Castellano | Euskara | Français | English
49/2005 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamenduko "Elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzak" izeneko 17. artikuluan aipatzen diren laguntzetarako baremoa ezartzen duena. Erregelamendu hori abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen
(2005eko 58. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 16an)
Atarikoa
Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zen. 17. artikuluan nekazaritzako makinak darabiltzaten kooperatibek (CUMA direlakoek), makineria atala duten nekazari kooperatibek eta lurra elkarlanean lantzeko kooperatibek elkarlanean erabiltzeko makina eta tresnak erosteko laguntzak ezartzen dira. Laguntza horiek xede hauek dituzte: berrikuntza teknologikoak bultzatzea, ekoizpen sistemak hobetzea, energia aurreztea, ingurumena zaintzea eta lan baldintzak hobetzea.
Foru dekretu hori aplikatzean izaniko esperientzia eta lorturiko helburuen betetze-maila kontuan harturik, bidezko da laguntza lerro horretarako ikuspegi berriak sortzea, nekazaritzako makinetan egiten den inbertsio mota berriro bideratu beharrean oinarriturik. Makina eta tresna berriak erabiliko dira, berrikuntza teknologiko handiagoak dakartzatenak, ingurumenaren beharren ondoriozko lan eta ekintzetara egokituagoak, eta bide emanen zaie kooperatibarik handienei erabiltzeko.
Foru agindu hau abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko azken xedapenetariko lehenbizikoan xedaturikoaren arabera eman da eta haren xedea 17. artikulua betearazi eta garatzeko arauak ezartzea da.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpidea.
1. Elkarlanean erabiltzeko makina eta tresnak erosteko laguntzen ehunekoak baremo honi jarraituz zehaztuko dira:
****************tabla*****************
(1) Bazkideak zenbatzerakoan, entitate eskatzaileko bazkideak hartuko dira kontuan. Atal honetarako ez dira kontatuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak abuztuaren 23an eman 130/2004 Foru Aginduaren arabera kooperatiben artean eginiko itunekin bat atxikiriko beste kooperatiba batzuetakoak. Foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamenduko "Elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzak" izeneko 17. artikulua aplikatu eta garatu zen. Erregelamendu hori abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
(2) Foru agindu honetako "Teknologia berrietarako aukeratzen ahal diren makina eta tresnen zerrenda" izeneko I. eranskinean aipatzen diren makina eta tresnetan eginiko inbertsioak baloratuko dira kontzeptu honengatik.
(3) Foru agindu honetako "Ingurumenaren lehentasunen arabera aukeratzen ahal diren makina eta tresnen zerrenda" izeneko II. eranskinean aipatzen diren makina eta tresnetan eginiko inbertsioak baloratuko dira kontzeptu honengatik.
(4) Foru agindu honetako "Kutsa daitezkeen eremuetan lehentasunez erabiltzeko makina eta tresnen zerrenda" izeneko III. eranskinean aipatzen diren makina eta tresnetan eginiko inbertsioak baloratuko dira kontzeptu honengatik, entitateetako bazkideen ustiategien erdiak baino gehiago, osorik edo hein batean, nitratoak kutsatzen ahal dituen eremuetan daudenean, abenduaren 12ko 676/1991 Zuzentarauaren arabera zehaztu bezala. Zuzentarau hori nekazaritzan erabiltzen den nitratoak sorturiko kutsaduraren kontra ura babestekoa da.
(5) Kooperatibek eginiko inbertsioak, bazkideen ustiategien erdiak baino gehiago, osorik edo hein batean, mendialdean edo eskualde behartsuetan daudenean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean eman Foru Aginduan xedaturikoarekin bat. Foru agindu horren bidez Nafarroako mendialdea eta eskualde behartsuak ezarri ziren.
(6) Kooperatibek eginiko inbertsioak, ureztaketa lur bihurtzeko Nafarroako Gobernuak jarduketei ekin dien eremuetan badaude, Nekazaritzako Oinegiturei buruzko 1/2002 Foru Legeko 2. artikuluko b) puntuan xedaturikoarekin bat.
(7) Elkarlanean ustiatzeko nekazari sozietate bihurturiko kooperatibek eginiko inbertsioak, sozietatearen xedea, estatutuen arabera, lurrak elkarlanean lantzea bada eta Nafarroako Gobernua eremu horretan nekazaritzaren oinegiturak burutzen ari bada, Nekazaritzako Oinegiturei buruzko 1/2002 Foru Legeko 44. eta 45. artikuluen arabera.
(8) Aldatu beharretarako inbertsioak makina eta tresna berrietarako bakarrik finantzatzen ahalko dira. Trakzioko makinak (traktoreak, traktogurdiak eta mota guztietako plataforma eramaleak) lehenbizikoz erosiz geroz eta makina berriak izanez gero bakarrik finantzatzen ahalko dira.
2. artikulua. Laguntzen xede izan daitezkeen inbertsioak eta laguntzen mugak.
1. Laguntzaren xede den inbertsioa 15.000 eurotik gorakoa ez bada, ezin aurkeztuko da elkarlanean erabiltzeko makina eta tresnak erosteko laguntzetarako eskaerarik.
2. Makina eta tresnetan egin beharreko inbertsioak ezin finantzatuko dira, eman beharreko laguntza ehunekoa, foru agindu honetan ezarririko baremoaren arabera, % 8tik gorakoa ez bada.
3. Lehenbizikoz erosi diren makina edo tresnetan egin beharreko inbertsioak izanez gero, material berrirako dirulaguntza gehienez ere laguntzaren xede den inbertsioaren balioaren % 35ekoa izanen da. Material erabilirako, gehienez ere % 30ekoa izanen da. Aldatu beharretarako, dirulaguntza gehienez ere % 17,5ekoa izanen da.
4. Aplikatzen den baremoa kontuan hartu gabe, espediente bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 50.000 eurokoa izanen da.
5. Foru agindu honetan ezartzen den baremoan aipatzen diren irizpideak ongi erabiltzeko, kooperatibek laguntzaren eskabide bana aurkezten ahalko dute urte natural bakoitzean.
Azken Xedapen Bakarra. Indar hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Teknologia berrien arloan aukeratzen ahal diren nekazaritzako makina eta tresnen zerrenda
-Zehaztasun handiko ongarri makinak.
-Lastoa xehatzeko makinak, uzta makinak osatzen dituzten xehatze makinak.
-Inauste tresnak, elektrikoak eta banakakoak.
-Inauste hondakinak bildu eta birrintzeko makinak.
-Alez ale ereiteko makinak, zehaztasun handikoak, barazki arloetarako.
-Landatze makina automatikoak, landaketa aldatzekoak eta landatze trenak barne.
-Barazkiak biltzeko uzta makinak.
-Mahatsa biltzeko uzta makinak.
-Ereiteko lursagarrak biltzeko uzta makinak.
-Porruak, tipulak eta azenarioak erauzteko makinak.
-Arboletako fruituak biltzeko tresna mekanikoak.
-Besatara jarritako mahatsondorako, landareak jaso eta eusteko makinak.
-Loturari hiru puntutan lotzeko gindax-baskulak.
-Termonebulizazioaren bidezko tratamendu fitosanitarioetarako tresnak.
-Hirietako hondakin gotorretako simaurra, konposta eta lohia berdintsu banatzeko berariazko tresnak.
-Minda lur azalean berdintsu banatzeko tresnak, aho askotako sistemen bidez.
-Minda lur azalean berdintsu banatzeko tresnak, hodi eskegien bidez.
-Minda lurzoruan txertatzeko tresnak.
-Mindetako gotorrak bereizteko tresna mekanikoak.
-Zehaztasun handiko nekazaritzarako geografiaz informatzeko sistemak.
-Uztarako tresnen etekinak kontrolatzeko berehalako sistemak.
-Ongarriaren eta simaurraren banaketa, pisaketa etengabearen bidez.
-Zehaztasun handiko mahaiak berdintzeko makinak, harririk eta mokorrik gabe, barazkietarako.
-Zehaztasun eta etekin handiko langargailuak.
-Konpost makinak.
-Zama-lanak, bazkarako pisaketa barne, egiten dituen atoia.
-Plastikoak kentzeko berariazko makinak.
-Zama-lanetarako eta nahasketa kontrolaturako berariazko makinak, pisaketa egiten duen kalapatxa barne.
-Azienda elikatzeko bazka eta minda etengabe nahasteko makina.
-Mahatseko hostoak kentzeko makina.
-Lurzoruak lastertasunez analizatzeko tresnak.
-Fardelak egin eta xingolak jartzeko makina.
-Etengabe siloratu eta xingolak jartzeko makina.
-Alor estentsibo konbinatuetarako uzta tresnak, uzta trenak ere deritzenak.
-Anduien arteko landaketetarako tresna automatikoak.
II. ERANSKINA. Ingurumenaren lehentasunaren arabera aukeratzen ahal diren nekazaritzako makina eta tresnen zerrenda
-Inauste hondakinak bildu eta birrintzeko makinak.
-Termonebulizazioaren bidezko tratamendu fitosanitarioetarako tresnak.
-Hirietako hondakin gotorretako simaurra, konposta eta lohia berdintsu banatzeko berariazko tresnak.
-Minda lur azalean berdintsu banatzeko tresnak, aho askotako sistemen bidez.
-Minda lur azalean berdintsu banatzeko tresnak, hodi eskegien bidez.
-Minda lurzoruan txertatzeko tresnak.
-Mindetako hondakin gotorrak bereizteko tresna mekanikoak.
-Ongarriaren eta simaurraren banaketa, pisaketa etengabearen bidez.
-Zehaztasun eta etekin handiko langargailuak.
-Konpost makinak.
-Plastikoak kentzeko berariazko makinak.
-Zehaztasun handiko nekazaritzarako geografiaz informatzeko sistemak.
-Ongarri makinak eta bilatzekoak.
-Zehaztasun handiko ongarri makinak, platerdunak eta pendularrak izan ezik.
-Alor estentsibo konbinatuetarako uzta tresnak, uzta trenak ere deritzenak.
-Zuzenean ereiteko makinak.
-Berariaz larreetan ereiteko makinak.
-Anduien arteko landaketetarako tresna automatikoak.
III. ERANSKINA. Kutsa daitezkeen eremuetan lehentasunez aukeratzen ahal diren nekazaritzako makina eta tresnen zerrenda
-Ongarriaren eta simaurraren banaketa, pisaketa etengabearen bidez.
-Ongarri makinak eta bilatzekoak.
-Zehaztasun handiko ongarri makinak, platerdunak eta pendularrak izan ezik.
-Hirietako hondakin gotorretako simaurra, konposta eta lohia berdintsu banatzeko berariazko tresnak.
-Minda lur azalean berdintsu banatzeko tresnak, aho askotako sistemen bidez.
-Minda lur azalean berdintsu banatzeko tresnak, hodi eskegien bidez.
-Minda txertatzeko tresnak.
-Berariaz larreetan ereiteko makinak.