Castellano | Euskara | Français | English
(2009ko 79. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 29an)
Atarikoa
Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legeak, otsailaren 23ko 197/2009 Errege Dekretuaren bidez garatuak, 20.1 artikuluan dioenez, langile autonomoek eskubidea dute lanbide elkarteak sortzeko, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta hori garatzen duten arauetan xedatutakoaren babesean, 20/2007 Legean aurreikusten diren berezitasunekin.
Bestalde, goian aipatutako estatutu-arauaren 20.3 artikuluak honakoa agintzen du: "Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 10. artikuluan ezarritakoa alde batera utzita, langile autonomoen lanbide elkarteek beren burua inskribatu eta beren estatutuak utzi behar dituzte erregistro berezi batean, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak horretarako ezarritako bulego publikoan, edo, elkarteak bere jarduera nagusia non egiten duen, hango autonomia erkidegoak ezarritakoan. Erregistro hori berariazkoa izanen da eta bulego publiko berean erregistratzen diren sindikatu, enpresa erakunde eta bestelako erakundeen erregistroetatik bereiziko da".
Azaldutakoaren argitan, hona hemen foru agindu honen xedeak: erregistro berri horren egitura eta funtzionamendu-arauak ezartzea eta hura erabiltzen ahal duten lanbide erakundeak, inskribatzen ahal diren egintzak eta horien erregistro-publizitatea arautzea.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroa sortu eta arautzea da. Erregistro hori Lan Autonomoaren Estatutua arautzen duen uztailaren 11ko 20/2007 Legean aurreikusita dago.
Erregistroaren ondorioetarako, langile autonomoen lanbide elkartetzat joko dira lege horren 1. artikuluan aipatzen diren pertsona fisikoek osatutako elkarteak, irabazteko asmorik ez badute eta haien helburua kideen lanbide interesak defendatu eta eginkizun osagarriak betetzea bada.
Aurrekoa ukatu gabe, irabazteko jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona juridikoak ere langile autonomoen lanbide elkarteetan sartu ahal izanen dira, baina halako kideak ez dira izanen uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 1. artikuluan aipatutako pertsona fisikoak diren kideen %10 baino gehiago.
Erregistroa Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari atxikia egonen da.
2. artikulua. Erregistroaren eginkizunak.
Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroak eginkizun hauek izanen ditu:
1. Nafarroako Foru Komunitateko langile autonomoen lanbide elkarteak eta langile autonomoen lanbide elkarteen federazio, konfederazio eta batasunak inskribatzea, betiere foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
2. Elkarteen sorrerako agiriaren edo estatutuen aldaketak, gobernu organoen aldaketak, bat-egite, xurgapen edo iraungipenak inskribatzea, eta, iraungitzen direnean, likidazioaren ondoren ondasunei emandako xedea jasorik uztea, bai eta kitapena ere.
3. Erregistroan dauden datuen ziurtagiriak luzatzea.
3. artikulua. Inskribatzen ahal diren entitateak.
Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean langile autonomoek eratutako lanbide elkarteak inskribatu ahal izanen dira Erregistroan, baldin eta beren jarduera batez ere Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten badute eta aldez aurretik bertako Elkarteen Erregistroan inskribaturik badaude.
Langile autonomoen lanbide elkarteek beren jarduera batez ere Nafarroako Foru Komunitatean egiten dutela ulertuko da baldin eta elkartekideen %50ek baino gehiagok Nafarroan badute helbidea.
Lurralde bereko langile autonomoen lanbide elkarteen federazio, konfederazio edo batasunak ere inskribatzen ahalko dira. Inskripzioa egiteko, entitate elkartuen zerrenda eman beharko da. Entitate horiek behar bezala inskribaturik egon behar dute kasuan kasuko langile autonomoen lanbide erregistroan.
4. artikulua. Erregistroan inskribatzea.
Erregistroan inskripzioa egiteko eskaera aurkeztu behar da, entitatearen ordezkariak edo eskuetsitako pertsonak sinatua, eta agiri hauek erantsi behar dira:
1. Elkartearen identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
2. Elkarteen erregistroak luzatutako ziurtagiria, entitate eskatzailea esleitu zaion zenbakiarekin inskribatuta dagoela adierazten duena.
3. Sorrerako akta, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 6.1 artikuluan aipatutako agiriak eduki beharko dituena, edo, egoki denean, Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria, estatutu indardunen kopia ziurtatuarekin eta entitatearen ordezkaritzaren frogagiriarekin batera.
Federazio, konfederazio eta batasunek, sorrerako aktarekin batera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, elkarte sortzaileen organo eskudunek entitatea eratzeko eta hura ordezkatuko duen pertsona fisikoa izendatzeko hartutako erabakiarena, hain zuzen ere.
4. Kideen zerrenda, kideen datu hauek bilduko dituena: elkartekide zenbakia, izena, deiturak, sexua, IFZ eta helbidea.
Federazio, konfederazio eta batasunek, berriz, barnean dituzten elkarteen zerrenda aurkeztu beharko dute. Horietako bakoitzaren kide-zenbakia, izena, helbidea, IFZ, eta biltzen dituen langile autonomoen izenak, helbideak eta IFZk jarriko dira zerrenda horretan.
5. artikulua. Inskripzioari buruzko ebazpena.
1. Eskaera aurkezturik, erregistro bulego publikoak aztertu eginen ditu aurkeztutako agiriak, kontuan izanik ea entitate eskatzaileak betetzen dituen aplikatu beharreko araudian eskatzen diren baldintza formalak, eta erregistroan inskribatu nahi den egintza kalifikatuko du.
2. Eskaerak edo erantsitako agiriek ez badituzte baldintzak betetzen, eskatzaileei 10 egun balioduneko epea emanen zaie akatsak konpontzeko, eta adieraziko zaie hala egin ezean eskaera bertan behera utzitzat joko dela, horretarako ebazpena eman eta gero, eta jarduketak artxibatu eginen direla.
3. Inskripziorako eskaerak baldintzak betetzen baditu, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko organo eskudunak ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, inskripziorako eskaera baietsitzat joko da.
4. Eskaera baietsi ondoren inskripzioa eginen da eta dagokion erregistro zenbakia esleituko zaio elkarteari.
6. artikulua. Aldaketen berri ematea.
Inskribaturiko elkarteetako organo eskudunek Erregistroari jakinarazi behar dizkiote, Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroak luzatutako ziurtagiriaren bitartez jakinarazi ere, inskribatuz geroztik gertatzen diren funtsezko aldaketa guztiak, batez ere helbidearen, zuzendaritza organoen eta estatutuen aldaketak.
Erregistroan inskribatuz gero, langile autonomoen lanbide elkarte, federazio, konfederazio eta batasunek, lau urtean behin, beren kideen zerrenda eguneratua igorri beharko dute, foru dekretu honen 4.4 artikuluan aipatutako datuekin.
7. artikulua. Ezeztatzea.
Erregistro honetan langile autonomoen lanbide elkarte, federazio, konfederazio eta batasunen inskripzioak ezeztatu eginen dira baldin eta haien kalifikaziorako baldintzaren bat betetzeari uzten bazaio, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskaturik, edo elkartearen IFZ indargabetzen bada, edo 4. eta 6. artikuluan aipatutako datuak igortzeko eginbeharra betetzen ez bada.
8. artikulua. Inskripzioaren ondorioak.
Langile autonomoen lanbide elkarteek Erregistroan inskribaturik ageri behar dute, haien erregistro-publizitaterako.
9. artikulua. Erregistro-publizitatea.
Hona hemen erregistro bulego publiko honek erabiliko duen publizitatearen ezaugarriak:
1. Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroa publikoa da haren edukia ezagutzeko legezko interesa duten guztientzat.
2. Idazpenen edukiaren ziurtagiria edo informazio ohar soila edo kopia eginez gauzatuko da publizitatea.
3. Ziurtagiriak bakarrik joko dira agiri publikotzat.
Lehen xedapen gehigarria. Langile autonomoen lanbide elkarteen estatutuak egokitzea.
Lan Autonomoaren Estatutuko lehen xedapen iragankorrean xedaturikoarekin bat, foru agindu honen 3. artikuluan aipatzen diren elkarteak, hortxe aipatzen diren profesionalek osatuak eta, Sindikatuetan elkartzeko eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 873/1977 Errege Dekretuarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Foru Komunitateko Sindikatu eta Enpresa Elkarteen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoan inskribaturik daudenak, hain zuzen ere, baliozkotutzat joko dira, baldin eta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta Lan Autonomoaren Estatutuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Lan Autonomoaren Estatutuak indarra hartu zuenean aginduzkoak ziren erregistro publikoetan inskribaturik zeuden elkarteek, aurreko idatz-zatian aipatutako baliozkotzea dela bide, ez dute inskribatu beharrik izanen inongo bulegotan, foru agindu honek sortutako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan izan ezik. Horrek ez du eragotziko estatutuak martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko xedapenetara egokitu behar izatea, hala denean.
Bigarren xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Komunitateko Sindikatu eta Enpresa Elkarteen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoan inskribaturik dauden langile autonomoen lanbide elkarteak.
Nafarroako Foru Komunitateko Sindikatu eta Enpresa Elkarteen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoan apirilaren 22ko 873/1977 Errege Dekretuari jarraikiz inskribaturik dauden langile autonomoen lanbide elkarteek foru agindu honetan xedaturikoa bete beharko dute berezitasun batzuekin. Errege dekretu hori Sindikatuetan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen babesean eratutako erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzkoa da. Hona hemen berezitasunak:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan aldez aurretik inskribatua izatea (foru agindu honen 3. artikulua) eta aldaketak jakinarazi beharra (6. artikulua) Sindikatu eta Enpresa Elkarteen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoari dagozkiola ulertuko da, eta bertan ezarritako betekizunak beteko dira.
b) Foru agindu honen 4.3 artikuluko betekizuna, sorrerako aktari buruzkoa, eta 4.2 artikuluko betekizuna betetzat joko dira langile autonomoen elkarteek nortasun juridikoaren ziurtagiria aurkezten badute, beren estatutuak gordailuan dituen Sindikatu eta Enpresa Elkarteen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoak luzatua.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.