Castellano | Euskara | Français | English
(2001eko 37. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 23an)
Atarikoa
Abenduaren 2ko 2459/1996 Errege Dekretuko 2.1 artikuluak, animalien eritasun nahitaez deklaratu beharrekoen zerrenda ezarri eta horien berri emateko arautegia ezartzen baitu, xedatzen du Komunitate Autonomoetako organo eskudunek Errege Dekretu horretako I. Eranskineko A eta B ataletan ageri diren animalien eritasunen deklarazio ofiziala eginen dutela.
I. Eranskineko B letrako eritasun nahitaez deklaratu beharren artean "prurigo lunbarra" edo "scrapie" delakoa ageri da.
Erreferentziako Laborategi Nazionalak, Zaragozako Unibertsitateko Albaiterotza Fakultatean kokatuak, animalien eritasun hori badela ziurtatu du; beraz, ofizialki deklaratu beharra dago.
Abenduaren 2ko 2459/1996 Errege Dekretuarekin eta nahitaez deklaratu beharreko animalien eritasunei eta horien jakinarazpenari buruz Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak emandako 1992ko martxoaren 9ko Foru Aginduarekin bat, 1998ko apirilaren 23ko (98/272/CE) Batzordearen Erabakiarekin bat, nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloan Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari zerbitzuak eskualdatzeari buruzko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren Eranskineko E.4 a) letrarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
"Prurigo lunbarra" (scrapie) eritasuna Nafarroan badela deklaratzen da.
Bigarrena
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari deklarazio honen berri ematea, behar izanez gero, hark berrets dezan.
Hirugarrena
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Zerbitzuari agintzea animalien osasunerako premiazkoak diren neurriak abian jar ditzan eta, bereziki animalien entzefalopatia espongiforme kutsagarriak zaindu eta kontrolatzeko programa integral koordinatua ezarri eta arautzen duen abenduaren 22ko 3454/20000 Errege Dekretuan aipatzen direnak.
Laugarrena
Foru Agindu hau jakinaraztea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura idazkariordetzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Idazkaritza Nagusiari eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuari; Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari; Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari; Barne Zuzendaritza Nagusiari; Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari; Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusiari, Abeltzaintza Zerbitzuari eta Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari, bidezko ondorioak izan ditzan.
Bosgarrena
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.