Castellano | Euskara | Français | English
(1991ko 53. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 26an)
Atarikoa
Gero eta haundiagoa den energia elektrikoaren eskaerak egunetik egunera linea elektrikoen kopurua areagotu du bazterretan. Hala ere, linea elektrikoen trazadura eta instalazioen gaineko arauteriak ez du neurririk jasotzen, hegazti-espezie babestu batzuek elektrokutatu edo kableak jota hiltzeko duten arriskua galerazteko.
Azken urteotan, balore ekologiko haundieneko hegaztiak zergatik hiltzen diren argitzeko egin diren ikerketek, nabarmen utzi dute elektrokuzioa eta lur gaineko linea elektrikoen elementu eroaleekin jotzea direla berez ez hiltzeko arrazoi nagusienetako bat hegazti-espezie babestuentzat.
Hori horrela, beharrezko da, berriro ere, ekonomia eta gizartearen garapena galzorian ditugun espezieen zaintzarekin bateratzea eta era horretako istripuak galerazteko neurriak hartzera behartuko duen berariazko arauteriarik ez dagoenez, egoki da, hegazti-fauna babestu asmoz, instalazio elektrikoetarako arau teknikoak ematea, kontuan hartuz, bai 79/409/EEE Araubideak, nola Naturguneak eta Basaflora eta fauna Zaintzeari buruzko 4/1989 Legeak, arauak hartzea eskatzen dutela katalogatuta dagoen faunaren espezieak babesteko.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Kontseilariek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamaikako apirilaren lauean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua
Foru Dekretu honen xedea arau teknikoak ematea da Nafarroako Foru Komunitatearen barna doazen Goi eta Behe Tentsioko instalazio elektrikoen gainean, hegazti-fauna habigile, migratzaile eta negutarrentzat duten arriskuak gutxitu daitezen.
2. artikulua
Dekretu honetan ezarritako arauen menpe gelditzen dira aurreko artikuluan aipatutako instalazioak, hurrengo kategoria hauetan sailkaturik:
a) Instalazio eraiki berriak.
b) Lehendik dauden instalazioak, haunditu edo aldatzeko baimen-espedientea izapidatzea behar dutenak, Lurraldea Babestu eta Erabiltzeko Herrialdeko Hirigintz Arauei buruzko 6/1987 Foru Legearen 4. artikuluan agindutakoaren arabera.
c) Lehendik dauden instalazioak, Nafarroako Gobernuak onetsitako planek ukituak direnak, plan horiek "galzorian" edo "habitataren aldaketaren aurrean sentiberak" bezala katalogatuak diren espezieen habitata berreskuratu edo zaintzekoak izanik.
3. artikulua
Instalazio berriak ez dira, Lurraldea Babestu eta Erabiltzeko Herrialdeko Hirigintz Arauei buruzko 7/1987 Foru Legeak Erreserba Integral eta Natural deklaratu direnetan barna pasatuko.
4. artikulua
1. Aurreko artikuluek aipatzen dituzten instalazio elektrikoei, kasu bakoitzeko arauteria tekniko eta segurtasunezkoa ezertan eragotzi gabe, hurrengo manu tekniko hauek ere aplikatuko zaizkie bigarren eta hirugarren mailako lineetan, Goi Tentsioko lur gaineko linea elektrikoen Arautegi Teknikoaren arabera:
a) Inoiz ere ez dira ezarriko lineak isolatzaile zurrunekin eta beti eraiki beharko dira esekidurazko isolatzaile-kateekin.
b) Debekatua dago isolatu gabeko zubi lasak jartzea langeta eta zutoin-buruen gainetik.
c) Debekatua dago ebakidura agerian duten sekzionadore eta etengailuak ezartzea horizontalean, hirugarren mailako lineetako euskarri-buruetan.
d) Zubi, sekzionadore, urtugarri, transformadoreak dituzten euskarriak eta deribaziokoak, ahal bada, euskarri-burua tentsio elementuekin gainditu gabe diseinatuko dira.
Edozein modutan ere, tentsioko elementuen arteko loturazko zubiak edo beste edozein neurri zuzentzaile isolatu eginen dira hegaztiak elektrokuta daitezen galeraziz.
e) Lerrokadurako euskarriek ondoko segurtasun tarte hauek gorde beharko dituzte gutxienez:
-Isolatu gabeko eroalearen eta gurutzetaren gaineko pausalekuaren artean, .
-Eroaleen artean, .
2. Lehen mailako lineetan, eta Foru Dekretu honen 2. artikuluan zehaztutako aplikazio esparruaren barrenean, eranskin gisa, babesgailuak edo seinale ohargarriak ezarriko dira lur gaineko kableetan migrazio-bideak zeharkatzen dituzten linea elektrikoen tarteetan, eta zona heze edo umatze-kolonietatik hurbil diren eremuetan. Horretarako, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak enpresa instalatzaileen esku utziko du migrazio-bide, umatze-kolonia eta zona hezeen eraginpeko eremuei buruzko informazioa.
3. Salbuespen bezala, aipatutakoez bestelako manu teknikoak finkatzen ahalko dira kasu bakoitzean eman daitezkeen inguruabar berezien arabera. Manu berezi horiek Ingurugiro eta Industria Zuzendari Nagusiekin batera ezarriko dira.
5. artikulua
1. Foru Dekretu honetan araututako instalazio elektrikoen aurreproiektu edo/eta proiektuak, Lurraldea Babestu eta Erabiltzeko Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen menpe egonen dira, eta horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuaren baimena lortu beharko dute, aipatu Foru Legearen 31 eta 32 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
2. Horretarako, Foru Dekretu honek ukitutako instalazioen proiektuek, eskatutako hirigintz dokumentazioaz gain, hurrengo alderdi hauei buruzko informazio zehatza eman beharko dute:
a) Instalatu beharreko euskarri motak.
b) Isolamendu sistemaren ezaugarriak.
c) Ebakidura agerian duten duten sekzionadore, transformadore eta etengailuen instalazioaren deskribapena, bai eta transformadoreena ere.
d) Ezarriz gero, hegaztiendako babesgailuen ezaugarriak eta non kokatu behar diren.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Ahalmena ematen zaie Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Kontseilariei Foru Dekretu hau garatzeko behar diren hainbat xedapen eman ditzaten.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunen hartuko du indarra.