(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Toki Administrazioa :
    • 278/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, lurralde mugapenerako batzordearen arautegia onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

278/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, lurralde mugapenerako batzordearen arautegia onesten duena

 

(1990eko urriaren 29eko NAOn argitaratutako testua)

Atarikoa

Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko 6/1990 Foru Legeak hainbat aldaketa ekarri ditu aurreko arauteriarekiko, udalerriei dagozkien gaietan. Horietako bat, hain zuzen ere, Lurralde Mugapenerako Batzorde bat sortzea da. Batzorde hori lurraldeen mugen aldaketa edo berrikusketarekin zerikusirik duten iharduketei buruzko txosten, azterlan, kontsulta eta proposamenez arduratuko den organoa izango da.

Lurralde Mugapenerako Batzorde bat ezartzearen helburua da gai horiei buruzko erabakiak hartzea ekintza objetiboagoa bilakatzea, Erakunde Lokalei zuzenean ukitzen dieten auzietan haiei parte hartzen uztea eta Foru Komunitatearen lurralde egitura, arrazionalagoa egitea.

Horiek horrela, Administrazio Lokaleko Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta larogeitamarreko urriaren hemezortzian izandako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

Artikulu bakarra

Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen garatzen duen Lurralde Mugapenerako Batzordearen Arautegia onestea. Arautegiaren testua ondoren emango da.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO LOKALARI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 6/1990 FORU LEGEA GARATZEN DUEN LURRALDE MUGAPENERAKO BATZORDEAREN ARAUTEGIA

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

Lurralde Mugapenerako Batzordea, udal eta kontzejuak aldatzeko edo haien arteko batasunak osatzeko iharduketei dagozkien txosten, azterlan, kontsulta eta proposamenez arduratuko den organoa izango da.

2. artikulua

Lurralde Mugapenerako Batzordea organikoki Administrazio Lokaleko Departamentuari atxekiko zaio. Batzordeak funtzionatzeko behar dituen baliabideak, beraz, Departamentu horren aurrekontutik aterako dira.

II. TITULUA BATZORDEAREN EGINKIZUNAK

3. artikulua

Lurralde Mugapenerako Batzordearen eginkizunak dira:

1. Udalak osatu eta aldatzeko espediente guztietan derrigorrezko txostena ematea.

2. Kontzejuak osatu, aldatu eta desegiteko espediente guztietan derrigorrezko txostena ematea.

3. Barruti administratiboak ezartzekoan derrigorrezko txostena ematea.

4. Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 46. artikuluan aipaturiko udal Batasunak osatzekoan derrigorrezko txostena ematea.

5. Batzordeak berak erabakita edo Nafarroako Gobernuak edo Administrazio Lokaleko Departamentuak eskatuta, udalerri, Barruti Administratibo eta Udal Batasunen berrikusketa edo aldaketari buruz eta, orohar, udal eta kontzejuen mapan egin beharreko edozein aldaketaren gainean azterlanak, txostenak eta eritziak ematea. Foru Lege bidez agintzen zaion beste edozein.

4. artikulua

1. Gutxienez lau urtetan behin, Batzordeak Zerbitzu Administratiboetarako Batasunen mapari buruzko bere eritzia emango du eta, behar izanez gero, udal mailan egoki erizten dituen aldaketak egiteko proposamena aurkeztuko.

5. artikulua

Batzordearen iharduketa eskatzeko zilegiztatuak daude:

a) Nafarroako Gobernua, zuzenean edo Administrazio Lokaleko Departamentuaren bidez, Arautegi honen 3. artikuluan aurrikusitako azterlan, txosten eta eritzia eman dezan.

b) Parlamentuak lurraldeen arteko mugak aldatzeko lege-ekimena hartzen duenean, Parlamentuko Mahaiak egoki erizten dituen azterlan eta txostenak eskatu ahal izango dizkio Batzordeari.

III. TITULUA OSAKETA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

6. artikulua

1. Lurralde Mugapenerako Batzordea osatuko duten kideak ondoko hauek izango dira:

a) Foru Komunitateko Administrazioko bost ordezkari: Administrazio Lokaleko Kontseilaria, Batzordeburu izango dena, Administrazio Lokaleko Zuzendari Nagusia, Batzordeburu-orde, Lurraldearen Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroko Zuzendari Nagusia eta Administrazio Lokaleko Aholkularitza eta Lankidetza Zerbitzuko eta Koordinazio Ekonomikorako Zerbitzuko Zuzendariak.

b) Foru Komunitatean duten indarraren arabera, erakunde lokalen Federakuntza edo Elkarteek hautaturiko erakunde lokaletako bost ordezkari.

c) Erakunde publiko eta pribatuetako bost ordezkari, administrazio publiko, geografia eta hirigintza arloetako espezialistak.

2. Batzordeko kideak, b) atalaren arabera hautatu behar dituenak proposaturik, Administrazio Lokaleko Kontseilariak izendatuko ditu.

3. Batzordeburuak gai zehatzetan aholkua eskatzeko adituak Batzordearen bilkuretara joateko baimena eman ahal izango du. Aditu horiek ez dute boturik izango Batzordearen barnean.

7. artikulua

Batzordekide kargua ez da ordainduko. Hala ere, dedikazio berezia eskatzen duten lanak egiteagatik dietak eta kalteordainak eskatu ahal izango ditu.

8. artikulua

1. Batzordeko Idazkaritza Foru Komunitatearen Administrazioaren zerbitzuan dagoen A mailako funtzionari batek bete beharko du. Hura ere, Administrazio Lokaleko Kontseilariak izendatuko du.

2. Idazkariak Batzordearen bilkuretara joan beharko du eta hizpidea izango duen arren, funtzionamendurako barne arauei jarraikiz, ez du boturik izango.

3. Idazkariari dagokio:

a) Batzordearen barne funtzionamenduaz arduratzea eta dokumentazioa zaintzea.

b) Bilkura bakoitzeko gai-zerrendarako erabiliko diren gaiak prestatzea.

c) Bilkura bakoitzeko aktak idaztea eta hartutako erabakien ziurtagiria egitea.

d) Batzordeak agindutako beste edozein eginkizun.

9. artikulua

Batzordeak osoko bilkuratan lan egingo du, baina horrek ez du esan nahi prestakuntza lana, ohizko eta ez-ohizko ponentzietan banatu ahal izango ez duenik.

10. artikulua

Batzordea, Batzordeburuak berak erabaki duelako edo kideen heren batek hala eskatu duelako, Batzordeburuak deia egindakoan batzartuko da.

11. artikulua

Batzordea batzartzeko deia, gai-zerrenda eta hura eratzeko behar den gehiengoa, Prozedura Administratiboari buruzko Legeak organo kolegiatuen funtzionamendurako ezarritakoari lotuko zaizkio.

12. artikulua

Batzordearen erabakiak gehiengoz hartuko dira, hau da, kideen erdiak eta bat gehiagok aldeko botua ematen duenean. Gehiengoaren erabakiarekin bat ez datozen kideek botu berezien bidez beren erizpideak azaldu ahal izango dute eta horiek txosten edo proposamenarekin batera jasoko dira.

Batzordeak gehienez ere bi hilabeteko epea izango du txostenak amaitzeko. Arazoa konplexua eta txostena luzea bada, epea hiru hilabetekoa izango da.

13. artikulua

1. Batzordeburuari dagokio eztabaidak zuzendu eta

hizpidea ematea.

2. Batzordeburu-ordeak, Batzordeburua eri edo kanpoan dagoenean haren ordez ihardungo du, eskubide, betebehar eta ahalmen berekin.

14. artikulua

Batzordeak egindako txosten, proposamen eta azterlanak kontsulta egin duen organoari igorriko zaizkio, Idazkariak luzatuko duen ziurtagiri bidez.

15. artikulua

Batzordekideek eskubidea dute, edonoiz, Batzordea izapidatzen ari den espedienteak aztertzeko. Batzordearen aztergai diren auzi eta gaiak isilean gorde beharko dituzte, kasuan kasuko erabakia argitara eman arte.

16. artikulua

Lurralde Mugapenerako Batzordeak Foru Komunitateko erakunde, organismo eta zerbitzuei eta erakunde lokalei beren eginkizunak betetzeko behar duen dokumentazioa eskatu ahal izango die. Eskaera hori Batzordeburuak egin beharko du, Osoko Bilkuran hala erabaki ondoren.

17. artikulua

1. Batzordeak bere eginkizunak betetzeko behar dituen material eta giza baliabideak bere esku izan beharko ditu eta, bereziki, Administrazio Lokaleko Zuzendaritza Nagusiari atxekitako langilegoak eman beharreko dokumentazio eta aholkularitza mailako zerbitzu teknikoak.

2. Batzordeak adituen zerbitzuak kontratatu ahal izango ditu, lanen bat burutzeko beharrezkoa erizten badu.

Azken Xedapenetan Lehena

Baimena ematen zaio Administrazio Lokaleko Kontseilariari, Arautegi hau garatzeko behar diren neurriak har ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Batzordeak funtzionamendu eta barne erregimenerako Arautegi bat egin eta onetsi ahal izango du.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa