuko dute lagapenen ondorioz eskuratutako ondasunek, bai lurretan bai dirutan eskuratuek, edo edozein motatako hirigintza-desjabetzapenen ondoriozkoek, eta baita foru lege honen arabera lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubidetik etorritakoek ere.
2. Gainera, udalek beren lurzoru ondare publikoan sartzen ahal dituzte hirigintza-planeamenduak hiri lurzoru edo urbanizagarritzat sailkatzen dituen ondare-ondasunak, betiere haien titularra den toki entitateko osoko bilkurak hala erabakitzen badu.
3. Halaber, bost mila biztanletik gorako udalek, beren lurzoru ondare publikoan sartu beharko dituzte xede horretarako eskuratutako lurrak, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.
225. artikulua. Lurzorua udalaren ondarera sartzeko desjabetzapena.
Udalek hiri-lurzatiak urbanizagarriak eta urbanizaezinak desjabetzen ahal dituzte, behar izanez gero eta planeamenduan sarturik badaude, udalaren lurzoru ondarean sartzeko.
226. artikulua. Lurzoru erreserbak.
1. Udal plan orokorrek lurzoru ondare publikoan sartzeko erosgai diren lur erreserbak ezartzen ahal dituzte lurzoru urbanizagarri sektorizatu gabekotzat nahiz urbanizaezin gorde beharrekotzat sailkaturiko lurren artean. Halaber, horrelakorik ez bada edo aski ez bada, udalek exekuzio unitateak mugatuz ezartzen ahal dituzte erreserba horiek.
2. Lurzoru erreserba horiek ezarri edo mugatzeak berekin dakar onura publiko eta desjabetu beharraren deklarazioa desjabetzapen ondorioetarako.
227. artikulua. Xedea.
1. Udalen lurzoru ondareko ondasunak, hirigintza eta eraikuntza prozesura sartuz gero, nolabaiteko babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzak eraikitzeko edo interes sozialeko beste xede batzuetarako erabiliko dira.
2. Lurrak besterentzearen bidez eta administrazioari zegokion aprobetxamendua eskudirutara bihurtzearen bidez lorturiko dirusarrerak, udalaren lurzoru ondarea gorde eta hedatzeko edo honako xede hauetarako erabiliko dira:
a) Urbanizazio obrak
b) Sistema orokorrak eskuratu eta exekutatzea.
c) Ekipamendu kolektiboak edo udal erabilera publikoko beste instalazio batzuk eraikitzea, baldin eta administrazio publikoek edo beren sozietate instrumentalek sustatuak badira.
d) Ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere.
e) Etxez aldarazteko eta etxera itzultzeko gastuak.
f) Eraikinak erosi edo/eta zaharberritzea babestutako etxebizitzak edo ekipamendu publikoak egiteko.
228. artikulua. Kudeaketa.
1. Udalen ondareko lurzoruko lurren urbanizazioa eta eraikuntza udalak berak zuzenean nahiz kasu bakoitzerako kudeaketa-modalitate egokiena erabiliz egiten ahalko du, deusetan ukatu gabe hura besterendu edo lagatzea, hurrengo idatz-zatian ezartzen denaren arabera.
2. Udalen lurzoru ondarea osatzen duten ondasunak honela eskualda daitezke:
a) Lehiaketa edo enkante bidez besterenduz. Besterentzeko prozedura arruntak lehiaketa edo enkantea izanen dira. Hala ere, ondasunen erabilera merkataritza-jarduera edo etxebizitza libreak eraikitzea denean, besterentzea enkante publikoaren bidez eginen da. Halaber, enkante publikoaren prozedura lehentasunez aplikatuko da ondasunei industri erabilera ematen zaienean.
Enkante publikoaren bidezko besterentzeetan, hasierako prezioa gutxienez hirigintza-balioa izanen da, eta horri gehituko zaizkio planeamendu, urbanizazio eta kudeaketaren ondoriozko kostu proportzionalak, eta egokitzerako beharrezkoak diren ekintza administratibo eta materialetatik eratortzen diren guztiak, eraiki zen urtetik iragandako urteen arabera dagokion balio-galeran gutxituz; betiere, teknikari aditu baten balorazioaren bitartez egin ahal izanen da.
Enkantean ondasuna esleitzen ez bada edo lehiaketa esleitu gabe uzten bada, salbuespenez zuzenean besterentzen ahal da, baldin eta baldintza berdinetan egiten bada eta prezioa ez baldin bada lizitazioan ezarritakoa baino txikiagoa.
b) Irabazi asmorik gabeko laguntza- edo gizarte-entitateei nahiz sindikatuei lurren balioa baino txikiagokoa ez den prezioan zuzenean besterenduz, baldin eta babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak sustatzen badituzte eta sustapen bideragarria dela bermatzeko moduko eskarmentua eta bitartekoak dituztela frogatzen badute.
c) Haien ente instrumentalei edo beste administrazio publiko batzuei lagaz. Udalek beste administrazio publiko, erakunde publiko edo haien ente instrumentalei, zuzenean eta are dohainik eskualdatzen ahal dizkiete sustapen publikoko etxebizitzetarako, gizarterako ekipamendua eraikitzeko edo erabilera publiko nahiz interes sozialerako lurrak.
229. artikulua. Kontrola.
1. Udalaren lurzoru ondarea toki entitatearen gainerako ondasunetatik bereizirik kudeatuko da, eta horretarako, entitate horrek bere ondasunen inbentarioan haren izaera lotua eta bereizia adieraziko ditu.
2. Halaber, udalaren ondarearen erregistro bat sortuko du udalak, eta bertan jasoko da sartzen diren lurren edo diruaren berri, eta baita 227. artikuluan ezarritako xedeetarako justifikaturiko irteeren berri ere.
3. Lurzoruaren Udal Ondarearen administrazio titularrak, bai eta haren kudeaketa esleituta duten entitateek ere, kontabilitate ikuspegitik dokumentatu behar dute, berariaz eta modu bereizian, hura osatzen duten ondasunak, bai eta haien ondare-mugimendua, besterentzeak eta amaierako destinoa ere; horretarako, kontabilitate eta aurrekontu publikoetako teknikak erabiliko dituzte.
II. atala. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua
230. artikulua. Kontzeptua.
1. Foru Komunitateko administrazioak bere lurzoru ondarea eratu, mantendu eta kudeatuko du, eta ondare horri Lurzoru Publikoaren Foru Bankua deituko zaio; lurzoruaren merkatuan esku-hartzea izanen du xede. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua ondare bereizi bat izanen da Nafarroaren Ondarearen barrenean.
2. Horrez gain, udalekin eta lurralde izaerarik nahiz izaera instrumentalik ez duten beste entitate publiko batzuekin elkarlanean ari ahalko da, lurrak edo bestelako ondasun higiezinak xede bererako eskuratu edo erabili ahal izateko.
231. artikulua. Bankuko ondasunak
Lurzoru Publikoaren Foru Bankua aurreko artikuluaren xedeetarako Foru Komunitateko administrazioak eskuratutako lurrek eta Nafarroako ondarea osatzen duten eta Lurzoru Publikoaren Foru Bankuari atxikitzen zaizkion ondare-ondasunek osatuko dute.
Horiez gain, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuan sartuko dira titulartasun publikoko edo gizarte integraziorako etxebizitzak egiteko udalez gaindiko ekipamenduetarako lagapena dela medio eskuratutako lurrak.
Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren parte izanen dira ondare hori osatzen duten ondasunen kudeaketaren eta besterentzearen bidez lortutakoak.
232. artikulua. Sartzeko moduak.
1. Foru administrazioak, lurrak eta bestelako ondasun higiezinak eskuratzeko, legeak ezarritako edozein formula erabiltzen ahal du, eta baita desjabetzapena ere.
2. Foru administrazioak lurzoru-erreserbak ere ezartzen ahal ditu lurzoru urbanizagarri sektorizatu gabean era lurzoru urbanizaezinean Lurzoru Publikoaren Foru Bankua eratu edo handitzeko, foru lege honetan jasotako bideak erabiliz, eta bereziki lurralde-planeamenduko tresnez baliatuz.
233. artikulua. Xedea.
1. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten ondasunak babes publikoko araubideren bati, gizarte intereseko beste erabilera barne, loturiko etxebizitzak eraikitzeko erabili beharko dira.
2. Foru lege honetako 53.7 artikuluan ezarritako udalez gaindiko ekipamendu gisa Lurzoru Publikoaren Foru Bankuan diren ondasunak titulartasun publikoko edo gizarte integrazioarako etxebizitzak eraikitzeko baizik ez dira erabiliko, deusetan ukatu gabe hurrengo artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako moduetakoren batean haiek kudeatzea.
3. Lurzoruaren Foru Bankuko gainerako lursailen eta gainerako higiezinen besterentzeen, lagapenen edo kudeaketaren bidez lortutako diru-sarrerak nagusiki erabiliko dira haren kontserbaziorako, kudeaketarako eta zabalpenerako, eta ulertuko da honako kontzeptuak sartzen direla, kapitaleko gastutzat sailkatzen baldin badira.
a) Kontserbaziorako behar diren gastuak.
b) Lursailek orubearen izaera hartzeko behar diren gastuak.
c) Planeamenduko eta hirigintza-kudeaketako tresnak lantzeko gastuak, bai eta foru lege honen 139. artikuluan aipatutako gastuak ere.
4. Aurreko idatz-zatian adierazitako diru-sarrerak erabili ahalko dira, modu justifikatuan, honako xede hauetarako:
a) Eraikinak erosi edo/eta birgaitzea babestutako etxebizitzak edo ekipamendu publikoak egiteko.
b) Ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere.
5. Bereziki, udalez gaindiko zuzkiduratik heldu diren ondasunak besterendu ahalko dira, honako baldintza hauek betetzen baldin badira:
a) Besterentzea lehia publikoan gertatzea.
b) Jomuga izaten jarraitzea nolabaiteko babes publikoko edo gizarteratzeko araubidea duen etxebizitza bat eraikitzea.
c) Besterentzearen bidezko diru-sarrera erabiltzea Lurzoruaren Foru Bankua zabaltzeko edo eraikitzeko, edo hiri-berroneratzerako edo berrikuntzarako eragiketak sustatzeko diru-laguntzetarako.
234. artikulua. Kudeaketa.
1. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko erakunde edo ente instrumentalei atxikitzen ahal zaizkie, beren xedea betetzeko kudeatuak izan daitezen.
2. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten ondasunak besterendu edo lagako dira 228. artikuluko 2. idatz-zatiak kasu bakoitzaren arabera ezarritako moduan, helburuetarako eta prozedurei jarraituz.
235. artikulua. Kontrola.
1. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua Nafarroako ondarearen gainerako ondasunetatik bereizirik kudeatuko da, eta horretarako bere ondasunen inbentarioan haren izaera lotua eta bereizia adieraziko du.
2. Lurzoruaren Foru Bankuaren administrazio titularrak, bai eta haren kudeaketa esleituta duten entitateek ere, kontabilitate ikuspegitik dokumentatu behar dute, berariaz eta modu bereizian, hura osatzen duten ondasunak, bai eta haien ondare-mugimendua, besterentzeak eta amaierako destinoa ere; horretarako, kontabilitate eta aurrekontu publikoetako teknikak erabiliko dituzte.
II. KAPITULUA. Azalera eskubidea
236. artikulua. Azalera eskubidea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, udalek eta gainerako pertsona publikoek azalera-eskubidea eratzen ahal dute beren lurretan edo luzoru publikoa osatzen dutenetan, babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak eraikitzeko edo interes sozialeko beste erabilera batzuetarako. Eskubide hori azalera-hartzailearena izanen da.
2. Azalera-eskubidea eskualdagarria izanen da, eta eratzean finkaturiko mugak kontuan hartuz, kargak ezartzen ahalko zaizkio; kapitulu honetako xedapenek, eskubidea ezartzen duen tituluak eta, subsidiarioki, zuzenbide pribatuaren arauek gobernatuko dute.
3. Azalera-eskubidea eratzen bada, beti eskritura publikoz formalizatuko da, eta, eraginkortasuna izan dezan, jabetza-erregistroan inskribaturik egon behar du nahitaez.
4. Eraketa kostubidezkoa bada, azalera-hartzailearen ordaina honako hauetako bat izan daiteke: kontzesioaren truke kopuru jakin bat edo kanon epe-jakineko bat pagatzea, edo bestela etxebizitza edo lokalak esleitzea edo errentan jartzeko eskubidea ematea; modalitate horietako zenbait batera erabiltzea ere zilegi da, eta horrek ez du deusetan galarazten eraikitakoaren erabateko itzulketa, azalera-eskubidea eratzean itundutako epea betetzean.
237. artikulua. Iraungipena.
1. Azalera-eskubidea iraungi eginen da, eratze-akordioan ezarritako epean eraikuntza egiten ez bada.
2. Azalera-eskubideak gehienez ere hirurogeita hamabost urteko epea izanen du.
3. Epea bete dela-eta azalera-eskubidea iraungitzen denean, administrazioa, lurzoruaren jabe denez, eraikitakoaren jabe eginen da, eta ez du inolako kalteordainik pagatu beharko, eskubide hura eratzeko erabilitako titulua edozein delarik ere.
4. Epe-muga gainditzearen ondorioz azalera-eskubidea irungitzen bada, azalera-hartzailearen orotariko eskubide erreal edo pertsonalak ere iraungi eginen dira.
5. Beste edozein arrazoirengatik lurraren jabetza-eskubidea eta azalera-hartzailearena pertsona bakarrak biltzen baditu, eskubide batari nahiz besteari dagozkion kargak bereizita ezarriko dira aurrerantzean ere.
238. artikulua. Onurak.
Administrazioak eta gainerako entitate publikoek emandako azalera-eskubideak babes publikoko etxebizitzen legeriatik sortutako onura guztiak izanen ditu berekin, baldin eta legerian ezarritako baldintzak betetzen badira, betiere.
III. KAPITULUA. Lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideak
239. artikulua. Lur eremuen zehaztapena.
1. Lurzoruaren merkatua erregularizatu, ondare publikoa eratu edo handitu edo dotazio defizitak arintzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak eta udalek zilegi dute lurralde- eta hirigintza-planeamenduan finkatzea zenbait eremu, non lurrak eta eraikuntzak salerosi edo trukatzeko eskualdaketak Foru Komunitateko administrazioaren eta udalen lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidearen menpe egonen diren.
2. Halaber, eremuak honako prozedura hauen arabera mugatu ahalko dira:
a) Hasierako onespena, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako foru agindu baten bidez.
b) Jendaurrean hilabetez jartzea eta ukitutako toki entitateen entzunaldia.
c) Lurraldearen Antolamendu Batzordearen txostena, aurkeztutako alegazioei buruz.
d) Nafarroako Gobernuak foru dekretuz onestea.
3. Mugapenak gutxienez honako hauek zehaztu beharko ditu:
a) Eremuaren muga geografikoak, sarturiko kale, sektore edo katastroko lurzatiak adierazirik.
b) Lehentasunez erosi edo atzera eskuratzeko eskubideaz baliatu ahal izateko epea; eremua mugatzen denetik zortzi urterainokoa izanen da gehienez ere.
c) Mugatutako eremuen barneko lurzoruak edo eraikinak zertarako erabiliko diren.
4. Mugapena onetsitakoan, kapitulu honetan ezarritako jakinarazpen-betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko behar den guztia eginen da jabetza-erregistroetan.
5. Mugapena onesteak desjabetzapen ondorioetarako onura publikoa deklaratzea ekarriko du berekin.
240. artikulua. Babes publikoko araubideren bati atxikitako etxebizitzak egiteko xedea ezarrita duen lurzoruaren gaineko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak.
1. Foru Komunitateko administrazioak eta udalek lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea izanen dute, planeamenduaren arabera babes publikoko araubideren bateko etxebizitzak eraikitzekoa den lurzoruaren salerosketa edo truke bidezko eskualdaketa kasu guztietan.
2. Salerosketa horren prezioak edo trukearen estimazio ekonomikoak babes ofizialeko etxebizitzei buruz legeria indardunak ezarritako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, Foru Komunitateko administrazioak eta udalek, lur eskualdatuen gaineko lehentasunez erosteko edo atzera eskuratzeko eskubideaz baliatzean, legeriak ezarritako gehienezko prezioa erabiliko dute.
241. artikulua. Trukeak.
Eskualdatzeak hartzen duen forma lur eta eraikuntzen truke lur horietan egin beharreko eraikuntza edo haren parte bat jasotzea denean, eskualdaketen berri-emateari dagokionez, hurrengo artikuluak agintzen duena beteko da. Kasu horietan lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea honela gauzatuko da: administrazioak aldeen artean itundutako baldintza beretan eraikuntzak edo horien parte bat entregatzeko konpromisoa hartuko du.
242. artikulua. Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak erabiltzeko modua.
1. Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera mugatutako eremuetan, eraikuntzarik gabeko lurren edo eraikuntzen jabe guztiak, haiek eskualdatzeko asmoa badute, behartuak dira mugaketa egin zuen administrazioari behar bezalako frogabidez aditzera ematera prezioa, ordainketa nola eginen den eta eskuratzailea nor den.
2. Lehentasunez erosteko eskubideaz baliatzeko epea hilabetekoa izanen da, behar bezalako frogabidez eta prezioa eta eskualdaketaren gainerako baldintzak adieraziz besterentzeko asmoa jakinarazten denetik aurrera. Epe hori igaro eta administrazioak ez badu jakinarazten eskuratzeko erabakia, zilegi da libreki besterentzea.
3. Jakinarazpenik ez bada egiten, atzera eskuratzeko eskubideaz baliatzeko hilabeteko epea izanen da, besterentzearen berri izaten denetik aurrera. Zilegi da, halaber, atzera eskuratzeko eskubideaz epe horiexetan baliatzea, baldin eta besterentzea jakinarazitako prezio eta baldintzei lotu gabe egiten bada.
4. Administrazioak hiru hilabeteko epea izanen du lehentasunez erosi edo atzera eskuratzeko eskubideaz baliatzen denetik, bidezko diren baldintzetan ordaindu beharreko diru-kopurua pagatzeko. Epe hori betez gero, iraungi eginen da lehentasunez erosi edo atzera eskuratzeko bere alde duen eskubidea.
5. Ordainketa esku-dirutan eginen da, non eta eskualdatzaileak eta administrazioak elkar harturik beste moduren bat erabakitzen ez duten.
6. Betiere, administrazioak, lehentasunez erosi edo atzera eskuratzeko eskubideez baliatzen denean, eskurapenera bultzatu zuen xedea bi urteko epean bete beharko du, eskubideaz baliatu zenetik kontatzen hasita.
7. Notarioek uko eginen diote foru lege honetan xedatutakoaren arabera mugatutako eremuetan dauden lur eta eraikuntzen eskualdaketak eskritura publikoan formalizatzeari, baldin eta kapitulu honetan ezarritako administrazioei egin beharreko jakinarazpena egin dela behar bezala frogatu ez bazaie.
Halaber, jabetza-erregistroan ez dute sarbiderik izanen lehentasunez erosi edo atzera eskuratzeko eskubideak ukitutako lur edo eraikuntzen salerosketa edo truke eskriturek, baldin eta bertan ez badago behar bezala frogaturik kapitulu honetan ezarritako jakinarazapen-betebeharrak bete direla.
243. artikulua. Lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideen legeria osagarria.
Foru lege honetan jasotzen ez diren gainerako gorabeheretan, lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubide administratiboak Nafarroako legeria zibilean jasotako aginduen arabera gobernatuko dira.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Diru bidezko zehapenak gaurkotzea.
Foru lege honetan ezarritako diru-zehapenak aldian-aldian eguneratzen ahal ditu Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren proposamenez, kontsumorako prezioen indizeen aldaketa kontuan harturik.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Urbanizazioko gain-kostuen aplikazioa.
Foru lege honen 52. artikuluan xedatutakoa betetzeko, etxebizitzetarako sektore edo exekuzio unitate batean urbanizazio kargen eraginez kasuan kasuko legeriak baimentzen duen lurren eta urbanizazioaren gehieneko jasanarazpena gainditzen dela iritziz gero, udalak eskatu ahalko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, hogei egunez jendaurrean ipini ondoren, babes publikoari loturiko tipologien amaierako prezioan urbanizazioko gain-kostuak aplika daitezela, babes ofizialeko etxebizitzen kasuan salbu, erregelamenduz ezarriko diren mugekin. Betiere beharrezkoa izanen da eskaeraren justifikazio ekonomikoa. Kasua bada, aipaturiko aplikazioa Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren foru agindu baten bitartez baimenduko da.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Toki entitateei laguntza teknikoa emateko bulego-sarea.
Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez onetsiko du ingurumenaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan toki entitateei laguntza teknikoa emateko bulego-sarearen egitura, eginkizunak eta aurrekontuak.
Aipatutako foru dekretua onesten ez den bitartean, zuzenean eman ahalko zaizkie etxebizitzak birgaitzeko udal eta eskualdeetako bulegoei, Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Zentsua arautzen duen 25/2011 Foru Dekretuko hamaikagarren xedapen gehigarrian aipatzen direnei, Nafarroako Gobernuak egiten dizkien ekarpen ekonomikoak, Etxebizitzak birgaitzeko udal eta eskualdeetako bulegoen eginkizunak arautu eta haien finantzaketarako laguntzak nola eman xedatzen duen abenduaren 9ko 363/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Ingurumen ebaluazioa Nafarroan.
Foru lege honek indarra hartu eta gehienez urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak Parlamentura igorriko du Nafarroako ingurumenaren gaineko ebaluazioari buruzko foru lege proiektu bat, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/42/CE zuzentarauaren transposizioa egiteko Foru Komunitatean.
Bosgarren Xedapen Gehigarria. Nafarroako lurralde estrategia.
Foru lege honek indarra hartu eta gehienez hemezortzi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak Parlamentura igorriko du Nafarroako lurralde estrategiaren proiektua.
Seigarren Xedapen Gehigarria. Nafarroako Foru Komunitate osoko lurraldearen antolamenduko planak.
Foru lege honek indarra hartu eta gehienez sei urteko epean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Foru Komunitate osoko lurralde antolamenduko planak eginen ditu eta horiek onestea proposatuko dio Nafarroako Gobernuari.
Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua.
Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua eratu beharko du.
Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Planeamenduaren arabera ekipamenduetarako den azalera.
Planeamenduak toki ekipamenduetarako gordetako azaleraren 100eko 5 erabili ahal izanen dute toki entitateek, gehienez ere, horretarako arrazoiak emanez, bertan alokairuaren araubideko etxebizitza babestuak eraikitzeko, foru lege honen 236. artikuluan eta harekin lotutakoetan aurreikusitako azalera eskubidearen lagapenaz baliatuz, edo zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabiliz, betiere ziurtatzen bada azalera horrek toki entitatearen ondarekoa izaten jarraituko duela."
Bederatzigarren Xedapen Gehigarria. Nagusiki etxebizitzetarako diren erabilerak ezartzeko udalez gaindiko plan sektorial batzuetarako interes orokorraren deklarazioa.
1. Foru lege honen 47. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, nagusiki etxebizitzetarako erabilerak ezartzeko xedea duen plan bat Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plan sektorial deklaratzean, haren tramitazio, onespen eta exekuziorako behar diren obrak eta lanak, bai eta ekartzen dituen jarduketak ere interes orokorrekoak direla deklaratu ahal izanen du. Deklarazio hori planaren behin betiko onespenarekin batera ere egin ahal izanen da.
2. Xedapen gehigarri honetan aurreikusten den interes orokorraren deklarazioan etxebizitza babestuak egiteko lanak ere sartu ahalko dira. Ondorio horiekin, behin-behineko kalifikazioa eman aurretik, etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak proiektatuko obrei buruzko txosten ez-lotesle bat eskatuko dio ukitutako toki entitateari, 30 egun naturaleko epean gehienez igorri beharrekoa.
3. Interes orokorreko deklarazioa udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu edo plana behin betiko onetsi ondoren egin ahal izanen da, Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez.
Hamargarren Xedapen Gehigarria. Iraunkortasunerako gutxieneko irizpideak.
Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluaren 6. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, urbanizazio jarduketa batek udal baten planeamendua edo udalerri hori hartzen duen lurralde eremu handiago baten planeamendua berrikusi beharra ekarriko du baldin eta jarduketaren ingurumen eraginak haren eragin eremua gainditzen duenean eta, Ingurumen Eraginaren Adierazpenean ezarritako baldintza edo determinazioen ondorioz, lurraldearen antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuak egiaztatzen badu proposatutako jarduketa aldatu nahi den lurralde eremu osoa okupatu eta garatzeko ereduaren kontrakoa dela.
Hamaikagarren Xedapen Gehigarria. Etxebizitza babestuaren egokitasunari buruzko azterlana.
Udal Plan Orokorren berrikuspenen hasiera bateko onespenarekin batera, udalek txosten edo memoria bat aurkeztuko dute, aurreikusitako etxebizitza babestuen tipologia eta neurriak dagoen eskariaren araberakoak diren ikertu eta aztertzen dituena.
Hamabigarren Xedapen Gehigarria. Epai bidez deuseztatutako tresnak.
Epai judizial baten bidez, deuseztatu den lurraldearen antolamenduko tresna bat edo udal planeamenduko tresna bat prozedura indardunaren arabera izapidetu ahalko da, hura behin betiko onesten den une berean.
Aurreko lerrokadan aurreikusitakoa aplikatzekoa izanen da soilik deuseztapen-deklarazioa formazko akatsengatik egin denean.
Deuseztatu den proiektua izapidetu zenean emandako txosten sektorial guztiak, aldekoak izan badira, automatikoki gehituko zaizkio izapidetze berriari, haiek berriz ere eskatu edo egin behar izan gabe, aplikatzekoa den araudia aldatu ez bada.
Hamahirugarren Xedapen Gehigarria. Erantzukizunpeko aitorpenei edo aurretiazko komunikazioei aplikatzekoa zaien zehapen araubidea
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko V. tituluko II. eta III. kapituluetan hirigintza-lizentziei buruz egindako aipamen oro, erantzukizunpeko aitorpenen eta aurretiazko komunikazioen araubidera ere hedatu beharra dago.
Hamalaugarren Xedapen Gehigarria. Lurzoru urbanizaezineko legezko eraikinak eta lehendik daudenak
Legezko izaera duten aldez aurretiko eraikin eta jarduera isolatuak birgaitu edo/eta handitu ahalko dira lurralde antolamenduko tresnek kasuko babesa duen lurzorurako aurreikusi duten babes-araubidea edozein dela ere, baldin eta udal planeamenduak edo legedi sektorialak hori berariaz debekatzen ez badute eta jardueraren edo erabileraren aldaketarik ez badakar.
Hamabosgarren Xedapen Gehigarria. Nafarroako Paisaiarako Estrategia
Lurralde- eta hirigintza-antolamendurako tresnek paisaia aintzat hartuko dute aldagai gisa, Europako Paisaiari buruzko Hitzarmeneko zehaztapenak beterik. Horretarako, Nafarroako Gobernuak Nafarroako paisaiarako estrategia bat landu beharko du.
Lehenbiziko Xedapen Iragankorra (kenduta).
Bigarren Xedapen Iragankorra. Tramitatzen ari den planeamendua.
Foru lege honek indarra hartu aurretik hasiera batez onartutako planek aurreko legeriaren araberako tramitazioa izanen dute, eta horrek ez du deusetan galaraziko behin betiko onespenera jo baino lehen foru lege honekin homologatzea. Betiere, foru lege honetako lehen, hirugarren eta laugarren xedapen iragankorretan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Hirugarren Xedapen Iragankorra. Planeamenduaren homologazioa eta egokitzapena.
1. Foru lege honek indarra hartzen duenean planeamendu orokorra duten udalek foru lege honetan ezarritakoaren arabera homologatu beharko dute planeamendu hori, honela:
a) Homologatzea izanen da antolamenduko determinazio egituratzaileak eta xehekatuak foru lege honetako 49. artikuluak xedatuaren arabera bereiztea eta lurzoru mota eta kategoriak foru lege honetan ezarritakoei egokitzea.
b) Egokitzapena foru lege honetako 79.2 artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eginen da.
c) Homologazioa foru lege honek indarra hartu eta hiru urteko epean egin beharko da.
2. Foru lege honek indarra hartzean lehendik indarra duen planeamenduaren aldaketa eta berrikuspenak lege honetan ezarritakoari egokituko zaizkio.
3. Foru lege honek antolamenduko determinazio egituratzaile eta xehekatuetarako ezartzen duen araubidea foru lege honek indarra hartzen duenetik izanen zaie aplikagarri une horretan indarra duten plan eta arauei. Planeamenduko determinazioak aldatzen badira udal plan orokorren aldaketaren bidez edo garapen-planeamenduaren onespenaren bidez, plan horietan espresuki finkatu beharko dira, betiere, antolamenduko determinazio egituratzaile eta/edo xehekatuak.
Laugarren Xedapen Iragankorra. Exekuzio sistemak.
Foru lege honek indarra hartzean tramitazioan diren exekuzio sistemek aurreko legerian xedatutakoaren arabera jarraituko dute beren tramitazioa, salbu eta haietan ezarritako epeak ez betetzeagatik udalak espresuki erabakitzen badu sistema horiek foru lege honek edozein modalitatetan ezarrritako araubideari lotzea. Gainerako kasuetan foru lege honetan ezarritakoa aplikatuko da zuzenean.
Bosgarren Xedapen Iragankorra. Lizentziak eta baimenak ematea.
1. Foru lege honek indarra hartu aurretik eskatutako baimen eta lizentzien tramitazioaren jarraipena aurreko legeriaren arabera eginen da.
2. Udal plan orokorrik ez duten toki entitateetan, eraikinak eraikitzeak edo birgaitzeak berekin badakar erabileren, bolumenen edo/eta lerrokatzeen aldaketa, beharrezkoa izanen da betiere, lizentzia eman aurretik, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren administrazio-baimena, eta baimen hori foru lege honen 117. artikuluan araututako prozeduraren arabera izapidetuko da.
3 (kenduta).
Seigarren Xedapen Iragankorra. Lurraldearen antolamenduko tresnak.
1. Foru lege honek indarra hartzean behin betiko onespena duten lurraldearen antolamenduko tresnak indarrean egonen dira, beronen arabera aldatu, ordeztu edo iraungi arte.
2. Eskualdeko hirigintza arauek, martxoaren 22ko 80/1999 Foru Dekretuaren bidez behin betikoz onetsitakoek, haien esparru geografikoa barne hartzen duen kasuan kasuko lurralde antolamenduko plana onetsi arte izanen dute indarra.
3. Foru lege honek indarra hartu aurretik hasiera batez onartutako eskualdeko hirigintza arauek aurreko legeriaren araberako tramitazioa izanen dute, eta horrek ez du deusetan galaraziko behin betikoz onetsi baino lehen lurraldearen antolamenduko plan bihurtzea.
4. Foru lege honek indarra hartu aurretik onetsitako udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialei dagokienez, Nafarroako Gobernuak bakoitzari buruz plan edo proiektu sektorialaren izaera zehaztuko du, foru lege honetako 42, 43 eta 44. artikuluetan jasotako irizpide materialen arabera.
Zazpigarren Xedapen Iragankorra. Lurzoru ondare publikoak.
Foru lege honek indarra hartzean eratzen diren edo lehenagotik dauden lurzoru ondare publikoei eta horiek besterenduz edo administrazioari dagokion hirigintza-aprobetxamendua ordeztuz lorturiko dirusarrerei aplikatuko zaie foru lege honek ezarritakoa.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
1. Indargabetu egiten dira honako xedapen hauek:
a) Lurraldearen antolamendu eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea.
b) Hirigintza aprobetxamenduaren arloko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 24/1998 Foru Legea.
c) 1999ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1998 Legeko hogeita bigarren Xedapen Gehigarria.
d) Azaroaren 27ko 22/2001 Foru Legea, Lurraldearen antolamendu eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 273. artikulua aldatzen duena.
e) Otsailaren 13ko 33/1995 Foru Dekretua, zeina hein batean aldatu baitzuen otsailaren 19ko Foru Dekretuak, hiri antolamendurako plan orokorra egokitu gabe zeukaten berrogeita hamar mila biztanletik goitiko udalen hirigintza araubide iragankorrari buruzkoa.