Castellano | Euskara | Français | English
2056/2008 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartu eta horretara igotzeko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen kidegoetan sartzeko deialdiko praktikaldia arautzen duena
(2008ko 107. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 1ean)
Atarikoa
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, abenduaren 28ko 2752/2007 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen kidegoetan oposizio-lehiaketa bidez sartzeko deialdia onetsi zuen (2008ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 28koa).
Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen kidegoetan oposizio-lehiaketa bidez sartzeko deialdiko hamargarren eta hamaikagarren oinarrietan xedatzen denez, beharrezkoa da hautatzen diren izangaiek praktikaldi bat egin dezatela. Horren xedea oposizio-lehiaketa gainditu duten hautagaiek irakasteko gaitasuna dutela egiaztatzea da.
Bidezko da, beraz, deialdiko oinarri horiekin bat, praktikaldiaren garapena arautzea eta baloratu behar duen Kalifikazio Batzordeko kideak zehaztea.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19ko 155/2007 Ebazpenaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz, ebatzi dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartu eta horretara igotzeko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen kidegoetan sartzeko deialdiko parktikaldia, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 28ko 2752/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zuena, ebazpen honetan ezartzen den prozedurari jarraituz burutuko da eta haren xedea deialdi hartan hautatzen diren izangaiek irakasteko gaitasuna dutela egiaztatzea izanen da.
Dagokien destinoan praktiketako funtzionario gisa hastea erabaki duten izangaiak, praktikaldia egin beharrik ez badaukate, praktikaldi horren ebaluaziotik salbuetsiko dira. Hautapen prozeduretako espedienteak onetsi eta karrerako funtzionario izendatu arte iraunen dute egoera horretan.
Halaber, gutxienez ere ikasturte bat karrerako funtzionario irakasle gisa eman dutela frogatzen duten izangaiak salbuetsiko dira praktikaldiaren ebaluaziotik, hautatuak badira.
Bigarrena
Praktikaldiaren Kalifikazio Batzorde bakarrak kide hauek izanen ditu:
-Batzordeburua: Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria edo haren ordez arituko den ikuskatzailea.
1. kidea: Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko ikuskatzaile bat.
2. kidea: Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendaria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak izendatua.
3. kidea: Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendaria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak izendatua.
-Mahaikide idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo haren ordezkoa.
Kalifikazio Batzordeak betiere ahaleginak eginen ditu praktikaldia zorroztasunez eta eraginkortasunez egin dadin. Horretarako, praktikaldiaren ebaluazioan diharduten guztiei argibideak eskatzen ahalko dizkie.
Kalifikazio Batzordeak prozesua bukatzean ebaluatuko ditu hautagaiak.
Hirugarrena
1. Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu tutoreak, posible baldin bada, izangaiak praktikaldian dihardueneko ikastetxean destinoa duten espezialitate bereko irakasleen artetik, gehienbat katedradunen kidegotik, Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kasuan. Posible ez bada, ikasketaburua eta ikastetxeko beste edozein irakasle izendatuko da tutore, zuzendariak hautaturik. Azken batean, beharrezkoa bada, izangaiak praktikak egiten ditueneko ikastetxeko ikuskatzaileak burutuko ditu irakasle tutoreari dagozkion egunkizunak.
Betiere, zuzendariak irakasle tutoreari, izangaiari eta Kalifikazio Batzordeari 2008ko urriaren 1a baino lehen jakinaraziko die irakasle tutorearen izendapena. Halaber, praktiketako funtzionarioa sartu deneko departamentuko buruaren izena ere jakinaraziko du. Kalifikazio Batzordearendako jakinarazpena Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalera igorriko da (Santo Domingo kalea zk.g., Iruñea).
Praktikaldian gorabeheraren batek tutoretza aurrera eramatea eragozten badu, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat izendatuko du, aipatu diren irizpideei jarraituz eta izendapen hori Kalifikazio Batzordeari jakinaraziko zaio.
2. Irakasle tutorearen egitekoa praktiketako funtzionarioei aholkuak eta argibideak ematea izanen da, urteko programazio orokorraren kontu hauetaz:
-Ikastetxeko hezkuntza proiektuaz.
-Arlo, gai edo moduluen programazio didaktikoaz.
-Etapako curriculum proiektuaz eta urteko programazio orokorraz.
-Hobekuntza eta kalitate planez.
-Bigarren Hezkuntzan irakurzaletasuna sustatzeko planaz.
-Memoria administratiboaz: ikastetxearen antolamendu agiriaz, estatistikaz, instalazioez, ekipamenduaz eta abarrez.
-Gobernu organoen antolamenduaz eta funtzionamenduaz.
-Hezkuntza komunitatearen partaidetzaz eta koordinazio didaktikoaz.
Irakasle tutoreak, departamentuko buruak eta ikastetxeko zuzendariak gutxienez ere praktiketako funtzionarioak ematen dituen bi eskola ordutara joan beharko dute eta, elkarrengandik bereizirik, txosten bana emanen dute ikasgelako parte-hartzeaz eta klasearen garapenaz. Txosten hori abenduaren 31 baino lehen igorriko da Kalifikazio Batzordera.
3. Halaber, irakasle tutoreak, departamentuko buruak eta ikastetxeko zuzendariak, elkarrengandik bereizirik, txosten bana emanen dute praktiketako funtzionarioaren irakaskuntzako praktikaz, non bertako kontuez egiten duten balorazioa eta interesgarri deritzen bestelako datuak agertuko baitira, Kalifikazio Batzordera 2009ko martxoaren 31 baino lehen igorriko direnak.
Praktiketako funtzionarioa departamentuko burua bada, ikasketaburuak eginen du txostena.
Bestaldetik, funtzionarioek beren praktikak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu batean egiten badituzte, departamentuko buruak egin beharreko txostena, zer Bigarren Hezkuntzako Instituturen menpe dagoen eta bertako departamentuko buruak burutuko du.
4. 3.2. eta 3.3. ataletan kidego eta espezialitate bakoitzerako aipatzen diren txostenen ereduak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak onetsiko ditu, ebazpen baten bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, 2008/2009 ikasturteko lehen hiru hilabeteetan.
Laugarrena
1. Lantokian sartzeko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 28an eman 2752/2007 Ebazpeneko hamaikagarren oinarriko 3. puntuan aipatzen diren jarduerak hauexek izanen dira: irakasle tutoreak ikasgelako programazioaz eta ikasleen ebaluazioaz tutelaturiko jarduerak garatzea eta ikastetxeko gobernu, partaidetza eta koordinazio organoen funtzionamenduaz informatzea, ikasleen tutoretza kontuan hartuz bereziki.
2. Praktiketako funtzionarioek "Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Eskoletako praktikaldiko irakaskuntza funtzionarioendako hasierako prestakuntza" izeneko prestakuntza jarduera egin beharko dute. Nahitaez egin beharko da "gai" kalifikazioa lortzeko.
Irakasleen Prestakuntzako Atalak txosten bat igorriko du Kalifikazio Batzordera. Bertan kreditatuko da praktiketako funtzionarioek praktikaldian ikastaro hura egin edo praktikak bukatzean egiten ari direla.
3. Kalifikazio Batzordeak bukaerako memoria-txosten bat eskatuko die izangaiei, gehienez ere hamabost foliokoa. Bertan, praktikaldian eginiko lana, topatu diren zailtasunak eta harturiko laguntza adieraziko dira.
Praktiketako funtzionarioak hilabeteko epean igorriko du memoria-txostena Kalifikazio Batzordera, praktikaldia bukatzen denetik hasita. Izangaiari memoria-txostena idazten laguntzeko asmoz, ebazpen honen I. eranskinean kontu edo atal batzuk aipatzen dira, hartan adierazi behar direnak.
Bosgarrena
1. Kalifikazio Batzordeak ebaluatuko ditu izangaiak, honako hauek kontuan hartuz:
a) Praktiketako funtzionarioak ikasgelan izaniko parte-hartzeari buruzko txostenak, irakasle tutoreak, departamentuko buruak, ikastetxeko zuzendariak eta, beharrezkoa bada, bertako ikuskatzaileak elkarrengandik bereizirik emanak.
b) Irakaskuntzako praktikari buruzko txostenak, irakasle tutoreak, departamentuko buruak, ikastetxeko zuzendariak eta, beharrezkoa bada, bertako ikuskatzaileak elkarrengandik bereizirik emanak.
c) Izangaiaren bukaerako memoria-txostena.
Irakasle tutorearen, departamentuko buruaren eta ikastetxeko zuzendariaren txostenek izangaiak baloratu beharko dituzte, 1. mailatik 3. mailara, adierazle bakoitzean. 2. maila gutxienez lortzen ez duen kalifikazio oro negatiboa izanen da. Halaber, oinarritako hartutako alderdiak adierazi beharko ditu eta prestatzeko erabili diren agiriak ere bai.
Kalifikazio Batzordearen iritzia "gai" eta "ez-gai" izan daiteke. Praktiketako funtzionarioa "gai" izanen da irakasle tutoreari, departamentuko buruari eta ikastetxeko zuzendariari eskaturiko txostenek adierazle guzti-guztietan kalifikazio positiboa dutenean. Hori bakoitzean gutxienez ere 2. maila erdietsirik lortzen da. Betiere, ikastetxeko ikuskatzailearen kontrako txostenik ez dagoenean.
Kalifikazioa negatiboa izanen da, hautagaiak gutxienez ere 2. maila lortzen ez duenean ezarri diren adierazle guzti-guztietan.
Praktiketako funtzionarioak ikasgelan duen parte-hartzeari buruzko eta haren irakaskuntzako praktikari buruzko txostenek puntuazio negatiborik edukiz gero, Kalifikazio Batzordeak txosten osagarri bat eskatuko dio ikuskatzaileari. Halaber, txosten hori eskatuko da txosten haiek eta hautagaiaren memoria-txostena elkarrekin bat ez datozenean.
Orobat, egokitzat jotzen bada, Kalifikazio Batzordeak ikastetxeko ikuskatzaileari txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio praktiketako funtzionarioak ikasgelan izaniko parte-hartzeaz, irakaskuntzako praktikaz eta izangaiaren bukaerako memoria-txostenaz.
Praktiketako funtzionarioak ikasgelan izaniko parte-hartzeari eta irakaskuntzako praktikari buruzko txostenetako edozein adierazletan edo izangaiaren bukaerako memoria-txostenean kalifikazio negatiborik izanez gero, praktikaldia berriro egin beharko da 2009-2010 ikasturtean.
2. Kalifikazio Batzordeak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari praktiketako funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak igorriko dizkio.
3. Praktikaldian "ez-gai" kalifikazioa dutenek fase hori behin bakarrik egiten ahalko dute berriro. Izangai horiek hurrengo promozioan hautatzen direnekin batzen ahalko dira. Horretan beren espezialitatean sartu den azkeneko izangaiak lorturiko hurrenkera zenbakiaren hurrengoa izanen dute. Urte horretan kidego eta espezialitate berean sartzeko hautapen prozedurarik antolatu ez delako hurrengo promozioan sartzerik izan ezik, "ez-gai" kalifikazioa lortu eta hurrengo ikasturtean eginen dute praktikaldia. Sartzen ez direnek eta bigarrengoz "ez-gai" kalifikazioa dutenek karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte.
Seigarrena
Kalifikazio Batzordea 2008ko irailaren 30a baino lehen osatu beharko da. Batzordea ezin izanen da osatu bertan kide guztiak ez badaude, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak erabaki beharko du ezinbesteko kasu horien gainean.
Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak Batzordeko kideak ordezteko baimena ematen ahalko du, kide horiek batzordea uzteko arrazoiak dituztenean.
Batzordeak kalifikazioak ("gai" eta "ez-gai") ageri direneko behin betiko akta ezin izanen du idatzi bertan gutxienez ere burua, idazkaria eta kideen erdiak ez badaude. Betiere, Batzordea osatu eta gero, ezinbesteko edo ustekabeko gorabeherengatik, kideren batek, buruak berak edo idazkariak joaterik ez badute, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari jakinarazi beharko diote, horren gainean erabaki dezan.
Zazpigarrena
Praktikaldia 2008ko irailaren 1ean hasi eta 2009ko martxoaren 1ean bukatuko da.
Batzordeak 2009ko maiatzaren 31 arte idazten ahalko du bukaerako akta. Kalifikazio Batzordeak beharrezko baderitzo, txosten osagarri bat ematen ahalko du bere egitekoen bilakaerari buruz.
Zortzigarrena
Praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezgaiturik badago, amatasun bajan edo eszedentzia berezian edo antzeko egoeran bada eta horrek praktikaldiari naturaltasunez garatzen uzten ez badio, Kalifikazio Batzordeari eskatzen ahalko dio luza dezatela, ebaluazioa egin ahal dadin.
Kalifikazio Batzordeak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du, baldin eta izangaiak maiatzaren bigarren hamabostaldia baino lehen praktikaldia egiteko ebazpen honetan eskatzen den aldia egiterik badu.
Funtzionarioak salbuespenezko zergatikoengatik ezin badu praktikaldia 2008-2009 ikasturtean bukatu eta osorik 2008-2009 ikasturtean egin, Kalifikazio Batzordeak hurrengo urtean egin dezala proposatzen ahalko dio eta, hala bada, erabakiko du 2008-2009 ikasturtean praktiketan egiazki emaniko denbora hurrengo ikasturterako kontuan har dadila.
Bederatzigarrena
Jakinarazpen eta gainerako gorabeheretarako, Kalifikazio Batzordearen egoitza Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalean izanen da, Iruñeko Santo Domingo kalean, zk.g., 31001 Iruñean.
Hamargarrena
Elbarrien txandako izangaiak.
Hautaturiko izangaiei dagokienez, elbarriak direla adierazi badute, Giza Baliabideen Zerbitzuak Nafarroako Mendekotasun Agentziari ziurtagiri bat eskatuko dio, non alegaturiko elbarritasuna oposizioaldiaren eta lehiaketaldiaren xede den kidegoko eta espezialitateko eginkizunekin bateragarria dela adieraziko baita.
Bateragarritasun ziurtagiri hori eskuratzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte karrerako funtzionario izendatuak izateko, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.
Hamaikagarrena
Praktikaldian praktiketako funtzionarioari osasun azterketa bat eginen zaie irakaskuntzan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa dutela kreditatzeko.
Osasun azterketa hori gainditzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte karrerako funtzionario izendatuak izateko.
Hamabigarrena
Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamahirugarrena
Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hamalaugarrena
Ebazpen hau eta eranskina igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari eta Kalifikazio Batzordeko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.
ERANSKINA. Praktiketako irakasleen memoria-txostena
Praktiketako hautagaiari Kalifikazio Batzordean aurkeztu behar duen memoria-txostena prestatzen eta garatzen laguntzeko, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak eskema hau proposatu du:
1.-Irakasle lana ikasgelan.
2.-Ikastetxean emaniko denbora.
3.-Gainditu beharreko zailtasunak:
-Didaktikoak.
-Instituzionalak.
-Ikastetxean integratzekoak.
4.-Hautagaiak aurkezturiko konponbideak.
5.-Sostengua:
-Tutorearena.
-Ikasketaburuarena.
-Irakasle taldearena.
-Zuzendaritza taldearena.
-Aipatu beharreko bestelako sostenguak.
Psikologia eta Psikopedagogia espezialitateko irakasleendako, 1. atala ikastetxean eginiko lanari dagokio, ez ikasgelan eginikoari.