Castellano | Euskara | Français | English
(1992ko 46. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 15ean)
Atarikoa
Nafarroako lurraldean, golf zelaien ezarpenari apirilaren 25eko 166/1991 Foru Dekretuak eman zion hasierako arau-esparrua.
Arauezko xedapen hori onartu zenetik iragandako denborak agerian utzi du oinarrizkoak eta beharrezkoak diren lurralde eta hirigintz baldintzak arautzeko erizpide berriak hartu beharra, Nafarroan golf zelaien garapen egokia ahalbideratzeko.
Lehenbizi, apirilaren 25eko 166/1991 Foru Dekretuan ezarritako administrazio prozedurak golf zelaien gaineko Proiektu Sektorialen funtsezko edukinetatik aparte uzten zuen etxebizitza izaerazko edozein proposamen, egun garatu gabe dagoen "udalez gaindiko hirigintz-arauteria" izenekoaren menpe jartzen zuela. Legearen hutsune honek, praktikan, turismoko etxebizitza aldeak golf zelaien inguruan eraikitzeko aukera eragozten zuen. Orain onetsitako Foru Dekretuak, ordea, egokien erizten diren etxebizitza iharduketak egokiro eta ordenatuki sartzeko bide ematen du, Lurzoruaren Legean jasotako hirigintz planeamendurako moduen bidez.
Bigarrenik, Foru Dekretu berriaren aurrikuspenak lurzoru urbanizagarria ere hartzen du, aurreko arauterian lurzoru ez-urbanizagarria baitzen aurrikusten zen bakarra.
Azkenik, arautze berri honek arauezko testo bati dagokion xehetasunez zehazten du zein den hirigintz plana izapidatzeko behar den dokumentazioa, eta zeintzu eman beharreko pausuak plana onesteko. Prozedura honen barruan nabarmentzen dira, batetik, prozedura sustatzean udalek izan behar duten berezko parte hartzea. Parte hartze hau aktiboagoa izanen da, aurreko arauezko testuan ikusitakoa entzutea ematera mugatzen zela kontuan hartuta; bestalde, behin betiko onespenean jarraipide batzu sartzen dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erabakiak hartzeko erizpideak eskualdearenak eta lurraldearenak direla ziurtatu ahal izateko.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamabiko martxoaren hogeitamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan golf zelaien ezarpena arautzea.
2. artikulua
Golf zelaiak lurzoru urbanizagarrian edo ez-urbanizagarrian ezarri ahalko dira, baldin eta azken honek nekazal produktibitate ertainaren edo generikoaren kategoria badu.
3. artikulua
Golf zelaiak ezartzeko bi prozedura mota hauetako bat eramango da:
a) Etxebizitza alderik aurrikusten ez denean, Plan Berezi baten bidez, bertan sartu ahalko direlarik golf zelaiari lotutako hotelak eta kirol instalazioak, hau da, igerilekuak, tenis pistak eta antzekoak.
b) Golf zelaiarekin batera etxebizitza aldeak aurrikusten direnean, Plan Partzial baten bidez, dagokion udal edo, hala behar denean, udalez gaindiko esparruko Arau Subsidiarioak edo Plan Orokorra garatzeko. Aurreko motan bezala, plan honetan iharduketari lotutako hotelak eta kirol instalazioak sartu ahalko dira.
4. artikulua
Golf zelaia arautuko duen hirigintz Planak aplikatu ahal den hirigintz legeriak eskatutako zehaztapenak ez ezik, ondoko hauek ere izanen ditu:
a) Aurrikusitako eraikinak, kokatuta dauden ingurunera oinarrizko mailan egokitzeko behar diren zehaztapenak. Nekazal ingurunean kokatuko diren eraikinak bertako arkitekturara egokituko dira.
b) Golf zelaiaren osoko azaleraren ehuneko 20a basoa sortzeko erabiliko da, eta mantenimendua zerbitzuaren kargura eginen da.
c) Ukitutako ubideen bazterrak apaindu eta berreskuratzeko behar diren neurriak. Ibaien kasuan ez da erabilera publikoa galeraziko.
d) Proiektuak eteten dituen bide publikoen jarraipena.
e) Iharduketaren kanpoko itxidurak barrukalderanzko ikuspegia ez mugatzeko moduan burutuko dira, eta ohizko itxidura sistemetara joko da, nekazal ingurunea denean, bertakoak.
5. artikulua
Planaren zehaztapenak hirigintz legeriak eskatutako dokumentuetan gauzatuko dira, bai eta ondoko hauetan ere:
a) Memoria, bertan zehaztuta:
-Zerbitzua sustatzen duen organo, entitate edo pertsona fisiko edo juridikoa, eta merkataritzako pertsona juridikoen kasuan, elkartearen osaketa eta Erregistro Publikoan duen inskripzioa.
-Kokatu nahi deneko eskualde edo udalerrian golf zelaia ezartzeko, lurraldearen antolamenduaren ikuspuntutik, dauden arrazoiak, turismo, ingurugiro, josteta aldetikoak edo bestelakoak.
-Udalerriaren barruan alde zehatz bat aukeratzeko erabili diren kokapen erizpideak.
-Planak mugatutako esparruaren zergatia.
-Planaren esparruan dauden balore eta baliabide naturalak, kulturalak edo historiko-artistikoak, deskribatu eta berauek babesteko hartu behar diren neurrien zergatiak.
-Hartutako hirigintz zehaztapenen zergatia, Planaren esparruan eraikuntz erabilera eta iharduketen erregularizazioari dagozkionean.
-Golf zelaia ezarri nahi deneko lur ez-urbanizagarrien kategoria edo kategoriak, lurraldearen babesa eta erabilerarako Hirigintz Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearekin bat.
b) Informazio eta eskala egokia duten planoak, eta bertan, gutxienez, ondoko hau jaso beharko da:
-Golf zelaiaren kokapena, 1:500 gutxieneko eskalan, dagoen udalerriaren arabera.
-Iharduketa burutu nahi deneko esparruaren egungo egoera eta eskala egokia, gutxienez 1:500, dauden elementu naturalak, eraikinak, azpiegiturak eta zerbitzuak eta beste edozein elementu interesgarri bereziki aipatuz.
-Dauden eta aurrikusten diren lan, zerbitzu eta instalazioen kokapena, eskala egokian, gutxienez 1:500, kokapenerako baldintzak betetzen direla egiaztatuz.
-Planaren esparruaren katastro egoera, jabe, azalera eta egungo erabileren zerrenda barne.
c) Proposamen-planoak, eskala egokian, ondoko alderdi hauek adierazten dituztena:
-Dagoen eta aurrikusten den ibilgailuendako sarbidea, dagokion lurzatia eta bide publikoaren artean behar bezalako sarbide erreza ziurtatzeko burutu behar diren mugimenduak adierazita.
-Azaleraren ordenamendua, plantan eta sekziotan, ondoko hau adieraziko delarik: burutu beharreko instalazio eta eraikinek finkan izanen duten okupazioa; eraikinen atzeraemanguneak, muga eta itxiturekiko; egin beharreko lur mugimenduak, hormak eta ezpondak; oinezko eta ibilgailuendako eta aparkalekuak ezartzeko azalera zolatuak; aparkatzeko tokien kopurua eta espazio libre, kirol eta berdegune, eta zuhaitzetarako azalerak, elementu horiek okupatzen dituzten azalerak xehekatuz.
Plano hauetan proiektatutako arrasapekoak ere azalduko dira.
-Honako zerbitzu hauek: ur hornidura, su-itzaltzea, saneamendua, energia elektrikoa, gasa, telefonoa, eta bestelako energiak; kanpo argiteria eta espedientean sartzen diren bestelako instalazioak.
-Planta, altxaera eta sekzio planoak, eraikinaren ezaugarri formal eta konstruktibo nagusiak, memorian deskribatzen direnak, eskematikoki agertzen dituena. Ezaugarri horiek alde horretako ezaugarriei lotuko zaizkie. Era berean, informazio eta seinaleztapen elementuen ezaugarriak ere agertuko ditu.
Planoetan planta bakoitzaren sestra kotak, aukeratutako +-0,00 kotaren araberakoak, adieraziko dira.
d) Planaren esparruan dauden natura eta hiri baloreak babesteko arau eta erizpideak, bai eta erabilera eta iharduketak erregulatzeko arauteria.
e) Aurrikuspen ekonomikoak, urbanizazio, zerbitzu eta eraikin edo zaharberritu beharreko eraikinetarako kotak xehekatuz.
f) Lanak burutzeko egutegia.
g) Etxebizitzagunerako sarbide publikoa ez eragozteko erabakia, egoki erizten diren zainketa neurriak ezartzearen kaltetan joan gabe.
6. artikulua
1. Plana izapidatzeko prozedura ondoko hau izanen da:
A) Sustatzailearen eskabidea, ondoan aipatzen diren aldeko txostenak jasotzeko:
-Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarena, Planak errepidean edo gainerako komunikazio bideetan izan ditzakeen lotura edo ukipenei buruzkoa.
-Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena, Planak ukituko balu balore historiko, kultural edo artistikoak dituen etxeren bat.
-Eskumeneko erakundearena, adieraziz, golf zelaia kokatu nahi deneko aldean dauden edo lehentasunezkoak diren ihardueretan hutsuneak sortu gabe, zerbitzua hornitzeko adinako ur-baliabideak daudela.
-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuarena, herrilurrak ukitzen direnean.
Txosten hauen ondoriozko zehaztapenak Plan honetan sartuko dira. Txosten hauetako baten bat faltan badago, Udalak sustatzaileari eskatuko dio berau sartzeko, Planaren izapidatzea eten eginen delarik. Txosten horiek onartu gabe sei hilabete iraganik, espedientea artxibatuko da beste izapidatzerik burutu gabe.
B) Golf zelaia kokatu nahi deneko udalerriko Udalak emandako hasierako onespena.
Hala ere, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari egokituko zaio ondoko honen hasierako onespena:
-Udalerri bat baino gehiago ukitzen dituzten plan partzial edo bereziak.
-Udalez gaindiko Arau Subsidiarioen aldaketa, Plan Partziala edo Plan Berezia garatu ahal izateko beharrezkoa denean.
C) Plana jendaurrean jartzea hilabeteko epean, erabakiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hasita. Era berean, prentsan iragarki bat argitaratuko da.
Jendaurrean jartzeko, banaka deituko zaie Planaren barruan dauden lurren jabeei, eta horretarako sustatzaileak ukitutako jabeen eta haien helbideen zerrenda aurkeztuko du.
D) Plana hasiera batez onetsi zuen Administrazioaren behin-behineko onespena.
E) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak emandako behin betiko onespena. Organo honek ordenamendua hobetzeko behar diren baldintza eta zuzenketa neurriak ezarri eta dokumentazio egokiena eskatu ahalko du.
Hirigintz planeamendua behin betikoz onesteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskualdeko ikuspegi batetik baloratuko ditu golf zelaiaren ezarpena edo, hala behar denean, etxebizitzetarako proposamena, eta haien kokapena eta intentsitateak.
2. Golf zelaiaren ezarpena lurzoru ez-urbanizagarrian izapidatuz gero, Plan berezi baten bidez, Planaren behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak izango dituen ondorioak dira Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak lurraldea babestu eta erabiltzeko Lurraldeko Hirigintz Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 31. artikuluari jarraikiz lurzoru ez-urbanizagarrian ematen dituen hirigintz baimenek dituzten berberak, ingurugiroa babesteko iharduera sailkatuaren espedientea izapidatzea ezertan galerazi joan gabe.
7. artikulua
Hirigintz probetxamunduaren portzentaiaren legezko lagapenak golf zelaia kokatzen deneko Udalari edo Udalei dagokie, soilik etxebizitza iharduketen ordenamendurako Plan Partzialaren bidez burutzen den kasuetan.
8. artikulua
1. Behar den espedientea izapidatu baino lehen, interesatuek eskatu ahalko diote, beti ere idatziz, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari, golf zelaia ezartzeko lur baten egokitasunari buruzko informazioa.
2. Eskabideak lurra identifikatu beharko du, zein udalerritan eta udalerri horren barruan zein tokitan dagoen adieraziz, haren kokapena eta egitatezko gainerako gorabeheren inguruan inolako dudarik sor ez dadin. Era berean, ezarri nahi den iharduera burutzeari dagozkion datuak behar bezala deskribatuko dira.
3. Beharrezkoa balitz, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak eskatzaileari eskatu ahalko lioke lehen aipatutako puntuetako baten bat osatu edo argitzeko, eskatutako informazioa eman ahal izateko, beharrezkoa balitz.
4. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuarengandik lurraren hirigintz egokitasunari buruz eskatutako informazioa jasotzeak ez du esan nahi, inolaz ere, golf zelaia ezartzeko baimena eman denik, eta Departamentu horrek luzatutako informazioaren edukinak ez du eraginik izango golf zelai horren baimenari buruzko behin betiko erabakian.
Xedapen Iragankor Bakarra
Apirilaren 25eko 166/1991 Foru Dekretuaren babesean ezartzen hasi diren golf zelaien espedienteen sustatzaileek aukera izanen du izapidatzea aipatu Foru Dekretuari jarraikiz bukatzeko edo Foru Dekretu honen aurrikuspenei atxikitzeko.
Xedapen Derogatzaile Bakarra
Xedapen Iragankorrean araututakoaren kaltetan joan gabe, apirilaren 25eko 166/1991 Foru Dekretua indarrik gabe gelditzen da.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa
Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari ahalmenak ematen zaizkio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.