Castellano | Euskara | Français | English
(1998ko 133. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 6an)
Atarikoa
Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak autonomi erkidegoei ahalmena ematen die sinatzen diren errentamendu kontratuen berme gisa, aipatu Legearen 36. artikuluan agindutakoari jarraikiz, autonomi administrazioen edo izendatzen den ente publikoaren eskura utzi behar diren diru-zenbatekoak jarri beharra ezartzeko edo kentzeko.
Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abuztuaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
Artikulu bakarra
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez ditu hartuko errentamendu kontratuetako berme gisa, Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jartzen diren diru-kopuruak.
Xedapen Iragankor Bakarra
Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroako hiri finken errentamendu kontratuen berme gisa, aurreko legedia aplikatuz, jarri diren diru-kopuruak itzuliko ditu, kontratu horiek iraungitzen diren heinean.
Azken Xedapenetan Lehena
Ekonomi eta Ogasun kontseilariari eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaie Foru Dekretu hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzaten.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.