Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1993ko 34. NAOn argitaratua, martxoaren 19an. Aldaketak: 5/1998 Foru Legea, apirilaren 27koa; 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa; 8/1994 Foru Legea, ekainaren 21ekoa; 9/1996 Foru Legea, ekainaren 17koa)
Zioen Adierazpena
Gizartearen sektore zabalek ingurugiroa zaindu eta berreskuratzeko duten kezka eta kontzientziazioa egunean egunean handituz joateak ekarri du ingurugiro arloko funtsezko nondik norako guztien hedapen ikaragarria.
Ingurugiroa zer den zehazteak ere bilakaera sakon eta dinamikoa ezagutu du, bere barnean zenbait disziplina gorde duelarik. Guzti honen ondorioz, ustezko kasu, diagnostiko, administrazio teknika eta politika sektorialen aukera ugariak eta desberdinak osatu dira.
Ez da harrigarria, beraz, gizakia bizi deneko ingurugiroa zaintzeko ardura nagusia agintari publikoek bereganatzea, bai eta komunitate zientifikoak eta gizartearen mugimenduek planteiaturiko aferei erantzutea ere, izan ere kolektibo hauek eskatzen baitute garapen sozioekonomikoari behar bezala heltzea baina gure habitatak jatorrian zituen baldintzak urritu gabe.
Nola gizarteak hala instituzioek bere gain hartu duten ingurugiro nozioak zeharo gainditzen du aitzinean zegoen hasierako helburua, alegia, gizakiak sortutako ekoizkinetarik, osasunerako kaltegarriak izan daitezkeenak desagerteraztekoa, eta gaur egun, askoz ere ikuspuntu orokortzaileagoaren laguntzaz, Naturak merezi duen kontsiderazioa eta begirunea biltzen ditu. Egun, Natura, gizakiaren bizi-ingurunetzat hartzeaz gain, kosmos antolatu eta orekatuaren izaera ere aitortzen zaio, bertan, norbanakoa, dagoen lekuan lorratz ezabagaitz negatiboak utzi gabe beste edozein elementu gisa kokatu behar delarik. Zaharkiturik geratu diren teoria doktrinalek, gizakia lurraren erabateko errege, jaun eta jabetzat hartzen dutenek, egun bide ematen diote beste ikusmolde bati, eta horrela, gizakia Naturan eta Naturarekin bizi behar den biosferaren subjektu aktibo eta funtsezkotzat jotzen dute.
Biosferaren etorkizunarekiko izan behar den adeitasun hori, gizartearen edozein sentsibilitate motari galda dakiokeena, halaber, elkarren osagarri diren bi portaeraren ikuspegitik aztertu behar da: bata, basa bizitza gerizatzeko funtsezko lurraldea osatzen duten habitat natural eta erdinaturalei begirunea izan beharra aldarrikatzen duena; eta bertzea, ekosistemetan basa eran bizi diren animaliak zaintzeko arreta ezartzen duena.
Ingurugiroaren politika orokortzailea, hots, basa faunaren nahiz berezko habitaten bioaniztasunaren mantenimendua eta hobekuntza batzen dituen atal hori, da hain zuzen ere Foru Lege honen xede nagusia. Izan ere, legearen helburu behinena da, Foru Komunitateko mendi, landa, baso eta ibaietan hezi gabe bizi diren animalien aberastasuna eta haien habitata babestea, hori gabe ezinezkoa bailitzateke espezieen bizitza gerizatzea.
Hori dena Estatuaren nahiz Europako Elkartearen antolamendu juridikoari loturik erabat.
Foru Lege honek helburu bikoitza du: batetik, Nafarroako basa fauna egokiro babestea; eta bestetik, babesturik ez dagoen faunaren probetxamendua, ehizakoa nahiz arrainena, antolatzea. Babesturik ez dagoen fauna hau natur baliabidetzat jotzen da, gizakiak zentzuz erabil dezakeena.
Foru Lege honi esker, Nafarroako Foru Komunitateak baliatzen ditu, aldez, ingurugiro eta ekologia arloan lege garapenari ekiteko dituen ahalmenak, Estatuko legeetan agertzen diren babespen arauekiko behar diren arau osagarriak ezartzen dituelarik, eta aldez, ehiza, ibaietako eta aintziretako arrantza eta uretako haztegiei buruzko bete-beteko eskumenak ere bai, foru erregimanern eskutik heldu baitira.
Foru Legearen I. Tituluak arlo honetan orokortasunez aplikatu beharreko xedapenak biltzen ditu, eta Nafarroako Gobernuari eta Tokiko Entitateei agintzen die, basa fauna Komunitate osoaren ondarea den heinean, berori babesteko behar diren neurri guztiak har ditzaten, bereziki Nafarroako espezie autoktonoen kasuan.
Legearen II. Tituluak zehatzago eta arreta handiagoz arautzen du basa faunaren babesa, eta horretarako ezarri ditu giza ihardueretan behar diren mugak eta debekuak, eta bestalde salbuespen logikoak, arau honen aplikazioaren begiralea den Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren kontrolaren menpean daudenak. Titulu honen barnean, babes publikoaren behar handienak dituzten espezieen kontserbazioaren aldeko neurriak aurrikusi dira, eta horretarako, Arriskuan dauden Espezieen Katalogoa sortu da, Estatukoaren osagarria dena eta inguruko administraziokoekin elkar-loturik dagoena. Horrekin batera, basa fauna babesteko eremuen sarea sortu da eta Nafarroako Gobernuari ahalmenak ematen zaizkio sare hori zabaltzeko haren berezko habitatak gerizatzeko.
Foru Lege honen III. Tituluan, faunaren probetxamenduak antolatzeko erregimena ezarri da, bereziki kirolerako ehiza eta arrantzari dagokionez. Orohar, Estatuko antolamenduan zeharo erabiliak izan diren administrazio teknikak hartu dira, hala nola, debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, Ehiza eta Arrantza Antolatzeko Planak galdatzea, harrapa daitezkeen espezieen gaineko urteko kontrola, eta probetxamendu horretan aritzeko gaitasuna ematen duen lizentzia aldez aurretik lortzeko beharra. Lizentzia honen nondik norakoak, funtsean, Naturguneak eta Basa-Flora eta Fauna zaintzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legeak dioenari lotu zaizkio.
Asmo orokortzaile horrekin bat, Foru Legeak ehiza arautu du, berau faunaren zaintzarekin bateragarri gerta dadin. 1970.eko Legean ezarritako erregimenean ez bezala, antolamendu zentzuzko eta egokiagoa eskuratzeko xedez, Foru Legeak berbideratu du Tokiko Entitateek edo partikularrek horretarako ezarritako barrutiaren barnean egiten den ehiza. Barruti horiek behar adinako neurriak izan behar dituzte kudeaketa burutzeko, eta aldi berean, lehenagotik ehiza-erregimen amankomunik zuten lurretan alde batera utzi du probetxamendu-ahalbidea. Lurraldea zein den, ehiza hala ulertzeko modu berri honen bidez, aipaturiko martxoaren 27ko 4/1989 Legearen 33.2 artikuluan agertzen den agindua hertsiki bete da. Xedapen horren arabera, Administrazio eskudunari behartzen zaio zehaz dezan ehiza-iharduera zein lurretan egin daitekeen.
Arrantzaren arauketak, orohar, egungo nondik norakoetan dirau. Alabaina, Nafarroako Gobernuko titularitatepeko barrutien kudeaketa Arrantzako Kirol Elkarteei lagatzea aurrikusi da zenbait baldintzetan. Legeak, iharduera honi dagokionez, urari buruzko legeriari men egiten dio, eta planteiatzen diren aurrikuspenen bitartez behar diren arau-armonizazioa eta administrazio-- koordinazioa bilatu nahi ditu.
IV. Tituluak Foru Lege honen aurkako arau-hausteak sailkatu eta zehatzen ditu, beti ere, Administrazioak duen Zehapen Eskubidearen printzipio gaurkotuenak, Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Oinarrizkoaren Erregimen Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean bildu direnak, hertsiki betez. Legeak dituen berritasun handienen artean nabarmentzen da basa faunaren eta haren habitaten babesari nahiz ehiza eta arrantzan aritzeari dagozkien hiru arau-hauste moten tipifikazioa, martxoaren 27ko 4/1989 Legearen oinarrizko jarraibideekin bat eginez; basa faunaren eta haren habitaten babesari nahiz ehiza eta arrantzan aritzeari dagozkien zehapenen taula bikoitza ezartzen da, bi esparru hauen gainean Nafarroako Foru Komunitateak duen bete-beteko eskumena garatuz Estatuan finkaturiko administrazio prozedura oinarrizkoen esparruaren barnean, zehapen prozedura bizkorragoa artikulatzea, eta ondorioz, eraginkorrago bilakatzea, izan ere, horrela, honen aplikazioak entzuna izateko eta egoki erizten diren alegazio guztiak aurkezteko eskubidea erabat bermatzen du; zehapenen iraungipen epea luzatzea, legegilea konturatu baita egun faunari egiten zaizkion kalteek gizartean oihartzun handiagoa dutela; zehapenak urritzea baldin eta arau-hauslea bat badator, horretarako kontutan hartuta Konstituzioan arlo honi dagokionez biltzen den dotrina; eta larritasun handiena duten arau-hausteen zehapenak argitaratzea. Aipaturiko bilduma honek segurtasun juridikoa ekarriko dio administratuari. Foru Legeak, gainera, orok ingurugiroa zaintzeko dugun eskubidea aitortzen du, eta bidenabar, izaera orokorrez adierazten du edozeinek eskubidea duela Administrazio Publikoei legezko manuak beteko ditzaten galdatzeko.
Azkenik, V. Tituluak, Foru Lege hau bete dadin, ekonomian behar den eragina duten neurriak aurrikusi ditu, berauek Nafarroako Aurrekontu Orokorretan berariz agertu beharko dutelarik.
Bukaeran, legeak beharen den erregimen iragankorra ezartzen du, iharduera ezberdinak lege antolamendu berriari egokituko zaizkiola bermatzeko. Haren barnean agindu bikoitza ematen zaio Exekutiboari, erran nahi baita, behar diren modu eta epeetan, Berezko Habitatei buruzko Lege Proiektua aurkez dezan, ingurugiro politikaren bi eremu funtsezko diren flora eta ibaietako ekosistemetara mugatuz oraingoan, eta horrez gain, baita ere Urbasa-Andia, Bardeak eta Mendebal Pirinioa Natur Parke deklaratzeko behar diren erabakiak har ditzan.
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua
1. Foru Lege honen xedea honako hau da:
a) Nafarroako basa fauna babestu, zaindu, hobetzea eta kudeatzea.
b) Berezko habitatak babestu, zaindu, hobetu, antolatu eta kudeatzea, basa faunarekin zerikusia duen arlo guztietan.
c) Basa faunaren probetxamenduak antolu eta kudeatzea, beti ere, aurreko helburuekin bat etorriz.
2. Beraz, Foru Lege honen arauketatik kanpo geratzen dira etxabere lagunak, haragi, larruazal edo gizakiarentzat erabilgarria den edozein ekoizkinetarako hazten diren animaliak, bai eta zama-abereak, nekazaritzan lan egiten dutenak eta zientzia arloko erakundeek esperimentazioa egiteko erabiltzen dituztenak ere.
2. artikulua
1. Nafarroako Administrazio Publikoek Bioaniztasunak iraun dezan begiratuko du eta horretarako basa fauna, bereziki espezie autoktonoak, eta horien berezko habitatak zaintzeko beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, Foru Lege honetan ezarritakoarekin bat.
2. Basa fauna eta horren berezko habitata babestu, zaindu eta hobetzeko ekintzek honako hauek bilduko dituzte: fauna eta habitata sustatzeko harturiko ekinbideak eta haien biziraupen, kontserbazio edo berreskurapenerako arriskugarri izan daitezkeen iharduera eta jarrerei aurrea hartzekoak eta horiek desagertzekoak.
3. Tokian berean egin beharreko babes horrez gain, Nafarroako Gobernuak basa faunatik etorritako baliabide genetikoak zaintzeko planak ere prestatuko ditu, arriskuan dauden espezieak inguruaren egoera aldakorrei egokitzeko asmoz, hala nola izurriteak, eritasunak, klima aldaketak eta kutsadura.
4. Kirol Federazioek, natura babesteko elkarteek eta pertsona fisiko zein juridikoek Foru Lege honen helburuak bete daitezen lagundu ahal izanen dute.
5. Halakorik eginen balitz, irabazteko asmorik gabeko entitate edo pertsona juridikoek egin edo finantzatutako iharduketa horiek interes sozialekoak deklaratuko dira eta ezarrita dauden onura fiskalak jasoko dituzte.
3. artikulua
Hona hemen, Foru Lege honen ondorioetarako, zenbait kontzepturen azalpena:
a) "Basa fauna": Lurralde honetan basa eran bizi diren espezie, subespezie, populazio eta gainerako animaliak. Foru Lege honen aplikazio eremutik at gelditzen dira, beraz, etxeko animaliak eta behar bezalako baimena izanik, haztegietan edo esperimentazio zientifikorako hazten direnak.
b) "Berezko habitatak": Beraien ezaugarri geografiko, abiotiko edo biotikoak direla eta, ongi bereizitako eremuak, lurrezkoak nahiz uretakoak, oso-osorik naturalak izan ala erdinaturalak izan.
c) "Espezie baten habitata": Berariazko faktore abiotiko edo biotikoek mugatutako ingurua, espezieak bere ziklo biologikoaren fase batean edo guztietan bizitokitzat hartzen duena.
d) "Babesa, zaintza eta hobekuntza": Basa faunako espezieen populazioak eta berezko habitatak egoera egokian mantentzeko edo ezartzeko beharrezko diren neurriak, Foru Lege honen Bigarren eta Hirugarren tituluetan aurrikusitakoaren arabera.
e) "Basa fauna edota horren habitaten probetxamendua": faunaz edota horren habitataz baliatu edo jabetzea, beti ere Foru Lege honetan aurrikusitakoarekin bat etorriz.
4. artikulua
1. Administrazio Publikoek basa fauna zaintzearen alde eginen dituzten iharduketak honako irizpide hauetan oinarrituko dira:
a) Espezie bakoitza bere habitat berezkoan gerizatzeko neurriei lehentasuna ematea, honez gain, habitat horretatik kanpo neurri osagarriak ezartzeko ahalbidea kontutan hartuko delarik.
b) Bertakoak ez diren espezie, subespezie edo arraza geografikoen sarrera eta ugariketa ekiditea baldin eta haiekin lehian aritu, garbitasun genetikoa ukitu edo desoreka ekologikoa sortu ahal badute. Halaber, bertako espezieak beraiei ez dagozkien habitatetan sartzea ekiditea.
c) Bertako espezie eta subespezie endemikoei, oso ale gutxi edo banaketa-eremu txikia duten espezieei, migrariei eta berariz legezko babesa dutenei lehentasuna ematea.
d) Sustatzen diren iharduera eta iharduketek berezko habitata zaintzen ote duten begiratzea, hori babestu, berreskuratu edo hobetzeko arriskurik egon daitekeen kasuetan.
e) Basa fauna eta horren berezko habitata babestu, zaindu eta hobetzeko asmoz egiten diren iharduketa publiko eta pribatuak sustatzea eta horien kontrola eramatea.
f) Foru Lege honen helburuak bete daitezen, gizartearen laguntza bultzatzea.
g) Desoreka ekologikoa ekartzen duten egoerak (muga ekologikoak, bestelakatu edo hondatutako habitatak, kontrolik gabeko isurketak, e.a.) desagertarazteko beharrezko diren neurri zuzentzaileak hartzea.
2. Basa fauna ikuskatu, begiratu, babestu eta kontrolatzea Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari dagokio, eta honek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gainontzeko organoekin eta gainerako Administrazio Publikoekin behar diren koordinazio bideak sustatuko ditu.
3. Toki Entitateek, nork bere eskumenen esparruan, Foru Lege honek dituen helburuak bete daitezen lagunduko dute.
5. artikulua
Basa animaliak denonak dira eta, beraz, horien gainean ezin izanen da inolako jabetzarik izan, ez fisikoa ez juridikoa, salbu eta administrazio baimena dagoen kasuetan, Foru Lege honek eta hau garatzen duten xedapenek ezartzen duten moduan.
6. artikulua
1. Foru Lege honen ondorioetarako, Nafarroako ekosistemetan berez eta basa eran bizi eta ugaltzen diren espezieak bertako faunatzat hartuko dira, baldin eta, Nafarroako lurraldea bada berezko banaketa eremuaren zatia edo migratzekoa. Horien barnean, negupasa dauden espezieak edo pasakoak eta, arestian aipatu egoeraren batean izan eta egun Nafarroan galdutzat eman diren espezieak sartuko dira.
2. Bertako ez den faunaren (aloktonoa) barnean, Nafarroako jatorrizko espezieen berezko habitatetan sartutako animaliak daude.
3. Foru Lege honek xedatutakoa galarazi gabe, bertako ez den fauna, Espainiako Estatuak izenpeturiko Hitzarmen eta Nazioarteko Tratatuek, Europako Komunitateko xedapenek eta Estatuko legeriak agintzen duten arabera babestuko da.
II. TITULUA. BASA FAUNAREN ETA HAREN HABITATEN BABESA
I. KAPITULUA. Mugak eta debekuak
7. artikulua
Basa fauna Nafarroan babesturik dagoela deklaratzen da, beraz, basa fauna ukitu edo ukitu ahal duten iharduerak Foru Lege honen eta hau osatu edo garatzen duten xedapenekin bat zehaztuko diren muga eta debekuen menpean burutuko dira.
8. artikulua
1. Debekaturik dago basa animaliak, nahita, hil, mindu, zirikatu, jarraikatu edo urduritzea, animalia horiek bizirik harrapatzea eta haien nahiz maila beheragoko subespezieen larba, arraultze edo kumeak biltzea. Era berean debekaturik dago, beren kabi, kume-zulo eta ugalketa, negupasa eta atseden-eremuak bestelakatu eta hondatzea.
2. Halaber, debekaturik dago ale bizi edo hil edo beren zatiak eduki, naturalizatu, trafikatu eta salerostea, bai eta inportatu, esportatu, salmentan jarri eta jendaurrean erakustea ere.
3. Aurreko ataletan xedaturikoaren aurka jotzen duten iharduerak Foru Lege honen Hirugarren Tituluan xedaturikoaren arabera gauzatuko dira, deusetan galerazi gabe katalogotik at dauden espezie jakin batzuen ohizko probetxamenduak.
4. Agintaritzaren ordezkariek, badaezpadakoan, geldiaraziko dituzte artikulu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten iharduketa guztiak, eta Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari berehala horren berri emanen.
II. KAPITULUA. Baimenak
9. artikulua
1. Beste konponbide hoberik ez badago eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldez aurreko baimena ematen badu, 8. artikuluko debekuak indarrik gabe geratuko dira, honako inguruabarretako bat biltzen denean:
a) Horiek aplikatzearen ondorioz, pertsonendako osasun eta segurtasunean kalterik gertatzen bada.
b) Horiek aplikatzearen ondorioz, arriskuan dauden espezieentzako kalteak gertatzen badira.
c) Beste espezie, nekazaritza, abeltzaintza, baso, mendi, ehiza, arrantza eta ur-kalitatearentzako kalte nabariei aurre hartu behar zaienean. Kasu hauetan, baimena apartekoa izanen da, eta beroni denbora mugatua ezarri beharko zaio. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak eskatzaileari aldez aurretik eskatu ahal izanen dio txostena, bertan, egin beharreko harrapaketa mugatuko ekimenak animalien kopurua, beren banaketa geografikoa edo espezieak Nafarroan duen ugaltze-lana arriskuan jarriko ez dituela frogatuko delarik. Harrapaketak dirauen bitartean, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak kontrolatuko du iharduera hori.
d) Zientzia, hezkuntza edo kultura arloko ikerketa, birpopulaketa edo espeziea berriz sartzearen arrazoiak direla eta, edo gatibutzan hazteko nahiz basa fauna berreskuratzeko hala behar denean. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak eskatzaileari galdatu ahal izanen dio txostena, espezieak Nafarroan duen egoerari buruzkoa. Nolanahi ere, zientzia edo ikerketarako egiten diren laginketak biltzeko baimena, Unibertsitate, Entitate eta izaera zientifiko, pedagogiko edo kultural aitortua duten Elkarteek behar bezala egiaztatzen dituzten pertsonei besterik ez zaie emanen.
e) Erabat kontrolaturiko egoeretan eta ohiko metodo bereizgarrien bidez, pagausoa zuhurki harrapatu, eduki edo edonola ere ustiatzea ahalbidetzeko, espezieen iraupena bermatzeko behar diren mugak muga.
2. Administrazio baimenaren ordez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak animaliak harrapatu eta hiltzeko baldintza eta baliabideak arautzen dituzten xedapen orokorrak eman ahal izanen ditu. Aipatu xedapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.
3. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, berak erabakitzen dituen baimenak jakinaraziko dizkio Ingurugiro Ministerioari, horrek, artikulu honetako 2. idazatian aurreikusirikoaren arabera, ondoren Europako Erkidegoetako Batzordeari jakinaraz diezaion.
10. artikulua
1. Aniztasun genetikoa bermatzeko edo oreka ekologikoen bestelakatzea ekiditeko xedez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aldez aurreko administrazio baimena beharko dute honako egintza hauek:
a) Bertakoak ez diren espezieak sartu, hazi, lekuz aldatu eta jare uztea, bai natur ingurunean sartzeko kasuan, nola ustiapen ekonomiko edo erabilpen zientifikoetan.
b) Bertakoak ez diren espezie bizi nahiz hilak, bai eta haien kumeak, arraultzak, zatiak eta horien eratorriak ere harrapatu, eduki, disekatu, salerosi, trafikatu eta jendaurrean erakustea, baldin eta Espainian indarra duten Tratatu eta Nazioarteko Hitzarmenek eta Europako Komunitateko xedapenek espezie babestuak direla deklaratzen badute.
c) Espezie autoktonoak sartu, hazi, lekuz aldatu, eraztuna jarri, markatu eta jare uztea, bai eta galdutako espezieak berriz sartzea ere.
d) Zientzia, zabalkunde, argitarapen, kirol edo beste maila bateko xedeetarako behar bezala egiaztaturik diren pertsonek arriskuan dauden espezieak behatu, filmatu eta garraiatzea. Nolanahi ere, galzorian dauden espezie bezala katalogaturik dauden animaliak edo beren habitat bestelakatzean eraginerrazak direnak behatzea debekaturik dago gutxieneko distantziatik baino hurbilago kokaturik dagoen postu finko batetik. Distantzia horren neurketa hazkune, kontzentrazio migrari, negupasako leku, mudategi, lo-toki eta beraiek elikatzeko ezarritako lekuetatik eginen da, eta kasu bakoitzerako zehaztuko.
e) Foru Lege honek animalien harrapaketa baimenduan debekaturiko metodo eta baliabideak erabiltzea.
f) Babesturik ez dauden zenbait espezie, erabateko kontrolpeko baldintzetan eta selektiboki, harrapatu, gatibu izan edo ustiatzea.
g) Basa faunaren habitatetan eraginik edo aldaketa nabarmenik ekartzen duten edo ekar dezaketen iharduketak, Foru Lege honetan ezarritako eran.
11. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak Foru Lege honen 9. eta 10. artikuluek aipatzen dituzten administrazio baimenak emanen ditu, eskabidea egin eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, eta epe hori iraganik, ixiltasun administratiboaren bidezko ukapena dagoela ulertuko da.
2. Administrazio baimenak honako hau zehaztu beharko du:
a) Kasuko espezieak eta Nafarroan duten egoera.
b) Baimenduriko baliabide, sistema eta metodoak, eta horiek erabiltzeko arrazoiak.
c) Noiz eta non eginen den.
d) Kontrol sistemak, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak erabiliko dituenak.
e) Ekimenaren helburua edo arrazoia, bai eta arriskua zein motatakoa izanen den.
f) Bildu eta tratatu nahi den gehieneko ale kopurua.
g) Ekimena gauzatzeko ardura izanen duten pertsona kualifikatuak.
3. Kasu guztietan, iharduera bukatutakoan, baimena eskuratu duenak Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuan, adieraziko zaion epearen barnean txostena aurkeztu beharko du, bertan, lorturiko emaitzak, erabilitako alde kopurua eta intereseko inguruabar guztiak zehaztu beharko direlarik.
12. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, baimenarekin batera, ezarri ahal izanen ditu basa faunaren babesa bermatzeko kasu bakoitzean egoki erizten diren baldintza partikularrak.
2. Xede horretarako adierazitako epearen barnean erabili beharko dira baimenak, eta hura iraganik, ez dute indarrik izanen eta eraginik gabeko bilakatuko dira, salbu eta berariz luzatzen badira.
13. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, basa fauna babesteko eremuetan espezie babestuekin zerikusirik duten iharduerak burutzeko baimenak emateko orduan, xede honetarako finkatuko den fidantza eskatu ahal izanen du, eginen den ihardueraren araberakoa izanen dena.
2. Baimenduriko iharduketa zuzen burutu dela frogatu ondoren edo hura burutzeari ukoa aurkeztutakoan fidantza itzuli eginen da. Lehen kasuan, halakorik bada, eskatzaileak egin ditzakeen elorrioengatik eta izan litzakeen erantzukizunak direla eta ordaindu beharreko kopuruak kenduko zaizkio fidantzari.
3. Fidantza itzultzeko eskubideak indarra galduko du, itzulketa bidezko den unetik beretik bost urte iragan artean eskatzen ez bada.
14. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak ikuskaketak eta azterketak burutuko ditu, nola baimenduriko iharduera egiten den bitartean, hala hura bukatutakoan ere.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuko agenteek, berme gisa, behar ez den bezala burutuko den edozein iharduketa geldiarazi ahal izanen du. Ondoren eta berehala, Departamentuari jakinaraziko dio, eta honek, hamabost eguneko epearen barnean bidezko den ebazpena emanen du, eta behar izatekotan, aldi baterako etetea sinatu ere.
III. KAPITULUA. Basa Faunako Ornodunen Erregistroa
15. artikulua
1. Nafarroako Basa Faunako Ornodunen Erregistroa sortu da, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren menpean, eta bertan sartuko dira Nafarroako gaur egungo basa faunako espezie, subespezie eta populazioak. Hor sartuko dira, baita ere, galduta dauden espezie autoktonoak eta baimenaren bidez ekarritako aloktonoak.
2.Nafarroako Basa Faunako Ornodunen Erregistroaren eredu, prozedura eta kontrola arau bidez garatuko da, Foru Lege hau onesten denetik hasi eta gehienez ere urtebeteko epearen barrenean.
Nafarroan arriskuan dauden espezieak
16. artikulua
Nafarroan honako hauek joko dira arriskuan dauden espezietzat:
a) Arriskuan dauden Espezieen Katalogo Nazionalean sartuta daudenak.
b) Arriskuan dauden Espezieen Nafarroako Katalogoan sartuta daudenak.
c) Espainiako Estatuak izenpeturiko nazioarteko akordioetan horrela deklaratu direnak.
17. artikulua
1. Arriskuan dauden Espezieen Nafarroako Katalogoa sortu da, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren menpekoa izanen dena. Katalogo horren barnean sartuko dira, basa faunako espezie, subespezie edo populazioak.
2. Espezie, subespezie edo populazio zehatzen bat Arriskuan dauden Espezieen Nafarroako Katalogoan sartu edo kanpoan uzteko, edo horren barnean sailkapena aldatzeko, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak hala proposaturik eta, Nafarroako Ingurugiro arloko Aholkularitza Kontseiluaren aldez aurreko txostena ikusirik, burutu beharko du ekimena, eta hilabete bat iragan baino lehen Foru Dekretuaren bidez ebatzi. Foru Dekretu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Halaber, beste Administrazio Publiko edo Erakunde batzuek eta beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek eskaturik, hasiera eman ahal izanen zaio aipatu prozedurari. Eskabideak behar bezain arrazoiturik beharko du izan, eta horrekin batera, teknika nahiz zientzia arloko argibide zurigarri guztiak erantsi eta, zientzia nahiz kultura munduan izen aitortua duen pertsona fisiko nahiz juridikoren batek abalatu beharko du.
3. Arriskuan dauden Espezieen Nafarroako Katalogoak, espezie, subespezie edo katalogaturik dagoen populazio bakoitzerako honako datu hauek bilduko ditu, gutxienez:
a) Izen zientifikoa eta bere izen arruntak.
b) Zein kategoriatan dagoen sailkaturik.
c) Ukituriko populazioaren tamainuari buruzko datu aipagarrienak, berezko banaketa-eremua, ezaugarriz dagozkien habitaten deskribapena eta kontserbazio egoera eta haien beraien edo beren habitaten kontserbazioaren gainean, alde nahiz aurka, eragiten duten faktoreak.
Nafarroako espezieak inguruko lurraldeetakoarekin dituen harremanei buruzko datuak ere sartuko dira.
d) Babeserako egoki erizten diren debeku eta iharduketak.
4. Arriskuan dauden Espezieen Nafarroako Katalogoan agertzen diren datuak eskuratuko zaizkie, alde batetik, Estatuko Administrazioko organo eskudunari, beronek, bidezkotzat joz gero, Arriskuan dauden Espezieen Katalago Nazionalean sartu ahal izateko, horrela agintzen baitu Naturguneak eta Basa-flora eta fauna zaintzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legearen 30.1 artikuluak, eta, beste aldetik, Euskal Autonomia Elkarteko Administrazioari eta mugakide diren gainerako lurraldeetako Administrazioei, beroiek, bidezkotzat joz gero, dagozkien Katalogoetan sartu ahal izateko eta katalogaturik dauden espezieak babesteko behar diren koordinazio neurriak har daitezen.
18. artikulua
1. Katalogoan sartuko diren espezie, subespezie edo populazioek ondoko kategoria hauetako batean sailkaturik beharko dute egon:
a) Galzorian: beren egungo egoera sortu duten faktoreek beren hartan segituz gero biziraupen zaila dutenentzat.
b) Eraginerrazak beren habitata bestelakatzean: ezaugarriz dagozkien habitata arriskuan, atzera bidean, zatiturik edo oso mugaturik dutenentzat.
c) Ahulak: haien aurka eragiten duten faktoreek beren hartan segituz gero, laster batean lehenago aipatu kategorietara igarotzeko arriskua dutenentzat.
d) Galduak: autoktonoak izanagatik Nafarroan galdu direnak, baina beste lurralde batzuetan bai baitira, berriz ere ekar daitezkeenak.
e) Interes berezikoa: aurreko kategorietako batean sarturik egon gabe, zientzia, ekologia, eta kultura arloko balioagatik edo banaka bakarretakoa izateagatik arreta partikularra merezi dutenentzat. Arreta hori bakoitzak duen balioaren araberakoa izanen da.
2. Nafarroako Gobernuak, neurri bereziak galdatzen dituzten espezieen babesa erraztu asmoz, arriskuan dauden espezieen kategoriak gehitu ahal izanen ditu Foru Dekretuaren bidez.
19. artikulua
1. Espezie, subespezie edo populazioren bat "galzorian" kategorian katalogatu ahal izateko, Berreskurapen Plana idatzi beharko da, bertan, galzoriko arrisku hori baztertzeko behar diren neurriak zehaztuko direlarik.
2. Espezie, subespezie edo populazioren bat "eraginerraza bere habitata bestelakatzean" kategorian katalogatu ahal izateko, Habitata Kontserbatzeko Plana idatzi beharko da.
3. Espezie, subespezie edo populazioren bat "ahula" kategorian katalogatu ahal izateko, Kontserbazio Plana idatzi beharko da, eta hala bada, bere habitata babestu ere.
4. Espezie, subespezie edo populazioren bat "interes berezikoa" kategorian katalogatu ahal izateko, Erabilpen Plana, populazioak maila egokian mantentzeko behar diren neurriak zehazten dituena, idatzi beharko da.
5. Nafarroako Gobernuak, Berreskurapen, Kontserbazio eta Erabilpen Planak onetsiko ditu, espeziea Katalogoan sartu denetik urte bat, bi eta hiru urteko epean, hurrenez hurren, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
6. Espezie jakin bat "galdua" kategorian katalogatzeko, idatzi beharko dira, alde batetik, Txosten bat, berriz ere ekar ote daitekeen aztertuz, eta, beste aldetik, espeziearekin bat datozen habitatak babestu eta hobetzeko plan bat.
7. Administrazioak, arriskuan dauden espezieen eta eraginerrazak diren habitaten kontserbazio egoera zaindu eta begiratzeko sistema batzuei ekinen die, eta halako maiztasun jakin batez ebaluatuko dira Berreskurapen, Kontserbazio eta Erabilpen Planetan harturiko neurrien ondorioak.
20. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari bete-betean dagokio Nafarroan arriskuan dauden espezieen aleen hazkuntza, birpopulazio eta birrezarketa bultzatzea.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak basa faunako espezieen ale biziak harrapatu ahal izanen ditu, gero, espeziearen ugalketa bultzatu asmoz, zientzia, kultura arloko zentroei edo animalien elkarte babesleei, edo beste Estatu edo instituzio publikoei emateko, baldin eta harrapaketa horrek ez badakar arrisku berezirik ukiturik gertatzen den berezko habitatean halako espezieak iraun dezan, eta aipatu ugalketaren helburua animaliak basa faunara berriz ekartzea bada.
3. Halaber, arriskuan dauden espezieen ale biziak baimenik ez duten partikularren esku badaude edo salmentan jarri edo jendaurrean erakusteko egonez gero Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak horiek legez kendu ahal izanen dizkie. Ale horiek aske uztea posible izanen ez balitz, animaliok gatibutzako hazkuntzan erabiliko lirateke, eta hori ere ezinezko balitz, zentro zientifiko kultural frogatuei eman ahal izanen zaizkie, zehaztuko diren baldintzetan.
21. artikulua
1. Arriskuan dauden espezieak berreskuratzeko zentroek bete beharreko baldintzak, arau bidez ezarriko dira. Zentro horien helburua da, espezie katalogatuen aleak, bere ingurunean bizirauteko gaiturik ez daudenak, zaindu, mantendu, berreskuratu eta gero natur ingurunera itzultzea.
2. Aleak aske uztea posible ez balitz, animaliok gatibutzan hazteko geldituko lirateke, gero batean basa faunara berriz ekartzeko.
3. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak zenbait espezieren animalien berreskurapena itundu ahal izanen du pertsona fisiko nahiz juridikoekin.
IV. KAPITULUA. Basa Fauna eta bere Habitatak Babesteko Eremuak
22. artikulua
1. Basa Faunaren bioaniztasunari eutsi eta bere berezko habitatak zaintzeko, Basa Fauna Babesteko Eremuen Sarea sortu da. Hona nola dagoen osaturik:
a) Erreserba Integralak.
b) Natur Erreserbak.
c) Natur Lekuneak.
d) Natur Parkeetan espreski halakotzat zehazten diren aldeak, Natur Baliabideen Antolamendu Planetan ezartzen den eran.
e) Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu bidez, Hegaztiak Bereziki Babesteko Aldeen barnean espreski horretarako mugatzen dituen eremuak. Foru Lege hau garatuz, eremuaren mugak eta hura babesteko araubidea zehaztuko ditu Foru Dekretuak.
Hegaztiak Bereziki Babesteko Aldeak eta haien inguruak babesteko araubidea Ekonomi Elkarteko Arteztarauek zehaztuko dute.
f) Giza Ekinbiderik gabe Babestu beharreko Baso Aldeak, erabilgarritasun publikoko mendietan.
g) Katalogoko espezieen berreskurapen, kontserbazio eta erabilpen planetan zehazten diren ugaltze, hazte eta elikatze Aldeak.
h) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, Gobernuak Foru Dekretu bidez, Basa Fauna Bereziki Babesteko Aldeak izateko mugatzen dituen eremuak, hartan ezartzen den araubideari jarraikiz.
2. Basa Fauna Babesteko Eremuak, oro har, eta Basa Fauna Bereziki Babesteko Aldeak, zehazki, sortzearen helburua da, biologia, zientzia edo hezkuntza arloko arrazoiek bultzaturik, basa faunako espezieen eta beren berezko habitaten zainketa ziurtatzea.
3. Basa fauna babesteko eremu bat sortzeko, aipatu alde hori zaindu eta kudeatzeko plan bat idatzi beharko da. Alde hori halakotzat deklaratu eta gehienez ere bi urteko epearen barrenean idatzi beharko da plana.
4. Basa Fauna Babesteko Eremuen barnean debekaturik dago hauen sorrera justifikatu duten helburuekin bateraezina den edozein iharduera eta bereziki animaliak harrapatu edo zirikatzea, salbu eta biologia, teknika edo zientzia arloko arrazoiek behar bezala justifikaturik, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, Foru Lege honen 11. artikuluarekin bat, berariazko baimena ematen badu, beti ere, kasu bakoitzean ezarri behar diren baldintzak finkatuko direlarik.
5.
6. Basa Fauna Babesteko Eremuei buruzko xedapenak ukitutako lurraldeari zuzen aplikatuko zaizkio, lurralde edo hiri antolamendurako xedapenen artean sartzea galarazi gabe.
7. Basa Fauna Babesteko Eremu bakoitzak bere muga ondo zedarriturik eta seinaleztaturik izanen du, eta besteekiko desberdina eta ezagutu ahal dena.
23. artikulua
1. Lurraldea babestu eta erabiltzeko Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 39.etik 44.era bitarteko artikuluetan ezarritako erregimena, intereseko naturguneak eta natur parkeak kudeatzekoa, aplikatuko zaie Basa Fauna Babesteko Eremuei.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari ondoko hau dagokio:
a) Eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren alde, apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 44. artikuluak arautu moduan, Basa Fauna Babesteko Eremuetan kokaturiko lurretako ondasun eta eskubideen eskualdaketa guztietan.
b) Basa Fauna Babesteko Eremu bezala kalifikaturiko edozein lur lehenbailehen okupatu beharra deklaratzea, desjabetzapen ondorioak izan ditzan.
24. artikulua
Lurralde eta hiri antolamendurako xedapenek babesturiko espezieen eta bereziki basa eran bizi diren espezie autoktonoen biotopo eta habitaten zaintza, mantenimendu eta berreskurapena ziurtatuko dute, eta horretarako, antolamenduaren xede den lurraldearen esparruan sartzen diren lurzoru ez-- urbanizagarrien kategorizazioa eta bere babes erregimena agertuko dira, eta, halaber, haien zehaztapenetan Basa Fauna Babesteko Eremuen mugaketa jasoko dute, bai eta berariz aipatu ere zein babes erregimen aplikatuko zaien.
23. artikulua
1. Foru Lege honek oro har ezarritako mugek, eta naturgune interesgarri eta natur parkeen Erabilpen eta kudeaketarako Plan Zuzendarietan basa faunarako bilduko direnek ere, ez dute kalteordainik sortuko.
2. Mugapenak ez badatoz bat jadanik finkatua dagoen probetxamendu edo baliabideen tradiziozko erabilerarekin, bidezkoa izanen da haiengatiko kalteordaina. Kalteordainen nondik-norakoak Administrazioaren ondare erantzukizuna erregulatzen duten arauei jarraikiz zehaztuko dira. Dena dela, kalteak ordaintzeko bestelako modurik izateko akordiorik ere izan daiteke, hala nola laguntza, dirulaguntza edota sustapeneko beste baliabideren bat ematearena.
3. Natur Parkeetan iharduera eta probetxamenduak egitea kasuan kasuko Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzendariak edo, hori ezean, hori sortuko duen Foru Dekretuak xedatzen duenera moldatuko da.
V. KAPITULUA. Basa fauna babesteko berariazko neurriak
Lehen saila. Basa fauna guztiarendako babes neurriak
26. artikulua
1. Nafarroako Gobernuak behar den sistema ezarriko du, basa faunaren egoera begiratzeko, epizootiarik gerta ez dadin aurrea hartu eta zoonosien kutsadura saihestearren.
2. Osasun publikoa zaindu asmoz eta zoonosia kutsatzea ekiditeko, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, pertsona, etxabere edo basa faunarentzat kutsagarriak diren eritasunak eta epizootiak badirela deklaratzen den tokietan ehiza eta arrantzako iharduerak mugatu edo debekatu ahal izanen ditu.
3. Udal agintariek eta barrutietako titularrek Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro departamentuari jakinarazi beharko diote epizootia ekar dezakeen eritasunen agerpena.
27. artikulua
1. Foru Lege honen 9. artikuluan zerrendatzen diren ohiz kanpoko inguruabar eta baldintzetan ezik, gainontzekoetan debekaturik dago animaliak harrapatu edo hiltzeko baliabide masiboak edo selektibo ez direnak eduki, erabili edo salerostea. Halaber, espezieren baten tokian tokiko desagerpena edo espezieren baten populazioen lasaitasuna nahastea ekar dezaketenak ere debekaturik daude. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak legez kendu ahal izanen dizkie, kalteordainik jasotzeko eskubiderik gabe, eta debekaturik dauden harrapaketa masibo edo ez-selektiborako baliabideak, salmentan jarritakoak, desegin.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baimenik gabe debekaturik dago, animaliak harrapatzeko orduan, ondoko metodo eta baliabideak erabiltzea:
A) Ehizako espezieen kasuan.
1. Lakioak edo amuak, baita arte eta xedera mota guztiak ere, horien barnean txori-xederak, hagak edo baleztak, luebakiak, nazak eta hegolatxak direlarik.
2. Arbaztak, lika-adarrak, adarñoak, barrakak edo paraynak.
3. Babespeko espezie bizi edo naturalizatuen apeuak, eta bestelako apeu bizi itsutu edo elbarrituak, bai eta mota guztietako apeu elektriko edo mekanikoak ere, grabazioak barne.
4. Aparailu elektrokutatzaile edo motelerazleak.
5. Faroak, eskuargiak, ispiluak eta argi-iturri artifizial edo itsuarazleak.
6. Gartzaren erabilpena behar duten sare edo artefakto mota guztiak. Gartza horien barnean honako hauek daude, alegia, sare jausgarriak, laino-sareak edo zutikakoak, kainoi-sareak, sare japoniarrak eta italiar txalupa.
7. Mota guztietako beita, ke eta gasak edo arrastorik uzten duten gai pozointsu, motelarazle, lasaigarri, erakarle edo uxatzaileak, bai eta lehergaiak ere.
8. Arma erdiautomatikoak edo bi kartutxo baino gehiago hartzen ahal dituen betegailua duten automatikoak, aire konprimitukoak, 22 kalibreko eta perkusio anularreko fusilak, ixilgailua edo gauerako bisorea duten armak, bai eta gai motelarazleak sartzeko jaurtigaiak erabiltzen dituztenak.
9. Hudoak eta ehizarako hegaztiak.
10. Edozein gisatako hegazkinak edo lurreko ibilgailu motoredunak, bai eta motoredun ontziak ere, bertatik tiro egiteko erabiltzea.
11. Balatxo, posta edo bala lehergarriak, bai eta jaurtigaian aldaketaren bat egina duten bala klase guztiak.
12. Ahateetarako kainoiak.
B) Arrantzaren xede diren espezieentzat.
1. Zortzi zentimetrokoak edo txikiagoak diren arrainak pasatzen uzten ez duten gartza, begi edo neurriko sare edo bestelako edozein tresna, bai eta ur-emariaren zabaleraren erdia baino gehiago hartzen dutenak ere.
2. Tresna elektrokutatzaile edo motelarazleak, argi-iturri artifizialak, lehergaiak eta arrastorik uzten duten gai pozointsu, motelarazle, lasaigarri, erakarle edo uxatzaileak.
3. Hatzaparrak, burni-kakoak, hiruhortzak, gamoak, granpinak, fitorak, arpoiak, garlitoak, baheak, pertolak, atarrainak, esku-sareak, tretzak, zalabardak, kordelak, egoneko amu-hariak eta antzeko tresnak.
4. Arrain biziak beita gisa erabiltzea, bai eta uretara beita botatzea arrantzan hasi aurretik edo ari bitartean, non eta ez den ziprinidoen arrantzako kirol lehiaketak egin bitartean edo lehiaketa horietarako entrenamenduetan. Aipatu Lehiaketetan, harrapatzen diren arrain guztiak haztegi zabaletan sartuko dira frogak dirauen bitartean eta, kontrola egin ondotik, inolako kalterik gabeko egoera onean itzuliko dira uretara.
3. Aurreko zenbakian debekaturiko baliabide eta metodoen zerrenda arauen bidez haunditu edo murrizten ahal da, zenbait espezieren populazioaren bilakaera ikusi eta gero.
4. Baimena ematen da, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariaren behar den Foru Aginduan ezartzen diren baldintza eta sasoietan, Etxalar aldean sarearen bidezko uso ehiza tradiziozkoan ibiltzeko.
28. artikulua
Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den Foru Aginduaren bitartez zehazten dituen espezieak bakarrik harrapatu eta merkaturatzen ahal dira, bizirik nahiz hilik izan.
29. artikulua
1. Espezie aloktonoak merkaturatzeko gatibutzako hazkuntza, behar bezala baimenduriko lekuetan eginen da, eta leku horiek bete behar dituzten baldintzak arauen bidez zehaztuko dira.
2. Nolanahi ere, arauketa horretan honako alderdi hauek hartu beharko dira kontutan:
a) Osasun erregimena.
b) Animalien bizimoduko baldintzak.
c) Ihes egin ez dezaten ezarritako neurriak.
3. Merkaturatzeko xedez, gatibutzan, behar bezala legeztaturiko haztegietan hazitako fauna aloktonoko animaliak dendetan saldu, eduki eta jendaurrean erakusteko, animalia bakoitzak ziurtagiri bat izan beharko du, haren jatorria egiaztatuko duena, bai eta, hala behar bada, indarra duen legerian ezarritako gainerako agiriak ere.
30. artikulua
1. Taxidermista eta larruginen Erregistroa sortu da, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren menpean, eta bertan eman beharko dute izena Nafarroan taxidermia eta ondu gabeko larruen merkataritza ihardueretan ibiltzen diren pertsona fisiko edo juridikoek.
Arauen bidez ezarriko da Erregistro honen antolamendu eta funtzionamendua.
2. Taxidermian edo ondu gabeko larruen merkataritzan aritzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztiek erregistro-liburu bat beharko dute izan, egunean jarria, eta bertan idatziak izan beharko dituzte osoki nahiz partzialki disekatu dituzten basa-faunako animalia guztiei buruzko datuak, eta berdin horien larru ondu gabea merkaturatu badute. Liburu horren edukia erregelamenduaren bidez zehaztuko da, eta Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren esku izanen da, aztertu ahal izan dezan.
Bigarren saila. Basa faunak eragindako kalteen ordaina
31. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, behar den administrazio espedientea ireki eta bidezko diren balorazioak egin ondoan, hirugarrenei edo haien ondasunei egindako kalteak ordainduko ditu, baldin eta:
a) Desagertzeko arriskuan dauden espezieek eginak badira.
b) Desagertzeko arriskuan egon gabe, ehiza edo arrantzarako baliatzen ahal ez diren basa faunako espezieek eginak badira, beti ere Foru Lege honen 11. artikuluari jarraikiz, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak horiek harrapatu edo botatzeko baimena espreski ikatu badu. Horrelakoetan, harrapatzeko eskaria egin aitzineko bi hilabetetatik eta urteko aurrekontuen ekitaldiaren bukaera bitartean egiazki egindako kalteak ordainduko dira.
Halaberean, Departamentuak b) letrak aipatzen dituen espezieek egindako kalteak ordainduko ditu, harrapatzeko eskaria egin aitzineko bi hilabeteetatik interesatuari jakinarazten zaion eguna bitarte eginak badira.
2. Ez dira inola ere ordainduko, kalteen egileak izurritetzat jotzen diren espezieak badira edo Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuek haien harrapaketa kontrolatua baimendu badu lehenago.
3. Basa faunak egindakoengatik, kalteordainak, artikulu honetan ezartzen direnak, gehienez ere hiru hilabeteko epearen barnean ordainduko dira kalteak jakinarazten direnetik.
4.
Hirugarren saila. Lurreko fauna zaintzeko neurri berariazkoak
32. artikulua
1. Hegazti kabigile, migrari eta negutarrek kalte fisikorik jasan ez eta bizirik iraun ahal izan dezaten izan daitezkeen arriskuak murriztu eta desagertarazteko, eta natur habitatetan oztopo edo mozketa ondoriorik ezartzeko arriskua saihestearren, Foru Lege honek indarra hartzen duenetik hasi eta gehienez ere bi urteko epearen barrenean, goi eta behe tentsioko instalazio elektrikoei aplikatzen ahal zaizkien arau teknikoak eta ingurugiro arlokoak ezarriko dira, aipatu instalazioak Nafarroako Foru Komunitatean barna pasatzen direneko kasuetan.
2. Instalazio elektrikoek ezin izanen dituzte Basa Fauna Babesteko Eremuak zeharkatu.
Aurreko debeku horren aurka jotzen duten egungo instalazioak kendu eginen dira, gehienez ere bost urteko epearen barrenean.
3. Instalazio elektrikoak paratzeko proiektu eta aurreproiektuek Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aldez aurretiko baimena behar dute izan, eta hori eskuratzeko izapidaketa Lurraldea babestu eta erabiltzeko Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Legeak dioena bete beharko da.
33. artikulua
1. Lege honen ondorioetarako, oro har nekazaritza eremuaren eraldaketa dakartzaten obra plan edo proiektuak, eta, zehatzago esanda, besteren artean, lurzati kontzentraziokoak, ureztapenekoak, sekain lurrak ureztalur bihurtzekoak, larreak sortzekoak, higaduraren kontrakoak, oihangintza-hidrologia aldetiko zuzenketakoak, oihan birlandaketakoak, oihan pistetakoak, erauzketarako instalaziokoak, turismo antolamendukoak, landa bideetakoak, eta, oro har, indarra duen legeriaren arabera ingurugiroaren gaineko azterketarik behar ez duten herrilan proiektuak, sustatzailea denak, pribatua nahiz publikoa izan, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari aurkeztuko dizkio, azken horrek hilabeteko epearen barrenean haien aldeko txosten edo baimena eman dezan.
Arau bidez zehaztuko dira plan jakin bat garatzeko lanen proiektuak, zeinek, horretaz gain, aurreko lerroaldean xedaturikoa bete beharko baitute.
2. Nafarroako Toki Entitateek sustaturiko proiektuek, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aldez aurretiko baimena beharko dute izan. Baimen hori gehienez ere bi hilabeteko epearen barrenean eman beharko da, eta, bestela, denbora hori iragandakoan baimena emandakotzat hartuko da, administrazioaren isiltasunaren bitartez.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo Toki Entitateek ez beste partikular edo erakunde publikoren batek sustatzen dituztenetan, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aldez aurretiko baimena beharko da. Baimen hori izapidatu eta ebatziko da Lurraldea Babestu eta Babesteko Herrialdeko Hirigintz Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.
4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek sustatzen dituztenetan, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aginduzko txostena beharko da, non eta ez den ezarrita haien izapidaketa egin behar dela Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko Plan eta Proiektuei edo Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterketei buruzko egungo legeriak dioenaren arabera. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren txostena aurkakoa bada, Nafarroako Gobernuak ebatziko du. Txostena bi hilabeteko epearen barrenean luzatu beharko da, eta, bestela, epe hori iragandakoan txostena aldekoa dela ulertuko da.
5. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baimena behar duten proiektu eta plan guztien dokumentazioaren barrenean sartu beharko dira ingurugiroaren gaineko ondorioei eta beraiek zuzentzeko proposatzen diren neurriei buruzko txostena.
Arau bidez zehaztuko dira ingurugiroaren gaineko ondorioei buruzko txostenaren eduki eta dokumentazioa.
6. Zuzenketa neurrien kostua beti ere obren sustatzailearen kargura finantzatuko dira, eta horretarako, proiektuek izan beharko dute dagokien aurrikuspen ekonomikoa, zeina ezin izanen baita izan ehuneko bata baino txikiagoa.
34. artikulua
1. Natur ingurunean gauzatzen diren kirol, aisia eta turismo iharduerek errespetatu beharko dituzte ingurunea eta landa esparruaren eta bere ingurugiro-balioen ezaugarriak, basa faunarenganako begirunea barne dela.
2. Arau bidez zehaztuko da zein baldintzatan egin daitezkeen kirola eta aisia nahiz turismo iharduerak, natur ingurunean egiten direnak, bateragarriak izan daitezen ingurugiroaren babesarekin, oro har, eta Basa Faunaren ziklo biologiko eta berezko habitatekin, zehazki.
3. Taldean edo era antolatuan egindako kirol, aisia eta turismo ihardueretan, bai eta bakarka eginak diren baina ingurugiroan eraginik haundiena izan dezaketenetan, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aldez aurretiko baimena eska daiteke. Arau bidez zehaztuko da zein diren prozedura hau erabili behar dutenak.
35. artikulua
1. Nekazaritza eta abeltzaintza aldeetan errespetatuko dira bertako landaretza eta bereziki pendoitzak, ezpondak, lugorriak, errekak, zuhaisken bidez nahiz zuhaitzen bidezko hesiak, zuhaitz alde eta lerroak eta basa fauna zaintzeko garrantzitsuak izan daitezkeen elementu guztiak.
Honako eremu hauek bereziki:
a) Babesturiko espezieak gorde, hazi edo elikatzeko izan daitezkeenak.
b) Nekazaritza edo abeltzaintza sinplifikatuko eremuetan suertatzeagatik, faunarentzat gorde, hazi edo elikatzeko azken lekuak direnak.
c) Natur aldeetarako sarbide edo natur aldeen arteko lotura osatzen duten iraganbideak direnak, populazioen isolamendu genetikoa ez gertatzeko balio dutenak alegia.
2. Nafarroako Gobernuak arau bidez garatuko du artikulu honetan agindutakoa.
36. artikulua
1. Nekazaritzako lurretako itxitura eta hesiak eraikitzean, kontutan hartuko da ez dituztela oztopatu behar probetxamendurako ez den basa-faunaren igarobideak.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak mugatu edo, bestela, debekatu egiten ahal du trakzio mekanikoko ibilgailuen zirkulazioa, tradiziozkoa ez bada, arriskuan dauden espezieei kalte edo eragozpen larririk ekar diezaiekeen eskualde, eremu edo landabideetan barna.
37. artikulua
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak, titularraren ordezko gisa, behar diren iharduketak betearazten ahal ditu, basa-faunaren ibilera eragotz dezaketen traba guztiak kentzeko.
2. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen iharduketak burutzeko prozedura honako hau izanen da:
a) Finka edo instalazioaren titularrari eskaria eginen zaio, gehienez ere hiru hilabeteko epearen barrenean trabak ken ditzan.
b) Epea igaro eta ez badira kendu, Kontseilariaren aginduz eta Administrazioaren bidez kenduko dira traba egiten duten eraikin edo elementuak.
c) Kentzeko lanak ekartzen dituzten kostuak finkaren edo ihardueraren titularrak ordaindu beharko ditu, eta, ordaintzen ez badu, premiamenduzko bideari ekinen zaio.
38. artikulua
Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu, pestizida, ongarri edo basa-espezieei kalterik egin diezaieketen gaien erabilera mugatzeko. Neurriak ezarri ezezik aldez aurretiko baimena eskatu ere eskatzen ahal du, Foru Lege honen 10. artikuluan ezarrita dagoen prozedurari jarraikiz, aipaturiko horiek zenbait espezieren gainean edo Nafarroako eskualde jakin batzuetan erabiltzeko.
39. artikulua
1. Ehiza debekaturik dago arreske, ernaltze eta hazte aldietan, bai eta, espezie migrariei dagokienean, hazkuntza-eremuetara itzultzeko garaian ere.
2. Dena den, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak baimena ematen ahal du, zenbait baldintza betez gero, ehiza larriko espezie jakin batzuk arreske aldian ehizatzeko, hala nola basurdea, orkatza, oreina edo adarzabala.
3. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak erreparatuko die ehiza faunaren eta bereziki migrariak diren espezieen populazioen gorabeherei. Hortik ateratako datuetan oinarriturik ezarriko dira debekualdiak edo espezie jakin batzuk ehizatzeko debeku erabateko edo partziala, populazioa atzeraka doan urteetan.
4. Beste konponbide hoberik ez badago, 11. artikuluko 2. idazatiko betebeharrak betez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak artikulu honetako 1. idazatian kumeak izaten dituzteneko lekuetara itzultzen ari diren katalogoz kanpoko hegazti migratzaileei buruz ezarririko debekua indarrik gabe uzten ahalko du, ohiko tokietan, erabat kontrolaturiko egoeretan eta modu bereizgarrian, ehiza espezieen ale batzuk, gutxika, zuhurki harrapatu, eduki edo edonola ere ustiatzea ahalbidetzeko, espezieen iraupena bermatzeko behar diren mugak muga.
Laugarren saila. Uretako fauna eta bere habitatak zaintzeko neurri berariazkoak
40. artikulua
1. Arrainak, eta batez ere migrariak direnak, ibai-bideetako tarte desberdinetara iritsi ahal izateko, uretan eraikitako uharka eta barraderetan, arrainen joan-etorrietarako eragozgarri direnetan, gorabide edo igarobideak eginen dira, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak espreski ezarriko dituen baldintza teknikoak kontutan hartuz.
2. Eragozpenak kendu eta igarobideak eraikitzeak ekartzen dituen gastuak, ur-probetxamenduen kontzesiodunen bizkar geldituko dira.
3. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak behar diren lanak burutuko ditu, artikulu honen ondorioz dagozkien betebeharrak ezartzen zaien epearen barrenean betetzen ez dituzten kontzesiodunen kargura, bidezko diren zehapenen aplikazioa deusetan galarazi gabe.
4. Beti ere, debekaturik dago, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak baimena eman ezik, arrainak harrapalekura bideratzeko balio duen edozein oztopo eraiki edo paratzea, hura iraunkorra nahiz behin-behinekoa izan.
41. artikulua
Hidrografi arroetako erakundeen eskumenei ezertan kalte egin gabe, eta ingurugiroa eta fauna babesteko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzeko asmoz, nahitaezkoa izanen da Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren administrazio-baimena izatea, Lurraldea babestu eta erabiltzeko Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen arabera izapidatu beharko dena, ondotik aipatzen diren iharduera hauek egin nahi izatekotan:
a) Ertzetako landaretza kendu edo aldaraztea, ibai-bide, aintzira, urtegi eta alde hezeetan.
b) Ibai-bideetatik hartu eta kanpora ateratzea zolako harri, hartxintxar eta hareak.
c) Ibai-bideen berezko bidea, aintzirak, urtegiak, alde hezeak eta aipatu bide horien babes-eremuak aldaraztea.
d) Ur-joaera txikitzea eta ur-joaera bera agortarazteari eta desbideratze edo ur hartze lanei ekitea.
e) Uharka eta barraderak eraikitzea uretan, bai eta horien aldaketak egitea ere.
f) Arrain eta karramarro-haztegiak eta uretako ernalkuntza artifizialeko estazioak paratzea.
g) Ibai-bideetan errenditze, dragatze, aldatze eta okupatze lanak egitea.
42. artikulua
1. Ibai-bideetako tarteren batean paratu gogo diren zentral hidroelektrikoetarako proiektuek ingurugiroaren aldetik kontutan hartu behar dituzten gorabeherak, erregelamenduaren bidez zehaztuko dira.
2. Zentral hidroelektriko publiko nahiz pribatuetarako proiektuek, iharduera-lizentzia eskatzen dutenean, eraikuntza-lanek, instalazioek eta iharduerak berak ingurugiroaren aldetik ekarriko dituzten ondorioen azterketa ere izan beharko dute, ekainaren 28ko 1302/1986 Errege Dekretu Legegilean Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko eskatzen denaren modukoa.
43. artikulua
1. Erregelamenduaren bidez, eta, hala behar denean, Ibai-arroen Plan Hidrologikoetan ezarritakoen arabera, zentral hidroelektrikoek ukituriko ibai-bideetan errespetatu beharreko gutxieneko ur-joaerak finkatuko dira.
Gutxieneko ur-joaera hori ezartzeko, kontutan hartu beharko da ukituriko ibai-bidea izokin ala amuarrain-ibaiari dagokion.
2. Finkatzen diren gutxieneko ur-joaerak, dagozkien Konfederazio Hidrografikoei igorriko zaizkie kontzesiorako behar den izapidaketa burutu dadin, eta lotesleak izanen dira ingurugiroa babesteko iharduera sailkatuaren lizentzia emateko.
3. Zentral hidroelektrikoen funtzionamendua uretako faunaren babeserako egokia izan dadin bermatzeko kontzesiodunek bete beharko dituzten baldintza teknikoak, erregelamenduaren bidez ezarriko dira. Dena den, zentralek egokitzapenak egin beharko dituzte, harrerako uharkan finkatzen den gutxieneko ur-joaera mantentzea bermatuko duten ur-kotei eusteko.
44. artikulua
1. Zentral hidroelektrikoetako makineriarekin egin nahi bada edozein eragiketa edo iharduera, ur-joaera edo ur-maila aldatu eta, ondorioz, fauna bizi deneko ingurunea bestelakatzea ekarriko duena, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baimena beharko da izan.
2. Arrainak hiltzea edo uretako faunaren aberastasunerako arriskuak galarazteko neurriak hartzeak dakartzan gastuak, zentralaren arduradunaren bizkar izanen dira. Halaber, hura izanen da eragiten diren kalte eta galeren erantzulea.
45. artikulua
1. Erregelamenduaren bidez zehazten den moduan, ura hartzeko obra guztietan, hala nola ureztapen edo industria edo populazioguneak hornitzeko egiten diren ubide, erreten eta nazetan, bai eta lantegien ubideen irteera eta turbinen errotetan egiten direnetan ere, titularrak beharturik daude saretxodun uhateak edo gartzak paratu eta egoera onean mantentzera, desbideratze-korronte horietara arrainik sar ez dadin. Era berean, titularrek basa-faunarendako igarobideak paratu beharko dituzte ubideen gainean, bai eta ur-hesi edo gartzak ezarri ere, ubideetara animaliarik ez erortzeko, edo maldak prestatu ubide horien barrenean, erortzen diren animaliei bertatik ateratzen lagun diezaieten.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak finkatuko du instalazio horietako zenbat eta non paratu behar diren, haien luze-zabalak, ezaugarriak, prezinto sistemak eta instalazio beren kontrola nolakoak izanen diren, baita urteko zer garaitan izanen diren erabilgarriak.
46. artikulua
Ur-probetxamenduen kontzesiodunek egoera onean mantendu beharko dituzte arrainen gorabide eta lurreko faunaren igarobideak, eta ezin izanen dute ur-joaeran edo ur-mailan faunaren ingurunea bestelakatuko duen gorabeherarik eragin, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baimenik ez badute (Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 15eko 166/2000 epaiaren bidez baliogabetua)
47. artikulua
1. Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu ibai-bideak konpontzeko, bai zolak berreskuratzea helburu dutenak bai ertzetako landaretza berritzeko eginen direnak.
2. Aurreko zenbakian ezarritakoaren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak behar diren lursailetan nahitaezkoa den zatia desjabetzen ahal du.
Lurren onura publikoa eta okupatu beharra burututzat joko dira, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak onesten duenean ibai-bideak konpontzeko prestatzen den proiektua.
3. Ondorio guztietarako, interes orokorreko deklaratuko da landare erakuntzei eustea edo horiek berritzea, baita ibai edo erreketako ertzak zuhaitzez nahiz zuhaixkaz oihaneztatzea ere, horretarako espezie emnikolak edo urbazterretakoak erabiliz, beti ere legezko menpekotzak errespetatuko direlarik.
4. Urbazterretako edozein landaredi mota probestu eta erabiltzeko, arrain populazioetan duen eragina dela medio Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baimena beharko da.
48. artikulua
Basa-fauna Babesteko Eremuetan eta Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak interes ekologiko berezikotzat deklaratzen dituen ibai-tarteetan, debekaturik dago zentral hidroeletrikorik paratzea, hartxintxar eta hareak ateratzea, ertzetako landaretza moztea, bainatzea eta faunarentzat kaltegarri izan daitekeen bestelako iharduerarik gauzatzea.
(Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 15eko 166/2000 epaiaren bidez baliogabetua)
III. TITULUA. BASA FAUNAREN ETA HAREN HABITATEN PROBETXAMENDUAREN ANTOLAMENDUA
(indargabetua)
IV. TITULUA. ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK
I. KAPITULUA. Amankomuneko xedapenak
92. artikulua
Foru Lege honetan xedatutakoa hausten duten ekintzak edo ez-egiteak arau-haustetzat joko dira eta, hortaz, administrazioaren aurrean erantzukizunak ekarriko dituzte, bide pe- nal, zibil edo beste edozeinetan eskatu ahal zaizkien erantzukizunak ezertan ere galerazi gabe.
93. artikulua
1. Arau-hauste berarengatik erantzule ezberdinei jarritako isunak independienteak izanen dira elkarrekiko.
2. Bi arau-hauste edo gehiago egiten dutenei, egindako arau-hauste bakoitzeko isun bana jarriko zaie.
3. Ezin izanen da inolaz ere, egintza bera burutzeagatik eta babesturiko interes publiko berak defenditzearren, bi isun jarri. Edonola ere, haiekin batean gertatzen diren beste egintza edo arau-hausteengatik etor daitezkeen gainontzeko erantzukizunak eskatu beharko dira.
4. Salatuak salaketaren kopia bat eskuratzeko eskubidea izanen du.
94. artikulua
1. Arau-haustean parte hartu dutenen eskuhartze-maila ezin denean zehaztu, erantzukizuna solidarioa izanen da, erantzukizunei aurre egin dienak gainerako partehartzaileei errepikatzeko duen eskubidea ezertan galerazi gabe.
2. Pertsona juridikoetako organo edo agenteek egindako arau-hausteengatik, zehapena pertsona juridiko horiek jasoko dute eta hautsitakoa konpontzeko neurrien kostua ere bere gain hartuko.
3. Adinez behekoek edo ezinduek egindako kalte edo galeren erantzuleak, horien ardura edo guraso-boterearen titulartasuna dutenak izanen dira.
95. artikulua
1. Foru Lege honetan aurrikusitako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
96. artikulua
Adinez beheitikoei isunen ordez, arau-hauste hori egiteko erabilitako arma edo baliabidea behin betikoz konfiskatuko zaie, beheitikoaren ardura duen titularrari eskatu ahal zaizkion erantzukizunak ezertan galerazi gabe.
97. artikulua
Ohizko isunen osagarri, arau-hausteak egiteko erabilitako bitartekoak txikitu edo kendu ahal izanen dira, bai eta legez kontra harrapaturiko espezieak kendu ere.
98. artikulua
1. Isunak paratzeko ahalmena Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari dagokio.
2. Foru Lege honetan aurrikusitako arau-hausteengatik isunak izapidatu eta ezartzeko, honako administrazio prozedura honi jaraikiko zaio:
a) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak emanen dio hasiera, ofizioz edo aurkeztutako salaketaren ondorioz behar diren iharduketen indarrez. Ebazpenean behar den Instruktorea izendatuko da, Zuzenbidean lizentziatua izan beharko duena.
b) Instruktoreak karguen plegua idatziko du eta zehapen proposamena emanen. Karguen plegu hori ustezko erantzuleari igorri eta adieraziko zaio hamabost eguneko epea izanen duela bere alde egoki eritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak aurkezteko epea bukatuta eta beharrezko suerta daitezkeen eginbideak burutu ondoren, Instruktoreak Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari igorriko dio espedientea, horrek dagokion Ebazpena eman dezan.
Alegazioen ondotik beste egintza batzuk azaldu edo haiek larriagoak direla antzemanez gero, Instruktoreak beste kargu-plegu bat eta zehapen proposamena bidaliko dizkio salatuari, hamabost laneguneko epearen barruan egoki eritzitako alegazioak aurkeztu ahal ditzan.
3. Zehapen proposamena izanen duen Karguen Plegu horrek, aurreko zenbakian azaldutako horrek, honako alderdi hauek bildu beharko ditu, gutxienez:
a) Frogatutzat ematen diren egintzak, arau-haustearen mota eta horri dagokion zehapena zehazteko lagungarri izan daitezkeenak azpimarratuz.
b) Ustez egindako arau-haustea, hautsi den manua azalduko dela.
c) Zehapen proposamena, horren maila eta zenbatekoa.
d) Hala behar balitz, izandako kalte-galerengatik bidezko den ordaina.
e) Bidezko diren zehapen osagarriak.
f) Konfiskatu edo kendu diren armak, baliabideak edo harrapakinak nora eramanen diren.
4. Zehapena ematen duen Ebazpena exekutiboa izanen da, administrazio bidean irmo bilakatzen denean. Exekutiboa izan bitartean, zehapenaren eraginkortasuna bermatzeko behar diren kautelazko xedapenak, halakorik behar balitz, Ebazpen horretan zehaztuko dira. Zehapena irmo bilakatu eta biharamunetik aitzina, hamabost laneguneko epea izanen da hura ordaintzeko.
99. artikulua
1. Zehapen prozedurak iraun bitartean, administrazio erantzukizunik ezaren presuntzioa errespetatuko da, harik eta kontrakoa frogatu arte.
2. Epaileen ebazpen irmoen bidez frogatutzat deklaratutako egintzek Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentua lotetsiko dute, horiek ekar ditzaketen zehapen prozedurei dagokienean.
3. Administrazioko kideek luzatutako ikuskapen aktek edo salaketek ziurtasun presuntzioa izanen dute, beraietan agertu egintzei dagokienean, salbu eta kontrakoa frogatzen bada.
100. artikulua
1. Administrazio Publikoek jarritako zehapenen zenbatekoak arau-haustea ekarri duen egintzaren larritasunaren araberakoa izan beharko du. Hori horrela, jarri beharreko zehapenaren graduazioa zehazteko honako irizpide hauek hartuko dira kontutan:
a) Kalte egiteko nahia edo arau-hausteak errepikatzea.
b) Espreski babesturiko faunari edo horren habitatari egindako kaltea.
c) Arau-hauste horretan berregile izatea, urte bateko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin izanagatik, administrazio bidean emandako ebazpen irmoaren bidez halakorik deklaratu denean.
d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo, bere lanbide eta ikasketengatik, arau horien arloan izan lezakeen ezagutza maila.
e) Egintzak argitzeko eta babesturiko ondasunak berrezartzeko orduan, arau-hausleak Administrazioarekin lankidetzan aritzeko azaldu prestutasun maila.
f) Ekintza berean azaldu ez-zilegien kopurua.
2. Bi urteko epean errepikapen edo berregite sinplea suertatzen bada, jarri beharreko zehapenaren zenbatekoari %50 gehituko zaio, eta epe berean bitan edo gehiagotan berregin edo errepikatzen badu, %100.
3. Egintza bakar batek administrazio zehapen bi edo gehiago baldin badakar, arau-hausterik larrienari dagokion zehapena paratuko da, maila ertain edo gorenean.
101. artikulua
1. Arau-hausleen Erregistroa eratu da, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari atxikia eta horretan inskribatuko dira, ofizioz, Foru Lege hau aplikatzearen ondorioz emandako ebazpen irmoen bidez zehatuak izan direnak.
2. Erregistro honetan izanen diren idazketa eta aldaketak Ehiza eta Arrantzako Arau-hausleen Erregistro Nazionalari igorriko zaizkio.
102. artikulua
1. Administrazio arau-hauste guztiek espezie hila edo bizia kentzea ekarriko dute, bai eta egintza hori burutzeko erabili diren tresna, baliabide materialak eta animalia biziak nahiz naturalizatuak ere.
2. Kendu edo konfiskatzen den animalia bizirik baldin badago, salaketa jarri duen agenteak jare utziko du, baldin eta bizirik jarrai dezakeela erizten badu, edo, bestela, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak ezarri tokian utziko. Kasu honetan, animalia Administrazioaren jabetzara pasako da eta honek erakunde zientifikoei edo animaliak babesteko erakundeei eman, jatorrizko herrialdera eraman, Errekuperazio Zentroetan utzi, edo, ahal izanez gero, bertako animalia baldin bada eta behin sendatu ondoren, natur ingurunean askatu ahal izanen du.
3. Kendu edo konfiskatzen den animalia hila baldin badago, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak zehaztuko duen tokian utziko da, erreziboaren trukean.
103. artikulua
1. Salaketa aurkeztu duen agenteak armak eta baliabideak eramanen ditu, ustezko arau-haustea burutzeko erabili diren kasuetan bakarrik, eta horien mota, marka, zenbakia eta zein tokitan gorde diren jakinarazi beharko du.
2. Arma edo baliabideak emateari uko egiteak, ustezko arau-hausleari hala eskatzen zaionean, legeria penalean aurrikusitako ondorietarako eskumena duen Epaitegian salaketa aurkeztea ekarriko du eta hori kontutan hartuko da zehapen prozedura administratiboan.
3. Eramaniko arma edo baliabideak, Foru Lege honen arabera horiek edukitzea zilegi baldin bada, honako kasuotan bueltatu ahal izanen dira:
a) Espedientearen ondoriozko ebazpena absolbitzailea edo hura largestekoa denean, dohain bueltatuko dira.
b) Arau-hauste arina denean eta espedientearen instruktoreak hala eskatuta, dohainik bueltatuko dira.
c) Ezarritako zenbatekoaren trukean ludituz, arau-hauste larri edo oso larriengatiko zehapenen ondorioz paratutako isun eta kalteordainak ordaindu direnean. Edonola ere, espedientearen Instruktoreak, zehapen proposamena eman ondoren, arma bueltatzea erabaki ahal izanen du, baldin eta ustezko arau-hausleak proposatu diren isun eta kalteordainen zenbatekoa oso-osorik bermatzeko banku-abala aurkezten badu.
d) Ehiza zakurrak kentzen direnean, horiek salatuaren gordailupean gelditu ahal izanen dira, berreskuratu ahal izateko 25.000 pezeta ordaindu ondoren.
4. Harrapatutako armekin Estatuko legeriak horri buruz ezarritakoari jarraikiz jokatuko da. Berreskuratzen ez diren gainerako baliabide materialak besterenganatu edo txikituko dira.
104. artikulua
1. Foru Lege honetan xedatutakoaren aurkako administrazio arau-hausteek honako epeotan galduko dute indarra: oso larriek hiru urteren buruan; larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.
2. Arau-hausteek indarra galtzeko epea arau-haustea egin den egunean hasiko da. Preskripzioa etenen da zehapen prozedura hasten den unean, interesatuak horren berri baldin badauka, eta epeari jarraipena emanen zaio, ustezko erantzuleari egotzi ezin zaizkion zioak direla eta, zehapen espedientea hilabete baino gehiago mahai gainean gelditzen den kasuetan.
3. Edozein motatako iharduketa administratibo nahiz judizialak preskripzio epea etenen du.
105. artikulua
1. Arau-hauste batek delitu edo penalki zigor daitekeen hutsegite izaera duenean, salaketaren berri agintaritza judizialari emanen zaio ahalik eta lasterren eta, emandako erabaki penalak indarra hartu bitartean, administrazio iharduketa bertan behera utziko da.
2. Delitu edo hutsegiterik ez dela egon eritziz gero, administrazio espedienteari jarraipena emanen zaio behin betikoz ebatzi arte eta horretarako, halakorik balitz, eskumena duen jurisdikzioak frogatutzat emandako egintzak hartuko dira oinarritzat.
3. Eginbide penalak izapidatuz gero, zehapenen preskripzio epea etenen da.
106. artikulua
Jarritako zehapenaren zenbatekoa %30ean murriztuko da honako kasuotan:
a) Isuna jartzea xedatzen duen ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunetik hasi eta hamabost laneguneko epearen barruan, isunaren gainerako zenbatekoa ordaintzen baldin bada.
b) Arau-hausleak berari egotzi ahal zaizkion kasuan kasuko kalte-galeren ordainak edota bahitutako baliabide, arma edo animaliak luditu ahal izateko ordainak, aurreko atalean zehaztu epearen barruan oso-osorik ordaintzen baldin baditu.
c) Arau-hausleak jarri zaion zehapena eta eskatzen zaion kalte-galeren ordaina onartu eta aipatu epean ebazpenaren aurka jotzeko iharduketak burutzeari espreski uko egiten diola adierazten baldin badu idatziz.
107. artikulua
1. Kasuan kasu bidezko diren isun penal eta administratiboak ezertan ere galerazi gabe, arau-hausleak egindako kaltea zuzendu beharko du. Konponketa honen helburu nagusia, natur ingurunea erasotu aurretik han zegoen egoera eta izate berbera ezartzea da, ahal den neurrian. Honezaz gain, eskumena duen Administrazioak kalteak konpontzeari ekin ahal izanen dio, beti ere arau-hauslearen kontura.
2. Kalte eta galeren erantzuleek Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak zehaztuko dituen kalteordainak ordaindu beharko dituzte, kasuan kasu ezarriko den epearen barruan.
3. Aurreko zenbakian adierazi kalteordaina zehazteko, animalia-espezieak baloratzeko baremoari jarraikiko zaio. Baremo hori Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak Foru Aginduaren bidez ezarriko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
108. artikulua
Arau-hauste larri edo oso larriengatiko zehapenak, administrazio bidean irmo bilakatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta honako datu hauek bilduko dituzte: zehapenaren zenbatekoa, arau-hausleen izena eta tipifikazioa, arau-haustea non egin den eta, halakorik balitz, eskatzen den kalteordainaren zenbatekoa.
109. artikulua
Administrazio prozedurari buruzko legeriak zehaztu kasu eta terminoetan, ohartarazpena egin ondoren, behartzeko isunak jarri ahal izanen dira, hamabost lanegunetan behin. Horietariko isun bakoitzaren zenbatekoa ez da isun nagusiaren zenbatekoaren %20 baino altuagoa izanen eta beti ere 500.000 pezetatik beheitikoak.
110. artikulua
1. Foru Lege honetan eta hori burutu eta garatzeko eman daitezkeen gainerako xedapenetan zehaztutakoa bete dadin Administrazio Publikoei eskatzeko ekintzak jendaurrekoak izanen dira.
2. Partikularrek aurkeztutako jendaurreko ekintzak behar duen izapidaketari hasiera eman ahal izateko, partikular horiek behar bezala arrazoitu beharko dituzte arau-haustea ekarri duten egintzak. Administrazioak froga aski ez dagoela eritziz gero eta behar diren ikerketak burutu ondoren, espedientea artxibatuko da, besterik gabe.
II. KAPITULUA. Basa faunaren eta horren habitaten aurkako arau-hauste eta zehapenak
111. artikulua
Arau-hauste arintzat honako hauek hartuko dira:
1. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak Foru Lege honetan aurrikusten diren baimenei dagokienez ezartzen dituen baldintzak ez betetzea, espezieendako arrisku edo kalterik ez baldin bada, baimena berehalakoan atzera bota edo deuseztatzea galarazi gabe.
2. Babestu gabeko espezieak, ehiza edo arrantzarako balio ez dutenak, nahiz haien arraultze, larba eta kumeak, baimenik gabe harrapatu, eduki, desegin, garraiatu, hil, hondatu, bildu, salerosi, erakutsi edo naturalizatzea.
3. Administrazioaren baimen espresurik gabe, 10.1 artikuluaren d) atalean araututako egintzak burutzea.
4. Debekatutako harrapailuak erabiltzea, Foru Lege honetan modu larriagoan zehatzen ez badira.
5. Foru Lege honetan ezarritako betebehar edo debeku guztiak ez betetzea edo urratzea, larriagotzat jotzen ez badira.
6. Basa Fauna Babesteko Eremuei loturiko seinaleak desegin, hondatu, ebastea eta tokiz aldatzea.
7. Basa fauna babesteko Eremuetan espezieei jazarri, horiek zirikatu edo haien lasaitasuna urratzen duten asotsak ateratzea.
8. Basa fauna libreki ibiltzea eragozteko balio duten edo balio izan dezaketen baliabide, tresna, traba edo jarrera guztiak, baita ibai-bideak eta ur-joaerak bestelakatzea ekartzen dutenak ere, horien eragileak egoera lehengoratzeko duen beharkizuna deusetan galarazi gabe.
9. Basa Fauna Babesteko Eremuen barnean espezieendako harrapailuak eramatea.
10. Foru Lege honetan xedatzen denaren aurka, Basa Fauna babesteko Eremuen barnean kanpatzea eta ibilgailu motordunetan ibiltzea.
11. Ehiza-espezieen kume-zuloak edo kabiak desegitea.
12. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, uretako aberastasuna babestearren debekatu eta seinaleztatutako tokietan bainatzea.
13. Hondakinak, zaborrak edo bertze edozein gai edo gauza uretara botatzea, arrain aberastasunari kalte egiten ahal badio.
112. artikulua
Arau-hauste larriak ondokoak dira:
1. Aginduzko baimenik gabe, espezie babestuak, nahiz haien hiliki, arraultze eta kumeak harrapatu, eduki, desegin, garraiatu, hil, hondatu, bildu, salerosi, erakutsi edo naturalizatzea, espezie horiek galzorian ez baldin badaude edo, beren habitata bestelakatzean, eraginerrezak ez baldin badira.
2. Espezieen habitata, bereziki ugaldu, negupasa egin, atseden hartu, larreratu edo elikatzeko dituzten tokiak, desegitea, espezie horiek galzorian ez baldin badaude edo, beren habitata bestelakatzean, eraginerrezak ez baldin badira.
3. Basa faunaren habitataren ingurugiroaren kalitate maila hondatzen ahal duten gai kutsagarriak iraiztea, espezie horiek galzorian ez baldin badaude edo, beren habitata bestelakatzean, eraginerrezak ez baldin badira.
4. Okupatuz, hautsiz, moztuz, erauziz nahiz bertzela, Basa Fauna babesteko Eremetu batek berezko dituen produktuak desegin edo bestelakatzea.
5. Behar den baimenik gabe, animaliak harrapatu edo botatzeko baliabide masiboak edo ez-hautakorrak erabili edo edukitzea.
6. Agintaritzaren ordezkariek, basa fauna babesteko haien egitekoetan ari direnean duten ikuskaritza eta zaindaritza lanari traba edo kontra egitea.
7. 10.1 artikuluaren a), b) eta c) ataletan arautzen diren egintzak Administrazioaren baimen espresurik gabe burutzea.
8. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak Foru Lege honen 9. eta 10. artikuluetan aurrikusten diren baimenei dagokienez ezartzen dituen baldintzak ez betetzea, espezieendako arrisku edo kalterik baldin bada, baimenak berehalakoan bertan behera utzi edo deuseztatzea eta bidezko diren kalteordainak galdatzea galarazi gabe.
9. Administrazioaren behar den baimenik gabe, Foru Lege honen ondorioz xedea edo erabilpena mugaturik duten aldeetan obrak edo lanak egin, erein edo landatzea.
10. Guttieneko ur-joaerak ez errespetatzea, faunari kalterik egiten ez zaionean. (Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 15eko 166/2000 epaiaren bidez baliogabetua)
11. Bigarren mailako ibai-bide eta desbideratze lanetako ur-joaera agortu edo nabarmenki guttitzea. (Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 15eko 166/2000 epaiaren bidez baliogabetua)
12. Eskudun erakundearen baimenik gabe edo baimenean adierazten diren baldintzak bete gabe ibai-bideetatik hartxintxarrak edo hareak ateratzeagatik arrain faunari kalte egitea edo kalte egiteko arrisku larria egotea, baita hartxintxar edo hare probetxamendurik bidezko ez duten ibai-tarteetan ateratzeagatik kalte egitea edo horretarako arriskua.
13. Ur kontinentaletara edo haien arroetara legarrak, buztinak, zaborrak, lohiak, industrietako hondakinak nahiz uherdura dakarren edo arrainen habitagarritasuna kolokan jar dezakeen beste edozein gai klase botatzea, aberastasun mota horri kalte eginez.
14. Zabortegiak eratzea uretatik edo ibai-bideetatik hurbil egoteagatik, urek herrestatu edo euriak ikuzi ditzakeen tokietan, horrek arrain aberastasunari ekartzen ahal dion kaltearekin, salbu eta zabortegi horiek behin-behinekoak izan, arrain aberastasunari kalterik ez egiteko moduko baldintzak eduki eta eskudun erakundeak baimendurik egon.
15. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren beharrezko baimenik gabe, ur publiko nahiz pribatuetan, bertan berez bizi den uretako faunari ez dagozkion espezieak inportatu, esportatu, garraiatu eta sartzea.
16. Horretarako beharra dutenek, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari epizootiak izan daitezkeen eritasunen berri ez ematea.
113. artikulua
Arau-hauste oso larriak ondokoak dira:
1. Espezie babestuak, nahiz haien hiliki, arraultze, larba eta kumeak baimenik gabe harrapatu, eduki, desegin, garraiatu, hil, hondatu, bildu, salerosi, erakutsi edo naturalizatzea, espezie horiek galzorian baldin daude edo, beren habitata bestelakatzean, eraginerrezak baldin badira.
2. Espezieen habitata, bereziki ugaldu, negupasa egin, atseden hartu, larreratu edo elikatzeko dituzten tokiak, desegitea, espezie horiek galzorian baldin badaude edo, beren habitata bestelakatzean, eraginerrezak baldin badira.
3. Basa faunaren habitataren ingurugiroaren kalitate maila hondatzen ahal duten gai kutsagarriak iraiztea, espezie horiek galzorian baldin badaude edo, beren habitata bestelakatzean, eraginerrezak baldin badira.
4. Gai kimiko edo biologikoak erabiltzea, hondakinak iraizi edo isurtzea, naturgune babestuen eta Basa Fauna babesteko Eremuen bizigarritasun baldintzak bestelakatzen badituzte eta toki horietako balio eta faunari kalte egiten bazaie.
5. Basa Fauna babesteko Eremu batean basa faunak irauteko baldintzak larriki bestelakatu edo desegitea.
6. Ur bolumena, urtegi edo ubideetakoa nahiz ibai-bideetan barna doana, agortu edo nabarmenki guttitzea, edo horiei buruz finkatutako baldintzak ez betetzea, arrain faunari kalte egiten bazaio.
(Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 15eko 166/2000 epaiaren bidez baliogabetua)
7. Ibai-bideak bestelakatzea, hondoko legartzak desegitea, ur ordekak nahierara guttitzea, ur landaredia eta bazter eta ertzetakoa desegitea, faunari kalte egiten ahal bazaio.
114. artikulua
1. Basa fauna babesteko erregimenak aipatzen dituen arau-hausteak honela zehatuko dira:
a) Arau-hauste arinak, 10.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna.
b) Arau-hauste larriak, 1.000.001etik 10.000.000 pezeta bitarteko isuna.
c) Arau-hauste oso larriak, 10.000.001etik 50.000.000 pezeta bitarteko isuna.
115. artikulua
Basa faunaren inguruko administrazio zehapenak hiru urtetara preskribatuko dira oso larriak badira, bi urtetara larriak badira eta sei hilabetetara arinak badira.
III. KAPITULUA. Ehiza eta arrantza arloko arau-hauste eta zehapenak
(Indargabetua)
V. TITULUA. Diru eta aurrekontuei buruxko xedapenak
124. artikulua
1. Nafarroako Aurrekontuek ondokoak bilduko dituzte:
a) Basa fauna babesteko Eremuetan egin beharreko inbertsioak, baita animalien populazioak eta haien habitatak kontrolatu eta hobetzeko beharrezko direnak ere.
b) Arriskuan dauden Espezieen Katalogoko espezieak indar-berritu, begiratu eta erabiltzeko planetatik heldu diren inbertsioak.
c) Ibai-bideak lehengoratzeko proiektuak burutzeko behar diren zenbatekoak.
d) Basa fauna Babesteko Eremuetako lurrei doazkien ondasun eta eskubideen eskualdaketa guztietan eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzeko behar diren zenbatekoak.
e) Foru Lege honetan aurrikusten diren kalteordainak eta, bereziki, arriskuan dauden espezieek eta ibai-bideetan guttieneko ur-joaera berreskuratzeak sortarazten dituzten kalteen ordainak gauzatzeko behar diren kontusailak.
f) Eta, oro har, Foru Lege hau garatu eta burutzeko behar diren kontsignazio guztiak.
2. Nafarroako Aurrekontu Orokorrek ondokoak biltzen ahalko dituzte:
a) Basa fauna probetxatzeko iharduerak sustatu eta antolatzeko beharrezkotzat jotzen diren dirulaguntzak.
b) Foru Lege honetan aipatzen diren isunak eta legez kanpo erabilitako arma eta harrapailuak luditzeko zenbatekoak eguneratzea.
c) Ehiza eta arrantzarako lizentziei, untzi matrikulei, barrutietan ehiza eta arrantza egiteko baimenei eta ehiza egiteko gaitasuna egiaztatzeko azterketari doazkien tasak eta ordainarazpenak eguneratzea.
d) Ehiza-barrutietako inbertsioendako dirulaguntzak.
e) Ehiza eta arrantzarako instalazioak egokitzeko kontusailak.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria
Beste eskumenak deusetan galarazi gabe, Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta kontzesio hartzaileek behar diren neurriak hartuko dituzte behar adinako ur-joaera ekologikoa segurtatzeko. Neurri horien berri berehalakoan eman behar zaio kasuan kasuko Ur Konfederazioari.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Beren egitekoetan ari direnean, Ingurugiroko Zaindariak, Foruzaingoa eta Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuko teknikariak agintaritzaren ordezkaritzat joko dira, beti ere Foru Lege hau betetzeko ikuskaritza eta kontrol lanak burutzen badituzte eta izaera hori behar den agirien bidez kreditatzen badute.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Foru Lege honek aipatzen dituen baimenak, kasuan kasuan, beren eskumenak erabiltzean bertze erakunde edo Administrazioen esku daudenak galarazi gabe emanen dira.
Lehenbiziko Xedapen Iragankorra
Nafarroako Gobernuak, Foru Lege honek indarra hartzen duenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren administrazio egitura egokituko du, Foru Lege honetako aurrikuspenak garatzeko behar diren giza eta teknika baliabideak emanez.
Bigarren Xedapen Iragankorra
III. Tituluan sartu ez diren espezie babestuetako animalia bizi edo disekatuen titular guztiek, horren berri emanen diote Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari, Foru Lege honek indarra hartzen duenetik gehienez ere urtebeteko epean, haren aginduen arabera Administrazioak behar den baimena eman diezaien.
Hirugarren Xedapen Iragankorra
Ehiza-barrutiak Foru Lege honetan araututakoari egokitu beharko dira, indarra hartzen duenetik gehienez ere urtebeteko epean.
Epe horren barnean, Ehiza Antolatzeko Planak oraino ez dituzten barrutietako probetxamenduen titularrek, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aitzinean aurkeztu beharko dituzte.
Laugarren Xedapen Iragankorra
1. Barrutietan ez bestetan ehizatzeko mugapena 1993.eko abuztuaren 1etik aitzina aplikatzen ahalko da.
2. Anarteraino, indarrean iraunen du Nafarroan Ehizari buruzko apirilaren 4eko 1/1970 Legearen 9. artikuluak aipatzen dituen erabilpen amankomuneko ehiza-dermioetan ehizatzeko ahalmenak, Foru Lege honek finkatu dituen mugapen orokorrekin eta lur horietan burutzen diren arau-hausteei Ehizari buruzko Lege horretan aurrikusten diren zehapen kasuak aplikatuko zaizkiela.
Boskarren Xedapen Iragankorra
Arrantza-barrutiak eratu nahi izanez gero Foru Lege honen 85.2 artikuluaren arabera Arrantza Antolatzeko Planak onesteko dagoen beharkizuna, Foru Lege honek indarra hartu eta laugarren urtetik aitzina galdatzen ahalko da.
Seigarren Xedapen Iragankorra
1. Foru Lege honek indarra hartu baino lehen zuti k zeuden ehiza-barrutiak, eratu zirenean aplikatzen ahal zen arauteriari lotuko zaizkio beti, baina 1994.eko urtarrilaren 31 baino lehen Foru Lege honetan xedatutakoari men egin beharko diote.
2. Ehiza-barrutiak eratu nahi izanez gero 2.000 hektarea izateko dagoen baldintza, hemendik aitzina sortzen direnei baizik ez zaie galdatuko. Foru Lege honek indarra hartzean diren barrutiek, berriz, gaurko azalera atxikitzen ahalko dute eta guttienekotzat hartuko da, iraungi arte, deklarazio espresuren beharrik gabe, barruti horiek eratu zirenetik hamar urte iragan arte.
2.bis. Martxoaren 5eko 2/1993 Foru legeak indarra hartzean 500dik 2.000 hektarea bitarte duten ehiza barruti pribatuek, beren horretan iraunen dute, ehiza probetxamendua eta guzti, baldin eta Ehiza Antolatzeko Plana badute eta, gainerako aferetan, aipatu Foru Lege horri egokitzen bazaizkio.
Pagausoaren ehizaren probetxamenduaren jarraipena, 500 hektarea baino guttiagoko barruti pribatuei baizik ez zaie baimenduko, baldin eta, aipatu 2/1993 Foru legeak indarra hartu aitzin, ehiza mota horretarako instalazioak dituztela frogatzen badute.
3. Arestikoa galarazi gabe, barruti guztiek Ehiza Antolatzeko Plana izan beharko dute Foru Lege honek indarra hartu eta, gehienez ere, urtebetearen barnean. Epe hori Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuan aipatu Plana aurkeztu gabe iragateak, barrutia deuseztatzea ekarriko du.
Zazpigarren Xedapen Iragankorra
Ehizan aritzeko behar diren gaitasun eta ezagupenak egiaztatzeko azterketa, 1994.eko urtarrilaren 1etik aitzina jarriko da martxan.
Zortzigarren Xedapen Iragankorra
Arau-hausteak eta zehapenak, beren prozedura eta preskripzio epeei dagozkienetan, arau-haustea burutu zen momentuan aplikatzen ahal zen legeriari lotuko zaizkio, arau-hausleendako xedapenik onuragarrienak duen atzerako eragina deusetan galarazi gabe.
Bederatzigarren Xedapen Iragankorra
Foru Lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak Arriskuan dauden Espezieen Nafarroako Katalogoa argitaratuko du, haren 15. artikuluan xedatzen denari jarraikiz.
Hamargarren Xedapen Iragankorra
Foru Lege hone 43. artikuluko 1. atalak aipatzen dituen guttieneko ur-joaerak arautzen ez diren bizkitartean, maiatzaren 23ko 400/1991 Foru Aginduan ezarritako ur-joaera ekologikoak aplikatuko dira edozein kontzesio motatan.
Hamaikarren Xedapen Iragankorra
Foru Lege honek indarra hartzen duenetik gehienez ere urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak Berezko Habitatei buruzko Foru Lege Proiektua igorriko dio Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Flora eta Ibaietako Ekosistemei buruz.
Hamabigarren Xedapen Iragankorra
Foru Lege honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak behar dituen erabakiak hartuko ditu Urbasa-Andiako, Bardeetako eta Mendebal Pirinioko Natur Parkeen sorketa izapidatzeko. Parkeek, babesteko ez ezik, lur horiek osoki sustatu eta garatzeko xedea izanen dute.
Hamahirugarren Xedapen Iragankorra
Xedapen Derogatzaile Bakarra
Indarrik edo aplikaziorik gabe gelditzen dira Nafarroako Foru Komunitatean Foru Lege honi kontra egiten dioten lerru bereko eta beheragoko xedapen guztiak.
Azken Xedapen Bakarra
Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau garatu eta betearazteko, erregelamendu bidez, behar diren xedapen guztiak emateko.